2026-04-12
Blog Page 602

Bi asteko grebari ekin diote Bizkaiko kirolguneetako langileek

0

Bizkaiko lokal eta kirol zelaietako langileek mobilizazioei ekin diete berriro. Hain zuzen ere, bi asteko grebari hasiera eman diote, gaur eta azaroaren 10 bitartean gauzatuko dena, beti ere hitzarmenaren defentsan. Lanuzteek eragin handia izan dute lehen egun honetan, hainbat igerileku eta kiroldegi itxita egon baitira. Bilbon, mobilizazioak egin dituzte grebalariek goizean, euren lan gatazka gizarteratzeko.

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok Bizkaiko lokal eta kirol zelaien sektorean grebara deitu dugu, negoziazio mahaian jasaten ari garen blokeoagatik. Hainbat bilera daramagu patronalaren aldetik erantzun immobilista bera jasotzen. Horregatik, publikoki salatu nahi dugu enpresen jarrera, negoziazio mahaiaren bileretara joan ere ez direlako egiten eta negoziatzeko borondaterik ez dutelako. Salatu nahi dugu, halaber, sektoreko enpresak mehatxuak, errepresaliak, hertsapenak eta jazarpena erabiltzen ari direla beren langileekin.

Egoera larria da, sektoreak dituen ahuldurak baliatzen ari dira enpresak mobilizazioak zigortzeko. Aldi baterako kontratazioa era bat bihurrituz. Argia da beraz, lan baldintzak iraultzea behar duela sektoreak.

Bestalde, esan behar da Administrazioak azpikontratatutako langileen lan-baldintzak bermatzen dituzten erakundeek ez diotela jaramonik egiten gatazkan bitartekaritza-eskaera egiteari, euren enpresek aurrera eramandako jokaera mafiosoak babesten dituzten bitartean.
 

 

 

Bartzelonan izango gara larunbatean, askatasunaren aldeko manifestazioan

0

Larunbata honetan, urriak 26an, 17:00etan, Carrer de la Marinatik “Llibertat” (Askatasuna) lelopean egingo den manifestazioan parte hartuko dugu. Hain zuzen ere, deitzaileen artean gaude. Manifestazioak independentismoaren kontrako sententzia salatu eta sententziaren ondoren egondako errepresioa salatuko du.

Manifestazioaren deitzaileen artean, Assemblea Nacional Catalana eta Omnium Cultural-ez harago, hainbat eragile politiko, sozial eta sindikal daude, bai Kataluniakoak eta baita Kataluniaz kanpokoak ere. LAB sindikatua deitzaileen artean dago.

LAB sindikatua Kataluniako herriaren eskubideen aldeko bere konpromisoan berresten da, Kataluniako herriak, Euskal Herriak eta munduko herri guztiek bezala etorkizun politikoa erabakitzeko eskubide osoa dutelako.

Independentismoaren kontrako sententzia Kataluniako herriaren kontrako eraso bat dela salatzen dugu; justuki Katalunian demokrazian bizi nahi duten guztien kontrako eraso zuzen bat. Kataluniaren auto-determinazioaren aldeko mugimenduak erabat demokratikoa eta baketsua dela erakutsi du behin eta berriz, eta, aldiz, estatuaren erantzuna errepresioa izan da berriro. Azken bi asteetan poliziak 600 pertsona baino gehiago zauritu eta 200 pertsona inguru atxilotu ditu. Gaur egun, 50 preso politiko inguru daude Katalunian.

LAB sindikatuak preso politikoen askatasuna eta iheslarien etxeratzea eskatzen ditu, eta aldi berean gatazka politikoak bide politikoetatik konpondu behar direla adierazi nahi du, eta, horregatik mugimendu independentistaren kontrako errepresio eta jazarpenaren aurrean, Kataluniako auto-determinazio eskubidearen aitortzatik abiatuko den elkarrizketa eta negoziaren aldarrikatzen dugu. Norabide honetan gure esku dagoen guztia egingo dugu.

 

 

 

Mobilizazioak Elecnorren, hitzarmen duin baten alde

0

Bi greba egun eta gero, TELEFONICA-ko azpikontrata honen enpresako langileen ordezkaritzak ostiral honetarako, urriak 25, deia luzatu die langileei berriro ere borroka egun honetan parte hartzeko, lan baldintza minimoak adosteko asmoz.

Hauxe da mobilizazio egunaren balorazioa, langileen aldetik:

Hirugarren greba jardunaldia oso positiboa izan da berriro. Enpresaren azpijoko eta trikimailuen gainetik, langileen gehiengoa kalera atera da berriro enpresak langileon beharrei erantzungo dien akordioa negoziatu dezan.

Aurreko egunetan adierazi dugun bezala, langileen aldarriak hurrengoak dira: eros ahalmena galtzeari uztea, guardiak behar bezala ordaintzea, Bizkaia eta Gipuzkoako baldintzetara berdintzea eta Gasteizko lantokian bertan ematen den diskriminazioarekin amaitzea. Honen aurrean, enpresak berriro ere eskaera hauei erantzuteko duen ezintasuna adierazten digu, baina ezkutatzen du soilik dibidenduetan 29 milioi euro banatu zituela soilik 2018 urtean. Dirua badago, baina soilik poltsiko batzuk betetzeko. Adibidez, dibidenduaz gain, Goi Zuzendaritzako kideen HILABETEAN 23.500€ jasotzen dituzte.

Pasa den astean enpresak gai hauek jorratu eta negoziatzera esertzeko zuen borondate eza salatu genuen. Gaur egun, enpresak deitu gabe jarraitzen du, eta hori dela gaurko greban parte hartu duten langileek protestaren eta mobilizazioaren tonua igotzea erabaki dute. Urte amaierarako egoera ez bada konpondu, protesta gogortuko dugu. Gainera, estatuko beste hainbat puntuetan ere borrokak piztu dira azken hilabeteetan, jendearen ezinegona dela eta.

Hurrengo egunetan zehar gurea dena berreskuratzeko beharrezkoa den dinamika definituko dugu. Enpresan hain zabaldua dagoen prekarietatea ikusita, gutxi batzuen diru goseak ezin du inola ere langileon gainetik pasa.

 

 

 

“Zertarako greba orokorra? Prekarizazioari aurre egiteko, lan, pentsio eta bizitza duinaren alde”

Astelehenean Bilbon egin bezala, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako ordezkariok, pentsiodunen, gazteen eta feministen hainbat kolektiborekin batera, urtarrileko bigarren hamabostaldirako deitutako greba orokorraren berri eman dugu Iruñean. Hain zuzen ere, datozen asteetan lan, pentsio eta bizitza duinaren alde bultzatuko dugun dinamika biribiltzeko greba izango dela jakinarazi dugu.

"Zertarako greba orokorra? Prekarizazioari aurre egiteko, lan, pentsio eta bizitza duinaren alde", azaldu du Garbiñe Aranburuk Iruñean, astelehenean Bilbon egindako agerraldiaren ildoan.

Hain justu, datozen astean gauzatuko dugun dinamika mobilizatzailearekin mugarri bat jarriko dugu hainbat borroka indartzeko: pentsiodunena, lantokietakoak, mugimendu feministarena, gazteena… borroka horiek guztiek bizitza duin baten aldeko borroka kolektibo berean bat egiten dutelako. Hala, LABeko idazkari nagusiak mezu bat bidali die fase ekonomiko berria dela-eta atzerapen gehiago inposatzeko asmoa duten horiei: hori onartuko ez duen gehiengo sozial aktibo bat dago Euskal Herrian: "Ez dugu onartuko. Grebara eramaten gaituzten aldarriak errealitate bihurtzeko borrokatuko dugu".

 

 

 

EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan azaroaren 7tik abenduaren 5a bitarterako deitutako greba erregistratu dugu

LAB, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuok, orain arte bezala, elkarrizketa eta adostasunak ahalbidetzeko ahalegin zintzoak egingo ditugu. Patronalak eta Hezkuntza Sailak dagokien arduraz jokatzen badute, adostasunak erdiestea posible izango da; bestela grebekin jarraitu beste biderik ez digute utziko.

Sektore honetako langileak 27 greba eguneko mobilizazio dinamika bat babesten ari dira, 10 urtez berritu gabe daukaten Lan hitzarmena eguneratzeko borrokan. Gaur, pasa den urriak 15eko prentsaurrekoan aurreratu genuen bezala, azaroaren 7tik abenduaren 5era bitarteko greba deialdia ofizialki erregistratu dugu sindikatuok.

Lan Hitzarmena berritzeko helburu horrekin, sindikatuok langileen eskaerei erantzunez gatazka hau bideratzeko makina bat saiakera gauzatu ditugu. Negoziazio prozesuan erabateko zintzotasunez aritu gara, malguak izan gara gure planteamenduetan eta gatazka bideratzeko ardura daukaten Patronal zein Hezkuntza Sailarekin elkarrizketa eta negoziaketa erreala bultzatzeko moduak jorratu ditugu.

Familien ardura ere ulertuz eta elkarbanatuz, LAB, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuok adostasunetara iristeko gure borondate eta aldartea berretsi nahi dugu; eta, orain arte bezala, elkarrizketa eta negoziazio prozesu bati heltzeko prest gaude, beti ere langileen eskaerei erantzunez gatazka bideratzeko ardura eta aukera duten eragile guztien inplikazio eta parte hartzea bermatzen badu, eta adostasunak ahalbideratuko dituzten eduki eta planteamenduak bermatu aurretik greba dinamika bertan behera uzteko baldintzarik eskatzen ez badu.

Hau guztia kontuan izanik, PRECOko akordioak Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako gatazka bideratzeko egokia den elkarrizketa prozedurarik jasotzen ez duen arren, formaz haratago sindikatuontzat adostasunak erdiestea ahalbideratuko duen elkarrizketari bide ematea da funtsezkoa. Horregatik, LAB, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuok elkarrizketa aurrera eramateko prozedura proposamen bat eramango dugu asteleheneko LHKko bilerara.

Ikasturte hasiera ekitaldian egindako mobilizazioa.

Tamalez, sektoreko patronala zein Hezkuntza saila erabateko arduragakeriaz jokatzen ari dira prozesu honetan guztian, eta ez dute gatazka bideratzeko mugimendu edo pausorik ematen, greba dinamika indartzen ez den heinean. Erabat argi geratu da hau berriro ere azken aldian, pasa den ikasturteko azken greba egunetik (maiatzak 9) 5 hilabete igarota, ez baita inolako pausorik egon patronalen aldetik, ez eta Hezkuntzatik ere, LAB, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuok hilabeteko greba abian jartzeko adostasuna publiko egin dugun arte.

Patronalak eta Hezkuntza Sailak dagokien arduraz jokatzen badute, langileen eskaerei erantzungo dieten eduki eta planteamenduak l antzeko eta bultzatzeko prest badaude eta horretarako beharrezkoa den elkarrizketa prozesu eraginkor batean murgiltzeko prest badaude, adostasunak erdiestea eta gatazka bideratzea posible izango da; bestela, beste behin ere grebekin jarraitu beste biderik ez digute

 

 

 

Josu Murueta eta Anton Fernandezen omenaldian parte hartzeko deia luzatzen diegu langileei

0

Erandioko gas kutsaduraren aurkako gatazkatik 50 urte bete dira. Erandioko Oroimena plataformak omenaldia antolatu du urriaren 27rako, igandearekin, Astrabuduan, polizia frankistak orduko protestetan hildako Josu Murueta eta Anton Fernandez oroitzeko. Erandioko Oroimena plataformaren kide izanik, langileei dei egiten diegu igandean Astrabuduako Josu Murueta plazan, 13:00etan, antolatu den omenaldian parte hartzera.

1969ko urrian, orain 50 urte, Erandio Bilbo zen oraindik, eta bertako Alkatea Pilar Kareaga frankista ezaguna zen. Erandio Ibaizabal erreka alboan zulo batean sartua dago, langileak lantoki kutsakorren alboan bizi ziren eta hauek sortzen zuten gas kutsakorra herrian bertan geratzen zen.

Hilabeteak zeramatzaten erandioztarrek arnasa garbia arnastu gabe, ordu batzuetan ahoan zapia jarrita joan beharra zeukaten kaletik, sikatzeko kalean eskegitzen zen arropa zuloz beteta eta horituta agertzen zen. Medikuek ere arreta deitu zuten, handik gutxira emakume askok umeak galdu zituzten beraien haurdunaldietan, birikietako eta eztarriko minbiziak agertu ziren.

Herria laster antolatu zen, esan daiteke, Erandioko gasaren aurkako gatazkan kokatu daitezkeela euskal mugimendu ekologistaren hastapenak. Lehenengo eskolako ateetan antolatu zirenak emakumeak izan ziren, beraien umeen osasun egoerak larriturik. Handik gutxira, auzo batzordea sortu zen erakundeekin negoziatzeko, baina ez zuten inongo emaitzarik lortu. Negoziazio horien berri Altzagako plazan ematen zitzaien herritarrei, eta bertan hasi ziren mobilizazioak antolatzen.

Borroka historikoa izan zen, borroka honek, borroka honetan poliziak hildako biktimek, Imanol kantautoreak idatzitako abestia ere izan zuen: “Caminito de Erandio”. Egoera jasanezina zen eta herritarrak kalera atera ziren, manifestazioak antolatu ziren eta errepideak eta trenbideak moztu zituzten. Polizia frankistaren errepresioa neurrigabea izan zen. Benetako suarekin burutu zituzten kargak, eta herritarren harriek ez zeukaten zereginik balen aurka.

1969ko urriaren 29ko manifestazioa Anton Fernandezen etxe aurretik igaro zenean, hau eta bere familia balkoira atera ziren karga poliziala ikustera, Anton izan zen etxera sartzen azkena, eta bala batek harrapatu zuen. Egoera oso larrian eraman zuten ospitalera. Gertaera honek tentsioa areagotu zuen herrian eta lantokietan grebak antolatu zituzten. Greba horietan ere karga polizialak benetako suarekin izan ziren, eta bala batek Josu Murueta grebalariaren bizitzarekin bukatu zuen.

Erandioko gasaren aurkako gatazka honetan, balaz Josu Murueta eta Anton Fernandez hil izan baziren ere, bi abortu izan ziren gatazka honetako errepresioaren biktima, eta ez dago inongo ikerketarik. Gas kutsakor haren ondorioz, zenbait langile eta herritar gaixotu eta hil egin ziren eztarriko eta birikietako minbiziarekin.

Mobilizazioetan, hainbat herritar ospitaletara larriki zauritu eta atxilotuak eraman zituzten, aurrerago, epaituak izan ziren eta auzitegi militarrak absolbitu egin zituen. Josu eta Anton hil zituzten poliziak ere zigor gabe geratu ziren modu honetan.

Josu eta Antonen hiletetan milaka lagunek parte hartu zuten; errejimenak, baina, lagun, herritar eta etxekoek behar bezala agurtzen ere ez zieten utzi, zaldi gaineko polizia armatua eta tanketak bidaliz.

Hamarkada hauetan ez da inolako ardura politikorik ez aitortzarik izan. Arduradun guztiek inpunitate osoa izan dute. Biktimek ez dute aitortzarik ez justiziarik izan orain arte.

Euskal mugimendu ekologistaren hastapenak langile borrokan eta langile mugimenduan eta Bilbo Handian kokatzen ditu LABek. Erandioko borroka hau izan zen Lemoizko zentral nuklearraren aurkako borrokaren iturria, bai AHTaren borrokarena, Itoizko urtegiarena, frackingarena… Eta 2019tik aurrera ere, LABek borroka horretan sakontzeko eta ekosozialismo feministaruntz pausoak emateko konpromisoan berresten gara.

50. urteurren honetan, Erandioko Oroimena plataformaren kide izanik, langileei dei egiten diegu igandean Astrabuduako Josu Murueta plazan eguerdiko 13:00etan antolatu den omenaldian parte hartzera.

 

 

 

Gasteizko San Martingo PAC-aren itxieraren aurka mobilizatu gara

0

Arabako ESIko ordezkaritza-organoek egoera zuzentzeko eta San Martingo NPB berriz irekitzeko eskatzen dugu, ondo funtzionatzeko behar diren giza baliabideez hornituta; hau da, itxi aurretik zeuden langile berekin, gutxienez, eta profesionalen gain erakunde honetako zuzendaritzari dagozkion erantzukizunak kargatu gabe. Helburu hori lortzeko, beharrezkoak diren ekintzak egingo ditugu; besteak beste, zuzenean eragindako kolektiboak biltzen dituzten herritar-elkarteekin harremanetan jartzea.

Arabako ESIko ordezkaritza-organoek (Lehen Mailako Arretako Batzordea, Arreta Espezializatuko Batzordea eta Enpresa Batzordea) salatu dute San Martinen IUPren behin betiko itxiera (etengabeko arretarako gunea).

Itxiera horrek zuzeneko asistentzia-murrizketa eta ezkutuko langileen murrizketa dakar.

Mediku profesional baten faltaren aitzakia faltsuarekin, "Behin-behinean" itxi zuten NPB hori udan. Berriz irekitzeko data iritsita, behin betiko itxiko dutela jakinarazi digute.

Egia esan, asteburuetan badira San Martingo NPB betetzeko profesionalak; izan ere, udara arte bete zuten zerbitzu hori pertsona horiekin, egun horretan utzi baitzitzaien deitzeari. Arabako ESIko Zuzendaritzak gezurra esan digu eta herritar guztiei gezurra esan die.

Hori guztia Osakidetzaren estrategiaren barruan kokatzen da, hau da, osasun publikoa, oro har, eta lehen mailako arreta, bereziki, amaitzeko estrategiaren barruan.

Nolanahi ere, lehen mailako arretan profesionalik ez egotea ez da kasualitatea. Hamarkada asko dira osasun-zuzendaritzek hori badakitela, asetasunera arte errepikatu baitizuegu BAME plazak handitzea planifikatu behar zela, bai pertsona helduei arreta emateko, bai pediatriako langileak zaintzeko.

Era berean, badakite aldi baterako kontratazio-eskaintzek pizgarriak kentzen dizkietela profesionalei, baldintza hobeak eskaintzen dizkieten beste erkidego batzuetara emigratzearen ondorioz. Kudeaketa txar horren froga da azken kontratazio-eskaintzan ez dela Medicako lanposturik eskaini.

Osakidetzaren ardura da kalitatezko osasun-laguntza egokia emateko behar diren beharrak eta giza baliabideak ezartzea eta planifikatzea, eta ez da onargarria, profesionalen faltaren aitzakiarekin, zentro desberdinak ixten joatea. Dinamika horrekin zenbat osasun zentro itxiko dira?

Itxitura horren ondorio asistentzialek Olagibelgo anbulatoriora joatera edo Txagorritxuko larrialdietara zuzenean joatera behartuta dagoen biztanleria-eremu zabal bati eragiten diote. Udan zehar laguntza-eskariari aurre egin badiogu, ziur gaude negua iristearekin eta gripearen gailurrak iristearekin egoera kaotikoa izan daitekeela, bai erabiltzaileentzat, bai profesionalentzat.

 

 

 

Ez gara joan Osakidetzaren sektore-mahaiko gaurko bilerara

0
LAB, ELA eta CCOO sindikatuok salatu bezala, Osakidetzak aztergai-zerrendan sartu dituen proposamenak bazeuzkan adostuta, itxita eta sinatuta 2017ko Enplegu Akordioaren sindikatu sinatzaileekin, Sektore Mahaian aurkeztu baino lehenagotik.

Negoziatzeko borondaterik eta gardentasunik eza ikusita, Osakidetzako gehiengo sindikala ez da joan Mahai Sektorialaren gaurko bilerara. Gogoratu behar da, joan den urriaren 8an, arrazoi berberengatik, Mahaiko bileratik ere alde egin genuela.
Osakidetzak edukiz hustu du Sektore Mahaia, 2017ko Enplegu Akordioaren jarraipen- batzordearen alde (SMEk, SATSEk eta UGTk osatua); eta horrela negoziazio-mahai paralelo bat sortu du. Osakidetzak, bere jarrera horrekin, negoziazio kolektiborako eta askatasun sindikalerako eskubideak baldintza baten menpe jarri ditu: bere akordioak sinatzearen menpe; daukagun ordezkaritza kontuan hartu gabe eta Sektore Mahaiaren balioa gutxietsiz. Alde horretatik argi eta garbi esan behar da Sektore Mahaia dela negoziazio kolektiborako legezko eta zilegizko esparrua.

Gaurko egunean, urriaren 8an egindako aurreko bileran gertatu zen bezala, gai-zerrendan jasotako puntuak aldez aurretik negoziatuta, itxita eta jarraipen-batzordean sinatuta zeuden, eta gero Mahaira eraman dira betebehar formal bat betetzearren, baina ez fede onez negoziatuak izateko. Eta sinatutako puntuak direla esaten dugunean, hitzez hitz erabiltzen dugu esamoldea, beste sindikatu batzuen sinadura jarrita daukaten bi dokumentu helarazi zaizkigulako. Dokumentu horiek Mahai Sektorialera eraman aurretik, SATSEk jendaurrean adierazi zuen ez zetorrela bat haiekin, eta horregatik ez zituela sinatu nahi. Egoera hain da larria, ezen Mahai Sektorialean zilegizko ordezkaritza dugun sindikatuok SATSEren adierazpen publikoen bidez jakin baitugu akordio horiek sinaturik zeudela. Ez gara Mahai Sektorialera itzuliko proposamen itxiak eta beste batzuekin sinatuak eramaten jarraitzen duten bitartean.

LAB, ELA eta CCOO sindikatuok Osakidetzaren jarrera salatu nahi dugu, eta Mahai Sektorialaren negoziazio-ahalmena itzultzeko eskatzen dugu. Premiazkoa da lan-baldintzak arautzen dituen akordio berri bat (aurrekoa 2009an agortu zen) edo garapen profesionaleko eredu berri bat, besteak beste, jorratzea eta negoziatzea. Eta hori guztia berdintasunezko eta fede oneko negoziazio garden baten bidez.
 

 

 

“Oso garrantzitsua da guk geuk geuri buruz hitz egin ahal izatea”

0

Ipar Hegoa Fundazioarekin elkarlanean, LAB sindikatuak “Sexu lana: kriminalizazioa edo aitortza” jardunaldiak egin ditu Gasteizko Aldabe Gizarte Etxean. Jardunaldi hauen helburua sexu langileei eta sektore hau aztertzen dutenei ahotsa ematea izan da, beraiek inork baino hobe azaldu dezaketeelako zein den sektorearen egoera. Horretarako, beraien esperientzien eta jakintzen inguruan aritu zatzaizkigu Clarisa Velocci, Genera kolektiboko kidea; Paula Sánchez, AFEMTRAS taldeko eta Sevillako Prostituten Kolektiboko kolaboratzailea; eta Paula Ezkerra, Intersindical Alternativa de Catalunyako ordezkari sindikala.

Jardunaldi hauek formakuntza prozesu bati loturik antolatu ditugu. Izan ere, sexu langileak subjektu politiko bezala aitortzen ditugun heinean, beren ahotsa entzutea ezinbestekoa da guretzat. Jakin beharra dugu Euskal Herriko langileriaren parte diren sexu langileak zein egoeratan dauden eta zer eskatzen duten.

Ekitaldi hasieran, Eli Etxeberriak, Idazkaritza Feministako arduradunak, jardunaldiak antolatzearen zergatiak azaldu ditu: “Prostituzioa eta trata ez da gauza bera, gu trataren kontra gaude, edozein motatako trataren kontra. Oso garrantzitsua da bi errealitate hauek desberdintzea eta kontzeptuak ez nahastea”. Azalpen honen ostean, gaia testuinguratzeari ekin dio lehenengo hizlariak.

Entzute ariketa honetan, Clarisa Veloccik, trata, trafiko, esplotazio eta haututako sexu lanei buruzko testuinguratzea egin du; lau kontzeptu hauen desberdintasunak azaldu ditu eta kontzeptuak zein erraz nahasten diren erakutsi digu: “Nire asmoa trataren kontzeptua deseraikitzeko espazio bat sortzea da eta ematen den nahasmenari buruz gogoeta egitea. Trata trafikotik desberdindu egin behar da. Desberdintasuna da trata giza eskubideen aurkako delitu bat dela; trafikoaren kasuan, atzerritartasun falta administratibo bat da. Trata prostituziotik ez bereizteak prostituzioan aritzen diren emakumeen kriminalizazioa ekartzen du. Gauzak sinplikatzen dira (trata existitzen da, prostituzioa existitzen delako), arazo moral bat sortzen du (prostituzioaren aurkako oldarraldia) eta trata detektatzea oztopatzen du".

Veloccik azaldu duenez, erregulazio faltarengatik edota lan eskubideen murrizketengatik existitzen dira esplotazio eta gehiegikeriak sexu lanen esparruan, baina horrek ez du esan nahi trataren inguruan hitz egiten gaudenik, edozein lanetan egon daiteke erregulazio falta edota lan eskubideen murrizketaz baizik.

Jaurdunaldien bigarren blokean, mahai inguruan, Paula Sanchezek eta Paula Ezkerrak legedia eta bere ondorioen inguruan hitz egin digute. Paula Sanchezek prostituzioaren kriminalizazioak sortzen duen eskubideen urraketaren inguruan hauxe dio: "Lan gisa ez denez aitortzen, beste gauza batzuen artean, enpresariaren botereak ez du mugarik: langileek ez dute atsedenaldirik, ez dute oporrik, ez dute etxebizitza izateko eskubiderik, nomina ez dutelako".

Bestalde, adierazi du sexu langile askok ez dutela justizian sinisten: "Ez dute uste justiziak euren interes eta beharrak babestuko dituenik, eta ez dute nahi ikusgarri geratu estigmaren ondorioz. Badaude emakumeak autonomo gisa alta eman dezaketenak, baina honako hau diote: ‘ez dut ordainduko Estatuak nire egoera onartu arte’". 

Paula Ezkerrak bere azalean bizi izan ditu orain arte aipatu izan diren eskubideen urraketa hauek guztiak, eta argi utzi du gaurko moduko ekitaldien garrantzia: “Oso garrantzitsua da guk geuk geuri buruz hitz egin ahal izatea, eta ez dadila izan diskurtso akademiko huts bat".

Sindikatzeko aukera ere badagoela adierazi du eta Intersindical Alternativa de Catalunyaren ardatzen inguruan aritu da: "Argitu behar dut badagoela sindikatzeko eskubidea, Espainiako Estatu osoanzabalik dagoena. Gure sindikatuak lanaren aitortzaren alde egiten du lan. Sexu langileok poliziaren jazarpena pairatu behar dugu, legediarena… honek guztiak estigmarekin du lotura. Sentitzen dudana da, norberak estigmarekin puskatzen duenean, ahaldundu egiten duela bere burua. Gu sindikatzea zer den joan gara ikasten, lan zuzenbidea zer den. Garbi dugu arazoa ez dela prostituzioa, sistema kapitalista baizik. Zer egin dezakegun esateari utz egin behar diogu. Uste dut jendarteak aurreiritziekin puskatu behar duela. Zentzu honetan, sindikatzeko bideak estigmarekin apurtzen du, gure borroka soziopolitikoa indartzen du. Esan dezaket nire sekzio sindikala antikapitalista, eskubideen aldekoa eta feminista dela. Gure sindikatuaren helburua sistema kapitalista eta patriarkala suntsitzea da".