2026-04-05
Blog Page 561

Zorroza Gestión de Residuos enpresako langileek pairatzen duten prekarietatea salatu dugu

Atzo, otsailaren 25ean, bere lanpostuan langile bat hil zela deitoratu behar izan genuen berriro. Prekarietatea eta horri lotutako lan-istripu hilgarriak oso gogor ari dira kolpatzen Aiaraldea zehazki, eta Euskal Herria oro har. Dagoeneko 14 heriotza izan dira 2020an Euskal Herrian, eta 2 pertsona desagertuta daude Zaldibarren.

Duela egun gutxi Laudioko langile baten heriotza salatu genuen, eta orain Aiaraldean gertatutako beste lan istripu hilgarri baten albistea iristen zaigu; zehazki, Murgan (Aiara) kokatuta dagoen Zorroza Gestión de Residuos enpresan.

Heriotza honek agerian utzi ditu enpresa honetako langileen lan-baldintzak:

– Eguneko 10 orduko nahitaezko lanaldiak.
– Enpresak ez dizkie langileei beharrezkoak diren norbera babesteko ekipamendu guztiak ematen.
– Soldatak baxuak dira.
– Lan-erritmoak oso altuak dira.
– Ez dago fitxatzeko sistemarik.
– Instalazioen garbitasuna desegokia da.
– Langileek ez dute inolako prestakuntzarik jasotzen laneko arriskuen prebentzioaren arloan.
– Enpresako gerentziaren partetik hitzezko tratu txar jarraituak.
– Eraso fisikoko gertakari bat.

LAB sindikatutik, bertako langileek pairatzen duen babesgabetasun egoera hau publikoki salatzera behartuta ikusten dugu gure burua, eta ezinbestekoa iruditzen zaigu erakunde publikoak interpelatzea, neurri faltagatik halakorik berriro gerta ez dadin. Beharrezkoa da erakundeek zaintza, kontrol eta jarraipen neurri eraginkorrak ezartzea.

Zoritxarrez, prekarietatea Aiaraldea eskualdeari indar handiagoz kolpatzen dion epidemia bat da. Horren adibide dira Zorroza gestion de residuos inguratzen duten enpresak; Tubos Mecánicos Norte enpresa otsailaren 10etik greba mugagabean dago, Garobel enpresako langileak etorkizuna arriskuan dute, etab.

Euskal Herrian aurten gertatutako istripu hilgarrien kopurua neurrigabea da, inoiz baino indar handiagoz borrokatu behar dugun sarraski bat, fabriketan bertan eta era irmo batean. Horregatik guztiagatik, erakundeei exijitzen diegu lan-prekarietatearen aurrean benetako eta premiazko neurriak har ditzatela, eta Aiaraldeko eskualdeari eskatzen diogu ez dezala zalantzarik izan sarraski honi aurre egiterako orduan, gaurko deitutako mobilizazioetan parte hartuz:

-12:00etan euskal gehiengo sindikalaren kontzentrazioa egin dugu Murgan, Zorroza gestion de residuos enpresaren aurrean.

-19:00etan manifestazioa izango da Amurrioko Herriko plazatik, Aiaraldeko greba batzordeak deituta.
 

 

 

Nafarroako Gobernuak ez du asmo politikorik Nafarroa lan, pentsio eta bizitza duinen aldeko aurrekontuez hornitu dadin

LAB sindikatuaren iritziz, agerian geratu da Nafarroako Gobernuak borondate politikorik ez daukala gizartearen gehiengoaren alde gobernatzeko, Nafarroako langileriaren premiak gaindi daitezen, zeinak lan, pentsio eta bizitza duinak eskatzen dituen. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, bihar Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egingo dugu, 10:00etan, aurrekontu duinen eta sozialen alde.

2019ko abenduan, Nafarroako Gobernuak aurkeztu zigun Nafarroako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluan Nafarroako 2020ko aurrekontuen aurreproiektua. Gure iritzian, aipatu aurreproiektuak ez zien erantzuten nafar gehienen beharrei eta interesei.

Gure mintzaldia argia eta irmoa izan zen: Nafarroako Gobernuari eskatu genion egin zitzan lanaren, pentsioen eta bizitza duinen aldeko aurrekontuak.

Hala ere, berriro, Nafarroako Gobernuak, PSNz, Geroa Baiz eta Podemosez osatua, gizartearen gehiengoak dituen aldarrikapenak ez ditu aintzat hartzen. Zer dauka CEN patronalak haren aldarrikapenak aintzat hartuak izan daitezen, eta ez, ordea, sindikatuenak? Horrela jokatuz, Gobernuak ergeltzat hartzen gaitu, Nafarroako gehiengoaren alde gobernatu baino, enpresaburuentzat gobernatzen baitu.

Nafarroako zerga-zama Europar Batasunaren apalenetakoa da (BPGren %30,4a, aldiz, EBrena %39koa da) eta neurriz gaineko ahalegina langileriak jasan ohi du (lanaren gaineko errentak diru-bilketa osoaren %35ekoak dira, aldiz, sozietateen gaineko zerga %5,5ekoa).

Enpresa-ondarearen gaineko zerga ezabatu izana egungo Nafarroako Gobernuak darabilen zerga- politika mota horren adibide garbia da. Enpresarien neurrira egindako zerga-sistema batez ari gara; ihesbide arriskutsua dugu, hari esker aberastasun handiek ekidin dezaketelako zergen ordainketa. Zerga-sistema erakargarri eta lehiakor baten gezurrezko amuzkiak ez du beste helbururik: publikoa dena ahalik eta adierazpen gutxienera murriztea, eta ekonomiaren funtzionamendua oso-osorik merkatuaren esku eta kapital pribatuaren logikaren esku uztea.

Aurrekontuek ez diote alternatibarik ekartzen hesitze kapitalista hirukoitzari.

Kapitalismoak aurrekontuetan ematen den laztasuna gotortzeko ezarri den hesitze hirukoitzaren adierazgarriak dira defizit-muga, zorraren helburua eta gastu araua. LAB sindikatuaren iritziz, zorroztasun honi aurre egiteko, oinarrizkoa deritzagu alternatibak sortzeari; uste dugu badela bidea hura erdiesteko, adibidez, bestelako zerga sistema baten alde egitea, non lanaren, kapitalaren eta enpresa-irabazien errentek egiten dituzten zerga-ahaleginek oreka zuzena ekarriko duten. Bestalde, Nafarroako burujabetza aldarrikatzen dugu eskuduntzak izan ditzagun eta erabaki ahal izan ditzagun gure bizitzeko eta lan egiteko baldintzak hobetuko dituzten neurriak.

2020. urteko aurrekontuek ez dituzte bermatzen gizartearen gehiengoak aldarrikatzen dituen lana, pentsioa eta bizitza duinak.

Eskubide Sozialen Kartak aurkeztu zuen Herri Ekimen Legegilean jasotzen denez, lege bidez osatu behar da gutxiengo pentsioa 1.080 euro arte, kalitateko enplegua lortu behar da, eta Errenta Bermatua eta etxebizitzarako eskubidea babestu behar dira. Lan-arloan, soldata-arrakala, diskriminazioa eta indarkeria matxista amaituko dituen lege bat onartu behar da. Gobernuak babestu behar du hezkuntzan eta osasunean egindako inbertsioak Europako parametroetan koka daitezen, eta babestu behar ditu Nafarroan 1.200 eurotako gutxieneko soldataren eta 35 orduko lanaldiaren aldarrikapena. Hauek dira LABek aipatu Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren esparruan egindako proposamenetako batzuk, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan mugimendu sozial, sindikal eta pentsionisten artean adostutakoak Greba Orokorrari begira.

Horietako bakar bat ere ez da aintzat hartu. Horrela, agerian geratu da Nafarroako Gobernuak borondate politikorik ez daukala gizartearen gehiengoaren alde gobernatzeko, Nafarroako langileriaren premiak gaindi daitezen, zeinak lan, pentsio eta bizitza duinak eskatzen dituen.

LABek ez die inoiz garrantzirik kenduko gure borroken eta aldarrikapenen indarrari eta gaitasunari. Duela urte gutxi batzuk 1.200 eurotako gutxiengo soldataren eta 1.080 eurotako gutxiengo pentsioaren aldarrikapenak zokoratutako gaiak ziren, Erregimenaren eta elite ekonomikoaren agendan agertzen ez zirelako. “Aurrekontuetako Akordio” batean txertatu izana 1.200 eurotako gutxiengo soldataren aipamena edota 1.080 eurotako gutxiengo pentsioa aztertzea, sinbolikoa da soilki, ez du irudikatze praktikorik, eta hortaz, eznahikoa da. Ez da guk diogulako; Chivite lehendakariarekin egin bileran egiaztatu genuen egiazko gogorik ez zuela haiei ekiteko, gu guztiok Madrilen mileurismora zigortuz. Baina, era berean, egiaztatu da eta agerian geratu da gure aldarrikapenek hartu duten indarra, milaka pertsonak, urtarrilak 30 zituenean, kalera atera zirelako haiekin bat eginez, eta gainera oso sostengu handia izan zutelako.

Hamaika bider esan dugu hau ez dela LABen kontua bakarrik. Ezinbestekoa da borrokari eustea Grebaren aldarrikapen horiek eta gainerakoek Dekretu eta Lege bidez gauza daitezen.
 

 

 

Fekoor-eko langileen bigarren lanuzte eta mobilizazio eguna etorkizun duinaren alde

Gaur ere lanuztea egin dute. Honetaz gain, mobilizazioa egin dute Fekoor-en egoitzatik Bizkaiko Foru Aldundiak Ugaskon duen egoitzaraino egin dute, instituzio hau delako Fekoor-ek ematen dituen zerbitzuen titularra.

Gutxitasun fisikoa edo/eta organikoa duten bizkaitarrei arreta ematen dieten elkarteak biltzen dituen entitatea da Fekoor. Bertako langileek lanuztea egin zuten otsailaren 20an bizi duten egoeraren aurrean eta euren etorkizunaren defentsan, antzeko leku batzutan baino lan-baldintza okerragoak dituztelako.
 

 

 

Gipuzkoako helduen egoitzetako egoiliarren senideekin batera mobilizatu gara Adegiren aurrean

Gipuzkoako helduen egoitzetako egoiliarren senideek mobilizazioa egin dute Donostiako Adegiren egoitzaren aurrean. LABek bat egin du mobilizazioarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta patronalek helduen egoitzetako hitzarmena bahitu dutelako.

 

 

 

Haurreskolak Partzuergoko kudeaketako langileen akordioa kolokan utzi du Eusko Jaurlaritzak

0

Kudeaketako langileen arloko aurreakordioa akordio bihurtzera bidean, falta zen hainbat dokumentazio aurkezteko eskatuz, urtarrilaren 16rako deituta zegoen mahai negoziatzailea bertan behera utzi zuen Eusko Jaurlaritzako ordezkari Eugenio Jimenezek. Momentu horretan, Haurreskolen kolektiboarekiko duten utzikeria eta negoziaziorako gaitasun eza salatu genuen eta hainbat gai kolokan jarriko zituztela jakinarazi genuen.

Langile publikoentzako urtarrilaren 1eko atzeraeraginez %2ko soldata igoera gauzatzeko eta otsaileko nominan jaso ahal izateko, ezinbestekoa da mahai negoziatzailetik pasatzea. Horrela, gai ordenean puntu hau besterik ez zuen mahai negoziatzailea genuen deitua hilaren 26rako.

Deialdia jaso bezain pronto, LAB sindikatuak eskaera bideratu zion Haurreskolak Partzuergoko gerenteari negoziatzeko ditugun beste gai batzuk gai-ordenean txertatzeko eskatuz, besteak beste, LAB sindikatuak deituta zuen kudeaketako langileen grebarekin bukatzeko aurreakordioa aurrera eramateko negoziazioa.

Pasa den ostiralean eta inolako arrazoirik eman gabe, asteazken honetarako aurreikusita zegoen mahai negoziatzailea bertan behera utzi zuten.

Gauzak horrela, LAB gero eta arduratuago dago Haurreskolak Partzuergoan gertatzen ari den egoera eta noraezarekin. 2020 urte hasieran, kudeaketako aurreakordioa eta kolektibo osorako hobekuntza garrantzitsuetako negoziazioari amaiera fase batean sartuta geundenean eta Zorione Etxezarraga den gerente berriaren izendapenarekin batera, negoziazioa bera eten egin da. Laster 2 hilabete izango dira azken mahai negoziatzailea izan zenetik eta guretzat ulertezina den blokeo honen aurrera, LAB sindikatuak berriro ere exijitzen du ahalik eta lasterren negoziazioarekin jarraitzea.
 

 

 

“Hiltzen jarraitzen gaituzue. Euskal langileok ez dugu barkatuko; ez atzo ez gaur, bizitza duina” leloa izango du martxoaren 3ko mobilizazioak

Hainbat sindikatuk agerraldia egin dugu Gasteizen, Martxoaren 3an egingo diren ekimenekin bat egiteko. Hain zuzen ere, LAB, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuok Martxoaren 3 elkartearekin batera egin dugu prentsaurrekoa, martxoaren 3an, 18:00etan, izen bereko plazan egingo den omenaldira eta ondoren, 19:00etan, izango den manifestaziora atxikitzeko.

1976ko martxoaren 3an, bost langile erahil zituzten eskubide sozial eta laboralak aldarrikatzeagatik eta prekarietatea salatzeagatik. Gaur, 2020. urtean, dagoeneko 13 langile hil dira Hego Euskal Herrian eta 2 desagertuta daude. Hala, agerraldian nabarmendu dugu mobilizatzeko arrazoiek bere horretan jarraitzen dutela. Hala, martxoaren 3ko ekimenak "Hiltzen jarraitzen gaituzue. Euskal langileok ez dugu barkatuko; ez atzo ez gaur, bizitza duina" lelopean izango dira. 
 

 

 

Lan heriotzen aurrean pauso bat aurrera emateko ordua da; arduradunak seinalatzea eta ordain dezatela exijitzen dugu

Joan den astean Gasteizen izandako lan heriotza salatzeko mobilizazioaren atarian jaso dugu berria: beste langile bat hil da Araban; Murgako Zorroza Gestion de Residuos enpresan, hain zuzen ere. 14 langile hil dira aurten Euskal Herrian, eta 2 daude desagertuta. Odolusteak ez du etenik, eta erakundeek beste alde batera begiratzen jarraitzen dute.

Gaur, otsailak 25, langile baten heriotzaz hitz egin behar dugu berriz. Istripua atzo jazo zen arratsaldeko 17:30ak aldera Murgako Zorroza Gestion de Residuos enpresan. Behargina 4 metroko altueratik erozi zen lanean ari zen bitartean, Gurutzetako ospitalera eman zuten, baina zaurien ondorioz gaur hil da.

LAB sindikatutik, lehenik eta behin, langilearen senitarteko, lagun eta lankideei gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu.

Salatu beharra dugu, 2020. urtean, istripu hilgarriak ikaragarri handitzen ari direla, lan egiteagatik 14 langile hil dira Euskal Herrian, hauetatik 4 Araban. Honetaz gain, ezin ahaztu Zaldibarren bi langilek 19 egunez desagertuta jarraitzen dutela.
Langile honen heriotzaren arrazoiak ikertzea eskatzen dugu, baita ere lan baldintzak, lan erritmoak eta abar.

Langileon lan baldintzak gero eta prekariagoak dira, patronalak bere irabaziak langileen osasun eta bizitzaren aurretik jartzen dituelako. Administrazioak, Lan Ikuskaritzak eta Fiskaltzak ezin dute ezikusiarena egiten jarraitu. Pausu bat aurrera emateko ordua da, arduradunak seinalatzea eta ordain dezatela exigitzen dugu. Langabeziaren jaitsieraz hitz egiten duen bitartean, prekarietatea erabiliz langileak hiltzen jarraitzen dute.

Lan istripuak ez dira kasualitatez ematen. Erantzuleak dituzte, eta horrela izanik, instituzioei eta gainontzeko eragilei lanean ematen ari diren istripuak ekiditeko beharrezkoak diren politika errealak martxan jar dizaten eskatzen diegu.

LABen lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde. Horregatik, dei egiten diogu langile klaseari azken istripua salatzeko deituko diren mobilizazioetan parte hartzera.

Bihar, 12:00etan, euskal gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratzea egingo dugu Murgako Zorroza Gestion de Residuos enpresaren aurrean.

 

 

 

Bizkaiko Metalgintzako grebalarien aurkako errepresioa salatu dugu Bilbon, epaitegien aurrean

0

Bizkaiko Metalgintzako borrokan aritutako grebalarien aurkako jazarpenak ez du etenik. Greba egunetan atxilotutako langile batek epaitegian deklaratu behar izan du Bilbon, eta langile honi babesa emateko elkarretaratzea egin dugu sindikatuok. Lan eskubideak defendatzea delitua ez dela aldarrikatu dugu.


 
LABeko Industria arloko ordezkari Iratxe Azkuek adierazpenak egin ditu epaitegi aurrean. Hauxe da bere hitzartzea:

Gaur 120 pertsona inguru mobilizatu gara Bilboko epaitegien aurrean, Bizkaiko metalgintzako grebetan parte hartu zuen langile batek bertan deklaratu behar izan duelako. Guztira 13 langile daude inputatuta Bizkaiko metalgintzako greben ondorioz eta aparte, isun ugari bota dituztela, hauetariko asko, Mozal legearen ezarpenaren ondorioz.

Azken grebetatik hilabeteak pasa direnean, inputazio berriak iristen jarraitzen dute. Salatu nahi dugu inputazio eta zigor ekonomiko hauen ostean erabaki politikoak daudela, interes argia dagoelako grebarako eskubidea eta Euskal Herriko langileen borroka kriminalizatzeko. Inputazio hauek ez dira kasualak.

Langileen eskubideak aldarrikatu eta defendatzea ez da inoiz delitua izango. Era berean, salatu nahi dugu ez dugula ikusi epaitegietan Bizkaiko metalgintzan grebarako eskubidea urratu zuten enpresaririk, eta egon badaude. Badaudelako langile kaleratuak, badaudelako greba eginez gero kaleratuak izatearen mehatxuak jaso dituzten langileak. Egunero langileen eskubideak urratzen dituzten enpresariak ere ez ditugu epaitegietan ikusi. Lan eta bizitza duinaren alde borrokan egitea erabakitzen duten langileak soilik ikusten ditugu epaitegietan.

Gaur deklaratu duen langilea ekainaren 28ko manifestazioan atxilotu zuten. Mobilizazio honetan basatia izan zen poliziaren errepresioa. Izan ere, sindikatu guztiok oharra kaleratu genuen arratsalde horretan bertan Ertzaintzak izandako jarrera salatuz, hala ere, inputatutako pertsona bakarra eta epaitegietara etorri behar izan duena langile bat da.

Neurri hauek guztiek ez gaituzte geratuko. Badakigu hauen atzean zer ezkutatzen den. Langileak kikildu nahi dituzte eta borroka kriminalizatu.

LABek borrokan jarraituko du enpresetan, sektoreetan eta orohar Euskal Herrian langile guztiok lan eta bizi duinak izan ditzagun.
 

 

 

Biltzar Arteko Batzarra egingo dugu Gasteizen; borroka sindikala, feminismoa, ekosozialismoa, burujabetza eta lan osasuna ardatz

0


Biltzar Arteko Batzarra egingo dugu Gasteizen, martxoaren 26an, eta inoiz baino indartsuago iritsiko gara hitzordura, ideiak oso garbi edukita. Sindikatuak egiten duen lehen Biltzar Arteko Batzarra izango da, eta, bertan, 2017an egindako 9. Biltzar Nagusitik honako balantzea eta aurrera begirako erronkak landuko ditugu. Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Antolaketa idazkari Izaskun Garciak agerraldia egin dute, martxoko hitzorduaren eta sindikatuaren egungo egoeraren berri emateko. "Garai berri honek behar duen sindikatu eraldatzailea izan behar ginela nabarmendu genuen Biltzar Nagusian; bada, bide onetik goazela ikusten dugu, LABen proiektuarekiko atxikimendu geroz eta zabalagoa delako langileen artean", adierazi dute.  


Gasteizko Europa Jauregian martxoaren 26an egingo dugun Biltzar Arteko Batzarrean, 9. Biltzar Nagusian hartutako erabakiak berretsiko ditugu. Garbiñe Aranburuk datorren Biltzarrera begira egin nahi dugun bidea azaldu du:

-Borroka sindikal berriak sustatu: ofentsibara egindako Greba Orokor batetik gatoz, eta horrek indarra ematen ditugu borroka sindikal berriak irekitzeko prekarietatearen aurka eta soldata eta bizi baldintza duinen alde.

-Sindikalismo feminista bateranzko trantsizioarekin jarraitu: sindikatu feministatzat dugu gure burua eta praktika feminista bateranzko bidea egiten ari gara: horretarako, formakuntza oso garrantzitsua da. Formakuntza Eskola Feministaren bitartez ematen jarraituko dugu.

Egungo sistema zorretan dago emakumeekin, zor patriarkala delakoa. Zaintza lanak emakumeek sostengatzen dituzte, eta horregatik eskatzen dugu aitortza politiko eta soziala eta lan guztien banaketa.

Lana sexuaren arabera banatzen dela kontutan hartuta, emakumeek egiten dituzten lanak okerrago ordainduak daude, eta lan baldintza kaskarrenak dituzte. Hau dela eta, soldata arrakalaren kontrako borrokak lehentasuna du.

-Ekosozialismora urratsak eman: larrialdi klimatikoaren errealitateak lekua izan behar du gure esku hartze sindikalean. Lan talde bat osatu dugu hurrengo Biltzar Nagusira erabaki berriekin eta proposamen berriekin iristeko.

-Programa Sozioekonomikoa osatu eta aurkeztu: programa honetan sindikatuaren proposamenak jasotzen dira, Euskal Herriaren eraldaketa soziala lortzeko bidean. Zaintza lanen afera nola bideratu, sektore publikoaren paperak zein izan behar duen, zein garapen eredu defendatzen dugun, langileek behar duten Estatutua, pentsio eta Gizarte Segurantzako proposamena…

Ekonomia feminista apurtzailearen eta ekosozialismoaren oinarriak barneratzen ari gara programa honetan. Programak egungo ekoizpen eta kontsumo eredua zalantzan jartzen du, eta bizitzaren sostengarritasuna erdian jartzen du.

-Herri burujabetzaren bidea defendatu: joan den otsailaren 5ean, Bilbon, CIG, ELA eta CSC sindikatuekin batera aurkeztutako agenda soziala eta erabakitzeko eskubidearen ildoan

Proposamenak ditugu, baina botere politikoa behar dugu horiek guztiak garatzeko. Estatuan ireki den fase politiko berriarren aurrean, egungo Gobernuaren eta EAJren apustua egungo erregimena mantentzea dela ikusten ari gara, aldaketa handirik egin gabe.

Bide autonomista bat da euren apustua, eta, azken urteetan ikusi den bezala, horrek ez du Estatuaren krisia konpontzen. Estatutua 40 urtez bete gabe egon ondoren, ezin da garaipen bezala hartu transferentziak akordatu izana, are eta gutxiago garrantzitsuena, Gizarte Segurantzaren kudeaketa (eta ez erabatekoa), ez dagoenean bermatua.

-Klase subjektuaren berrosaketaren aldeko apustua: Gure hurrengo erronka gure ekintza sindikalarekin iristeko aukera ez dugun prekarizatutako sektoreetan eskaintza sindikal bat egitea da (ustezko autonomoak, ordezkaritza sindikala izateko eskubiderik ez dutenak, ekonomia murgilduan lan egiten dutenak…).

-Lan osasunaren defentsa: zoritxarrez, lan egitera joateak gaixo egotera edo hiltzera eramaten gaitu. Errealitate odoltsu honen aurrean, erantzun bateratua ari gara ematen gehiengo sindikalarekin batera.

Sindikatu bezala, aldiz, ekintza sindikalean jarri nahi dugu fokoa prebentzio neurri egokiak exijitzeko, gaixotasun profesionalak eta lan istripuak saihesteko bidean. Aldaketak ari gara ezartzen gure antolakuntza ereduan gai honi hobeto erantzuteko.