2026-07-25
Blog Page 639

“Hitzarmen duin bat lortu arte ez da bakerik egongo”, adierazi dute Bizkaiko metalgintzako langileek

0

LAB, ELA, CCOO, UGT, ESK, CGT, USO eta CNT sindikatuak Durangoko epaitegi aurrean eta, ondoren, Batzokian mobilizatu gara Bizkaiko metalgintzako bi langile deklaratzera deitu dituztela salatzeko.

ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT, USO eta CNT sindikatuen ohar bateratua, Durangon gaur izandako mobilizazioaren harira:

Gaur, Bizkaiko metal sektoreko greba historikoak eta gero, greba eskubidea defendatzeagatik bi langilek deklaratu beharra daukate. FEVEM eta PNVek polizia erabili du sektoreko langileria ixilarazteko; baina ez dute lortu, ezta lortuko ere. Gaur hemen bildu gara bi grebalariei gure babes osoa adierazteko, eta baita egun hauetan modu batera edo bestera gatazka honetan errepresioa jasan duten guztiei; multak jaso baititugu, filmatuak izan gara, irainduak, jipoituak…Eta argi eta ozen esan nahi dugu gure eskubideak defendatzea ez dela inoiz delitua izango.

Metaleko langileak modu masibo batean erantzun diote greba deialdiei. 10 egunez sektorea gelditzea lortu da, baina patronalak bere ohiko prepotentziarekin negoziatu beharrean mobilizazioak ixilarazi nahi izan ditu.

Bestalde, Bizkaiko metaleko hitzarmenaren aldeko borroka, borroka sindikala baino gehiago izatea lortu dugu. Daukan garrantziagatik, beste sektore batzuei eragiten dien sektorea izateagatik, eta batez ere patronalaren eta agintzen dutenen filosofiarekin talka egiteagatik, aberastasunaren banaketa exijitzen baitu eta Estatu modeloa zalantzan jartzen duelako herri borroka bihurtzea lortu dugu. Hau argi ikusi da Ertzaintzaren jarrera eta Urkulluren hitzetan; esplotatzaileen ondoan jarriz langileen ondoan beharrean. EAJk, berriro ere Bizkaiko metaleko langileak alboratu ditu, Bizkaiko biztanleriaren zati handi bat alboratu du. Bere hitzekin, langile prekarizatuak eta patronal aberatsak nahi dituela argi utzi du. Bere hitzak gutxi batzuen mesederako herria saldu eta aurrera daramaten politikaren isla argiak dira. Honengatik guztiagatik Urkulluren dimisioa eskatzen dugu.

FEVEMek bestalde, hitzarmen duin bat lortzeko dagoen nahi eta behar herritarrari muzin egin eta ez du serioski negoziatzeko intentziorik. Egun, ez daukagu inolako albisterik negoziazio mahaiko bilera baterako. Gezurrak esateko besterik ez du ahoa ireki; grebek %20ko jarraipena izan dutela esateko, hain zuzen. Badakienean, eta ongi jakin, hori gezur hutsa dela.

Patronalak ez du langileok soldata duinik izaterik nahi; ez du lan osasun hobetu nahi; ez du emakumeok aukera berdintasuna edukitzerik nahi… Patronak langile prekarizatu, geldi eta ixilik nahi ditu. Bada, berriro diogu ez dela horrela izango eta aurrean izango gaituztela!!!

Egoera honen aurrean, ozen diogu hitzarmen duin bat lortzera goazela, eta ez dugula pauso bakar bat ere atzera emango. 20 hilabetetako negoziazio faltsuak eta 10 greba egun eta gero, borrokan jarraitzeko hautua egina dugu. Identifikatuko gaituzte, jipoitu, multak jarri, jazarri… baina ezingo gaituzte ixildu. Ezingo gaituzte geldiarazi.

Harro gaude enpresetan, piketeetan eta mobilizazioetan egindako lanarekin. Hitzarmen duin bat lortu arte ez da bakerik egongo.
 

 

 

CAFeko enpresa batzordeak Jerusalem hiriko tranbia-linea berriko proiektuan ez parte hartzeko eskaera egin dio zuzendaritzari

0

CAFeko enpresa batzordeak, aho batez, Jerusalem hiriko tranbia-linea berria ez egiteko eskaera egin dio CAFeko zuzendaritzari. "Obra horretaz ez parte hartzeko oraindik garaiz gaudela uste dugu", adierazi dute.

Hauxe da enpresa batzordeak, aho batez, onartutako idatzia:


 

 

 

Gasteizko Legebiltzarrean gaur aurkeztutako EPE ereduak ez du EPE prozesu garbirik bermatzen Osakidetzan

0
Murga kontseilariak eta Osakidetzako Zuzendariak gaur Gasteizko Legebiltzarrean Osakidetzan EPE eredu berria martxan ipini ahal izateko aurkeztu dituzten neurriek ez dute inondik inora bermatzen hurrengo prozesuak garbiak izango direnik, iruzurrik gabekoak izango direnik, ezta mediku espezialitateetan erroturik dagoen sistema ustela eta klientelarrarekin amaituko denik ere. Horregatik, gaurko agerraldiaren helburua egoera zuritzea baino ez da izan.

LAB sindikatutik neurri horien azala zein mamia kritikatzen dugu. Gure ustez, planteaturiko neurriok ez dira nahikoak, asko ez ditugu begi onez ikusten, gertatu diren filtrazioen onarpen faltatik abiatu dira eta modu antidemokratiko eta baztertzailean onartu dira, filtrazioak salatu dituzten indar sindikalak kanpoan utzita, hain zuzen ere.

Honekin jarraituz, ez da onargarria neurriok soilik SME, SATSE eta UGT sindikatuekin sinatu izana, hau da, EPE ustelaren sinatzaileekin.

Osakidetzako EPEaren filtrazioak oso gai larria da, milaka pertsonari eta euskal jendarte osoari eragiten diona. Beraz, ez da ulergarria langileon ordezkaritzaren parte handi bat baztertzea halako gaietan.

Zentzu honetan, LAB, ELA eta CCOO sindikatuok gaurko Mahai Sektorial fartsatik altxatu gara, egoera salatzeko. Are deigarriagoa da LAB bezalako sindikatua gertatu denaren balizko “konponbidetik” at uztea, lehenengo momentutik filtrazioak salatu ditugunean, fiskaltzara jo dugunean eta abian den prozesu penala Herri Akusazioa garenean.

Bestaldetik, etorkizuneko filtrazioak ekiditeko proposamenak egitea, oraindik orain gertatu eta gertatzen diren filtrazioak onartu ez dituztenean, borobila karratu bihurtzea da. Osakidetzak etorkizunean EPE garbiak nahi baditu, lehenengo eta behin gertatu dena onartu behar du eta baita bere erantzukizun guztiak ere. Bestela, euskal jendarte zein oposizioetan parte hartzen duten guztiei iruzur egitea baino ez da izango.

Azkenik, aurkeztu dituzten neurrien edukia ez dela nahikoa eta neurri askoren kontra gaudela adierazi nahi dugu, batez ere 4. Eta 5. Ataletan jasotakoak, Epaimahaiak eta Azterketak jasotzen dituztenak (adibidez, ez dugu onartzen elkarrizketen sistema, guztiz subjektiboa dena).

LABek, bere momentuan, Osakidetzak kontuan hartu ez dituen oinarrizko neurri batzuk jarri zituen mahai gainean: azterketak pertsona bakar batek presatzea, IVAPen enkarguz; edo EPE proben kudeaketarako gidaliburu operatiboa osotasunean betetzea. Bestaldetik, ez dugu uste azterketak prestatzeko EAEtik kanpoko profesionalen beharrik daukagunik. Gure herrian eta bertoko profesionalekin, borondate politiko eta neurri zorrotzak badaude, gai gara EPE prozesu garbiak aurrera ateratzeko.

 

 

 

Osakidetzako Mahai Sektorialetik altxatu gara

0
Osakidetzaren gardentasun eta negoziatzeko borondate eza ikusirik, Osakidetzako gehiengo sindikalak, LAB, ELA eta CCOO sindikatuok, mahaitik altxatzea erabaki du, 2017ko enplegu eskaintza akordioaren Jarraipen Batzordearen (zeinetan SME, SATSE eta UGT sindikatuak dauden) mesedetan mahai sektoriala edukiz hustu eta mahai negoziatzaile paralelo bat sortu dela egiaztatu ondoren.

Gaur bileraren gai-ordenako puntu guztiak aurretiaz itxi egin dituzte Jarraipen Batzordean eta haietako batzuk, dagoeneko sinatuak ere ekarri dituzte. Bestalde, lehenengo aldia da Mahai Sektorial batean bileraren denbora mugatzen dela, deialdiaren kutsu propagandistiko soila agerian utziz.

Hiru sindikatuok eskubide sindikalarekiko errespetu falta salatu dugu, Osakidetzari mahai sektorialaren ahalmen negoziatzailea errespetatu dezala exijituz. EPE eredu berria bezalako gai garrantzitsuak negoziatzeko orduan, oso esanguratsua egiten zaigu filtrazioak salatu zituzten sindikatuak negoziaziotik kanpo uztea.
 

 

 

Elkarretaratzea egingo dugu bihar Iruñean, Barasoainen ostiralean hildako garraiolariaren lan heriotza salatzeko

Gehiengo sindikalak dituta, Nafarroako Gobernuko Obra Publiko, Garraio eta Komunikazio Sailaren aurrean elkartuko gara, 11:30ean. “Egun gutxitan Nafarroan hildako hirugarren langilea da, eta, horretaz gain, bi astetan bi langile hil dira errepidean. Administrazioek kontutan hartzeko datuak izan beharko lukete, baina beste alde batera begiratzea erabaki dute”, adierazi dugu ohar batean.

Hauxe da LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGT sindikatuok igorritako oharra:


 

 

 

Oiongo eskola segregazioaren aurkako konpromisoa adierazten dugu

0
Txalotzen dugu Oiongo hezkuntza komunitateak segregazioa gainditu eta herria euskalduntzeko adierazi duen gogoa eta kemena. Gure konpromisoa adierazten dugu egoera larri honen aurrean pausu zehatzak emateko sinergiak bilatuz. Ideia horri helduz, azken hilabeteetan landu dugun bi ikastetxeetako irakasleen eta Oiongo beste eragile batzuen oniritzia duen proposamen ireki bat partekatuko dugu Oiongo hezkuntza komunitate osoarekin, egunotan horien ekarpenak jasotzeko helburuarekin.

Oioneko arazo zehatzaz gain, gabezia eta arazo larriak ditugu hezkuntza sisteman. Zentzu horretan, inplikatutako erakundeei, Jaurlaritza, Foru Aldundia eta Oiongo Udalari, eskola segregazio egoera iraultzeko konpromiso argiak eskatuko dizkiegu. Bestaldetik, Oionen bizi den eskola segregazioaren arazoa konpondu nahi bada, euskararen murgiltze ereduaren aldeko aldarrikapena funtsezkoa da, batik bat, “A” eta “B” ereduen iraupena Errioxan eskola segregazioan duen eragina kontuan hartuta.

LABen aldetik, segregazioari buruzko "lan-mahaia" bat sortzea proposatuko dugu, loteslea eta auditorien bitartez, emaitzen berri izango dituena, inplikatutako erakundeak eta hezkuntza komunitateko eragileak barne hartuko dituena, elementu segregatzaileen gaineko hausnarketa egingo duena eta egoera iraultzeko beharrezko neurriak proposatuko dituena, besteak beste:

-Matrikulatzeko eragozpenak desagerrarazteko joera izatea: familia guztiek diru publikoaz finantziaturiko eskola guztietara sartzeko aukera berdina izan behar dute, sinesmenengatiko segregazioa eragiten duten jarduerekin ere amaitzea eskatuko dugu eta euskararen murgiltze ereduaren aldeko apustu garbia egingo dugu.

-Matrikulazioaren kudeaketa sistemaren orekari lagundu behar dio. Zentzu horretan, atzerriko, behar berezietako eta profil sozioekonomiko baxuko ikasleen gutxieneko eta gehieneko indize bat aplikatzea eskatuko dugu errealitate sozialari erantzunez eta Udaletik, Hezkuntza Sailarekin koordinatuta, matrikulazio bulego bat martxan jartzea eskatuko dugu, familiei informazioa eta deribazioa egokia eta orekatua eskainiz.

-Ratio gutxiago ezarri behar dira irakasle bakoitzeko. Baliabide espezifikoak eman behar dira ikastetxe bakoitzean dagoen aniztasunaren arabera eta irakasleak egonkortzeko tresnak bilatu behar dira.

Momentua da praktikan segregazioaren aurkako neurri zehatzak martxan jartzeko, Oionen aukera dago hezkuntza komunitateko eragileen aldetik gogoa eta konpromisoa ikusten dugulako.

Egin dezagun posible denon artean!

 

 

 

Osakidetzari eskatu diogu euskararen normalizazioa bultza dezala egunerokoan, zurikerietan ibili beharrean

LABetik Osakidetzari eta, bereziki, Donostialdeko arduradunei eskatzen diegu ekintza puntualen bitartez zurikerietan ez ibiltzeko, eta Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko egunero lan egin dezatela. Horrela lortuko da Osakidetzan euskara ere sano egotea.

Atzo, urriaren 6an, Kilometroak izan zen, Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolaren alde. Jende ugari bertaratu zen euskararen aldeko jaia ospatzera, Osakidetza ere bai. Han ikusi genituen euskararen alde eginez, bertaratutakoei osasun ezagupenak ematen.

Ekimena zuzena den heinean, beste aurpegi bat ere badauka. Egunerokoan, Osakidetzak ez du euskara behar bezala zaintzen. Honekin, euskal osasun sistemaren egoera kaxkarra dela esan nahi dugu; Donostialdean, batez ere. Osakidetzak, Donostialdean, milaka eta milaka langile biltzen ditu. Garrantzi berezia du artatzen dituen herritar kopuruagatik eta garrantzi berezia erabiltzaile horiek kokatuta dauden herrien egoera soziolinguistikoa kontutan hartuta: Donostiaz gain, Zarautz, Zumaia, Orio, Oiartzun, Hernani, Usurbil, Zestoa, Getaria… bezalako herri erabat euskaldunak.

Euskararen erabileran eredu izan behar zuen Osakidetzako Donostialdeko ESIko arduraduna euskararen erabilera normalizatu asmoz indarrean dagoen arautegia eragozten ari da gaur egun. Larritasun handikoa den gai zehatz bat aipatzearren, dozenaka lanposturen Hizkuntz Eskakizunari eragiten dioten arautegiaren betetzea eragozten ari da, LAB sindikatuaren eta Osakidetzako Giza Baliabideetako Zuzendaritzaren ohartarazpenei muzin eginez.

Beste adibide bat aurtengo udan eman da. Zumaia, Getaria, Zestoa eta Aizarnazabalgo udalek, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin batera, salatu zuten beraien herrietako mediku ordezkapenak egiteko euskaraz ez dakien mediku bat kontratatu zuela Osakidetzak. Ondorioz, erabat euskaldunak diren herri hauetako osasun sistemaren erabiltzaileen hizkuntz eskubideak urratu eta osasun arretaren kalitatea kaltetu zuten.

Honek berebiziko garrantzia du Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko bidean, eta, ondorioz, hala nahi duten herritarrei zerbitzua euskaraz eskaintzeko bidean, bai eta Osakidetzaren barne funtzionamenduan euskara normaltasunez erabili eta lan hizkuntza bihurtzeko bidea egin ahal izateko.

 

 

 

Sedenako langileek eginen duten greba babesten dugu

0
Urriaren 8, 9 eta 10erako Sedena enpresako kultura arloan lan egiten duten langileek greba antolatu dute euren lan baldintzak duinak izan daitezen.

Sedena eta Civivoxetako langileek lan hitzarmen estatala dute. Horrek esan nahi du Madrilen negoziatzen dela Nafarroako langileen beharrak kontuan izan gabe. Hamar urte daramatzate lan baldintzak okertzen ikusten eta horiek hobetzeko momentua iritsi dela erabaki dute. Horregatik, hiru eguneko greba eginen dute enpresa negoziatzera eseri dadin.

LABek greba deialdia babesten du eta langileei eskubideen alde borroka egiteko deia egiten die, Enpresa Batzordeak antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko, horretarako hamaika arrazoi daude eta. Poliki-poliki enpresaz enpresa eskubideak berreskuratzen Nafarroako kultur arloko langileon hitzarmen duin bat lortu arte.
 

 

 

Feminismoan trebatzen jarraitzeko hitzarmena berritu dugu Emagin-ekin

Bi urteren ondoren, Eskola Feministaren eskaintza gizonezko delegatuei ere zabaltzea dugu helburu eta etorkizunean herrialdez herrialde antolatzea nahiko genuke.

LAB sindikatuak eta Emagin Formakuntza, Dokumentazio, Ekoizpen eta Ikerkuntza Zentroak orain dela bi urte sinatutako hitzarmena berritu dugu, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu eta Emagineko idazkari Idoia Arraizaren eskutik.

Hitzarmenaren berritze horren bidez, sindikatuaren bazter guztiak feminismoaz bustitzen jarraituz, sindikatuak egiten dituen ekintza, borroka eta irakurketa guztietan metodologia eta praktika feminista txertatu nahi dugu; horregatik eta horretarako sortu genuen Eskola Feminista. Sindikalismoan irekitzen ari garen garai berriari begira hartutako erabakia izan zen; sindikalismoa berritzeko egin nahi dugun ibilbidea egiteko funtsezko tresna.

Gurea Eskola Feminista duen sindikatu bakarra izanik, apustua egiten dugu, behar duen aitortza estrategikoa eta politikoa emanez, gainezka dauden agendetan lekua egin behar zaiola feminismoan trebatzeari, prest egon behar garelako ukitu ezinak ziren edo estrukturalak diren eta barneratuta ditugun ikuspegiak apurtzera, apurtze horretatik ikastera eta jarrera politiko eta pertsonal berriak eraikitzeko bidea egitera. Gure komunitatean formakuntzaren bidez eragin eta praktika eraldatu nahi dugu. Horrela, klase subjektuaren berrosatzean sakondu dezakegu, lana enpleguaz harago ulertu, zaintza lanei buruz hausnartu eta hauen berrantolaketa sozialaz jardun, soldata arrakala zer den ulertu, gure iruditegia sexista izan ez dadin landu, zein sindikalismoan praktika feminista txertatu.

Bi ikasturteetan orotara 314 ikasle izan ditugu. 2017/2018 ikasturtean 153 pertsona (83 emakume eta 70 gizon, denak liberatuak) pasa dira Eskola Feministatik eta 2018/2019 ikasturtean 161 pertsona, horietatik 121 liberatuak dira (83 emakume eta 38 gizon) eta 40 ordezkari sindikalak (denak emakumeak).

Feminismoak duen lekua eta feminismotik eman nahi dugun urratsa modu sistematizatu, antolatu eta estrukturalean ematen ari gara. Baldintzak sortzen eta sendotzen ari gara sindikalismo feminista eraginkor eta emankorra egiteko. Gure burua prestatzen ari gara politika feministen alde borrokatzeko sindikalismotik. Horregatik, aurrera begira Eskola ordezkari sindikalen eremuan eskaintzea nahiko genuke. Azken ikasturtean emakume delegatuekin egin ditugun saioak oso arrakastatsuak izan dira. Beraz, eskaintza hori gizonezkoei ere zabaldu nahiko genieke eta etorkizunean iraunkorki herrialdez herrialde antolatu nahiko genuke.

Eman diezaiogun feminismoari behar duen lekua gure agendetan!