2026-10-24
HomeNazioartea IdazkaritzaElkartasunaBartzelonan izango gara larunbatean, askatasunaren aldeko manifestazioan

Bartzelonan izango gara larunbatean, askatasunaren aldeko manifestazioan

Larunbata honetan, urriak 26an, 17:00etan, Carrer de la Marinatik “Llibertat” (Askatasuna) lelopean egingo den manifestazioan parte hartuko dugu. Hain zuzen ere, deitzaileen artean gaude. Manifestazioak independentismoaren kontrako sententzia salatu eta sententziaren ondoren egondako errepresioa salatuko du.

Manifestazioaren deitzaileen artean, Assemblea Nacional Catalana eta Omnium Cultural-ez harago, hainbat eragile politiko, sozial eta sindikal daude, bai Kataluniakoak eta baita Kataluniaz kanpokoak ere. LAB sindikatua deitzaileen artean dago.

LAB sindikatua Kataluniako herriaren eskubideen aldeko bere konpromisoan berresten da, Kataluniako herriak, Euskal Herriak eta munduko herri guztiek bezala etorkizun politikoa erabakitzeko eskubide osoa dutelako.

Independentismoaren kontrako sententzia Kataluniako herriaren kontrako eraso bat dela salatzen dugu; justuki Katalunian demokrazian bizi nahi duten guztien kontrako eraso zuzen bat. Kataluniaren auto-determinazioaren aldeko mugimenduak erabat demokratikoa eta baketsua dela erakutsi du behin eta berriz, eta, aldiz, estatuaren erantzuna errepresioa izan da berriro. Azken bi asteetan poliziak 600 pertsona baino gehiago zauritu eta 200 pertsona inguru atxilotu ditu. Gaur egun, 50 preso politiko inguru daude Katalunian.

LAB sindikatuak preso politikoen askatasuna eta iheslarien etxeratzea eskatzen ditu, eta aldi berean gatazka politikoak bide politikoetatik konpondu behar direla adierazi nahi du, eta, horregatik mugimendu independentistaren kontrako errepresio eta jazarpenaren aurrean, Kataluniako auto-determinazio eskubidearen aitortzatik abiatuko den elkarrizketa eta negoziaren aldarrikatzen dugu. Norabide honetan gure esku dagoen guztia egingo dugu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Etxebizitza politika okerren eta utzikeriaren ondorioa da Gasteizko etxegabetzea

Gasteizko Udalak larrialdi egoerei aurre egiteko baliabideak eta etxebizitza parke publikoa ez zaintzeak ekarri du egoera hau.

Vicinayn proposatutako kaleratzeak eta ABEE berria arbuiatzen ditugu, eta operazioaren atzean dauden interesei buruzko zalantza adierazi dugu

Plantillak hainbat urte daramatza Aldi Baterako Erregulazio Espedienteak pairatzen eta sakrifizioak egiten, eta orain enpresaren jarduerarekin loturiko arazoak ere langileek ordaindu behar izatea onartezina da sindikatuarentzat. Damaso Quintanak bultzatutako eta Eusko Jaurlaritzak babestutako operazioaren lehentasuna, enplegua eta Vicinayren industria-etorkizuna bermatzea baino, enpresaren lursailak ez ote ziren planteatu du LABek.

Amarratzaileen aurkako jazarpen sindikal larriaz ohartarazi du LABek, eta langileen antolaketarekiko konpromisoan berresten da

Sindikatuak agerraldia egin du Bilboko Portuan, sektorean askatasun sindikalaren aurkako erasoak etengabeak direla salatzeko eta arduradunei argi uzteko LABek ez duela bazter utziko langile klasearen eskubideen alde borrokatzeko bere betebeharra. Enpresak LABeko hiru ordezkari kaleratu ditu eta hainbat zigor ezarri ditu, mehatxuak eta xantaia baliatzeaz gainera.