2026-04-06
Blog Page 567

Jaurlaritzaren Bilboko egoitza okupatu dugu, langileok lanetik etxera bizirik itzultzeko eskubidea dugula aldarrikatzeko

Euskal gehiengo sindikalak deituta, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan eserialdia egin dugu ordu erdiz, prekarietateak hiltzen duela salatzeko eta erantzuleak seinalatzeko: patronala eta instituzioak. Oihu eta aldarriekin batera, isilunea ere gorde dugu aurten Hego Euskal Herrian hildako 11 langileak eta Zaldibarren lur azpian desagertuta dauden 2 langileak gogoratzeko. Era berean, osteguneko mobilizaziora deitu dugu. Bilbon izango da, 18:30, Arriaga plazan.

Eusko Jaurlaritzak bere esku dituen tresnak baliatu eta neurri guztiak hartu behar ditu lan heriotzen sarraskiarekin amaitzeko. Horixe aldarrikatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitza okupatu dugu euskal gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuok, aurten Hego Euskal Herrian hildako 11 langileak eta Zaldibarren lur azpian desagertuta dauden bi pertsonak gogoan.

Ez da posible lanera joatea jakin gabe etxera itzuliko garen. Ez da posible kontratazio katea horren luzea izatea, jakinda lan heriotzen atzean horrek eragin zuzena duela. Patronalak ardurak ditu, baina baita instituzioek ere. Hala, gaurko ekintzarekin aldarrikatu duguna izan da langileen eskubideek eta bizitzak lehentasun izan behar dutela, interes ekonomikoen eta kapitalaren gainetik.

Ostegunean, Arriaga plazan
Euskal gehiengo sindikalak deituta ere, ostegunean mobilizazio bat egingo dugu prekarietatea eta lan heriotzak salatzeko. Bilbon izango da, 18:30ean, Arriaga plazan.


 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Zaldibarrekoa eredu baten porrotaren isla da”

0

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan izan da, eta bertan galdetu diote Zaldibarreko aferari buruz. Zaldibarrekoa "eredu baten porrotaren isla" dela adierazi du, eredu bat non ikuspegi ekonozimista lehenesten den, publikoa izan beharko lukeena enpresa pribatuen esku uzten den. Lur azpian dauden bi langileak aurkitzeak lehentasuna izan behar duela berretsi du, eta erantzukizunak eskatu ditu, baita istripua gertatzeko inolako neurririk hartu ez dituen Eusko Jaurlaritzari ere. Iñigo Urkullu lehendakariarekin ere oso kritikoa izan da, Bilbon atzo egindako agerraldian egin bezala: "Inoiz ez du minutu bakar bat bera ere langileekin egoteko eta langileen kezkak entzuteko; eta egunero, oso sarri, patronalaren ondoan ikusten dugu. Patronalaren bozermaile bilakatu da".

 

 

 

Katalunian ere sindikatuek Euskal Herriko gatazkaren konponbideari eman diote babesa

Kataluniako Parlament-aren adierazpen instituzionala babestuz, Kataluniako sindikatu nagusiek (CCOO, UGT, InterSindical-CSC, CO.Bas, COS eta IAC) babes oharrak kaleratu dituzte horren harira.
 

 

 

Berehalako arrisku larria dagoela salatu dugu Lan Ikuskaritzan, Zaldibarren izandako Gipuzkoako suhiltzaileen lau kamioiek behar bezala deskutsatu gabe jarraitzen dutelako

0

Eibar eta Oñatiko suhiltzaileen parkeko lau kamioi izan ziren ostegunean Zaldibarreko istripuan. Bada, ordutik gaurdaino deskutsatu gabe jarraitzen dute. Horrek arrisku larrian jartzen du kamioi hauek erabiltzen dituzten suhiltzaileen osasuna, amiantoak sortzen duen kaltea ezaguna delako. Hau dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiko LABeko sail sindikaleko delegatuek salaketa jarri dute Lan Ikuskaritzan eta egoeraren berri adierazi dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren erregistroan, Lan Arriskuen Prebentziorako azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 21. Artikuluaren irizpideari jarraituz; “berehalako arrisku larria”-ri dagokiona.

Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileen kasuan, ostegunean Zaldibarren izandako kamioiak prezintatuta daude, garbitu eta gero. Gipuzkoako kasuan, berriz, Aldundiak ez ditu beharrezko neurriak hartu, arrisku larriko egoera denean. Salaketa 21. artikuluaren irizpideetan oinarrituta jarri eta gero, Lan Ikuskaritzak 24 ordu ditu orain eskuhartzeko.
 

 

 

“Langileok ezin ditugu babestu lan hildakoak saihesteko konpromisorik jasotzen ez dituzten aukera politikoak”

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Ekintza Sindikaleko idazkari Xabier Ugartemendiak Greba Orokorraren ondorengo testuinguru politiko eta sozioekonomikoa aztergai izan dute Bilbon. Bizitza duinaren alde, prekarietatearen kontrako borrokak ardatz hartuta iritsi ginen grebara. Urtarrilaren 30az geroztik, baina, langileon bizi eta lan baldintzek okertzen jarraitzen dute. Urtea hasi zenetik 12 langile hil egin dira eta 2 pertsona desagertuta daude une honetan. "Langileok kaleak bete ditugu dagoeneko, mezu argi bat luzatu dugu Greba Orokorrarekin, eta orain hautestontzietan luzatu behar dugu mezu hori", adierazi du Garbiñe Aranburuk, apirilaren 5ean hauteskundeak izango direla iragarri berritan.

"Azken Greba Orokorretik hamaika egun besterik ez dira igaro eta gaur arrazoi gehiago ditugu, indar eta konbentzimendu gehiago, lan, pentsio eta bizitza duinen alde lan egiten jarraitzeko".

Garbiñe Aranbururen hitzak dira hauek, Bilbon egindako agerraldian esandakoak. Arrazoi berriak ditugula adierazi du, greba egunetik beste bi langile hil egin direlako eta, momentu honetan, bi langile daudelako desagertuta. Hala, hauen senide eta lagunei elkartasuna adierazi die.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, "azken egunotan agerian geratu da kapitala eta bizitzaren arteko talka. XXI mendean, Euskal Herrian lanera joateak gure bizitza arriskuan jartzea dakar. Ez dugu egoera hauek naturalizatzen uzten utziko, patronalaren indarkeria forma bat baita langileekiko. Lan istripuak saihestu daitezke, saihestu behar dira".

Garbiñe Aranburuk kritikatu du, urtarrilaren 30a historikoa izan arren, Iñigo Urkullu lehendakariarentzat egun huts bat izan zela; eta Zaldibarreko afera gauza bera dela harentzat, beste egun bat besterik ez: "Lehendakari honek, aukera duen bakoitzean, patronalari babesa erakusten dio; langileekin egoteko, berriz, ez du inoiz aukera ikusten".

Lau egun agertu gabe egon eta gero, lehendakaria atzo isiltasunetik irten zela azaldu du, "baina ez desagertutako langileen familiei elkartasuna adierazteko, ezta ardura politikoak argitzeko ere. Bi langile lur azpian daude eta bizitzak aurrera darrai, eta lehendakariaren kezka bakarra hauteskundeak dira. Hau oso larria da".

Eusko Jaurlaritzak ezin dio bere erantzukizunari uko egin, Zaldibarreko zabortegia kudeatzen duen enpresa pribatua dela esaten: "Gertatzen ari den guztia eskandalagarria da. Berriro ere, langileen osasuna eta bizilagunen osasun publikoa ez da erdigunean egon. Berriro ere, beste interes batzuek izan dute lehentasuna. Ekonomia egon da pertsonen aurretik".

Hutsune asko daudela azpimarratu du Garbiñe Aranburuk, eta euskal gehiengo sindikala halako egoeren aurrean etengabe mobilizatzen ari dela adierazi du: "Eta proposamenak ditugu. Grebaren harira, patronala eta instituzioak interpelatu ditugu. Orain EAEko hauteskundeak iragarrita daudela, LABetik uste dugu interpelazio horiek indartu behar direla".

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "unea da gure aldarrikapenak agenda politikoan kokatzeko. Alderdi politikoei exijitzen diegu euren programa politikoetan grebara eraman ziguten aldarriak integra ditzaten".

LABeko idazkari nagusiaren esanetan, "langileok kaleak bete ditugu dagoeneko, mezu argi bat luzatu dugu Greba Orokorrarekin, eta orain hautestontzietan luzatu behar dugu mezu hori. Erantzukizunez erantzun behar dugu. Langileok ezin ditugu babestu lan hildakoak saihesteko konpromisorik jasotzen ez dituzten alderdi politikoak, lan, pentsio eta bizitza duinak bermatzeko konpromiso argirik ez dituzten alderdiak. Izan ere, borondate politiko kontua da pertsonen beharrak lehenestea eta beste eredu ekonomiko eta sozialerako bidea egitea, justizia soziala eta lanaren eta aberastasunaren banaketa justua oinarri".

 

 

 

Nafarroako ordezkaritza sindikalaren %17ra ailegatzear bukatu genuen 2019 urtea

0

Nafarroako Gobernuaren Lan Departamentuak hilero ematen dituen datuen arabera, 2019ko abendua akitu zelarik, LAB sindikatua Nafarroa Garaiko ordezkaritza sindikalaren %17aren atarian gelditu zen; %16,95ean zehazki. LAB sindikatuak Nafarroan inoiz izan duen ordezkaritzarik handiena da hori.

Hauteskunde sindikalen nolakotasuna dela-eta -enpresa bakoitzak bere erritmoak baitaramatza-, zaila da ordezkaritzaren ehunekoetan berehalako aldaketak gertatzea. Kontrara, aldaketak oso mantso izaten dira. Hala ere, aipatzekoa da azken urteetan LAB izan dela Nafarroan gehien hazi den sindikatua. Konparazio batera, 2007an 827 delegatu zituen LABek (%12,48), baina hamar urte geroago 937 delegaturekin bukatu zuen urtea (%15,67); 2018 urtea 981 delegaturekin itxi zuen (%16,24) eta, erran bezala, 2019 urtea, 1.054rekin (%16,95).

Nafarroako ordezkaritza sindikalaren ia %90 duten lau sindikatu handien artean, LAB da etengabe hazten ari den bakarra, bertze hiruren ehunekoak oso-oso gutxi mugitu baitira urte oso batean: UGTk %25,16rekin bukatu zuen 2018 urtea eta %25,19rekin 2019; CCOO %23,97tik %23,99ra pasatu zen hamabi hilabeteetan; eta ELA, %22,76tik %22,78ra.

“Sindikatuok egunero-egunero eta lantokiz lantoki baliozkotzen dugu Nafarroako langileen babesa”, adierazi du Imanol Karrera LABeko bozeramaileak 2019ko datuei erreparatuta. “Eta ildo horretan, LAB esaten duena egiten duen sindikatua denez, koherentea denez, horregatik langileek LABekiko duten konfiantza gero eta handiago da. Lantoki eta gizartearen errealitatea eraldatzeko lantokietan grebak eta kalean borrokak egiten saiatzen gara langileon lan eta bizi baldintzak hobetzeko; Huerta de Peralta, Nafarroako Esku-Hartze Soziala eta urtarrilaren 30eko Greba Orokorra horren adibide gutxi batzuk baino ez dira. Baina hori lortzeko langileak behar ditugu, langileen babesa behar dugu. Eta horregatik esaten dugu LABek eskuratu duen langileen babes historiko honek aukerak sortzen dituela gure aldarrikapenak errealitate bihurtzeko”.

LAB sindikatuak, hauteskundeetan parte hartzen duen heinean, gero eta delegatu gehiago izan nahi ditu, noski. Baina ez sindikatua helburu bezala ikusten duelako, baizik eta sindikatua aldaketarako tresna garrantzitsu gisa ulertzen duelako. Eta tresna horrekin jarraituko du LABek, batetik, lan harremanak eta baldintza sozialak duintzearen aldeko eta prekarizazioaren kontrako borrokan, eta bertzetik, aldaketa sozialaren aldeko borroka bultzatzen.

 

 

 

Michelineko hitzarmen erregresiboa baztertzen dugu

Gaur, otsailaren 7an, Michelingo hitzarmena sinatu da, Lasarten bertako lantegirako eta Valladoliden Estatuko gainontzeko lantegietarako. LABen ustez baldintza erregresiboak prestatu dira Valladoliden eta euskal lantokietara ekarri dira, forma desberdinetan.

LABek argi eta garbi baztertzen du enpresa eta CCOO, UGT, CSI eta USOren artean Lasarte eta Gasteizko lantegientzat adostutako baldintzak ezartzea, egun dagoen prekarietateari eusten diotelako eta murrizketa berriak ere jasotzen dituztelako.

Honekin lotuta, salatu nahi dugu ez dela inolako soldata-igoerarik jasotzen 2019rako eta jardunaldia luzatu egingo dela (5×8 sistemarako), onartezina iruditzen zaiguna.

Kontratazioari dagokionez, urtebete pasa ondoren aldi baterako kontratuak mugagabe bilakatzea jasotzen badu, gogoratu beharra dugu hau legeak zehazten duena betetzea baino ez dela. Hala ere, ez du sartu berrientzako soldata-eskala bikoitza bertan behera geratzea, aurreko hitzarmenean CCOO, UGT, CSI eta USOk onartu zutena.

Funtsezko hobekuntzarik ere ez dago lantegietan bizi den malgutasun basatian, ezta lan-osasunean, berdintasunean edo esparru sozialean ere.

Guzti horrengatik, LAB Hitzarmen honen guztiz aurka dago eta bere apostua da langileak izatea protagonista euren lan-baldintzen aldeko borrokan. LABek lanean jarraituko du langile guztien lan-baldintzak hobetzeko.
 

 

 

Gure indar guztiekin bultzatuko dugu Gipuzkoako metalgintzako langileen aktibazioa, hitzarmen duin bat lortzeko

0

Gaur, otsailak 7, delegatuen batzarra egin dugu Hernanin Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren negoziazioaren estrategia finkatzeko. Joan den maiatzetik hona, hainbat batzar egin ditugu ordezkariekin, afiliatuen bilerak eta propaganda banatzen ibili gara lantegietan, sektorea prestatzeko, Gipuzkoako metalgintzaren hitzarmenaren berrikuntza bultzatze aldera.

LABek beti izan du argi: beharrezkoa da aberastasuna banatzea eta, era berean, sektoreko langile guztientzako lan eta bizitza duina lortzeko baldintzak sortu behar ditugula, enpresa handi edo txikietan lan egin, enpresako hitzarmenarekin edo gabe. 2011tik daramagu sektoreko hitzarmena berritu gabe, Gipuzkoako metalgintzako enpresariek 803 milioi euro baino gehiagoko etekina aitortu duten bitartean. Lotsagarria da, eta onartezina.

Horrekin guztiarekin batera, LABek enpresetako hitzarmen eta sektorialen aldeko borrokan jarraitzeko konpromisoari tinko eusten diogu. Gipuzkoako metalean, zehazki, ezinbestekoa deritzogu. Izan ere, 50.195 langile egonik, horietatik 35.386 Hitzarmen propiorik gabe baitaude (2019ko LHKaren datua).

LABek anbizioz eta indarrez ekingo dio hitzarmenaren negoziazioari, eduki duinak dituen hitzarmena lortzeko. Prekarietatearen aurkako neurriak jasoko dituen hitzarmen bat, lan- erreformari aurre egingo diona, aberastasunaren bidezko banaketa bermatuko duena, benetako berdintasuna lortzeko bidean urratsak egingo dituena, eta sektore ahulenak babestuko dituena.

Espero dugu Adegi patronalak Bizkaiko metalean gertatu denaz nota ona hartu izana eta lan harremanen prekarizazio eta indibidualizazio politika bertan behera uztea. LABek argi du hitzarmen duina izateko bermerik onena sektoreko langileak aktibatzea dela, eta horretara dedikatzen jarraituko dugula sektoreko 500 ordezkarik baino gehiagok eta gure militantzia osoak.

 

 

 

Zaldibarren gertatutako istripua sakon iker dadila exijitu dugu, baita erantzukizunak argitu daitezela eskatu ere

Aste bereziki gogorra izaten ari da lan munduan. Bi langile hil dira 24 orduko epean Bizkaian, eta, Zaldibarren, bertako zabortegian izandako luiziaren ondorioz, beste bi langile desagertuta daude. Bitartean, prekarietateak heriotza dakarrela saltzeko, euskal gehiengo sindikaletik mobilizazioa egin dugu Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean.

LAB sindikatuak, atzo, otsailak 6, Zaldibarren gertatu zen istripu larriaren harira, adierazi nahi du:

-Gure elkartasuna eta sostengua adierazi nahi diegu desagertu diren langileen senideei, lagunei eta ahaideei.
-Eskatzen dugu ikerketa sakona egin dadila, edonolako erantzukizunak argitu eta arduradunak seinalatu daitezela.
-Eskatzen dugu zabortegiaren baimenak ikertu behar direla.
-Salatzen dugu, Administrazioak jakin arren amiantoa zabortegian zegoela, ez dela dagokion prebentzio neurririk bideratu material kantzerigeno honen hondakinak kentzeko zereginetan ziharduten langileak haren arriskupean egon ez zitezen, haien osasuna eta bizitza arriskuan jarriz.
-Material kantzerigeno honen zuntzen arriskupean berez jardun den pertsona oro identifikatu behar da, arriskupean egon diren langileen zerrendan sar daitezen eta etorkizunean kontrol medikua egin dadin.

Honengatik guztiarengatik eta Eusko Jaurlaritzaren hainbat Sailek ardura izan dezaketelakoan, berresten gara lan harremanen eredua aldatzeko premian, non langileen segurtasuna eta osasuna ipiniko den eliteen interes ekonomiko eta politikoen aurretik.