2026-04-12
Blog Page 605

Anton Fernandez eta Josu Murueta gogoan izango dituzte igandean, Erandioko gas kutsaduraren aurkako gatazkaren 50. urtemugan

0

Erandioko gas kutsaduraren aurkako gatazkatik 50 urte bete dira. Erandioko Oroimena plataformak omenaldia antolatuko du urriaren 27an, igandea, Astrabuduan, polizia frankistak orduko protestetan hildako Anton Fernandez eta Josu Murueta oroitzeko. Omenaldi horren xehetasunen berri eman dute gaur.

Hauxe da Erandioko Oroimena plataformako kideek gaurko agerraldian irakurri duten oharra:

Orain 50 urte Erandioko herritarrok kalera atera ginen gure herrian ezin zelako arnasarik hartu. Zenbait egunetan kalera ateratzeko ahoa eta sudurra estalita atera beharra zegoen, eskegitako arropak kolore horixka hartzen zuen, eta gune industrialera gehiegi hurbilduz gero, emakumezkoek zerabiltzaten mediak erre egiten ziren.

1968an, Anton Fernandez eta Josu Murueta hil baino urtebete lehenago, Bilbo Handiko eztarirko minbizi tasa Estatuko altuena zen. Hura arnasteko eta bizitzeko benetako borroka bilakatu zen.

1969ko urriko 28an polizia frankistaren bala batek Anton Fernandez jo zuen, eta 15 egun koman egon eta gero hil egin zen. Egun horietan zehar polizia batek bere gela zelatatu zuen.
Hurrengo egunean Josu Muruetak, beste hamaika herritarrek bezala, bat egin zuen Antonen heriotza salatzeko grebarekin eta Josu ere bala batek sabelaldean jo eta erahil egin zuen.

Ospitaleak, gainera, egun batzuk geroago, emazteari deitu zion jasotako osasun zaintzaren gastuak erreklamatuz.

Egun batzuk geroago, epaiketa militar bat burutu zen, baina ez zen ezertan gelditu. Ez zen azalpenik egon. Parte hartu zuten agenteen ardurarik ez zen garbitu, ezta tiro egiteko agindua eman zutenena ere, kasua itxi egin zen besterik gabe. Istriputzat jo zuten… Lur-emateak ere tanketek eta zaldizko Guardia Zibilek zelatatuak izan ziren.

Gaur, 50 urte beranduago, urriaren 27rako, 13:00etan, Astrabuduako Josu Murueta Plazan omenaldia antolatu dugu. Erandioko Udalaren banalizazio eta eduki uztea salatu nahi dugu urteurren honetan. Erandioko Oroimena plataformatik, aurreko urteetan bezala, justizia, erreparazioa eta berriro ez errepikatzeko bermeak eskatuko ditugu. Zer gertatu zen jakin nahi dugu, errudunek ardurak har ditzatela, ezin direlako lehen eta bigarren mailako biktimak egon, ordua delako eta justizia egin beharra dagoelako

Eta batez ere, Anton eta Josu gogora ekartzeko gaude hemen, beraiek eta gure herriak haize giro garbia izateko emandako borroka gogora ekartzeko. Kontatzen ez dena gertatu ez delako, ez diogu utziko gertatutakoa gogoratzeari eta gure historia kontatzeari, Anton eta Josuren historia ere badena kontatzeari azken baten.

Oroimena ez dago salgai!

Gora Anton! Gora Josu!

Anton, Josu gogoan zaituztegu!

 

 

 

Epaiketa irabazi dugu: Tecman-ek greba eskubidea urratu zuen

0

Pasa den urriaren 14an, Industria sektorean indarrean zegoen lan gatazka luzeena konpondu zen, Tecman enpresan LABek lortutako akordio baten bidez. Horretarako, 105 greba egun beharrezkoak izan ziren, baina greba deialdiak hainbat oztopo bidegabe izan zituen. Izan ere, LABek Osakidetzaren eta Mendaroko ospitalean mantenimendu lana egiten duen Tecman SVA SL enpresaren kontra salaketa jarri zuen, LABen iritziz greba eskubidea urratzen ari zirelako. Gaur ezagutu dugun epaiak LABi arrazoia ematen dio, eta Tecman enpresa zigortu du, greba eskubidea urratu eta “jarrera antisindikala” izateagatik.

Epaiak frogatutzat ematen du aldi baterako kontratua zuen langile bati mugagabe egiteko eskaini egin ziola enpresak greba uzteko baldintzarekin, eta, era berean, Tecmaneko enkargatuek ezarritako zerbitzu minimoak gainditu egin zituztela ondorioztatzen du.

LABek oso gertakari larriak direla uste du, eta epai honek azpikontratazioaren atzean dagoena agerian uzten du:

Nola liteke Osakidetzak bere lantokietan “jarrera antisindikalak” eta greba eskubidearen urraketa onartzea?

Epai honek are eta balio gehiago ematen dio LABek sinatutako akordioari, izan ere, langileen eskaera guztiak jasotzen zituen honek: KPItik gorako soldata igoerak, guardiak borondatezkoak izatea, 3 kontratu mugagabe bihurtzea eta aldi baterako ezintasunak %100raino osagarritzea.

Greba eskubidearen urraketari aurre egin zioten Tecmaneko langileen 105 eguneko borroka zoriondu nahi dugu.

Borrokak fruituak ematen ditu!

 

 

 

Palestinako enbaxadak eskerrak eman dizkio CAFeko enpresa batzordeari

0

Palestinako Espianiako enbaxadak eskerrak eman dizkio CAFeko enpresa batzordeari, gutun baten bitartez, “okupazio mingarria” pairatzen dutenen alde jartzeagatik. Enpresa batzordeak egindako eskaera eredu izateko itxaropena azaltzen du Musa Amer Odeh enbaxadoreak gutunean, eta askatasuna eta herrien autodeterminazio eskubidearen aldeko aldarria egiten du. CAFeko enpresa batzordeak Jerusalemgo tranbia-linea berria eraikitzeko lizitazio-prozesuan ez parte hartzeko eskatu zion zuzendaritzari, eta, behin lehiaketa irabazita, lanak ez egiteko.
 

 

 

Hezkuntza laiko eta hezkidetzailerantz urrats sendoak emateko beharra aldarrikatu dugu Gasteizko Legebiltzarrean

0

Elkarretaratzea egin dugu Gasteizko Legebiltzarraren aurrean, "Hezkuntza laiko eta hezkidetzailea iruten. Erlijioff" leloarekin. Hain zuzen ere, LABek Euskal Eskola Publiko Komunitarioaren bidean hezkuntza laiko eta hezkidetzailerantz urrats sendoak emateko beharra aldarrikatu du Legebiltzarraren kanpoan eta barruan; elkarretaratzeaz gain, Hezkuntza Batzordean hitza hartu baitugu. Gure mezua garbia da: erlijioa hezkuntzatik kanpora; hezkidetzara bidean Nafarroako Skolae eredu hartuta Euskal Herri osorako hezkuntza feminista eta hezkidetzailea orain.

LABeko kideak, eskuinean, Gasteizko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. (Argazkia: Eusko Legebiltzarra / Parlamento Vasco)

LABetik azpimarratu nahi dugu Erlijioa elementu segregatzaile nagusietakoa dela. Beraz, hezkuntza laikoa, hezkidetzailea eta inklusiboa jasotzeko eskubidea dugulako ERLIJIOFF aldarrikatzen dugu.

Erlijio desberdinetako ikasgaia (nagusiki katolikoa), urtez urte eskaintzen da Euskal Herriko ikastetxe publiko zein itunduetako gehiengo zabalean, Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergora. Guk, hezkuntza sistema laikoaren aldeko apustu garbia egiten dugu, kontuan izanda, familiek etxean eta euren borondatez erlijioetan hezteko eskubidea eta aukera dutela. Heziketa horrek heziguneetatik at egon behar duela deritzogu, hezkuntza sistematik kanpo. Hezkuntza sistema propioaren bidean, urrats praktiko bat gehiago eman nahi dugu, eta IKASTETXE LAIKOAK, INKLUSIBOAK ETA HEZKIDETZAILEAK IRUTEN hasiak gara. Gaur ikastetxez ikastetxe borrokan jarraitzeko deia egiten dugu.

Ekintza desberdinak gauzatu ditugu, kontzentrazioak, ekimen ikusgarriak, eskolaz eskolako kanpaina… Eta sinadura bilketa. Milaka sinadura aurkeztu genizkion Eusko Jaurlaritzari ekainean, eta gaur parlamentura etorri gara erantzun bat eskatzera.

1. Estatua laikoa izanik EAEn hezkuntza laikoa bermatzea.
2. Erlijioko irakasleak, estatua -Gasteizko Gobernua eta elizaren arteko itunak bertan behera uztea.
3. Erlijio irakasleen pribilejioak eta eliza katolikoaren eragina bertan behera uztea.
4. LABek, erlijioko ikasgaia ikastetxeetatik atera eta irakasle finko zein behin-behineko hauek birkokatzeko prozedura adostu baten aldeko hautua egiten du dagozkion berme mekanismoak artikulatuz eta gardentasun printzipioak bermatuz.
5. LABek ez du fokoa erlijioko irakasleengan jarri nahi. Ardura politiko guztia eta konponbiderako eskumena Eusko Jaurlaritzak du eta berari egiten diogu interpelazio zuzena, gaiari eutsi eta erlijiorik gabeko bestelako Hezkuntza sistema bat hezkuntza komunitatearekin adostu eta abiarazi dezan.

Honekin batera hezkuntza hezkidetzaile eta ez-segregatzailearen aldeko aldarrikapena azpimarratu nahi dugu. Hezkuntza laikoak, hezkuntza hezkidetzaileari ateak ireki behar dizkio, Nafarroan bezala EAEn ere Skolaeren pareko proiektu bat aldarrikatzen dugu, egiturazkoa eta derrigorra dena. Hezkidetzak curriculumaren zentroan egon behar du, sistema heteropatriarkal honen aurrean gure haurrak aukera berdintasunean hezi ditzagun, ez jaiotzetik esleitzen zaien sexuaren araberako genero roletan. Zentzu honetan gaurko ekimen honen bidez gure babesa adierazi nahi diegu Skolae martxan jartzearren epaituak izaten ari diren langile guztiei eta bereziki gaur Hezkuntza Batzordean agerraldia egingo duen Pilar Mayori.

Azkenik, Erlijioa ikasleen segregaziorako arrazoi nagusietakoa izanik hezkuntza laikoaren aldarrikapenak inoiz baino zentzu handiagoa du orain eta hemen, Gasteizen.

Dinamika
Pentsatzen dugu, Erlijioff dinamikaren ondotik, ekimen hau dinamika zabalago batean bilakatzeko baldintzak daudela. Hemendik aurrera Hezkuntza Laikoaren aldeko plataformarekin elkarlanean jarraituko dugu, berau indartsuago eta eraginkorragoa izateko ahalegin kolektiboan parte hartzen ari gara beste eragile batzuekin batera.

Euskal Eskola Publiko Komunitariorantz hezkuntza laiko, inklusibo eta hezkidetzailea Iruten.

 

 

 

Espainiako Estatuaren izaera antidemokratikoa salatu dugu kale eta lantokietan, Kataluniako herriari elkartasuna adierazita

0

Kataluniako procesaren epaia salatu eta elkartasuna adierazteko, 200 mobilizaziotik gora egin ditugu Hego Euskal Herriko hiri eta herrietan (ikus irudi galeriak), lantokiz lantoki, euskal gehiengo sindikalak deituta. Langileen erantzuna izugarria izan da, Katalunian egiten ari diren greba gogoan.

Hauxe da LAB, ELA, STEILAS, ESK, ETXALDE eta HIRU sindikatuok, hots, gehiengo sindikalak, egindako oharra, gaurko mobilizazioak direla-eta:

Botoa ematea ez da delitua. Ez behintzat demokrazian. Horregatik mobilizatu dira langileak gaur, euskal gehiengo sindikalak deituta. 12 pertsona zigortu egin dituztelako, zergatik, eta demokrazian delitua ez den, eta izan ezin den zerbait egiteagatik.

Bilboko plaza Biribila.

Elkartasuna adierazteko atera gara kalera, baina gure kezka askoz sakonagoa da. Epai honekin estatuak mezu beldurgarri bat helarazi nahi digu denoi: gure etorkizunari buruzko erabakia noizbait hartzeko itxaropena galarazi nahi digu. Epai eta zigor honekin erakusten ari dira nola joko duten edonoren aurka, baldin eta egunen batean gauzatu nahi bada Kataluniak edo Euskal Herriak ahotsa eta hitza izatea.

Urte askotan Kataluniako erakundeak behin eta berriz saiatu dira Estatuko gobernuarekin elkarrizketa bidez egoera konpontzen. 2005ean proposatu zuten estatutua hustu egin zuten; halere, herritar katalanek bozkatu zuten. Baina bozketa honen ondoren ere Auzitegi Konstituzionalaren epai batek ostera desitxuratu zuen. Alabaina, erakunde katalanek elkarrizketaren bideari ez zioten uko egin, herritarren gehiengoak zituen helburuel bide emateko. Estatuaren erantzuna, behin eta berriz, ezezkoa izan zen. Horregatik mobilizazio soziala, masiboa eta baketsua gero eta handiagoa izan zen; mobilizazio horren ondorioz etorri zen 2017ko urriaren 1eko kontsulta, gogor zanpatua eta gaurko epai honekin zigortua. Horregatik esaten dugu epai hau eskarmentu gisa datorrela: hori baita arduradun politikoek eta jendarte zibileko eragileek espero dezaketena, baldin eta estatuko nazioei ahotsa eman nahi badiete.

Gasteizko Andra Mari Zuria.

Hain zuzen ere, Gorenak Altsasuko kasuari buruz eman duen beste epai lotsagarriak agerian utzi du Estatuko botereen benetako interesa: gazte batzuk erabiltzea euskal herritarroi diziplina politikoa ezartzeko, mendekua eta zigorra medio,
Agerraldi hauek deitu ditugun euskal sindikatuok ondo asko dakigu Espainiako Estatuak zer nolako botere errepresiboa duen, baina estatuko instituzioei mezu argi bat helarazi nahi diegu: ez da sortu euskal herriaren eta herri katalanaren asmo politikoak isilaraziko dituen epairik, ez estaturik.

Gure mobilizaziorekin esaten ari gara kontu honetan azken hitza ez dela zigorra, errepresioa edo mendekua izango. Bilatuko dugu bidea beste herrialdeetako herritarren pareko izateko, guri eragiten digunari buruz erabakitzeko gauza izateko, baita beste estatuekin harremana izateko moduaz ere.

Iruñeko udaletxe plaza.

Premiazkoa da mobilizatzea; hortan ari dira dagoeneko Katalunian. Horregatik, elkarretaratze hauek deitu ditugun sindikatuok eutsi egingo diogu demokraziaren, elkarrizketaren eta politikaren aldeko jarrerari, baita printzipio horien aldeko mobilizazioari ere. Horregatik lan munduari dei egiten diogu parte har dezan Gure Esku deitzen ari den mobilizazioetan, batez ere Donostian datorren urriaren 19an izango den manifestazioan (Antigua, 17:30).

Bozkatzea ez da delitua. Preso politikoak askatu!

 

 

 

“Egoeraren larritasunak interpelatu egiten gaitu demokrazia, justizia eta askatasunak maite ditugun guztiok, gure aukera ideologikoetatik harago”

0

Hainbat eragiletako hainbat ordezkarik agerraldia egin dute Donostian, Kursaalen, Kataluniari elkartasuna adierazteko. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu bertan izan da, eta elkartasun eta konponbide politikoaren aldeko manifestua babestu du, beste ordezkariek bezala. Hala, Gure Esku herri dinamikak larunbaterako Donostian (Antigua, 17:30) antolatutako manifestaziora atxikitu dira guztiak.

Hauxe da eragiletako ordezkariek sinatutako manifestua:

 

 

 

Dei egiten dugu Kontseiluaren elkarretaratzean parte hartzera, euskararen aurkako azken erasoa salatzeko

Agerraldia urriaren 19an, larunbata, eginen da, 12:00etan, Nafarroako Jauregiaren aitzinean, Karlos III etorbidean, "Justizia, Berdintasuna, Kohesioa euskaraz bizi nahi dugulako" goiburupean.

LAB, ELA, Steilas, ESK, Hiru, EHNE eta CGT sindikatuok Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaia gaitzesten dugu, 2017ko Euskararen Foru Dekretuaren zenbait artikulu deuseztatu duena. Epai horrek nafar herritarren eta langileen eskubideak hamaikagarren aldiz urratu ditu, eta lehengo Nafarroako Gobernuak arlo horretan egin dituen urrats apalak berriz ere gibelatu. Ezin onartuzkoa da administrazio publikoan hizkuntza-eskbideak behin eta berriz urratzea. Gaur egun, hizkuntza-aniztasuna inoiz baino preziatuagoa denean, horrelako ekintzak, hizkuntza- eskubideen berdintasunaren aurkakoak, ez dira inola ere onargarriak. Euskarak, bertako hizkuntza minorizatua denez, babes-legeak behar ditu, diskriminazio positiboa; eta ez bigarren mailako hizkuntza gisa hartzeko baliabiderik. Horregatik guztiagatik sindikatu sinatzaileok galdatzen diogu Nafarroako Gobernuari euskararen dekretuaren aurkako epaiari helegitea jartzeko, eta indarrean dagoen legeriaren araberako aukerez baliatzeko, beti ere dekretuan jasotako euskararen aldeko aitzin-urratsak deuseztatu ez daitezen.

Epai horrek agerian utzi du euskararen lege berri baten beharra, 1986ko legea ordezteko. Foru lege maila duen testu berri batek bakarrik zonifikazioa ezabatu dezake, eta euskaldunen eskubideak bermatu. Horrela soilik, oraingo lege-esparrua gaindituz, Nafarroak berezko duen hizkuntza arautu ahal izanen du, nafar guztien hizkuntza-eskubideak bermatuz. Bertzela, gaitzetsi dugun epaiaren kasuan bezala, epaitegiek ikuspuntu arras diskriminatzaileei eutsiko diete, eta gure hizkuntza arautzeko ahalmena zalantzan geratuko da.

Tamalez, berriz ere ikusi dugu nor bere betiko tokian dagoela: Navarra Suma, PSN (gogoan izan alderdi horretako zenbait kontseilari eskuin-muturrak deituriko euskararen aurkako manifestaziora joan zirela) eta sindikatu batzuk (oraingo honetan UGT, Afapna, Sindicato Medico eta Satse). Erakunde horien pentsamoldeen arabera euskara behe-mailako hizkuntza gisa hartu behar da, mendialdera mugatua, eta ahal dela etxe barnekoa, plazara atera gabe, eta jendartean izen onik eta estimaziorik jaso gabe.

Azkenik, LAB, ELA, STEILAS, ESK, Hiru, EHNE eta CGT sindikatuok dei egiten dugu euskararen aldeko mobilizazioa eta ahalegin politikoa eta pedagogikoa egitera.
 

 

 

“Emakumeok ez ditugu kaleratzeko mehatxuak onartuko gure eskubideak aldarrikatzen ditugun bakoitzean”

Duela hainbat hilabete LAB sindikatutik salatu genuen Gasteizko Hotel Palacio de Elorriagan emakume bat kaleratuta izan zela haurdun zegoela komunikatu zuenean. Epaitegiaren ebazpena emakumearen aldekoa izan zen eta bere lanpostura bueltatzeko eskubidea onartu behar izan zuten, baina emakume honen kontrako zigor kanpaina ez da amaitu eta LAB sindikatutik ez dugu inolaz ere onartuko emakumeon kontrako diskriminaziorik. Hala, elkarretaratze bat egin dugu gaur hau guztia salatzeko, Gasteizen, Lan Delegaritzaren aurrean.

Hauxe da gaurko elkarretaratzean irakurri dugun adierazpena:

Gaur hemen elkartu gara beste behin ere emakumeon kontrako diskriminazio matxista kasu bat salatzeko. Duela urte bat, emakume bat kaleratua izan zen Palacio de Elorriaga Hotelean. Langileak haurdun zegoela komunikatu ostean, egoera hori salatu eta epaiketa irabazi egin zuen. Sententziak langilea berriz hartzera derrigortu zuen enpresa. Amatasun baja eta edoskitzea bukatzean eta lanera bueltatzeko momentua heldu denean, Hotela emakumea kaleratzen saiatu da berarekin adostasun baterako bidea eginez. Enpresak langilearen ezezkoa jaso duenean, emakumea 10 eguneko enplegu-soldata etenarekin zigortzea erabaki du. Horrekin, Palacio de Elorriaga Hotelak argi eta garbi aditzera eman nahi izan du, emakumearen kontrako kanpainarekin jarraitzen duela, berau enpresatik kanpo ikusi arte ez duela etsiko ematen du.

Egoera honen aurrean, emakumeok gure lanpostuetan jasaten ditugun diskriminazio matxistak salatu nahi ditugu.

Ez gara bigarren mailako langileak, eskubide berberak ditugun langileak gara. Emakumeok ez ditugu kaleratzeko mehatxuak onartuko gure eskubideak aldarrikatzen ditugun bakoitzean. Haurdun egoteagatik eta kontziliatzeko baimenak eskatzeagatik, errepresaliak hartzea ez dugu onartuko.

Enplegua ematea ez da enpresek egiten diguten fabore bat, beraz, lantokietan errespetu eta eskubide guztiak bermaturik izatea exijitzen dugu.

LAB sindikatutik, emakume guztiak deitu nahi ditugu, diskriminazio matxistak era antolatu eta kolektiboan erantzuteko. Soilik elkarrekin eta antolaturik geldituko ditugu diskriminazio egoera hauek.

Edozein diskriminazio matxista ematen denean, aurrean eta tinko izango gaituzue!

 

 

 

Lan heriotzak Nafarroako Parlamentuaren aurrean salatu ditugu

Azken lan heriotza salatzeko Nafarroako Parlamentuaren aurrean bildu gara, lan istripuen atzean prekarietatea dagoela nabarmentzeko. Eraikuntzako langile bat hil zen asteartean Antsoainen, zazpi metroko altuera batetik erorita. Antsoinen atzo arratsaldean ere mobilizatu ziren.