2026-02-04
Blog Page 582

Hamaika mediku kategoria gelditzera behartu dugu Osakidetza

0

Osakidetzak, LABek Fiskaltzaren aurrean salatu zituen 19 kategoria medikoetatik 11 geldiarazi ditu, horrela, lehenbiziko neurria hartu du interes orokorraren alde eta ez EAJren interesaren alde. Neurri hau, LABek, EPE prozesuan nahasiak dauden guztiei idatziz egin eta urriaren 10ean erregistratu zuen aurrejudizializazio penala gelditzeko egindako eskariak eta prentsaurrekoan egindako salaketa publikoak bultzatua eman da. Osakidetzak orain hartu duen neurria publikoki erreklamatzen daramagu otsailaren 19tik, hau da, Fiskaltzak bere txostena eman zuenetik.

11 kategoria horien inguruan Fiskaltzak iritizia eman zuenetik, arlo guztietatik prozesu horiek gelditzearen aurka dauden hainbat jarrera agertu dira, Eusko Legebiltzarrean barne. Maiatzean EAJk eta PSOEk, axolagabe bozkatu zuten prozesuak aurrera jarraitzearen eta plazen banaketa normala egitearen alde, PPren abstentzioarekin, hau guztia, EH Bilduk eta Podemosek aurkako botoa eman bazuten ere. Jarrera honek egoera kaltegarri batera darama Osakidetza, etorkizunean herritarrok ordaindu beharko genituzkeen kalte-ordainketa posibleekin, Urkulluren kabinetearen eta euren gobernu-kideen itsumena argi utziz, gai direlako gizarte osoa hipotekatzeko osasun publikoan ematen ari den tamaina honetako sistema klientelarra babestearren.

Orain hartu den neurria positiboa den arren, LABek partzialtzat hartzen du, izan ere, beste 8 kategorietan izaera desberdineko seinaleak existitzen direlako. Gainera, Fiskaltzak ez du inolaz ere baztertzen kategoria inplikatuen kopuruak gora egin dezakeela, epaileak Osakidetzari kaltetutako parte moduan parte hartzeari uko egin dion instrukzio penal honek aurrera egin ahala.

Urtebete baino gehiago daramagu zentzugabekeria honetan, zeinak, ez ditu soilik enplegu publikorako sarbidean eta zerbitzuaren kalitatean oinarrizko printzipio demokratikoak konprometitzen, baizik eta gertatu dena argitzearen aldeko edozein ekimenen izena zikintzea bilatu baitu etengabe.

Osakidetzak momentura arte hartu dituen neurri guztiak, salbuespenik gabe, gertatutakoa ezkutatzera eta praktika hauetarako inpunitate eremu bat ziurtatzera jo dute, web orrialdetik emaitzak kentzetik, (ikerketa estatistikoak ekiditeko lehenbiziko neurri bezala) duela aste batzuk aurkeztu zuten EPE eredu berriaren proposamenera. Ezin dugu ahaztu momentu oro, UGT, Sindikatu Medikoa (SME) eta SATSEren adostasun axolagabea, EPEaren Jarraipenaren Batzordeko kide gisa, publikoki bermatu dute Osakidetzaren ekintza oro, zentzugabea izanda ere.

11 kategoria hauen etendura, Osakidetzaren aldetik, 2018ko ekainaren 1etik exijitzen daramagun EPE medikoetan filtrazioak egon direnaren onarpentzat hartzen dugu, eta, zentzu horretan, Osakidetzarengandik jarrera aldaketa espero dugu, eta EPE eredu berri baten planteamendua, errealitatea abiapuntu duelarik, hau da, filtrazioak egon direla.

Duela aste batzuk egin zen EPE eredu proposamena zitalkeria da, azterketen burutzeari eta zainketari dagokionez, eta anonimotasuna bermatzen ez duten oposiziogileen ebaluaketa metodoei dagokionez.

Osakidetza bere harrokeria gainditzera animatzen dugu eta, izaera penala duen prozesu batean murgilduta dauden pertsona guztiei, nahiz eta eurek modu egokian jokatu EPEan, bai oposiziogile edo bai antolatzaileei, EPE garbi bat ez bermatzeagatik ardura publikoki onartzea ere deitzen dugu Osakidetza. Halaber, Sailburu berria ere animatzen dugu, erakundea duin bilakatu dezan, euskal jendartearen aurrean erantzukizuna onartzera aukera-berdintasuna duda guztietatik kanpo egon beharko lukeen prozesu bat ez bermatzeagatik.

 

 

 

Ez dugu Etxebarriko Arcelor Mittal enpresako hitzarmena sinatu, erreformaren aurkako klausularik ez duelako eta edukiak ez nahikoak direlako

0

LAB sindikatuak Etxebarriko Arcelor Mittal enpresako hitzarmena ez sinatzea erabaki du, ez nahikotzat jotzen duelako. Hain zuzen ere, etsipen handiz ikusten dugu nola galdu den aukera handi bat langileen lan baldintzak nabarmen hobetzeko. Hitzarmena ez sinatzeko arrazoiak soberan ditugu. Izan ere, ezuste galanta hartu dugu ikusita hitzarmena ez dagoela 2012ko Lan Erreformatik babestuta, adostutako guztia arriskuan jarriz, alde biek ez baitute inongo obligaziorik hitzarmena betetzeko, langileak inolako babesik gabe geratuz, enpresaren asmoen menpe.

Hortaz, hitzarmenak erreformaren aurkako klausularik ez du. Ez du ultraktibitatea luzatzeko klausularik, akordio berri bat sinatu arte lan baldintza berdinak bermatu ahalko zituenak. Enpresak nahi duena onartzera behartu dezake, edo hitzarmena ez izatera. Era berean, ez du aplikaziorik eza-rako klausularik. Hala, enpresak erabaki dezake adostutakoa ez aplikatzea hitzarmena indarrean egon ala ez, 2012ko Negoziazio Kolektiboaren Lan Erreforma baliatuta.

Aipatutako hauekin bakarrik, nahikoa arrazoi daude hitzarmena ez sinatzeko, bertako edukia ezeresean gera daitekeelako. Baina, gainera, gehiago dago. Enpresak gidatu du negoziazioa, berak erabaki ditu gaiak eta denborak, eta horrek isla izan du emaitzan. Enpresari langileei baino gehiago komeni zaion akordio baten aurrean gaude.

Edukiei dagokienez, hauek ere guztiz ez nahikoak dira. Soldata igoerak eskasak dira; erosteko ahalmena bera ez dute bermatzen. Udako jardunaldia jasotzen da, baina aplikazioa enpresaren esku geratzen da ere. Esaten dugunean aukera handi bat galdu dela, hori diogu hitzarmenak ez dituelako eguneroko arazo asko konpontzen: enpresaren langileen faltak bere horretan dirau, lan osasun arloan konpromisorik ez dago eta azpikontratatutako lankideekiko ez dago berme neurririk.

Zenbait arlotan hobekuntzak daudela ez dugu ukatuko, ezinbestekoak zirenak, aintzinatasunaren %5eko igoera edo 5. txandarako egutegia, kasu, baina sentsasioa dugu negoziazioa erdixka geratu dela.

 

 

 

Arabako Metalgintzan arduraz jokatzeko exijitu diogu SEA patronalari

0

Atzo, urriak 30, hiru hilabete bete ziren Arabako Metalgintzako Mahai Negoziatzailea azkenengoz bildu zenetik, SEAk hurrengo bilera deitzeko konpromisoa hartu zuelarik. Bada, hiru hilabete geroago, SEA desagertuta dago eta horregatik LABek, beraien utzikeriaz publikoki salatzearekin batera, exijitzen dio arduraz jokatzeko Arabako Metalgintzako langileen arazoak behingoz konpontzeko. Hortaz, sindikatua enpresetan dinamika bat abiatzen ari da behar horiei erantzuna emateko.

Uztailak 30eko azken bileran, SEAk konpromisoa hartu zuen irail hasieran, enpresekin elkartu ondoren, Mahai Negoziatzailearen bilera bat proposatzeko, eta, hiru hilabete pasatu ondoren, ez dago inolako berririk SEAren aldetik, “desagertuta” egon da.

Hori dela-eta, LABek SEAren utzikeria publikoki salatu nahi du, eta arduraz jokatzeko exijitzen diogu, sektore honetako 26.000 langileek errespetua merezi dutelako. Hortaz, Arabako Metalgintzako arazoak handiak dira (soldata baxuak, lanaldi handia, malgutasun handia, prekarietatea izugarria, emakumeen diskriminazioa, lan istripuak,…) eta SEAk ardura handia du horiek konpontzeari begira. Horregatik, patronalari behingoz pausoak emateko galdegiten diogu, Arabako Metalgintzan hitzarmen duin bat lortzeari begira.

LAB enpresetara dinamika bat eramaten ari da sektoreko arazoak borrokatzeko eta alternatibak eskaintzeko. Hortaz, honakoak dira LABen aldarrikapenak:

– Soldata duina: 1200 euroko gutxieneko soldata gordina.
– Lan baldintza duinak: lanaldia murriztu, malgutasuna mugatu eta hobekuntzak ezarri bizitza pertsonala garatzeko eta zaintza lanak egin ahal izateko.
– Kontratazio duina: prekarietatea borrokatzea, azpikontratetako langileen subrogazioa, ebentualitatea eta ETTen bidezko kontratazioa mugatzea…
– Emakumeen eskubideak bermatzea: neurri eraginkorrak diskriminazioaren kontra,
– Lan osasuna bermatzea, lanetik bizirik eta osasuntsu bueltatzeko.

Horrekin batera, gehiengoan sinatu behar dela eta estatalizazioari eta lan erreformari aurre egin behar zaiela planteatzen dugu.

Azkenik, Urkullu lehendakariari eta Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiari hauxe gogorarazi nahi diegu: haiek eman nahi duten irudia idilikoaren gainetik, Arabako Industria ez dela oasi bat, sektorean prekarietatea errealitate bat dela eta negoziazio kolektiboa ere bahituta daukala. Beraz, horren arabera jokatzeko galdegiten diegu.

 

 

 

Sakoneko eztabaidari heldu gabe jarraitzen du Bizkaiko Metalgintzako patronalak

0

Bizkaiko Metalgintzako hitzarmenaren Negoziazio mahaia izan zen atzo, eta patronala oso gutxi mugitu dela salatu dugu LAB sindikatutik. Azaroaren 7an izango da hurrengo bilera, eta, sindikatuko kideen arabera, indarrak biderkatu behar ditugu, zerbait mugitu bada, mobilizazioei esker izan baita. Jarrerak oraindik oso urrun daudela adierazi dugu, sakoneko eztabaidari heldu gabe jarraitzen duelako FVEM patronalak.
 

 

 

Bizkaiko Ogasunak inbertsio fondoen kudeatzaileentzat aterpe fiskal bat sortzeko asmoarekin jarraitzen du

“Errenta irregularren” dekretuaren inguruan sortutako hika-mika dela eta, EAJk haren tramitazioa gelditzea erabaki zuen, baina horrek ez du esan nahi bere asmoari uko egin dionik, hots, elite ekonomiko eta finantzieroei pribilegio berriak emateko xedeari.

Bizkaiko Ogasunak, orain EAJ eta PSEren akordioarekin, foru arau proiektu bat aurkeztu du izaera espekulatiboa duten fondoen kudeaketagatik lortutako etekinen zerga erdira jaisteko. Beste erdiagatik ez lukete zergarik ordainduko, eta, gainera, “errenta irregularren” zerga-ordainketan jasotako 300.000 euroko muga ezabatuko lukete.

Foru erakundeak argudiatzen du neurri horiekin Bizkaia lurralde lehiakorragoa izango litzatekeela arlo fiskalean, eta horrek talentua erakarriko lukeela. Sasi argudio hori betikoen interesen aldeko maniobra bat besterik ez da, Bizkaiko Foru Aldundia osatzen duten EAJ eta PSE behin eta berriz egin ohi dutenaren ildoan.

Fondo hauen hedapenak lotura zuzena du finantza krisien kutsaketa efektuarekin, 2008. urtean gertatu bezala. Oraindik ari gara krisi hori ordaintzen. Eta ez da hori bakarrik: enpresa prozesu desberdinetan ikusi dugun bezala (Euskaltel gertuena), inbertsio fondoen helburu bakarra ahalik eta etekin gehien ateratzea da, lurraldean izan ditzakeen ondorioei erreparatu gabe.

Eusko Jaurlaritzak duela gutxi argitaratutako probrezia eta berdintasunik ezari buruzko inkestaren arabera, ekonomia berdintasunik eza igo egin da azken hamarkadan. 2008an, diru sarrera gehien zuen biztanleriaren %10ek diru sarrera gutxien zuenaren %10a baino 5,2 aldiz gehiagoko errenta jasotzen zuen bataz beste; gaur egun, 6,1ekoa da kopuru hori.

Inkesta honek errenta garbiari buruz ari da, hau da, zergak ordaindu eta prestazio sozialak jaso eta gerokoa. Beraz, agerian geratzen da politika publikoen eragin ahula ordainsariari dagokionez, eta politika publiko horien ez gaitasuna merkatuak sortzen duen berdintasunik eza zuzentzeko. Planteatutako foru araua bezalako politika fiskalak bide horretan sakontzen du eta milaka langile bizkaitarren egoera prekarioa okertzen du.

Bizkaiko Ogasunak adostu nahi duen foru arau hau EAJk aberatsentzat sustatzen duen politika fiskalaren beste adibide bat da; politika murritzaile hutsa da, aberastasunaren metaketa besterik ez duena ahalbidetzen. Arrazoi honengatik, Aldundiari eskatzen diogu bazterrean utz ditzala pribilegiatu gutxi batzuei bakarrik on egingo dieten neurri fiskalak.

 

 

 

Zuzenean zerbitzuko langileek lan baldintzen okertzea salatu dute

Zuzenean zerbitzuko langileek 012ko Lakuako bulego parean eta Legebiltzarrean elkartu dira gaur, euren egoera zaila jendarteratzeko. Hain zuzen ere, lan baldintza kaskarrak eta langileei ezarritako murrizketak salatu dituzte. Eusko jaurlaritzaren herritarren arretarako zerbitzua da Zuzenean delakoa. Bitartean, Eusko Legebiltzarrean langileen ordutegi-malgutasuna berrezartzeari buruzko proposamenari argi berdea eman diote; hau da, Legebiltzarrak lehengo eredura itzultzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Hauxe da herritarren artean banatu duten idatzia:

Zuzenean zerbitzuak lan baldintza bereziak dauzka ezarrita. Beste zerbitzu batzuetan baino askoz lotuago daude langileak lan tokiari, ematen duten zerbitzuaren ezaugarriak tarteko. Ez hori bakarrik. Txandaka egin behar dute lan, Zuzenean zerbitzuak ez baitu etenik 07:50etatik 20:10ak arte.

Langileentzako lan baldintza gogorrak direnez (txandakako lana, jendaurreko arreta jarraia, arratsaldeko lanaldia, malgutasun mugatua…) konpentsazio neurri batzuk zeuzkaten ordain gisa, baina antza denez Jaurlaritzak erabaki du konpentsazio larregikoak direla, eta murrizketa latzak ari zaizkie ezartzen langileoi, bereziki, kontziliazioaren beharrik handiena dutenei! Nahiz eta kontziliazioa guztiontzat den gehien bat emakumeak dira murrizketa hau pairatzen dutenak.

Izan ere, Lan Harremanetako Zuzendariak argi eta garbi adierazi zuen, kontziliazio-eskubidea berreskuratu nahi izanez gero, itunduta dauzkaten konpentsazio-orduak murriztu beharra zegoela, aurreko Lan Harremanetako Zuzendariekin sinatutako akordioak bazterrera utzita. Pentsa ezazue zenbait familia akordioan oinarrituz antolatuta zeuzkatela haien familia eta bikoteen lanen arteko antolakuntza eta egun batetik bestera bertan behera geratu zen.

Jaurlaritzak, 8 urtez indarrean egon den Lanaldi-zirkularra aldatu du, kontziliazio-eskubidea ukatu die, baimenak hartzeko gero eta traba gehiago ezartzen dizkie zenbait langileei lanaldi murrizketa ordutegi zehatzetara behartuz, sarrera- eta irteera-ordu finkoak inposatu dizkie zenbait langileri, arauz kanpoko kontratazioak egin dituzte… Langileen lan baldintzen eta zerbitzuaren beraren kalitatearen kaltetan. Orain, Zuzenean-agente ikastaroa ere ezabatu dute…

Urteotan guztiotan arazorik gabe aplikatu dira ordutegiak eta adostutako malgutasun neurriak, Zuzenean Zerbitzuko langileen malgutasunari eta prestutasunari esker batik bat.
Egungo Lan Harremanetako Zuzendariak ostera, kontziliazio-eskubidea ukatu die, baita txandaka ibiltzearen galerak pairatuarazi ere: familia eta lana bateratzeko zailtasun itzelak, presentzia jarraia eskatzen duten lantokitik kanpoko ekintzak egiteko ezintasuna, ostiraletan eta uda sasoian jantokia erabiltzeko debekua.

Debeku horien ondorioz, senideen zaintza-ardurak dauzkaten hainbat langilek lanaldia eta soldata murriztu behar izan dituzte. Horren ondorioz, bada lanaldia erdira ere ailegatzen ez den langilerik!

Hori guztia nahikoa ez, eta gero eta funtzio gehiago ari zaizkie agintzen langileoi…

 

 

 

Bilbo-Basurto ESIan egindako zerbitzuen murrizketak salatu ditugu

0

LABetik Bilbo–Basurto ESIan egindako murrizketa berriak salatu nahi ditugu. Langileen hutsuneak ordezkatzeko personal nahikorik ez dagoela dio Osakidetzak, hau da, udan, Aste Santuan edo Gabonetan, erabiltzen duten argudio bera, baina oraingoan udazken erdian, gripe kanpainan sartuta.

Osakidetzaren webgunean argitaratu duten bezala, hurrengo zerbitzuak ixtea eta murriztea erabaki dute:

– Alde Zaharra, Etengaberko Arreta Gunea (EAG): larunbatero 9tik 14ra. KENDUTA
– Txurdinaga, EAG: larunbatero 9tik 14 ra. KENDUTA
– Solokoetxe, EAG: larunbat, igande eta jaiegunero 9tik 24ra. MURRIZTUTA, orain 9tik 15ra
– La Merced, Osasun Zentroa: astelehenetik ostiralero 8tik 20ra. MURRIZTUTA, orain 8tik 15ra

Eta hau guztia gutxi izango balitz hainbat anbulatoriotan pediatra eta familia medikuen eza gehitu behar dugu, ZORROTZA OSASUN ZENTROA kasu, eta horrek suposatzen du pertsona gaixo bat kontsultaren zain aste bete egon behar dela.

LAB sindikatuari egoera onartezina iruditzen zaigu, murrizketok bai Osakidetzako langileoi bai erabiltzaile guztioi eragiten digutelako. Honako neurriak osasun publikoaren kontrakoak dira eta Osakidetza pixkanaka zerbitzuak kentzen ari da. LABek murrizketa hauek bertan behera uztea ezinbestekotzat jotzen du, eta gure eskubideak eta zerbitzu publikoen murrizketak gelditzea exijitzen diogu Osakidetzari. Osasun publikoaren deuseztatzea ez dugu onartuko. Hori dela eta, hainbat eragile eta elkarterekin harremanetan gaude mobilizazioak aurrera eramateko.

 

 

 

Leioan eta Getxon mobilizatu dira Bizkaiko kirolguneetako grebalariak

0

Bizkaiko kirolguneetako langileek osatutako mobilizazioen egutegiarekin jarraituz, Leioako kiroldegian egin dute protesta goizean. Bertatik, kalejiran joan dira Leioako udaletxera eta itzuli bat egin dute Getxoko kirolguneetatik. Astelehenean abiatu zuten greba, eta azaroaren 10a arte luzatuko da, hitzarmenaren defentsan.

 

 

 

Prekarietatearen aurkako hitzarmen bat aldarrikatu dugu Bizkaiko Metalgintzarako, Batzar Nagusien aurrean

0

Bizkaiko Metalgintzako borrokak bere horretan darrai, eta goizean, arratsaldean izango den Metalgintzako Mahaiaren atarian, sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Abadiñon. Hain zuzen ere, Bizkaiko Batzar Nagusiko ordezkariak Gerediagan bildu dira, Bizkaizko Metalgintzako gatazkari buruzko mozio bat eztabaidatzeko. Mozio horretan erakundeari eskatzen zaio FVEM patronalari negoziazio erreal bat egiteko eskatzea, eta, era berean, greba egunetan izandako errepresio bortitza salatzea.

Elkarretaratzean, LABeko Industria arduradun Eulate Zilonizaurrekoetxeak hartu du hitza, eta gogoratu du arratsaldean hitzordu garrantzitsua dagoela; Bizkaiko Metalgintzako mahaia, alegia: "Urte eta erdi igaro da mahaia ireki zenetik, eta, denbora honetan guztian FVEM patronalak aukera guztiak izan ditu urratsak emateko, greba egonda baina greba egon gabe ere. Negoziaziorako borondate falta agerian utzi du; beraz, pilota bere teilatuan dago".