2026-05-04
Blog Page 61

Zamatze lanetan garraiolari azpikontratatua hilik Muxikan, istripu klasiko baten errepikapena

Atzo asteazkena, Muxikako Ebaki enpresan zamatze lanak burutzen ari ziren bitartean garraiolari bat zamatze makina batek kolpatu zuen. Azpikontratatutako garraio enpresako langilea, tokian bertan artatu zuten anbulantzia medikalizatu batean baina zauri larrien eraginez hil zen ordu batzuetara.

Lehenik eta behin, LAB Sindikatuak bere doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkie hildako langilearen senide, lagun eta gertukoei.

LABek adierazi nahi du, prebentzio araudiak aurreikusten duela egoera hau, eta zamatze lanetarako enpresa kontratatzaileek prozedurak garatuta izan behar dituztela garraiolariak kabinan bertan itxaron edo gune seguruetan egon behar izateko. Beraz, koordinazio prozedura bat garatu beharra dago derrigor arrisku mota hau kontrolatzeko. Atzo, prozedura ez zegoen garatuta edo ez zen abian ipini. Bi aukerak, enpresariak dinamizatu behar ditu legeak arautzen duen moduan.

Izan ere, aste honetan bertan entzun dugu Osalango zuzendariordea irrati publikoan adierazpenak eginez, “nahiz eta legeak enpresaria ipintzen duen prebentzioaren arduradun eta erantzule, bai langileek eta sindikatuek ere badutela ardura”. Nola ekidingo du langile batek honelako istripu bat enpresak protokolorik garatu ez badu, edo garatuta izanik ere berau betearazteko errekurtso prebentiborik eta bitartekorik jartzen ez badu? Ardura enpresariarek bizkarretik kentzeak istripuak eta heriotzak soilik dakartza, eta tamalez administrazioa betetzen ari den papera hori da, ardurak bitartekoak ez dituzten langileei zabaldu eta enpresarien inpunitatea babestearena hain zuzen. Istripuen atzean dagoen oinarrizko arrazoia da, administrazioak 30 urte daramatzala enpresarien inpunitatea babesten. Aurten dagoeneko 41 hildako utzi dituen erabakia.

Honela, Ebakiko komiteak datozen orduetan deituko dituen lanuzte eta mobilizazioekin bat egiten du LAB sindikatuak. 

LAB sindikatuak aurkako botoa eman dio “EUSKADI 2030 INDUSTRIA PLANA”ri EGAB-eko osoko bilkuran

EGABeko osoko bilkurak “Euskadi 2030 Industria Plana” delakoari buruzko Dekretu Proiektua dagokion irizpena onetsi berri du; LAB sindikatuak aurkako bozka eman dio, honako argudioak tarteko:

Ez da langileen parte-hartzea aurreikusten. Irizpenak aipamena egiten badio ere, LAB ez dator bat Elkarrizketa Sozialeko Mahaira eramatearekin, bertan gutxiengo sindikala dago ordezkatua eta Industria Planaz aritzeko, espezifikoki, bestelako parte hartzerako gune baten beharra aldarrikatzen du.

Planak kolaborazio publiko-pribatua ontzat ematen du, baina trantsizio industrialak bestelako esku-hartze publikoa behar du. Partehartze publikoa duten proiektu industrialak bultzatu behar dira. Bestalde, diru publikoa jasotzen duten enpresek baldintza eta konpromiso batzuk izan behar dituzte, enplegu duina bermatzeko, diskriminazioekin amaitzeko, berrikuntza teknologikoan inbertitzeko. Dibidendoak banatzen dituzten enpresek ez lituzkete laguntza publiko horiek jaso behar.

Industria eraldaketak irauten duen bitartean enplegurako eskubidea eta lan baldintza duinak zein kalitatezkoak bermatzeko inolako neurririk ez da aurreikusten. Planak ez du enplegu duina bultzatzeko neurririk jasotzen. Planak industriaren trantsizio energetikoak EAEn izango duen inpaktu sozio-laboralaren azterketa jaso beharko luke. Gabezia bereziki larria da testuinguru global eta ekonomiko hain konplexuaren aurrean. Patronalak absentismoaren inguruan duen diskurtsoa errepikatzen da, baina, kontrara, ez da enpresa askotan prebentzio neurririk ez dagoela aipatzen. Planak enplegu industriala berez kalitatezko enplegutzat jotzen du eta hori ez da horrela. 

Planak ez du industria eraldaketa esanguratsu eta premiazkoenei buruzko plangintzarik, automozioan esaterako, eta eraldaketa horietan sindikatuen zein langileen parte-hartzerik ez da bermatzen. Deskarbonizazio planei dagokienez ere, ez dago plan horiek egingo eta beteko direnaren inolako bermerik. Plangintzarik ezak erabaki guztiak patronalaren esku uztea dakar, eta lan ondorio traumatikoak egotea errazten du. Aldaketa guztiek sindikatuen eta langileen parte-hartzea aitortu eta jaso behar dute.

Deslokalizazioei buruzko egungo legeria ez da nahikoa, argi eta garbi. Baldintzapen zorrotza ezarri beharko da, enplegua suntsitu edo okertzen denean laguntzak jasotzea saihesteko, eta dirua itzultzeko betebeharra, zehapenak jasotzea eta laguntzetarako sarbidea ukatzea.

Ez da industria militarraren aipamen espliziturik egiten. Eusko Jaurlaritzak adierazi du Europa mailan industria militarraren bultzada berriak dakartzan negozio aukerak aprobetxatu nahi dituela. LABetik, ordea, gure lurraldeko behar sozialei erantzuteko gai den oinarri industriala mantentzearen aldeko apustua egiten dugu. Horretarako, hainbat sektore eraldatu egin behar dira, emisioak, energiaren erabilera eta materialak murriztuz. Aldi berean, armagintzak ezabapenerantz jo behar du, bere ekoizpen ahalmena sozialki erabilgarriak eta ekologikoki beharrezkoak diren produktuetara bideratuz. 

LAB sindikatuak benetako industria plana eskatzen du, eta horretarako hastapenetatik ezinbestekotzat jotzen dugu sindikatu eta langileen parte-hartze loteslea. Horregatik guztiagatik, eta 2030 Industria Planak trantsizio ekosozialerako industria plan bat egiteko oinarri nahikorik ezartzen ez duela ondorioztatuta, ezezkoa izan da LABen bozka. 

LABek dei egiten dio Gipuzkoako Aldundiari, bete dezala Batzar Nagusiek ebatzitako agindua, Gureak-eko langileen osasuna eta eskubideak bermatzeko

Gureak-eko enpresa komiteko LABen delegatuek eginiko eskaerari onarpena eman diote Batzar Nagusiek gehiengo zabalez joan den ekainean, aniztasun funtzionala duten langileekin ari diren enpresek, mutuak kontratatu beharrean, gizarte segurantzaren bidea har dezaten, kontigentzia profesionalak artatzeko.

Gureak-en gertatutakotik abiatu da prozesua. Mutualia erabiliz baja laboralak ez aitortzeko bide zitala erabili dute enpresa horretan eta bide hori oztopatzeko ekinbidea da LABen eskutik Batzar Nagusiek babestu dutena. 

Enpresa komiteko LABen delegatuek salatu zuten moduan, Gureakek Mutualia erabiltzen du, laneko istripuen jatorri laborala ez onartzeko, betiere langileen aniztasun funtzionala koartada gisa erabiliz eta lanak eragindako kalteak aitortzea saihestuz. Delegatuek zein sindikatuaren egiturak hainbat saiakera egin dituzte bai enpresarekin eta bai mutuarekin egoera hau bideratzeko, baina alferrik izan da.Batzar Nagusietan joan zen maiatzean eginiko agerraldian adibide ugari eskeini zituzten LABeko ordezkariek, enpresak Mutualitatearekin egiten duen praxi maltzur horren inguruan eta PNV eta PSOEk ezik, gainerako alderdiek elkartasuna adierazi zieten langileen ordezkariei; elkartasun hori, EH Bilduk aurkeztutako ebazpen proposamen bilakatu zelarik, gehiengo zabala lortuaz.

Ebazpenak, honoko hau dio: 

Batzar Nagusiek gehiengo osoz dei egiten die Gipuzkoako Foru Aldundiari honako bi neurriak har ditzan: 

  1. Gipuzkoako Foru Aldundiak aniztasun funtzionala duten langileak barnebiltzen dituzten lan eta zerbitzuen esleipenen kontratazio pleguetan, esleipen horietan parte hartu ahal izateko enpresek kontingentzia profesionalak Gizarte Segurantzarekin kontratatuak izatearen baldintza ezartzea.
  2. Gipuzkoako Batzar Nagusiek, GUREAK enpresak inklusibotasunaren integrazioaren alde egiten duen lana aintzat harturik Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diote pertsona zaurgarriez ari garenez, ezarri dezala aniztasun funtzionala duten langileenganako jarreren inguruko aldizkako berrikuspen bat eta GUREAK enpresari exijitu diezaiola, jasotako salaketen inguruan ikerketa zein kontrol lana egin dezala.

Orain, ebazpena abian ipintzearen ardura Eider Mendoza Ahaldun Nagusiarena da. Noiz eta gainera gizartearen langile zaurgarrienen laneko eskubideak zein osasuna bera jokoan dagoen honetan.

LABek gertutik jarraituko du neurrien inplantazioa eta ez du atseden hartuko aniztasun funtzionala duten langileen osasuna eta eskubideak bermatu arte. Sektoreak pairatzen duen prekarietatearen beste adibide gordina da hau, non diru publikoz hornitutako enpresen langile zaurgarriak erabiltzen dituzten negozioa egiteko, gizarte lan bat egitean ari direnaren aitzakipean muturreko prekarietate egoerak eraginez. 

LABek Sestaoko garbiketa zerbitzuko UTEan hitzarmena sinatu du, soldata KPI errealari lotuta

Joan den ostiralean, uztailaren 18an, LAB sindikatuak Sestaoko kale-garbiketako UTEaren zerbitzuko lan-hitzarmen berria sinatu zuen, 2025-2029 aldia hartuko duena.

Akordioaren puntu esanguratsuenetako bat soldata-igoera da, KPI errealari lotuta egongo dena. Neurri honek langileen erosahalmena gal ez dadin bermatzen du, inflazioaren aurrean.

Aurrerapauso hau langileek egindako borrokari, mobilizazioei eta grebei esker lortu da. Eginiko presioa erabakigarria izan da akordio hau eskuratzeko.

Horrez gain, hitzarmen berriak baimen-araubidean eguneratzeak jasotzen ditu, lan eta familia bizitza uztartzeko eta lan eskubideei erantzuteko helburuarekin.

LABetik nabarmendu nahi dugu borrokak merezi duela. Akordio hau konpromiso kolektiboaren emaitza da eta sektorea duintzeko beste urrats bat.

LABek Nafarroako 600 lanpostu baino gehiagoren suntsiketa justifikaezina salatzen du

Penaz eta frustrazioz bizi dugu ordezkaritza sindikalaren gehiengoak (UGT, CCOO, ATISS eta Solidari) ontzat eman izana, azken unean, BSHk Eskirozko lantegiaren itxiera justifikatzeko erabili dituen arrazoi faltsuak

Uztailaren 17an, hilabete bat eta zortzi bileren ondoren, Eskirozeko plantako ordezkaritza sindikalaren gehiengoak (UGT, CCOO, ATISS eta Solidari) ontzat eman zuen planta ixtea, zuzeneko 600 lanpostu baino gehiagoren eta zeharkako beste ehunka lanposturen heriotza-akta baino ez den akordio batean. 2024ko abenduan esan genuen lanpostuak defendatuko genituela, eta hori zazpi hilabete luzeetan egin dugu, mobilizazio eta interpelazio ugariekin, hainbat esparru instituzional eta sozialetan.

LABetik amorruz, penaz eta frustrazioz bizi izan dugu egoera hau. Izan ere, extintzio espedientearen kontsultaldian zehar alde sozialaren jarrera bateratua eta koherentea izan da Eskirozko planta ixteko enpresak erabilitako arrazoien aurrean. Hauek ez zuten ez hankarik ez bururik, eta argi uzten zuten BSHren benetako helburua itxiera honekin, gutxiago ordainduz gehiago irabaztea.

Ez dugu ulertzen, eta ez dugu ulertu nahi ere, azken uneko biraketa egin izana, enpresari arrazoia ematea eta lanpostuen suntsiketari prezioa jartzea besterik ez dena. Are gehiago, azken bileretan, enpresak urduritasun eta ondoeza nabariak islatzen zituenean, eta horrek errespetu falta eta modu txarretan ikusten zen, horren ondorioz, edozein egoera posible zen.

Azpimarratzekoa da hilabete honetan enpresak egin duen prozesu lotsagarria argudio ekonomikoak erabiliz EEE produktibo batean eta dibidendu estratosferikoak banatzen dituen enpresa batean, enpresaren aldeko izaera argia duen aholkularitza batek idatzitako kausei buruzko txosten batekin, neurri guztiz neurrigabea proposatu du merkatu-kuotaren galeraren joera (enpresaren beraren arabera) baten aurrean eta ukatu egin du deslokalizazio egoera garbi bat… lotsagarria.

Zazpi hilabeteko agoniaren ondoren, multinazionalak entzungor egin dio edozein alternatiba aukerari eta Nafarroako langileriak eta gizarteak egin dituzten mobilizazioei, akordio honek Otsaileko manifestazioan aldarrikatu genuen Nafarroako Industriaren defentsa pikutara botatzen du eta BSH multinazionalaren, 60 urte inguruko historia duen Nafarroako ondare sozial eta ekonomiko garrantzitsua itxiera bermatzen du. LABetik, Nafarroako langile klase guztiaren enplegu eskubidea defendatzen jarraituko dugu. 

LAB eta ELA sindikatuek Eusko Jaurlaritzari ohartarazi diote bere gutxieneko soldata proposamenak ez liokeela 10.000 pertsonari ere eragingo

Eusko Jaurlaritzaren hitzarmenetarako gutxieneko soldata proposamenak ez lieke eragingo EAEn lan baldintza okerrenak dituzten langileei, estatuko hitzarmenak dituztenei edo hitzarmenik aplikagarririk ez duten langileei, eta baxuegia da EAEn hitzarmena eguneratua duten langileei eragiteko. Bestalde, dei egin diegu langileei herri ekimen legegilearen aldeko sinadura bilketa azkenean 100.000 sinadurtik gora lortzeko, sinatu dezaten, baita webgunearen bidez ere.

ELA eta LABek bilera izan dute Mikel Torres lehendakariordearekin. Bileran, lehendakariordeak asteazkenean publiko egin zuen gutxieneko soldata proposamena aurkeztu zien EAEko sindikatu nagusiei.

  • Azterketa kanpo enpresa batek egin du, eta lan munduaren ezagutza faltak informazioaren interpretazio okerrak eragin ditu. Adibidez, ikerketak nahasten ditu hitzarmen aplikagarriak eta eguneratuak, eta ez ditu bereizten EAEn sinatutako hitzarmenek eta estatuko hitzarmenek jasotzen dituzten soldata igoerak. Hori dela eta, ez da kontuan hartzen EAEn hitzarmen eguneratua daukaten langileei proposamenak ez liekeela eragin handirik izango. 66.000 langilek jasotzen dute hilean 1.385 euro baino gutxiago, eta horietatik 10.000 baino gutxiagok dute EAEn hitzarmen kolektibo eguneratua. Ondorioz, proposamenaren eragina EAEko langileriarengan marjinala izango litzateke.
  • Metodologikoki, proposamenak Europako Gutun Sozialak edo zuzentarauek agindutako soldata-tarte txikiena hartu du kontuan; tarte handiagoa hartu izan balu, 250-350 euro handiagoa izan beharko luke. Proposamenak CONFEBASKen interesa bakarrik kontuan hartzen du, eta ez EAEn sinatzen diren hitzarmenak hobetzeari.
  • Azterketak ez ditu aintzat hartzen enpresek azken urteetan izandako mozkinak edo langileek eragiten duten produktibitatea, ez eta kohesio soziala edo aberastasunaren banaketa justua helburu dituen ikuspegirik ere.

Oihana Lopetegi, LABeko ekintza sindikaleko eta negoziazio kolektiboko arduradunak, azpimarratu du azterketak garbi erakusten duela EAE-n estatuko gutxieneko soldata baino altuagoa izango den soldata propio bat behar dela, pobrezia eta prekarietateari aurre egiteko eta aberastasuna modu justuago batean banatzeko. Hala ere, azterketa horrek izaera murriztailea duela adierazi du, bai eragin eremuari dagokionez, bai zenbatekoari dagokionez, izan ere, hitzarmeneko gutxieneko soldataz ari baita, eta horrek kanpoan utziko lituzke langile behartsuenak, hala nola hitzarmenik gabekoak edo estatuko hitzarmenen menpe daudenak. Hego Euskal Herrian lan harreman guztiei eragingo dien gutxieneko soldata bat aldarrikatzen dugu, eta hori lortzeko bi bide proposatzen ditugu: patronalarekin materia zehatzeko akordioa edo eskumena lortzeko herri ekimen legegilea. Era berean, zehaztu du proposatutako zenbatekoa ez dela nahikoa bizi baldintza duinak bermatzeko, eta oso langile gutxiri eragingo liokeela planteatutako formulazioak.

Proposamenean sindikatuak eta patronala modu berean interpelatzen dira, eta argi dago patronala dela gutxieneko soldataren negoziazioei bidea itxi nahi diena; berehala mantendu nahi ditu lan harremanak estatalizatuta eta hitzarmenik gabeko eremuak bere horretan. Sindikatuok, aldiz, helburu horiek guztiak lortzeko lanean ari gara, baina Lan Sailak aukera paregabea du patronala modu zuzenagoan interpelatzeko eta baldintzatzeko, eta hori ez dela egiten salatu du.

Azkenik, Confebaski-ri mezu argi bat helarazi nahi izan diogu: gutxieneko soldataren gaia ez dela elkarrizketa sozialeko mahaian negoziatu behar, baizik eta mahai espezifiko bat sortu beharko litzatekeela, herri honetako gehiengo sindikalaren ordezkaritza errespetatuz. Confebaskek kanpo utzi nahi gaitu, eta hori ez dugu onartuko. Gainera, gutxieneko soldataren negoziazioa beste gai batzuekin nahastearen proposamenari dagokionez, argi utzi du LAB ez dela eseriko langileen eskubideak murrizteko helburua duen inolako markotan.

Gainera, aurretik egindako ekarpenez gain, Eusko Jaurlaritzari helarazi diogu:

  • 2022an egindako azterketak erakutsi du hilean 1.418 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten herritarrak ongizatearen galeran daudela. Ordutik Jaurlaritzak ez du berriro azterketa hori argitaratu, baina gobernuaren edozein proposamenek gutxieneko ongizatea bermatu behar du.
  • Eusko Jaurlaritzak soilik EAEn sinatzen diren hitzarmenetara erreferentzia egin du. Hala ere, soldata baxuenak dituzten 188.000 langile estatuko hitzarmenak dituztenak eta 48.000 langile hitzarmenik gabekoak dira, gehienak emakumeak, migratzaileak, gazteak edo aniztasun funtzionala dutenak. ELAren eta LABen ustez, gutxieneko soldatak bereziki langile hauei eragin behar die, bai patronalarekin erdietsitako lanbidearteko akordio baten bidez, bai eskumena EAEra ekarrita lege bidez ezartzen delako.

ELA eta LABek lortu dute gizarte eztabaida sakona hastea gutxieneko soldataren inguruan; hala egin zuten CONFEBASKen lanbidearteko akordioaren negoziazioetara deitu zutenean eta orain herri ekimen legegilearen bidez, gutxieneko soldata EAEn erabakitzeko eskatu dutenean. Eztabaida hori irabazteko baldintzak sortzen ari dira, eta garrantzitsua da sinadura bilketa ondo amaitzea. Ekintza sindikaleko eta negoziazio kolektiboko arduradunak gogorarazi duenez, herri ekimen legegilearen sinadura bilketaren azken egunetan gaude, eta helburua bi hilabete eta erdiko lanarekin 100.000 sinaduratik gora jasotzea da. Era berean, sinadura koaderno bidez ekimen hau babesteko aukerarik izan ez duten langileek orain webgunearen bidez sinatzeko aukera dute.

LABek Hezkuntza publikoan Jaurlaritzaren bete gabekoak salatu ditu

Hurrengo ikasturtea baliabide nahikorik gabe hasiko da hezkuntza publikoan.

Negoziazio, mobilizazio eta grebez jositakoa izan da igarotako ikasturtea EAEko unibertsiteaz kanpoko hezkuntza publikoan. LAB, hezkuntza publikoan lehen indarra den heinean, erabakigarria izan da 30.000 langile baino gehiagoren lan baldintzak hobetzeko. Arduraz jokatu du, intersindikalean elkarlana bultzatuz, mobilizazioak dinamizatuz eta negoziazio mahaietan proposamenak eginez. 

Lan hitzarmenak berritzea lortu du 15 urte baino gehiago berritzeke zeramatzaten kolektiboetan, hala nola, Haurreskolak Partzuergokoa, heziketa bereziko hezitzaileena, sukalde eta garbitzaileena eta irakasleena.

Langile horien guztien lan baldintzak hobetu eta hezkuntza publikoa indartzeko apustu handia egin du LABek. Hezkuntza publikoa hezkuntza sistemaren ardatza izan behar dela sinetsita, akordio oso onak lortu ditu. Lortutako guztia norabide onean badoa ere, gaur gaurkoz baliabide pertsonalen gaia guztiz garatzeko dago.

Sindikatuak Hezkuntza Sailarekin adostutakoa bete egin du eta orain Jaurlaritzari dagokio sinatutakoa betetzea. Alde batetik, sukalde eta garbiketan, plantillak handitzeko mekanismoa zehazten duen akordioan —2023ko azaroan sinatutakoa— jaso bezala, 16 lanpostu berri sortu behar ditu eta Haurreskolak Partzuergoan iazko martxoan sinatutakoagatik 63 lanpostu. Gaur gaurkoz sortu gabe daude eta horrek gainontzeko prozesuak oztopatu eta gelditu ditu, hala nola, lanpostuak esleitzeko lekualdatzeak edota esleipenak.

Bestetik, ikasturte honetan zehar sinatutako hitzarmenetan negoziatuko zirela zehaztu bazen ere, Haurreskolak Partzuergoko eta heziketa bereziko hezitzaileen plantillak esleitzeko irizpideak ez dira adostu, Hezkuntza Sailak arduragabekeriaz jokatu du eta negoziazio hori atzeratu nahi izan du. Gauzak horrela, heziketa berezian, halabeharrez, 300 lanpostu baino gehiago sortu behar izan dituzte: horretarako, LABek proposatutako formularen bitartez kontratu horiei bakanteen izaera aitortuko zaie, nahiz eta ekoizpenagatiko kontratu bezala izapidetuko diren.

Haurreskoletan eta sukalde eta garbiketan antzeko akordioa sinatzea proposatu arren, LABek ez du erantzunik jaso. Bi kolektibo horietan ez da datorren ikasturterako behar izango diren baliabideen aurreikuspenik egin, espero dugu sailak uztaila horretarako baliatzea. 

Irakasleen kolektiboan plantillak esleitzeko irizpideak adostu izanari esker, esaterako, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan 54 talde gutxiago izan arren, 193 irakasle gehiago arituko dira 2025-26 ikasturtean. Hala ere, oraindik etapa guztietan irakasle bakoitzari murriztu zaion zuzeneko eskola-orduaren ondorioz ikastetxe bakoitzean sortu beharreko lanpostuak falta dira. Era berean, Bigarren Hezkuntzan HEDATZE programarako erabiltzen diren orduak ez dira irakasleen gehieneko 17 ordu lektiboen barnean jaso. Ikas-prozesuan zailtasun gehien dituzten ikasleen laguntzetarako zenbait ikastetxek parte hartzen duten programa da hori. Hezkuntza Sailak aldebakarrez erabakitako irizpideak ezarri ditu. 

Gauzak horrela, LABek Pradalesen Gobernuari eskatzen dio adostuta dituen lanpostuak eta hitzarmenengatik sortu behar direnak ahalbideratu ditzala. Gobernuan sartu zenean Pradalesek forma berriak eta elkarrizketara irekita egongo zela saldu bazuen ere, aurreko Gobernuaren jokabide berdina erakusten ari da. Jaurlaritzari ahoa betetzen zaio zerbitzua hobetu nahi duela esaten duenean, baina berau hobetzeko grebak egin behar izan ditugu eta oraindik ere adostuta dauden baliabideak ukatzen ditu. LABek exijitzen dio Begoña Pedrosa Hezkuntza Sailburuari negoziatzeke dituen gaiei heldu eta uztailean adostea.

Jokoan dago hurrengo ikasturtearen hasiera ordenatua. 

Beste lan istripu bat Araban

Astearte honetan, hilak 15, A.V.C. langilea, 57 urtekoa, hil zen Mendiguren herrian, teilatu batetik erorita. Langile autonomoa zen eta enpresa bateko teilatua konpontzen ari zela estalkia apurtu eta erori egin zen, 7 metro inguruko altueratik.

Lehenik eta eta behin LAB sindikatuak bere elkartasuna eta doluminak helarazi nahi dizkie langilearen senide, lagun eta gertukoei.

Horrekin batera, azpimarratu nahi dugu lan istripu ugari daudela altueratik gertatzen diren erorketengatik eta askotan aipatu dugun bezala, prebentzio neurri bereziak aurreikusi behar dira horiek ekiditeko.

Beste alde batetik, gogora ekarri nahi ditugu langile autonomoek lan osasunaren arloan dituzten zailtasunak. Kasu gehienetan Prebentzio Legeak ez ditu kontuan hartzen, 2. mailako langile bihurtuz, eta beste batzuetan, enpresa batentzat lan egiten dutenean, zaila suertatzen da prebentzio mailako koordinazioa ondo gauzatzea. Azkenik, beraien lan dinamikak, lana eta bezeroak ez galtzeagatik, lan arriskuen prebentzioa behar besteko arreta ezin ematea eragiten du zenbaitetan.

Beraz, gure ustez, honi guztiari buelta eman behar zaio eta autonomoen lan arriskuen prebentzioan Instituzioek ere esku hartu behar dute. 

Estatuaren oldarraldiaren aurrean, LABek eragile eta herritar euskaltzaleei euskalduntzearen aldeko indarraldi sendoa sustatzera dei egiten die

Espainiar Auzitegi Gorenak EAEko udaletan euskararen normalizazioa bultzatzeko dekretuaren hainbat artikuluren baliogabetzea berresten duen epaia atera du. Ebazpen honen bidez Gorenak euskara lehenestea debekatzen du, bere ustez horrek “koofizialtasuna urratzen” duelakoan. Baina ez du irakurketa bera egiten gaztelera lehenesten denean, egunero eta ia egoera guztietan. Euskarari lehentasuna ukatzeak, de facto gaztelerari lehentasuna onartzea dakar. Egoera desorekatuan dauden bi hizkuntza legalki modu berean tratatu beharra ezartzeak, desoreka hori betikotzea dakar; euskara normalizatu ahal izateko aldekotasun ekintza positibo legalak eta politikoak indarrean jarri behar dira.

Sindikatu gisa gainera, berariaz salatu beharra dugu epaiak udalei euskaraz jardun ahal izatea debekatzen diela, baita arnasguneetan ere. Hau da, udal langileok ezin izango dugu gure lana euskaraz normaltasunez garatu, gure hizkuntza-eskubideak urratuz.

Epai berri honek argi azaltzen du zein den espainiar auzitegien eta oro har espainiar estatuko botereen hizkuntza-ideologia eta ikuspuntu euskarafoboa: euskarak biziraun dezake, beti ere gaztelerarekiko mendekoa bada. Ez dute onartzen inola ere ez bi hizkuntzek estatus parekidea izatea. Ez dute onartuko euskara osoki normalizatzea berezkoa duen lurraldean, eta, horren bidez, euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatzea eta euskara euskal herritarron kohesio sozialerako hizkuntza izatea.

Epai hau eta oldarraldi judiziala orokorrean, UEMAk duela egun batzuk ezagutzera eman zuen euskararen berreskurapen prozesuaren atzeraldi arriskuaren koiuntura historikoan gertatzen ari dela nabarmendu nahi dugu. Euskararen berreskurapen-prozesuak atzeraldian ez jauzteko neurri juridiko eta politikoetan jauzia eman beharra premiazkoa dela euskal jendartearen gehiengoaren adostasuna denean, espainiar estatuaren indarrak neurri horien aurkako ahalegin betean daude, hasiera-hasieratik indargabetu nahian. Hori pairatzen dugun hizkuntza-gatazkaren eta nazio zapalkuntzaren isla da. Horregatik, beste behin LAB sindikatutik kanpo esku hartzerik gabeko hizkuntza-politika burujabea indarrean jarri beharra aldarrikatzen dugu.

Estatuen oldarraldiaren aurrean, eragile eta herritar euskaltzaleok euskalduntzearen aldeko indarraldi sendoa sustatzeko ordua dugu. Euskararen normalizazio-prozesua bururaino emango duen jauzi berri baten premia dugu. Horrek bultzada sozial indartsuaren beharra izango duenez, helburu horrekin LABek udazkenean hainbat ekimen eta mobilizazio egingo ditu. LABek bat egiten du deituko diren mobilizazioekin eta horietan parte hartzera deitzen ditu euskal langileak.