2026-09-18
HomeEkintza SindikalaLABek administrazioan euskararen egoera gaztelerarenaren pare jartzeko exijitu du Enplegu Publikoaren Legea...

LABek administrazioan euskararen egoera gaztelerarenaren pare jartzeko exijitu du Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko Eusko Legebiltzarraren batzordean 

LABeko ordezkariek agerraldia egin dute gaur Esko Legebiltzarrean Enplegu Publikoaren Legea aldaketa aztertzeko osatutako batzordean. Administrazioaren euskalduntzearen egoeraz eta horren aurkako oldarraldi judizialaz egiten duen azterketa aurkeztu du sindikatuak, eta administrazioa euskalduntzeko paradigman jauzi egin beharra aldarrikatu du. Batzordeak eskatuta agerraldi bana egin dute Euskotreneko LABeko sail sindikalak, batetik, eta LABeko nazio ordezkariek, bestetik.

Agerraldiotan administrazioa euskalduntzeko paradigma eraldatu beharra aldarrikatu dute. Orain arteko ikuspegi nagusia izan da administrazioa erabat gaztelera hiztuna dela, eta euskarari arreta zerbitzuetan bere txokoa eskaintzearekin nahikoa dela. Ikuspegi horrek gidatu du administrazioaren azken hamarkadatako euskalduntze prozesua. Zalantzarik gabe, asko da norabide horretan aurreratutakoa, nagusiki eragile eta herritar euskaltzaleen bultzadaz, baina aipatu ikuspegia eraldatu ezean inboluzioaren arriskua dagoela ohartarazi du LABek agerraldiotan.

Inboluzioaren sustatzaile nagusietakoa, une honetan, azken urteetan areagotu den oldarraldi judiziala dela salatu du LABek. Irizpide zeharo arbitrarioetan oinarrituta, epaileak euskararen aldeko aurrerapauso berriak desproportzionatuak eta diskriminatzaileak direla ebazten ari dira. Horrela, dozenaka dira epaileen aginduz bertan behera geratu diren lan-deialdi publikoak eta erabaki instituzionalak. Hori guztia kolokan jartzen ari da administrazioaren euskalduntzea, eta ez soilik epaietan auzipetu diren lan-deialdi zehatz horiek. Hurrengo lan-deialdiak edo euskararen aldeko bestelako edozein neurrik epaitegietan buka dezakeen beldurrez, administrazio askotan atzerakada larriak egiten hasiak dira.

Oldarraldiari erantzuteko eta administrazioaren euskalduntzean jauzi egiteko, eraldaketa sakona aldarrikatu du LABek Eusko Legebiltzarrean. Hasteko, legea aldatuz, segurtasun juridikoa eskaintzeko prozesu horri. Bestetik, bi hizkuntzak ofizialak diren heinean, euskara gazteleraren maila berean kokatzeko, administrazio osoko lanpostu guztiei hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasun-data ezartzea exijitu du. Hori egiaztatzeko denbora tarte bat beharko duten langileentzat geroratze-indize bat egotea onartzen du LABek, eta euskaldundu daitezen baliabide gehiago eta liberazioak eskatu ditu, beste hainbat neurriren artean. Hau da, orain dagoen ikuspegia irauliz, administrazio osoa euskalduna izango da eta hortik behera baloratuko dira salbuespenak eta luzapenak.

LABek babestu duen paradigma horrek EH Bilduk aurkeztu duenarekin bat egiten duenez, sindikatuak positiboki baloratu dugu haren proposamena. Aldiz, EAJk proposatu duen egungo derrigortasun-indizearen desagerpena oso kezkagarritzat jo du. Izan ere, balizko aldaketa horrek ez du ezer konponduko eta ez du ziurtasun juridikorik emango. Alderantziz, derrigorrezko erreferentzia kuantifikagarririk gabe, epaitegien eta arduradun instituzional batzuen arbitrariotasuna handiagoa izango dela salatu du LABek. 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Voestalpine Railway Systems JEZ-en langile baten diziplinazko kaleratzea salatzen dugu eta beldurra kudeaketa-tresna gisa erabiltzeaz ohartarazten dugu

Sindikatuaren ustez, erabakia justifikaziorik gabea eta neurriz kanpokoa da, eta ohartarazi du horrelako erabakiek presio giroa eta segurtasunik eza sortzen dutela langileen artean.

Ekialdebuseko lankide batek jasandako erasoa salatzen dugu

Ez da halako zerbait gertatzen den aldia, eta segurtasun arazoa salatu du Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko autobus zerbitzuko LABek. Oraingoan E05 linean gertatu da, Errenteriako Beraungo anbulatorioaren parean.

Osasun Departamentuaren aurrekontuaren igoera osasun arreta hobetzeko erabil dadila exijitzen dugu

Nafarroako Gobernuak osasun arloko aurrekontua % 10 handituko duela iragarri du, eta horrek agerian uzten du premia ekonomiko larria dagoela Osasunbideak eta, oro har, osasun sistema publikoak dituzten arazoak konpontzeko. Gero eta handiagoa den eskariari erantzutea, itxaron-zerrendak arintzea eta Oinarrizko Osasun Laguntzaren egoera gero eta kezkagarriagoari aurre egitea, horiexek dira aurrekontuaren igoera hori justifikatuko luketen erronkak. Eta “justifikatuko luketen” diogu; izan ere, gure sindikatuan askotan kritikatu dugu aurrekontua erabili dela sistemari adabakiak jartzeko, behar diren neurriak ezartzera bideratu beharrean.