2026-01-31
Blog Page 545

Zaldibarko zabortegira bisita egingo dugu datorren astelehenean

0

LAB eta ELA sindikatuok Zaldibarko zabortegi barrura bisita egingo dugu datorren astelehenean. Lanen berri jaso eta bertan ari diren langileen egoera ikuskatuko dugu bertatik bertara. Langile eta herritarrei egoera lotsagarri bezain kezkagarri honen aurrean mobilizatzen jarraitzeko deia egiten diegu.

Bisita honen helburu nagusiak honakoak dira:

• Luizia gertatu zenetik hona egindako lanen berri jasotzea.
• Egun lanean ari diren langileen egoera ikuskatzea, beren lan osasuna bermatua dagoela ziurtatzeko.
• Desagertuta dauden bi langileen, Joaquín eta Albertoren, bilaketa lanen berri izatea.
• Eta zabortegiaren egungo egoerak inguruko herrietan duen eraginaren berri zuzena jasotzea.

Bi sindikatuok eskariz egingo da bisita. Ez gutxi kostata, bertaratu ahal izateko oztopo eta zailtasunak jarri baitizkigu Jaurlaritzak. Osalani zein Jaurlaritzari zabortegiko lanak ikuskatzeko sindikatu biek egindako eskaeraren aurrean, Ingurumen Sailak bisita debekatu zigun lehenik. Baina legez bisita egiteko eskubidea dugula ikusita (Zaldibarren lan nagusia egiten ari den Moyua enpresan gehiengo osoa dugu bion artean), gure eskaerari baiezkoa eman diote azkenean.

Bide beretik, salatu nahi dugu ere prozesu honetan Jaurlaritzak ez duela sindikatuokin inolako harremanik ireki, are gehiago, egin ditugun informazio eskaera guztiak ukatu dizkigu. Eta Jaurlaritzaren azken mugimendua izan da, erabat anormala den egoera zuritu nahian, normaltasun irudi bat emate aldera, CCOO eta UGT ere bisita berera gonbidatzea.

LAB eta ELAk, gure lehentasunei eusten diegu: Joaquín eta Alberto handik lehenbailehen ateratzea eta bertan lanean ari diren langileen lan osasuna bermatzea.

Horregatik, astelehenean 12etan han izango gara eta zabortegitik ateratzean bisitan ikusitakoaren berri emango dugu. Horrela, adierazpenak emango ditugu komunikabideen aurrean 13:00etan, zabortegiaren sarrera nagusian, Ibarrerreka poligono industrialean. 
 

 

 

Zaldibar inguruko Postako langileen kezka eta haserrea

0

Gipuzkoako Postako sindikatuok (LAB, CCOO, ESK, UGT eta ELA) Zaldibarreko zabortegiaren inguruko herrietako Postako langileen egoeraren berri eman nahi dugu, eta bereziki, banaketan ari diren langileenaren berri, egunean lauzpabost ordu pasatzen baitituzte kalean lanean.

Langileek salatu nahi dute enpresak erakutsitako arduragabekeria, ez duelako inolako neurririk ez jarduera protokolo espezifikorik hartu. Langileak eztarri, begi, azal eta ahoko hazkureak jasaten ari dira, buruko minak, urdaileko mina, metal zaporea arnasa hartzerakoan eta antzerakoak.

Airearen kalitatearen azterketaren ondoren eta dioxina eta furano maila altuak jasotzen dituzten emaitzak lortu ondoren, gutxienez deigarria iruditzen zaigu eman diren osasunerako aholku apurrak afektatuetako batzuk soilik jarraituak izateko modukoak izatea.

Futbol partida bat eta ihauteriak bertan behera uztearen moduko neurriak hartu dira, aholkatu da kalean jarduera fisikorik ez egitea, leihoak itxita edukitzea eta umeak barruan izatea. Oso zaila da aipatu neurriok euren lagunaren zati handiena kalean pasa behar duten langileek bete ahal izatea, eta honek, babesgabetasun egoeran uzten ditu.

Tamalgarria da enpresaren erantzun bakarra autoritateek emandako informazio ofiziala bidaltzea izatea, “ez da beharrezkoa neurri bereziak hartzea”, langileok bizi dugun egoeraren inguruko interes gehiagorik izan barik.
 

 

 

Sindikatuak presoen eskubideen defentsan mobilizatu gara berriro Bilbon

Hilabeteko hirugarren ostiralero bezala, LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuok hileroko elkarretaratzea egin dugu Bilbon, “Konponbide garaia da. Orain presoak” lemarekin, presoen eskubideen defentsan. Espainiako ordezkaritzaren aurrean bildu gara, presoen aferari konponbidea jar diezaioten exijitzeko.
 

 

 

Amaitu da La Auxiliar Navaleko greba

0

Otsailaren 19an greba mugagabeari ekin zioten langileek, euren eskubideen eta etorkizunaren defentsan. Egoera jasanezina zen eta aukera bakarra izan zen makinak itzali eta kalera ateratzea, borrokara. Egun batzutako mobilizazio eta borrokaren ondoren, enpresak behartuta ikusi du bere burua jarrera inmobilista eta pasiboa birplanteatzera. Atzo eguerdian bilera egin zen enpresaren zuzendaritza eta greba batzordearen artean eta aurreakordioa lortu zen, aurretik langileen asanbladan onartu ondoren.

Akordioan honako konpromiso hauek hartu ditu enpresak, langileek igorritako oharraren arabera:

1. 10 egunetako epean, langileoi zor dizkigun nomina atzeratu guztiak ordaintzera.

2. Enpresak eta langileon ordezkariek osatutako batzorde mistoa sortzea. Aldiro elkartuko da eta honako funtzioak izango ditu: enpresaren egoeraren jarraipen eta kontrola egitea eta mekanismoak sortu eta neurriak jartzea iraganeko egoeretara bueltatzea ebitatatzeko.

3. Aldi baterako Enplegu Erregulazio Espedientean dauden langileak, modu progresiboan itzul daitezela euren lanpostuetara, aipatu neurria geldiaraziz.

Guzti horrengatik, La Auxiliar Navaleko langileok bertan behera uzten dugu otsailaren 19an hasi genuen greba, argi utzita enpresak adostutako ezer beteko ez balu edo iraganeko jarrera eta praktika okerrak baliatuko balitu, erantzun bateratu eta antolatua emango diogula langileok.

Amaitzeko, gure borroka zabaltzen lagundu eta babestu gaituzten guztiei eskerrak ematea. Bi ondorio ateratzen ditugu guzti honetatik. Lehenik, egoerari eta jabeari modu bateratuan aurre egin eta antolatzeko beharra. Eta bigarrenik, borrokak merezi duela.
 

 

 

Soldata arrakalari aurre egiteko ekimenen berri eman dugu Gasteizen, gizon eta emakumeen soldata berdintasunaren aldeko egunaren etorrerarekin

GGizon eta emakumeen soldata berdintasunaren aldeko eguna da otsailaren 22a. Bezperan, mintegia egin dugu Gasteizko Aldabe Gizarte Etxean, 100 pertsona ingururen presentziarekin. Hala, soldata-arrakalari aurre egiteko neurriak eta honetarako martxan jarriko ditugun ekimenen berri eman dugu bertan. Hain zuzen ere, lan guztiak modu kolektiboan eta ekitatiboan aitortzeko, berrantolatzeko eta banatzeko beharraz aritu gara; zaintza lanak, tartean. Bestalde, Cordovillan, Nafarroako Industria Elkartera eraman dugu soldata arrakalaren salaketa.

Asteartean agerraldi bat egin genuen, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu eta Idazkaritza Feministako idazkari Elixabete Etxeberriaren eskutik, LABek soldata arrakalaren arazo politikoa gainditzeko proposatutako neurrien berri emateko. Horren inguruan aritu gara Gasteizen egindako mintegian.

Nafarroan, berriz, soldata arrakalaren salaketa ere egin dugu ostiralaren etorrerarekin, gizon eta emakumeen soldata berdintasunaren aldeko egunaren bezperan. Hain justu, Cordovillan protesta egin dugu garbiketen sektorean ematen den diskriminazioa agerian uzteko. Nafarroako Industria Elkartean (AIN) bildu gara, garbiketa hitzarmena negoziatzen duen patronal baten egoitza parean.



 

 

 

Langileak zoriondu nahi ditugu Bizkaiko kirol-lokal eta zelaien aurreakordioaren sinaduragatik

0

Bi urtetako borroka eredugarriaren ondoren, Bizkaiko kirol-lokal eta zelaietako langileek aurreakordioaren sinadura lortu dute. Honek, modu funtsezkoan hobetzen ditu sektoreko egoera larrienetako batzuk, azken helburuak ahaztu gabe.

LABek sektoreko langile guztiak zoriondu nahi ditu egin duten lanagatik, honek ekarri duelako horren premia zuen sektore bat esnatzea. Oraingoan ere argi geratu da berriro borrokatzeak merezi duela.

Lorpenen artean, soldata-igoera nabarmendu dezakegu. Hau KPIaren araberakoa izango da 2018 eta 2019rako, eta KPI gehi %0,75ekoa 2020, 2021 eta 2022rako. Lanaldia murriztea ere lortu da, urtean 50 ordutan (1.660 ordutakoa izango da 2022an). Gainera, lortu da 2021ean gutxieneko soldata 1.200 eurotakoa izatea, 16 pagatan.

Era berean, gora egin du jai-egunetako plusak. Horrela, 15 eurotakoa izango da 2020an, 18koa 2021ean eta 20koa 2022an. Gainera, gaukotasuna lehen ordutik aurrera ordainduko da, borondatezkoa izango da Eguberri eta Urte Berri egunetan lan egitea, aintzinakotasuna hobetu da, urtean 12 ordu lortu dira klaseak prestatzeko, eszedentzien aukera 10 urtetatik 12 urtetara pasatuko da, laneko erropan hobekuntzak lortu dira eta garrantzitsuena dena, bakanteak estaltzeko sistema objektiboa.
Edozelan, borroka ez da bukatu, lortzeke geratu direlako kategorien definizioa, ratioak zehaztea, baldintzen pleguak, 35 ordutako lan-astea eta orduen kontsolidazioa.



 

 

 

Santiago ospitalearen ate nagusira eraman dugu irregulartasun ekonomikoen salaketa

0

LABek fiskaltzaren aurrean Gasteizko Santiago ospitalean topatu zituen irregulartasun ekonomikoak salatu zituenetik 3 hilabete pasatu dira eta oraindik, Arabako ESIko zuzendaritzak ez du azalpenik eman bertan gertatutakoaz. Murga kontseilariak berak txosten bat egingo zutela agindu zuen arren, LABek oraindik ez du horren berririk izan. Hala, Araba ESIko zuzendaritzaren jarrera salatzeko eta 200.000 euro horiek non dauden argi dezaten eskatzeko, Santiago ospitaleko ate nagusian kontzentrazioa egin dugu.
 

 

 

Laminaciones Arreguiko langileek mobilizazioa egin dute Lakuan, Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa eskatuz

0

Laminaciones Arreguiko langileek mobilizazioekin jarraitzen dute, enplegua eta etorkizunaren alde. Pasa den otsailaren 6an lanuzteak hasi ondoren, pasa den astean eta honetan ere lanuzteekin jarraitu dute, Zuzendaritzak baztertu egin duelako Batzordearen azken proposamena kaleratzeak ekiditeko. Horregatik, gaur dei egin diote Eusko Jaurlaritzari Arabako lantegietan enplegua eta etorkizuna bermatze aldera.

Enpresaren negoziazioak amaitutzat eman ondoren, langileek lanuzteak eta mobilizazioak abiatu zituzten pasa den otsailaren 6an, enpresak iragarritako 9 langileen iragarpenaren eta Laminaciones Arreguiko Gasteiz eta Urbinako lantokiekiko konpromiso faltaren aurrean. Lanuzteek produkzio langileen %99aren jarraipena izan zuten eta Batzordeak proposamen berria egin zuen kaleratzeak ekiditeko proposamen berri batekin, bertan enpresak nahi zituen ondorio berdinak lortzen zituen proposamen alternatiboak jaso zituzten. Enpresak ez zuen proposamena entzun ere egin nahi izan.

Azken egunotan jarraitu egin dute lanuzteek eta gaur bertan, langileek bi ordutako lanuztea egin dute eta kontzentrazioa egin dute Lakuan, Eusko Jaurlaritzaren aurrean. Era berean, Enpresa- Batzordeak bilera formala eskatu du Industria Sailarekin. Honi lotuta, dei egin diote Eusko Jaurlaritzari inplika dadin, Laminaciones Arreguin enplegua bermatze aldera eta era berean, konpromisoa har dezan lantegietako jarduera berma dadin.

Honetaz gain, gaur arratsaldean, osteguneroko mobilizazioa berreskuratuko dute langileek, 19:00etan abiatuko dena Bilbao Plazatik, 2012ko gatazkan urteetan zehar errepikatu zutena.

Horregatik, berriro ere dei egiten diogu zuzendaritzari azken 8 urteotan zehar eraman dituen mehatxu eta alde-bakarreko bidea bertan behera uzteko, ez Celsa taldeari ez langileei inolako irabazirik ekarri ez diena. Ordua da Gasteiz eta Urbinako lantegietako jardueraren eta enpleguaren etorkizuna Araban finkatuko duen planaren aldeko apustua egiteko.

Horrela bada, Laminaciones Arreguiko langileek mobilizatzen jarraitzen dute enpleguaren eta benetako industria planaren alde.
 

 

 

Nafarroako Jauregiaren aurrean mobilizatu gara, Hezkuntza Itunaren defentsan

0

Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Ituna sinatu genuen sindikatuok jakinarazi nahi diegu irakasleei, eta oro har gizarteari, Nafarroako Gobernuak ez duela asmorik Itunean jasotako neurriak osoki betetzeko.

Aferaren berri ofiziala izan genuenetik, joan den urtarrilaren 15ean, bilerak izan ditugu Hezkuntzako Kontseilari jaunarekin eta Parlamentuko talde guztiekin, gure kezka azaltzeko.
Hezkuntza Ituna negoziatu genuenean, biziki kostatu zitzaigun zenbait neurriren egutegia adostea, Administrazioak ez baitzuen konpromisorik hartu nahi, finantzatzerik eta epean betetzerik ez bazegoen. Horregatik neurri gutxik dute osorik egikaritzeko epe zehatza.

Sindikatuok deitoratzen dugu Hezkuntza Departamentuak itundutakoa errespetatzeko duen beharra ez betetzea, ez baitute sartu 2020ko aurrekontuetan diru-zuzkidura aski sinatutakoa aurrera eramateko.

Gainera, aurrekontuen proiektuak ez dio Hezkuntzari nahiko baliabide ematen, hezkuntzako inbertsioa %17tik %16ra jaisten baita aurrekontu orokorrean. Bestalde, gogo gutxi erakusten du Gobernu Itunak ezarri duen Barne Produktu Gordinaren %5 Hezkuntzan inbertitzeko helburuari heltzeko.

Hezkuntza Departamentuak Ituna bete eta garatu behar duelakoan gaude, hori baitzen adostu zena, eta hezkuntza arloko konpromisoek ez dituzte jasan behar gobernu aldaketek sortzen dituzten gorabeherak. Bidenabar, Gobernua osatzeko Legealdi Akordian jasoa dago, eta Kontseilari jaunak berak eta Parlamentuko alderdi guztiek adierazi diote ituna betetzeari haien sostengua.

Egoera honen aurrean, zentzuzkoa eta beharrezkoa da neurri hauek diruz hornitzea 2020ko aurrekontuetan (57 urtekoen ordutegi murrizketa eta ordu gehiago ematea ikastetxeei zuzendaritza lanengatik galtzen diren orduak konpentsatzeko). Bide batez, egutegia behar da, garatu gabe dauden Ituneko beste neurri garrantzitsuen ezarpena gauzatzeko.

Hezkuntza Ituna sinatu dugun sindikatuok jo eta ke ibiliko gara lanean sinatutakoa betetzea erdietsi arte. Afera ez bada lehenago konpontzen, hurrengo otsailaren 27an, ostegunean, mobiliziazio bat eginen dugu eta bertan parte hartzeko gonbitea luzatzen diegu irakasleei eta jendarte osoari, egun horretan Parlamentuak Nafarroako 2020ko aurrekontuak onetsiko dituelako.