2026-08-01
Blog Page 588

Behin-behinekotasuna prekarietatea da! Egonkortasuna orain!

Urteak daramatzagu euskal administrazioetan dagoen salbuespen egoera salatzen. Eremu eta instituzio askotan bitarteko langileak langile finkoak bezain beste daude, kasu batzuetan bitarteko langileak gehiago badira ere. Are eta latzagoa da egoera, behin-behinean dauden langile hauen profilari so egiten diogunean; emakumea, familia ardurekin eta 8 edo 10 urteko antzinatasuna enpresan.

Garbi dago egoera hau ez dela kasualitatearen ondorioz eman. Instituzio nagusietan eta bereziki Eusko Jaurlaritzan agintean egon diren alderdi politikoek eragindako egoera izan da hain zuzen ere. Hauen aitzakiak Madrildik etorri diren debekuak izan dira; gure ustez, debekutik harago, ikuspegi neoliberalak defendatzen duen administrazio eredua martxan jarri nahi dute. Ozen aldarrikatu zuen Urkullu Lehendakariak hauteskunde kanpainan «guk ez dugu esango administrazioa argalduko dugunik, argalduko egingo dugu!» Eta horretan dihardu ahal duen autoritarismo handienarekin. Behin-behinekotasuna eremu publikoa ahuldu eta pribatizaziorako lehen urratsa da. Gaur egun bizi dugun egoera beraz ez da kasualitatea, estrategia oso baten hanka da.

LABetik kontsolidazio prozesuak egiteko lege propio bat aldarrikatzen ari gara. Enplegu publikoari dagokionez bizi dugun salbuespeneko egoerari erantzungo dion lege propio bat hain zuzen. Eusko Legebiltzarrak halako lege bat onartu dezake eta euskal administrazio guztietan aplikagarri izan daiteke; borondate politikoa besterik ez da behar, Ajuria Enean ikusten ez dena.

Orain arte ez dugu legebiltzarrean prekarietatearekin amaitzeko borondate nahikorik ikusi. Guretzat bide eraginkorrena legea onartzea eta negoziazio kolektiboaren bidez kontsolidazio prozesuak adostea da zalantzarik gabe. Urteetan zerbitzu publikoak aurrera ateratzen egon diren milaka langileen egonkortasunaren aitortza egin behar dela zalantzarik ez dugu. Ez dugu uste ordea soluzioak epaitegietatik etorriko direnik. Kontsolidazio prozesuak egonkortasun plangintza integral baten baitan kokatu behar dira, etorkizunean egoera berdinean aurkitu ez gaitezen.

Honengatik guztiagatik inoiz baino garrantzitsuagoa da lan zentroetan mobilizatzea eta kaleetan presioa egitea. Eusko Jaurlaritza ez da Madrilen erabakitzen diren irizpideez ezer aldentzen. Erabateko konplizitatea eta morrontza dauka Espainiako gobernuarekin, gobernu biek partekatzen duten sektore eredua poliki poliki martxan jarri nahi dute. Gure baitan dago sektore publiko indartsu baten defentsa eta euskal administrazioetan ematen den prekarietate egoerarekin bukatzea. Ez dugu begirada Madrilera edo Estrasburgora bideratu behar, euskal agintariak dira euskal prekarietatearen errudunak. Soluziobide eraginkorrenak gure legebiltzarretan eta negoziazio mahaietan daude.

Hauteskunde giro honetan sektore publikoan dagoen prekarietate egoera agendan kokatzea beharrezkoa ikusten dugu. Horretarako hurrengo egunetan beste behin ere kalera aterako dugu egonkortasunaren aldeko aldarria. Euskal administrazioetan dagoen egoeraren erantzuleak zuzenean interpelatuko ditugu, milaka langileen egoera bizkarrean sentitu dezaten. Mobilizazioaren bidez lortuko dugu!!
 

 

 

Onartezina da langileak bihurtzea prebentzio falta eta laneko osasun galera eta heriotzen erantzule

Egoera larri batek ekarri gaitu prentsaurreko bat egitera gaur Bilbon. Joan den otsailaren 23an, langile bat hil zen Murgako Zorroza Gestión de Residuos SL enpresan. Heriotza iluna izan zen. Hain zuzen ere, gertatutakoaren ondorioak aurrekaririk gabeak dira, langile bat inputatu baitute lankidearen heriotzagatik, ustezko estalketa delituagatik. Honekin, argi eta garbi ikusten dugu patronalak lerro berri eta arriskutsua ireki duela, prebentzio faltaren eta laneko osasun geleren eta heriotzen biktima garenok heriotzen erantzule egin nahi gaituztelako. Langileok biktima gara, ez erantzuleak.

Joan den otsailaren 23an, langile bat hil zen Murgako Zorroza Gestión de Residuos SL enpresan. Zaldibarrekoaren antzera, kasu hau ere zaborraren kudeaketa zikinari lotuta dago, hondakinen negozioan ari baita Zorroza Gestión de Residuos SL enpresa. Ikusten dugu kapitalaren diru-gosea ingurumena eta bizitzaren gainetik jarri dela oraingoan ere, eta bizitzak galdu du lehia eta langile bat hil egin da lanean.

Larria da beti egoera heriotza bat tartean dagoenean. Eta horrela gertatzen da Murgako istripuan, urte hasieratik Euskal Herrian lanean egondako 16 hildako eta 2 desagertuekin izan den antzera. Baina kasu honek alarma pizteko elementu guztiak ditu.

Enpresa bera, Zorroza Gestión de Residuos SL, eskubiderik gabeko eremu bat zen langileentzat, Guantanamo laboral bat, langileak erabateko babesgabetasunean uzten zituena.

Lantoki honetako lan-baldintzak ikuste hutsa nahikoa iruditzen zaigu goikoa ondorioztatzeko:

– Eguneko 10 orduko nahitaezko lanaldiak.
– Enpresak ez dizkie langileei beharrezkoak diren norbera babesteko ekipamendu guztiak ematen.
– Soldatak baxuak dira.
– Lan-erritmoak oso altuak dira.
– Ez dago fitxatzeko sistemarik.
– Instalazioen garbitasuna desegokia da.
– Langileek ez dute inolako prestakuntzarik jasotzen laneko arriskuen prebentzioaren arloan.
– Enpresako gerentziaren partetik hitzezko tratu txar jarraituak.
– Eraso fisikoko gertakari bat.

Kudeaketa iluna lehenagotik zetorren. Arau hauste oso larria egin zuen enpresak, Aiarako udal arkitektoaren txosten baten batera eta istripuaren aurreko hilabeteetan, enpresak 3 aldiz ukatu zien sarbidea lantegia ikuskatzera zioazen zerbitzu teknikoei. Azkenean, urtarrilean egin zuten bisita zerbitzu teknikoek, Ertzaintzak lagunduta.

Aiarako Udalak espedientea ireki zion enpresari istripua baino hilabete batzuk lehenago, pertsonen segurtasun eta osasun neurriak eta ingurumenaren babesaren ingurukoak ez betetzeagatik.

Aipatutako udal arkitektoaren txostenak aurreko txosten tekniko bat hartzen du oinarri moduan, 2017ko abenduaren 11koa, enpresak egindako bi arau-hauste larri jasotzen dituena: jarduera proiektuan zeuden definitu gabeko materialen kudeaketa eta ahal zena baino hondakin gehiago pilatzea.

Hemen salatzen ari garen laneko heriotzari dagokionez, otsailaren 23an izan zen. Arratsaldeko 17:00etan, B.D. langilea, bi lankide eta enpresaren arduraduna pabeloiaren teilatura igo ziren kanaloiak konpontzera, kudeatzailearen aginduak jarraituz. Eskailera bat hartu eta teilatura igo ziren, 9 metrotara, inolako segurtasun neurririk gabe.

Handik minutu gutxira, B.D. enpresaren barrukaldera erori zen teilatuaren zati bat erori ondoren. Han zeuden langileek B.D.rengana jo zuten eta larri zegoen arren, oraindik bizirik zegoela adierazi zuten.

Enpresaren kudeatzaileak behartu egin zituen langile batzuk B.D. mugitzera, bere ohiko lanpostura gerturatzeko eta ondoren, agindu zehatzak eman zizkien langile guztiei. “Badakizue zer esan behar duten, ez? Zintatik erori dela… Zintatik erori dela!”

Honekin lotuta, zenbait kontu nabarmendu nahiko genituzke. Hildako langilea berea ez zen postu batean zegoen lanean, zehazki, teilatuan. Gainera, ez zegoen prebentzio neurririk. Hirugarrenik, arduradunaren aginduz mugitu zutela langilearen gorpua.

Badakigu ez dela lehen aldia horrelako zerbait geratzen dena Zorroza Gestión S.L.n, langileak ez dagozkien lanak egitera behartzea bezalako negligentzia larria eta gainera, inolako segurtasun neurririk gabe, onartezina da, baina istripu bat izkutatu nahi izatea, are gehiago.

Gertatukoaren ondorioak ordea, aurrekaririk gabeak dira, langile bat inputatu baitute lankidearen heriotzagatik, ustezko estalketa delituagatik. Honekin, argi eta garbi ikusten dugu patronalak lerro berri eta arriskutsua ireki duela, prebentzio faltaren eta laneko osasun galeren eta heriotzen biktima garenok heriotzen erantzule egin nahi gaituztelako. Langileok biktima gara, ez erantzuleak.

LABetik, salatu beharrean gaude honen antzerako egoerak kudeatzailearen koakzio eta mehatxuek sortutakoak izan daitezkeela soilik. Aspalditik dugu horrelakoen berri, eta ahozko erasoak eta eraso fisikoak ere gertatu izan dira.

Gaia epaitegietan dago egun eta LABek dagokion bidea egin dezan eskatuko du. Sindikatu bezala dagokigun ardurarekin jardungo dugu eta kasuari gertuko jarraipena egingo diogu, egoera argitu dadin.

 

 

 

Kononabirusaren inguruan Arantxa Tapia Industria sailburuak biharko deitutako bilerara joango gara

0
Laneko Arriskuen Prebentzioarekin eta enpresetan har daitezkeen neurriek enpleguan duten eraginarekin lotutako arazoak planteatuko ditugu.

LAB eta ELAren oharra:

Kononabirusaren inguruan Arantxa Tapia Industria sailburuak biharko deitutako bilerara joango dira LAB eta ELA sindikatuak.

Era berean, bi sindikatuek erabaki dute bilera bat eskatzea Lan eta Funtzio Publikoko Sailetako arduradunekin, Maria Jesús San José eta Josu Erkorekarekin, bai eta Lan eta Osalaneko Zuzendariekin eta Funtzio Publikoko sailburuordearekin ere, Eusko Jaurlaritzak enpresetan eta euskal administrazioan gai horren inguruan hartu nahi dituen jarraibideei buruzko informazioa eskatzeko.

LABek eta ELAk Laneko Arriskuen Prebentzioarekin eta enpresetan har daitezkeen neurriek enpleguan duten eraginarekin lotutako arazoak planteatuko dituzte.
 

 

 

Koronabirusaren aurrean Eusko Jaurlaritzak hartutako neurrien inprobisazioa salatzen dugu

0
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak aginduta, Gasteiz eta Bastidako haur eskoletatik EHUrako ikastetetxeetako zein Guardiako institututko eskola-orduak bertan behera geratu dira hurrengo martxoaren 23ra bitartean. Ikastetxeak ez dira itxi, beraz, langileak momentuz lanera joan behar dira. Hori da, behintzat, ikastetxeetako zuzendaritza taldeak eta sindikatuak deitu gaituzten bileran esandakoa (gaztelania hutsean burututako batzarrean, gainera).

Egoera honen aurrean LAB Irakaskuntzatik zenbait gabezia salatu nahi ditugu:

• Ikasle guztiak etxera bidaltzearekin batera ez dute inongo neurririk iragarri gurasoek lana eta haurren zaintza kontziliatu dezaten.
• Hezkuntza Sailak ez du salbuespeneko neurririk proposatzen haurdun edo egoera zaurgarrian dauden langileentzat.
• Denak behartzen ditu lanera joatera. Irakasleok eta hezkuntza laguntzako espezialistak ikaslerik gabe ezingo genuke lan berdina etxetik egin?
• Sukaldari eta garbitzaileen kasuan ze lan-mota egin behar dute?
• Haurreskoletako koordinatzaileak ez dira gaurko bilerara deituak izan. Beraz, Haurreskolak Partzuergoari neurri hauek gure izaerara egokitzea eskatzen diogu.
• Azpikontratatutako zerbitzuetan ari diren langileekin ze neurri hartuko da?

LAB sindikatutik tentu handiz jarraituko dugu gaia. Izan ere, kezkatuta gaude jantokietako langileekin, hautaprobak ate joka dituzten batxilergoko ikasleekin edota haurren zaintzaren aitzakiaz negozioa egin nahian dabiltzan Gasteizko zenbait enpreserekin.
 

 

 

Bigarren greba asteari ekin diote EHUko eta Hezkuntza Saileko azpikontratatutako garbitzaileek

0

EHUko eta Hezkuntza Saileko azpikontratatutako garbitzaileek bost asteko grebari ekin zioten martxoaren 2an, eta gaur bigarren greba astean sartu dira. Eusko Jaurlaritzako garbiketako langileen soldatekin parekatzea besterik ez dute eskatzen; lan berdina, soldata berdina, alegia.

UPV/EHUko LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuon adierazpen bateratua, garbitzaileen greba dela eta:

Behean sinatzen dugun UPV/EHUko sindikatuok (langileen ordezkaritzaren %81,11 dugunok) agiri honen bidez Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eta UPV/EHUko azpikontratatutako garbiketa enpresen langileen grebaren aurrean honakoa adierazi nahi dugu:

-Azpikontratatutako enpresen langileen aldarrikapenekin bat egiten dugu, hots, 2019ko eta 2020ko soldaten igoera adostua; lanaldi partzialak (eta ondorioz, soldata partzialak) murritzteko eta lanpostu hutsak betetzeko sistema berri eta adostua martxan jartzea; lanaldi zatituarengatiko osagarriaren ordainketa, Eusko Jaurlaritzako garbitzaileei ordaintzen zaien bezala, ekiparazioa erreala izan dadin; eta enpresa hauetan dituzten lan-zama jasanezinak Hezkuntza Saileko enrpesetekoekin parekatzen joateko neurriak hartzea. Finean, Hitzarmen Kolektibo berria negoziatu eta adostea gehien-gehienak emakumezkoak diren sektore honetako langileen lan-baldintzak hobetzeko eta pairatzen duten prekarietatea eta lan eta osasun baldintza duinak eskuratzeko.

-EHUko Administrazioari dei egiten diogu gatazka honetan enpresek duten jarrerekin ez lerrokatzera. Zentzu honetan, zabaldu dituen komunikatuetan islatzen den jarrera errefusatzen dugu, berak azpikontratatutako enpresen langileen lan-baldintza eskasek eragindako lan-gatazka baita. Zer dela eta eman behar ditu UPV/EHUk bere plantillako langileak ez diren beste enpresa batzuetako grebalarien datuak? Ez da izango UPV/EHU lerrokatuegi dagoela Eusko Jaurlaritzarekin eta garbiketa enpresak gidatzen d(it)u(z)tenekin? Horiek bezalako adierezpenekin sustatzen du Errektore Taldeak unibertsitatearen autonomía?

-EHUko Errektore Nekane Balluerkari dei egiten diogu hitz hutsetatik lurra zapaldu eta ekintza zehatzak gauzatzera pasa dadila. Sektoreko langile gehienak emakumeak dira, langile hauen %40 baino gehiago lan-jardunaldi partzialekin ari da lanean eta lan segurtasun eta osadun baldintza kaskarretan leku askotan. Zer kontrol eta jarraipen mota burutu ditu baldintza guzti hauekiko EHUk? Zer neurri hartu ditu betetzen ez diren kontratuetako baldintzak betearazteko eta aurreikusitako neurriak hartzeko?

-Greba honen bitartez sektoreko sindikatuek espero dute enpresek negoziazioari seriotasunez berriro heltzea, azpikontratutako garbitzaileen lan eta osasun baldintza duinetan etor daitezen gure ikastegi eta zerbitzuetara guk egunero sortzen dugun zaborra biltzera eta leku guzti horiek hurrengo egunean txukun eta garbi egon daitezen.

-Beraz, gure elkartasuna eta begirunea merezi dutelakoan, EHUko langileak deitzen ditugu eurekiko elkartasuna adieraztera.

LAB – Steilas – CCOO – ELA
 

 

 

“Onartezina iruditzen zaigu VW Navarrak egoera konpondu nahi izatea 10.000 langile etxera bidalita”

0

Volkswagen Navarra-n koronabirusak eragindako erregulazio espedientea sinatuko dutela aurreikusita, Volkswageneko enpresa azpikontratatu eta hornitzaileetako LABen delegatuek prentsaurrekoa eman dute salatzeko nola eragiten dieten enpresa horiei guztiei multinazionalaren aldebakarreko erabakiek. Iruñeko Landaben industrialdean dagoen Volkswagen faktoriaren aurrean egin dute agerraldia.

Hauxe da agerraldian irakurritako oharra:


 

 

 

GTS AIEko langileek protesta egin dute Gestamp Global Tooling-en aurrean, Derion, honek inposatzen dizkien lan-baldintzen aurrean

0

Zamudioko GTS AIEko langileek, Gestamp-ek Bizkaian duen trokelgintza hotzerako garapenerako ingenieritzak, lanuzteak hasi zituzten joan den otsailaren 11n. Gestamp taldeak Bizkaian dituen sozietate honetako 50 langileak euren hitzarmenaren alde ari dira borrokan eta Gestamp eta Eusko Jaurlaritzari, Bizkaiko Industria 4.0ren aldeko apustu irmoa eskatzen diote.

2006an sortu zuten GTS AIE, Matriceria Deusto eta Araluce sozietateeetako ingenieritzetako teknikariak subrogatuz. Helburua, Gestamp Bizkaiko matrizerien talderako zerbitzu-ingenieritza sortzea zen.

Gaur, 14 urte beranduago, 3 sozietate hauekin hasi zen matrizerien talde hau Bizkaiko Gestamp-eko “tooling” deritzon negozioa bilakatu da, eta honen osoa Derioko Parke Teknologikoan dagoen Gestamp Global Tooling-ek dauka.

Lana eta jabearen jaun eta jabe bilakatu da Gestamp Global Tooling, arlo honetako lantegiei, GTS AIE barne, bere exijentzia eta baldintzak inposatuz, kontuan izan gabe ingenieritza eta tailerrak direla bere aberastasuna sortzen dutenak. Euren urteroko emaitzetan ikus daitekeen aberastasuna.

GTS AIEko langileak nekatuta daude negozio eredu honetaz, bere manipulazioez eta bere politika sozialez. Horrela, kalera ateratzen hasi dira euren haserrearen berri ematera, suminduta, ikusten dutelako tooling negozioak aberastasuna duela, sistematikoki langileak gehiegikerian oinarritutako politika sozialetara eta estutze ekonomikoetara behartzen dituzten bitartean.

2019ko urrian, autogintzak bizi zuen ziurgabetasun egoera argudiatuz, Aldi Baterako EEE mehatxatu zituzten, tooling-eko zuzendaritzak ingenieritzako kolektiboarentzat modu esklusiboan ezarritakoa, justifikatutako arrazoi ekonomikorik ez zuena eta helburu horretara guztiz egokitutako lan-kargekin.

Iruzur egin dietela sentitzen dute GTS AIEko langileek, bideragarritasun plan eta estrategia ezberdinen aldeko apustua egin dute urte hauetan zehar, eta langileen poltsikoaz estutzeaz aparte, ez diote inolako etorkizunerako bultzadarik ekarri langileon etorkizunari.

GTS AIEko batzordeak ahalegina egin du Gestamp eta Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako I+G+B egitasmoetan espazioa izateko, 2019an iragarritako Industria 4.0 esaterako, alternatibak eta etorkizuna bilatuz GTS AIEko langileentzat Bizkaiko autogintza sektorearen garapenean. Inork entzuten ez dituen deiak eta zeintzuetan tooling-eko zuzendaritzak baztertuta dituen.

Hori dela eta, lanuzte hauetan, instituzioei deia egin zaie esku har dezaten Bizkaian Gestamp bezalako multinazional handien esku uzten duten baliabideen kudeaketan. Behin emanda, enpresa-batzordeak ikusten du ez duela hauen gaineko ez kontrol ez jarraipenik egiten. Esku pribatutetan jartzen duten dirua da “herri honen industriaren aldeko apustuaren” aitzakiarekin, baina praktikan, prekarizazio-politiketan sakontzeko balio dutenak.

Negozio-politika hau Bizkaiko Gestamp taldeko beste lantegi batzutako langileek salatu zuten iaz, eta enpresa ezberdinetan greba egun indartsuak egin zituzten enplegua eta lan-baldintzen alde.
 

 

 

Greba mugagabea abiatu dute Asteasuko Siemens-Gamesan

0

Martxoaren 3an eta 5ean egindako 24 ordutako greben ondoren, greba mugagabea hasi dute Asteasuko Siemens-Gamesako txandakako langileak. Gaurkoan, deialdiak %100eko jarraipena izan du eta langileek, Siemensek Sarrigurenen duen lantokira eraman dituzte euren aldarrikapenak. Bihar, martxoaren 10ean, enpresa aurrean mobilizatuko dira.

2019ko urtarrilean enpresarekin hitzarmen berria negoziatzen hastean, bi helburu garbi zituen Asteasuko lantegiko enpresa-batzordeak: enplegu bermea eta hitzarmena, hau da, orain arte enpresak sortu dituen langile kolektiboen diskriminazioa eta soldata arrakala txikitzeko bidean hastea.

Enpresak ordea, enpleguaren bermea hitzarmenarekin loturik izan behar duela jakinarazi zien langileen ordezkariei. Ez hori bakarrik, hitzarmena baldintzatu nahi izan du enpresako langile batzuen lan baldintzen kontura.

Horregatik, enpresaren proposamenean pisu txikiena zuen kolektiboa deitu zuen enpresa- batzordeak asanbladara; txandaka lanean ari direnak edo errelebistak. Asanbladan honako proposamena egin, martxoaren 3 eta 5a, greba egunak izatea. Eta enpresarekin adostasunik lortu ezean, martxoak 9tik aurrera greba mugagabean hastea. Asanbladaren emaitzak oso argiak izan ziren. 79 baiezko, 32 ezezko eta 3 zuri.

Ondorioz, Siemens Gamesa Asteasuko erreleboetako langileak greban daude hitzarmen duin bat eta enplegu bermea lortu arte!
 

 

 

Amiantoak emakumezko aurpegia ere badu

0

Martxoak 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunari lotuta, Beasaingo CAFeko Enpresa Batzordeak prentsaurrekoa eman du, “Ilunpetik argira; amiantoaren aurpegi guztiak aitortu behar dira” izenburupean. Hiru familia, bi bikote eta alaba bat, hiru emakume; CAFen lan egiten zuen familiartekoaren buzoa garbitzearren Amiantoa arnastu eta gaixotu direnak. Gainera, horietako bi jada hilik daude; inolako aitortzarik gabe eta prozesu judizial are eta konplikatu eta luzeagoekin. Zaintza zen beraien lana, eta zaintza lana aitortu ez zaien bezala, orain amiantoak hil dituela ere ez da aitortu nahi. "Etxean, gure arropak garbitzearren edota zeharkako arnasketagatik, gaixotu direnen aitortza exijitu nahi dugu", adierazi dute Beasainen egindako agerraldian.

Hau da enpresa batzordearen oharra: