2026-02-02
Blog Page 605

Eusko Jaurlaritzaren gurasotasun lizentziaren dekretua propaganda hutsa dela eta gobernuaren gabeziak estaltzen dituela salatu dugu

LAB benetako borroka feministari helduta, klausula feministak proposatzen eta adosten dabil negoziazio eremu ugaritan. Gure ustez, gainera, dekretu hau anbiziosoagoa izan beharko litzateke. Banatu eta transferitu ezin den 18 asteko gurasotasun lizentziaren neurriaz gain, Jaurlaritzaren eremuaren gaindi ezartzeko probestu beharko litzateke, eta toki administrazioetan eta enpresa publikoetan ere egokitzeko aukerak jaso beharko lituzke. Baina, Eusko Jaurlaritzak gehiegietan adierazi du berdintasun planekin ardura eta konpromiso eskasa, propagandaren borondate hutsaren beste adibide bat.

Eusko Jaurlaritzak iazko otsailean iragarri zuenetik denbora askotxo igaro da, langile publikoon berdintasun politika guztia 18 asteko gurasotasun lizentziaren dekretu batera mugatzeko. Izan ere, urte eta erdi honetan emandako urratsak hutsaren hurrengoa izan dira: sindikatuokin ezer adosteko aukerarik gabeko bilera formal huts pare bat besterik ez, eta gaurkoz Gobernu Bileratik ez da oraindik pasatu, neurria arazorik gabe ezartzeko ezinbesteko tramitea.

Neurri hau onartzeko ez zen horrenbesteko komeriarik behar, dekretu bat sinatuta nahikoa zen eta; batez ere kontuan hartuta lehenagotik ere amek bazutela 18 asteko lizentziarako eskubidea. Halere, feminismoa den gai sentibera propagandarako baliatu nahi izan du Eusko Jaurlaritzak, bai eta hauteskunde garaian ere erabiliz, txiklea luzatuz. Gobernuaren gabeziak, eskaskeriak eta txapuzak propaganda kanpainekin ondo estalita ikusteaz aspertuta gaude dagoeneko.

Urratsak positiboan egiten direnean ongi etorriak izaten badira ere, neurri honi Jaurlaritzak berak ematen dion oihartzuna ikusita helmuga kutsua hartzen diogu. Hau da, aurrerapausorik ematen jarraitzeko asmorik ez diogu antzematen. Benetako politika feministak behar ditugu Euskal Herrian, lan erreproduktiboaren aitortza alegia, baina benetako feminismotik urrun, EAJ beti ibiliko da kontraesanetan, itxurakerietan eta paternalismoan.
 

 

 

G7ak ekarritako eskubideen urraketak salatu ditugu Bilbon, Donostian eta Iruñean

G7ak errepresioa eta eskubide urraketak besterik ez dituela ekarri salatu dugu Bilbon, Donostian eta Iruñean, G7 EZ! plataformak deituta. Mobilizazioetan beste mundu bat beharrezkoa eta posible dela aldarrikatu dugu, alternatibak ditugula nabarmenduta. Gasteizen ostiralean egingo dugu protesta, 19:00etan, Andra Mari Zurian.


 

 

 

G7ak ekarritako errepresioa salatzeko mobilizatuko gara Bilbon, Donostian eta Iruñean

G7a etxean dago jada, Biarritzeko goi gailurra dela-eta Lapurdiko kostaldea aztoratu eta gero. Goi mandatarien aurkako herri mobilizazioa nabarmena izan da egunotan, baita polizia indarren okupazioa eta errepresioa ere. Hain zuzen ere, joan den astean izandako errepresio hori salatzeko protestak egingo ditugu gaur, G7 EZ! plataformak deituta, Bilbon (Frantziako Kontsulatua, 19:00), Donostian (Bulebarra, 19:00) eta Iruñean (Nabarreria, 20:00).




 

 

 

11/13 makroepaiketaren aurka mobilizatuko gara gehiengo sindikaletik, irailaren 6an, Hego Euskal Herriko hiriburuetan

0

Indarrak bildu eta erantzuteko deia egiten diegu euskal langileei, giza eskubideak, demokrazia eta etorkizunaren alde. Hala, elkarretaratzeak egingo ditugu irailaren 6an, ostiralarekin, 12:00etan, Hego Euskal Herriko hiriburuetan: Bilbon, Eliptika plazan; Donostian, Alderdi Ederren; Gasteizen, Andra Mari Zurian; eta Iruñean, Udaletxe Plazan. Herri honek irtenbideak behar ditu, ez sufrimendua areagotzen duten bide agortuak.
 

 

 

Biarritzera eraman ditugu gure aldarri eta alternatibak, jazarpenak jazarpen

G7 EZ! plataformako eragileetako ordezkariok prentsa agerraldia egin dugu, Biarritzen dauden goi mandatariei mezu bat bidaltzeko, hauek euren herrialdeetara itzuli aurretik alternatiben alde borrokatzen jarraituko dugula garbi izan dezaten. Hain zuzen ere, hiriaren atarian egin dugu prentsaurrekoa, G7ren goi gailurraren azken egunean, eta zazpi aldarrikapenez osatutako adierazpen bat irakurri dugu. Agerraldia amaituta, Biarritzerako bidea hartu dugu, baina poliziak manifestazioa geldiarazi du. Hala, eserialdia egin dugu, neurri eta okupazio poliziala salatzeko eta asteburuan izandako atxiloketak eta jazarpena gaitzesteko. Irun eta Hendaiako kontragailurrean adostutako manifestua  oinarri, zazpi puntuko adierazpena helarazi diogu segurtasun indarren artean azaldutako ordezkari bati, goi mandatariei helaraz diezaien.



 

 

 

Bizkaiko itundutako anbulantzietan kontratu prekarioak eta diskriminazio sexista nagusi direla salatu dugu

0

LAB sindikatuak uste du badela unea Ambuiberica enpresak bere jarrera aldatzeko, praktiketan dagoen jendearekiko eta emakumezko langileekiko. Hortarako, has dadila praktiketan dagoen jendearen kontratuak mugagabe egiten, daudenei zein oraindik berritu ez dituztenei dagokienez.

Osasun-garraio arloan dabilen Ambuiberica enpresak 2018. urteko maiatzean lortu zuen Bizkaiko Osakidetzako anbulantzietako programatutako zerbitzuaren kudeaketa, baita IMQ-ko anbulantzietakoa ere. Hasiera hasieratik, enpresak ohitura izan du praktiketako kontratuak egiteko langile ez nahikorekin egin ohi duen zerbitzua indartzeko, hots, kontratu mugatuak egin izan ditu (bi urtekoak, asko jota), soldata mugatuarekin (lanpostuari dagokion soldataren %75, gehienez). Lanaren bitartez, arloko ikasketak egin dituzten pertsonek esperientzia har dezaten omen da helburua. Honeraino, dena dago legalitatearen barruan.

Arazoa da Ambuibericak mota honetako kontratuak modu neurrigabean erabili dituela, langileak bere aginduetara izateko, oinarrizko lan baldintzak errespetatu gabe: inposatutako txanda aldaketak, egun batetik bestera; gutxieneko atseden garaiaren urraketa; lan arriskuen prebentziorako legearen ez betetzea; dietak ez ordaintzea; gehiegizko ordutegiaren konpentsazio eza…

Gainera, egiturazko postuak ordezkatzeko erabili dituzte langile hauek, esperientzia hartzeko kontratua dutenean. Anbulantziak eurak bakarrik gidatzen ibili dira, laguntzaileak eramanez kasu batzuetan, kontratuan ezarritako helburuen kontra.

Hala, zer nolako lana egin dezakete langile hauek esperientzia duten beste langileen laguntza eta zaintzarik gabe ari direnean? Bada, langile hauek euren esfortzuari esker ari dira aurrera ateratzen, enpresaren utzikeriak utzikeria. Kontutan hartu behar da lan hau behar bereziak dituzten pertsonekin egiten dela, eta arreta eta sentsibilitatea behar dela horretarako. Hortaz, esperientzia oso beharrezkoa da.

LABek egoera tamalgarri hau salatu zuen hasiera hasieratik, oinarrizko eskubideak urratzen direlako, langileek eurek ezin baitute lana eta bizitza uztartu. Hasiera batean egutegia eta txandak errespetatzea lortu bagenuen ere, ikusten ari gara egoerak okerrera egin duela.

Ikusi dugu ere nola praktiketako emakumezko langileei ez dieten anbulantziak gidatzeko aukerarik uzten; gizonezko kideei bai, ordea. Ikusi dugu nola enpresak ez dien kontratua berritu emakumezko langileei; gionezkoei bai, ordea. Ikusi dugu nola gizonezko langileak promozionatu dituzten, esperientzia gehiago duten emakumezko langileen aurretik. Hau da, ikusten ari gara enpresaren izaera eta jarrera matxista.

LAB sindikatuak uste du badela unea enpresak bere jarrera aldatzeko, praktiketan dagoen jendearekiko eta emakumezko langileekiko. Hortarako, has dadila praktiketan dagoen jendearen kontratuak mugagabe egiten, daudenei zein oraindik berritu ez dituztenei dagokienez.

Egoera honen erantzuleak ere badira zerbitzua esleitu duten erakundeak; Eusko Jaurlaritza, tartean. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak langileen eskubideak bete daitezela bermatu beharko luke, oinarrizko zerbitzu bat eskaintzen baitute osasun zerbitzu publikoan.

 

 

 

Osasunbidea: etxea teilatutik hasita

0

Osasuneko kontseilari berria azkar hasi da lanean, baina pentsatu gabe nondik eta nola hasi. Edo bai? Domínguezen lau urteko agintaldiko politika kontinuisten ondotik, kontseilari berriak egin duen lehenengo gauza izan da plantillako kolektiboaren zati bat ordezkatzen duen sindikatu batekin biltzea haien eskakizunak asetzeko bidea aurkitzeko, alde batera utziz departamentuan dauden egiturazko gabezia nabarmenak.

Osasunbideko langileak zur eta lur gelditu dira Santos Indurain Osasuneko kontseilari berriaren lehenengo mugimenduak ikusita. Denborarik batere galdu gabe, Osasunbideko kolektibo baten zati baten ordezkariekin bildu da alde batera utzita gainerako langileak. Jakin badakigu presio korporatibista handiak jasan dituela, eta ongi dakigu, orobat, zenbait fakultatibok beren eskakizunetako batzuk (batez ere, eskakizun ekonomikoak) lortzeko egindako mobilizazioak traba handi bat direla kontseilariak departamentuan egin beharreko lanari ekiteko, bera ere medikua baita.

Lau urte eman ditugu Domínguez kontseilariaren kudeaketa kontinuista sufritzen (berau ere medikua izanik), bai eta Moracho kudeatzailearen geldotasuna (plantillari dagokionez, ez, ordea, hornitzaileei dagokienez) eta ospitaleguneko antolaketaren hondamendia sufritzen ere. Horregatik, LAB sindikatuak ez du onartu behar orain plantillako langileria osoaren eskubideak urratu daitezela sindikatu korporatibista batzuen erreibindikazioei mesede egiteko; izan ere, sindikatu horiek elite baten interesen alde jokatzen dute bakarrik, neurriz kanpoko burutzen egitura bat defendatzen dutelako eta beren eskakizun ekonomikoei eta lidergoa eusteari besterik ez diotelako begiratzen.

Gaur egungo ustezko gatazka-egoera ikusita, Osasuneko kontseilariak aukeratutako bidea ez da izan sindikatu guztiekin bilera txanda bat egitea. Horren ordez, erakunde bakar bati eman dio hitza, eta alde batera utzi du Osasunbideko profesional guztiak ordezkatzen dituen gehiengo sindikala.

Kontinuismoan noraezean
Kontseilariak, arazo partikularrei ekin aurretik, Osasuneko Departamentuaren egitura ezartzeari ekin beharko lioke; izan ere, lan hori egin gabe duen departamentu bakarra da gurea. Ospitalegunea berrantolatzeari ekin beharko lioke, azkeneko legealdiko politika kontinuisten ondorioz Nafarroako Ospitalegunean lan egiten duten ia 6000 lagunek lan baldintzetan jasan dituzten galerei buelta emateko. Era berean, funtsezkoa da Oinarrizko Osasun Laguntza berrantolatzea, plantillak eta lan kargak beste modu batera banatuz, eta ez adabakiak jarriz produktibitate-sariak ordainduta.

Karguetan ere, kontinuismoa izan da nagusi, kudeaketa-kargu batetik bestera izan diren aldaketak gorabehera. Buru horiek guztiek beren interesei begiratu diete bakarrik, prestakuntzari, kontratazioei eta boterea mantentzeari dagokienez, eta bigarren maila batean gelditu dira plantillako langileen eskubideak.
Fakultatiboen eskakizunak legezkoak dira goitik behera; izan ere, gainerako langileek bezala, haiek ere jasan zituzten gaizki deitutako krisi baten ondoriozko murrizketak, eta horietako gehienak ez dituzte oraindik berreskuratu. Lan baldintzak kaskartu egin dira, behin-behineko langileen kopurua eta lan kargak handitu egin dira eta gero eta gehiago eskatzen zaigu trukean deus ere eskaini gabe.

Horregatik guztiagatik Nafarroako Gobernuari eta Osasunbideari eskatzen diegu erantzukizunez joka dezatela eta, egitura organikoa eta betiko izenak aldatzeaz gainera, argi eta garbi egin dezatela langile guztien eskubideen alde eta osasun laguntzaren kalitatea hobetzearen alde.

 

 

 

Borrokak indartzera eta aliantzak sendotzera deitu dugu G7ak ordezkatzen duen ereduaren aurrean


G7aren kontrako manifestazioa arrakastaz gauzatu da Hendaia eta Irun artean. Hain zuzen ere, 15.000 lagun inguru bete dute Hendaiako portua eta Irungo Ficoba arteko bidea, G7 EZ! plataformak deituta. Santiago zubian iritsi da une hunkigarriena, manifestariek mugak eta harresiak modu sinbolikoan eraitsi dituztenean. Behin Ficoban, Bidasoa ibaiaren bestaldean, kontragailurrean aritu garen mugimendu sozial, sindikal eta politikoek adostutako manifestua egin dugu publiko. Berriro ere kapitalismo neoliberalaren aurrean alternatibak ditugula nabarmendu dugu, demokrazia, elkartasuna eta emakume zein gizonen arteko parekidetasuna ardatz.  


G7 EZ! plataformako kide izanik, eta kontragailurraren sustatzaile izan garen neurrian, LABek ordezkaritza zabala izan du manifestazioan. Garbñe Aranburu idazkari nagusiak mobilizazioaren arrakasta nabarmendu du, eta, aurrera begira ere, adostasuna dela bidea berretsi du: "G7ak ordezkatzen duen ereduaren aurka eta alternatibak proposatzeko gaudenak etorri gara. Bizitzaren jasangarritasuna erdigunean jarriko duen eredu baten alde, hainbat eragile sozial eta sindikal elkartu gara, eta hori da bidea. Aurrera begira, kontragailurrak oinarri sendoak utzi ditu elkarren arteko adostasunak bilatzen jarraitzeko".

Eñaut Aramendi, Ficobako plazan, hitza hartzen.

Manifestazioaren amaiera ekitaldian, berriz, LABeko Ipar Euskal Herriko bozeramaile eta G7 EZ! plataformako ordezkari Eñaut Aramendik hartu du hitza, manifestuaren berri emateko: "Emakumeek bizi duten zapalkuntza,migranteen drama, klima aldaketa, laborantza eta elikaduraren industrializazioa, bioaniztasunaren desagertzea, lan eskubideen murrizketa, askatasunen murrizketa, Ongizate Estatuen eraispena… egoera honen aurrean, ezinbestekoa da borrokak indartzea eta aliantzak maila lokal, nazional, estatal, kontinental zein mundialean sendotzea".

Joaldunak, Santiago zubian jarritako harresietako bat suntsitzen.
 

 

 

“Prest gaude mobilizazio berrietan bat egiteko”

Familia argazki batekin eta kontragailurraren balorazio baikor batekin amaitu dira Hendaia eta Irunen egunotan izandako solasaldi eta tailerrak. Hain zuzen ere, asteburuko mobilizazioei begira bukatu dira jardunaldiak. Hala, Hendaiako portutik larunbata goizean irtengo den manifestazioa eta igandean Biarritz inguruan egingo diren desobedientzia ekintzen faltan, amaiera ekitaldia egin dugu Ficoban, baina, G7 EZ! plataformako bozeramaileek nabarmendu bezala, borrokak aurrera darrai, ez du etenik: "Prest gaude mobilizazio berrietan bat egiteko".