2025-12-24
Blog Page 57

Kezkatzekoa da sortzen ari den enpleguaren kalitatea

Hego Euskal Herrian 138.772 langabe zenbatu ziren martxoan, aurreko urtean baino 3.542 langabe gutxiago daudelarik.

Langabeziaren beheranzko bilakaera orokorraren atzean, hainbat kolektibo bilakaera negatiboa izaten ari dela azpimarratu nahi dugu gaurkoan.

• Langabeen erdia baino gehiagok emakumea* izaten jarraitzen du, zehazki %58,59ak.

• Langabezia jaitsi arren, 25 urtetik beherakoen artean joera alderantzizkoa da, pasa den urtetik %2,06 eta azken hilabetean %2,66 igo baita langabezia.

• Migratuen artean, langabeziak ere gora egin du azken hilabete zein urtean. Zehazki, azken urtean, aurreko enplegurik gabekoen artean, 364 gehiago dira jatorri anitzeko langileak. Azken hilabetean, ia sektore guztietan jazo da migratuen langabeziaren igoera txikia, aurreko enplegurik gabekoen artean izan ezik, non migratuen langabeziak %2,70 egin duen gora.

Azken urtean, sektore guztietan egin du behera langabeziak. Proportzioei dagokienean, jaitsiera nabarmenena lehen sektorean (%6,95) zein eraikuntza sektorean (%8,62) jazo da. Era berean, bi sektore hauetan afiliazioak gorakada izan du, lehen sektorean %7,62 eta eraikuntzan %3,39 hazi baita erregimen orokorreko afiliazioa. Zerbitzuen sektorean langabeziaren jaitsiera proportzionala ez da hain nabarmena izan (%2,41), sektore honetan langile kopuru handiak egiten baitu lana.

Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteek (ABEEE) izan duten bilakaeraren hainbat zantzu azaltzen hasi dira industria sektorean

Azken hilabeteko datuei erreparatzen badiegu, industriak ez du gainerako sektoreen joera mantentzen; izan, ere, sektore guztietan jaitsi da langabezia industria sektorean izan ezik. Igo den langabeen kopurua oso lausoa da, ABEEE aplikatzen ari direlako, langileen lan egoerari eutsiz, industriak bizi duen sakoneko egoera datuetan azaleratu gabe. Izan ere, ABEEE horiek epe labur-ertainean izango duten bilakaerak industria sektorearen egoera zeharkatuko du. Zentzu horretan, gaur goizean izan dugu Basauriko Bridgestone enpresak, denbora luzez ABEEEtan ibili ondoren, 335 langile kaleratuko dituen Enplegu Erregulazio Espedientea (EEE) aplikatzeko asmoa duela zioen berria. EEE aplikatuz gero, plantillaren %40a langabezian kokatuko litzateke. Zoritxarrez, ez da kasu bakarra, hor baititugu Guardian edota BSH.

Sortzen den enpleguaren kalitate ezbaian

Aurreko urtean baino 7.073 kontratu gehiago sinatu dira martxoan zehar. Kontratu horietatik %76,67 behin behinekoak dira. Beste behin ere, 2022ko lan erreformak sabaia jo duela argi eta garbi geldituz, sortu den enpleguaren kalitatearen adierazle.

Hego Euskal Herriko afiliazioak gora egin du aurreko hilabetearekin alderatuta, eta 1.073.077 pertsona zeuden afiliatuta erregimen orokorrean martxoko azken egunean. Azken urtean ere afiliazioak gora egin arren, 25 eta 50 urte artekoan afiliazioa jaitsi da eta bereziki emakumeei* eragiten die jaitsierak. Sortzen ari den enplegua, lan baldintza prekarioak nagusitzen diren zerbitzuen sektorekoa izanik, trantsizioa egin duten emakumeei* lan merkatuak baldintza prekarioak eskaintzen dizkie. Azken urtean sortutako afiliazioaren %82,81 zerbitzutan izateak adieraz dezakeen bezala.

Beraz, emakumeek* pairatu behar izaten dituzten lan baldintza prekario eta ezegonkorrak salatu behar ditugu gaurkoan, beste behin ere. Datuek horretarako bide ematen dute, zoritxarrez. Izan ere, aldizkako kontratu finkoak jaitsi arren, emakumeen* artean igo dira, aldizkako kontratu finkoa dutenen artean %65,24a emakumeak* izanik. Jardunaldiari dagokionean ere, emakumeek* dituzte baldintza kaskarrenak, 4 emakumetik* batek (%25,4) jardunaldi partziala duen bitartean, gizonezkoen artean %11,4ra jaisten baita portzentaia. Jardunaldi osoko kontratuen kasuan, kontrakoa gertatzen da, emakumeen* %56,6ak jardunaldi osoa baitu, gizonezkoan artean %78,1ak duen bitartean.

Industria sektoreak epe motz zein luzean izan dezakeen egoerak kezkatzen gaitu, gure ekonomian duen pisu eta balio estrategikoaz gain, hainbat eskualde zein herritan izan dezakeen eragin sozioekonomikoagatik. Bide horretan, LAB sindikatuak industria babestu eta trantsizio ekosozialerako plan estrategikoa garatzea ezinbestekoak direla aldarrikatu nahi du gaurkoan. Era berean, sortzen den enplegua prekaritatean oinarritua den neurrian, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa edukitzeak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu, Hego Euskal Herriko langile guztiontzat gutxieneko soldata duina bermatuko lukeelako. Amaitzeko, dei egiten diegu langile sektore zabalei datozen egunetan LGS-ren alde egongo diren mobilizazioetan parte hartzera eta instituzioei zein patronalei exijitzen diegu egoerak eskatzen duen arduratik urratsak ematea.

LABek Aianoxeko hitzarmen berrirako azken proposamena baztertzen du nahikoa ez delako

Martxoaren 31n Aianoxeko langile asanbladak hitzarmen berriaren alde bozkatu zuen. LABentzako hitzarmen berrirako proposamenean jasotako baldintzak ez dira nahikoa. Hala ere, mobilizazio eta grebaren bidez hitzarmena kaskartzea eta lan baldintzetan atzerapausoak gelditzea lortu dela azpimarratu nahi dugu.

Lehenik eta behin, Aianoxeko langileen lan baldintzetan atzerapausuak gelditu eta hitzarmen berria hobetzeko greba eta borrokaren balioa azpimarratu nahi dugu. LABetik, Aianoxeko kasuan, bertako zuzendaritzaren asmo txarrak gelditzeko eta hitzarmen zein lan baldintza duinagoak lortu ahal izateko plantillaren aktibazioa eta mobilizazioa funtsezkoa zela hasieratik mahai gaineratu genuen. Lortutakoa langileen aktibazioa, mobilizazioa eta bi greba egunei esker izan dela agerian geratu da, eta langileen gehiengoak honetan izan duten jarrera balioan jarri nahi dugu.

Bigarrenik, guretzat hitzarmena ez da nahikoa guretzat, LABetik ezarri genituen hainbat gutxieneko bete ez direlako. Horien artean, hiru azpimarratu nahi ditugu. Azkenengo urteetan langileek izan dituzten soldata igoera oso apalak ez dira konpentsatu, eta ez da berme nahikorik jarri hau berriz ez gertatzeko, 2027 urteko soldata igoera soilik lotu delako KPIra. Lanaldiari dagokionez ere, nahiz eta 2027rako 8 ordutan murriztu den, sektoreko lanaldi altuenetarikoa izaten jarraitzen da. Azkenik, lizentzia zein bestelako baimenetan bermeak eta hobekuntzak guztiz mugatuta geratu dira.

Bukatzeko Ainaxoeko LABeko atalak, afiliazioak eta gertukoek izan duen jarrera eta konpromisoa ere balioan jarri nahi dugu eta horregatik zoriondu nahi dugu, nahiz eta jarri ziren helburuetara ailegatu ez garen.

Aianoxen hitzarmen eta lan-baldintza duinen alde!

EAEko Hezkuntza Publikoko irakasleen greba egun arrakastatsua

Greba zikloaren 8. greba egunak jarraipen zabala izan du. Milaka langile mobilizatu dira Bilbo, Donostia eta Gasteizen egindako manifestazioetan.

Pasa den asteko asteleheneko mahai negoziatzailearen ondoren, Hezkuntza Sailak aukera izan du negoziazioarekin aurrera egiteko, baina ez du inongo aurrerapausurik eman. Ostiralean Hezkuntza Sailburuak egindako prentsaurrekoan iritzi publikoaren aurrean asmo onak erakutsi arren, errealitatea bestelakoa da: ez dituzte sindikatuak deitu negoziaziora, beraz, ez da negoziaziorik egon.

Hezkuntza sailak azken egun hauetan grebak bertan behera uztea jarri nahi izan du negoziaketarako baldintza gisa. Negoziaketarako prest dagoela ere adierazi du, ez die ordea inolako proposamenik helarazi sindikatuei.

Bestalde, greba hauetan azaleratzen ari diren arazoak eta arazo hauei aurre egiteko eskaerak hezkuntza publikoa eta ikasleen beharrei erantzutearekin zerikusirik ez balute bezala mintzo da. Halabaina, ikasleen behar desberdinei erantzuteko baliabideak gehitzea, enplegua eta hezkuntza taldeak egonkortzea edota plantillak gazteberritzea hezkuntza publikoa indartzea da.

Irakasleek argi utzi dute zein den beraien asmoa eta helburu horrekin borrokan tinko jarraituko dute benetako negoziazioa gauzatu arte.

LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuek gaur deitutako grebak jarraipen zabala izan du, aurreko asteko deialdietan bezala; izan ere, grebara deitutakoen %75ak babestu du greba. Grebaren ziklo honetan “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!” lelopean deitutako mobilizazioan milaka langile ari dira elkartzen eta behin eta berriz salatu dute Hezkuntza Sailaren jarrera. Nahikoa dela salatzen ari dira behin eta berriz kaleetan eta egoera aldatu ezean bere horretan mantenduko dira.

Grebak dira Jaurlaritza mugiarazten dutenak. Sindikatuok benetako negoziazio erreala burutu nahi dute, hitz eta asmo politetatik harago. Edukia, zehaztapena eta konkrezioa behar du balizko akordioak.

Zortzigarren greba egun honetan ere, irakasleok oso mezu argiak helarazi dizkiote Hezkuntza Sailari:

– 15 urte direla hitzarmena eguneratu gabe; eta aski dela.

– Lan zamak arintzea, plantilak gazteberritzeko plan egokia ezartzea, enplegu publikoa kontsolidatu eta bermatzea, eros ahalmena berreskuratzea, lan osasuna zein euskara eta hezkidetza bermatzeko neurriak proposatzeko garaia dela.

– Ez badago aldarrikapen hauekiko erantzunik grebetan jarraitzeko indarrekin daudela.

Beraz, Hezkuntza Sailari eduki, zehaztapen eta konkrezioak dituzten mahaiak deitzeko exijitzen diote. Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitzea eta lan baldintzak hobetzea eta eskola publikoa baliabideez hornitzea.

Bihar ere greba eguna da; eta Gasteizen mobilizatuko dira irakasleak. Goizeko 11.30etan hasiko da manifestazioa Europa jauregiaren aurrean eta Lakuan amaitu.

Grebara deitu dugu Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioetan apirilaren 9an eta 10ean, lehen hitzarmena lortzeko borrokan

LABek eta ELAk proposamen bat eman diogu Aldundiari, bere lehen testuari erantzuteko. Sindikatuok ez dugu onartuko langileen lan-baldintzak nabarmen hobetuko ez dituen hitzarmenik.

Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen lehen hitzarmenagatik 6 urte baino gehiagoko gatazkaren ondoren, joan den astean lehen aldiz Arabako Foru Aldundiaren proposamen bat jaso genuen. 40 greba egun baino gehiago behar izan dira, azkenean, administrazio publikoek uler zezaten gatazka honetan interpelatuta daudela eta konponbidearen parte izan behar dutela.

Proposamenak soldatak eta lanaldia baino ez ditu aipatzen. Beraz, negoziaziotik kanpo uzten ditu beste aldarrikapen guztiak, besteak beste, lan-osasunaren prebentzioa, behin-behinekotasuna, bajen osagarria eta atsedena. Uste dugu proposamen hau partziala eta eskasa dela, baina bide onetik doala, eta patronalak direla Aldundiak mahai gainean jarri duena osatu behar dutenak. Alde horretatik, joan den astean kontraproposamen bat bidali genion Aldundiari, eta patronalei ere emango diegu.

Ez dugu inoren aldetik presiorik edo xantaiarik onartuko. Azken asteetan, Gizarte Gaietako diputatuak hainbat elkarrizketatan adierazi du orain gatazkaren konponbidea sindikatuen esku dagoela eta “pilota gure teilatuan” dagoela. Horrela, kontakizun faltsu bat sortu nahi da, non Aldundiak eskuak garbitzen dituen. Bada ez, pilotak 6 urte baino gehiago daramatza Aldundiaren teilatuan. Administrazio publikoak, patronalak bezala, Arabako egoitzen egoeraren erantzule dira, non lan-baldintzak oso prekarioak diren. Behingoz, sektoreko lan-baldintzak hobetuko dituen Arabako lehen hitzarmena lortu behar da egoitza eta etxebizitza komunitarioetan.

Hitzarmenaren aldeko borroka bide horretan, LAB eta ELA sindikatuok greba deialdiekin jarraituko dugu, gure aldarrikapenak lortzeko modu bakarra hori dela ulertzen dugulako. Gauzak horrela, apirilaren 9an eta 10ean beste bi greba egun deitu ditugu, Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen lehen hitzarmena lortzeko.

Lan ikuskaritzak arrazoia eman digu eta PEPSICO zigortu du 2023ko arazoaren 30eko Greba Feminista Orokorrean izandako jarrera dela eta

Dena LABek sartu genuen salaketa baten harira izan da. Honen arabera, frogatuta geratu da grebalariak ordezkatuak izan zirela.

2023ko azaroaren 30ean eman zen Greba Feminista Orokorraren harira greba egin zuten langile batzuk ordezkatuak izan direla ondorioztatu du Arabako Lan Ikuskaritzak. Horrela eta LAB-ekoa den enpresa batzordeko presidenteak sartutako salaketa aintzat hartuta, Laborategian goizeko txandan zeuden langileak, besteak beste Kalitateko Gerenteak ordezkatu zituela ebatzi du. Oso larritzat hartzen dugu jarrera hau, multinazional baten goi mailako postua duen pertsona bat ezin delako inola ere greba eskubidearen urratzaile nagusia izan.

Gainera, mantentze lanetan ziharduen beste langile bat ere ordezkatua izan zela ebatzi du ikuskaritzak. Normalean bere orduan sartzen eta ateratzen diren txandakako langileek, behar baino ordu eta 20 minutu gehiago eman zituzten lanean. Kasu honetan ere, enpresaren erantzukizuna agerikoa da, greban zegoen langilearen eskubidea urratu eta greba egiteko erabakia nolabait mugatu edo baldintzatua izan delako. Gogora dezagun, edozein kasutan, greba eskubidea oinarrizko eskubidea dela.

Horrela, Arabako Lan Ikuskaritzak Arah-hauste Akta jaso du. LABetik honen jarraipena egingo dugu, ziurtatzeko enpresari zigorra ezartzen zaiola. Espero dugu enpresak ulertu dezala ez diogula horrelakorik egiten utziko, eta are gutxiago oinarrizko eskubideen defentsaz ari garenean.

Gehiengo sindikalak eskatuta, Pradales lehendakariak Mitxel Lakuntza eta Garbiñe Aranburu hartuko ditu gutxieneko soldataz aritzeko

Confebaskek gutxieneko soldata Lanbidearteko Akordio bidez adosteari uko egin ondoren, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek Pradales lehendakariari bilera eskatu zioten, eta bilera hori apirilaren 2an izango da.

Mitxel Lakuntzak eta Garbiñe Aranburuk patronalari irmo aurre egitea eskatuko diote lehendakariari, munduko herrialde ia guztietan bezala EAEn ere patronalak ez dezan izan aukerarik gutxieneko soldatari betoa ezartzeko.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek eskatuta, Pradales lehendakariak gehiengo sindikalaren ordezkaritza hartuko du gutxieneko soldataz aritzeko. Sindikatu horiek langileen ordezkaritzaren %65a osatzen dute, eta horien izenean Mitxel Lakuntza, ELA sindikatuaren idazkari nagusia, eta Garbiñe Aranburu, LAB sindikatuaren koordinatzaile orokorra, arituko dira lehendakariarekin. Lehen aldia izango da EAEko lehendakaria ELA eta LAB sindikatuen zuzendaritzekin batera bilduko dela, gehiengo sindikalak gutxieneko soldataren gaiari ematen dion garrantzi bereziaren seinale.

Confebaskek lehen aldiz otsailaren 6an uko egin zion sindikatuekin gutxieneko soldatari buruzko negoziazioari. Ondoren, sindikatuek bigarren saiakera baten berri eman zuten eta bigarren aukera horretan akordioa posible egin zezakeen gutxieneko soldatarako kopurua adostu zuten, hilean 1.500 euro hain zuzen. Sindikatuen asmoa zen Confebaskekin bigarren bilera aurretik lehendakariarekin biltzea (horregatik eskatu zuten bilera orain 40 egun), baina lehendakariak ez du orain arte sindikatuekin bildu nahi, Confebaski presioa ez egiteko.

Era berean, sindikatuen harridurarako lehendakariak publikoki adierazi du erronda bat egiteko asmotan ari dela. Gehiengo sindikaleko kideek ez dute erronda horren berri izan bilera beraiek eskatua izan den arren. Ondorioz, Lehendakariari bileraren zentzua ez aldatzea eskatzen diote eta, horrekin batera, Confebask gutxieneko soldataren gaiarekin zuzenean interpelatua izan dadila, gutxieneko soldataz gain horrekin inongo loturarik ez duten beste gai batzuk nahastea ekidinda. Are, Lehendakaria beste gai batzuei buruz erronda bat egitekoa bada gehiengo sindikala osatzen duten sindikatuek beste bilera bana izan beharko dute, beste eragileek bezala.

Oraindik ere akordiorako aukera dago gutxieneko soldatarekin, bai Confebask negoziaziora eramateko edota, bere jarrera erreakzionarioarekin irmo jarraituko balu, sindikatuek martxan jarri duten Herri Ekimen Legegilea babestuta gutxieneko soldata EAEn arautzekoa, era horretan Confebasken betoa gaindituz.

Hori da hain zuzen Mitxel Lakuntzak eta Garbiñe Aranburuk Pradales lehendakariari helaraziko dioten mezu nagusia. Gutxieneko soldata ezin da izan patronalak monopolizatu dezakeen tresna bat. Sindikatuen ordezkariek Lehendakariari Confebasken jarrera arbuiatu, Lanbidearteko Akordio bat negoziatu dezan eskatu eta horren arabera Jaurlaritzak patronalari ematen dion babes politiko zalantzan jarri eta gutxieneko soldata EAEn arautu ahal izateko martxan den Herri Ekimen Legegilearen alde instituzioen babesa azal dezala eskatuko diote. Lehendakaria Confebaskekin biltzean argi utzi beharko lioke ez diola soldata politika monopolizatzen utziko eta negoziatzeari uko eginez gero gutxieneko soldata legez ezartzeko asmoa duela.

Azken urteetan enpresariek inoizko irabazi handienak pilatu dituzte eta, hala ere, ez dute EAEk sortzen duen aberastasunaren antzeko herrialdeen gutxieneko soldatarik nahi, irabazi horiek langileen muturreko esplotazioaren kontura pilatu nahi dituztenaren seinale.

Lehendakariak herritarren interesak zaindu nahi baditu, gutxieneko soldata jasoko lukeen Lanbidearteko Akordio baten alde zein Herri Ekimen Legegilearen alde egin beharko luke. Apirilaren 2an sindikatuak hori adieraztera joango dira Lehendakaritzara.

Astebeteren ondoren, Hezkuntza Sailak ez du proposamenik

LAB sindikatuak gaurko jarraipen batzordea bertan behera utzi izana eta, akordio arautzaile berrirako (lan hitzarmenerako) inongo proposamenik gabe, grebak bertan behera uzteko eskatu izana salatzen du.

Gaur ere Hezkuntza Sailak, azken momentuan, 2022ko maiatzaren 26ko akordioaren jarraipen batzordea bertan behera uztea erabaki du. Batzorde horretan, plantillak esleitzeko irizpideak ezartzen dira; 2022az geroztik lortutako baliabide gehigarriak, alegia: irakasle-ikasle ratio jeitsiera, aniztasunari erantzuteko baliabideak eta zuzendaritza ordu kreditu gehigarriak, besteak beste. Nahiz eta mahaia teknikoa izan, akordio horrek orain arte eskola publikoan izan duen inpaktuaren inguruko azterketa egiteko momentua zela dio LABek, baita hainbestetan eskatu dituen eta herri gisa ditugun erronkei aurre egiteko momentua ere; hau da, aniztasunari erantzuteko, hezkidetzarako eta euskalduntzeko ezinbestekoak diren baliabide berriak negoziatzeko momentua.

Aldiz, sailburuak aste guztian zehar behin eta berriz zerbitzua hobetzeko beharra aipatu duen arren, hitz polit horiek ez dira proposamenetan gauzatu. Hau da, arestian aipatutako mahairako sindikatuek jasotako dokumentazioan ez da hezkuntza kalitatea hobetuko duten baliabideen inguruko proposamenik egin.

Nahiz eta ostiraleko prentsa-agerraldian astelehenean mahaira itzultzeko deialdia egin, Hezkuntza Sailak aurreko astean eta gaurko egunean negoziatzeko aukera eten du. Hori gutxi balitz, akordio berri baterako proposamenik bidali gabe, grebak bertan behera uzteko eskaria luzatu die sindikatuei, gaur goizean bidalitako korreo baten bitartez.

LABek Hezkuntza Sailari akordio arautzailea (lan hitzarmen) negoziatzeko idatzizko proposamenena bidaltzeko eskatzen dio.

Gauzak horrela, irakasleak indartsu dauden honetan, datozen bi egunetan, apirilaren 1ean eta 2an, kaleak betetzeko deia egiten du LABek. Era berean, negoziazioek aurrera egiten ez badute, hirugarren greba ziklo baterako deialdia landuko du LABek, aurrekoak baino indartsuagoa izango dena.

LABek Nafarroako Gobernua kritikatu du Esku-hartze Sozialeko bigarren hitzarmenaren sinatzea ez ahalbidetzeagatik

LAB sindikatuak aurreakordioa lortu zuen otsailean Esku-hartze eta Ekintza Sozialaren patronalarekin, Nafarroako bigarren hitzarmen sektoriala izan beharko lukeena sinatzeko. LABek ordezkaritza sindikalaren %70 du sektorean, eta oso positibotzat jo zuen orduan aurreakordio hura. Hala ere, une honetan LABek gogor kritikatu behar du Nafarroako Gobernuaren jokabidea, bere jarrera zikoitza dela eta sinadura gauzatzea eragozten ari baita.

Urtebete baino gehiagoko negoziazioen ondoren, LABek eta Nafarroako Esku-hartze eta Ekintza Sozialeko patronalak aurreakordioa lortu zuten sektoreko bigarren hitzarmena sinatzeko, eta horrela jakinarazi zitzaion Nafarroako Gobernuari, Gobernuaren inplikazioa komenigarria baita hura inplementatzeko. Zoritxarrez, akordioa ekonomikoki babestu beharrean, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du ez dituela kontzertuetako moduluak eguneratuko. Horren ondorioz, patronala ez da ausartzen akordioa sinatzera, argudiatuz dirua denbora mugagabez aurreratzeak sektoreko erakundeak berak desagertzeko arriskuan jar ditzakeela.

LABen ustez, Gobernuaren jokabidea langileen aurkako eraso zuzena da, euren lan baldintzak hobetu beharrean, LAB eta UGT sindikatuek eta ANEIS patronalak sinatutako aurreakordioaren aplikazioa blokeatzea eragiten baitu.

Nafarroako Gobernuak fronte asko ditu irekita Esku-hartze Sozialaren sektorean. Batetik, dagoeneko aipaturiko hitzarmen sektorialaren sinaduraren gelditzea. Bertzetik, Gizainen (zerbitzu sozialak kudeatzeko fundazio publikoa) negoziazioa ere blokeatuta dauka. Ata ahultasun egoeran dauden pertsonak babesteko sistema bat ere kudeatzen ari da, zerbitzu sozial horien erabiltzaileen esku-hartze beharrei erantzuten ez diena. Horren erakusgarri da langileek beren lanpostuetan duten babesgabetasun handia. Izan ere, Badajozen (Espainia) gertatu zen hilketa edozein egunetan gerta daiteke hemen.

Hori guztia irauli nahi du LABek. Nafarroako Gobernuak utzi behar dio ahoa gizarte zerbitzuen gaineko harropuzkeriaz betetzeari eta zerbitzu horien gauzatzean zuzenean inplikatu behar du. Baliabide gehiago behar dira, eta hobeki erabiliak.

LABek bere eskua luzatzen die inplikatutako alde guztiei, instituzioen ardura den Esku-hartze Sozialaren eredua birpentsatua izan dadin, hau da, arlo publikotik erabiltzaileen benetako beharrei erantzun dakien. Horretarako, LABek uste du arreta zuzen horretan egunero dauden langileen ikuspuntua kontuan hartu behar dela. Horren harira, LABek elkarretaratzea eginen du bihar, apirilak 1, Nafarroako Parlamentuaren aitzinean, 11:45ean, hitzarmenaren sinadura desblokeatzeko eskatzeko. Ondoren, 12:15ean, LABeko ordezkariek lan saio batean parte hartuko dute, Nafarroako babes sozialeko sistemaren egoeraren berri emateko.

[IRITZIA] Apirilaren 5ean kalera, soldata eta pentsio duinak lortzeko

Jarraian duzue Imanol Karrera Turrillo Nafarroako bozeramailearen iritzi-artikulua.

Otsailaren 11ko goizeko 10:55ak dira. Bost minutu besterik ez dira falta berez garrantzitsua den bilera bat hasteko. Edukia ere halakoxea da: Nafarroako lurralde-eremuan lan egiten duten langileentzako gutxieneko soldata bati buruzko lanbide arteko akordioa lortzeko negoziazio-mahaia eratzea. Helburu hori posiblea da eta legearekin bat dator.

Hala ere, oraindik ez daude bertan izanen zirela baieztatu zuten pertsona guztiak. Urduri nago, zerbait gertatuko dela iruditzen baitzait. Bihozkada bat balitz bezala, mugikorrak dar-dar. Enpresarien ordezkaria da. Azken orduko mezu baten bidez jakinarazi dit azkenean ez direla bilerara etorriko. Aitzakia eldarniozkoa da, eta haien jokaerak salatzen ditu. Berehala, eta zentzugabekeriari jarraipena emateko, UGT eta CCOOko ordezkarien mezuak iritsi dira eduki berarekin; enpresariek agintzen dute eta beraiek obeditzen dute. Ez dute, ez, goizean goiz deitu bileraren inguruko beren zalantzak argitzeko. Ez. CENeko enpresariek 10:30eko kafeari itxaron diote UGT eta CCOOri gelditzeko agintzeko. Eztabaida zehatzetik ihes egiteko modua da, lan harremanen monopolioa mantendu eta bere agenda (absentismoa eta azpiegiturak) bermatu.

Nafarroako Gobernua, urduri, egoeraren jakinaren gainean dago. Izan ere, aurretik bilera hori egiteko gela bat uzteko eskaera baztertu zuen eta lehendakariak berak uko egin zion ekimenaren ordezkari sindikalak hartzeari. Eusko Jaurlaritza, Mikel Torres (PSE-EE) lehendakariordearen bitartez, harritu eta kezkatu egin zen patronalak negoziatzeari uko egin ziolako; Txibiteren gobernuak, berriz, alderdikeriaz jokatu du, CEN, UGT eta CCOOren interesak bakarrik babestuz. Hasiak dira Enplegu Planaren ospakizunak eta Elkarrizketa Sozialaren oturuntza.

Otsailaren 28a. Bigarren deialdia formalki akatsgabea da. Ez dute bigarren dramatizazio baterako biderik eta behartuta daude beren bertsiorik txarrena ateratzera elkarrizketari ezetz esateko eta Nafarroan gutxieneko soldata ezartzeko aukerari ezetz esateko. CENeko enpresariek enplegu-politika zaharra erabili dute, eta 1995eko akordioetara jo dute. Akordio horien bidez, Nafarroan Elkarrizketa Sozialaren Erregimena ezarri zuten, apartheid sindikalean oinarritua, eta ondorio negargarriak izan dituena Nafarroako langile klasearentzat, haren erakundeentzat eta gizartearen aurrerapenarentzat.

UGTk eta CCOOk inolako lotsarik gabe egin dute bat horrekin, baina, hori bai, ez dakite non sartu. Nafarroako enpresarien argudioa bi sindikatu horiek zipriztintzen dituen gezurra baita. Izan ere, 1995eko akordioek ez diote inoiz heldu gutxieneko soldata propioa negoziatzeari. Gainera, enpresariekin egindako aliantza tamalgarrian, Iruñean boikoteatu dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan beren burkideak deitzaile izan dituen ekimen bat; hiru probintzietako UGTk eta CCOOk ederki ulertu baitute gutxieneko soldata propio bat lortzeko negoziazioak abiatzea dela gizarteak eskatzen duenaren eta langileek behar dutenaren mailan egotea. Katalunian 1.400 euroko soldata propioa aldarrikatzen duen UGTk, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronalaren ezezkoaren aurrean esan zuen “albiste txarra” zela. Hango CCOO gorago joan zen eta patronalari leporatu zion “inor baino ozpinduago eta zaharkituago” egotea. Hori Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, noski.

Akaso Nafarroako langileek Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoek baino gutxiago merezi dute gutxieneko soldataren hobekuntza? Kontuan izanik bi lurraldeetan egitura sozioekonomikoa eta soldata egitura, baita bizitzaren kostua ere, antzekoak direla, beraiek jakin badakite inork ez duela ulertzen zergatik UGTk eta CCOOk jokatzen duten modu batean han eta beste modu batean hemen. Enegarren aldiz, bi sindikatu hauek Nafarroan fede txarrez jokatu dute, interes korporatiboek gidatua interes orokorraren gainetik.

Espainiako Estatuko gutxieneko soldata (1.184 euro) ez da nahikoa Nafarroako langile eta pentsiodunentzat. Gutxieneko soldata propioa izateko beharra eta eskubidea dugu, lan eta bizi baldintza duinak izateko eta pertsona guztien soldatak gorantz hobetzeko.

Lan arloan Nafarroaren burujabetza defendatzeko unea ere bada. CEN, UGT eta CCOOek gutxieneko soldata propioa negoziatzeari uko egiten badiote, gure sinadurekin Nafarroako Parlamentuari dei eginen diogu Estatuak ezarritakoa baino gutxieneko soldata handiagoa legez finkatzea ahalbidetuko dioten eskumenak erreklama ditzan.

Hemen ez du inork amore ematen. Ez gara inoiz CENeko enpresarien nahietara errenditu, eta UGT eta CCOO sindikatuok, eta orain ere ez dugu halakorik eginen. Hori dela eta, apirilaren 5ean 18:00etan Baluartetik, Nafarroako gizarte osoak eta modu kolektiboan kalera ateratzeko aukera du, soldata eta pentsio duinak lortzeko, hemen eta guztiontzat.