2026-08-01
Blog Page 575

Aldebakartasun eta inposiziorik gabeko deseskalatzea eskatzen dugu

0
Eusko Jaurlaritzako Industria, eta Garapen Sailak, gaur bertan, bihar egingo den bilera batera deitu gaitu, irizpideak trukatzeko, jardun ekonomikoaren sektore desberdinen egoera ikusteko eta deseskalatze prozesuaren estrategiari buruz aritzeko. Inprobisazio hutsa ematen du honek, bileran parte hartu behar dugunoi 24 orduko epearekin abisatu baikatuzte.

Arantzan Tapiak gidatzen duen Sail honek deitzen duen hirugarren bilera da hau. Aurreko bietan eragile bakoitzaren ikuspuntua eskatzera mugatu ziren egoeraren irakurketari buruz, inongo proposamenik ekarri gabe, eta arlo sindikaletik egindako ekarpenei inongo jaramonik egin gabe. Argi geratu zen bilera bi horietan Arantza Tapiaren helburu bakarra, bileran parte hartu genuenekin argazki bat lortzea zela.

Ordutik hona Jaurlaritzak, alde batetik oinarrizko jardunak ez zirenak gelditzea ebatzi zenean, geldialdi hau ez egiteko presio egin eta irizpideak atera zituen patronalaren interesak defendatuz, eta beste aldetik oinarrizko jardunak ez direnak berriz martxan jartzeko patronalaren neurrira eta langileen osasuna bermatzen ez duen gida atera zuen, sindikatu honek egin zituen ekarpen bat ere kontutan izan gabe.

Jaurlaritzaren jarduna arlo sozial eta ekonomikoan aldebakartasunean eta inposaketan oinarritu izan da. Langileen ikuspuntua, interesak eta osasuna ez du kontutan hartu nahi izan, eta patronalaren neurrira egindako erabakiak hartu eta honen interesak defendatzera mugatu da.

Madrilgo Gobernua ere pandemia honen kudeaketa erabiltzen ari da zentralizazioan pauso berriak emateko, botere ekonomikoaren interesak eta estatu eredua inposatuz.
Beraz herri honetako langileok Madrilgo zentralizazioan eta Madril, Gasteiz eta Iruñean aldebakartasun eta inposizioen aurrean aurkitzen gara.

Euskal Herrian, bertatik eta bertara eginiko plan orokor eta anitza behar dugu egoera guzti honi aurre egiteko. Plan hori bertoko eragile sozial, politiko, ekonomiko eta instituzional guztien partaidetza eta ekarpenarekin egin behar da. Nahikoa da estatu zein EAE eta Nafarroako gobernuak erabakiak aldebakartasunez hartzeaz eta inposatzeaz.

LABek biharko bileran parte hartuko du, eta bere irakurketa eta proposamenak egingo ditu. Baina bilera hau ere Arantza Tapiak argazki soil bat ateratzeko baliatzen badu, eta, sindikatu honek egiten dituen ekarpenei inongo jaramonik egin gabe, patronalaren neurrira eginiko aldebakarreko erabakiak hartzen baditu, langileei lepoa emanez, LABek ongi aztertuko du hurrengo deialdietan parte hartzea.
 

 

 

Osakidetzako langile guztiei PCR eta serologia testak egitea eskatzen dugu

0

Osakidetzan langileei egin beharreko testen inguruko anabasa ikusita, eta badakigunez ESI guztietan ez direla egiten ari proba berak, Osakidetzako Zuzendaritzari eskaera bat erregistratu diogu.

• Osakidetzari eskatzen diogu langile guztiei testa egin diezaietela, modu antolatuan eta ESI guztietan berdin jardunez, leku guztietan irizpide berak erabiliz.

• Osakidetzari eskatzen diogu lanean ari diren edo lanean aritu diren langile guztiei, bai Osakidetzako langileei bai kontratetakoei, bi probak egiteko: PCR eta serologia odolean. Kontuan hartu beharko dira kontratua amaitu duten edo laster amaituko duten langile ebentualak.

• Osakidetzari exijitzen diogu eskura dauden baliabide guztiak erabil ditzala proba horiek ahalik eta lasterren egin daitezen, aukera guztiak kontuan hartuta, eta EHUren eta laborategi pribatuen baliabideak erabilita.

Bestalde, jarraitzen dugu eskatzen:

• Langile guztientzat, langile publikoentzat edo kontratetakoentzat babesekipamendu egokiak eta kalitatekoak.

• Irizpide zientifikoetara egokitutako protokoloak, ez irizpide ekonomikoetara edo materialaren stock-irizpideetara egokitzen direnak.
 

 

 

Maiatzaren Leheneko ikur bateratua leiho eta balkoietatik zintzilikatzeko deia egin dugu

0

Maiatzaren Lehenean euskal gehiengo sindikalaren ikur bateratua leiho eta balkoietatik zintzilikatzeko deia egin dugu. Ikurraren kopia egiteko edo ikurra bera margotzeko aukera duzu, zuk zeuk erabaki. Bata ala beste, langileon aldarria etxeetan presente egotea da helburua, mobilizatzeko mugak ezarri dizkiguten honetan, koronabirusaren krisiaren ondorioz.

Maiatzaren Lehenaren eguna aldarrikatu eta ospatu nahi dugu, modu koloretsu batean. Kapitalak marraztu nahi digun etorkizun ilunaren aurrean, guk bizitza erdigunean jarriko duen etorkizuna marraztu nahi dugu, etorkizun koloretsu eta dinamikoa. Hala adierazi genuen irudi bateratua aurkeztu genuen egunean.

 

 

Arcelor Mittalek ABEEE bat aurkeztu du kaleratzeak iragartzen dituen bitartean

0

Ezinbesteko ABEEE bat ukatu ostean, Arcelor Mittaleko zuzendaritzak gaur, apirilak 28, jakinarazi du ABEEE bat ezartzeko asmoa duela, arrazoi objektiboengatik, multinazionalak Estatuan dituen lantegi guztietarako. Enplegu-erregulazioko espediente horrek 8.236 langileri eragingo lieke, eta urtebeteko iraupena izango luke. Era berean, enpresak iragarri digu 50 eta 100 kaleratze artean egiteko asmoa duela, zein lantegitan egingo liratekeen zehaztu gabe. Kaleratze horiek, enpresaren beraren arabera, ezinbesteko ABEEE ez onartzeagatik galdutako diruari aurre egiteko egingo lirateke.

Enpresak ez du neurri horren ondorioak arintzeko inolako osagarri ekonomikorik proposatu, baina "negoziatzeko prest" agertu da. Ez du dokumentaziorik aurkeztu, baina gaur helaraziko dutela ziurtatu du.

Multinazionalaren zekenkeriak eta moraltasunik ezak ez dute mugarik. ABEEE berri bat iragartzen diguten bitartean, Arcelor Mittal 2009tik UGT eta CCOOen laguntzarekin aplikatzen ari den ABEEEa "oso garestia" iruditzen zaiolako, 50 eta 100 langile artean kaleratzeko asmoa du. 2009. urteko ABEEEa aplikatzen hasi zenetik, enpresak enplegua suntsitu besterik ez du egin, %50 baino gehiago Euskal Herriko lantegietan, eta horren ordez prekarioagoa den beste bat ezarri du. Enpresak esan du lan-kostua % 46 murriztu behar dela, baina altzairugintzako langileen gastua gastu osoaren% 8-10 baino ez da.

ABEEE hau ez da beharrezkoa eta ez dago justifikaziorik. Dagoeneko onartuta dauka ABEEE bat, 11 urte daramatzana langileei nahi duen bezala aplikatzen. Euskal Herriko lantegi batzuk %100ean ari dira lanean. Enpresak langileak gehiago zigortu nahi ditu, kaleratze, prekarietate eta inposizio gehiago eskainiz. LAB zigor neurri berrien aurka dago erabat.
 

 

 

Krisi honi aurre egiteko martxan jarri diren neurriekin jarraituz gero enpleguaren galera izugarria izango da eta horrek prekarietate eta pobrezia egoerak zabaltzea azkartuko du

Eskuartean Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuak izanik lehen gogoeta honakoa da: ez du gaur egungo errealitatea inolaz ere islatzen, urteko lehen hiruhilekoan eginiko inkestak baitira gaur publiko eginikoak. Hau da, lehen hiruhilekotik alarma egoerako bi aste soilik hartu ditu aintzat. Beraz, gaurko datuak tentuz irakurri beharrekoak dira.

LABetik behin baino gehiagotan salatu dugu 2008ko krisiaren ondorioz harturiko erabakiek utzi dituzten ondorioak. Gobernuetatik eratorritako neurriek kapital handien interesak defendatu zituzten langileen bizkar, eta horrelakoa izan da hurrengo urteetan sortu den lan merkatua Euskal Herrian: behin behinekotasun tasa altuak, prekaritatea hedatuta, jendartearen baitako arrakalak izugarri zabalduta (emakume eta gizonen artekoa, soldata altuenak eta apalenak dituztenen artekoa…) eta horren guztiaren ondorioz pobrezia hedatu zaigu Euskal Herrian.

Lan merkatu honekin egin behar diogu orain aurre egoera berria uzten ari den egoerari. Astez aste langabezia igotzen ari da eta baita ABEEEtan dagoen langileen kopurua ere. Ekonomia ezkutuan lan egiten duten pertsonek gero eta zailtasun handiagoak dituzte euren bizitza aurrera ateratzeko, errealitatea gero eta gordinagoa ari zaigu bihurtzen.

Biztanleria Aktiboaren Inkesta (BAI) behatuz Hego Euskal Herrian lehen hiruhilekoan aurrekoarekin alderatuta 6.700 lagun gutxiago daudela okupatuta ikus dezakegu. Langabetu kopuruari dagokionez, 6.400 langabetu gehiago ditugu aipatu denbora tartean.

BAIk behin-behinekotasunaren argazki argigarri bat ekarri digu gaurkoan ere, izan ere, enplegua galtzen lehenak behin-behineko kontratadun langileak izan badira ere, behinbehinekotasun tasa izugarriekin jarraitu dugu urteko lehen hiruhilekoan: %23,5ak du behin-behineko kontratua Hego Euskal Herrian. Emakumezkoen kasuan tasa hau %26,5era igotzen da.

Datu hauek hilabeteka behatzea ezinezko zaigunez, Gizarte Segurantzako afiliazio datuetan oinarritu gara martxoko azken bi asteetako amildegiaren dimentsiora hurbildu ahal izateko. Izan ere, Otsaila bukaerako datuak martxo bukaerakoekin alderatuz gero, ikusten dugu 28.302 pertsona gutxiago dagoela altan Gizarte Segurantzan, %2,8 gutxiago.

Bestetik, datu hauei ABEEtan dauden langile kopurua gehitu behar zaie, behinbehineko langabezia egoeran daudenak. Martxo bukaerako datuetatik asko igo da langile kopurua, izan ere, 250.734 pertsona daude Hego Euskal Herrian.

Datu hauek argi erakusten dute krisi honi aurre egiteko martxan jarri diren neurri hauekin jarraituz gero enpleguaren galera izugarria izango dela eta horrek, aurreko krisian bezala, prekarietate eta pobrezia egoerak zabaltzea azkartuko duela. Pertsonen beharrizanak lehen lerroan kokatuko dituen eredu baten eraikuntza da honi aurre egiteko modu bakarra. Euskal

 

 

 

Espainiako Gobernu Ordezkaritzak Nafarroan eskubide zibil eta politikoak bere nahien arabera urratzen dituela salatzen dugu

0

Espainiako Gobernu Ordezkaritzak debekatu egin ditu LAB sindikatuak Maiatzaren Lehenerako Nafarroan zituen lau auto karabana. Mobilizazio horiek Iruñerrian, Estellerrian, Tafallaldean eta Sakanan egitekoak ziren, COVID-19 pandemiaren inguruko kudeaketa instituzionala salatu eta bizitzaren sostengarritasuna erdigunean kokatuko duen eredu ekonomiko eta sozial berria aldarrikatzeko. LABek helegitea jarri dio debekuari.

Aipatutako auto karabanek sindikatuaren lan osasunaren arloak zehaztutako protokolo zorrotzaren arabera zeuden antolatuak: gehienez 20 ibilgailu, gidari bat ibilgailu bakoitzeko, materialaren jasotze eta itzulera segurua, eta abar. Era berean, alarma egoerak ezarritako baldintzak aintzat hartuz antolatu dira karabanak: lan egiteko kalera ateratzea legezkoa da eta jarduera sindikala lantzat hartzen da.

Alabaina, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak lau auto karabanak debekatu ditu, modu erabat arbitrarioan, abusuzkoan eta antidemokratikoan. Apirilaren 30ean milaka lagun bere autoekin lantokira joan eta kasu askotan 8 orduz beharrezkoak diren segurtasun neurririk gabe lanean egongo diren bitartean, Maiatzaren Lehenean 20 autok segurtasun neurriak betez karabana bat egin dezaten debekatzea ulertezina da. Botere-abusu argi bat da, lanean segurtasun eta osasun neurriak ez betetzeagatik lantokirik batere zigortu ez den bitartean, segurtasun neurriak betetzen dituen jarduera bat debekatzen baita. Eta, alarma egoeran egonda ere, indarrean jarraitzen duten eskubide demokratikoen aurka egindako eraso larria da.

Aipatutako hauek ez dira debekatutako ekitaldi bakarrak: ezagutzera eman duten bezala, CGT, ESK, Solidari eta STEILAS sindikatuek egun berean Iruñeko Errekoleten plazan antolatutako ekitaldi sinbolikoa ere debekatu du Gobernu Ordezkaritzak. Kasu horretan, sei lagun baino gutxiago elkartzea debekatu dute, nahiz eta beste jarduera batzuetarako eskatzen diren segurtasun neurri guztiak bete.

Era berean, gogoratu behar da pasa den astean Huerta de Peraltako langileek deitutako elkarretaratze bat debekatu zuela Gobernu Ordezkaritzak, aipatutako agintekeria berberarekin: lantokiaren barruan lan egin bai, baina lantokiaren sarreran protesta egin ez, nahiz eta segurtasun-neurriak bete.

Debeku hauek guztiak onartezinak dira eta ez dute zerikusirik osasun irizpideekin. Covid-19ari aurre egiteko aitzakian, zentralismoa, autoritarismoa eta kontrol soziala inposatzen ari dela nabarmena da.

Auzitegien aurrean helegitea jarri dugu, auto karabanen debekua bertan behera gera dadin eskatuz. Era berean, Nafarroako eragile sozial, sindikal eta politikoekin mintzatuko gara, gertakari larri hauen neurriko erantzun bat adosteko asmoz.
 

 

 

Lan osasunaren defentsan mobilizatu gara, aurten hildako 29 langileak eta desagertutako Alberto eta Joaquin gogoan

0

Apirilaren 28aren etorrerarekin, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, hainbat eta hainbat mobilizazio egin ditugu Hego Euskal Herriko lantokietan, euskal gehiengo sindikalak deituta (irudi galeria). Koronabirusaren krisiak eta ezarri diguten salbuespen egoerak baldintzatuta etorri da Salaketa Eguna, "Lan osasuna bermatu, bizitza defendatu" leloarekin. Aurten Euskal Herrian hil egin diren 29 langileak izan ditugu gogoan, eta, horiekin batera, Zaldibarren desagertuta jarraitzen duten Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. Hain zuzen ere, Zaldibarreko zabortegiaren aurrean egn dugu eguneko mobilizazio nagusietako bat.

LABeko Lan Osasuneko arduradun Lurdes Erasok hartu du hitza Zaldibarren, bertako zabortegiaren atarian, non Alberto Sololuzek eta Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen duten otsailaren 6az geroztik. Erasok azaldu du lan osasunak okerrera egiten jarraitzen duela, azken asteotako gertaerak lekuko. Izan ere, Euskal Herrian, gutxienez, 29 langile hil egin dira aurten; bi langile desagertuta daude Zaldibarren; eta koronabirusak jota lau langile zendu dira. Honek argi uzten du, LABeko ordezkariaren hitzetan, patronalak eta erakundeek interes ekonomikoak lehenesten dituztela langileen osasunaren gainetik. Lan gaixotasunek ere nabarmen gora egin dutela adierazi du.

Lurdes Erasoren arabera, "langileak abandonatuta sentitzen gara. Langileak bakarrik utzi gaituzte". Egungo pandemia egoeran langileak gaixotzera bidali dituztela lanera salatu du, babesik gabe; oinarrizkoak diren jardueretako langileen kasua, adibide.

Egoerak erakutsi du zerbitzu publikoak indartzeko garaia dela, LABeko kidearen esanetan; pribatizazioekin amaitzeko garaia dela, alegia: "Pandemia amaitu egingo da, baina sindikatuok borrokan jarraituko dugu beste eredu bat eraikitzeko, non bizitza erdigunean egon behar duen. Borrokatuko dugu erakundeak bide horretan jartzeko".
 

 

 

Volkswagenen azpikontrataturiko enpresen eta enpresa hornitzaileen langileen osasuna zaintzeko eskatu diogu Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari

0

Gaur, 2020ko apirilaren 27an, LAB sindikatuak errekerimendu bat erregistratu du Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan, modu presentzialean berma dezan Volkswagenek azpikontrataturik dituen enpresetan, bai eta haren enpresa hornitzaileetan ere, COVID-19ren aurkako segurtasun-neurriak aplikatzen ari direla.

Azpikontrataturiko enpresak eta VW Nafarroaren hornitzaileak ahaztuak dira berriro ere, eta, horregatik, LABek langile guztien segurtasuna zaintzeko eskatu dio Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari.

Kontuan hartu behar da langile horiek beren eskubideak defendatzeko dituzten zailtasun gehigarriak, azpikontratazioak dakarren prekaritatearen ondorioz. LABek beti defendatu izan du langile horiek subrogatu egin behar direla prekaritate horrekin amaitzeko neurri gisa, baina hori gauzatu arte, behin eta berriz eskatu dugu, eta eskatzen jarraituko dugu, azpikontratetako eta hornitzaileetako langile guztien osasuna berma dezala Volkswagenek. Ezin baitugu ahaztu langile horien osasuna ere VW Nafarroaren erantzukizuna dela.
 

 

 

Indarrak batuko ditugu Lan Osasunaren Nazioarteko Egunean

0

Apirilaren 28an Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna da, urtero legez. COVID19aren krisiak eta ezarri diguten salbuespen egoerak baldintzatuta izango da aurtengoan. Salaketa Eguna egingo dugu, "Lan osasuna bermatu, bizitza defendtu" leloarekin, euskal gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuok batuta.

Azken hilabeteek irakasgai argia utzi digute, berriz ere. Gobernuentzat eta kapitalarentzat gure bizitzak duen balioa agerian geratu da. Beharrezko denean kapitalaren mesedetan gure bizitzak arriskuan jartzeko prest dira, eta gertatzen ari da:

– Hala gertatu zen Zaldibarren zabortegiak bi langile lurperatu zituenean.

– Berdin COVID-19arekin lanean kutsatu eta hil diren langileekin, lanean kutsatu direnekin edo kutsatu diren langileen senideekin.

– Arrazoi bera dago Hego Euskal Herrian aurten lan istripuan eta gaixotasun profesionalen ondorioz hildako langile guztien atzean.

Gure lan osasuna bermatzeko baliabide nahikorik gabe lan egitera behartzen gaituzte egunero, kapitalaren interesak lehenesten dituzte, langileon osasunaren gainetik.

Bizitza eta kapitalaren artean aukeratzeko momentua iristean, ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru Etxalde eta CGT (Nafarroa) sindikatuok argi dugu, lehenbizi bizitza, eta ondoren beste guztia. Osasunik gabe, bizitzeko eskubidea bermatu gabe, ez dago beste ezer. Heriotza dakarren lanak ez du lana izaterik merezi. Are gehiago, soilik osasuna bermatuta duen gizarte batek izango du aukera jarduera ekonomiko arrunta izateko.

Krisi honetan langile guztion osasuna arriskuan jarri dute. Funtsezko zerbitzuetan ari diren osasunlangileena, zaintza esparruko langileena, garbitzaileena, garraioan dabiltzanena, elikadura saltzaileena, farmazietako langileena, gasolindegietakoena, … arriskuan jarri dute, babes-neurririk gabe lan egiteak bizitza arriskuan jartzea baitakar. Zenbat pertsona gaixotu edota hil dira egoera honetan lan egiteagatik, langile horiekin bizitzeagatik edo langile horiek artatuta? Arriskuan jarri dituzte ere, funtsezkoak ez diren sektoreetako langileak, prebentzio neurri egokirik gabe lan egitera behartu dituztenean, bestelako mugimendu guztiak erabat debekatuta zeuden bitartean. Langileon bizitza kalean erabat kontrolatuta egon da, baina lanean gure bizitza arriskuan zenean ez da ikuskaririk etorri, bakarrik utzi gaituzte eta hala aritu behar izan dugu lana geldiarazten oinarrizko segurtasun neurriak ematen ez zirenean.

Koronabirusaren krisia igaroko da noizbait, eta orduan gizarte moduan lehentasun berriak ezarri beharko ditugu. Sindikatuok bizitza jarriko dugu erdigunean. Eta, orduan ere, instituzioentzat bizitzak lehentasun izan daitezen mobilizatu beharko dugu, besteak beste, lanean gure bizitzak behar bezala zaindu daitezen Ikuskaritzarako behar besteko baliabide izan dadin.

APIRILAK 28: SALAKETA EGUNA Zer egin?

Oinarrizko zerbitzuetan babes neurri egokirik eta nahikorik gabe ari garenok, gainerako eremuetan osasunaren bermerako planik edota neurri egokirik gabe ari garenok, mobiliza gaitezen, gure lan osasunaren kontrako praktikak salatzeko, segurtasun neurri guztiak hartuta:

LANTOKIETAN

– Mobilizazioak sustatuz: elkarretaratzea, isilunea, eserialdia… distantzia ziurtatuta bilduz, eta kartela eskuan hartuta, lan zentroen aurrean mobilizatzera dei egiten dizuegu. Argazkiak atera eta zabaldu #BizitzaDefendatu traola erabilita.

– Bideoekin: kartelak eskuan, grabatu bideo laburrak lan osasunarekin lotutako zuen aldarrikapen eta salaketak egiteko, eta zabaldu #BizitzaDefendatu traola erabilita.

ETXEAN

– Argazki eta bideoekin: grabatu bideo labur zuen osasuna bermatzeko egin nahi duzuen salaketa edo aldarrikapena adieraziz, eta zabaldu sare sozialetan #BizitzaDefendatu traola erabilita.

– Xingola beltzak leiho eta balkoietan. Zintzilikatu balkoi edo leihotik xingola beltz bat, lanagatik hil edo gaixotu direnekin elkartasuna adierazteko eta egoera hauek salatzeko.