2026-01-30
Blog Page 544

Haurreskolak Partzuergoko kudeaketako langileen akordioa kolokan utzi du Eusko Jaurlaritzak

0

Kudeaketako langileen arloko aurreakordioa akordio bihurtzera bidean, falta zen hainbat dokumentazio aurkezteko eskatuz, urtarrilaren 16rako deituta zegoen mahai negoziatzailea bertan behera utzi zuen Eusko Jaurlaritzako ordezkari Eugenio Jimenezek. Momentu horretan, Haurreskolen kolektiboarekiko duten utzikeria eta negoziaziorako gaitasun eza salatu genuen eta hainbat gai kolokan jarriko zituztela jakinarazi genuen.

Langile publikoentzako urtarrilaren 1eko atzeraeraginez %2ko soldata igoera gauzatzeko eta otsaileko nominan jaso ahal izateko, ezinbestekoa da mahai negoziatzailetik pasatzea. Horrela, gai ordenean puntu hau besterik ez zuen mahai negoziatzailea genuen deitua hilaren 26rako.

Deialdia jaso bezain pronto, LAB sindikatuak eskaera bideratu zion Haurreskolak Partzuergoko gerenteari negoziatzeko ditugun beste gai batzuk gai-ordenean txertatzeko eskatuz, besteak beste, LAB sindikatuak deituta zuen kudeaketako langileen grebarekin bukatzeko aurreakordioa aurrera eramateko negoziazioa.

Pasa den ostiralean eta inolako arrazoirik eman gabe, asteazken honetarako aurreikusita zegoen mahai negoziatzailea bertan behera utzi zuten.

Gauzak horrela, LAB gero eta arduratuago dago Haurreskolak Partzuergoan gertatzen ari den egoera eta noraezarekin. 2020 urte hasieran, kudeaketako aurreakordioa eta kolektibo osorako hobekuntza garrantzitsuetako negoziazioari amaiera fase batean sartuta geundenean eta Zorione Etxezarraga den gerente berriaren izendapenarekin batera, negoziazioa bera eten egin da. Laster 2 hilabete izango dira azken mahai negoziatzailea izan zenetik eta guretzat ulertezina den blokeo honen aurrera, LAB sindikatuak berriro ere exijitzen du ahalik eta lasterren negoziazioarekin jarraitzea.
 

 

 

“Hiltzen jarraitzen gaituzue. Euskal langileok ez dugu barkatuko; ez atzo ez gaur, bizitza duina” leloa izango du martxoaren 3ko mobilizazioak

Hainbat sindikatuk agerraldia egin dugu Gasteizen, Martxoaren 3an egingo diren ekimenekin bat egiteko. Hain zuzen ere, LAB, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuok Martxoaren 3 elkartearekin batera egin dugu prentsaurrekoa, martxoaren 3an, 18:00etan, izen bereko plazan egingo den omenaldira eta ondoren, 19:00etan, izango den manifestaziora atxikitzeko.

1976ko martxoaren 3an, bost langile erahil zituzten eskubide sozial eta laboralak aldarrikatzeagatik eta prekarietatea salatzeagatik. Gaur, 2020. urtean, dagoeneko 13 langile hil dira Hego Euskal Herrian eta 2 desagertuta daude. Hala, agerraldian nabarmendu dugu mobilizatzeko arrazoiek bere horretan jarraitzen dutela. Hala, martxoaren 3ko ekimenak "Hiltzen jarraitzen gaituzue. Euskal langileok ez dugu barkatuko; ez atzo ez gaur, bizitza duina" lelopean izango dira. 
 

 

 

Lan heriotzen aurrean pauso bat aurrera emateko ordua da; arduradunak seinalatzea eta ordain dezatela exijitzen dugu

Joan den astean Gasteizen izandako lan heriotza salatzeko mobilizazioaren atarian jaso dugu berria: beste langile bat hil da Araban; Murgako Zorroza Gestion de Residuos enpresan, hain zuzen ere. 14 langile hil dira aurten Euskal Herrian, eta 2 daude desagertuta. Odolusteak ez du etenik, eta erakundeek beste alde batera begiratzen jarraitzen dute.

Gaur, otsailak 25, langile baten heriotzaz hitz egin behar dugu berriz. Istripua atzo jazo zen arratsaldeko 17:30ak aldera Murgako Zorroza Gestion de Residuos enpresan. Behargina 4 metroko altueratik erozi zen lanean ari zen bitartean, Gurutzetako ospitalera eman zuten, baina zaurien ondorioz gaur hil da.

LAB sindikatutik, lehenik eta behin, langilearen senitarteko, lagun eta lankideei gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu.

Salatu beharra dugu, 2020. urtean, istripu hilgarriak ikaragarri handitzen ari direla, lan egiteagatik 14 langile hil dira Euskal Herrian, hauetatik 4 Araban. Honetaz gain, ezin ahaztu Zaldibarren bi langilek 19 egunez desagertuta jarraitzen dutela.
Langile honen heriotzaren arrazoiak ikertzea eskatzen dugu, baita ere lan baldintzak, lan erritmoak eta abar.

Langileon lan baldintzak gero eta prekariagoak dira, patronalak bere irabaziak langileen osasun eta bizitzaren aurretik jartzen dituelako. Administrazioak, Lan Ikuskaritzak eta Fiskaltzak ezin dute ezikusiarena egiten jarraitu. Pausu bat aurrera emateko ordua da, arduradunak seinalatzea eta ordain dezatela exigitzen dugu. Langabeziaren jaitsieraz hitz egiten duen bitartean, prekarietatea erabiliz langileak hiltzen jarraitzen dute.

Lan istripuak ez dira kasualitatez ematen. Erantzuleak dituzte, eta horrela izanik, instituzioei eta gainontzeko eragilei lanean ematen ari diren istripuak ekiditeko beharrezkoak diren politika errealak martxan jar dizaten eskatzen diegu.

LABen lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde. Horregatik, dei egiten diogu langile klaseari azken istripua salatzeko deituko diren mobilizazioetan parte hartzera.

Bihar, 12:00etan, euskal gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratzea egingo dugu Murgako Zorroza Gestion de Residuos enpresaren aurrean.

 

 

 

Bizkaiko Metalgintzako grebalarien aurkako errepresioa salatu dugu Bilbon, epaitegien aurrean

0

Bizkaiko Metalgintzako borrokan aritutako grebalarien aurkako jazarpenak ez du etenik. Greba egunetan atxilotutako langile batek epaitegian deklaratu behar izan du Bilbon, eta langile honi babesa emateko elkarretaratzea egin dugu sindikatuok. Lan eskubideak defendatzea delitua ez dela aldarrikatu dugu.


 
LABeko Industria arloko ordezkari Iratxe Azkuek adierazpenak egin ditu epaitegi aurrean. Hauxe da bere hitzartzea:

Gaur 120 pertsona inguru mobilizatu gara Bilboko epaitegien aurrean, Bizkaiko metalgintzako grebetan parte hartu zuen langile batek bertan deklaratu behar izan duelako. Guztira 13 langile daude inputatuta Bizkaiko metalgintzako greben ondorioz eta aparte, isun ugari bota dituztela, hauetariko asko, Mozal legearen ezarpenaren ondorioz.

Azken grebetatik hilabeteak pasa direnean, inputazio berriak iristen jarraitzen dute. Salatu nahi dugu inputazio eta zigor ekonomiko hauen ostean erabaki politikoak daudela, interes argia dagoelako grebarako eskubidea eta Euskal Herriko langileen borroka kriminalizatzeko. Inputazio hauek ez dira kasualak.

Langileen eskubideak aldarrikatu eta defendatzea ez da inoiz delitua izango. Era berean, salatu nahi dugu ez dugula ikusi epaitegietan Bizkaiko metalgintzan grebarako eskubidea urratu zuten enpresaririk, eta egon badaude. Badaudelako langile kaleratuak, badaudelako greba eginez gero kaleratuak izatearen mehatxuak jaso dituzten langileak. Egunero langileen eskubideak urratzen dituzten enpresariak ere ez ditugu epaitegietan ikusi. Lan eta bizitza duinaren alde borrokan egitea erabakitzen duten langileak soilik ikusten ditugu epaitegietan.

Gaur deklaratu duen langilea ekainaren 28ko manifestazioan atxilotu zuten. Mobilizazio honetan basatia izan zen poliziaren errepresioa. Izan ere, sindikatu guztiok oharra kaleratu genuen arratsalde horretan bertan Ertzaintzak izandako jarrera salatuz, hala ere, inputatutako pertsona bakarra eta epaitegietara etorri behar izan duena langile bat da.

Neurri hauek guztiek ez gaituzte geratuko. Badakigu hauen atzean zer ezkutatzen den. Langileak kikildu nahi dituzte eta borroka kriminalizatu.

LABek borrokan jarraituko du enpresetan, sektoreetan eta orohar Euskal Herrian langile guztiok lan eta bizi duinak izan ditzagun.
 

 

 

Biltzar Arteko Batzarra egingo dugu Gasteizen; borroka sindikala, feminismoa, ekosozialismoa, burujabetza eta lan osasuna ardatz

0


Biltzar Arteko Batzarra egingo dugu Gasteizen, martxoaren 26an, eta inoiz baino indartsuago iritsiko gara hitzordura, ideiak oso garbi edukita. Sindikatuak egiten duen lehen Biltzar Arteko Batzarra izango da, eta, bertan, 2017an egindako 9. Biltzar Nagusitik honako balantzea eta aurrera begirako erronkak landuko ditugu. Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Antolaketa idazkari Izaskun Garciak agerraldia egin dute, martxoko hitzorduaren eta sindikatuaren egungo egoeraren berri emateko. "Garai berri honek behar duen sindikatu eraldatzailea izan behar ginela nabarmendu genuen Biltzar Nagusian; bada, bide onetik goazela ikusten dugu, LABen proiektuarekiko atxikimendu geroz eta zabalagoa delako langileen artean", adierazi dute.  


Gasteizko Europa Jauregian martxoaren 26an egingo dugun Biltzar Arteko Batzarrean, 9. Biltzar Nagusian hartutako erabakiak berretsiko ditugu. Garbiñe Aranburuk datorren Biltzarrera begira egin nahi dugun bidea azaldu du:

-Borroka sindikal berriak sustatu: ofentsibara egindako Greba Orokor batetik gatoz, eta horrek indarra ematen ditugu borroka sindikal berriak irekitzeko prekarietatearen aurka eta soldata eta bizi baldintza duinen alde.

-Sindikalismo feminista bateranzko trantsizioarekin jarraitu: sindikatu feministatzat dugu gure burua eta praktika feminista bateranzko bidea egiten ari gara: horretarako, formakuntza oso garrantzitsua da. Formakuntza Eskola Feministaren bitartez ematen jarraituko dugu.

Egungo sistema zorretan dago emakumeekin, zor patriarkala delakoa. Zaintza lanak emakumeek sostengatzen dituzte, eta horregatik eskatzen dugu aitortza politiko eta soziala eta lan guztien banaketa.

Lana sexuaren arabera banatzen dela kontutan hartuta, emakumeek egiten dituzten lanak okerrago ordainduak daude, eta lan baldintza kaskarrenak dituzte. Hau dela eta, soldata arrakalaren kontrako borrokak lehentasuna du.

-Ekosozialismora urratsak eman: larrialdi klimatikoaren errealitateak lekua izan behar du gure esku hartze sindikalean. Lan talde bat osatu dugu hurrengo Biltzar Nagusira erabaki berriekin eta proposamen berriekin iristeko.

-Programa Sozioekonomikoa osatu eta aurkeztu: programa honetan sindikatuaren proposamenak jasotzen dira, Euskal Herriaren eraldaketa soziala lortzeko bidean. Zaintza lanen afera nola bideratu, sektore publikoaren paperak zein izan behar duen, zein garapen eredu defendatzen dugun, langileek behar duten Estatutua, pentsio eta Gizarte Segurantzako proposamena…

Ekonomia feminista apurtzailearen eta ekosozialismoaren oinarriak barneratzen ari gara programa honetan. Programak egungo ekoizpen eta kontsumo eredua zalantzan jartzen du, eta bizitzaren sostengarritasuna erdian jartzen du.

-Herri burujabetzaren bidea defendatu: joan den otsailaren 5ean, Bilbon, CIG, ELA eta CSC sindikatuekin batera aurkeztutako agenda soziala eta erabakitzeko eskubidearen ildoan

Proposamenak ditugu, baina botere politikoa behar dugu horiek guztiak garatzeko. Estatuan ireki den fase politiko berriarren aurrean, egungo Gobernuaren eta EAJren apustua egungo erregimena mantentzea dela ikusten ari gara, aldaketa handirik egin gabe.

Bide autonomista bat da euren apustua, eta, azken urteetan ikusi den bezala, horrek ez du Estatuaren krisia konpontzen. Estatutua 40 urtez bete gabe egon ondoren, ezin da garaipen bezala hartu transferentziak akordatu izana, are eta gutxiago garrantzitsuena, Gizarte Segurantzaren kudeaketa (eta ez erabatekoa), ez dagoenean bermatua.

-Klase subjektuaren berrosaketaren aldeko apustua: Gure hurrengo erronka gure ekintza sindikalarekin iristeko aukera ez dugun prekarizatutako sektoreetan eskaintza sindikal bat egitea da (ustezko autonomoak, ordezkaritza sindikala izateko eskubiderik ez dutenak, ekonomia murgilduan lan egiten dutenak…).

-Lan osasunaren defentsa: zoritxarrez, lan egitera joateak gaixo egotera edo hiltzera eramaten gaitu. Errealitate odoltsu honen aurrean, erantzun bateratua ari gara ematen gehiengo sindikalarekin batera.

Sindikatu bezala, aldiz, ekintza sindikalean jarri nahi dugu fokoa prebentzio neurri egokiak exijitzeko, gaixotasun profesionalak eta lan istripuak saihesteko bidean. Aldaketak ari gara ezartzen gure antolakuntza ereduan gai honi hobeto erantzuteko.
 

 

 

Xabier Ugartemendia: “Arduratuta gentozen Zaldibarrera eta are eta arduratuagoak goaz hemendik”

Zaldibarko zabortegira bisita egin dugu, lanen berri jaso eta bertan ari diren langileen egoera bertatik bertara ikuskatzeko, otsailaren 6az geroztik lur azpian desagertuta dauden Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran gogoan. Sartu aurretik, asteotan bizitzen ari den egoera lotsagarri bezain kezkagarria salatu dugu. Bisita ondoren, LABeko Ekintza Sindikaleko idazkari Xabier Ugartemendiak hartu du hitza: "Enpresa pribatuen esku ari da geratzen kudeaketa guztia eta honekin batera ikusi duguna da bertan lanean ari diren langileen egoera larritzeko modukoa dela, nola ari diren lanean".

Xabier Ugartemendia, ezkerrean, LABeko ordezkari Lurdes Eraso eta Mikel del Valleren ondoan.

Xabier Ugartemendiaren esanetan, "bi langilek 17 egun daramatzate lurperatuta eta ez dugu euren inolako berririk. Esan beharra dugu Eusko Jaurlaritza, berriro ere, ahaztu egin dela langileekin. Ikusi ditugu 2 langile desagertuta, ikusi ditugu 200 langile baino gehiago autopista irekitzen lehenengo egunean, inolako neurririk gabe, eta, gaur, arduratuta gentozen Zaldibarreko zabortegiaren bisita egitera eta are arduratuagoak goaz hemendik".

LAB sindikatuko ordezkariaren hitzetan, "Jaurlaritzak honen kudeaketa ere pribatizatu egin du. Ingurumen zuzendaria gurekin igo da, baina berehala desagertu da eta enpresa pribatu baten esku geratu dira gaurko azalpen guztiak. Honen kudeaketa ere pribatizatzen ari dira. Enpresa pribatuen esku ari da geratzen kudeaketa guztia eta honekin batera ikusi duguna da bertan lanean ari diren langileen egoera larritzeko modukoa dela, nola ari diren lanean".

Xabier Ugartemendiaren arabera, "uste dugu Jaurlaritza euretaz ere ahaztu egin dela. Zalantzan jartzen ditugu hartutako prebentzio neurriak, eta, gure ustez, lanean ari direnen osasuna ez dago bermatuta".

Bestalde, ostegunean, otsailak 27, mobilizaziora deitu dugu euskal gehiengo sindikaletik, Hego Euskal Herrian aurten hil diren 12 langileak eta Zaldibarren desagertuta dauden Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran gogoratzeko. Prekarietateak hil egiten duela salatuko dugu bertan. Ermua eta Eibar arteko biribilgunean izango da mobilizazioa, 18:30ean.
 

 

 

Kristau Eskolak berriro eten du Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako lan hitzarmenaren negoziazioa

LABek mobilizazioa egin du Donostian, Kristau Eskolak berriro eten duelako EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako lan hitzarmenaren negoziazioa.


 
Gizarte Ekimeneko langileok 29 greba egun egin ostean eta ELA, Steilas eta CCOO azaroan grebak bertan behera uzteko akordioa sinatu ostean, 2019ko azarotik mahai negoziatzaile bat baino gehiago izan ditugu. Mahai horietan, negoziazio prozesuan zehar gertatu den bezala , patronalen jarrera oso itxia izan da eta negoziaziorako aukerarik ez dizkigute eman.

Azkenengo mahai negoziatzaileak horren adibide garbiena izan dira. Lanbide Heziketa eta birkokapenaren inguruko mahaietara Patronalak esku hutsik etorri dira eta ardura Jaurlaritzarengan jarri dute eurena gainetik kendu nahian.

Gainera, patronalek aldebakarrez eta beste data proposamenik gabe, adostuta genituen mahai negoziatzaile guztiak bertan behera utzi zituzten. Negoziazio guztia bertan behera uzteko erabili duten aitzakiak, gure ustez ez du justifikatzen negoziazio prozesu osoa etenda uztea, oso pisu gutxiko argudioak direlako, eta horrela adierazi genien.

LAB sindikatuak testuinguru honetan mobilizazioaren beharra ikusten du, badelako garaia behingoagatik patronalek beraien hitza bete eta benetako negoziazioei eta egutegi adostuari heltzeko zintzotasunez. Ildo honetan, negoziazio mahaian dauden beste sindikatuei mobilizazioarekin bat egiteko deia egin diegu baina momentuz ez dugu erantzunik jaso.

Hori horrela izanik, eta langileen aurrean arduraz jokatzea dagokigulako, hurrengo otsailaren 24an goizeko 11:30ean Kristau Eskolaren egoitza nagusiaren aurrean (Santesteban musikaria kalea, Donostia) negoziazioa eta lan hitzarmenaren beharra aldarrikatzeko mobilizazio bat egingo dugu.
 

 

 

Gure eskubideekin ez da jolasten! Etxeko langileak borrokan!

"Trabajadoras no domesticadas, Hitzarmena orain trabajadoras de hogar en lucha" kolektiboak eta LAB sindikatua elkarrekin sortu dugu bideo hau, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendari Elena Perez Barredok ETB2ko "360 grados" programan egindako adierazpenei erantzuteko. Gure eskubideekin ez da jolasten! Etxeko langileak borrokan!



 

 

 

Berretsi egiten dugu Gizarte Segurantzako euskal sistema publiko bat eraikitzeko apustua

Gizarte segurantzaren transferentziarako eztabaidak ez dira gertakari historikoa, estatutuaren ez betetzearen kronika bat baino.

EAJk duela gutxi esan du historikoa dela Madril, 40 urte geroago, Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoaren transferentziaz hitz egiteko prest egotea. Gaur egun arte, Espainiako Gobernuak uko egin dio transferentzia hau betetzeari, baina EAJrentzat ere ez da lehentasun bat izan.

Pentsiodunen mugimenduaren eta euskal gehiengo sindikalaren mobilizazioek agenda politikoan kokatu dute pentsodunen egoera, baita pentsio duinak bermatzeko beharra; 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, tartean. Horregatik, ulertzen dugu ez dela kasualitatea transferentzia hau mahai gainean egotea. Hala ere, atzo adostutakoaren arabera, titularretan gaude, ez inolako lorpenen aurrean.

Atzo adostutakoa 2021eko ekaina arte hasiko ez litzatekeen azterketa baten gauzatzea da. Gainera, akordioaren aurretik iragarri dute lehenago, Toledoko Itunean, pentsio sistemaren inguruan neurri berriak hartuko dituztela.

Dakigunez, Toledoko Itunetik pentsio erreformak besterik ez dira irten, Toledoko Itunaren izaeraren arabera, pentsiodunak direlako sistema bideragarri egin behar dutenak. Gaur egun, euskal pentsiodunen erdiak 1.000 euro azpiko pentsioa jasotzen du. Ez da kontutan hartzen gero eta prekarioagoa den enplegua dela sistema okertzen ari dena.

Gizarte Segurantzaren transferentzia oso tresna garrantzitsua da, euskal herritarren bizi kalitatean eragin zuzena duelako. Horregatik, EAJri esaten diogu ez dezala espektatiba faltsurik saldu eta euskal jendarteari azaldu diezaiola zer dauden prest proposatzeko Madrilgo Gobernuari. Euskal jendarteak jakin behar du ea EAJren agendan dagoen gutxieneko pentsioaren inguruan erabaki ahal izatea, jubilazio adina, pentsio erreformen indargabetzea eta gizon eta emakumeen arteko pentsio arrakalarekin amaitzea, besteak beste. Hori da euskal jendarteak jakin nahi duena, eta ez atzo Madrilekin abiatutako elkarrizketek ea bukaerarik gabeko kulebroi berri bat den, inolako eraginik izan gabe euskal langileen etorkizuneko baldintzetan.

LABek berretsi egiten du gizarte segurantzako euskal sistema publiko bat eraikitzeko apustua.