2025-12-14
Blog Page 6

Lanuzteen iragarpena EHUko azpifinantzaketa dela eta

Eusko Legebiltzarrean 2026ko EAEko aurrekontuak eztabaidatzen ari diren aste hauetan ezinbestekoa da berriro ere unibertsitate publikoaren azpifinantzaketa agerian jartzea. Izan ere, 2026rako EHUra bideratutako finantzaketa zertxobait igotzea aurreikusten bada ere, EHUko beharrak betetzetik oso urrun egoten jarraituko du, baita USLOk helburu moduan markatutako BPGren % 1etik ere. 

Atzo, EHUko Klaustroaren aurretik, LAB, STEILAS, ELA eta CGT/LKN sindikatuok EHUk pairatzen duen azpifinantzaketa salatu genuen. Ondoren, helburu berberarekin EHUko komunitatea osatzen duten kolektibo ezberdinetako kideek aurkeztutako adierazpena onartu zuen Klaustroak. Bertan, finantzaketa urriagatik EHUk esparru askotan dituen arazoak deskribatzen dira, eta, gabezia horiei erantzuna eman eta unibertsitate publikoak euskal jendarteari eskaini behar dion zerbitzu publikoa ahalik eta modu eraginkorrenean garatu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzari EHUrekiko finantzaketa nabarmen handitzea eskatzen zaio.

Unibertsitate publikoarekiko utzikeria interesatua dagoela berretsi behar dugu, EHUk dituen gabezi endemikoei aurre egitea ahalbidetzen ez duena

EHUko irakasle-ikertzaileon oinarrizko soldatak bigarren hezkuntzako irakasleen oinarrizko soldatak baino baxuagoak dira, eta kolektibo honek gainera, azken urteetan galera nabarmena jasan du erosahalmenean; 2008tik hona KPIa % 46,6 igo den arren, irakasle agregatu eta unibertsitate titularren soldatek % 24,3ko galera izan dute ordudanik, eta horri, 2006an sortutako osagarriak gaur egun oraindik izoztuta mantentzen direla gehitu behar zaio. 

Gainera, prekarietate egoera lazgarriak ditugu oraindik. Ordezko irakasleak arduraldi osoan kontratatu ahal izateko bidea topatu bada ere, arduraldi partzialean jarduten duten irakasleek 400-800 € kobratzen jarraitzeaz gain, ez zaizkie aitortzen beraien jardunerako ezinbestekoak diren eta egiten dituzten hainbat lan. Horrek guztiak ez du lanbide hau interesgarria egiten, eta, gero eta irakasle lanpostu gehiago geratzen dira hutsik; horrek epe ertainean sail batzuetan irakasle nahikoa ez egotea ekarri dezake. 

Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen (TEKAZELen) erosahalmenaren kasuan berriz, %18,2 galera jasan du azken 15 urteetan. Gainera, zerbitzu edota unitate askok langile gehiago behar dituztenez, gero eta zailtasun gehiago dago ordezkapenak betetzeko – gogoratu, IRI/TEKAZEL ratioa Europako beste herrialdeetan 2koa den bitartean, EHUn 2,76koa dela – eta horri guztiari, ordainsari-maila baxueneko lanpostuak berrikustea premiazko kontua dela gehitu behar zaio. TEKAZELen lana irakaskuntza, ikerketa eta gainerako aktibitateak era egokian garatzeko ezinbestekoa da, eta horrexegatik da garrantzitsua kolektibo honi ere soldata- eta lan-baldintza duinak bermatzea. 

Unibertsitate publikoak euskal jendartearen formazioa, ikerketa edota ezagutzaren transferentziaren beharrei erantzun ahal izateko, lan-baldintza duinak eta plantilla egokia izatea, promozionatzeko eskubidea bermatzea edota langileak zaintzea ezinbestekoak dira.

Era berean, errektoretza taldeari EHUrako beharrezkoa den finantzaketa lortzeko jarrera irmoa exijitzen diogu. EHUko zuzendaritzaren erantzukizuna baita Eusko Jaurlaritzaren aurrean, jendartearen zerbitzura dagoen unibertsitate publikoaren beharrei erantzuten dien finantzazioa kemenez defendatzea. 

Jaurlaritzak EHUra bideratzen duen dirua gutxiegi da oraindik, eta, Unibertsitate Sistema Lege Organikoak markatzen duenetik urruti dago. Gainera, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak egindako adierazpen batzuen arabera ez dago legeak esaten duen horretara gerturatzeko asmorik. Europako hainbat estatuetan unibertsitate publikoen finantzaketak BGParen %1a gainditzen duen bitartean, ardura hori dutenak kontzienteki ari dira gurean oraina eta etorkizuna kolokan jartzen.

Aldi berean, hezkuntza unibertsitarioaren eredu elitista sustatuz, alfonbra gorria jartzen die Jaurlaritzak unibertsitate pribatuei. EHUko langileen ahaleginak dira guztion itsasontzi indartsua izan beharko litzatekeen hau ez hondoratzea lortzen dutenak. Izan ere, unibertsitate pribatuen flota gero eta anitzagoa izatearen erantzule zuzenak dira instituzioak; EHUri ez bezala, azken hauei – zuzenean edota ez zuzenean – finantzatzeko erraztasun guztiak ematen baitizkiete

Horregatik guztiagatik, LAB, STEILAS, ELA eta CGT/LKN sindikatuok beste urrats bat emango dugu. Hala, alderdi politiko guztiei, euskal jendarteak behar duen unibertsitate publikoa defendatu eta beharrezkoa duen finantzaketa bermatzea exijitzeko mobilizazioak deituko ditugu. Eskaera hau, EHU indartzeko edo ahultzeko abagunea duen Eusko Jaurlaritzari eta bereziki Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuari egiten diogu. Horretarako, abenduaren lehenengo astean, campus guztietan ordubeteko lanuzte eta kontzentrazioak egingo ditugula iragarri nahi dugu. Abenduaren 1ean Leioan, 2an Donostian, 3an Gasteizen eta 4an Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean, Bilbon, egingo ditugu lanuzteak 11:00etatik 12:00etara, eta, kontzentrazioak 11:15etan izango dira. EHUko kideok badugu eskaera hau ozen adierazteko garaia! 

Unibertsitate publikoaren defentsan, EHUrako beharrezko finantzaketa bermatu!

Langile elkartasuna Palestinarekin: CAF eta Salam Gazak elkarlanean, Gazara ur edangarria iristeko

Palestinan bizi den egoerak kezkatzen gaitu oraindik ere. Nazioarteko komunitatearen borondate faltak eta interes desberdinek ez dute inola ere bultzatzen Palestinako herriarentzako irtenbide politiko integral eta iraunkorrik. Israelek bere kolonizazio-politikarekin jarraitzen du eta, zoritxarrez, Gaza eta Zisjordaniako egoerak ez ditu jada prentsa-titularrak betetzen eta bigarren plano batera pasatzen hasi da.

CAFek, ehunka enpresak bezala, estatu sionistarekin merkataritza harremanetan jarraitzen du, eta horren erantzukizuna administrazio eta patronal desberdinena da. Langileoi dagokigu harreman komertzial horiek ez normalizatzen jarraitzea, eta Palestinako herriari gure babesa eta elkartasuna erakusten jarraitzea.

Zentzu horretan, CAFeko Enpresa Batzordeetatik, berriro ere dei egin nahi diegu langileei Palestinarekin keinu solidario bat egiteko. Oraingoan, Salam Gaza erakundearekin elkarlanean, diru-bilketa bat bultzatuko dugu ur edangarria lortzeko, zuzenean Gazara bideratuko dena. Salam Gazak lanean jarraitzen du Gazako bost GGKE gazatirekin elkarlanean, hondamendiaren erdian dagoenari zuzen-zuzenean laguntza irits dadin, inolako bitartekaritzarik gabe. Azken asteetan lortutako akordio bati esker, Gazan geratzen den ura potabilizatzeko enpresa bakarrarekin elkarlanean, 600.000 litro ur banatuko dira bi hilabetetan. Zenbaki hutsetatik harago, hori milaka pertsonaren eguneroko biziraupenerako arnasa da.

Salam Gazak bere jardunaren gardentasuna ere azpimarratzen du: eginiko banaketa guztiek eguna, irudiak eta lekukotasunak dituzte, eta laguntza ematen duen orok badaki bere ekarpena zertara bideratzen den. Elkartasunak konfiantza ere elikatzen baitu, eta Gazara ez doa soilik laguntza materiala: doan duintasuna eta egia ere bada.

Hala, Gabonetara arte, CAF taldeko langile guztiei dei egingo diegu beren aletxoa, edo kasu honetan ur tanta, jar dezaten, GAZAko herriaren biziraupenari laguntzeko.

Keinu honekin, ekintza humanitario praktiko bat egiteaz gain, Palestinaren egoerari ikusgarritasuna ematen jarraitu nahi dugu, CAFi lotutako proiekzio sozial eta mediatikoaren bidez. Gogoratu behar dugu CAFeko zuzendaritzak Israelekin duen lankidetzak, Nazio Batuen adituen arabera, legez kanpoko asentamenduak sendotzen laguntzen duela; horren aurrean, langileek justiziaren eta bizitzaren aldeko jarrera hartzea garrantzi politiko eta sinboliko handiko keinua da.

Palestinaren egoera ezin da ahaztu. Eta Salam Gazak dioen bezala, harik eta gazatar pertsona bakar bat ere bere etxean bizirauten segitzen duen bitartean, elkartasuna bizirik mantentzea dagokigu. Horregatik, gaurko keinu honetatik harago, beste enpresa batzorde, sindikatu eta herritarrei gonbita luzatzen diegu elkartasun-kate honetan parte hartzera. Ekarpen bakoitzak balio du; ur tanta bakoitzak balio du; elkartasun keinu bakoitzak balio du. 

LABek erantzukizuna eskatu die alde guztiei, Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren negoziazioen atarian

Azaroaren 26an osatuko da Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren negoziazio mahaia, eta sektorea aktibatu eta antolatuko du LABek, sektoreko 59.000 langileen baldintzak hobetzeko.

Heldu den asteazkenean eratuko da Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren negoziazio mahaia. 59.000 langileri baino gehiagori eragiten die hitzarmen horrek, eta, beraz, garrantzi handiko hitzarmena da; ez bakarrik eragiten dion jende kopuruagatik, baizik eta baita Bizkaiko industriaren zutabe den metalgintzaren gutxieneko baldintzak zehaztan dituelako ere.

Negoziazio mahaiaren bileraren bezperetan, agerraldia egin du LABek Bilbon. “Negoziazioa ez da azaroaren 26an hasten; aspaldi hasi zen”, ohartarazi du Iratxe Azkue Bizkaiko Industria Federazioko arduradunak: “Hilabeteak daramatzagu prestatzen, barne antolaketa bultzatzen, testuingurua aztertzen eta estrategia kolektibo bat fintzen, negoziaziora behar den seriotasunarekin eta indarrarekin iristeko”.

Izan ere, Bizkaiko metalgintzako hitzarmenak “lurzoru komuna” jartzen du, Azkuek azpimarratu duenez. Hitzarmenak gutxieneko baldintzak bermatzen ditu gutztientzat: enpresa handietan daudenentzat, kontratu finkoa dutenentzat, behin-behinekoa dutenentzat, sektorekoaren menpe daudenentzat… “Gehien behar dutenak” babesten dituela ere gogoratu du: ordezkaritza sindikalik ez duten enpresetan lan egiten dutenak, isolatuago daudenak, irteteko baldintza okerragoak dituztenak… “Hitzarmen indartsu bat orekarako eta justiziarako tresna da”, nabarmendu du.

Hitzarmen indartsua, baian, sektorearen aktibazioaren eta antolakuntzaren bidez baino ezin daitekeela lortu ohartarazi du Industria Federazioko arduradunak: “Negoziazio honen indarra ez dago mahaian gertatzen den guztian bakarrik. Indarra lantokietan dago, jendearen inplikazioan, behar denean kolektiboki erantzuteko gaitasunean. Hori da gakoa, eta hori izan da beti gure indargunerik handiena”.

Negoziazioa ez dela erraza izango aurreratu du Azkuek: “Badakigu frenoa jarri, luzamenduetan ibili, zalantzak sortu eta zatiketak sortzeko saiakerak egongo direla”. Horregatik, erantzukizunerako dei zuzena egin die negoziazioan parte hartuko duten alde guztiei: “Momentuak eskatzen duen mailan egon daitezela”. Eta erantsi: “Uler dezatela hemen ez gaudela interes korporatiboak defendatzeko, baizik eta milaka langileren lan eta bizi baldintzak hobetzeko. Hori da helburua. Hori da konpromisoa. Eta horrek gidatu behar du negoziazio hau”.

Indarrarekin eta koherentziaz” jarduteko deia

Berritutako azken bi hitzarmenei eta horiek lortu arteko negoziazioari ere erreparatu die Azkuek. 2019an, 10 greba egunen ondoren, hitzarmena berreskuratzea lortu zutela gogoratu du. “Garaipen kolektiboa izan zen. Eskubideak berreskuratzea eta sektoreak gehien behar zuen horretan aurrera egitea ekarri zuen”, azpimarratu du. Handik hiru urtera berritu zen hitzarmena, 11 greba egunen ondoren, eta inongo edukitan ez zela atzera egin oroitu du Azkuek, “sektorea tinko, bat eginda eta helburu komun batekin mantendu zelako”.

Bi hitzarmenen negoziazioetan FVEM patronala testuinguruaz aprobetxaten saiatu zela salatu du Azkuek, “eskubideak murrizteko”, eta orain ere gauza bera egiten saiatuko dela ohartarazi du. “Bizkaiko metalgintzako patronalaren borondaterik eza ezagutzen dugu, aurrekoak zatitzeko ahaleginak eta higatu eta agortzeko joera hori. Lehenago bizi izan dugu, eta berriro ikusiko dugu”. Horren aurrean, baina, “indarrarekin eta koherentziaz” jarduteko deia berretsi du.

LABek eta ELAk hiru eguneko greba deialdia egin dute Sidenorren Gasteizko lantegian

Deialdiak 4 lankideren kaleratze bidegabeari erantzuten dio, eta langileok berriz onartzea exijitzen du.

LABek eta ELAk grebara deitu dute Gasteizko Sidenorren azaroaren 26rako eta 28rako eta abenduaren 2rako. Neurri horren helburua da guztiz neurrigabea den egoera ikusaraztea, kaleratutako pertsonei elkartasuna adieraztea eta langileei astakeria horri erantzuteko aukera ematea; noski, kaleratuak berriz hartzeko exijitzeaz gain.

Langile horiek, beren arduradun zuzenarekin batera, beren kategoriaren gaineko funtzioak egiten ari zirela ulertuta, urtarrilean plus bat jasotzen hasi ziren, eta 6 hilabeteren ondoren finkatu egin zen plus hori. Bada, abuztuan ordaintzeari utzi zioten, irailean kendu zuten, eta urriaren hasieran jakinarazi zitzaien nominatik kenduko zietela. Baina kontua ez da hor amaitu. Enpresak espedientea ireki zien urriaren amaieran, eta azaroaren hasieran kaleratu egin zituzten.

Bi sindikatuek asteak daramatzate UGTk CCOOrekin elkarlanean zuzentzen duen batzordea kaleratze horiei buruz posizionatu dadin eskatzen, baina haiek egin duten gauza bakarra izan da enpresaren bertsioa erreproduzitzea eta berriro onartzeko aldarrikapena sustatzen ari direnei eraso egitea; denboraleari aurre egiteko, denbora pasatzen utzi dute, gertatutako guztia azaltzeko batzar orokor bat egiteari berriro uko egiteraino. Enpresa horretan urteak daramatzate, hamarkadak ez badira, ezin demokratikoagoa den batzarra egin ezinik. Ez dute maila eman. Ez dute irtenbiderik bilatu. Beren burua justifikatzea bilatu dute, posizionatu behar ez izateko eta plantillaren zein enpresaren aurrean agerian geratzea saihesteko. Azken batean, kaleratuak gutxi axola zaizkie, edo ezer ez. Enpresak, premiazko bileraren eskaerari erantzunez, gaurkoan adierazi du gaia Estatu mailako Akordio Markoaren batzorde batean tratatu behar dela, non LABek eta ELAk ezin dugun parte hartu. Espero dugu UGT eta CCOOk, koherentzia minimo batekin, adieraz dezatela soilik Gasteizi eragiten dion egoera, hemen tratatu behar dugula.

Hori dela eta, batzordea ezer egiten ari ez dela eta, ELAk eta LABek batera batzar irekiak deitu behar izan dituzte, eta bertan greba horietara deitzea erabaki dute.

Jazarpen sindikal eta eraso kasu argi baten aurrean gaude. Ezin da izan ohiko bideetatik kategoria bat eskatu duten pertsona batzuk, enpresaren maila desberdinetan hilabeteetan baliozkotu direnak, orain kalean egotea, dagokiela uste dutena erreklamatze hutsagatik.

Azkenik, azaroaren 26an, grebaren lehen egunean, 10:00etan, lantegiko atearen aurrean egingo den prentsaurrekoan parte hartzeko deia egiten die LABek eta ELAk langileek. Bertan, kaltetuek beraiek hartuko dute hitza.

LABek Barakaldoko udal gizarte zerbitzuen kolapso larria salatu du

LABek Barakaldoko Udalean duen atal sindikalak udaleko gizarte-zerbitzuak jasaten ari diren narriadura sakona salatu du. Sindikatuaren ustez, egoera hori jasanezina da eta herritarrek jasotzen duten arreta larriki konprometitzen du. LABek azpimarratu du kolapso hori ez dela une puntual batzuen ondorioa, baizik eta funtsezko zerbitzua emateko ordezkapenik, errefortzurik eta gutxieneko baliabiderik ezaren ondorio zuzena dela.

Barakaldoko Udalean, ia gizarte zerbitzu guztietan, jasangaitzera hurbiltzen ari den egoera bizitzen ari gara. Narriadura hori ez da kasualitatea, ezta saihestezina ere: hutsik dauden lanpostuak eta bajan edo baimenduta dauden langileak ez ordezkatzeko udalak duen politikaren ondorio zuzena da. Egoera horren ondorioz, langileek etengabeko gainkarga-baldintzetan lan egin behar dute, eta larriki murrizten dute herritarrei arreta egokia emateko gaitasuna.

Oinarrizko hainbat gizarte-zerbitzutan hiru administrarik lan egin beharko lukete. Hala ere, praktikan bakarra dago, eta une batzuetan bat ere ez. Horren ondorioz, itxaron-gelak ordu luzez betetzen dira, eskaerak ezin dira izapidetu eta gizarte-langileek administrazio-lanak egin behar dituzte erabateko blokeoa saihesteko. Gainkarga horren ondorioz, bereziki sentikorrak diren espedienteak geldirik geratzen dira astez edo hilabetez, genero-indarkeriaren kasuak, arriskuan dauden adingabeak, mendekotasuna eta bazterkeria-egoera larriak barne. LABen ustez, errealitate hori erakundeen akatsa da, eta babesik gabe uzten ditu pertsona ahulenak.

Laguntza Ekonomikoen Saila ere egoera kezkagarrian dago. Otsailetik azarora bitartean, hiru mila hitzordu baino gehiago erregistratu ziren Gizarte Larrialdietarako Laguntzak kudeatzeko, atzerapen luzeekin eta ekainetik egiteko dauden eskaerekin. Langile faltak eta Udalak administrari-langileen karrera profesionala ez aitortzeko duen jarrerak, saturazio maila batera eraman du arloak, eta horrek laguntza horiek josotzeko zain daudenen egoera larriagotu egiten du.

LABek irmoki arbuiatzen du Udalaren azalpena, zeinaren arabera lan-poltsetan ez dagoela pertsonarik eskuragarri. Sindikatuaren ustez, baieztapen horrek udalaren plangintzarik eza estaltzen du eta lan-baldintzak degradatzearen ondorioz, langileak sartzea zailtzen du. LABen iritziz, krisi hau gizarte-zerbitzu sendoa, baliabide egokiz hornitua eta plantilla duinak bermatzeko borondate politiko faltaren ondorio zuzena da.

Sindikatuak honako hauek eskatzen ditu: absentzia guztiak berehala estaltzea, lantaldeen errefortzu egonkorra, Laguntza Ekonomikoen sailaren kolapsoa premiaz konpontzea eta Barakaldoko gizarte-zerbitzuen funtsezko balioa aitortzea. LABek premiazko bilera eskatu du dagoeneko Gizarte Ekintzako zinegotziarekin eta Gizarte Kohesioko zinegotziarekin, bere kezka adierazteko eta berehalako konponbideak eskatzeko. Sindikatuak erantzunaren zain jarraitzen du.

LABek gogorarazi du gizarte-zerbitzuak defendatzeak eskubideak eta duintasuna defendatzea esan nahi duela. Eta ohartarazi du ez duela onartuko zerbitzu hauek hondatzen eta eraisten utziko.

LAB, ESK, STEILAS, EHNE Etxalde, HIRU eta CGT Nafarroak iazko lan heriotza kopurua gainditu dela salatzeko ekimenak egin dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Urtea oraindik bukatu ez denean, 65 langile dira aurten lan istripuetan hildakoak, iaz baino bat gehiago.

Heriotz zerrendak ez du etenik. Datuek erakusten dute, urtez urte, lan osasunean, aurrerapausoak eman beharrean, atzera goazela. Iaz urte osoan 64 langile izan ziren hildakoak, eta aurten jada gainditu da kopuru hori, azken 24 ordutan izan diren bi heriotzekin. Egoera egonkortze bidean zen arren, azken urteotan lan istripuen eta istripu hilgarrien joera goranzkoa izaten ari da.

Egoera ilunena Nafarroakoa da. 2024ak 17 hildako utzi zituen, eta aurten, dagoeneko, 21 zenbatu dira. Hau da, aurten, abuzturako, dagoeneko iazko hildako kopurua gainditu du Nafarroak.

Datu ofizialek enpresek komunikatutako istripuak soilik jasotzen dituzte, baina badakigu enpresa askok istripu arinak ez dituztela komunikatzen, eta, hori gutxi balitz, mutualitateetako medikuek istripuen larritasuna determinatzeko gaitasuna dute, eta datuak leuntzeko joera agerikoa dute. Bestalde, prebentzio faltak Euskal Herrian eragindako istripu hilgarri asko ez dira datu ofizialetan jasotzen, langile horiek kanpoan zeudelako altan emanda. Beste kasu batzuetan, istripu hilgarri batzuk ez dira laneko istripu bezala aitortzen, trikimailu juridikoak tarteko. Datu ofizialen atzean, beraz, errealitatea ezkutatzeko jarrera argia dago.

Horren guztiaren aurrean, sindikatuok behin eta berriz adierazi dugu arduradun argiak daudela. Lehenik eta behin, patronala. Orain 30 urte argia ikusi zuen prebentzio araudiak, baina ez betetzea orokortua da patronalen aldetik. Berriki Nafarroako Gobernuak argitaratutako ikerketa batek araudiaren ez betetzea enpresen %80ean kokatzen du. Jarraian instituzioak eurak daude; horiek ez dute bitartekorik jartzen araudia betearazteko. Erabaki politikoa hartua dute patronala lasai uzteko eta bere inpunitatea betikotzeko. Osalan zein NOPLOI aholkularitza entitate bilakatu dituzte, patronalaren lasaitasunerako.

Langile klasea da inpunitate hori pairatzen duena. Aurten, dagoeneko, hildako 65 langile utzi ditu. Bitartean, hildakoak eragiten dituen patronalak, absentismoaren eztabaida maltzurra darabil, prebentzio faltak osasunari eragindako kaltea langileriari berari egotziz.

Intersindikaletik irmo jarraituko dugu lanean, kaleak erabiliz gizarteari erakusteko nortzuk diren honen guztiaren arduradunak. Gure indarra baliatuko dugu eztabaida antzuak deuseztatu eta lan osasunerako bermeak exijitzeko.

Zerbitzu publikoetan euskaraz lan egin eta bizi ahal izateko lege bermeak lortzeko, ofentsibara joko du LABek

LABek irailean administrazio publikoa euskalduntzearen alde hasitako mobilizazio dinamikan beste urrats bat egingo du, ELArekin elkarlanean. Abenduaren 16an mobilizazioa egingo du Iruñean, eta abenduaren 17an Gasteizen.

Azken urteetan Hego Euskal Herriko zerbitzu publikoak euskaraz eskaintzearen eta lantokietan euskaraz lan egin ahal izatearen kontrako oldarraldi politiko eta judiziala bizi dugu. Eraso horien aurrean, LAB beste sindikatu eta euskalgintzako eragileekin mobilizatzen aritu da. Erantzun dinamika horretan jauzi bat eman beharra zegoen, eta irailean ofentsibara joateko erabakia iragarri zuen. Orain, euskararentzat berme juridikoak lortzeko ofentsiba horretara pasatzeko garaia da.

LABek zerbitzu publikoak euskalduntzeko lan eta mobilizazio eskerga egin du, bai administrazioan, baita azpikontratatutako eta itundutako eremuetan. Proposamen orokorragoak ere egin ditu; LABek, Euskalgintzaren Kontseiluarekin eta ELArekin batera, administrazio publikoak 15 urteko epean euskalduntzeko proposamena aurkeztu zuen. Instituzioen erantzuna hutsala edo okerrera egitea izan da. Oldarraldi judizialak administrazioa euskalduntzea oztopatzen du, eta, kasu batzuetan, administrazioetako agintariek euskalduntzean atzera egiteko erabakiak hartzen ari dira.

Horrela, LAB dagoeneko mobilizatzen hasia da, eta egiten diren erasoei erantzuten jarraituko du aurrerantzean ere. ELArekin dagoeneko adostasun batera iritsi da mobilizazio dinamika berri honetan ofentsiban aritzeko, langileen aktibazioan sakonduz interpelazioan beste urrats batzuk egiteko. Eremu bakoitzeko egoera eta interpelazioak kontuan edukita, ikasturte osoan Hego Euskal Herrian hainbat mobilizazio izango dituen dinamika izango da, sektore publiko osoari eragiten diona (lokala, forala, autonomiko-forala, estatuko administrazioa, enpresa publikoak…), azpikontratatutako eremuak barne.

Dinamikak aldarrikapen zehatzak izango ditu.

Hego Euskal Herrirako aldarrikapenak:

  • Euskararen kontrako epaiak salatzea. 
  • Administrazio publikoan euskara eta gaztelaniaren ezagutzaren beharra parekatzea.
  • Hego Euskal Herriko administrazioak erabat euskalduntzeko plangintzak adostea, baliabideak eta epeak adostuz, lanpostuak behar duen ezagutza nahikoa bermatuz eta euskaraz lan egin ahal izateko plangintzak eginez.
  • Erabiltzaileek euskara zerbitzu hizkuntza gisa izateko eskubidea bermatzea.
  • Pribatizatutako-itundutako eremuetan langileak euskaraz lan egiteko eskubidea eta erabiltzaileek euskaraz artatuak izateko eskubidea bermatu daitezen, zerbitzua ematen duten enpresei euskara planak egiteko derrigortasuna ezartzea plegu bidez. Hau da, hizkuntza klausulen bidez. 

Nafarroarako aldarrikapenak:

  • Euskararen lege berri baten beharra aldarrikatzea, lurralde osoan ofiziala izan dadin behingoz. 
  • Lege berria egon bitartean, erabiltzaileentzat euskara zerbitzu-hizkuntza izateko eskubidea derrigorrez bermatzea euskara ofiziala den eremuetan. Bestetik, euskara ofiziala ez den eremuetan, euskararen ezagutza meritu gisa ezartzea.
  • Diskriminazioarekin amaitzea. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina delakoaren 33. artikulua bertan behera uztea.
  • Langile publikoen estatutu berriak euskaraz lan egiteko eskubidea eta euskara zerbitzu-hizkuntza izateko eskubidea bermatzea.
  • Lanpostu berri guztiek hizkuntza eskakizuna izatera bidean, urtero portzentaje bat adostea, administrazioan euskara profila duten plaza kopurua handituz.

EAErako aldarrikapenak:

  • Lege aldaketaren bidez administrazio publikoan euskara eta gaztelaniaren ezagutzaren beharra parekatzea.
  • Lanpostu guztiek hizkuntza eskakizuna izatea eta derrigorrezko data jarrita izatea. 
  • Lanpostu berriei dagokienez, derrigortasun data iraungita egotea lanpostua hartzeko momentuan.

Lehen ekimen moduan, Hego Euskal Herriko bi legebiltzarrak ekimenak interpelatuko ditu LABek, ELArekin batera. Izan ere, administrazioaren euskalduntzean aurrera egiteko bestelako lege batzuk beharrezkoak dira; segurtasun juridikoa beharrezkoa da. Hortaz, abenduren 16an Iruñean elkarretaratzea egingo dute (11:00etan Nafarroako Parlamentuaren aurrean), eta abenduaren 17an Gasteizen mobilizazioa egingo dute (11:00etan Bilbo plazatik Eusko Legebiltzarrera), Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatu. Euskararik gabe, kalitatezko zerbitzu publikorik ez lelopean.

Langileak eta lan zentroak aktibatuko ditu LABek. Aldaketa legalak egiteko garaia da. Administrazio publikoa euskalduntzearen aldeko lege bermeek mobilizazio soziala eta euskal langileen aktibazioa eskatzen dute, eta, horregatik, mobilizazioak areagotzeko garaia dela berretsi du LABek, bestelako borroka moldeak baztertu gabe. 

Franco hil eta 50 urtera, orduan egin ez ziren aldaketa politiko eta sozialak lortzeko borrokan jarraitzen dugu

Francoren heriotza itxaropenez jaso zuen euskal langileriak. Nazio eta klase bezala zanpatu zituen 40 urteko diktadura pairatu ondoren, euskal langileek lan eta bizi baldintza duinak, askatasun sindikalak eta erabateko demokratizazioa aldarrikatzen zituzten.

Alta, elite frankistak diktaduran zehar pilatutako ondasunari eta botereari eusteko “trantsizioa” jarri zuen martxan. Horrela, sindikatuak legeztatu baziren ere, Euskal Herriaren autodeterminazio eskubideari muzin egin eta oligarkiaren nagusitasuna bermatu zuen trantsizioak. Francok izendatutako Juan Carlos I.a bilakatu zen estatuburu, eta, ondoren, haren seme Felipe II.a.

Sindikatu gehienak, ñabardurak ñabardura, trantsizioak ezarritako jokalekura egokitu ziren. Ez zen hori izan LAB jaio berriaren hautua. Sindikalismo soziopolitiko, kontraboterezko eta independentistari eutsi zion LABek.

Zorionez, urtetako lanak eta borrokak emaitzak eman ditu. Orduan eman ez ziren aldaketa politiko eta sozialak ematea aldarrikatzen du gaur euskal sindikalismoaren gehiengoak: Euskal Herriaren aitortza nazionala eta erabakitzeko eskubidea; Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua; eta eredu sozioekonomiko feminista eta ekosozialista baterako trantsizioa.

Horiexek dira gure aldarriak Franco hil eta 50 urtera. Eta orain arte bezala aurrerantzean ere, borroka da aldaketak eragiteko bidea. Dena aldatu nahi dugu, dena aldatzera goaz!

LAB ez da Arabako Foru Aldundiak deitutako berrindustrializazio mahaira joango

Arabako Foru Aldundiaren eskaeraz, LABek bilera bat izan du gaur, erakunde foralarekin. Bilera horren ondoren, LABek publikoki jakinarazi nahi du ez dugula datorren azaroak 26rako deitutako Aiaraldeako berrindustrializazio mahian parte hartuko. Erabakia, gardentasun ezaren, deialdiaren formaren, eta espazio horren helburuari buruzko benetako bermerik ez egotearen ondorio da.

1. Deialdi opakoa eta oinarrizko informaziorik gabea

LABek salatzen du mahaiaren deialdia egin dela:

  • Aurrez eskualdeko sindikatu eta eragileei inolako informaziorik eman gabe. Komunikabideen bidez jakin genuen.
  • Ondoren gonbidapena bidali zen, posta elektroniko orokor baten bidez, nahiz eta Aldundiak harreman zuzena eta jarraitua izan Aiaraldeako liberatuekin.
  • Gaurko bilerara arte ez zaigu eman ezinbesteko informazioa: zein eragile dauden deituta, zein den gai ordena, zer metodologia proposatzen den eta zein den bileraren helburu zehatza.

Jarrera hauek behin eta berriz erakusten dute seriotasun eta errespetu falta osoa, urteak daramatzagunean Aiaraldeako industria eta enplegua defendatzen.

2. Benetako konpromiso baten ordez, irudi garbiketa dirudien prozesua

Aldundiak mahai hau deitu du eskualdean itxieren eta kaleratzeen inguruko kezka soziala handitzen ari den testuinguruan, bitartean:

  • Ez du esku hartu Maderas Llodioko iragarritako 35 kaleratzeak eta produkzioaren deslokalizazioa saihesteko.
  • Ez zuen esku hartu Tubacex, Glavista edo Guardian bezalako gatazketan, eta, gainera, langileei eta eskualdeari egotzi zien inbertsio faltaren ardura.

LAB ez da sartuko berandu jaio, eduki barik eta enplegua defendatzeko borondate argirik gabeko espazio batean. Etorkizunaz hitz egin aurretik, gaur gertatzen ari denari erantzun behar zaio. Maderas Llodion berehalako esku hartzea eskatzen duen egoera dago. Ezin da konfiantza eskatu eskualdeko enplegua erortzen uzten den bitartean.

3. Eskualdeko Plan Estrategikoari eta Berehalako Jarduketa Planari buruzko azalpenik gabe

Gaurko bileran, 2022an egin ziren Eskualdeko Plan Estrategikoaren eta Berehalako Jarduketa Planaren inguruan galdetu du LABek; biak 41 milioi euroko aurrekontuarekin egin ziren, baina gaur egun ez dira garatu eta ez dira behar bezala hornitu.

Aldundiak ez du bermerik eman mahai berriak lan horiei jarraipena emango dienik edo urteetan pilatutako utzikeria instituzionala zuzenduko duenik. 

4. Gutxieneko baldintzak bete gabe

LABen ustez, Aiaraldearen etorkizun industriala definitzeko sortzen den edozein mahaik ezinbestean izan behar du:

  • Benetako gardentasuna.
  • Sindikatu, eragile sozialak eta enpresa batzordeetako parte hartze eraginkorra.
  • Erabaki ahalmena eta lan partekatua.
  • Aurrekontu konpromiso zehatza.
  • Enpleguaren defentsa aktiboa.

Gaur egun, baldintza horietako bat ere ez dago bermatuta.

5. LABek seriotasunez eta konpromisoz jarraituko du Aiaraldea defendatzen

LAB ez da azaroaren 26an joango, ez dugulako hutsik dagoen espazioa edo argazki instituzional bat legitimatuko.

Sindikatuak lanean jarraituko du eskualdearentzat benetako, parte hartzaile eta bermeak dituen prozesu baten alde.

Aiaraldeak ez du behar mahai artifizial bat: industria estrategia serio bat behar du, enplegua eta etorkizuna bermatuko dituena.