2026-09-14
Blog Page 6

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.

Joan den asteartean Haurreskolak Partzuergoko mahai negoziatzailea izan zen Lakuan, besteak beste, irailaren 1etik aurrera gauzatuko diren udal haur eskola batzuen integrazioaren gaineko akordioa erdiesteko, eta ikasturte hasierako prozesuen gaineko argibideak jaso eta horien gainean proposamenak egiteko.

2024ko azaroan, Hezkuntza Sailak aldebakarrez erabaki zuen udal haur eskolei diru-laguntzak emateari utziko ziola, haur eskola pribatuen dirulaguntzak mantendu dituen arren. Finantzazio gabezia horren ondorioz, tokiko administrazio batzuek Haurreskolak Partzuergo Publikoan integratzeko erabakia hartu behar izan duten; Araban Gaubeak eta Gipuzkoan Andoain, Usurbil, Oiartzun, Ordizia eta Aretxabaletak irailaren 1ean udal haur eskola hauek Haurreskolak Partzuergoan integratuko dira.

Iragarpena egin zenetik ziurgabetasuna nagusitu da integratuko diren udal haur eskoletako langileen artean. Alabaina, LABetik lanean aritu gara prozesuak ahalik eta ordenatuen egin eta integratuko diren haur eskoletako haur hezitzaileen egoera desberdinak aztertu eta aintzat hartzeko. Udal horietako langileen ordezkarien bitartez udalekin batetik, eta Haurreskolak Partzuergoko ordezkarien bitartez Hezkuntza Sailarekin bestetik, langile guztiei begirako irtenbideak negoziatu ditu LABek.

Ondorioz, titularitate pribatua duten haur eskolatako langileak Haurreskolak Partzuergoko lan hitzarmenera atxikitu eta bertako langileak izango dira subrogazioa tarteko. Andoaingo kasuan, karrerako funtzionarioek jubilatu arteko lanpostua mantenduko dute udalean eta hezitzaile gisa lanean jarraitzeko aukera izango dute sinatu berri den akordioaren bidez. Langileek —hiru dira— nahi badute borondatezko eszedentzia bitartez lanpostu berdinean jarraituko dute lanean, betiere haien izaera mantenduz eta errespetatuz. Bitarteko funtzionarioak, berriz, ez dira kaleratuak izango, eta egungo lanpostuetan jarraituko dute 2028ko abuztuaren 31 arte gutxienez. Haien egoera babesteko aukera erdietsi du LABek, eta, gainera, integratuko diren udal haur eskoletako langileak Haurreskolak Partzuergoko prozesuetan (baremazioa, lekualdatzean parte hartzea…) barnebiltzeko negoziazioari ekingo zaio aurrerago.

LABentzat berri ona da lortutako akordioa eta ongi etorria ematen diegu integratuko diren hezitzaileei. Era berean, gaitzetsi nahi dugu langileekin landu dugun eta gehiengo oso zabalak sinaturiko akordioaren kontra ELA sindikatuak izan duen diskurtsoa, gezurrak zabaldu baititu langileak babestu ordez.

Bukatzeko, adierazi nahi dugu LABetik lanean eta borrokan jarraituko dugula Haurreskolak Partzuergoa ardatz izango duen 0-3 zikloaren udal eskaintza publiko bateratuaren alde eta langile guztien lanpostuen alde.

LABek ez du sinatuko Arabako Esku-hartze Sozialeko IV. Hitzarmenaren aurreakordioa

Atzoko mahai negoziatzailearen ostean, LAB sindikatuak jakinarazten du ez duela Arabako Esku-hartze Sozialeko IV. Hitzarmen Kolektiboaren aurreakordioa sinatuko. Datorren ostiralean aurreakordioa sinatzeko batzorde negoziatzailearen bilera deituta dago. Testua oraindik euren oinarriekin kontrastatu gabe badago ere, ELAk eta CCOOk hura sinatzeko konpromisoa erakutsi dute; egoera horren aurrean, LAB sindikatuak aurreratu du edukiak ez direla nahikoak, hortaz, aurreakordioak ez du LABen sinadura izango.

Zaintza sistema publiko-komunitario baten aldeko borrokan hartutako konpromisoei erantzunez, negoziazioan hasieratik jarri zuen LABek ekiparazioaren aldarrikapena mahai gainean. Aldarrikapen horrek ahalbidetu du negoziazioa eman den terminoetan garatzea, eta horri esker Araban sektorearen historiako akordiorik onena lortzetik gertu egon gara, inoizko soldata igoerarik handienekin, eta, gainera, beste hainbat aurrerapen garrantzitsurekin, hala nola administrazioko langileekin lanaldia parekatzea, norbere gaietarako egunen erregulazioan aurrerapenak, binkulograma-eredu bateranzko urratsak eta lizentzietan zenbait hobekuntza.

Ekiparazioa sektoreko intersindikalean defendatu izan du LABek ESKrekin batera, eta sektoreko langileek eutsi diote nagusiki aldarrikapen horri, kalean eta lantokietan egindako mobilizazioetan irmotasunez dagokion indarra eman diote.

Izan zitekeen, baina ez da izango. Aurreakordioa erosahalmena bermatzera soilik mugatzen da, eta urrundu egiten da intersindikaleko negoziazio-prozesuan adostutako ekiparazio helburuetatik. Ildo horretatik, aintzat hartuta sektorea artikulatua eta irmo dagoela, alegia, pultsuari eusteko gaitasun osoz, aipatu aurreakordioa sinatzeak larriki mugatu eta murrizten du lurraldean ahalegin handiz defendatu diren aldarrikapen legitimoen ibilbidea.

LABek sektoreko langileak zoriondu nahi ditu azken hilabeteetan erakutsitako indarragatik. Zaintza sistema publiko eta komunitario bat exijitzen jarraituko du sindikatuak, gogoraraziz esku-hartze sozialeko sektoreko langileak langile publikoak direla, eta benetako parekatzea lortzeko borroka hasi besterik ez dutela egin.

Alegazioak aurkeztu dizkiogu Barakaldoko Udalaren 2026ko aurrekontuari, zerbitzu publikoen eta udal langileen defentsan

Barakaldoko Udalaren gobernu taldeak (EAJ-PSE) aurkeztutako 2026rako Aurrekontu Orokorren proiektuaren aurka lerrokatu da sindikatua. Udal-antolamenduari, lan-osasunari eta zerbitzu publikoak emateari eragiten dieten funtsezko gaietarako aurrekontu-partidarik ez dagoelako edo nahikoa ez dagoelako aurkeztu ditu alegazioak.

LABek errefusatu egiten du 2026ko aurrekontu-proiektua, ez diolako aurre egiten antolaketa arloko arazoei, langileen osasuna arriskuan jartzen duelako eta zerbitzu publikoen kalitatea pixkanaka hondatzen duelako.

Datorren ostegunean izango da Barakaldoko Udalaren Osoko Bilkura eta, bertan, gobernu taldeak 2026ko ekitaldirako aurrekontuak onartu nahi ditu. Aurrekontu horietan asko dira aurrekontu-partidarik ez duten plantillari, osasunari eta zerbitzu publikoei eragiten dieten gaiak, edo aurreikusitakoa ez da nahikoa: Lanpostuen Zerrendako (LPZ) lanpostu guztiak betetzeko partida – Lanpostuen balorazio orokorrari ekiteko partida espezifikoa – Behin-behinekotasun-tasa murriztea eta aldi baterako programa guztiak LPZn sartzea, egiturazko beharrak betetzen ari direlako – Akordio/Hitzarmena negoziatzea eta eguneratzea – Erosteko ahalmena berreskuratzea – Plantilla gaztetzeko eta erretiro aurreratuari lotutako ezagutza transferitzeko plana onartzeko partida – Barne Berdintasunerako II. Plana betetzeko neurriak abian jartzeko partida – Euskararen erabilera normalizatzeko plan estrategikoa egokitzea (2023-2027) araudi berrira – Udaleko lantokietatik amiantoa kentzeko partida – Herriko plazako lantokiko langileen aldageletarako hornidura – HAZeko (Herritarren Arreta Zerbitzua) bulegoak egokitzeko partida – Herriko Plazako 1. solairuko klimatizazioa, muturreko tenperaturen ondoriozko osasunerako arriskuaz ohartarazteko neurketa-bitarteko nahikoak ezartzeko zuzkidura nahikoa duena – Prestakuntzarako partidaren igoera.

Eskakizun eta gai horiek guztiek berme eta oinarritzat dituzte legezko eskakizunak, Lan Ikuskaritzaren errekerimenduak, auto judizialak, osoko bilkuretako erabakiak eta udalaren beraren konpromisoak.

LABek Barakaldoko Udalean duen atal sindikalak ez du bere gain hartuko aurrekontu hauek babesteko erantzukizuna. Aurrekontu horiek onartuz gero, udalaren barneko antolaketa-kaosa areagotuko dute, langileen osasunerako arriskuak areagotuko dituzte eta dagoeneko kolapso-sintoma argiak dituzten zerbitzu publikoak hondatzen jarraituko dute, pribatizazio berriei atea irekiko dizkietelarik. LABek irmoki jarraituko du salatzen udalaren noraeza, eta kalitatezko zerbitzu publikoak eta udal-langile guztientzako lan-baldintza duinak defendatzen jarraituko du.

Kaleko afari solidarioak babesteko gaur arratsaldean Donostian egingo den mobilizazioan parte hartzera dei egiten dugu

LABek irmoki salatzen du Donostiako Jon Insausti alkate jeltzaleak udalaren izenean Kaleko Afari Solidarioak (KAS) debekatzeko hartutako erabakia, bidegabea delako Donostian egoera zaurgarrian bizirauten duten lagun askok egunean bermatua duten otordu bakarra ukatzea.

Sindikatuak deitoratu egiten ditu debekua justifikatu eta zilegiztatzeko udalak erabilitako argudiategi klasistak, aporofobikoak eta arrazistak. EAJko alkatea, PSEren ezinbesteko laguntzaz, PPren eta eskuin muturraren diskurtsoa errepikatzen ari da, migrazioa segurtasun ezarekin lotzen duen diskurtsoa.

Sei urte inguru dira KAS egitasmo herritarra sortu zela. Urte horietan guztietan elkartasun elikadura eskaintzen aritu diren kideen lan izugarria eskertu nahi du LABek, eta debekuaren aurrean elkartasunik beroena helarazi nahi die. Zuekin gaude!

Donostian bizi diren langile guztiek eskubideak eta bizi-segurtasuna defendatzen jarraituko du LABek; sindikalgintza antiarrazistaren bidean urratsak ematen jarraituko du, langile guztientzat eskubide guztiak borrokatzen.

Jon Insausti alkatearen Donostia ez da harrera hiria. Donostiako Udalaren kriminalizazio saiakera salatu, eta KAS egitasmoa babestu eta hauspotzen jarraitzeko, gaur arratsaldeko 20:00etan Plaza Berritik irtengo den mobilizazioan parte hartzera deitzen dugu.

Afariak banatzea ez delako delitua, gora Kaleko Afari Solidarioak!

LABek, SATSEk, ELAk, CCOOk eta UGTk greba eta mobilizazioei ekingo diegu, Osakidetzak kolektibo guztien lan-baldintzak hobetu ditzan eskatzeko

Gehiengo sindikaletik ohartarazi dugu medikuen kolektiborako sinatutako akordioak ez dituela jorratzen fakultatiboen eta euskal osasun publikoaren egiturazko arazoak, eta lan-baldintza onik gabe kalitatezko zerbitzu publikorik ez dagoela defendatu dugu. Mobilizazio horiek profesionalen taldearen aldeko apustua egiten dute, eta aldarrikatzen dute hobekuntzak kategoria guztietarako lortu behar direla, negoziazio kolektiboko organo legitimoak errespetatuz.

LABek, SATSEk, ELAk, CCOOk eta UGTk greba eta mobilizazio dinamika bat jarriko dugu abian, datorren udazkenean Osakidetzako negoziazio kolektiboa defendatuko duena eta profesionalei zein herritarrei eragiten dieten arazo nagusiei benetako konponbideak eskatuko dizkiena. Uda ostean jakinaraziko dugu mobilizazioen egutegia.

Sindikatuon ustez, Osakidetzak eta Medikuen Sindikatuak lortutako akordioak ez die kolektiboaren aldarrikapenei erantzuten, eta ez die aurre egiten euskal osasun-sistema publikoaren egiturazko erronkei. Gainera, funtsezko gaiak jorratu gabe uzten ditu, hala nola, profesionalik eza, plazak betetzeko zailtasunak, belaunaldi-erreleboa, asistentzia-gainkarga edo lan-baldintzen hobekuntza, lan-gainkargan eta autokontzertazio-sistema batean oinarritutako eredu bat sendotuz, zeina, 25 urte baino gehiagoko indarraldiaren ondoren, egungo egoeraren erantzuleetako bat baita.

Gainera, sindikatuok kezkatuta gaude akordio hori negoziazio kolektiborako ohiko bideetatik kanpo bultzatzen ari delako, Mahai Sektorialaren zeregina ahulduz. Mahai Sektoriala SMErekin adostuta dago, eta ezin da hartu medikuen kolektiboaren baliozko solaskide bakartzat, Mahai Sektorialeko beste sindikatu batzuk ere ordezkatuta baitaude.

Osakidetzaren etorkizuna ezin da erantzun partzialen bidez eraiki, ezta plantillaren zati bati soilik eragiten dioten akordioen bidez ere. Osasun-sistemaren edozein erreforma modu globalean egin behar da, kolektibo profesional guztien ordezkaritzarekin eta laguntza-taldeen kohesioa bermatuz.

Aparteko orduetan oinarritutako eredu bat ez da iraunkorra, eta aparteko jarduera, aparteko orduak eta autokontzertazioa ezin dira osasun publikoaren egiturazko arazoen ohiko erantzun bihurtu. Egoera jakin batzuk garaiz arindu ditzake, baina ez ditu profesional faltaren funtsezko arrazoiak konpontzen, ezta sistemaren etorkizuneko iraunkortasuna bermatzen ere. Hori dela eta, mobilizazio horien helburua ere bada langileen politikei behin betiko buelta ematea.

Datozen hilabeteetan egingo diren mobilizazioek helburu hauek izango dituzte:

  • Akordio arautzailea osorik eguneratzea, kontziliaziorako, erantzukidetasunerako, ordainsarien hobekuntzarako, lanaldiaren hobekuntzarako, enpleguaren kalitaterako eta langileen eskubide guztietarako neurri eraginkorrak txertatuz.
  • Euskal osasun-sistema publikoa hobetzea, plantillaren premiei buruzko azterlan bat eginez. Azterlan horrek aukera emango du egiturazko defizitak identifikatzeko, profesionalen eskasia-egoerei aurrea hartzeko, lan-karga handiak ebaluatzeko eta arintzeko, ordezkapenak ziurtatzeko, belaunaldien arteko erreleboa ziurtatzeko, langileen lan-osasuna bermatzeko eta herritarrei kalitatezko arreta emateko, haien eskubideak bermatuz.
  • Ordezkaritza eta negoziazio kolektiboa errespetatzea, langileen eta euskal osasun-sistema publikoaren baldintzak hobetzeko oinarrizko eskubide gisa, pribatizazioen eta kanporatzeen aurka borrokatuz.


Kohesioaren eta herritarren aldeko deia


“NEGOZIAZIOA DEFENDATU. ORAIN DA GARAIA! Kalitatezko osasun publikorako baldintza duinak” lelopean, LABek, SATSEk, ELAk, CCOOk eta UGTk dei egiten diegu langile guztiei eta herritarrei Osakidetzaren beste eredu bat defendatzeko, publikoa, indartsua, eskuragarria eta elkarrizketaren, negoziazio kolektiboaren eta kolektibo guztien arteko tratu-berdintasunaren bidez eraikia. Lan-baldintza onik gabe ez dago kalitatezko zerbitzu publikorik.

Mobilizazio horiek ez dira ezein kolektibo profesionalen aurkakoak, baizik eta Osakidetzako taldeen kohesioaren aldekoak. Osasun publikoaren erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren hobekuntzak negoziazio kolektiborako bidezko organoak errespetatuz lortu behar dira. Egoera horren erantzule bakarra Osasun Saila da, eta haren estrategia elikatuko ez ditugun kolektibo eta kategoriei aurre egitea da.

Deialdia egin dugun erakundeek laster iragarriko dugu udazkenerako aurreikusitako mobilizazioen egutegia, eta Osakidetzari eskatzen diogu negoziazio-prozesu bat ireki dezan, langile guztientzako benetako konponbideak lortzeko eta euskal herritarren osasun-arreta hobetzeko.

Langabezia jaitsi arren, arrakalak sakonak dira

Lan harremanetan egiturazko ezberdintasunak mantentzen dira.

Langabezia tasa %7,3an mantendu da Hego Euskal Herrian; izan ere, 1.300 langabetu gehiago dauden arren, 10.000 pertsona gehiago ari dira lanean. 2026ko bigarren hiruhilekoan Hego Euskal Herrian 1.322.800 langile daude lanean eta 104.900 lan bila; hau da, orotara 1.427.600 dira lan harremanetan aktibo dauden euskal herritarrak.

Biztanleria Aktiboaren Inkestak lan harremanetan gertatzen diren egiturazko arrakalak oso argi mahaigaineratzen ditu, eta modu isolatuan emanez gero baikorrak diruditen datuak, oro har, ez dira horren positiboak. Joan den urtetik 1.600 emakume gehiago daude langabezian eta 7.600 emakume gutxiago lanean, gizonen artean 400 langabetu gutxiago direnean eta 17.500 gehiago lanean daudenak. Eta datu hauen hobekuntza uda sasoian egiten diren lan kontratu prekarioen ondorio da; izan ere, azken hiruhilekoan 18.000 emakume gutxiago daude langabezian eta 11.900 gehiago lanean. Horrek begibistan uzten du an egonkorrarena beste arrakala bat dela emakumeentzako.

Kontratu motei erreparatuta, 1.156.400 kontratu ingururen artean, emakumeen kasuan %21,5 behin-behinekoa da, eta gizonen artean %13,8. Behin-behinekotasuna jaitsi da, baina emakumeen artean 1.400 gutxiago dira behin-behineko kontratuak, eta gizonen artean, aldiz, 8.800.

Epe luzez lan bila dauden langileen datuak aztertzerakoan, orokorrean jaitsi egin da kopurua, eta lan bila ari direnen %31,6 dira epe luzekoak, orain urtebete %44,1 zirenean. Dena den, epe luzez lan bila ari diren emakumeak 2.900 emakume gutxiago badira ere, zifra hori 9.400ekoa da gizonen kasuan, eta emakume langabetuen %38,6k epe luzez darama egoera horretan. Jaitsi den arren, lan harremanetan gertatzen diren desparekotasunek lana aurkitzeko zailtasunak handitzen dituzte.

Hori gutxi balitz, partzialitatea ere jaitsi da, eta jardunaldi osoan diharduten langile okupatuen zenbatekoak gora egin du. Bereziki nabarmena izan da partzialitatearen jaitsiera emakumeen artean, 35.100 gutxiago direlarik. Ordea, jardunaldi osoa ez da hainbeste hazi, eta 7.600 emakume gutxiago dira okupatuak. Gizonen artean, 8.000 gutxiago ari dira jardunaldi partzialean, baina 17.500 okupatu gehiago daude.

Datu hauekin, emakumeen aktibitate tasa %51,97koa da; hau da, ia erdia lan harremanetatik kanpo dago.

Gazteen artean langabezia tasa %22,9ra jaitsi da azken hiruhilekoan, uda sasoiaren eraginez. Eta azken urtean aktibitate tasa %28,87tik %35,9ra pasa da; horregatik, 16,400 gazte gehiago dira okupatuta daudenak, eta aldi berean 5.000 langabetu gehiago daude.

Bukatzeko, langabezia datuek sektoreka uzten diguten argazkia honakoa da: lehen sektorean eta industrian jaitsi egin da langabezia, eraikuntzan mantendu egiten da eta zerbitzutan egiten du gora (azken hiruhilekoan udako epeagatik nabarmen behera egin duen arren).

Langabezia jaitsi arren, lan harremanen egiturazko egoera kezkatzekoa da, enplegu galera gertatzen ari baita. LAB sindikatuak lan harreman eta babes sozialerako sistema propioa edukitzea ezinbestekotzat jotzen du, esparru propio baten baitan erabaki burujabeak hartu ahal izateko eta bertako ekonomia zein langileen beharrak bermatzeko. Lan merkatuak dituen egiturazko gabeziei eredu berri baten aldeko borrokarekin erantzungo die sindikatuak lan esparru guztietan.

“Barraskilo operazioa”: Nafarroako Gobernuak errepresioaren eta grebalarien zigorraren alde egin du, lantokietan grebarako eskubidea urratu izanaren aurrean beste alde batera begiratzen duen bitartean

Barraskilo Operazioan parte hartu genuenok, isunak eta errepresioa salatzen ditugu, martxoaren 17an Euskal Herrirako 1.500 euroko LGSren aldeko greba orokorraren testuinguruan egindako ekintza baketsu batengatik.

Joan den martxoaren 17an, Euskal Herrian 1500 €-ko gutxieneko soldata aldarrikatzeko deitutako greba orokorraren testuinguruan, “Barraskilo Operazioa” izeneko mobilizazioa egin zen. Ekintza, Sakanako Autobiatik 60 km/h-ko abiaduran zirkulatzea izan zen, trafikoa moteldu eta aldarrikapen hori ikusarazteko helburuarekin. Hasiera hasieratik hartu ziren beharrezko segurtasun neurri guztiak, eta mobilizazioa modu baketsuan egin zen, gorabeherarik gabe eta bidearen erabiltzaileak arriskuan jarri gabe.

Protestak oihartzun handia izan zuen eta greba orokorraren jarraipena indartzen lagundu zuen, lan harremanetarako esparru propio baten eta Nafarroarako eta Euskal Herri osorako gutxieneko 1.500 euroko soldataren aldarrikapenari hauspoa eman zion.

Hala ere, Nafarroako Gobernuaren eta Foruzaingoaren erantzuna errepresioa izan da, zigor espediente ugari ireki baitira. Gaur egun, isunak 5.000 eurotik gorakoak dira, eta gidabaimeneko puntuak kentzea 50 puntutik gorakoa da salatutako pertsonen artean. Oraindik ez dakigu zein izango den isunen eta ondorio administratiboen azken balantzea.

Gure ustez, erantzun hori guztiz neurrigabea da, eta gizartearen mobilizazio legitimoa zigortzeko eta kriminalizatzeko ahalegin bat besterik ez da. Aldarrikapenei buruzko eztabaida ireki eta Nafarroarentzako gutxieneko soldata propioa lortzeko neurriak hartu beharrean, errepresioaren bidetik jo du Chiviteren gobernuak. Gure ustez, Nafarroako Gobernuak ez du berdin jokatzen langileok zigortzerako orduan edo enpresariak zigortzerakoan. Esate baterako, greba testuinguruan egon diren greba eskubidearen aurkako mehatxuek eta langileen ordezkapenek ez dute ondorio berdinak izan enpresarientzat.

Egoera horren aurrean, Barraskilo Operazioarengatik zigortuak izan garenok elkartasun-dinamika bati ekingo diogu, zigor horien ondorio ekonomiko eta administratiboei kolektiboki aurre egiteko.

Lan eta giza eskubideak defendatzea ezin da zigortzeko arrazoi bihurtu. Isunei eta errepresioari erantzuna, Antolakuntza eta elkartasuna izango dira. Gure eskubide zibilen aldeko ekimena, greba eskubidearen aldekoa.


SAKANAKO GREBA BATZORDEAK

Babestutako Etxebizitzak esleitzeko kupo berriekin, Denis Itxasok sozialki injustua den eredua ezarri nahi du

Etxebideren araudia aldatzeko prozesuan da Itsasoren gidaritzapeko saila, eta sustapen bakoitzeko etxeen %30 gorde nahi du 20.000 eta 46.000 euro arteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileentzat. Etxebiden izena emanda duten 110.000 herritarren %70 diskriminatuko du araudi berriak.

Araubide berria kontsulta fasean dago, eta LAB sindikatutik hainbat alegazio aurkeztu ditugu haren aurka, langile sektore zabalak kaltetuko dituelako, etxebizitzaren negozioak bere horretan jarraitzen duen bitartean. Gero eta langile gehiagok etxebizitza ordaindu ezin duten honetan, lehentasuna izan behar du merkatuan esku hartuz prezioak arautu eta jaistea, baina Eusko Jaurlaritzak nahiago du egoera honetara ekarri gaituzten politikekin jarraitu.

Hori horrela, EAJk eta PSEk etxebizitza neurriekin edota erosketarako abalekin egin bezala, Etxebideren moldaketa berria ere ez doa bizi dugun etxebizitza larrialdiari aterabidea emateko norabidean. Are gehiago, zuzenean kaltetzen ditu etxebizitza sarbiderako zailtasun handienak dituzten herritarrak.

LABentzat erabaki horien atzean bai PSEren eta baita EAJren klasismoa eta elektoralismoa nabari da. Merkatu pribatuan etxebizitza sarbidea ezinezko bilakatzen ari den honetan, baliabide publikoak “klase ertain” izendatu duten herritarrei begira jartzen ari dira, alegia, haien bozkatzaile potentzialei begira. Horretarako, justiziazkoa den aberastasunaren birbanaketa eta, kasu honetan, sarbidea zailagoa duten langile sektoreak —gehienetan migratutako langileak, familia monomarentalak edota enplegu prekarizatuak dituzten emakumeak*— bazterrean uzteko prest daude.

Araudi aldaketak aurrera eginez gero, beharrizan handiena duten eskatzaileen %70 kaltetua izango da zuzen-zuzenean. LABen ustez neurria erabat injustua da: ikasturte honetan onartutako neurrien artean, eraikuntza sustapen berrietan %65era jaitsi da legez Babes Ofizialeko Etxebizitzen kopurua. Gero eta gutxiago izango dira, eta, gainera, baliabide gehien dituzten herritarrentzat gorde nahi dituzte.

Moldaketak irmoki salatzen ditugu LABetik, eta alegazioen bidez neurriok bertan behera uztea eskatzen diogu Itsasok zuzendutako sailari.

Ez dugu sinatu Gipuzkoako pastelgintzaren eta gozogintzaren hitzarmen kolektiboaren aurreakordioa

2024-2026 iraunaldia izango duen akordioak ez die erantzuten sektoreko langileen benetako beharrei, eta ez ditu behar bezala jasotzen negoziazioan planteatutako aldarrikapenak.

Hitzarmena sinatu eta argitaratzen denerako, amaitzear egongo da aipatutako hitzarmenaren indarraldia; izan ere, 2026ko abenduaren 31n amaituko da. Gainera, LABen uste dugu hitzarmenaren edukiak motz geratzen direla eta ez dakarrela sektoreko lan-baldintzak duintzen dituen benetako aurrerapausorik.


Urteko lanaldia 2026an 5 ordu baino ez da murrizten, eta 1.726 ordutan geldituko da. Kopuru hori oso urrun dago LABek defendatutako aldarrikapenetatik eta kontziliazio hobea eta lan-baldintza duinagoak lortzeko benetako beharretik.


Zaharkituta geratu ziren lanbide-kategoriak ezabatu dira, eta hori urrats positiboa da. Hala ere, salatzen dugu oraindik ere badaudela prekarizatutako kategoriak. Hiru urtetan KPIaren igoera sinatu da. Hala ere, kategoria batzuetan soldatak gure gutxieneko soldataren aldarrikapenetik behera gelditzen dira.


Garraio-plusaren hobekuntza positiboki baloratzen dugu LABen; izan ere, sindikatuaren aldarrikapenetik atera da. Hala ere, ezin dugu onartu hobekuntza honen aplikazioa hitzarmenaren publikazioarekin lotuta egotea; hau da, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean publikatzen denean hasiko da aplikatzen. Ondo bidean, 2026ko udaren ondoren.

Sinadura hau berandu dator eta ez die sektorearen beharrei erantzuten. LABetik lanean eta borrokan jarraituko dugu lan-baldintzak benetan hobetuko dituen, lanaldia nabarmen murriztuko duen eta Gipuzkoako Pastelgintza eta Gozogintzan oraindik dagoen prekarietatea amaituko duen hitzarmen baten alde.