2026-04-12
Blog Page 599

Bost hilabeteko espetxe zigorra ezarri diete Huerta de Peraltan enpresa greba eskubidea urratzen ari zela salatzeko ekintza egin zuten bi sindikalistei

LAB sindikatuak epaiaren aurkako helegitea jarriko du, ostegun honetarako auto karabana antolatu du eta prekaritatearen kontra borrokatzen jarraituko duela berretsi nahi du.

La Sangiovesa eta Huerta de Peraltako lan gatazketan garatutako ekintza sindikalaren ondorioz egondako azken epaiketaren epaia atera da: 5 hilabeteko espetxe zigorra Huerta de Peraltako sarreran furgoneta aparkatu zuten bi sindikalistentzat. Ekintza horren bidez, greba eskubidearen urraketa salatu zuen LABek, Enpresak Murtziako eta Almeriako (Espainia) lehengaiak ekarri baitzituen grebaren eragina ahultzeko.

Aipatutako zigorra Fiskaltzak hasiera batean eskatutako 12 hilabeteko zigorra baino nabarmen txikiagoa da. Hala ere, beharrezkoa eta zilegia zen ekintza sindikal batek delituaren kalifikazioa jasotzea erabat salagarria da LABen iritziz. Lan baldintzak are eta gehiago prekarizatzearren, patronalak lan arloko legedia urratzen du etengabe, Lan Ikuskaritzak, Foruzaingoak edota Fiskaltzak ezer gutxi egiten duten bitartean; aldiz, aipatutako prekaritatea salatzen duten ekintza sindikalek bide penaletik jazartzen dituzte. Justiziaren “patronalizazioa” da hori.

LABek helegitea aurkeztuko du absoluzioa edo, gutxienez, gertakarien kalifikazioaren aldaketa -delitutik arau hauste administratibora- eskatuz. Era berean, ostegun honetako 12:00etan, Iruñeko Trinitarios dermiotik abiatuta, (in)Justizia Jauregia eta CEN patronalaren egoitza sinbolikoki lotuko dituen auto-karabana antolatu du.

Borroka Sindikala Aurrera kanpainan orain arte adierazi dugun bezala, ez dugu onartuko prekaritatearen aurka borrokatzen duten sindikalistak espetxeratzerik. Eta prekaritateak gehien zigortzen dituen sektore horiei antolakuntza eta ekintza sindikalerako tresnak eskaintzen jarraituko dugu. Lan eta bizi baldintzen prekarizazio prozesuari muga jartzeko garaia da, gizon-emakume orok lan eta bizi duina izan dezan borrokatzeko garaia da.

 

 

 

Emakumeen behin-behinekotasun eta partzialitate kontratazioetan oinarritutako enpresa politikekin bukatzeko exijitu dugu


Orozkoko Galletas Artiach enpresak kaleratutako emakume langileen afera dela eta, LAB sindikatuko ordezkariok, Idazkaritza Feministako kideok, tartean, agerraldia egin dugu emakumeen eskubideak aldarrikatzeko eta epaitegiek jakinarazi dituzten lehen epaien berri emateko: "Ez dugu onartuko lan munduan gure lekua bigarren mailakoa eta menpekoa izatea. Eskubide osoko langileak gara eta ez dugu onartuko kaleratzearen mehatxuarekin erantzutea eskubideak aldarrikatzen ditugun bakoitzean. Ez ditugu mehatxuak onartzen, eskubideak exijitzen ditugu".


Idazkaritza Feministako kideek egindako irakurketaz gain, LABeko ordezkariok Artiach-eko kaleratzeak direla-eta epaitegiak kaleratu berri dituen lehen epaien berri eman dugu.

Hain zuzen ere, LAB sindikatutik 2018ko maiatzean salaketa jarri genuen Lan Ikuskaritzan Galletas Artiachen gehiegizko behin behinekotasun kontrazioa salatzeko. Zehazki 7 langileren kasuak aurkeztu genituen, 6 eta 17 urte bitartean kateatutako hainbat kontratu zituztelako eta ez zietelako kontratu mugagabeak egiten.

Urtebete beranduago, 2019ko ekainaren 5ean, heldu zen Lan Ikuskaritzako txostena eta aurreikusten genuen bezala, errekerimenduak 7 langile horiei kontratu mugagabeak egiteko eskatzen zuen iruzur praktikak zirela medio. Galletas Artich zuzentzen duen Adams Foods enpresaren erantzuna, ordea, horietako 6 langile kaleratzea izan zen.

Pasa den urriaren 22an langile biren lehenengo ahozko-bistak ospatu ziren eta gaur bi epai desberdin ditugu esku artean, nahiz eta egoera berdinean egon betikotasun -kontratazio mota eta kontratazio iruzurra.

Lehenengo epaian baliorik gabeko kaleratzea baloratzen da oinarrizko eskubideak urratseagatik.

Bigarrenean, ordea, epaiak huts egiten du ETT eta Galletas Artiachen alde. Demanda iraungituta dagoelako, langile hori “lan egun pasiboetan” zegoelako, alegia.

Zer da lan egun pasiboa?
Hitzez hitz esango dugu epaiak dioena “frogatutako gertaera” atalean, 5. paragrafoan: “La operativa habitual de Galletas Artiach con respecto al personal eventual se basa en su gestión a través de ETT. Desde 2016, aquella se realiza a través de RANDSTADT. RANSTADT dispone de una bolsa de trabajadoras a las que recurre para dotarlo que la usuaria toma por necesidades eventuales. Estas trabajadoras se desempeñan bajo la disciplina de contrato eventual por circunstancias de la producción. Una vez que agotan la suma de 180 días de servicios prestados, pasan a una situación denominada “pasivo laboral”. En este contexto solo son llamadas para atender periodos de interinidad causados por personal con contrato indefinido.

Hau da, frogatutako gertaera da langileak lanik egin gabeko denboraldiak burutzen dituztela lege mugak burlatzeko eta kontratu mugagabeak sahiesteko nahiz eta egiturazko-lanpostuak izan. Denboraldi hori araututa dago iruzurra ekiditeko, baina justu arau hori da langileak babesgabetzen dituena.

Begi bistakoa da kasua, lotsagabea eta traketsa enpresaren jokabidea eta ausarta langileek erakutsitako jarrera. Era horretan lortu da epaile batek neurria baliogabea ebaztea kasu batean, baina agerian gelditu da beti ez dela horrela. Egoera berdinean dauden bi langileek ez dutelako trataera berbera jasotzen, eta arrazoia iruzurra gauzatzeko erabiltzen den forma bera da.

Hori dela eta, argi gelditzen da enpresaburuek era maltzur batean hartzen badituzte jarrera horiek instituzioen aldetik onespen edo baimena dutelako dela. Azken horiek, kapitalaren interesetara makurtu dira langile klasearen eskubideen kalterako.

Estutasunean bizitzera kondenatuak
Galletas Artiacheko kasuak argi eta garbi islatzen du estutasunean bizitzera kondenatutako pertsonen egoera, behin behinekotasun baldintzetan bizi diren langile askoren errealitatea da, hain zuzen ere.

Egoera horrek menpekotasuna eragiten du, baita ere beldurra eta enpresa askorentzat libre egoteak prekarizazioan sakontzeko ezinbesteko tresna.

Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu behin behinekotasunari buruzko propaganda-eslogana alde batera uztea eta neurri errealagak jartzea. Patronalari ez babestea eta behingoz langileriaren alde jartzea.

Arauak babesgabetasuna sortzen du langileentzat, eta axolagabetasuna eta permisibitatea Administrazioarentzat. Hori dela eta, LABetik berritsi egiten dugu sindikatuko estrategia: konfrontazioa ekintza sindikaletik bideratzea, langile klasearen lan eta bizi baldintzak duintzeko. Badakigu ez dela erraza, baina emakume hauek ongi erakutsi digute nola egin, batu eta borrokatzen.

Batasun hori eskualdeko enpresa askotako komiteetan ari da helarazten mozio bidez, hurrengoa eskatzen da:

1.- Adams Foods-ek zuzendutako Galletas Artiach enpresari Lan Ikuskaritzaren errekerimendua aintzat hartzea eta 6 langileak berriz onartzea kontratu mugagabeekin.

2.- Kontratu iruzurrekin eta gehiegizko behin behinekotasun kontratuekin bukatzea, baita ere ETT bidezko kontratazioarekin; eta eskatzen da enpresetan kontratazio gardenak edo argiak izatea.

3.- Eusko Jaurlaritzak ardura har dezala horrelako egoeretan, eta neurri zehatz eta eraginkorrak jar dezala iruzur kontratazioak eman ez daitezen.

4.- Kaltetuak izan diren emakumeek deitutako manifestazio deialdiarekin bat egitera hilaren 14an, arratsaldeko 19:00etan, Laudioko Lamuza plazatik hasita.

 

 

 

“Hitzarmena blokeatzen jarraitzen duzuen bitartean, Bizkaiko Metalgintzako langileok zuen enpresak blokeatuko ditugu”

0

Bizkaiko Metalgintzako langileek auto karabanak eta agerraldia egin dituzte gaur, patronalari ez ezik, hitzarmena bahituta duten enpresei ere mezu garbi bat luzatzeko: "Gaur, berriro ere, gure konpromisoa adierazten dugu Bizkaiko Metalgintzako hitzarmen duina lortu arte borrokan jarraituko dugula".

Hauxe da gaurko agerraldian LAB, ELA, CCOO, UGT, ESK, CGT, USO eta CNT sindikatuok irakurri dugun adierazpena:

Gaur, azaroaren 4ean, ACEROS INOXIDABLES OLARRA enpresaren aurrera etorri gara. Goizetik, atera gara SIDENOR eta ARTETXE enpresetatik kotxe karabanan eta, orain, hemen prensa deitu zaituztegu.

Haserre gaude, oso haserre. FVEMen estrategia ez dakigu zein den, baina bai lortzen ari dena; haserre gaude eta gero eta gehiago gainera. Azken mahaiko bileran, pasadan asteazkenean, negoziazio serio bati ekiteko aukera bertan behera utzi zuen. Azken greba egunetik hilabete pasa denean, mahai gainean mantentzen dituzte, oraindik ere, IT konplementuetarako edota malgutasunerako hasieratik dituzten neurri atzerakoiak, are, gehiago, soldata igoeratxo batekin soilik etorri ziren mahaira.

Guk negoziatzerik nahi ez dugula esan du behin eta berriro; bada, GEZURRA DA, ez ditugula gure posizioak mugitzen, GEZURRA DA. Hor dago, sindikatu bakoitzak 2018ko otsailean aurkeztu genuen plataforma eta aurtengo maiatzean adostasunez aurkeztu dugun berria. ASKO, gauza ASKO utzi ditugu denok atzean, akordiora gerturatzea helburu duen plataforma amankomuna aurkezteko, gauza ASKO utzi ditugu atzean.

FVEMek, ordea, 2018ko apirilean aurkeztu zuen bere lehen proposamena (nahiz eta orain 2019ko maiatzean hasi dituela negoziazioak entzun behar izan dugun), eta gaur egunera arte egin dituenen artean, azpimarratu nahi dugu, ATZERAPENAK MANTENTZEA DITUELA. Horrek negoziazio borondate falta argia adierazten du; lanean gaixotu edo istripu bat duenari ordaindu beharreko konplementua kentzea zer da? Borondatea edota borondate eza? ASKI DA!

Enpresa handi gutxi batzuek duten erabakitze boterea handiegia da; Industrias Turbopopulsores, Olarra, Sidenor edota Arteche bezalako enpresek, beste batzuen artean, Bizkaiko metaleko hitzarmena bahitu dute.

Aceros Inoxidables Olarrak, adibidez, 2018. urtean, 19.000.000 euroko irabaziak izan zituen eta ia dena dibidendoa izan da. Industrias Turbopropulsores (ITP) enpresak 2018an ia 61.000.000 eurotako irabaziak eduki ditu eta 23.000.000 euro baino gehiago poltsikoratu dituzte dibidendotan. Sidenorrek 2017. urtean 58.000.000 euro baino gehiago irabazita eta 2018. urtean 30.000.000 euro irabazitan eta ia 70.000.000 euro banatu zituen dibidendotan. Hiru empresa horietan emakumeen kontratazioa %7 eta %15 bitartekoa da. Sidenorren 30 enpresa daude azpikontratatuta, eta hauetan ia 400 langile daude (sektore guztietakoak) Behin behinekotasuna, Olarra, ITP edota Arteche bezalako enpresetan %10 baino altuagoa. Prekarizazioaren adibide argiak dira, poltsikoak bete eta langileen lan baldintza duinak ukatzen dituzte.

Eta, hain justu, horiek omen dira Bizkaiko Metaleko Hitzarmen duina ez sinatzeko eskatzen ari direnak. Informazio horrekin, gaur hemen gauden sindikatuok argi eta garbi galtzen dugu; zeri begira daude gainerako enpresa-buruak? Ados daude posizionamentu horrekin? Onartzeko prest daude?

Beraz, gaur, gure haserre guztia agerian utzi eta 5 ohar argi:

– FVEM utzi gezurrak esateari, negoziatzerik nahi ez duzun bakarra zu zara!
– ARTECHE, OLARRA, SIDENOR, ITP… eta hitzarmen hau bloketatu nahi duzuen enpresa guztiei; ez dizuegu onartuko! Zuek hitzarmena blokeatzen jarraitzen duzuen bitartean, guk zuen enpresak blokeatuko ditugu!
– Bizkaiko Metaleko enpresa arduradunei zuen posizioak argitu. Edota negoziazio erreal baten alde zaudete edota, enpresa hauekin batera, blokeoaren alde eta gatazka luzatu eta iraunkortzearen alde.
– Politikariei, kanpainan dauden horiei, zein da, Bizkaiko 50.000 langileri egiten diozuen eskaintza. Bizkaiko metaleko langileok eta gure senideek, igandean bozka emango dugu; zein da zuen alternativa guretzako. Urkullu FVEMen ondoan lerrokatuta jarraituko duzu?
– Bizkaiko metaleko langileei argi eta garbi: zuen borrokaz harro gaude, zuetaz guztiotaz harro gaude eta lortu egingo dugu. Sidenor, Arcelor, Arteche eta besteak dira egoera honen arduradunak. Horregatik, gaur, berriro ere, gure konpromsioa adierazten dizuegu Bizkaiko Metaleko hitzarmen duina lortu arte borrokan jarraituko dugula.

Azkenik, deia luzatu nahi diegu Bizkaiko herritarrei, bihar FVEM patronalak, BECen egingo duen ekitaldiaren aurrean mobilizazioa egiteko. Hitzordua, goizeko 10:00etan BECen sarreran.

 

 

 

Lan Harremanen Kontseiluan abian jarritako prozedurak emaitzarik eman gabe jarraitzen du Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako gatazkan

LAB, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuok langileak ostegunean hasiko den greban parte hartzera animatzen ditugu.

Sindikatuon proposamenez, EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako gatazka bideratzeko asmoz, Lan Harremanen Kontseiluan (LHK) sindikatu, patronal eta Hezkuntza sailaren parte hartzearekin abian jarritako elkarrizketerako prozedurak ez du gaur gaurkoz emaitzarik eman.

Atzo izan dugu azkeneko bilera eta gaur jarraituko dugu, baina oraingoz ez dago mahai gainean proposamen berririk.

LAB, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuok adostasunetara iristeko gure borondatea berresten dugu, eta patronal zein hezkuntza sailari arduraz jokatzeko eskaera luzatu berriro ere. Dagokien arduraz jokatzen badute, eta langileen eskaerei erantzungo dieten eduki eta planteamenduak lantzeko eta bultzatzeko prest badaude, adostasunak erdiestea eta gatazka bideratzea posible izango da.

Bitartean, sindikatuok ikastetxe hauetako langileak ostegunean hasiko den greban parte hartzera animatzen eta deitzen ditugu.
 

 

 

Jarraipen zabala izan du Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko lehen mobilizazio egunak

LAB, ELA, UGT eta USO sindikatuok lau orduko lanuzteak deitu ditugu gaurko, biharko lehen greba egunaren atarian, zerbitzu gehiago eta hobea eta enplegu gehiago eta hobea aldarrikatzeko.

Hauxe da langileek igorritako oharra:

Gutxieneko zerbitzu neurrigabeak gorabehera, ia langile guztiek zerbitzuren bat egin behar izan baitute, etxez etxeko laguntzaileak berriro ere kalera itzuli gara. Pasa den ikasturtearen 27 eguneko greben ondoren eta aurrekoaren hamar bat lanuzteren ondoren. Patronalen eta erakundeen jarrerak ez digu beste aukerarik utzi,mobilizatzea baino.

Langileok oinarrizko lan-aldarrikapenak eskatzen ditugu: soldata-igoerak, 7 urtez soldatak izoztuak izan ondoren; segurtasun eta osasun arloko neurriak, gaur egun ez daudenak; eta lanaldien malgutasunari mugak jartzea, gaur egun oso zaila baita bizitza pertsonala eta lan-bizitza uztartzea.

Aldarrikatzen duguna ez da mugatzen, ordea, lan hobekuntzetara, zerbitzua bera defendatzeko gaude kalean. Biztanleriaren zahartze egoera batean zerbitzua indartu egin beharko litzateke, baina kontrakoa gertatzen ari da. Urtez urte, zerbitzu-ordu globalak gutxitzen aritu dira, egiten diren mendetasun-ebaluazioak ez dira errealistak eta ordu eta erdi edo biko zerbitzuak ematen genituenean, gaur egun ordubetean egiten ditugu. Azken batean, behar handiagoak dituzten pertsonak denbora gutxiagoan eta baliabide teknikorik gabe kasu gehienetan artatzen ari gara. Horren atzean, zerbitzuaren kalitatea okertzeko batzuen erabaki politikoa dago. Azken finean, murrizketez ari gara. Egunero kamuflatuta ikusten ditugun murrizketa hauek, azken finean, eremu pribatura itzuli nahi dituzte zaintzak.

Irailean amaitutako azken negoziazio mahaietan patronalek ez zuten edukirik mahai gainean jarri, ez segurtasunean eta osasunean, ez malgutasuna mugatzean, ezta soldata igoeretan ere. Proposamen erabat arduragabea. 7 urtez ordainsariak bere horretan, eta soldata igoerarik gabeko hitzarmena proposatzen dute!

Udalak dira zerbitzuaren bermatzaileak, eta bazterrean mantentzeko hautua egin dute, izandako bilerak, interpelazioak eta mozioak gorabehera. Mozioak, bide batez, Bizkaiko udal nagusietan onartuak eta bete gabeak. Antza denez, etxez etxeko laguntza azpikontratatzeak zerbitzuaz ez arduratzea esan nahi du.

Gaur, langileok berriro erakutsi dugu kalean ez garela konformatuko gure lan-baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea murrizten ikustearekin. Badakigu sektore feminizatua denez, zaintza-lanetan aritzen denez eta prekarietate-elementuak dituenez, ez dela erraza izango hitzarmen berri bat lortzea. Dagoeneko 4 urte dira aurrekoa berritu gabe dagoela. Baina mahai gainean eduki duinak ez dauden bitartean, mobilizazioekin jarraituko dugu.
 

 

 

Bizkaiko kirolguneetako langileek bigarren greba astea abiatu dute, San Mamesen protesta eginda

0

Bizkaiko kirolguneetako langileek San Mamesera eraman dituzte gaur euren aldarriak, sektorean deitutako bi greba asteetatik bigarrenari hasiera emateko. Hain zuzen ere, joan den urriaren 28tik abiatuta, azaroaren 10a arte izango dira greban, hitzarmenaren defentsan.


 

 

 

Bilbao Kirolak-ek ez du garbitzaileen atsedena errespetatzen

0

LAB, CCOO, ELA eta ESK sindikatuok antolatutako mobilizazioetatik lehena bihar asteartea, azaroaren 5ean, izango da, 12:15ean, Bilbao Kirolak-en bulegoen aurrean.

Langileen Estatutuak langile orok astean 48 ordu jarraian atseden hartzeko eskubidea duela jasotzen du. Hala ere, Bilbao Kirolakek azpikontratatuta duen garbiketa-enpresako (Zaintzen) langileei eskubide hau ukatu egin zaie; izan ere, kasu batzuetan 20 urte daramatzate igandeetan bakarrik libratzen.

Nahiz eta azpimarragarriak izan Batzordeak enpresarekin akordio bat lortzeko egin dituen ahaleginak, asteko atsedena bermatzerako orduan ahalik eta gainkostu txikiena sortzeko, Zaintzen enpresak, Bilbao Kirolakekin bat eginez, uko egin dio akordio bat lortzeari eta eskubide hori gauzatzeari, eta, horrela, langileak behartu ditu asteko lanaldi amaigabeak egitera, horrek osasunean dakartzan arriskuekin.

Egoera horrekin nazkatuta, mobilizazioak hastea erabaki dugu. Lehenengoa datorren asteartean, azaroaren 5ean, izango da, 12: 15ean, Bilboko Nafarroa kalean, Bilbao Kirolaken bulegoen aurrean, eta mobilizazioak akordioa lortzearekin batera baino ez dira amaituko.

Ez dugu ezezko erantzunik onartuko. Gure bizitzek, gure atsedenak zuen gainkostuak baino gehiago balio dute.

ASTEKO ATSEDENALDIA ESKUBIDE BAT DA, BILBAO KIROLAK/ZAINTZEN EXPLOTAZIORIK EZ!
 

 

 

Hamaika mediku kategoria gelditzera behartu dugu Osakidetza

0

Osakidetzak, LABek Fiskaltzaren aurrean salatu zituen 19 kategoria medikoetatik 11 geldiarazi ditu, horrela, lehenbiziko neurria hartu du interes orokorraren alde eta ez EAJren interesaren alde. Neurri hau, LABek, EPE prozesuan nahasiak dauden guztiei idatziz egin eta urriaren 10ean erregistratu zuen aurrejudizializazio penala gelditzeko egindako eskariak eta prentsaurrekoan egindako salaketa publikoak bultzatua eman da. Osakidetzak orain hartu duen neurria publikoki erreklamatzen daramagu otsailaren 19tik, hau da, Fiskaltzak bere txostena eman zuenetik.

11 kategoria horien inguruan Fiskaltzak iritizia eman zuenetik, arlo guztietatik prozesu horiek gelditzearen aurka dauden hainbat jarrera agertu dira, Eusko Legebiltzarrean barne. Maiatzean EAJk eta PSOEk, axolagabe bozkatu zuten prozesuak aurrera jarraitzearen eta plazen banaketa normala egitearen alde, PPren abstentzioarekin, hau guztia, EH Bilduk eta Podemosek aurkako botoa eman bazuten ere. Jarrera honek egoera kaltegarri batera darama Osakidetza, etorkizunean herritarrok ordaindu beharko genituzkeen kalte-ordainketa posibleekin, Urkulluren kabinetearen eta euren gobernu-kideen itsumena argi utziz, gai direlako gizarte osoa hipotekatzeko osasun publikoan ematen ari den tamaina honetako sistema klientelarra babestearren.

Orain hartu den neurria positiboa den arren, LABek partzialtzat hartzen du, izan ere, beste 8 kategorietan izaera desberdineko seinaleak existitzen direlako. Gainera, Fiskaltzak ez du inolaz ere baztertzen kategoria inplikatuen kopuruak gora egin dezakeela, epaileak Osakidetzari kaltetutako parte moduan parte hartzeari uko egin dion instrukzio penal honek aurrera egin ahala.

Urtebete baino gehiago daramagu zentzugabekeria honetan, zeinak, ez ditu soilik enplegu publikorako sarbidean eta zerbitzuaren kalitatean oinarrizko printzipio demokratikoak konprometitzen, baizik eta gertatu dena argitzearen aldeko edozein ekimenen izena zikintzea bilatu baitu etengabe.

Osakidetzak momentura arte hartu dituen neurri guztiak, salbuespenik gabe, gertatutakoa ezkutatzera eta praktika hauetarako inpunitate eremu bat ziurtatzera jo dute, web orrialdetik emaitzak kentzetik, (ikerketa estatistikoak ekiditeko lehenbiziko neurri bezala) duela aste batzuk aurkeztu zuten EPE eredu berriaren proposamenera. Ezin dugu ahaztu momentu oro, UGT, Sindikatu Medikoa (SME) eta SATSEren adostasun axolagabea, EPEaren Jarraipenaren Batzordeko kide gisa, publikoki bermatu dute Osakidetzaren ekintza oro, zentzugabea izanda ere.

11 kategoria hauen etendura, Osakidetzaren aldetik, 2018ko ekainaren 1etik exijitzen daramagun EPE medikoetan filtrazioak egon direnaren onarpentzat hartzen dugu, eta, zentzu horretan, Osakidetzarengandik jarrera aldaketa espero dugu, eta EPE eredu berri baten planteamendua, errealitatea abiapuntu duelarik, hau da, filtrazioak egon direla.

Duela aste batzuk egin zen EPE eredu proposamena zitalkeria da, azterketen burutzeari eta zainketari dagokionez, eta anonimotasuna bermatzen ez duten oposiziogileen ebaluaketa metodoei dagokionez.

Osakidetza bere harrokeria gainditzera animatzen dugu eta, izaera penala duen prozesu batean murgilduta dauden pertsona guztiei, nahiz eta eurek modu egokian jokatu EPEan, bai oposiziogile edo bai antolatzaileei, EPE garbi bat ez bermatzeagatik ardura publikoki onartzea ere deitzen dugu Osakidetza. Halaber, Sailburu berria ere animatzen dugu, erakundea duin bilakatu dezan, euskal jendartearen aurrean erantzukizuna onartzera aukera-berdintasuna duda guztietatik kanpo egon beharko lukeen prozesu bat ez bermatzeagatik.

 

 

 

Ez dugu Etxebarriko Arcelor Mittal enpresako hitzarmena sinatu, erreformaren aurkako klausularik ez duelako eta edukiak ez nahikoak direlako

0

LAB sindikatuak Etxebarriko Arcelor Mittal enpresako hitzarmena ez sinatzea erabaki du, ez nahikotzat jotzen duelako. Hain zuzen ere, etsipen handiz ikusten dugu nola galdu den aukera handi bat langileen lan baldintzak nabarmen hobetzeko. Hitzarmena ez sinatzeko arrazoiak soberan ditugu. Izan ere, ezuste galanta hartu dugu ikusita hitzarmena ez dagoela 2012ko Lan Erreformatik babestuta, adostutako guztia arriskuan jarriz, alde biek ez baitute inongo obligaziorik hitzarmena betetzeko, langileak inolako babesik gabe geratuz, enpresaren asmoen menpe.

Hortaz, hitzarmenak erreformaren aurkako klausularik ez du. Ez du ultraktibitatea luzatzeko klausularik, akordio berri bat sinatu arte lan baldintza berdinak bermatu ahalko zituenak. Enpresak nahi duena onartzera behartu dezake, edo hitzarmena ez izatera. Era berean, ez du aplikaziorik eza-rako klausularik. Hala, enpresak erabaki dezake adostutakoa ez aplikatzea hitzarmena indarrean egon ala ez, 2012ko Negoziazio Kolektiboaren Lan Erreforma baliatuta.

Aipatutako hauekin bakarrik, nahikoa arrazoi daude hitzarmena ez sinatzeko, bertako edukia ezeresean gera daitekeelako. Baina, gainera, gehiago dago. Enpresak gidatu du negoziazioa, berak erabaki ditu gaiak eta denborak, eta horrek isla izan du emaitzan. Enpresari langileei baino gehiago komeni zaion akordio baten aurrean gaude.

Edukiei dagokienez, hauek ere guztiz ez nahikoak dira. Soldata igoerak eskasak dira; erosteko ahalmena bera ez dute bermatzen. Udako jardunaldia jasotzen da, baina aplikazioa enpresaren esku geratzen da ere. Esaten dugunean aukera handi bat galdu dela, hori diogu hitzarmenak ez dituelako eguneroko arazo asko konpontzen: enpresaren langileen faltak bere horretan dirau, lan osasun arloan konpromisorik ez dago eta azpikontratatutako lankideekiko ez dago berme neurririk.

Zenbait arlotan hobekuntzak daudela ez dugu ukatuko, ezinbestekoak zirenak, aintzinatasunaren %5eko igoera edo 5. txandarako egutegia, kasu, baina sentsasioa dugu negoziazioa erdixka geratu dela.