2026-02-05
Blog Page 579

ELA eta patronalen prozedura eta Eusko Jaurlaritzaren oportunismoa salatu nahi ditugu Gizarte Ekimeneko Ikastetxeen gatazkan

LAB sindikatuak gaur jasotako dokumentua aztertuko du eta hurrengo egunetan, delegatu eta afiliatuekin kontrasteak egin eta gero, akordioaren balorazioa egingo du.

39 Mahai negoziatzaile eta 27 greba egun egin ostean, aurreko urriaren 28an eta hilabete bateko greba deitu ostean, sindikatuak, patronalak eta Eusko Jaurlaritza Lan Harremanetarako Kontseiluan elkarrizketa, negoziazioa eta adostasunera iristeko prozesu bat hasi genuen batasun sindikalean gauden sindikatuok, Gizarte Ekimeneko Ikastetxeetako gatazkari amaiera ematen saiatzeko.

LABetik ELAk eta patronalek negoziazioetan erabilitako prozedura kritikatu nahi dugu. Egun hauetan guztietan, ELA sindikatuak bakarrik parte hartu du Jaurlaritzarekin eta patronalarekin izandako negoziazioetan, gainerako sindikatuok ez dugu proposamenik ikusi azken unera arte, eta alde guztiekin esparru komun batean biltzeko aukerarik ere ez dugu izan.

Beste aldetik ere Eusko Jaurlaritzaren jarrera gatazka honetan salatu nahi dugu. 2017an sindikatu guztiok langileen birkokapenaren inguruko proposamena aurkeztu genion. 3 urte hauetan Gobernuak sindikatuek aurkeztutako proposamena ez du aintzat hartu eta bakarrik hauteskunde kanpainan egonda mugitu da interes elektoralista bati erantzuteko.

Birkokatzeko ekarri duten proposamena errelebo-kontratuaren baldintzak ixtera mugatu da soil-soilik, birkokatze-premien inguruko beste konpromiso batzuk baloratu gabe eta enplegua mantentzeko konpromisorako lanpostu hutsen definizioan zehaztapenik gabe.

Errelebo-kontratuaren baldintzak negoziatzeak eskubideak galtzea ekarri die irakasleei, eta hori LABen aldetik ezin dugu positiboki baloratu.
 

 

 

Bizkaiko Metalgintzako sindikatuok hausnarketarako deia luzatu dugu, igandeko hauteskundeen atarian

0

Hauteskunde kanpaina amaierara iritsi da, eta Bizkaiko Metalgintzako langileak Bilbon elkartu gara borrokan gaudela esateko. Larunbatean hausnarketarako eguna izango da eta igandean bozka eguna. Astelehenean, batzuk hauteskundeetako erresaka pasatzen duten bitartean, Bizkaiko Metalgintzako langileok borrokan jarraituko dugu. Hortaz, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean agerraldia egin dugu, alderdiek gatazkarekiko erakutsitako jarrera zein izan den jakinarazteko.

Horrela jarraitzen du Bizkaiko Metalgintzako sindikatuok gaur arratsaldeko agerraldi jendetsuan irakurritako adierazpen bateratuak:

Oso argi daukagu, lan gatazkak eta politika eskutik doazela, nahiz eta batzuek kontrakoa sinestarazi nahi diguten. Izan ere, lan gatazka asko gaur egungo sistemaren eta egindako lan erreformen ondorio dira, eta horiek politikariek egin eta onartutakoak dira.

Hain zuzen ere horregatik, eta Bizkaiko Metaleko negoziazioan dagoen blokeoa gainditu asmoz, irailean Bizkaiko Instituzio ezberdinak interpelatzen hasi ginen.

Emaitza argia izan da, sindikatuok aurkeztutako mozioa soilik Durango, Lemoan eta Sestaon onartu da; aurkeztu dugun gainerako udal edo diputazioan edo ez da onartu edota edukiz guk aurkezturikotik oso urruti zegoen kontramozioa onartu dute. Batzuetan, gainera, plenoan mozioa eztabaidatzea bera ere ez da lortu.

Mozio horien eztabaida ezberdinetan, PNV zein PSOE entzun genituen ez zirela nor negoziazioan “sartzeko” esaten, ez zutela horretarako konpetentziarik. Noski ezetz! Eta horregatik mozioak ez zuen hori eskatzen, ez genizueke gure izenean negoziatzen utziko. Negoziazioa langileon tresna da eta ordezkatzen gaituzten sindikatuena. Mozioetan argi eta garbi eskatzen genuen Instituzioak FVEMi deitzeko eta negoziatzeko borondatea eskatzeko, negoziazio zintzo bati ekiteko; eta horretaz gain, Bizkaiko Metaleko langileok daramagun borrokarekiko elkartasuna adierazi eta bidelagun izateko eskatu genizuen. Halere, ez dute egin, ez baita beraien konpetentzia negoziaziotan sartzea.

Hala ere, irailaren 30eko Urkullu lehendakariaren hitza gogorarazi beharrean gaude; uda osteko lehen greba eguna zen; “seguru nago, enpresen aldetik eta Bizkaiko Metaleko Enpresen Federazioaren aldetik, beraien esku zegoen guztia egin dutela azken hilabeteotan akordiotara iristeko”… “horregatik pentsatu behar dut, akordio edo negoziaziorako borondaterik, greba deialdia udaberritik dagoenean… borondaterik ez dela egon”.

Seguru daki, Patronalak borondatea daukala, baina sindikatuetaz susmoak; baina normala da hori, gurekin ez baitu hitz egin! Hori esatearren, Urkullu Lehendakaria ez zen negoziazioan sartu, ez horixe! Baina argi eta garbi kokatu zuen bere burua, Patronalaren ondoan, noski!

Ordutik zenbat dei egon ote dira Urkullu/Erkoreka/Ajuria Enea/Sabin Etxea/FVEM/CEBEK eta CONFEBASKen artean? Argi eta garbi diogu; guri ez digu inork ere deitu. Bizkaiko Metaleko langileekin ez dira harremanetan jarri, ez dute gurekin daturik edo informaziorik kontrastatu; Lehendakariak FVEMen informazioa bakarrik dauka. Horregatik diogu, argi eta garbi, Urkullu Lehendakariak bizkarra eman diela Bizkaiko Metaleko milaka langileri. Orduan esan genuen, eta zuzendu ez duenez, berriro diogu, jarrera guztiz tamalgarria da.

Astelehenean, azaroak 4, agerraldia egin genuen. Bost ohar bota genituen eta bat politikarientzako zen. Bizkaiko Metaleko langileentzako zein alternatiba daukaten argi esan zezatela eta hau da orain arte entzun eta jaso duguna:

– PNV: Ez ditu Mozioak babestu Dipuztazioan, Bilbon, Zamudion, Mungian, Gernikan, Barakaldon, Durangon, Lemoan eta Abadiñon. Basauri eta Erandion plenora ere ez zuten eraman eztabaida. Sestao izan da mozioa babestu duten Udal bakarra. Kanpainan zehar ere ez dira gerturatu, ez dute keinu edo mezurik egin. Salbu, asteazkenean, poliziak gu jipoitzen gintuen artean Arantza Tapia norekin zegoen gogoratzen badugu, horretan ere posizionamendua baitago.

– PSOE: Sestaon bakarrik babestu dute mozioa; Diputazioan, Bilbo, Mungia, Gernika eta Barakaldon ez babesteaz gain, Basauri eta Erandion plenoan eztabaidatzea ere ukatu dute. Hauek ere kanpainan zehar ez dira harremanetan jarri, ez dute Bizkaiko metaleko langileontzako alternatibarik, edo ez dute aurkeztu gutxienez.

– EHBILDU: Mozioa aurkeztu den toki guztietan babestu dute mozia. Durango eta Lemoako udaletan mozioa Aurrera atera da. Kanpainan zehar Bizkaiko Metaleko langileon borroka duinari erreferentzia egin diote. Mobilizazio ugaritan egon dira.

– PODEMOS: Ordezkaritza duten udal guztietan eta Dipuztazioan babestu dute mozioa. Mobilizazio ugaritan egon dira.

– PP: Ordezkaritza daukaten inon ez dute mozioa onartu.

Gainera, mobilizazio aste indartsua izan dugu Metalean. Asteartean, kotxe karabanak egin genituen Bizkaiko Metaleko empresa handi batzuek hitzarmena blokeatzen dutela salatzeko. Asteazkenean, Barakaldoko BECen egon ginen, FVEMek gazteen aurrean egin nahi zuen aurpegi zuriketa salatzeko. Gogoratu nahi diegu, milaka gazte daudela, gaur egun, FVEMek prekarietatera kondenatu nahi dituenak. Gazteek, lan baldintza duinak behar dituzte eta, are gehiago, Hitzarmen honetan behin behinekotasuna, ABLE bidezko kontratazioa eta subrogazio eskubidea bermatu beharko ditugu prekarietate horri frenoa jartzeko.

Bukatzeko, Bizkaiko metaleko langile guztiei esan nahi diegu, bihar hausnartu dezatela, eta bakoitzak metaleko gatazkan duen jarrera eta posizionamendua ere aztertu dezatela. Eta, bai, argi diogu, Bizkaiko metaleko langileok astelehenean mobilizatzen eta borrokan jarraituko dugu Hitzarmen duina lortu arte.

 

 

 

Langile bat hil egin da Iruñean, bihotzekoak jota, presioak eta atseden tarteen urraketa nagusi diren Benecke Kaliko enpresan

Aurten, gutxienez, 40 langile hil egin dira lanean, Euskal Herrian. Azkenekoa, gaur goizean izan da, Iruñean, Landaben industriagunean dagoen Benecke Kaliko enpresan. 46 urteko P. T. langilea bihotzekoak jota hil egin da, erritmo altuak, presioak eta atseden tarteen urraketa nagusi diren enpresan. Heriotz ez traumatikoa da, baina eragin zuzena du, zalantzarik gabe, bertako langileek pairatzen dituzten lan baldintzekin. Prekarietatea, berriro ere, presente dago lan heriotza batean.

Hain zuzen ere, enpresa horrek 15 minutuko atsedenak ezarri dizkie langileei, barne komunikazio baten bitartez. Lan Ikuskaritzan salatu genuen egoera, baina honek ez du ezer egin, barne komunikazio batean eman zutelako neurriaren berri. Hildakoak bere jardunaldian soilik 45 minutu zituen bazkaltzeko.

Enpresa batzordea arratsaldean bildu da lan heriotza honen aurrean antolatuko dituen mobilizazioak zehazteko. Hain zuzen ere, txanda bakoitzeko ordubeteko lanuztea egitea erabaki dute astelehenerako, eta elkarretaratze bat enpresaren aurrean, 13:00etatik 15:00etara.

LAB sindikatutik gure babes osoa erakutsi nahi diogu hildako langilearen familia eta lagunei, eta heriotz hau salatzeko mobilizazioekin bat egiten dugu.

 

 

 

‘Bizilan.eus’ webgunea abian dago, langileriarentzat zuzendutako tresna berria

0

‘Bizilan.eus’ webgunea aurkeztu dugu; hots, langileria osoari baliagarriak zaizkien informazioak ezagutarazteko sortutako tresna berria. Hainbat kolektiborentzat atal desberdinak sortu ditugu informazioa erraztasunez aurkitu ahal izateko: etxeko langileak, gazteak, migranteak, autonomoak, aniztasun funtzionala, pentsioak, prestazioak… Langileen eskubideen inguruko informazio argia aurkitu ahalko da atari berrian, ohiko zalantzak erantzuteko eta informazio gehigarria eskaintzeko.

Lelo honekin laburtu genezake tresna berriaren izaera: “Bizilan.eus, zure eskubideak klik batean. Ezagutza da aldaketarako lehen pausoa”

Norentzat zuzendua dago?
Bizilan.euswebgunea, langileria osoari baliagarriak zaizkien informazioak ezagutarazteko sorturiko tresna da. “Langile” hitza erabiltzen dugunean lanean, langabezian, erretiratuta edo ikasten dauden pertsonen inguruan hitz egiten ari gara, eta, horregatik, Bizilan webguneak kolektibo hauen guztien egoerak hartzen ditu kontutan. Kolektibo hauentzako atal desberdinak sortu ditugu informazioa erraztasunez aurkitu ahal izateko: etxeko langileak, gazteak, migranteak, autonomoak, aniztasun funtzionala, pentsioak, prestazioak.

Zer aurkitu ahal da bertan?
Langileen eskubideen inguruko informazio argia aurkituko dugu; ohiko zalantzak, kolektibo bakoitzaren eskubideak, informazio gehigarria… Informazioa atal desberdinetan sailkaturik aurkitu ahal da:

– “Zer da?”: egunerokotasuneko kontzeptuen azalpena
– “Nora jo?”: nork lagundu gaitzake kasuaren arabera
– “Zer egin?”: nola jokatu kasuaren arabera
– “Ohiko zalantzak”: langileek maiz aurkitzen dituzten egoeren erantzunak

 

 

Bizkaiko Metalgintzako sindikatuok astelehen, asteazken eta ostiral guztietan biltzea proposatu diogu patronalari hitzarmen duin bat erdiesteko akordioa lortu arte

0

Bizkaiko Metalgintzako Mahaia elkartu da gaur berriro, eta sindikatuok, proposamen berri bat mahaigaineratzeaz gain, bilera egutegi bat proposatu dugu patronalaren borondate falta ikusita.

2018ko apirilaren 22an egin zuen proposamenetik oso mugimendu gutxi egin du, momentuak eskatzen duen planteamenduetatik oso urruti dago FVEM eta, batez ere, atzera urratsak mantentzen ditu, irabazi ditugunak kendu nahirik gainera.

Hala ere, Bizkaiko Metalgintzako langile kolektibo osoari begirunez, sindikatuok, beste behin ere, erantzukizunez erantzun diogu egoerari. Proposamen berria jarri dugu mahai gainean, hiru puntutan:

1. Berdintasuna. Patronalak aurkeztu zuen azken proposamena oinarri, bermatzaile izateko (eta ez borondatezkoa) beharrezkoak gehitu dizkiogu:

-Gaian aditua den pertsona tekniko baten kontratazioa, benetan sektoreak behar duen diagnostikoa egingo duelako eta beharrezko irizpideak ezarriko dituelako.

-Sexu jazarpen protokoloari, sexu arrazoiengatik jasandako jazarpena gehitu diogu. Ez delako berdina, baina biek oinarri bera dutelako eta garrantzi bera.

-Enpresetako planei dagokienez, enpresetako diagnostikoak egiteko ere gaian aditua den kanpo aholkularien kontratazioa, baita planak beteko direla bermatzeko neurriak ere (arduradunak ekimen bakoitzerako, aurrekontu espezifikoak eta kronogramak); hori guztia langileen parte hartzea bermatuz eta Berdintasun Plana enpresa eta langileen ordezkarien artean adostutako izango dela bermatuz.

-Emakumeen kontratazioa bultzatzearekin batera, erantzukidetasun neurriak bultzatzea ere eskatu dugu.

2. ABLE bidezko kontratazioa. Aldi baterako enpresen kontratuak epetan mugatzea ezinbestekotzat jotzen dugu, gaur egun, prekarietatearen ezaugarri handienetako baita. Hala ere, negoziaziotan aurrera egin nahian, hasieran proposaturiko zazpi egunetako gehienezko kontratutik hamar eguneko kontratuak onartzeko prestutasuna adierazi dugu.

3. Malgutasuna eta behin behineko kontratazioa. Patronalak malgutasun gehiago nahi du, eta sindikatuok argi eta garbi esan diogu horrek langileen lan baldintzak okertuko lituzkeela. Gainera, bi arazo elkarlotu genituen maiatzean prekarizazio egoera horri aurre egin asmoa: %10 baino gehiagoko behin-behinekotasun kontratazioa daukaten enpresek malgutasuna ezin erabiltzea. Ezin da onartu, kontratazioan dagoen iruzurrarekin, dagoen behin-behinekotasun mailarekin, patronalak lan jarduna eta lan egutegiaren erabilpen askea egitea, gainera. Hala ere, behin-behinekotasun portzentaia %12ra igo dugu, baina beti ere malgutasunaren erabilpenari loturik.

Era berean, akordioetara heltzeko patronalaren borondate falta dela eta, bilera egutegi bat proposatu dugu. Astelehen, asteazken eta ostiral guztietan biltzea proposatu dugu, akordioa lortu arte. Momentuz, patronalak ez ditu gure proposamen berriak erantzun, bai bai deitu gaitu hurrengo asterako, bi bileretarako.

LABetik Bizkaiko Metaleko Hitzarmen duina lortzeko konpromisoan berresten gara; borrokan zein negoziazioan. Horregatik, aipatu urrats horiekin batera, datozen egunetan ditugun deialdi ezberdinetan parte hartzera deitu nahi ditugu langile guztiak.

 

 

 

Gipuzkoako Elikadura Industria eta Merkataritzako hitzarmenaren aurreakordioak prekarizazioari frenoa jartzeko neurriak jasotzen ditu

0

LAB sindikatuak Gipuzkoako Elikadura Industria eta Merkataritzako hitzarmenaren aurreakordioa lortu dugula jakinarazi nahi du. Aurreakordio hau LAB, CCOO eta UGT sindikatuok sinatu dugu eta Gipuzkoako 5.000 langile ingururi eragiten die.

Gaurko egunez adostutako aurreakordioak, orain langileen eros ahalmena bermatzeaz gain, fokoa soldata baxuena duten kategorietan jartzen du eta, sektorean, bai industrian zein merkataritzan bizi den prekarizazio prozesuei frenoa jartzeko neurri positiboak barnebiltzen ditu.

Aurreakordioan ondorengo puntuak jaso ditugu;

> Soldata: atzerapenetan langileek 2017 eta 2018ko KPI kobratuko dute eta tabletan kontsolidatu. 2019, 2020 eta 2021 urteetarako, kategoria handienaren KPIa modu linealean kategoria guztiei ordainduko zaie. Modu honetan, langile guztiei eros ahalmena bermatzeaz gain, kategoria baxuenak izango dira igoera handiena izango dutenak, kategorien artean dauden aldeak areagotzea ekidinez.

> Ordu osagarriak: hemendik aurrera lanaldi partziala duten eta ordu osagarriak egiten dituzten langileek, urte amaieran, ordu hauen %30 kontsolidatzeko aukera izango dute. Modu honetan merkataritzan modu kezkagarrian ematen den egoera bati frenoa jartzen hasiko gara eta langileei lanaldi osoetara iristeko aukerak irekitzen.

> Mozo kategoria; hemendik aurrera, hiru urteko esperientzia egiaztatzen baduzu, mozo espezialista izatera pasatuko da langilea modu automatikoan. Orain arte, mozo kategorian ez dago inolako promozio automatikorik izan eta zoritxarrez badira langileak kategoria honetan iltzatuta geratu direnak. Neurri honek bide bat eraikitzen die.

> Abenduak 24 eta 31; egun hauetan, langileen lanaldia arratsaldeko 17:00etan amaitzea adostu dugu, langileen bizitza pertsonal eta laboralaren arteko kontziliazioan lorpen bat.

> Lizentziak; hemendik aurrera medikura laguntzeko lizentzian gurasoak ere barnebilduko dira, eta haurra berriz, pediatrian den bitartean.

> Inaplikazioa: testu berri bat adostu dugu, orain artekoak bezala, lan erreformaren aurrean hitzarmena babestuko duena, eta beraz, langileen lan baldintzak.

> Komisioa: egun hitzarmenean aurkitzen diren kategorien azterketarako komisioa sortzeko konpromisoa adostu dugu. Bereziki garrantzitsua iruditzen zaigu hau, hitzarmen honetan aurkitzen diren kategoria eta funtzioak zaharkituta geratu direlako, eta errealitateari erantzun beharrean, langileen prekarizaziorako tresna da.

> Berdintasun eta ez diskriminazioa: berdintasun planak garatu eta praktikan jartzeko konpromisoak hartu ditugu. Bereziki beharrezkoa ikusten dugun aldarria, merkataritza nagusiki feminizatua dela jakinda.

Hau honela, LAB sindikatutik aurre akordioa positiboki baloratzen dugu, minimoak bermatzeaz gain, eduki berria txertatzen dugula, egungo egoerari erantzunez eta bereziki fokoa behar handiena duten horietan jarriaz. Eta hau orain positiboa izateaz gain, aurrera begira hurrengo hitzarmenerako hobetzeko bidean jartzen gaituela uste dugu.

Azkenik, baina ez ordea garrantzia gutxiagorekin, sektoreko hitzarmena mantendu izana garaipen bat dela azpimarratu nahi dugu. Bi urteko negoziaketa honetan beharrezkoa izan da patronala izan duen pasibotasunaren aurrean langileak antolatu eta kalera ateratzea. Kotxe karabanak egin ditugu, elkarretaratzeak enpresa nagusi eta patronalaren aurrean, aurpegia zuritzeko erabiltzen dituzten lasterketetan izan gara edo dendak pegatina eta kartelez josi. Delegatu eta langileen jarrera aktiboak ekarri gaitu gaurko egunera, eta helburu argiekin, eta elkarrekin lan eginaz, lan baldintzak hobetu ditzakegula erakutsi dugu.

 

 

 

GH Guema Manutencion enpresako langileen batzordea akordio batera iritsi da, lan osasunerako eskubidea bermatua izan dadin

0

LAB sindikatuarentzat, akordio honek lan osasunaren jarraipena hobeki egiteko marko bat ezartzen du, lan osasunerako arriskuak kentzeko eta dauden lan istripuak gutxitzeko. Akordio horren atzean kontzientziatutako langile taldea dago, borrokarako hautua egin duena lan osasunerako dugun eskubidea errespetatua izan dadin. Horregatik guztiagatik gaurtik aurrera, azaroak 7, aurreikusita zeuden lanuzteak bertan behera geratzen dira. LAB sindikatuak lanean jarraituko du Lan Osasuneko Batzordean proposamenak eginez eta beharrezkoa den ekintza sindikala martxan jarriz.

Bakaikuko enpresa horren Lan Osasunerako Batzordean sortutako arazo batzuen aurrean, han hartzen ziren erabakiak gauzatzen ez zirela eta, zeuden arriskuei ez zitzaienez irtenbiderik bilatzen, LABeko ordezkariez osaturiko Enpresa Batzordeak mobilizazio eta lanuzte dinamika batera deitu zituen langileak. Helburua zen Lan Osasunerako Batzordea edukiz betetzea eta gaur egun langileek dituzte arriskuen aurrean enpresak beharrezkoak ziren neurriak hartzea exijitzea. Urriaren 17an, 24an eta 31n egin ziren mobilizazioen ostean eta lanuzteekin hasi aurretik akordioa lortu da enpresan.

1. Pertsonen osasuna eta segurtasuna lehenetsiko da. Prebentzio Zerbitzuak behar diren neurriak hartuko ditu, zuzendaritzaren babesarekin.

2. Lan Osasuneko Batzordeko bileretara edozein pertsonak eraman ditzake proposamenak, hobetzeko, baloratzeko… eta erantzuna emango zaio.

3. Lan Osasuneko Batzordeko bileretan enkargatuek, prebentzio zerbitzuak, delegatuek eta, behar izanez gero, horietako norbaitek proposatutako adituek parte hartu ahal izango dute.

4. Lan Osasuneko Batzordean hartzen diren erabakiak jasota dauden bezala burutu beharko dira. Edozein arrazoi dela medio, zerbait betetzen ez bada, arduradunak azalpenak eman beharko ditu eta Lan Osasuneko Batzordean behar diren neurriak jarriko dira.

5. Zuzendaritzak urte hasieran Lan Osasuneko Batzordea kudeatzeko aurrekontua erabakiko du.

6. Lan Osasuneko Batzordean 2.000 € baino gutxiagoko inbertsioa behar izanez gero, erabakitzeko eskubidea %50 Zuzendaritzak izanen du eta %50 Prebentzio delegatuek. Akordio batera iristen ez bada, prebentzio zerbitzuak izanen du azken hitza. 2000 € baino gehiagoko aurrekontua duen inbertsioa egiteko, Zuzendaritzaren baiezkoa beharko du izan.

 

 

 

Nafarroako (in)Justizia Jauregia inguratu dugu, gure bi kideren aurkako kartzela zigorra salatzeko

LABeko bi sindikalistari 5 hilabeteko kartzela zigorra ezarri dietelako egin dugu gaur protesta. Huerta de Peraltan esplotazioa eta greba eskubidearen urraketa salatzeagatik etorri dira zigorrak, eta, hori salatzeko, Nafarroako (in)Justizia Jauregia inguratu dugu, auto karbana baten bitartez.
 

 

 

EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako greba egunak oso jarraipen zabala izan du, maiatzeko greba egunetakoa gaindituz

LAB, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuok patronalari eta bereziki Hezkuntza sailari, bakoitzak dagokion arduraz jokatzeko eskatzen diegu berriro, langileen eskaerei erantzunez gatazka bideratzeko eduki eta planteamenduak berresteko.

LAB, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuok bultzatutako elkarrizketarako prozeduraren baitan, atzoko egunean aurrerapauso garrantzitsuak egon ziren. Hala ere, gaur gaurkoz ez dago akordiorik itxita, beraz, jada deituta daukagun mobilizazio eta greba dinamikarekin jarraituko dugu. Izan ere, prozedura guztian zehar ikusi ahal izan dugu, mobilizazio eta greba dinamika abian den heinean soilik ematen direla mugimendu eta aurrarapausoak. Gatazka hau akordio egoki batekin amaitzeko bermerik onena beraz, greba izaten ari den jarraipen zabala da.

Gaurkoa, azken hiru ikasturtetan egiten den 28. greba eguna da sektorean. Bere jarraipena oso zabala izaten ari da, %75 ingurukoa, maiatzeko greba egunen jarraipena nabari gaindituz, eta Eusko jaurlaritzak ezarritako zerbitzu minimoak erabat abusiboak diren arren. Zentzu honetan, sindikatuok zerbitzu minimoen agindua juridikoki salatzeko aukera aztertzen ari gara. Aldi berean, greba izaten ari den babesak agerian uzten du langileen artean dagoen nahiagabea, orain dela 10 urtetik eguneratu gabe dituzten lan baldintzen kaskartzearen ondorioz.

LAB, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuok bereziki Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu nahi dugu. Izan ere gatazka honetan guztian zehar, gatazka bideratzeko izan beharko lukeen inplikazioa alboratu eta bere parte hartze ia bakarra zerbitzu minimoak gehitzera bideratu duelako. Aldi berean, atzo emandako aurrerapusoek, gatazkaren irtenbide egoki batean amai dezaten, ezinbestekoa izango da patronalak eta bereziki Hezkuntza sailak dagokien arduraz jokatzea.