2026-02-05
Blog Page 573

Urtarrilaren 30erako deitu dugu Greba Orokorra, lan, pentsio eta bizi duinaren defentsan

Urtarrileko bigarren hamabostaldirako iragarri genuen Greba Orokorra Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragile sindikal eta sozialek, pentsiodunen mugimenduak mobilizazioetan jauzi kualitatibo bat emateko planteamenduarekin bat egin eta gero. Bada, Greba Orokorrari buruz hitz egiteko bilera egin dugu gaur, eta data zehatza jarri diogu mobilizazio egunari. Hain zuzen ere, urtarrilaren 30ean izango da lan, pentsio eta bizi duinaren aldeko Greba Orokorra. "Batasuna gure indarra da, eta mobilizazioa eta borroka gure helburuak lortzeko berme bakarrak", adierazi dugu deitzaileok.

Hauxe da eragileok igorritako ohar bateratua:

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bilera batera deitu ditu mobilizazioetan jauzi kualitatibo bat emateko egindako planteamendu osoari atxikimendua erakutsi dioten erakundeak. Bilera honetan, data jarri zaio Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, sindikatuek, ikasle, gazte eta ekologia mugimenduek eta bazterketa sozialaren aurkako kolektiboek deitutako mobilizazio eta Greba Orokorrari, eta mugimendu feministaren atxikimendua duena, azaroaren 1 eta 3 bitartean Durangon egindako topaketa feministetan babesa eman ostean.

Gaur egindako bileran, berretsi dugu aberastasunaren bidezko banaketa, pentsioen sistema publikoaren defentsa eta eskubide sozialen aitortza ez dela promesekin lortuko; ekintzak beharrezkoak dira pentsioen, eskubide sozialen eta soldaten bitartez bizi baldintza duinak bermatzea nahi badugu.

Horregatik, Madrilgo gobernuari, Gasteiz eta Iruñeko gobernuei eta patronalari pentsioek eta soldatek galdutako erosmen ahalmena berehalakoan berreskura dadin exijitzen diegu, baita eskatu ere hauen birbalorizazio automatikoa, bizitzaren kostuaren igoera kontutan hartuta, gutxienez; 2010 eta 2012ko lan erreformak bertan behera uzteko exijitzen dugu (prekarietatea handitu eta negoziazio kolektiborako eskubidea erasotu duten neurrian), baita 2011 eta 2013 pentsioen erreformetako neurri murritzaileen ezabatzea ere; 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta 1.200 euroko lanbidearteko gutxieneko soldata (SMI) exijitzen ditugu; genero arrakalarekin bukatzeko exijitzen dugu soldata eta pentsioei dagokienez; aurre jubilazioa eskatzen dugu, zigortu gabe, 40 urte kotizatuta izan eta gero; gizarte eta osasun zerbitzu publiko, unibertsalak eta doakoak oinarri dituen zerbitzu sare bat eskatzen dugu; eta exijitzen dugu Bermatutako Errentaren eta Diru sarrerak Bermatzeko Errentaren kopurua SMI-aren %100ekoa izatea, baita araudi espezifiko bat eskatu ere 1.080 euroko gutxieneko soldata osagarritzeko.

Hau guztia lortzeko, urtarrilaren 30ean, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako kaleak beteko ditugu, mobilizazio orokorrean parte hartzen eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten sindikatuek ofizialki deitutako Greba Orokorra babesten, CNT sindikatuarekin, ikasle (Ikasle Abertzaleak, Ikasleen Sindikatua, Ikasle Ekintza) eta gazte mugimenduekin (Eragin, Ernai) batera.

Mobilizazio eta Greba Orokor egun horretan ere izango gara Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua, mugimendu feminista eta Harro, Etxeko Langileen Elkartea, PAH Bizkaia- Kaleratzerik ez, Argitan eta bazterketa sozialaren kontra eta eskubide sozialen aldeko Berri Otxoak plataforma gisako mugimendu sozialak, besteak beste. Atxikimendu bilketa oraindik indarrean dagoen honetan, dagoeneko batu dira merkataritza eta ostalaritza elkarteak, auzo elkarteak eta era guztietako kolektiboak, tokian toki lan egingo dutenak deialdia arrakastaz gauza dadin.

Gaur, modu bateratuan erakutsi nahi dugu gure konpromisoa mobilizazioak eta Greba Orokorra ardatz izango dituen jardunaldiarekiko; urtarrilaren 30ean egingo dena.

Batasuna gure indarra da, eta mobilizazioa eta borroka gure helburuak lortzeko berme bakarrak.
 

 

 

Ez da urrats garrantzitsurik egon Bizkaiko Metalgintzako Mahaian

0

LABetik argi eta garbi diogu, urte t’erdi baino gehiagoz negoziatzen egon eta gero, 10 greba egun eta hainbat mobilizazio eginik eta, beste bi greba egunen bezperan egonik, Patronalaren jarrera ez da ulergarria eta, are eta gutxiago, momentuak eskatzen duenaren neurrikoa.

Asteartean beste bilera bat egongo da, 32.na hain zuzen, eta sindikatuok bilera horretarako proposamen bat ekar dezala eskatu diogu Patronalari. Berdintasunean eta lan osasunean egondako gerturatzea beste eremuetara ere eraman beharra dago, subrogazio eskubidea, behin-behinekotasuna eta ABLE bidezko kontratuen kontrola edota atzera urratsak mahai gainetik kentzea.

Orain arte Patronalak izandako jarrera mantenduz gero, LABek argi daukagu grebak beharko ditugula eta greba horiek prestatzen gabiltza. Horregatik, Bizkaiko metaleko langileei esan nahi diegu, orain arte lortutako beraien borrokari esker izan dela eta biharkoa proposamen duin bat ez bada, borrokan jarraituko dugula.

 

 

 

Ez, ez dugu tipo apartarik nahi!

Duela egun batzuk, Bizkaiko Foru Aldundiak indarkeria matxistaren aurkako "kanpaina berria” aurkeztu zuen. Mezua aztertu dugu, eta zaila da laburbiltzea kanpaina honek mugimendu feministan eta LAB bezalako erakundeetan eragin dituen gaitzespenaren arrazoi guztiak, feminismoa gure jarduera sindikalaren ardatz nagusi gisa lantzen baitugu. Bizkaiko Foru Aldundiaren "tipo apartak nahi ditugu" leloa mezu desegokia baino askoz gehiago da.

Duela egun batzuk, Bizkaiko Foru Aldundiak indarkeria matxistaren aurkako "kanpaina berria” aurkeztu zuen. Kanpaina hori kanpoko publizitate-enpresa batek burututakoa da, eta horren diseinuan Aldundiko berdintasunerako teknikariek ez dute parte hartu ere egin.

Kanpaina ikusita, LABen geure buruari galdetu diogun lehenengo gauza da zergatik administrazio publiko batek (haren eskumenen artean genero-indarkeriaren biktimei laguntza ematea duena) erabaki duen gaia hain arinki tratatzea, eta zergatik egin duen marketin-kanpaina bat indarkeria matxistarekin. Ez al zen baliogarriagoa eta serioagoa izango Teresa Laespadaren kabinete berriak gaitz hau desagerrarazteko duen estrategia prentsaren aurrean aurkeztu izana, diru publikoarekin ordaindutako publizista batzuen nabarmenerako mezu bat bilatu beharrean?

Egin dugun bigarren gauza kanpainaren mezua aztertzea izan da. Zaila da laburbiltzea kanpaina honek mugimendu feministan eta LAB bezalako erakundeetan eragin dituen gaitzespenaren arrazoi guztiak, feminismoa gure jarduera sindikalaren ardatz nagusi gisa lantzen baitugu. Bizkaiko Foru Aldundiaren "tipo apartak nahi ditugu" leloa mezu desegokia baino askoz gehiago da.

Terrorismo matxistaren arazoa umetu eta biktimak barregarri utzi egiten dituen eslogana da; XXI. mendearen betean emakumeen aniztasun sexuala ikusezin bihurtzen duena (publizista jaunak! zuen ezusterako guztiak ez dira heteroak); indarkeriaren aldaera guztiak perbertsioz sinplifikatzen dituena eta arazoa zintzoen eta gaiztoen betiko manikeismora murrizten duena. Baina, badaezpada ere, ez die gizonei zuzenean ohartarazten zintzoak izan daitezen (haiek beraiek erasotzaile matxista izatea edo ez izatea erabakitzen dutenak direnak), baizik eta "gizon aparten" kontua emakumeen desio soil bihurtzen da, eta badakigu desioak ez direla berez bete egiten.

Ez, ez dugu tipo apartarik nahi. Erakunde onak nahi ditugu, emakumeak berriz biktimizatzen ez dituztenak, emakumeei beren janzkeraren, edota sentitu edo bizitzeko eraren arabera errua botatzen ez dietenak; aholku paternalistak ematen ez dizkietenak,… Azken batean, indarkeria matxistaren aurka borrokatzen duten erakundeak nahi ditugu.

Zuen lanpostuetan "Tipo apartak nahi ditugu" lelopeko kanpainaren materialak jaso badituzue eta, guri bezala, mezuak gaitzespena sorrarazten badizue, LABetik animatzen zaituztegu materialak Berdintasun Zuzendaritzara itzultzeko (modu anonimoan egin dezakezue, igorle zehatzik jartzeke), labur azalduz zergatik ez duzuen gogoko. Batek daki, agian esperientzia horretatik zerbait positiboa atera daiteke, eta Aldundiko Berdintasun arduradunek aintzakotzat hartu…
 

 

 

Nafarroako haur-hezitzaileen oposizioarekin kezkatuta gaude

0
Haur-hezitzaileen oposizioa hasi berritan, lehen proba gainditu duten pertsonen kopurua oso eskasa dela ikusita, LAB beldur da ez ote diren beteko deitutako hamaika plazak. LABek beti defendatuko du oposizio bateko probak bete nahi den lanpostuaren mailara egokitu behar direla.

Joan den azaroaren 16an hasi zen Nafarroako Gobernuaren ardurapeko hamaika haur hezitzaile izendatzeko oposizioa. Egun horretan egin zen lehen proba, lanpostuari eta legeriari buruzko gai-zerrenda espezifikoei buruzko ezagutzak neurtzen dituena. Probaren emaitza kezkatzeko modukoa izan da: aurkeztutako 897 pertsonetatik 24k bakarrik gainditu zuten proba, eta oposizioarekin jarraitu ahal izango dute.

Gure ustez, datu horiek agerian uzten dute oposiziora atera diren hamaika plazak erabat bete gabe gelditzeko arriskua. Kaltegarritzat jotzen dugu plaza hutsak geratzea, gastu izugarria – denboran, baliabidetan eta dirutan- duen oposizio baten ondoren. LABen ustez, oposizio baten helburua da une jakin batean identifikatutako beharrak asetzea, eta helburu hori ez betetzeak porrota dakarkio administrazioari.

Era berean, aurkeztutako pertsonen kopurua eta gainditutakoena ikusita, zalantza sortzen zaigu probako galderen zailtasun-mailaren inguruan (bi proba izan ziren: bata, legeriari buruzkoa eta , bestea, oposizioan zegoen lanpostuari buruzkoa). Horren aurrean, LABek nabarmendu nahi du oposizio baten galderen zailtasun mailak bat egin behar duela lortu nahi den lanpostuaren mailarekin. Gainera, ez dugu ahaztu behar zailtasun horren mende egongo dela sortzen den kontratazio-zerrenda luzeagoa edo laburragoa izatea, eta, beraz, etor daitezkeen beharrak asetzeko balio izatea.

 

 

 

Lantokiak indarkeria matxistarik gabeko guneak izateko borrokatzen jarraituko dugula berretsi dugu Lan Ikuskaritzaren aurrean

Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da, eta elkarretaratzeak egin ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan dauden Lan Ikuskaritzetan, "Saretu, elkartu, salatu eta borrokatu. Lantokietan autodefentsa feminista" leloarekin. Bilbon izan da LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu, eta neurriak exijitu dizkio Lan Ikuskaritzari berari, egoerak berehalako erantzunak behar dituelako. Era berean, dei hirukoitz bat egin du: "Emakumeei, elkartu, saretu eta borrokatzera. Erresistentzia harresia eraikitzera; gizonei, beste aldera ez begiratzeko. Ez izateko konplize; enpresei, protokolo errealak martxan jartzera".

Gasteiz.

Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean mobilizatu gara, Lan Ikuskaritzen aurrean. Garbiñe Aranburuk adierazpenak egin ditu Bilbon, eta eskaera zuzena egin dio Lan Ikuskaritzari: "Sexu jazarpenaren aurrean berdintasun legeak aplikatzeko bitartekoak jarri behar dira eta jarraipena egin. Horregatik, eskatzen diogu lantokietan protokoloak martxan jartzea. Indarkeria matxista gabeko guneak izan daitezen; enpresak behartzea jazarpenaren prebentzioan eta gatazken konponbidean lan egiteko, eta protokoloen aplikazioari benetako jarraipena egitea eta prebentzioa eta formazioa lantzen direla bermatzea".

Donostia.

Hain zuzen ere, Garbiñe Aranburuk azaldu du aurtengo azaroaren 25ean indarkeria matxistaren aurka lantokietan autodefentsa feminista antolatzera deitu dugula. Izan ere, emakumeenganako indarkeria adiera ugari ditu, eta horien artean dago lantokietan ematen dena. "Egoerak gutxi salatzen dira: lana galtzeko beldurra, babes falta, mediorik edo borondaterik ez egoerari aurre egiteko, gure hitza zalantzan jartzen da…", esplikatu du LABeko idazkari nagusiak.

Iruñea.

Lan zentro askotan ez dagoela sexu jazarpenaren aurkako protokolorik ohartarazi du, eta dituztenak ez direla errealak, ez dutela bermerik ematen salatu du. "Dei hirukoitza egin nahi dugu: emakumeei, elkartu, saretu eta borrokatzera. Erresistentzia harresia eraikitzera. Lantokietan ekintza sindikalarekin aurre egingo diegu erasoei; gizonei, beste aldera ez begiratzeko. Ez izateko konplize; enpresei, protokolo errealak martxan jartzera, arduragabekeria alde batera utzita".

Mezua, Lan Ikuskaritzari
Lan Ikuskaritzaren egoitzen aurrean mobilizatu gara, eta, mobilizazioen bitartez, eta erregistratuko dugun idatzi baten bitartez, hau izan da egin diogun eskaera:

Urteak pasa dira emakumeok* sistema kapitalista heteropatriarkala zalantzan ipini genuenetik eta 38 urte bete dira Azaroaren 25a emakumeonganako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna izendatu zenetik.

Emakumeenganako indarkeria emakumeok jendarte honetan jasaten dugun diskriminazioaren ondorioa da, hau da, indarkeria existitzen da emakume eta gizonen arteko harremanak desberdinkerian oinarritzen direlako. Sexismoa gure bizitzen eremu guztietan presente dago oraindik: etxean, lan munduan, kalean, ikasketa zentroetan… intentsitate maila ezberdinekin: tratu txarrak, bortxaketak, sexu-jazarpena, heriotzak…

Bilboko Lan Ikuskaritzan sartu gara.

Emakumeok pairatzen dugun zapalkuntza egiturazkoa da eta gure bizitzen alde guztietan dauka eragina. Jendartearen egituraketaren ondorioa da eta gaur egungo antolaketa ekonomiko, politiko eta ideologikoarekin lotuta dago.

Lan eremuko sexu-jazarpenari dagokionez, indarkeria hiru ardatzetan oinarritzen da: emakumeonganako indarkeria bera, inguru laboral sexista eta botere gehiegikerien markoa (marko hierarkikoa eta genero markoa). Orain arte egin diren ikerketa guztiek sexu-jazarpenaren eta lan diskriminazioaren arteko harremana nabarmendu dute. Jazarpenaren aferak zerikusi handiagoa dauka botere harremanekin sexu harremanekin baino. Honen ildotik, ezin da esan berezko biktimarik existitzen denik, baizik eta sexu jazarpenaren biktima izateko probabilitatea guztiz lotuta dagoela menpekotasun ekonomikoaren mailarekin eta pertsonaren ahuldade egoera orokorrarekin. Lanaren Nazioarteko Erakundeak adierazten duenez, alargunak, bananduak, dibortziatuak, lan maskulinizatuetan aritzen direnak, lan merkatura sartu berriak direnak eta kontratu irregularrak dauzkatenak dira sexu-jazarpena jasateko probabilitate handiena daukaten emakumeak.

Aurrean izango gaituzue!

Ondorioei dagokienez, sexu-jazarpenak eragin kaltegarriak dauzka lanean. Gogobetetze laboralean eragiten du, zereginak ekiditeko ahaleginak biderkatzen ditu, baita enplegua uzteko erabakiak ere; normalean produktibitate txikiagoa, motibazio txikiagoa eta lan absentismo handiagoa ekartzen ditu. Era berean, osasun psikologikoa ere kaltetua izaten da: estresarekin lotutako erantzunak, trauma emozionalak, antsietatea, depresioa, urduritasuna, etsipen eta babesgabezia, ezintasun, haserre, gorroto, higuin, bortxaketa, autoestima baxuko eta abarreko sentipenak.

Osasun fisikoa ere kaltetua izaten da: lo desorekak, buruko minak, urdail-hesteetako arazoak, goragalea, hipertentsioa, ultzerak, estresa…

Garapen eta jarraipen bitartekoak ezarri behar dira, gaur egungo berdintasun legeak lan munduan aplikatuko direla bermatzeko eta hauen gaineko jarraipena egiteko. Eta gaur egun lan munduan oraindik gertatzen diren diskriminazio eta jazarpen sexual edo sexu arrazoiengatiko jazarpen egoera guztiak pertsekutatu behar dira.

Gure hitzak balio du!


Emakumeek pairatzen duten egoera honek erantzunak behar ditu, orain! Horregatik, LABek Lan Ikuskaritzari honako hau exijitzen dio:

• Lantokiei exijitzen diegu sexu jazarpenari aurre egiteko protokoloak martxan ipintzea. Lantokiak indarkeria matxistarik gabeko guneak izan daitezen borrokatuko gara.

• Interbentzio integralerako plana, jazarpen sexualari eta sexu arrazoiengatiko jazarpenari aurre egiteko protokoloak aplika daitezen.

• Enpresak beharturik egon daitezela sexu-jazarpenaren eta sexuaren araberako jazarpenaren prebentzioan eta gatazken konponbidean lan egitera. Honetarako, enpresa guztiei exijitu behar zaie sexu-jazarpenaren aurreko protokoloak izan ditzaten eta protokolo hauek alde sozialarekin batera adostuak izan daitezen.

• Sexu-jazarpenaren inguruko protokoloen aplikazio eta garapenaren benetako jarraipena egiten dela bermatu behar da eta, hau bete ezean, zigorrak ezar daitezela.

• Lantokietan sexua jzarapenari aurre egiteko prerbentzio neurriak eta formakuntza lantzen direla bermatzea.

• Sexu-jazarpena eta sexuaren araberako jazarpen egoeren inguruan aldizkako ikerketak egin daitezela eta hauek argitaratuak izan daitezela, emakumeek lan munduan jasaten duten arazo hau ikustarazi ahal izateko.

 

 

 

Lantokietan ere autodefentsa feminista!

Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunerako, astelehenerako, elkarretaratzeak deitu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan dauden Lan Ikuskaritzetan, "Saretu, elkartu, salatu eta borrokatu. Lantokietan autodefentsa feminista" leloarekin. Azaroaren 25eko mobilizazioak 12:00etan izango dira Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean.

Hilero, astero, egunero amorru berdina. Egunero, astero, hilabetero itotzen gaituen ezinegon berdina. Lankidea, laguna, auzokidea, istorio berdinak, egoera berdinak, behin eta berriz errepikatzen den emakumeenganako* indarkeria eta jazarpena, espazio eta modu anitzetan. Begirada morboso eta mingarriak, botere harreman ikusezinak, soldata arrakala, baimen gabeko ukituak, korresponsabilitate eta kontziliazio neurri faltsuak, emakumeen* inguruko txisteak, paternalismoa, bortxaketak, prekarietatea, lan baldintza penagarriak, inposatutako zaintza lan karga bikoitzak eta hirukoitzak, gure lana gutxiestea,….

Egoera hauek gutxitan salatzen dira, gehienetan botere harremanek eragin zuzena daukate salaketa kopuru murritz horretan. Emakume* langileok salatzeko beldur gara, gure lanpostua galdu dezakegulako, zalantzan jarriko dutelako bizitako jazarpena. Lantokietan babes falta igartzen dugu, jazarpenari aurre egiteko ez dago ez mediorik ez borondaterik.

Lan zentro askok ez dute sexu jazarpenen aurkako protokolorik, eta dituztenak ez dira errealak, ez aplikagarriak. Urteak aurrera joan ahala argiago eta garbiago ikusten dugu protokoloek ez dutela bermerik, areago, langileen artean ez dira protokoloak ezagutzera ematen.

Gizarte heteropatriarkal honi lantokietan aurre egiteko tresna bat izan behar lukeena paper huts bilakatzen da, patronalaren interes ekonomiko eta aurpegi zuritzearen mesedetan. Lantokietan, kalean bezala, gertatzen zaiguna salatzen dugun bakoitzean gure hitza, gure ezinegona, gure errelatoa, guri gertatutakoa zalantzan jartzen da, eta erasotuak gu izanik ere, geure buruak justifikatzen bukatu behar izaten dugu. Horrek, lagundu beharrean, zaildu egiten digu erabat indarkeriarekin bukatzeko egin dezakegun edozein ahalegin.

Jazarpena zer den eta gugan nola eragiten duen jabetu gara emakumeok*, jazarpen sexuala identifikatzen ikasi dugu, irmoki eta zorrotz ekin behar diogu egunero lantokietan beste emakumeekin* babes sareak sortuz. Lantokietan autodefentsa feminista gure eredu eta jarraibide izan behar du. Emakumeak* saretuko gara, bazterretatik erdigunera, erresistentzia harresiak eraikiz, gure artean indartuz eta zainduz. Gure lantokietan borrokatzeko asko dugu, aldarrikatzeko asko dugu, batez ere asko dugu irabazteko.

Gizonok: lagun, afiliatu, lankide, delegatu gizonok, zuek ere erantzule zarete. Zuek ere konplize zarete. Zuen jarreren eta jokabideen arduradun zarete. Ez gehiago begiratu beste aldera, aurre egin bustitzen eta zeharkatzen zaituzten matxismo eta jarrera sexistei.

Emakumeok sistema heteropatriarkala kapitalista aspaldi jarri dugu auzitan, askotan ausardiaz hortzak erakutsi dizkiogu, altxatu egin gara, heteropatriarkatuaren arauekin konfrontatu dugu, eredu disidenteak erdigunean dantzan jarri ditugu, eta zuek? Noiz arte izango zarete konplize? Zuen konplizitatearekin apurtu, zuen maskulinitatea deseraiki. Lantokiak emakumeentzako* jazarpenik gabeko espazio askeak izan arte emakumeok* ez dugu etsiko. Gizonok borroka honetan non kokatuko zarete?

Emakumeok* argi daukagu, lantokietan autodefentsa feministara joko dugu eta ekintza sindikalarekin erasoei erantzungo diegu. Kontatzen ez dena ez da existitzen, horregatik guk gogor eta ozen oihukatuko dugu lantokietako pareta guztiak astinduz. Jazarpen eta erasoen aurrean ez gara isilduko, haserre gaude, eta amorru hori antolatuko dugu, saretuko dugu, eta erantzule guztiak seinalatuko ditugu. Enpresei gogorarazi nahi diegu ere, haien arduragabetasuna eta demagogia alde batera uzteko eta behingoz protokolo errealak enpresetan martxan jartzeko garaia dela.

GORA EMAKUME LANGILEON BORROKA!

 

 

 

ESI Arabako Osasun Zentroetako garbiketa zerbitzuko langileek eserialdia egin dute Txagorritxun, euren egoerari buruz hitz egiteko premiazko bilera bat eskatzeko

0

Garbialdi enpresakoak diren ESI Arabako Osasun Zentroetako garbiketa zerbitzuko langileek Osakidetzako ESI Arabako zuzendaritzari zuzendutako premiazko bilera eskaera bat erregistratu dute Txagorritxuko Ospitalean, baita ere eseraldi bat egin Garbialdik ezarritako murrizketak salatzeko eta bilera eskaera horren garrantzia nabarmentzeko. Bada, protestak emaitzak eman ditu, eta lortu dugu bilera gauzatzea. ESI Arabako finantzetako zuzendaria eta langileen kudeaketa arloko zuzendaria aurkeztu dira.

Garbialdi enpresakoak diren ESI Arabako Osasun Zentroetako garbiketa zerbitzuko langileek eserialdia egin dute Txagorritxuko ospitalean, Gasteizen, administrazioko bulegoetan, Osakidetzako ESI Arabako zuzendaritzarekin premiazko bilera bat izateko asmoz.

Bilera eskaera hau, aldebakarrez Garbialdik hartutako erabaki larri baten ondorioz dator, zeinaren arabera goizeko txanda kendu eta Gasteizko ia Osasun Zentro guztietan zerbitzu orduak murriztu nahi dituen. Murrizketa honen aurrean, langileak ez dira geldirik egongo, eta datozen egunetan mobilizazio egutegi bat adostuko dute.
 

 

 

Elecnor enpresak aurpegia eman gabe jarraitzen duela salatu dute langileek, eta greba mugagabea iragarri dute

0

Elecnor Telecomunicaciones enpresako langileak berriro mobilizatu dira gaur Gasteizen, lantokian deitutako bosgarren greba eguna dela eta. Era berean, abenduaren 9an abiatuko duten greba mugagabearen deialdia erregistratu dute. 

Hauxe da langileek igorritako oharra:

Aurreko greba egunean esan bezala, enpresak baldintza minimo batzuk negoziatzeko erakutsi duen borondate ezaren aurrean, langileek mobilizazio gehiago egitera eraman ditu, zeintzuk urte amaierako greba mugagabea izango duten puntu nagusi.

Elecnor Telecomunicaciones enpresan deitutako bostgarren greba jardunaldia berriro ere oso arrakastatsua izan da. Langileek bi elkarretaratze burutu dituzte haien lan egoera salatzeko: lehena 09:00-10:00 bitartean Lakuan dagoen Telefónica Eraikinaren aurrean, eta bigarrena eguerdian General Loma plazan dagoen Telefónica dendaren aurrean.

Esan bezala, dagoeneko erregistratu da abenduaren 9an hasiko den greba mugagabea. Bi aste hauetan enpresak ez du egoera konpontzeko mugimendu bakar bat egin. Are gehiago, beste herrialdeetako lankideei esker, Arabako Delegatuek jakin ahal izan dute enpresak Nafarroatik langileak bidaltzen ari dituela Agurain eta Araiara lanera, grebalarien greba eskubidea bera kolokan jarriz.

Enpresak arazo ekonomikoak argudiatzen ditu langileen egoera duinduko lituzken neurriak hartzeko, baina aldi berean ezkutatzen du soilik 2018an bere laguntxoen artean 28 milioi euro banatu zituztela. Gainera, egun hauetan hainbat komunikabidek argitara eman dute aurtengo urtarrila eta iraila artean Elecnorrek fakturazioa % 1,5 handitu duela. Honek enpresak langileon baldintzak duintzeko duen borondate falta agerian uzten du, langileon izerdiaz baliatzen delarik poltsiko gutxi batzuk diruz betetzeko.

Honekin guztiarekin, greba egunetarako mobilizazioak adosten doaz. Gabonen bezperetan egonik, Telefonica-ko bezero eta bezero posible horiei azpi-kontratako langileen egoera azalduko zaie. Honetaz gain, Plaza Berrian egiten den merkatuaren harira elkarretaratze intentsiboa burutuko da, eta ostiralerako, abenduak 20, Arabako langileak Bilbora hurbilduko dira bertan dauden Elecnor eta Telefonica enpresen egoitza zentralen aurrean protestak burutzeko. Azken mobilizazio honek Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan dauden ELA, LAB eta ESK sindikatuen langileon ordezkarien babesa izango du.

 

 

 

Presoen afera konpontzeko garaia dela aldarrikatu dugu berriro Bilbon

Ostiral honetan, sindikatuok hilabetero Bilbon antolatzen dugun elkarretaratzea egin dugu, "Konponbide garaia da. Orain Presoak" lelopean. Hain zuzen ere, Eliptika plazan bildu gara, euskal presoen eskubideen defentsan.