2025-12-21
Blog Page 56

Ausardia eta determinazioa eskatu dizkiogu Jaurlaritzari Confebask gutxieneko soldata propioa negoziatzera behartzeko

GarbiƱe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra eta Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia Imanol Pradales EAEko lehendakariarekin batzartu dira gaur gutxieneko soldata propioak duen garrantzia helarazteko. Herritarren gehiengoak babesten duen eskari honen alde inplikatzeko eta bere alde egiteko eskatu dio Aranburuk Pradalesi, Akordio Intersektorial baten negoziazioa bultzatuz eta gure errealitate sozioekonomikoarekin bat etorriko den gutxieneko soldata hemen ezarri ahal izateko Herri Ekimen Legegilea babestuz.

LABeko koordinatzaile orokorrak gaineratu du Jaurlaritzak ezin duela jarraitu enpresa handien interesak ordezkatzen dituen Confebask bezalako patronal harroa babesten eta hari zilegitasuna ematen, ā€œzeinaren ordezkaritza nola neurtzen den ez baitakiguā€. Patronalak ez du bere funtzioa eta negoziatzeko betebeharra betetzen sindikatu guztien eskarien aurrean, nahiz eta azken horiek hauteskunde sindikaletan neurtzen dituzten euren indarrak eta ordezkaritza.

Herrialde honetako aberastasunaren banaketa gero eta injustuagoa da, pobrezia eta soldata oso baxuak dituzten langileen kopurua gora doa; bereziki, emakumeena*, gazteena, migranteena edo aniztasun funtzionala dutenena. Era berean, Confebask da politika fiskalaren norabidea ezartzen duena, politika hori progresiboagoa izatea eta kapitalaren errentak eta enpresen irabaziak gehiago zergapetzea saihestuz.

Aranburuk adierazi du herritarren aldeko politikak bultzatu behar dituen gobernu batek ausardia eta determinazio handiagoa behar dituela langileak esplotatzearen eta kapital eta laneko errenten arteko arrakalen aldeko apustua egiten duen eta generoa, adina edo jatorriaren araberako arrakalak handitzearen aldekoa den patronal baten aurrean.

LABeko ordezkariaren hitzetan, ā€œgutxieneko soldata hemen erabakitzea milaka langileren lan eta bizi-baldintzak hobetzeko urratsa da, eta LABek ez du LGS propioa lortu arte etsikoā€.

LABek salatzen du aparteko orduen ondorioz 21 lanpostu baino gehiago galdu direla TCCn

2024an, aurreko urtean baino 5 lanpostu gehiago galdu dira.

Sindikatu honek 2023an jendaurrean nahiz Ikuskaritzan aurkeztu zuen enpresaren aurkako salaketa, langileek egiten zituzten aparteko orduen kopurua gehiegizkoa zela nabarmenduz. Ordutik enpresak hartu duen jarrerak argi uzten du ikusiarena egiten jarraitzen duela langileen egoera prekarizatzen duen arazo honen aurrean.

2024an 29.488,79 aparteko ordu egin ziren, aurreko urtean baino % 41,17 gehiago, eta 144 langilek gainditu zuten legeak ezartzen duen muga (gehienez 80 aparteko ordu lan egitearena). Ordu osagarriei dagokienez, hau da, kasuan kasuko lan kontratuan itundutakoez gaineko orduei dagokienez, 4.442,59 ordu osagarri egin ziren, 2023an baino % 82,70 gehiago. Egoera horrek langileen ezegonkortasuna areagotu egin zuen, eta plantillaren kontziliaziorako eskubidea zaildu.

Aparteko orduak eta ordu osagarriak baturik, 2024. urtean 33.929,38 ordu egin ziren. Izugarrizko kopurua da hori, lanaldi osoko 21 lanpostu kentzeko adina.

Kontuan harturik gure erkidegoan 22.500 langabe zeudela 2024. urtearen bukaeran, lotsagarria iruditzen zaigu TCCk familia askoren egonkortasunarekin eta mantenuarekin jolasean aritzea.

Ez dezagun ahaztu IruƱerriko Mankomunitateak ere erantzukizun handia duela gai honetan, TCCk bezainbeste. Hori dela eta, afera honetan eskua sartu beharko luke eta guztiz galarazi bai halako praktikak, bai langileen baldintzak okerragotzen dituzten beste hainbat ere.

Aparteko orduak egiteko sistemak urritasuna, langabezia eta langileen arteko elkartasun eza dakartza berekin. Oso argi daukagu arazo hau lehenbailehen konpondu beharra dagoela.

LABek beti egin du lana sustatzearen eta aberastasuna banatzearen alde, hizarmenen negoziazio guztietan.

Horregatik, aparteko orduak egiteko filosofiaren eta ondorioen aurrean, ezinbestekoa da enplegu osoa eta lan baldintza duinak defendatzea, baita langabezia-tasak murriztea ere berdintasunean eta lanaren banaketan oinarrituriko mekanismoen bidez.

EAEko hezkuntza publikoko irakasleak bigarren faseko greba dinamiken bukaerara iritsi dira

9. greba egunak jarraipen zabala izan du eta hurrengo fasera pasatzea beste alternatibarik ez die utziko Hezkuntza Sailak, benetako negoziaziorik egon ezean.

Pasa den asteko asteleheneko mahai negoziatzailearen ondoren, Hezkuntza Sailak aukera izan du negoziazioarekin aurrera egiteko, baina ez du inongo aurrerapausurik eman eta grebak bertan behera uztea jarri du negoziaketarako baldintza gisa.

LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuek gaur deitutako grebak jarraipen zabala izan du, aurreko deialdietan bezala; izan ere, grebara deitutakoen %75ak babestu du greba eta mobilizazioetan geroz eta jende gehiagok hartu du parte. Grebaren ziklo honetan ā€œLan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!ā€ lelopean deitutako mobilizazioetan milaka langile elkartu dira eta behin eta berriz salatu dute Hezkuntza Sailaren jarrera.

Greba hauetan azaleratzen ari diren arazoak eta arazo hauei aurre egiteko eskaerak hezkuntza publikoa eta ikasleen beharrei erantzutearekin zerikusirik ez balute bezala mintzo da saila. Halabaina, ikasleen behar desberdinei erantzuteko baliabideak gehitzea, enplegua eta hezkuntza taldeak egonkortzea edota plantilak gazteberritzea hezkuntza publikoa indartzea da.

Irakasleek argi utzi dute zein den beraien asmoa eta helburu horrekin borrokan tinko jarraituko dute benetako negoziazioa gauzatu arte. Grebak dira Jaurlaritza mugiarazten dutenak. Sindikatuek negoziazio erreala burutuzea nahi dute, hitz eta asmo politetatik harago. Edukia, zehaztapena eta konkrezioa behar du balizko akordioak.

Bederatzigarren greba egun honetan ere, irakasleek oso mezu argiak helarazi dizkiote Hezkuntza Sailari:

– 15 urte direla hitzarmena eguneratu gabe; eta aski dela.

– Lan zamak arintzea, plantilak gazteberritzeko plan egokia ezartzea, enplegu publikoa kontsolidatu eta bermatzea, eros ahalmena berreskuratzea, lan osasuna zein euskara eta hezkidetza bermatzeko neurriak proposatzeko garaia dela.

– Ez badago aldarrikapen hauekiko erantzunik grebetan jarraitzeko indarrekin daudela.

Beraz, Hezkuntza Sailari eduki, zehaztapen eta konkrezioak dituzten idatziz jasotako proposamenak eta hauek lantzeko mahaiak deitzeko exijitzen dizkiote inolako baldintzarik gabe. Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitzea eta lan baldintzak hobetzea eta eskola publikoa baliabideez hornitzea.

Hezkuntza Sailaren deiaren zain geratzen dira, eta honek negoziatzeko eta adostasunetara heltzeko borondaterik aurkeztu ezean, greba dinamikaren hirugarren fasea planteatzea beste aukerarik ez die utziko.

Kezkatzekoa da sortzen ari den enpleguaren kalitatea

Hego Euskal Herrian 138.772 langabe zenbatu ziren martxoan, aurreko urtean baino 3.542 langabe gutxiago daudelarik.

Langabeziaren beheranzko bilakaera orokorraren atzean, hainbat kolektibo bilakaera negatiboa izaten ari dela azpimarratu nahi dugu gaurkoan.

• Langabeen erdia baino gehiagok emakumea* izaten jarraitzen du, zehazki %58,59ak.

• Langabezia jaitsi arren, 25 urtetik beherakoen artean joera alderantzizkoa da, pasa den urtetik %2,06 eta azken hilabetean %2,66 igo baita langabezia.

• Migratuen artean, langabeziak ere gora egin du azken hilabete zein urtean. Zehazki, azken urtean, aurreko enplegurik gabekoen artean, 364 gehiago dira jatorri anitzeko langileak. Azken hilabetean, ia sektore guztietan jazo da migratuen langabeziaren igoera txikia, aurreko enplegurik gabekoen artean izan ezik, non migratuen langabeziak %2,70 egin duen gora.

Azken urtean, sektore guztietan egin du behera langabeziak. Proportzioei dagokienean, jaitsiera nabarmenena lehen sektorean (%6,95) zein eraikuntza sektorean (%8,62) jazo da. Era berean, bi sektore hauetan afiliazioak gorakada izan du, lehen sektorean %7,62 eta eraikuntzan %3,39 hazi baita erregimen orokorreko afiliazioa. Zerbitzuen sektorean langabeziaren jaitsiera proportzionala ez da hain nabarmena izan (%2,41), sektore honetan langile kopuru handiak egiten baitu lana.

Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteek (ABEEE) izan duten bilakaeraren hainbat zantzu azaltzen hasi dira industria sektorean

Azken hilabeteko datuei erreparatzen badiegu, industriak ez du gainerako sektoreen joera mantentzen; izan, ere, sektore guztietan jaitsi da langabezia industria sektorean izan ezik. Igo den langabeen kopurua oso lausoa da, ABEEE aplikatzen ari direlako, langileen lan egoerari eutsiz, industriak bizi duen sakoneko egoera datuetan azaleratu gabe. Izan ere, ABEEE horiek epe labur-ertainean izango duten bilakaerak industria sektorearen egoera zeharkatuko du. Zentzu horretan, gaur goizean izan dugu Basauriko Bridgestone enpresak, denbora luzez ABEEEtan ibili ondoren, 335 langile kaleratuko dituen Enplegu Erregulazio Espedientea (EEE) aplikatzeko asmoa duela zioen berria. EEE aplikatuz gero, plantillaren %40a langabezian kokatuko litzateke. Zoritxarrez, ez da kasu bakarra, hor baititugu Guardian edota BSH.

Sortzen den enpleguaren kalitate ezbaian

Aurreko urtean baino 7.073 kontratu gehiago sinatu dira martxoan zehar. Kontratu horietatik %76,67 behin behinekoak dira. Beste behin ere, 2022ko lan erreformak sabaia jo duela argi eta garbi geldituz, sortu den enpleguaren kalitatearen adierazle.

Hego Euskal Herriko afiliazioak gora egin du aurreko hilabetearekin alderatuta, eta 1.073.077 pertsona zeuden afiliatuta erregimen orokorrean martxoko azken egunean. Azken urtean ere afiliazioak gora egin arren, 25 eta 50 urte artekoan afiliazioa jaitsi da eta bereziki emakumeei* eragiten die jaitsierak. Sortzen ari den enplegua, lan baldintza prekarioak nagusitzen diren zerbitzuen sektorekoa izanik, trantsizioa egin duten emakumeei* lan merkatuak baldintza prekarioak eskaintzen dizkie. Azken urtean sortutako afiliazioaren %82,81 zerbitzutan izateak adieraz dezakeen bezala.

Beraz, emakumeek* pairatu behar izaten dituzten lan baldintza prekario eta ezegonkorrak salatu behar ditugu gaurkoan, beste behin ere. Datuek horretarako bide ematen dute, zoritxarrez. Izan ere, aldizkako kontratu finkoak jaitsi arren, emakumeen* artean igo dira, aldizkako kontratu finkoa dutenen artean %65,24a emakumeak* izanik. Jardunaldiari dagokionean ere, emakumeek* dituzte baldintza kaskarrenak, 4 emakumetik* batek (%25,4) jardunaldi partziala duen bitartean, gizonezkoen artean %11,4ra jaisten baita portzentaia. Jardunaldi osoko kontratuen kasuan, kontrakoa gertatzen da, emakumeen* %56,6ak jardunaldi osoa baitu, gizonezkoan artean %78,1ak duen bitartean.

Industria sektoreak epe motz zein luzean izan dezakeen egoerak kezkatzen gaitu, gure ekonomian duen pisu eta balio estrategikoaz gain, hainbat eskualde zein herritan izan dezakeen eragin sozioekonomikoagatik. Bide horretan, LAB sindikatuak industria babestu eta trantsizio ekosozialerako plan estrategikoa garatzea ezinbestekoak direla aldarrikatu nahi du gaurkoan. Era berean, sortzen den enplegua prekaritatean oinarritua den neurrian, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa edukitzeak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu, Hego Euskal Herriko langile guztiontzat gutxieneko soldata duina bermatuko lukeelako. Amaitzeko, dei egiten diegu langile sektore zabalei datozen egunetan LGS-ren alde egongo diren mobilizazioetan parte hartzera eta instituzioei zein patronalei exijitzen diegu egoerak eskatzen duen arduratik urratsak ematea.

LABek Aianoxeko hitzarmen berrirako azken proposamena baztertzen du nahikoa ez delako

Martxoaren 31n Aianoxeko langile asanbladak hitzarmen berriaren alde bozkatu zuen. LABentzako hitzarmen berrirako proposamenean jasotako baldintzak ez dira nahikoa. Hala ere, mobilizazio eta grebaren bidez hitzarmena kaskartzea eta lan baldintzetan atzerapausoak gelditzea lortu dela azpimarratu nahi dugu.

Lehenik eta behin, Aianoxeko langileen lan baldintzetan atzerapausuak gelditu eta hitzarmen berria hobetzeko greba eta borrokaren balioa azpimarratu nahi dugu. LABetik, Aianoxeko kasuan, bertako zuzendaritzaren asmo txarrak gelditzeko eta hitzarmen zein lan baldintza duinagoak lortu ahal izateko plantillaren aktibazioa eta mobilizazioa funtsezkoa zela hasieratik mahai gaineratu genuen. Lortutakoa langileen aktibazioa, mobilizazioa eta bi greba egunei esker izan dela agerian geratu da, eta langileen gehiengoak honetan izan duten jarrera balioan jarri nahi dugu.

Bigarrenik, guretzat hitzarmena ez da nahikoa guretzat, LABetik ezarri genituen hainbat gutxieneko bete ez direlako. Horien artean, hiru azpimarratu nahi ditugu. Azkenengo urteetan langileek izan dituzten soldata igoera oso apalak ez dira konpentsatu, eta ez da berme nahikorik jarri hau berriz ez gertatzeko, 2027 urteko soldata igoera soilik lotu delako KPIra. Lanaldiari dagokionez ere, nahiz eta 2027rako 8 ordutan murriztu den, sektoreko lanaldi altuenetarikoa izaten jarraitzen da. Azkenik, lizentzia zein bestelako baimenetan bermeak eta hobekuntzak guztiz mugatuta geratu dira.

Bukatzeko Ainaxoeko LABeko atalak, afiliazioak eta gertukoek izan duen jarrera eta konpromisoa ere balioan jarri nahi dugu eta horregatik zoriondu nahi dugu, nahiz eta jarri ziren helburuetara ailegatu ez garen.

Aianoxen hitzarmen eta lan-baldintza duinen alde!

EAEko Hezkuntza Publikoko irakasleen greba egun arrakastatsua

Greba zikloaren 8. greba egunak jarraipen zabala izan du. Milaka langile mobilizatu dira Bilbo, Donostia eta Gasteizen egindako manifestazioetan.

Pasa den asteko asteleheneko mahai negoziatzailearen ondoren, Hezkuntza Sailak aukera izan du negoziazioarekin aurrera egiteko, baina ez du inongo aurrerapausurik eman. Ostiralean Hezkuntza Sailburuak egindako prentsaurrekoan iritzi publikoaren aurrean asmo onak erakutsi arren, errealitatea bestelakoa da: ez dituzte sindikatuak deitu negoziaziora, beraz, ez da negoziaziorik egon.

Hezkuntza sailak azken egun hauetan grebak bertan behera uztea jarri nahi izan du negoziaketarako baldintza gisa. Negoziaketarako prest dagoela ere adierazi du, ez die ordea inolako proposamenik helarazi sindikatuei.

Bestalde, greba hauetan azaleratzen ari diren arazoak eta arazo hauei aurre egiteko eskaerak hezkuntza publikoa eta ikasleen beharrei erantzutearekin zerikusirik ez balute bezala mintzo da. Halabaina, ikasleen behar desberdinei erantzuteko baliabideak gehitzea, enplegua eta hezkuntza taldeak egonkortzea edota plantillak gazteberritzea hezkuntza publikoa indartzea da.

Irakasleek argi utzi dute zein den beraien asmoa eta helburu horrekin borrokan tinko jarraituko dute benetako negoziazioa gauzatu arte.

LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuek gaur deitutako grebak jarraipen zabala izan du, aurreko asteko deialdietan bezala; izan ere, grebara deitutakoen %75ak babestu du greba. Grebaren ziklo honetan ā€œLan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!ā€ lelopean deitutako mobilizazioan milaka langile ari dira elkartzen eta behin eta berriz salatu dute Hezkuntza Sailaren jarrera. Nahikoa dela salatzen ari dira behin eta berriz kaleetan eta egoera aldatu ezean bere horretan mantenduko dira.

Grebak dira Jaurlaritza mugiarazten dutenak. Sindikatuok benetako negoziazio erreala burutu nahi dute, hitz eta asmo politetatik harago. Edukia, zehaztapena eta konkrezioa behar du balizko akordioak.

Zortzigarren greba egun honetan ere, irakasleok oso mezu argiak helarazi dizkiote Hezkuntza Sailari:

– 15 urte direla hitzarmena eguneratu gabe; eta aski dela.

– Lan zamak arintzea, plantilak gazteberritzeko plan egokia ezartzea, enplegu publikoa kontsolidatu eta bermatzea, eros ahalmena berreskuratzea, lan osasuna zein euskara eta hezkidetza bermatzeko neurriak proposatzeko garaia dela.

– Ez badago aldarrikapen hauekiko erantzunik grebetan jarraitzeko indarrekin daudela.

Beraz, Hezkuntza Sailari eduki, zehaztapen eta konkrezioak dituzten mahaiak deitzeko exijitzen diote. Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitzea eta lan baldintzak hobetzea eta eskola publikoa baliabideez hornitzea.

Bihar ere greba eguna da; eta Gasteizen mobilizatuko dira irakasleak. Goizeko 11.30etan hasiko da manifestazioa Europa jauregiaren aurrean eta Lakuan amaitu.

Grebara deitu dugu Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioetan apirilaren 9an eta 10ean, lehen hitzarmena lortzeko borrokan

LABek eta ELAk proposamen bat eman diogu Aldundiari, bere lehen testuari erantzuteko. Sindikatuok ez dugu onartuko langileen lan-baldintzak nabarmen hobetuko ez dituen hitzarmenik.

Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen lehen hitzarmenagatik 6 urte baino gehiagoko gatazkaren ondoren, joan den astean lehen aldiz Arabako Foru Aldundiaren proposamen bat jaso genuen. 40 greba egun baino gehiago behar izan dira, azkenean, administrazio publikoek uler zezaten gatazka honetan interpelatuta daudela eta konponbidearen parte izan behar dutela.

Proposamenak soldatak eta lanaldia baino ez ditu aipatzen. Beraz, negoziaziotik kanpo uzten ditu beste aldarrikapen guztiak, besteak beste, lan-osasunaren prebentzioa, behin-behinekotasuna, bajen osagarria eta atsedena. Uste dugu proposamen hau partziala eta eskasa dela, baina bide onetik doala, eta patronalak direla Aldundiak mahai gainean jarri duena osatu behar dutenak. Alde horretatik, joan den astean kontraproposamen bat bidali genion Aldundiari, eta patronalei ere emango diegu.

Ez dugu inoren aldetik presiorik edo xantaiarik onartuko. Azken asteetan, Gizarte Gaietako diputatuak hainbat elkarrizketatan adierazi du orain gatazkaren konponbidea sindikatuen esku dagoela eta ā€œpilota gure teilatuanā€ dagoela. Horrela, kontakizun faltsu bat sortu nahi da, non Aldundiak eskuak garbitzen dituen. Bada ez, pilotak 6 urte baino gehiago daramatza Aldundiaren teilatuan. Administrazio publikoak, patronalak bezala, Arabako egoitzen egoeraren erantzule dira, non lan-baldintzak oso prekarioak diren. Behingoz, sektoreko lan-baldintzak hobetuko dituen Arabako lehen hitzarmena lortu behar da egoitza eta etxebizitza komunitarioetan.

Hitzarmenaren aldeko borroka bide horretan, LAB eta ELA sindikatuok greba deialdiekin jarraituko dugu, gure aldarrikapenak lortzeko modu bakarra hori dela ulertzen dugulako. Gauzak horrela, apirilaren 9an eta 10ean beste bi greba egun deitu ditugu, Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen lehen hitzarmena lortzeko.

Lan ikuskaritzak arrazoia eman digu eta PEPSICO zigortu du 2023ko arazoaren 30eko Greba Feminista Orokorrean izandako jarrera dela eta

Dena LABek sartu genuen salaketa baten harira izan da. Honen arabera, frogatuta geratu da grebalariak ordezkatuak izan zirela.

2023ko azaroaren 30ean eman zen Greba Feminista Orokorraren harira greba egin zuten langile batzuk ordezkatuak izan direla ondorioztatu du Arabako Lan Ikuskaritzak. Horrela eta LAB-ekoa den enpresa batzordeko presidenteak sartutako salaketa aintzat hartuta, Laborategian goizeko txandan zeuden langileak, besteak beste Kalitateko Gerenteak ordezkatu zituela ebatzi du. Oso larritzat hartzen dugu jarrera hau, multinazional baten goi mailako postua duen pertsona bat ezin delako inola ere greba eskubidearen urratzaile nagusia izan.

Gainera, mantentze lanetan ziharduen beste langile bat ere ordezkatua izan zela ebatzi du ikuskaritzak. Normalean bere orduan sartzen eta ateratzen diren txandakako langileek, behar baino ordu eta 20 minutu gehiago eman zituzten lanean. Kasu honetan ere, enpresaren erantzukizuna agerikoa da, greban zegoen langilearen eskubidea urratu eta greba egiteko erabakia nolabait mugatu edo baldintzatua izan delako. Gogora dezagun, edozein kasutan, greba eskubidea oinarrizko eskubidea dela.

Horrela, Arabako Lan Ikuskaritzak Arah-hauste Akta jaso du. LABetik honen jarraipena egingo dugu, ziurtatzeko enpresari zigorra ezartzen zaiola. Espero dugu enpresak ulertu dezala ez diogula horrelakorik egiten utziko, eta are gutxiago oinarrizko eskubideen defentsaz ari garenean.

Gehiengo sindikalak eskatuta, Pradales lehendakariak Mitxel Lakuntza eta GarbiƱe Aranburu hartuko ditu gutxieneko soldataz aritzeko

Confebaskek gutxieneko soldata Lanbidearteko Akordio bidez adosteari uko egin ondoren, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek Pradales lehendakariari bilera eskatu zioten, eta bilera hori apirilaren 2an izango da.

Mitxel Lakuntzak eta GarbiƱe Aranburuk patronalari irmo aurre egitea eskatuko diote lehendakariari, munduko herrialde ia guztietan bezala EAEn ere patronalak ez dezan izan aukerarik gutxieneko soldatari betoa ezartzeko.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek eskatuta, Pradales lehendakariak gehiengo sindikalaren ordezkaritza hartuko du gutxieneko soldataz aritzeko. Sindikatu horiek langileen ordezkaritzaren %65a osatzen dute, eta horien izenean Mitxel Lakuntza, ELA sindikatuaren idazkari nagusia, eta GarbiƱe Aranburu, LAB sindikatuaren koordinatzaile orokorra, arituko dira lehendakariarekin. Lehen aldia izango da EAEko lehendakaria ELA eta LAB sindikatuen zuzendaritzekin batera bilduko dela, gehiengo sindikalak gutxieneko soldataren gaiari ematen dion garrantzi bereziaren seinale.

Confebaskek lehen aldiz otsailaren 6an uko egin zion sindikatuekin gutxieneko soldatari buruzko negoziazioari. Ondoren, sindikatuek bigarren saiakera baten berri eman zuten eta bigarren aukera horretan akordioa posible egin zezakeen gutxieneko soldatarako kopurua adostu zuten, hilean 1.500 euro hain zuzen. Sindikatuen asmoa zen Confebaskekin bigarren bilera aurretik lehendakariarekin biltzea (horregatik eskatu zuten bilera orain 40 egun), baina lehendakariak ez du orain arte sindikatuekin bildu nahi, Confebaski presioa ez egiteko.

Era berean, sindikatuen harridurarako lehendakariak publikoki adierazi du erronda bat egiteko asmotan ari dela. Gehiengo sindikaleko kideek ez dute erronda horren berri izan bilera beraiek eskatua izan den arren. Ondorioz, Lehendakariari bileraren zentzua ez aldatzea eskatzen diote eta, horrekin batera, Confebask gutxieneko soldataren gaiarekin zuzenean interpelatua izan dadila, gutxieneko soldataz gain horrekin inongo loturarik ez duten beste gai batzuk nahastea ekidinda. Are, Lehendakaria beste gai batzuei buruz erronda bat egitekoa bada gehiengo sindikala osatzen duten sindikatuek beste bilera bana izan beharko dute, beste eragileek bezala.

Oraindik ere akordiorako aukera dago gutxieneko soldatarekin, bai Confebask negoziaziora eramateko edota, bere jarrera erreakzionarioarekin irmo jarraituko balu, sindikatuek martxan jarri duten Herri Ekimen Legegilea babestuta gutxieneko soldata EAEn arautzekoa, era horretan Confebasken betoa gaindituz.

Hori da hain zuzen Mitxel Lakuntzak eta GarbiƱe Aranburuk Pradales lehendakariari helaraziko dioten mezu nagusia. Gutxieneko soldata ezin da izan patronalak monopolizatu dezakeen tresna bat. Sindikatuen ordezkariek Lehendakariari Confebasken jarrera arbuiatu, Lanbidearteko Akordio bat negoziatu dezan eskatu eta horren arabera Jaurlaritzak patronalari ematen dion babes politiko zalantzan jarri eta gutxieneko soldata EAEn arautu ahal izateko martxan den Herri Ekimen Legegilearen alde instituzioen babesa azal dezala eskatuko diote. Lehendakaria Confebaskekin biltzean argi utzi beharko lioke ez diola soldata politika monopolizatzen utziko eta negoziatzeari uko eginez gero gutxieneko soldata legez ezartzeko asmoa duela.

Azken urteetan enpresariek inoizko irabazi handienak pilatu dituzte eta, hala ere, ez dute EAEk sortzen duen aberastasunaren antzeko herrialdeen gutxieneko soldatarik nahi, irabazi horiek langileen muturreko esplotazioaren kontura pilatu nahi dituztenaren seinale.

Lehendakariak herritarren interesak zaindu nahi baditu, gutxieneko soldata jasoko lukeen Lanbidearteko Akordio baten alde zein Herri Ekimen Legegilearen alde egin beharko luke. Apirilaren 2an sindikatuak hori adieraztera joango dira Lehendakaritzara.