2025-12-22
Blog Page 57

EAEko Hezkuntza Publikoko irakasleen greba egun arrakastatsua

Greba zikloaren 8. greba egunak jarraipen zabala izan du. Milaka langile mobilizatu dira Bilbo, Donostia eta Gasteizen egindako manifestazioetan.

Pasa den asteko asteleheneko mahai negoziatzailearen ondoren, Hezkuntza Sailak aukera izan du negoziazioarekin aurrera egiteko, baina ez du inongo aurrerapausurik eman. Ostiralean Hezkuntza Sailburuak egindako prentsaurrekoan iritzi publikoaren aurrean asmo onak erakutsi arren, errealitatea bestelakoa da: ez dituzte sindikatuak deitu negoziaziora, beraz, ez da negoziaziorik egon.

Hezkuntza sailak azken egun hauetan grebak bertan behera uztea jarri nahi izan du negoziaketarako baldintza gisa. Negoziaketarako prest dagoela ere adierazi du, ez die ordea inolako proposamenik helarazi sindikatuei.

Bestalde, greba hauetan azaleratzen ari diren arazoak eta arazo hauei aurre egiteko eskaerak hezkuntza publikoa eta ikasleen beharrei erantzutearekin zerikusirik ez balute bezala mintzo da. Halabaina, ikasleen behar desberdinei erantzuteko baliabideak gehitzea, enplegua eta hezkuntza taldeak egonkortzea edota plantillak gazteberritzea hezkuntza publikoa indartzea da.

Irakasleek argi utzi dute zein den beraien asmoa eta helburu horrekin borrokan tinko jarraituko dute benetako negoziazioa gauzatu arte.

LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuek gaur deitutako grebak jarraipen zabala izan du, aurreko asteko deialdietan bezala; izan ere, grebara deitutakoen %75ak babestu du greba. Grebaren ziklo honetan “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!” lelopean deitutako mobilizazioan milaka langile ari dira elkartzen eta behin eta berriz salatu dute Hezkuntza Sailaren jarrera. Nahikoa dela salatzen ari dira behin eta berriz kaleetan eta egoera aldatu ezean bere horretan mantenduko dira.

Grebak dira Jaurlaritza mugiarazten dutenak. Sindikatuok benetako negoziazio erreala burutu nahi dute, hitz eta asmo politetatik harago. Edukia, zehaztapena eta konkrezioa behar du balizko akordioak.

Zortzigarren greba egun honetan ere, irakasleok oso mezu argiak helarazi dizkiote Hezkuntza Sailari:

– 15 urte direla hitzarmena eguneratu gabe; eta aski dela.

– Lan zamak arintzea, plantilak gazteberritzeko plan egokia ezartzea, enplegu publikoa kontsolidatu eta bermatzea, eros ahalmena berreskuratzea, lan osasuna zein euskara eta hezkidetza bermatzeko neurriak proposatzeko garaia dela.

– Ez badago aldarrikapen hauekiko erantzunik grebetan jarraitzeko indarrekin daudela.

Beraz, Hezkuntza Sailari eduki, zehaztapen eta konkrezioak dituzten mahaiak deitzeko exijitzen diote. Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitzea eta lan baldintzak hobetzea eta eskola publikoa baliabideez hornitzea.

Bihar ere greba eguna da; eta Gasteizen mobilizatuko dira irakasleak. Goizeko 11.30etan hasiko da manifestazioa Europa jauregiaren aurrean eta Lakuan amaitu.

Grebara deitu dugu Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioetan apirilaren 9an eta 10ean, lehen hitzarmena lortzeko borrokan

LABek eta ELAk proposamen bat eman diogu Aldundiari, bere lehen testuari erantzuteko. Sindikatuok ez dugu onartuko langileen lan-baldintzak nabarmen hobetuko ez dituen hitzarmenik.

Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen lehen hitzarmenagatik 6 urte baino gehiagoko gatazkaren ondoren, joan den astean lehen aldiz Arabako Foru Aldundiaren proposamen bat jaso genuen. 40 greba egun baino gehiago behar izan dira, azkenean, administrazio publikoek uler zezaten gatazka honetan interpelatuta daudela eta konponbidearen parte izan behar dutela.

Proposamenak soldatak eta lanaldia baino ez ditu aipatzen. Beraz, negoziaziotik kanpo uzten ditu beste aldarrikapen guztiak, besteak beste, lan-osasunaren prebentzioa, behin-behinekotasuna, bajen osagarria eta atsedena. Uste dugu proposamen hau partziala eta eskasa dela, baina bide onetik doala, eta patronalak direla Aldundiak mahai gainean jarri duena osatu behar dutenak. Alde horretatik, joan den astean kontraproposamen bat bidali genion Aldundiari, eta patronalei ere emango diegu.

Ez dugu inoren aldetik presiorik edo xantaiarik onartuko. Azken asteetan, Gizarte Gaietako diputatuak hainbat elkarrizketatan adierazi du orain gatazkaren konponbidea sindikatuen esku dagoela eta “pilota gure teilatuan” dagoela. Horrela, kontakizun faltsu bat sortu nahi da, non Aldundiak eskuak garbitzen dituen. Bada ez, pilotak 6 urte baino gehiago daramatza Aldundiaren teilatuan. Administrazio publikoak, patronalak bezala, Arabako egoitzen egoeraren erantzule dira, non lan-baldintzak oso prekarioak diren. Behingoz, sektoreko lan-baldintzak hobetuko dituen Arabako lehen hitzarmena lortu behar da egoitza eta etxebizitza komunitarioetan.

Hitzarmenaren aldeko borroka bide horretan, LAB eta ELA sindikatuok greba deialdiekin jarraituko dugu, gure aldarrikapenak lortzeko modu bakarra hori dela ulertzen dugulako. Gauzak horrela, apirilaren 9an eta 10ean beste bi greba egun deitu ditugu, Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen lehen hitzarmena lortzeko.

Lan ikuskaritzak arrazoia eman digu eta PEPSICO zigortu du 2023ko arazoaren 30eko Greba Feminista Orokorrean izandako jarrera dela eta

Dena LABek sartu genuen salaketa baten harira izan da. Honen arabera, frogatuta geratu da grebalariak ordezkatuak izan zirela.

2023ko azaroaren 30ean eman zen Greba Feminista Orokorraren harira greba egin zuten langile batzuk ordezkatuak izan direla ondorioztatu du Arabako Lan Ikuskaritzak. Horrela eta LAB-ekoa den enpresa batzordeko presidenteak sartutako salaketa aintzat hartuta, Laborategian goizeko txandan zeuden langileak, besteak beste Kalitateko Gerenteak ordezkatu zituela ebatzi du. Oso larritzat hartzen dugu jarrera hau, multinazional baten goi mailako postua duen pertsona bat ezin delako inola ere greba eskubidearen urratzaile nagusia izan.

Gainera, mantentze lanetan ziharduen beste langile bat ere ordezkatua izan zela ebatzi du ikuskaritzak. Normalean bere orduan sartzen eta ateratzen diren txandakako langileek, behar baino ordu eta 20 minutu gehiago eman zituzten lanean. Kasu honetan ere, enpresaren erantzukizuna agerikoa da, greban zegoen langilearen eskubidea urratu eta greba egiteko erabakia nolabait mugatu edo baldintzatua izan delako. Gogora dezagun, edozein kasutan, greba eskubidea oinarrizko eskubidea dela.

Horrela, Arabako Lan Ikuskaritzak Arah-hauste Akta jaso du. LABetik honen jarraipena egingo dugu, ziurtatzeko enpresari zigorra ezartzen zaiola. Espero dugu enpresak ulertu dezala ez diogula horrelakorik egiten utziko, eta are gutxiago oinarrizko eskubideen defentsaz ari garenean.

Gehiengo sindikalak eskatuta, Pradales lehendakariak Mitxel Lakuntza eta Garbiñe Aranburu hartuko ditu gutxieneko soldataz aritzeko

Confebaskek gutxieneko soldata Lanbidearteko Akordio bidez adosteari uko egin ondoren, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek Pradales lehendakariari bilera eskatu zioten, eta bilera hori apirilaren 2an izango da.

Mitxel Lakuntzak eta Garbiñe Aranburuk patronalari irmo aurre egitea eskatuko diote lehendakariari, munduko herrialde ia guztietan bezala EAEn ere patronalak ez dezan izan aukerarik gutxieneko soldatari betoa ezartzeko.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek eskatuta, Pradales lehendakariak gehiengo sindikalaren ordezkaritza hartuko du gutxieneko soldataz aritzeko. Sindikatu horiek langileen ordezkaritzaren %65a osatzen dute, eta horien izenean Mitxel Lakuntza, ELA sindikatuaren idazkari nagusia, eta Garbiñe Aranburu, LAB sindikatuaren koordinatzaile orokorra, arituko dira lehendakariarekin. Lehen aldia izango da EAEko lehendakaria ELA eta LAB sindikatuen zuzendaritzekin batera bilduko dela, gehiengo sindikalak gutxieneko soldataren gaiari ematen dion garrantzi bereziaren seinale.

Confebaskek lehen aldiz otsailaren 6an uko egin zion sindikatuekin gutxieneko soldatari buruzko negoziazioari. Ondoren, sindikatuek bigarren saiakera baten berri eman zuten eta bigarren aukera horretan akordioa posible egin zezakeen gutxieneko soldatarako kopurua adostu zuten, hilean 1.500 euro hain zuzen. Sindikatuen asmoa zen Confebaskekin bigarren bilera aurretik lehendakariarekin biltzea (horregatik eskatu zuten bilera orain 40 egun), baina lehendakariak ez du orain arte sindikatuekin bildu nahi, Confebaski presioa ez egiteko.

Era berean, sindikatuen harridurarako lehendakariak publikoki adierazi du erronda bat egiteko asmotan ari dela. Gehiengo sindikaleko kideek ez dute erronda horren berri izan bilera beraiek eskatua izan den arren. Ondorioz, Lehendakariari bileraren zentzua ez aldatzea eskatzen diote eta, horrekin batera, Confebask gutxieneko soldataren gaiarekin zuzenean interpelatua izan dadila, gutxieneko soldataz gain horrekin inongo loturarik ez duten beste gai batzuk nahastea ekidinda. Are, Lehendakaria beste gai batzuei buruz erronda bat egitekoa bada gehiengo sindikala osatzen duten sindikatuek beste bilera bana izan beharko dute, beste eragileek bezala.

Oraindik ere akordiorako aukera dago gutxieneko soldatarekin, bai Confebask negoziaziora eramateko edota, bere jarrera erreakzionarioarekin irmo jarraituko balu, sindikatuek martxan jarri duten Herri Ekimen Legegilea babestuta gutxieneko soldata EAEn arautzekoa, era horretan Confebasken betoa gaindituz.

Hori da hain zuzen Mitxel Lakuntzak eta Garbiñe Aranburuk Pradales lehendakariari helaraziko dioten mezu nagusia. Gutxieneko soldata ezin da izan patronalak monopolizatu dezakeen tresna bat. Sindikatuen ordezkariek Lehendakariari Confebasken jarrera arbuiatu, Lanbidearteko Akordio bat negoziatu dezan eskatu eta horren arabera Jaurlaritzak patronalari ematen dion babes politiko zalantzan jarri eta gutxieneko soldata EAEn arautu ahal izateko martxan den Herri Ekimen Legegilearen alde instituzioen babesa azal dezala eskatuko diote. Lehendakaria Confebaskekin biltzean argi utzi beharko lioke ez diola soldata politika monopolizatzen utziko eta negoziatzeari uko eginez gero gutxieneko soldata legez ezartzeko asmoa duela.

Azken urteetan enpresariek inoizko irabazi handienak pilatu dituzte eta, hala ere, ez dute EAEk sortzen duen aberastasunaren antzeko herrialdeen gutxieneko soldatarik nahi, irabazi horiek langileen muturreko esplotazioaren kontura pilatu nahi dituztenaren seinale.

Lehendakariak herritarren interesak zaindu nahi baditu, gutxieneko soldata jasoko lukeen Lanbidearteko Akordio baten alde zein Herri Ekimen Legegilearen alde egin beharko luke. Apirilaren 2an sindikatuak hori adieraztera joango dira Lehendakaritzara.

Astebeteren ondoren, Hezkuntza Sailak ez du proposamenik

LAB sindikatuak gaurko jarraipen batzordea bertan behera utzi izana eta, akordio arautzaile berrirako (lan hitzarmenerako) inongo proposamenik gabe, grebak bertan behera uzteko eskatu izana salatzen du.

Gaur ere Hezkuntza Sailak, azken momentuan, 2022ko maiatzaren 26ko akordioaren jarraipen batzordea bertan behera uztea erabaki du. Batzorde horretan, plantillak esleitzeko irizpideak ezartzen dira; 2022az geroztik lortutako baliabide gehigarriak, alegia: irakasle-ikasle ratio jeitsiera, aniztasunari erantzuteko baliabideak eta zuzendaritza ordu kreditu gehigarriak, besteak beste. Nahiz eta mahaia teknikoa izan, akordio horrek orain arte eskola publikoan izan duen inpaktuaren inguruko azterketa egiteko momentua zela dio LABek, baita hainbestetan eskatu dituen eta herri gisa ditugun erronkei aurre egiteko momentua ere; hau da, aniztasunari erantzuteko, hezkidetzarako eta euskalduntzeko ezinbestekoak diren baliabide berriak negoziatzeko momentua.

Aldiz, sailburuak aste guztian zehar behin eta berriz zerbitzua hobetzeko beharra aipatu duen arren, hitz polit horiek ez dira proposamenetan gauzatu. Hau da, arestian aipatutako mahairako sindikatuek jasotako dokumentazioan ez da hezkuntza kalitatea hobetuko duten baliabideen inguruko proposamenik egin.

Nahiz eta ostiraleko prentsa-agerraldian astelehenean mahaira itzultzeko deialdia egin, Hezkuntza Sailak aurreko astean eta gaurko egunean negoziatzeko aukera eten du. Hori gutxi balitz, akordio berri baterako proposamenik bidali gabe, grebak bertan behera uzteko eskaria luzatu die sindikatuei, gaur goizean bidalitako korreo baten bitartez.

LABek Hezkuntza Sailari akordio arautzailea (lan hitzarmen) negoziatzeko idatzizko proposamenena bidaltzeko eskatzen dio.

Gauzak horrela, irakasleak indartsu dauden honetan, datozen bi egunetan, apirilaren 1ean eta 2an, kaleak betetzeko deia egiten du LABek. Era berean, negoziazioek aurrera egiten ez badute, hirugarren greba ziklo baterako deialdia landuko du LABek, aurrekoak baino indartsuagoa izango dena.

LABek Nafarroako Gobernua kritikatu du Esku-hartze Sozialeko bigarren hitzarmenaren sinatzea ez ahalbidetzeagatik

LAB sindikatuak aurreakordioa lortu zuen otsailean Esku-hartze eta Ekintza Sozialaren patronalarekin, Nafarroako bigarren hitzarmen sektoriala izan beharko lukeena sinatzeko. LABek ordezkaritza sindikalaren %70 du sektorean, eta oso positibotzat jo zuen orduan aurreakordio hura. Hala ere, une honetan LABek gogor kritikatu behar du Nafarroako Gobernuaren jokabidea, bere jarrera zikoitza dela eta sinadura gauzatzea eragozten ari baita.

Urtebete baino gehiagoko negoziazioen ondoren, LABek eta Nafarroako Esku-hartze eta Ekintza Sozialeko patronalak aurreakordioa lortu zuten sektoreko bigarren hitzarmena sinatzeko, eta horrela jakinarazi zitzaion Nafarroako Gobernuari, Gobernuaren inplikazioa komenigarria baita hura inplementatzeko. Zoritxarrez, akordioa ekonomikoki babestu beharrean, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du ez dituela kontzertuetako moduluak eguneratuko. Horren ondorioz, patronala ez da ausartzen akordioa sinatzera, argudiatuz dirua denbora mugagabez aurreratzeak sektoreko erakundeak berak desagertzeko arriskuan jar ditzakeela.

LABen ustez, Gobernuaren jokabidea langileen aurkako eraso zuzena da, euren lan baldintzak hobetu beharrean, LAB eta UGT sindikatuek eta ANEIS patronalak sinatutako aurreakordioaren aplikazioa blokeatzea eragiten baitu.

Nafarroako Gobernuak fronte asko ditu irekita Esku-hartze Sozialaren sektorean. Batetik, dagoeneko aipaturiko hitzarmen sektorialaren sinaduraren gelditzea. Bertzetik, Gizainen (zerbitzu sozialak kudeatzeko fundazio publikoa) negoziazioa ere blokeatuta dauka. Ata ahultasun egoeran dauden pertsonak babesteko sistema bat ere kudeatzen ari da, zerbitzu sozial horien erabiltzaileen esku-hartze beharrei erantzuten ez diena. Horren erakusgarri da langileek beren lanpostuetan duten babesgabetasun handia. Izan ere, Badajozen (Espainia) gertatu zen hilketa edozein egunetan gerta daiteke hemen.

Hori guztia irauli nahi du LABek. Nafarroako Gobernuak utzi behar dio ahoa gizarte zerbitzuen gaineko harropuzkeriaz betetzeari eta zerbitzu horien gauzatzean zuzenean inplikatu behar du. Baliabide gehiago behar dira, eta hobeki erabiliak.

LABek bere eskua luzatzen die inplikatutako alde guztiei, instituzioen ardura den Esku-hartze Sozialaren eredua birpentsatua izan dadin, hau da, arlo publikotik erabiltzaileen benetako beharrei erantzun dakien. Horretarako, LABek uste du arreta zuzen horretan egunero dauden langileen ikuspuntua kontuan hartu behar dela. Horren harira, LABek elkarretaratzea eginen du bihar, apirilak 1, Nafarroako Parlamentuaren aitzinean, 11:45ean, hitzarmenaren sinadura desblokeatzeko eskatzeko. Ondoren, 12:15ean, LABeko ordezkariek lan saio batean parte hartuko dute, Nafarroako babes sozialeko sistemaren egoeraren berri emateko.

[IRITZIA] Apirilaren 5ean kalera, soldata eta pentsio duinak lortzeko

Jarraian duzue Imanol Karrera Turrillo Nafarroako bozeramailearen iritzi-artikulua.

Otsailaren 11ko goizeko 10:55ak dira. Bost minutu besterik ez dira falta berez garrantzitsua den bilera bat hasteko. Edukia ere halakoxea da: Nafarroako lurralde-eremuan lan egiten duten langileentzako gutxieneko soldata bati buruzko lanbide arteko akordioa lortzeko negoziazio-mahaia eratzea. Helburu hori posiblea da eta legearekin bat dator.

Hala ere, oraindik ez daude bertan izanen zirela baieztatu zuten pertsona guztiak. Urduri nago, zerbait gertatuko dela iruditzen baitzait. Bihozkada bat balitz bezala, mugikorrak dar-dar. Enpresarien ordezkaria da. Azken orduko mezu baten bidez jakinarazi dit azkenean ez direla bilerara etorriko. Aitzakia eldarniozkoa da, eta haien jokaerak salatzen ditu. Berehala, eta zentzugabekeriari jarraipena emateko, UGT eta CCOOko ordezkarien mezuak iritsi dira eduki berarekin; enpresariek agintzen dute eta beraiek obeditzen dute. Ez dute, ez, goizean goiz deitu bileraren inguruko beren zalantzak argitzeko. Ez. CENeko enpresariek 10:30eko kafeari itxaron diote UGT eta CCOOri gelditzeko agintzeko. Eztabaida zehatzetik ihes egiteko modua da, lan harremanen monopolioa mantendu eta bere agenda (absentismoa eta azpiegiturak) bermatu.

Nafarroako Gobernua, urduri, egoeraren jakinaren gainean dago. Izan ere, aurretik bilera hori egiteko gela bat uzteko eskaera baztertu zuen eta lehendakariak berak uko egin zion ekimenaren ordezkari sindikalak hartzeari. Eusko Jaurlaritza, Mikel Torres (PSE-EE) lehendakariordearen bitartez, harritu eta kezkatu egin zen patronalak negoziatzeari uko egin ziolako; Txibiteren gobernuak, berriz, alderdikeriaz jokatu du, CEN, UGT eta CCOOren interesak bakarrik babestuz. Hasiak dira Enplegu Planaren ospakizunak eta Elkarrizketa Sozialaren oturuntza.

Otsailaren 28a. Bigarren deialdia formalki akatsgabea da. Ez dute bigarren dramatizazio baterako biderik eta behartuta daude beren bertsiorik txarrena ateratzera elkarrizketari ezetz esateko eta Nafarroan gutxieneko soldata ezartzeko aukerari ezetz esateko. CENeko enpresariek enplegu-politika zaharra erabili dute, eta 1995eko akordioetara jo dute. Akordio horien bidez, Nafarroan Elkarrizketa Sozialaren Erregimena ezarri zuten, apartheid sindikalean oinarritua, eta ondorio negargarriak izan dituena Nafarroako langile klasearentzat, haren erakundeentzat eta gizartearen aurrerapenarentzat.

UGTk eta CCOOk inolako lotsarik gabe egin dute bat horrekin, baina, hori bai, ez dakite non sartu. Nafarroako enpresarien argudioa bi sindikatu horiek zipriztintzen dituen gezurra baita. Izan ere, 1995eko akordioek ez diote inoiz heldu gutxieneko soldata propioa negoziatzeari. Gainera, enpresariekin egindako aliantza tamalgarrian, Iruñean boikoteatu dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan beren burkideak deitzaile izan dituen ekimen bat; hiru probintzietako UGTk eta CCOOk ederki ulertu baitute gutxieneko soldata propio bat lortzeko negoziazioak abiatzea dela gizarteak eskatzen duenaren eta langileek behar dutenaren mailan egotea. Katalunian 1.400 euroko soldata propioa aldarrikatzen duen UGTk, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronalaren ezezkoaren aurrean esan zuen “albiste txarra” zela. Hango CCOO gorago joan zen eta patronalari leporatu zion “inor baino ozpinduago eta zaharkituago” egotea. Hori Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, noski.

Akaso Nafarroako langileek Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoek baino gutxiago merezi dute gutxieneko soldataren hobekuntza? Kontuan izanik bi lurraldeetan egitura sozioekonomikoa eta soldata egitura, baita bizitzaren kostua ere, antzekoak direla, beraiek jakin badakite inork ez duela ulertzen zergatik UGTk eta CCOOk jokatzen duten modu batean han eta beste modu batean hemen. Enegarren aldiz, bi sindikatu hauek Nafarroan fede txarrez jokatu dute, interes korporatiboek gidatua interes orokorraren gainetik.

Espainiako Estatuko gutxieneko soldata (1.184 euro) ez da nahikoa Nafarroako langile eta pentsiodunentzat. Gutxieneko soldata propioa izateko beharra eta eskubidea dugu, lan eta bizi baldintza duinak izateko eta pertsona guztien soldatak gorantz hobetzeko.

Lan arloan Nafarroaren burujabetza defendatzeko unea ere bada. CEN, UGT eta CCOOek gutxieneko soldata propioa negoziatzeari uko egiten badiote, gure sinadurekin Nafarroako Parlamentuari dei eginen diogu Estatuak ezarritakoa baino gutxieneko soldata handiagoa legez finkatzea ahalbidetuko dioten eskumenak erreklama ditzan.

Hemen ez du inork amore ematen. Ez gara inoiz CENeko enpresarien nahietara errenditu, eta UGT eta CCOO sindikatuok, eta orain ere ez dugu halakorik eginen. Hori dela eta, apirilaren 5ean 18:00etan Baluartetik, Nafarroako gizarte osoak eta modu kolektiboan kalera ateratzeko aukera du, soldata eta pentsio duinak lortzeko, hemen eta guztiontzat.

Osakidetzaren pribatizazioa salatu du Euskal Herriak Kapitalari Plantok

Elkarretaratzea egin du Bilbon, Areilza Doktorearen kaleko anbulategiaren aurrean, eta Osakidetzaren pribatizazioaren inguruko txostena ere aurkeztu du.

Irakurketa

EH Kapitalari Plantok argi dauka Osakidetzaren hondatzea sakona, oso agerikoa da, ez da pertzepzio hutsa. Desinbertsioa -batik bat lehen mailako arretan eta osasun publikoko zerbitzuetan-, itxaron zerrendak, prekarizazioa eta laneko behin-behinekotasuna, modu berezian kaltetzen dira, bizitzaren zaintzarekin lotutako lan sektore feminizatuetako baldintzak, osasun eskubidea kaltetzea, eta osasun sarbideari dagokionez hazten ari diren klase, arraza eta genero aldeko asimetriak.

Harrapaketa korporatiboa diagnostiko horren funtsezko zatia da, interes pribatuak eta onurak maximizatzeko logika ekuazioaren funtsezko aldagai gisa hartzen baititu. Horren ondorioz, eskubide publiko baten eta interes komunaren arteko talka gertatzen da, alde batetik, irabazia eta interes pribatua maximizatzearen aurrean. Inbertsio publikorik eza, itunpetze soziosanitarioak, zerbitzu orokorren azpikontratazioak, enplegu publiko pribatizatuak, aseguru pribatuak eta ate birakariak dira gaur egun horren adibide.

Hori guztia dela eta, gaur Osakidetzaren harrapaketa korporatiboari eta enpresak euskal osasun- sistema publikoan sartzeari buruzko diagnostikoa plazaratu nahi dugu, Euskal Herriak Kapitalari Planto plataforma osatzen dugun eragile sozial eta sindikalek kolektiboki egindakoa. Txostenak erakusten dituen datuen arabera, Osakidetzan inbertsioaren gelditzea dago (2025erako Osakidetzak dituen funts eskuragarriak 7 milioi baino ez dira haziko, osoaren %0,1, pertsonalaren atalean, igoera 24 milioikoa da; hau da, %0,9), itxarote zerrendak mediku espezialistaren lehen bisita jasotzeko gora doaz (24.179 pertsona izatetik 2021ean eta 69.532 pertsona izatera igo dira 2023an), ebakuntzen itxarote zerrendak berdin (18.357tik 24.333ra igo dira 2019tik 2023ra).

Beraz, itunpetze sanitario eta soziosanitarioetan alde egiten da, funts publikoak negozio pribatuetara bideratuz. Aurrekontuei erreparatuta, azken datu ofizialen arabera 2024an itunpetze sanitarioei bideratutako kopuru osoa 249.695.724 eurokoa izan da. Hori Osasun Sailaren gastu osoaren %5,10 da, eta 2023tik %9,1 igo da. Hala ere, zenbait kazetaritza iturrik kopuru hori 299,8 milioikoa izan dela azaldu dute, aurreko urtekoarekiko %11,5 igota eta aurrekontu osoaren %6,12. Kopuru horiei itunpetze soziosanitarioei dagozkien 6,49 milioi euro gehitu behar zaizkio.

Zerbitzuak eta lanak kanpora ateratzearena ez da mugatzen arlo soziosanitariora, zerbitzu orokorren baitako hainbat zereginetan ere esternalizazioa gorantz doa, garbiketa, anbulantziak, sukaldaritza, segurtasuna, mantentze lanak, elektromedikuntza, arropa garbitegia, aholkularitza, zerbitzu digitalak, e. a.

Honela, osasun sistema publikoan lekua hartuta zuen botere korporatiboa hazi eta hedatu egiten da edozein arlotako enpresekin. Horien negozio estrategia Osakidetzaren etengabeko pribatizazioa finkatu eta hazi ahala moldatuko da gehiago ala gutxiago. Ohikoa da zenbait osasun alor, osasun mentala, kardiopatiak, giltzurrunetako gaixotasunak, dialisia, erradiologia, kardiologia, onkologia eta abar. arlo sentikorrak izanik ere, ez egotea interes orokorraren eta osasun eskubidearen defentsaren aterkipean zainduta. Aitzitik, horiek ere irabaziak maximizatzearen aldeko enpresa logikari lotuta ageri dira.

Sustatzen den eredu publiko-pribatuak, oro har, zerbitzuen kalitate galera dakar, baita planifikazio eta aholkularitza dinamiketan enpresa pribatuen larregizko presentzia ere. Horrez gain, eredu honek lizitazioen arloan talde modura funtzionatzea dakar, datuen eskuratze pribatua, eta bereziki lan gatazken areagotzea, enpresen helburua beti baita haien etekinak ahalik eta gehien handitzea. Pribatizatutako enplegu publikoa aipatu beharreko beste zutabea da, soldata publikodun mediku izanda osasungintza pribatuan ere lan egiten duten medikuena. Gaur egun Osakidetzako 1.059 osagile dira bateragarritasuna aitortua dutenak, jokabide hau sustatu egin da, bai esklusibotasun pizgarriak ezabatuta, bai gaiari jarraipenik bat ere ez egitearen poderioz.

Inbertsio publikoaren gelditzearen eta esternalizazioen gorakadaren beste aldean aseguru pribatuen kopuruaren zein gastu bolumenaren hazkundea dago. Beti ere, aseguru pribatua egin ahal dutenen artean. EAEn nolabaiteko osasun aseguru pribatua duten pertsonak 525.000 baino gehiago dira,2023ko datuen arabera. Prima bezala egiten den gastu osoa, urte horretan, ia 400 milioi eurokoa da, 30 urtean laukoiztu egin da kopuru hori.

Eta zer esan ate birakarien inguruan, jokabide hau guztiz ohikoa da euskal osasun sisteman. Hainbestean ze, Osasun Saileko sailburu eta sailburuordeetatik asko, batez ere Eusko Alderdi Jeltzailera lotuak, igarotzen baitira euskal osasun arloko botere korporatiboko zuzendaritza ardurak hartzera, Keralty, Quiron eta IMQ-n besteak beste. Talde hauek osasun sistema publikoa pribatizatzea internazionalizatzen dabiltza herrialde ezberdinetan, batez ere Hegoalde globalean.

Honegatik guztiagatik, Euskak Herriak Kapitalari Plantok gure txostena irakurtzera gonbidatzen zaituztegu eta honakoa exijitzen du:

• Osasun arloan inbertsio publikoa modu nabarmenean handitzea.

• Esternalizazioei muga jartzea epe ertainera begira.

• Osasungintza publikoko langileriaren lan eta soldata egonkortasuna hobetzea.

• Enplegu publiko eta pribatuaren arteko bateragarritasuna zerbitzuburuei kentzea.

• Ate birakariak ekiditzea, interesen arteko talkak zorrotz kontrolatuta.

• Maila guztietako lege aldaketak sustatzea, gaur egungo harrapaketa korporatiboa gelditzeko eta osasun sistemaren jabetza, kontrola eta kudeaketa oinarri-oinarrian publikoa izatea babesteko.

Etxeko langileen topaketa

LABek etxeko langileen topaketa antolatu zuen Bilbon “Etxeko enplegua eskubide berdintasunean. Hitzarmena orain!” lemarekin. Topaketen helburua elkar aitortzea eta Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaiko hainbat herritako etxeko langileen atala osatzen duten asanbladen artikulazio sindikala erraztea izan zen.

Topaketa igande honetan egin zen, martxoaren 30ean, Etxeko Langileen Nazioarteko egunean. Bertan, nabarmendu zen araudian eta legean aldaketak eskatzeko prozesuan etxeko eta zaintzako langileen parte hartzea bermatu behar dela, horrenbeste emakumek* bizi duten prekaritate egoerari aurre egiteko. Historikoki, ezberdintasunera eta eskubideak aitortuak ez izatera kondenatuak izan dira emakume* hauek.

LABeko ordezkariek, euren aldetik, 2018tik hona eman dituzten urratsak gogoratu zituzten. Etxeko langileekin eta langile hauek kolektibo eta elkarteekin batera sektore honentzako hitzarmen kolektibo propioaren aldeko borroka bateratuari eustea lortu dute. Nabarmendu zuten emaitzak berehalakoak izan ez arren, eta nahiz eta negoziazio kolektiborako eskubidea aitortuko dien epai baten zain dituen oztopo judizialak topatu dituzten, ez dutela ekintza sindikala geldituko etxeko enpleguan lan-baldintza hobeak egon arte eta ondorioz, etxeko langileentzako, gehienak emakume* migratuak, bizi baldintza hobeak izan arte.

Etxeko langileek, euren aldetik, eskertu egin zuten LABek horrenbeste etxeko emakume* langileren borroka bere egin izana. Topaketetan 100etik gora langile eta zaintzarekin lotutako pertsona egon ziren, Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaitik iritsitakoak, aukera izan zutenak elkar aitortzeko eta antolaketa sindikaletik etxeko langileentzako Hitzarmen Kolektiboaren bidez lan-baldintza hobeak eskatzeko borrokan garatu beharreko alderdiak artikulatzeko.

Martxoaren 30 hau desberdina izan da etxeko langileentzat. Indartsuago eta batuago daude eta borrokan jarraitzeko tinkotasuna eta determinazioa erakusten dituzte:

“Ez daukagu ospatzeko ezer desberdintasuna dagoen bitartean, esklabutza egoeran dauden lankideak dauden bitartean eta etxeko eta zaintzako langile guztientzat Hitzarmen Kolektiboa negoziatzeko oztopoak dauden bitartean”.

Eskubideen faltaren ondorioz langile hauek euren eskariak egiterakoa orduan tinko ari dira. Pixkanaka, borroka honek beste langile batzuk ere kutsatzen ditu euren norbanako eta taldekako batailei ekiteko, barrurantz zein kanporantz bizi eta transmititzen den indar bat da. Langile bakoitzak egin du ekarpena bere errealitatetik abiatuta, gaur egun, antolaketa kolektiboa posible izan dadin.

Etxeko langileen hitzarmenaren aldeko borrokak emakume* langile hauek batu ditu, prozesuaren zati bakoitzean animatu ditu, izandako akats zein lorpenekin.

Martxoaren 30 hau desberdina da, batuta eta indartsu ikusten ditugu eta euren eskubideen urraketaren aurreko ezezagutza eta etsipenetik urruti. Konbentzituta gaude beldur horiek, ia pertsona migratu moduan borroka sindikal honen buru izan daitezkeen eta etxeko langileen kolektiboekin, toki bakoitzeko mugimendu feministarekin eta LABek borroka bere eginda, beharrizan hori aldaketa bera lortzeko motibazio bihurtu ahal dutela.

LABek berriro dio hau guztien lana dela, elkarrekin soilik eraiki daitezkeela negoziazioaren oinarriak eta elkarrekin zaindu, indartu eta defendatuko dutela prozesu kolektiboa.

Topaketaren amaieran manifestazio-kontzentrazio bat izan zen, eta goizean zehar egindako azterketatik atera ziren lema aldarrikatzaileak erakutsi ziren bertan. Bukaeran, Celeste Agueroren musika emanaldia izan zen.