2026-02-08
Blog Page 641

Osakidetzako EPEaren prozesu penalean herri akusazio gisa aurkeztu gara gaur

0

Gasteizko Instrukzioko 2. Epaitegian, Osakidetzako EPEaren prozesu penalean Akusazio Herrikoi gisa aritzeko eskaera aurkeztu du LABek gaur goizean. Urrats berri honek baieztatzen du LABek orain arte oso larriak diren gertakizunak argitzeko adierazi dugun borondate eta prestutasuna. Aipatu gertakizunok milaka pertsonen eskubideak urratzen dituzte eta zalantzan uzten dituzte euskal administraziorako sarbidearen oinarrizko printzipioak.

Osakidetzako Mediku Espezialisten kategorietan filtrazioen lehenengo susmoak izan genituenetik, orain dela urtebete, egindako salaketa publikoen motorra izan da LAB. Izan ere, ikerketa lan sakona eraman dugu aurrera harrezkeroztik, mota guztietako informazio eta frogak eskuratuz eta fiskaltzaren esku utziz.

LABek erantzukizun guztiak, politikoak zein penalak, argitu behar direla exijitzen jarraitzen du. Justizia egin dadin borrokatuko dugu, euskal osasun sistema publikotik zein gainontzeko administrazio publikoetatik praktika ustel horiek desagerrarazteko. Zentzu honetan, egon gara, bagaude eta egongo gara arlo judizialarekin elkarlanean aritzekoc prest, beharrezko den guztietan.

Kasuaren epailearen erabakiaren zain, uste dugu LABek prozesu honetan Herri Akusazio bezala aritzeko eskubide eta zilegitasun osoa daukala. Akusazio horretatik gertatu dena argitzeko ahalegin guztiak egingo ditugu, Osakidetzako EPE prozesuetan parte hartzen duten milaka langile eta pertsonen eskubideak defendatzeko eta gure osasun sistema ahultzen duten praktika ustel horiek guztiak betiko desagerrarazteko. Epaiketa honetan helburu argiarekin arituko gara lanean: Osakidetarako sarbide sistema justu, demokratiko, gardena eta ustela ez dena ezartzeko inflexio-puntua izatea, zeina berdintasun, meritu eta ahalmenaren printzipioetan oinarritzen dena benetan.
 

 

 

Feminismoa, ekosozialismoa, demokratizazioa eta nazio garapena eta kohesioa izango ditugu oinarri eredu sozioekonomiko berria birpentsatzeko orduan

0

Sindikalismoaren inguruko gogoeta sakona egiten jarraitzen dugu. Langileen eskubideen eta bizi baldintzen defentsa oinarri izanik, eta iparra Euskal Herria askearen xedean ezarrita, gure burua eraberritzen ari gara. Testuinguru ekonomiko, sozial eta politikoa etengabeko aldaketan dago eta egoera horietan sindikalismoak eraginkor izan behar du aipatu helburuen alde. Gogoeta hori “Sindikalismoa [Bir]Pentsatzen” prozesuaren barnean egiten hasi ginen duela urte batzuk. Hainbat aldaketa egin ditugu gure ekintza sozio-sindikalean eta antolatzeko moduan, 2017ko Biltzar Nagusian finkatu zirenak. Orain, prozesu horrek bigarren urrats bat egingo du. Sindikalismoak gure herrian eredu sozio-ekonomiko berriaren alde jokatu behar duen papera eta egin behar dituen proposamenak eztabaidatu nahi ditugu. Hala, maiatzaren 16an emango diogu prozesu horri hasiera, Ordizian egingo dugun barne mailako mintegi batekin. 

Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoak eta Prestakuntza idazkari Jagoba Zuluetak agerraldi bat egin dute, “Sindikalismoa [Bir]Pentsatzen. Gure garaia: Euskal Herria eraldatzeko proposamenak” prozesuaren nondik norakoak eta gako politiko nagusiak azaltzeko.

Duela urte batzuk sindikalismoaren papera izan genuen gogoetaren ardatz. Orain, eredu sozio-ekonomikoari begiratu nahi diogu. Izan ere, eredu sozio-ekonomiko berri baten premia dago, ez baita sostengarria, eta, bide hori marrazten, sindikalismoak aktibo bat izan behar duela iritzi dugu.

Igor Arroyok azaldu bezala, LABek lau iturri hauetatik edango du eredu-sozioekonomikoa birpentsatzeko: feminismotik, bizitza erdigunean jarriz eta lan guztien banaketa oinarri; ekosozialismotik, gutxiago kontsumitu eta gutxiago kutsatu printzipioak ardatz; demokratizaziotik, langileen erabakitzeko ahalmena bermatzeko; eta nazio garapena eta kohesiotik, Euskal Herriak etorkizuna izan dezan herri gisa.

LABeko idazkari nagusi ondokoak nabarmendu du, nahi dugun eredua irudikatzeaz gain, trantsizioa antolatzea ere dagokigula; hots, herri gisa ariketa egin eta proposamenak plazaratu, kontrabotere eraldatzailea den sindikatu bat garen heinean. Eta lan horretan hasiko gara ostegunean, Ordizian egingo dugun mintegiarekin.

 

 

 

Lanuzte partzialak eta greba Bizkaiko kirol-lokal eta zelaien sektorean

0

Negoziaketa mahaia osatzen dugun sindikatuok, LAB, UGT eta CCOOek; Kiroldegi eta kirol zelaietako langileok dugun nekeak topea jo duela adierazi nahi dizuegu. Kiroldegi zein kirol klub pribatuetan, kasu gehienetan zerbitzu publikoa eskaintzen duten sektore bateko prekarietate baldintzak ez dira berriak; eta hori da berriz kondenatuko gaituen hitzarmen bat ez sinatzearen arrazoia.

16 hilabeteren ostean, patronal eta sindikatuen arteko planteamenduen distantzia oraindik handia da. Horregatik, langileok mahaian kolpe bat eman eta mobilizazio egutegi bat ezartzeko beharrean ikusten gara. Mobilizazioei hasiera igande honetan emango diegu, San Mames inguruan, Athletic-Celta partidaren aurreko orduetan, non kirolaren sektorea kalean gure eskubideen defentsan gaudela erakutsiko dugun.

Urteko lanaldia murriztea, soldaten doitzea, kontratatutako lanaldiak handitzea eta enpleguan egonkortasuna ekarriko duten mekanismoak bilatzea dira mobilizazioen hasierara bultzatzen gaituzten ezberdintasun handienak. Mobilizazio hauek paro partzialak barnebiltzen dituzte maiatzaren 20 eta 21ean, eta greba eguna maiatzaren 23an.
 

 

 

Grebara deitu dugu Bilboko Udalaren 010 zerbitzuan

LAB eta ELA sindikatuok greba egunak deitu ditugu maiatzaren 13, 14, 20 eta 21erako.

Hauxe da langileek igorritako oharra:

Bilboko Udalaren 010 zerbitzua eskaintzen duten langileak grebara doaz euren lan baldintzak hobetzeko exijitzeko. Zerbitzu publikoa kudeatzeko ardura duen enpresa Lanalden S.A. da.

Langileek eskatzen dute opor egunak hartzeko antolakuntzan hobekuntzak izatea, soldata igoerak eta zerbitzua eskaintzeko langile bat gehiago lortzea. Horretarako greba egunak deituta dituzte maiatzaren 13, 14, 20 eta 21erako.

Enpresak ez du negoziaziorako asmorik erakutsi. Hasiera batean negoziazio bilerak izateari uko egin zion, baina lehen greba deia egindakoan bilera bat izatea onartu zuten. Bertan jakinarazi zuten euren irabazi ekonomikoek ez dutela ahalbidetzen baldintzak hobetzea, eta, beraz, negoziatzeko aukerarik ez dagoela esan zuten.

Eurek luzatutako dokumentuak aztertuta, eta Udalak enpresari ordaintzen diona kontrastatuta, baina, argi ikusten dugu langileen eskaerak aintzat hartzeko gaitasuna badutela.

Udalak, bere aldetik, zerbitzuaren ardura duen sailaren bidez, langile eta sindikatuko ordezkariekin batzeari bizkar eman dio. Eta azpimarratu du gatazka hau ez dela Udalaren gatazka, enpresa eta langileena baizik.

Arduragabekeria deritzogu 010 zerbitzuan gertatzen ari denari irtenbiderik bilatu nahi ez izatea. Izan ere, Udalak pliegoen esleipena egitean prezioa igotzea onartu arren, gerora diru publikoaren erabileraren kontrolik ez baita egiten. Kontua da, esleipenaren prezioa hazi arren, langileengan ez duela eragiten eta zerbitzua hobetzeko langile gehiago ez delako kontratatzen.

Bilboko herritarrei jakinarazten diegu greba egunetan, eta goian aipatutako arrazoiak medio, ez dugula zerbitzurik eskainiko eta sortutako eragozpenengatik barkamena eskatzen dugu. Arazo honen erantzulea, baina, Bilboko Udala eta Lanalden direla argi daukagu.

 

 

 

Gipuzkoako Esku-hartze Sozialeko lan baldintzen defentsan mobilizatu gara

Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean mobilizatu gara, herrialdeko Esku-hartze Sozialeko lan baldintzekin kezkatuta. Hala, Jendartelana plataformarekin eta CCOO sindikatuarekin batera, patronalari exijitu diogu mahai negoziatzailea berriz elkartzea, gaur egungo lan baldintzak hobetzeko asmoz.

Hauxe da mobilizazioaren harira LABek, Jendartelanak eta CCOO sindikatuak egindako oharra:

Kalera atera gara Gipuzkoako Esku-hartze Sozialeko lan baldintzek kezkatzen gaituztelako. 2011. urtean lehenengo hitzarmena sinatu zen, 2016. urtean bigarrena, eta inork ez zuen espero, 2019. urtean, orain arte eskuratutako lan baldintzak ukatuko zituen proposamenarekin topo egitea.

Hemen Hedatzen patronalak proposatutakoren laburpena:

-Aisialdi hezigarriaren eta animazio soziokulturalaren bazterketa
-Probaldia epea luzatu, 3 hilabetetik 6 hilabetera.
-Haurdunaldian eta edoskitzaroan, arriskuaren berariazko balorazioa egiteko derrigorrezkotasuna ezabatu
-Soldatak: 2019. urterako %0a, eta gainerako urteetan 2018ko KPIren %33ko igoerak + aurreko urteko KPIa + %0,5a antzinatasuna finkatzeko (ondoren azaltzen da). Gehiengo igoera %2,5ekoa.
-Antzinatasuna: hura ezabatzea proposatzen dute, 2018. urtera arte sortua osagarri pertsonal batera joango litzateke, eta hitzarmen honetatik aurrera, antzinatasuna finkatzeko %0,5 hori langile guztiei gehituko litzaieke.
-Plusak eta arduraren gaineko osagarria: soldatak beste handituko dira, %2ko gehiengo batez.
-Ezintasun iragankorra (bajak): %80an, lantokian gertatu bajak %15a gainditzen badute.
-Subrogazioa: egun, subrogagarria izateko, 4 hilabeteko antzinatasuna bete behar da enpresan. 6 hilabetetara luzatu nahi dute.
-Diziplina erregimena. Langileen Estatutuan ezarria okertzen dute, gure sindikatuetan inoiz ikusi ez den proposamen batez.
-Arduraldi bereziko, pleguko, gaueko laneko eta Arreta Teknikoaren Zerbitzuaren lan batzordeak ezabatu.

Patronalari exijitzen diogu mahai negoziatzailea berriz elkartzea, gaur egungo lan baldintzak hobetzeko asmoz, inoiz atzera pausorik emateko, gure lanaren errekonozimendua gizarte zerbitzu hobeagoak dakartzatelako.

Eta administrazio publikoei, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Udaletxeei, gizarte zerbitzuak publikoak direla, denonak, eta ezin dutela enpresa eta entitateen baitan utzi.
 

 

 

Bost greba egun deitu ditugu Bizkaiko Metalgintzan, hitzarmen duin baten defentsan

0

Maiatzaren 23 eta ekainaren 6, 7, 20 eta 21ean egingo ditugu grebak Bizkaiko Metalgintzan, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok deituta. Greben erregistroa egin dugu lau sindikatuok, Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Horrenbestez, LABek borrokarako egindako deia modu bateratuan gauzatu ahal izango dugu.

Bizkaiko Metalaren negoziazio mahaian 15 hilabetez bilerak egin ondoren, inolako aurrerapausorik gabe jarraitzen dugu. Patronala eroso eta harrotuta dago, eta prest dago enplegua suntsitzeko eta sektoreko lan baldintzak prekarizatzeko bere estrategiarekin jarraitzeko.

Sektoreko hitzarmenaren berritzea ez da soilik lan gatazka bat. Arazo politiko eta sozial baten aurrean gaude, non instituzioek inplikatu behar duten. Sektoreko hitzarmen duin baten bitartez bakarrik berma daiteke aberastasunaren banaketa.

Bada, unea iritsi da, LABek 15 hilabetez mobilizazioak, batzarrak, prentsa agerraldiak, enpresetan mozioak eta beste hainbat ekimen gauzatu eta gero. Denbora honetan guztian, grebaren beharra aldarrikatu dugu hitzarmen duin bat lortzeko tresna gisa.

Grebara goaz, Bizkaiko Metalerako hitzarmen duin bat lortzeko eta lan eta bizi baldintza duinak bermatzeko.

Unea da patronalari bere estrategiak, hots, langileak banatzeko asmoak, huts egin duela erakusteko.

Une historiko baten aurrean gaude. Une erabakigarria da sektoreko langile guztien etorkizunerako. Greba hauei emango diegun babes indibidualarekin, prekarietatearen aurkako harresi bat eraikiko dugu eta gutariko askoren lan baldintzak duintzea lortuko dugu. Ekarpen indibidualak konpromiso kolektibo geldiezina ekarriko du; guztion inplikazio eta parte hartzearekin, sektoreko hitzarmen berri eta duin bat lortuko dugu.

Bizkaiko Metalgintzaren errealitatea:

-Soldatak izoztuta
-%89,23ko behin behinekotasuna kontratazio berrietan
-%27,5eko azpikontratazioa
-%19,3ko soldata arrakala
-%30eko emakumeen kontratazioa
-Prekarizazioa, estatalizazioa, hitzarmenaren indargabetzea…
-MEHATXUAK ETA PREKARIZAZIOA

Zergatik hitzarmen bat Bizkaiko Metalarentzat?

Guztion onerako, lan arloan zein sozialean:

-Hitzarmen propioa edo Ituna duten enpresetan, gure etorkizuna bermatzeko. Besteen egungo prekarietatea gure etorkizuneko prekarietatea da.
-Hitzarmen edo Itunik gabeko enpresetan, gure lan baldintzak bermatzeko eta hobekuntzak lortzeko tresna gisa.

Hitzarmen duin baterako LABen aldarrikapenak:

-Guztiontzako soldata igoerak

-Kontratazio duina (neurriak ABLEntzat, behin behinekotasuna, subrogazioa…)

-Emakumearekiko diskriminazioarekin amaitzeko

-Estatalizazioa gelditu

Afiliatuen batzarrak, grebei buruzko xehetasunak emateko:

– BILBO: Maiatzaren 15ean, 18:00etan, Bilboko egoitzan.

– HEGO URIBE: Maiatzaren 15ean, 18:30ean, Basauriko egoitzan; maiatzaren 20an, 18:30ean, Igorreko egoitzan.

– DURANGALDEA: Maiatzaren 20an,18:30ean, Ermuako egoitzan; maiatzaren 21ean, 18:30ean, Zornotzako egoitzan.

– ESKUMALDEA: Maiatzaren 15ean, 18:30ean, Mungian, Girrintzen, Iturribideko lokala; maiatzaren 16an,18:30ean, Erandioko egoitzan.

– EZKERRALDEA: Maiatzaren 15ean, 18:30ean, Sestaoko Txokoan (Asuncion Melendiz kalea); maiatzaren 16an, 18:30ean, Zallako egoitzan.

– LEA ARTIBAI: Maiatzaren 15ean, 18:30ean, Gernikako egoitzan; maiatzaren 16an, 18:30ean, Markinako kultur aretoan.

 

 

 

Laudioko LIDL-eko langileek bizi duten egoeraren larritasunaz ohartarazi dute

0
Laudioko biltegia Langraitzera lekuz aldatu nahi du zuzendaritzak, horrek dakarren ondorioekin.

Hauxe da Laudioko LIDL-eko biltegiko enpresa batzordeak igorritako oharra:

2018an zehar, Laudioko LIDL-eko enpresa-batzordeak egun gure lan-zentroan indarrean dagoen hitzarmena negoziatu genuen.

Hitzarmenaren negoziazioan zehar enpresaren zuzendaritzak behin baino gehiagotan ziurtatu zigun Langraitzen, edo beste edozein lekutan, biltegi berria zabaldu arren, Laudioko biltegia ez zela itxiko. Engainatuta sentitu ginen. Batzorde hau enpresarekin negoziatzen ari da egungo lantaldea Langraitzera eramatea ahalik eta ez traumatikoena izateko, enpresaren beste lantoki batzutara lekualdatzeak, kalteordainak, etab. Enpresaren asmoa da lekualdaketa burutzen denean, gure hitzarmena desagertu egingo dela. Nabarmendu beharrekoa da LIDL enpresako lan-zentru bakarra garela hitzarmen duina duena, langileen urte askotako borroka eta sufrimenduaren ondoren, azkenera arte defendatua izan behar den zerbait.

Lekualdatze honek ez digu Laudioko LIDL-eko langileoi soilik eragiten, bertan ari diren azpikontratei ere eragiten baitie, eta inguruko komertzio eta saltokiei ere. Laburbilduz, gutxi gora behera 100 pertsonari ere eragingo dien zeharkako enplegua.

Egun, Laudioko LIDL, nagusiki emakumeak diren 200 langile baino gehiagorekin, eskualdeko lantokirik garrantzitsuena da familia-kontziliazioa eta eskualdeko enplegu sorreraren inguruan. Langile guzti hauek murriztuak izango dituzte euren baldintzak lan- eta familia-bizitza uztartzeko, lekualdatze honek egunean 2 ordutako bidaia suposatzen duelako eta 50 kilometrotik gorako distantzia.

Espero dugu negoziazio hauek lehenbailehen onean amaitu ahal izatea, honela, egoera honek langileei sortzen dien ziurgabetasunarekin amaitzeko.

Ohar honekin moztu egin nahi ditugu enpresa eta Laudioko LIDL-eko batzordearen inguruko espekulazioak. Era berean, egoeraren larritasuna nabarmendu nahiko genuke eta elkartasun eta babes keinuak eskertu.

 

 

 

Patronalarentzat eta instituzioentzat amiantoaren arazoari konponbidea ematea ez dela lehentasun bat salatu du Garbiñe Aranburuk, Beasainen

0

Beasaingo CAFeko enpresa-batzordeak bi orduko lanuztea egin du gaur, 10:00etatik 12:00etara, manifestazio batekin batera, "Amiantoak hil egiten du” lemarekin. Hain zuzen ere, trengintza sektoreko hainbat enpresa batzorde mobilizatu dira bertan, CAFekoaz gain Euskotren eta Bilboko Metrokoak barne, amiantoak eragindako ondorio larriak salatzeko eta administrazio publikoek eta sektoreko enpresek euren gain hartu beharreko arazo dela aldarrikatzeko. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu Beasainen egindako manifestazioan izan da, sindikatuko ordezkaritza batekin, amiantoaren biktimei eta haien senideei babesa emateko.

LABeko ordezkaritzaren buru, Garbiñe Aranburuk amiantoaren arazoaren larritasunaz ohartarazi  du: "Amiantoa 2002an debekatu zuten, eta, orduz geroztik, ez dago inolako planik egon osasun arazo larri honen ondorioei aurre egiteko. Amiantoaren arazoari konponbidea ematea ez da lehentasun bat patronalarentzat eta instituzioentzat, eta horrek asko sumintzen gaitu. Gaur, oraindik orain, ez dago amiantoarekin lan egin duten enpresen erregistrorik; ez dago ere amiantoak kutsatuta gaixotu diren pertsonen erregistrorik. Gaur, oraindik orain, kaltetuek epaitegietara joan behar dute, euren gaixotasuna lan gaixotasun gisa aitortu diezaieten. Hainbeste urteren ostean, ez da Konpentsazio Fondoa abian jarri, kaltetu eta euren senideei babes ekonomiko eta soziala emateko".

LABeko ordezkaritza.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "sindikatu gisa, jarraituko dugu egoera hau salatzen eta neurriak exijitzen, amiantoaren arazoa konpon dadin. Neurriak exijitzen jarraituko dugu lan istripuen eta lan gaixotasunen odolustearekin amaitzeko. Izan ere, bistan da langileentzat eskubide bat dela lanean ez gaixotzea eta ez hiltzea".

Arazo sozial eta sindikala
Amiantoaren ondorioek zuzenean mineral horrekin lan egiten duten langileengan dute eragina, baina baita zuzenean lan egin ez dutenengan ere, airean dagoena arnastuz,edo baita etxeko lanetan oinarrituak edo egoera txarrean daukagun materiaren desgastea tarteko. Zoritxarrez, ez ditugu ezagutzen eragina jasandako pertsonen eta biktima potentzial izan daitezkeenen benetako errolda eta larritasuna. Dena den, elkarte eta bitarteko ugarien arabera, 2020a funtsezkoa eta bereziki gogorra izango da garatutako herrialde guztietan. Izan ere, asbestosia esposizioa gertatu eta handik 20 edo 30 urtetara agertzen da.

Manifestariak, Beasainen barrena.

Trenen sektorean ere, amiantoak ondorio larriak ekarri ditu langileen osasunean, gaur egun, mineral horrekin lan egin izanaren ondorioa da da biktima kopurua altua izatea. Tren-garraioko sektorearekin lotutako enpresa askotan jasaten ari garen eraginak, haietako asko heriotzeraino, agerian uzten du administrazio publikoek eta sektoreko enpresek aurre egin beharreko arazo larria dela.

Orain artean biktimak eta senideak konpentsatzeko egindako eskaerak guztiak modu sistematikoan isilarazi dituzte, kasu askotan gainera, prozesu hauei bakardadean eta beharrezko babesik gabe egin behar izan diete aurre biktimek eta senideek. Amiantoaren inguruan burututako auzi gehienak arrazoia eman diete eragina jasandako pertsonei, baina horretarako sistema judizialean batetik bestera ibili behar izaten dute, eta ez da bidezkoa, guzti honen erantzuleak nor diren denok dakigunean.

Amiantoaren ondorioz hildakoen oroitarria.

Hala, gaur, trengintza sektoreko langileak kalera atera dira, nahikoa dela esateko; nahikoa da erantzukizunak ez onartzeaz, eta lankideak hiltzen ari direnean, beste aldera begiratzeaz, gaia isilarazteaz eta ezkutatzeaz.

Hain zuzen ere, trengintza sektoreko enpresa-batzorde desberdinek amiantoaren aurkako honako dekalogoa aldarrikatu eta hori bete dezatela eskatu diete arduradun politikoei, administrazioei eta enpresei:

-Konpentsazio-funtsa lehenbailehen aktiba dezatela.
-Beren lanpostuan, etxean edo giroan zuzenean edo zeharka amiantoarekin kontaktuan egon zitezkeen pertsona guztien zerrendak egin ditzatela.
-Epaiketara joan beharrik izan gabe, amiantoarekin lotutako gaixotasunak aitor ditzatela. Epaien aurkako helegiteak jarrita eragina jasandakoen agonia luzatzeari eta egoera zailtzeari utz diezaiotela.
-Ikerketa-bidea modu aktiboan finantzatu eta abiaraz dezatela.
-Eraginpean egon zitezkeen pertsonen erretirorako koefiziente
murriztaileak eta gaixo dauden pertsonen laneko erretiroak aplika ditzatela.
-Amiantoaren tratamendua osasun publikoko arazo gisa har dezatela.
-Amiantotik eratorritako gaixotasunen eta amiantoarekin lan egin duten enpresen erregistroa.
-Amiantoa modu kontrolatuan kentzeko prozesua bidera dezatela.
-Amiantotik eratorritako patologiak detektatzeko programa
osasun-zerbitzu publikoetan.
-Osasunaren zaintza-plan espezifikoak eta asbestoaren eraginpean egon ziren langileen jarraipen sakona egin ditzatela enpresek eta osasun-zerbitzu publikoek.

Enpresa batzordeetako kideek adierazpen bat irakurri dute mobilizazioarekin amaitzeko.

Konpentsazio-funtsa erabat beharrezkoa da; izan ere, asko dira (Tailerretan zein etxeko kutsadura jasandakoak) amiantoarekiko esposizioa dela eta afekzioren bat jasan dutenak eta jasan dezaketenak mineral horrekiko esposizioa izan zutelako.

"Biktimek aitorpena lortuko dute errudunak epaitzen dituztenean. Lan hori guztiok elkarrekin abiarazi beharko dugu; izan ere, beti bezala, langile-klase osoari eragiten dion arazo sozial eta sindikala da", erantsi dute enpresa batzordeetako kideek.
 

 

 

Gipuzkoako Foru Aldundiko langileek irtenbideak exijitu dituzte irekita dauden lan gatazkentzat

Sei orduz egin dute elkarretaratzea, foru egoitzaren aurrean. LABek Aldundiaren inposizio eta aldebakartasuna salatu du.

Hauxe da Gipuzkoako Foru Aldundiko LABeko atal sindikalak kaleratutako oharra, Aldundiko langileek egindako mobilizazioa dela eta:

Alferrik galdutako legealdia!

Inposizio eta aldebakartasunari aurre egin eta gaurko negozio, eta ez negoziazio, mahaitik altxatzea erabaki dugu!

1. Negoziatzeko eskubiderik ezean, gure lekua gainerako langileekin batera dagoelako, Aldundiaren aurrean eskubide hori eta gainerako eskubideak aldarrikatuz, goiz osoan zehar egingo den kontzentrazioan.

2. Aurreikusitako azken bilera izanda ere, gaurko bilera edukiz bete nahi izan duzuelako, kontzentrazioaren berri zenutelako beharbada? Sindikatuok zuen antzerkiaren parte izan eta negoziatzeko borondatea duzuela esaten jarraitu nahi duzuelako?

3. EAJ-PSE gobernuak argi erakutsi digulako, behin eta berriro, zein den bere jarrera: bilera egunak jarri eta mahaian eseri bai, adosteko borondaterik ez!

4. Egun duzuen azken “balentria” langileon gainetik pasa eta testu bategina inorekin adostu gabe onartzea izan delako. Horretara ere iritsi zarete. Ba al duzue mugarik?

5. Gure lankide Iñaki Igerategiren kasuan ere jarrera berdina izan duzuelako. Iñakik bere zigorra beteta dauka, eta zuek, bigarren zigorra aplikatu nahi izan diozuelako. Ez diozue bere lanpostura bueltatzen utzi nahi.

Gobernu hau badoa eta ez dakigu hauteskundeak eta gero zuek bueltatuko zareten edo beste batzuk etorriko diren. Baina guk hementze jarraituko dugu eta ez dugu onartuko ez inposiziorik ezta aldebakartasunik ere! Legealdi berriaren lehenengo egunean bertan kalean izango gara gatazken irtenbideak eskatuz: lan hitzarmena, Egogain, suhiltzaileak (oraindik ere ez dago martxan 48 suhiltzaileentzako programa)…