2026-04-05
Blog Page 558

Bizkaiko metalgintzako Berdintasun-Batzordea sortzeko deia egin dugu

0

Otsailaren 28an argitaratu zen Bizkaiko Metalgintzako Hitzarmena, denbora luzez zain egon eta gero. Horren ondorioz, bertan jasotakoak praktikara eramateko momentua da, erantzukizunez eta langileekin hartutako konpromisoak betetzeko ardurarekin. Ardura horien artean, Herrialdeko Berdintasun Batzordea sortzea dago. Honen zereginen artean dago soldata arrakalarekin bukatzeko urratsak ematea, sektorean emakumeen kontratazioa bultzatzea edota enpresei beraien berdintasun-planetan beharrezko laguntza eta aholkularitza eskaintzea.

LABek Bizkaiko Metalgintzako Hitzarmen sinatu zuenean bertan jasotakoa betetzeko konpromisoarekin izan zen; ezinbestekoa delako berdintasunean urratsak ematea jendarte eredua aldatuko badugu. Beraz, Batzordea sortu, teknikari bat kontratatu eta sektoreko herrialdeko diagnostiko erreal bat egitea izango dira Patronalari exijituko dizkiogunak, hitzarmenak jaso bezala.

Batzorde hori emakumez osatuta egon beharko litzatekeela ere aldarrikatzen dugu, berdintasun ezaren ondorioak jasotzen ditugun heinean, gu geu baikara ekarpen aberatsena egin diezaiokegunak Batzorde horri; funtzio eta edukiak garatuz, beharrak mahai gaineratuz, eta iruzur saiakerak identifikatuz, beharko balitz.

Batzordearen lehen bilera martxoan bertan egin behar dela esan dugu eta data ezberdinak proposatu ditugu. Badakigu, Batzorde hori ondo eratuta egoteko bilera bat baino gehiago beharko direla eta ez dugu egoera hori denborak larregi luzatzen uzteko asmorik. Izan ere, 6 hilabete ditugu sektoreko diagnostikoa aurkezteko.

Beste barik, eta sektoreko emakume guztiei bidea egitera goazela argi utziz, LABek Bizkaiko metalgintzako emakumeon ondoan borrokan jarraitzeko konpromiso irmoa berretsi du gaurkoan.

 

 

 

Hezkuntza lege berria, inposaketa zaharrak

0
Bere burua aurrerakoitzat duen Madrilgo Gobernuak LOMLOE Hezkuntza Lege proiektu berriari bide eman dio. Kolore morea eta progresista eman nahi izan diote baina barniz horren azpian enbor bereko ezpala besterik ez dago.

Herri bezala hezkuntzan ditugun erronka bat bera ere ez du konponduko hezkuntza lege honek. Euskarararen ezagutza unibertsala edo euskal kulturaren transmisioa ezinezko egiteko pentsatua dagoen hezkuntza sistema inposatu eta zentralistak bere horretan jarraitzen du. Hizkuntza ereduek bere horretan jarraituko dute, euskararen ezagutza unibertsala, oinarrizko eskubidea dena, lortzeko beharrezkoa den murgiltze ereduaren hedapena ez da aipatu ere egiten; kontrara, ikasleek euskara ezagutzea ezinezko egiten duten ereduen sistema mantendu eta betikotzea nahi du legeak. Era berean, euskal kulturaren transmisioa bermatzeko beharrezkoa den Euskal Currilumari ateak ireki ordez, Espainiar Curriculuma inposatzen jarraitzen du estatuak: Madrilek erababakiko ditu edukien %55, Madrilek erabakiko ditu zein diren ikasgaiak, gure herria zapaltzen duen estatuak jarraituko du gure herriko ikasleek zer eta nola ikasi behar duten erabakitzen, selektibitatea bezalako azterketa zentralizatzaile, antipedagogiko eta atzerakoiak mantenduz.

Zentroen autonomia, parte hartzea, inklusioa, segregazioa gainditzea, hezkidetza… bezalako hitzak aipatzen ditu legeak, ia lege guztiek aipatzen duten bezala. Baina aipamenetik haratago zein neurri erreal proposatzen du legeak? Ezer gutxi. Baina oso urruti gelditzen da Euskal Herriko Hezkuntza Komunitateak behin eta berriz egiten dituen aldarrikapenetatik. Neurri zehatzak, baliabide ekonomiko, pertsonal eta formakuntzakoak beharrezkoak dira helburuak lortzeko.

LAB sindikatua ez dago Madrilera begira, oraingoan ere Madriletik ez delako konponbiderik etorriko. Espainiako Gobernuari gauza bat eta bakarra eskatzen diogu: utzi Euskal Herriko hezkuntza bakean, utzi zuen hezkuntza sistema gure herrian inposatzeari, guk gure hezkuntza sistema nolakoa izatea argi baitugu. Erabakitzeko eskubidea exigitzen dugu, eta Hego Euskal Herrirako hezkuntzaren eskumen osoa exijitzen dugu.

Hezkuntza sistema espainol-frantses, hetero-patriarkal, kapitalistak eta kolonialak eragin zuzena du gure herrian: desnazionalizazioa, balore patriarkal eta atzerakoien hedapena, sistema publikoaren pribatizazio basatia. Erroko aldaketa bat behar du hezkuntzak gure herrian.

Hezkuntza Lege Burujabe eta Nazionala eskatzen dugu: euskarararen ezagutza unibertsala bermatuko duen murgiltze eredua, Euskal Kulturaren transmisiorako Euskal Curriculuma, 0-3 ziklotik doakotasuna eta ekitatea eta aukera berdintasuna bermatu eta segregazioa gainditzeko neurri ausartak, hezkidetza bermatzeko Skolae bezalako programa feministak; eskola komunitatearen parte hartzean eta baliabideetan oinarritua pedagogia aktiboak eta ebaluazio hezitzailea; hezkuntza laikoa; finantzazioa, formazioa, jangela osasuntsuak eta hezitzaileak eta eskolan ematen den aniztasunari erantzungo dioten neurri inklusibo eta errealak. Eta, nola ez, lan baldintza duinak oso estuki lotuta daude kalitatezko hezkuntzarekin: langileen egonkortasuna, ratioen jaitsiera, soldata eta baldintzen ekiparazioa ezinbestekoak dira behar dugun hezkuntza lortzeko.

Espainiatik datorren lege proiektu honek ez du gure hezkuntzak behar duen arazoetako bat bera ere konponduko. Horregatik, LABek gaur ere deia egiten du Euskal Herrian behar duen hezkuntza sistema burujabe eta nazionalaren aldeko hezkuntza akordioa lortzeko. Espainia eta Frantziako Hezkuntza sistemetara begiratu beharrean, munduan aurreratuak diren sistemetatik ikasiz, Euskal Eskola Publiko Komunitariora iruten jarrai dezagun.
 

 

 

Metalurgicas Iruña-k 10 enplegu suntsitu ditu, bere plantilla osoa kaleratu baitu iraungitze espediente bat erabilita

0

TRW Landaben, KYBSE edo Magnesitas bezalako enpresetan zerbitzua ematen zuen 10 langileko enpresa bat zen Metalurgicas Iruña. Baina gerentziaren eta beste arduradunen azken urteetako kudeaketa txarraren ondorioz enpresak egoera konplikatuak bizi izan ditu, zeinetan irtenbidea beti langileen poltsikoa ukitzetik pasatu baita. 2019ko ekainean, enpresako zuzendaritzak hitzarmenaren inaplikazioa egin zuen soldatak izoztuz. Inaplikazio horretan, enpresaburuek langileen lanpostuak bermatzeko konpromisoa hartu zuten; baina gaur gaurkoz badakigu ez zutela berau betetzeko inolako asmorik.

Irailean soldata berandu jaso zuten langileek eta urritik aurrera ez dute deus kobratu. Egoera hartan mobilizazioen bideari ekin zioten, ekimen desberdinak aurrera eramanez, hala nola, azaro bukaeran egindako lau eguneko greba. Mobilizazioek iraun bitartean langileek, LABeko delegatu bakarraren bitartez, enpresarekin negoziazio bideak irekiak izan dituzte. Langileen helburua argia zen, egoera hau irauli eta denon etorkizuna bermatzea. Enpresak aldiz, uko egin dio negoziazio bide horri eta bere autoritarismo eta prepotentziaren erakusle nagusiak izan dira datuak ezkutatzea eta langileak etengabe mehatxatzea.

LAB-ek pentsatzen du langileen kaleratzea eta enpresaren itxiera oso larria dela. Baina aldi berean, uste dugu, ezinbestekoa dela langileek beraien lanpostuen defentsan egindako borroka balioan jartzea. Honekin batera, gure ustez, Nafar ehun industriala babesteko neurriak hartzea ezinbestekoa da eta horretan instituzioek duten erantzunkizuna nabarmendu behar dugu. LAB-ek langileen lanpostuen defentsan irmoki jarraituko du, eta bide horretan mobilizazio eta borrokarako deia egiten du.
 

 

 

Hego Euskal Herrian gelditu egin da langabeziaren beheranzko joera

Langabezia eta prekarietatearen datuek argi erakusten dute premiazkoa dela lan erreformak indargabetzea, baita gaur egungo langabezia babesteko sistema eskas hau hobetzea ere. Gaur egun, bere estaldura-maila hiru emakume langabetutik batekoa da eta hamar langabetutik laukoa.

Enplegu zerbitzu publikoetako bulegoetan erregistratutako langabeziaren datuak 151.214 langabetu kokatu ditu Hego Euskal Herrian langabeen kopuru ofizialean, hau da, aurreko hiletik %0,2ko jaitsiera izan du eta iazko otsailean baino %1,6 langabe gutxiago zenbatu ditu.

Azken hilabeteetako bilakaera ikusita azken urteetako susperraldi ekonomikoaren ondorioz erregistraturiko langabeziaren murrizketa erabat gelditu denaren inpresioa ematen du.

Egoera kezkagarriagoa da egun ekonomiaren moteltze prozesuak okerrera egiteko arriskua duela kontutan hartzen badugu; batez ere, kontuan hartzen badugu gure langabezia tasa oso maila altuetan dagoela, zehazki %11,3ean.
Europar Batasunean langabezia tasa handiagoa duten bi Estatu kide baino ez daude: Estatu Espainiarra (%13,7) eta Grezia (%16,5).

Azpimarratzekoa da Nafarroaren kasua. Izan ere, langabeziaren bilakaera negatiboa izan da, baita gazteen eta emakumeen kasuan ere. Otsaila amaieran hilabete bat lehenago zeuden baino 308 gazte langabe gehiago zeuden eta duela urtebete baino 487 gehiago.

Azken hilabetean Hego Euskal Herrian 156 emakume langabe gehiago kontabilizatu dira, eta dagoeneko langabezian dauden biztanleen % 57 dira emakumeak.

Bestalde, garrantzitsua da gogoratzea lan-erreformaren ostean, lan-merkatuaren funtzionamenduak bere joera zaharretan eta kultura prekarioan harrapatuta jarraitzen duela: sinatutako kontratuen hamarretik bederatzi aldi baterakoak dira, enplegu-ezegonkortasuna EBko handienetakoa da eta eskulanaren txandaketa inoiz baino handiagoa.
 

 

 

Asteasuko Siemens Gamesan txandaka lanean ari diren langileek lehen greba eguna dute gaur

0

Siemens Gamesa Asteasuko erreleboetako langileak greban gaude hitzarmen duin bat eta enplegu bermea lortu arte! Lehenengo egun honetan grebaren jarraipena 100% izan da.

Asteasuko Siemens-Gamesako enpresa-batzordearen oharra:

2019ko urtarrilean enpresarekin hitzarmen berria negoziatzen hastean, bi helburu garbi zituen Asteasuko lantegiko enpresa-batzordea: enplegu bermea eta hitzarmena, hau da, orain arte enpresak sortu dituen langile kolektiboen diskriminazioa eta soldata arrakala txikitzeko bidean hastea.

Enpresak ordea, enpleguaren bermea hitzarmenarekin loturik izan behar duela jakinarazi digu. Ez hori bakarrik, hitzarmena baldintzatu nahi izan du enpresako langile batzuen lan baldintzen kontura.

Horregatik, enpresaren proposamenean pisu txikiena zuen kolektiboa deitu genuen asanbladara; txandaka lanean ari direnak edo errelebistak. Asanbladan honako proposamena egin zen, gaur, martxoak 3, eta ostegunean, martxoak 5ean, greba egunak izatea. Eta enpresarekin adostasunik lortu ezean, martxoak 9tik aurrera greba mugagabean hastea. Asanbladaren emaitzak oso argiak izan ziren. 79 baiezko, 32 ezezko eta 3 zuri.

Ondorioz, Siemens Gamesa Asteasuko erreleboetako langileak greban gaude hitzarmen duin bat eta enplegu bermea lortu arte!
Lehenengo egun honetan grebaren jarraipena 100% izan da.
 

 

 

Sei greba egunetako lehena, bihar, Tolosako Voith Paper-en

0
Bihar, martxoaren 4an, iragarritako sei greba egunetako lehena egingo dute Tolosako Voith Paper-en. Mobilizazioa egingo dute 07:00etatik 10:00etara enpresa atarian, Tolosako Apatta poligono industrialean.

Voith-eko enpresa-komitearen oharra:

Aurreko astean Voith Paper S.A-ko komiteak greba egunak iragarri zituen martxoaren 4, 11, 17, 18, 25 eta 26rako. Bihar Voith Paper S.A-ko langileak lehen greba eguna izango dute, iragarrita dauden 6 greba egunetako lehena.

Negoziaketa luze doa eta enpresaren jarrera salagarria izan da lehen momentutik, planteamendu ezberdinak eta aldakorrak eginez bilera bakoitzean ezer konkretatu gabe. Azken deialdi batean EEE bat jarri zuen mahai gainean eta denok ulertzen dugu presio moduan egin dutela.

Enpresaren aldetik, txantaiak eta presioak jasaten ari dira langileak eta komiteko kideak negoziazio iraun duen denbora guztian, eta ez dugu onartuko horrela jarraitzea. Langileak eskatzen dutena soldaten arrakalekin bukatzea, gehien eta gutxien irabazten duen tartea handitzen ez jarraitzea, langile guztiak errespetatuko dituen hitzarmen bat eta denentzat izango dena. Ezin dugu jarraitu enpresak ezarri nahi duen eredu enpresarialarekin, non langileen lan baldintzak prekarizatu nahi dituen.

Mobilizazioa egingo dugu martxoak 4, asteazkena, lehen greba egunean, Voith Paper S.A. enpresaren aurrean, Tolosako Apatta poligono industrialean, goizeko 7,00etatik 10,00etara eta gure aldarrikapenak defendatuko ditugu!
Enpresaren esku dago benetako negoziazio batean hasi edo ta mobilizazioei aurre egin!
 

 

 

“Langileok bakarrik gaude, hildakoen atzean dagoena ez da ezagutu ere egin nahi”

Ekitaldia egin dugu Gasteizen goizean, Martxoaren 3ko plazan, 1976ko martxoaren 3an izandako langileen aurkako sarraskiaren 44. urteurrenean. Aurtengoan, lanean hildakoak gogoan izan ditugu, odolusteak etenik ez duela nabarmenduta: urte hasieratik, gutxienez 14 dira Euskal Herrian hildako langileak eta beste 2 desagertuta daude Zaldibarreko zabortegiaren luizian otsailaren 6tik.

Laneko ezbeharrak ugalduz joan dira urterik urte. Azken 10 urteotan, Euskal Herrian 648 langile hil dira lanean; 2020 urtean, gutxienez 14 langile bizitza galdu dute lanean, hauetatik 4 Araban. Zaldibarko bi langilek desagertuak jarraitzen 27 egun jada. Odolusteak ez du etenik.

Hain zuzen ere, Gasteizen egindako ekitaldian laneko indarkeriaren arazo larriari jarri diogu fokoa. "Hildako langileen zenbakiek zer pentsatu eman beharko lukete. Hala ere, gaia daukan gordintasunean azaleratzeko ez dago interesik Hego Euskal Herriko gobernuen aldetik. Ez da honen guztiaren atzean dagoen patronalaren buruzko irakurketa politikorik egin nahi. Botere politiko zein instituzionala behin da berriz lerrokatzen dira patronalarekin beraien prekarizazio politikak bultzatuz eta babestuz", adierazi dugu.

Prekarietatea, enpleguaren kalitate eskasa eta prebentzio neurri egokiak ez hartzea lan istripu eta gaixotasunen oinarrian dauden egiturazko arrazoiak direla nabarmendu dugu: azpikontratazioa, aldi baterakotasunak, kontratu partzialak, lan erritmo biziak, formakuntzarik eza… Larriena dena da, honen atzean dagoen zio bakarra, enpresen diru gosea dela, lan kosteak murriztu eta irabazi tasak mantentzeko sakontzen da prekarietatean, eta ez dira prebentzio neurriak hartzen. Batzuk gehiago irabazten jarraitzeko, gero eta gehiago dira egunero egunero, berain bizitza arriskuan jartzera behartuak baita hiltzen diren langileak. "Istripu ia guztiak oinarrizko segurtasun neurri batzuekin ekidin zitezkeela azpimarratu nahi dugu. Prekarietate egoera gordinetan gertatutakoak izan dira eta horrelako kasuek agerian uzten dute prebentzio arloan atzera goazela prekarietatearen ondorioz. Hau oso larria da, hildako hauek ekidin zitezkeen", ohartarazi dugu.

Ekitaldian azpimarratutakoaren arabera, "lan egiteagatik ehunkada hildako egotea eskandalu bat da. Confebaskek ez du arazo honi buruz ezer jakin nahi. Euskal erakundeen ahotik ere ez dugu prekarizazio politikaren salaketarik entzun, babesa baino, ezta familia eta lankideekiko egiazko elkartasun mezurik ere. Langileok bakarrik gaude, hildako horien atzean dagoena ez da ezagutu ere egin nahi".

Irtenbidea
Hau guztiaren aurrean, zein da irtenbidea. LABek argi auka:

-Enplegu duina eta kalitatezkoa sortzea lehentasunezkoa izan behar da gobernuen ekintzan. Osasuna bermatuko duen enplegua sortzeko eta prekarietatea ezabatzeko enplegu politikak aldarrikatzen ditugu.

-Lan osasun politikak errotik aldatzeka. Hori eskatzen diegu gobernu guztiei, horretarako behar diren baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak handituz.

-Enpresen gaineko kontrola, ikuskaritza eta zehapen eredugarriak areagotzea.

-Lanbide-gaixotasunei beharrezkoa duten zentraltasuna ematea lan osasun politiketan. Erregistro bat sortzea eskatzen dugu.

Nola lortu?

-Langileen sentsibilizazioa, formakuntza eta parte hartzea landuz.

-Tresna eraginkorrenak diren mobilizazioa eta ekintza sindikala areagotuz, patronala eta erakundeak interpelatzeko eta presionatzeko: enpresako langileak antolatu, mobilizatu eta ahalik eta erantzun irmoena ematea, lanuzteak, elkarretaratzeak…

Arratsaldean, omenaldia eta manifestazioa
Arratsaldez, LABek omenaldia eta manifestazioa egingo ditu Gasteizen, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuekin eta Martxoaren 3ko elkartearekin batera. “Hiltzen jarraitzen gaituzue. Bizitza duina. Martxoak 3, euskal langileok ez dugu barkatuko, ez atzo ez gaur” omenaldia egingo dugu 18:30ean, Martxoaren 3ko plazan, eta, 19:00etan, manifestazioa, leku beretik aterata.

 

 

 

Florence Lasserre-David diputatu macronistaren bulegoa okupatu dugu Angelun, bizitza eta erretreta duinen alde

Florence Lasserre-David diputatu macronistaren Angeluko bulegoa okupatu dugu goizean, erretreten erreforma dekretua salatzeko. LABeko zenbait militantek egin dute okupazioa, eta Frantziako Gobernuaren neurrien aurkako haserrea adierazi dute. 24 orduz bertan egotea genuen aurreikusita, baina, poliziak arratsaldeko lehen orduan kanporatzeko emandako aginduari muzin egin badiogu ere, azkenean, arratsalde erdian okupazioari amaiera ipintzera behartu gaituzte; hori bai, gure aldarriak ozen zabaldu ondoren.

Ipar Euskal Herrian mobilizazio indartsuak izan ondoren, erretreten erreforma posible egingo duen 49.3 artikuluaren alde egin du Florence Lasserre diputatuak. Horregatik okupatu dugu Angelun duen bulegoa, bizitza eta erretreta duinen alde.  

 

 

 

Larrialdietakoa ez den osasun garraioko anbulantzien egoerak arriskuan jartzen ditu herritarrak, koronabirusagatiko krisiaren aurrean

0
Zerbitzu honek dituen arazo larri eta premiazkoak konpontzea exijitzen dugu, ez soilik Bizkaiko itunpeko anbulantzietan, osasun garraioaren sektore osoan baizik.

Bizkaiko osasun garraio programatuko prebentzio delegatuen oharra:

Duela hilabeteetatik Bizkaiko zerbitzu programatuko anbulantziak (larrialdietakoa ez den osasun garraioa) jasaten ari diren egoera prekarioak arrisku egoerek gora egitea ekartzen du, langileei, gaixoei eta orohar, herritarrei dagokienez.
Ibilgailuak oso egoera negargarrian daude: egoera txarrean dauden gurpilak, egoera txarrean dauden sarbideak, zikinkeria, berogailurik eza, osasun bidaiari-lekuan keak sartzea, etab. Kezkagarria den bitarteko eta ekipo falta dago: maskarak, laneko arropa, etab.

Ibilgailuak desinfektatzeko bitartekoak ez dira nahikoak, eta arriskutsuak dira langileontzat eta hauek egin behar izaten dituzte lan hauek, prestakuntza eta babes egokirik gabe.
Langileei ez zaie informazio egoki ez nahikorik eman koronabirusaren arazoaren aurrean.

Bizkaiko larrialdietakoa ez den osasun garraioko zerbitzuak kontsulta eta tratamenduetara eramaten ditu gaixoak, eta ospitaleko altez ere arduratzen da. Larrialdietako Osasun Garraiko Sareko larrialdietako anbulantziak laguntzen ere artizen da.

Guzti horrengatik, delegatuek salatu egiten dute AMBUIBERICA, zerbitzuaren ardura duen enpresak, arduragabekeriaz jokatzen duela. Bere irabaziek soilik kezkatzen dute. Salatzekoa iruditzen zaie baita Eusko Jaurlaritzaren erantzukizun falta, hain oinarrizkoa den zerbitzu honen azken erantzulea, ez baitu betetzen berau gutxieneko baldintza egokietan ematearen betebeharra.

Zerbitzu honek dituen arazo larri eta premiazkoak konpontzea exijitzen dugu, ez soilik Bizkaiko itunpeko anbulantzietan, osasun garraioaren sektore osoan baizik.

Gainera, dei egiten du zerbitzu hau enpresa pribatuei esleitzeari uztera. Hauek irabazi ekonomikoak baino ez dituzte buruan. Zerbitzu hau administrazio publikoak kudeatu beharko luke, herritarrok behar eta merezi dugun kalitatezko zerbitzua izan dezagun.