2026-05-05
Blog Page 530

Osakidetzako langileen eta osasun-sistemaren muturreko egoera salatu dugu Lehen Arretako zentroen aurrean

0

Mobilizazio eguna izan da Osasungintzan, LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok deituta. Hain zuzen ere, Lehen Arretako zentroen aurrean elkarretaratzeak egin ditugu, osasun langileen muturreko egoera salatzeko eta osasun-sistemaren arazo larrienetarako konponbideak eskatzeko.

Hauxe da sindikatuok (LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO, UGT eta ESK) argitaratutako ohar bateratua, gaurko mobilizazioak direla eta:

LEHEN ARRETAKO EGOERA JASANEZINA DA

Lehen Arretako langileak, SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, elkarretaratze jendetsuak egin dituzte osasun zentroetan berehalako konponbideak eskatzeko. Datorren ostiralean, hilak 25, Osakidetzako Ospitaleen eta Osasun Mentaleko Sarearen txanda izango da.

Gaur, Osakidetzako langileek mobilizazio-dinamika berri bati ekin diote, beren eguneroko lanean bizi duten muturreko egoera salatzeko, eta Osasun Sailari, osasun-sistema publikoak dituen arazo larrietarako berehalako eta sakoneko konponbideak eskatzeko.

Azpimarratu nahi dugu egungo arazoak ez direla arazo berriak. Urrunetik datozen arazoak ditugu aurrean, azken urteetako murrizketa-politiken ondoriozkoak, eta behin eta berriz salatu izan ditugunak Osasun Sailaren eta Osakidetzaren aurrean. Gaur egungo osasun-krisiak agerian utzi du Osakidetzan dagoen giza baliabide eta baliabide materialen eskasia.

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, Lehen Arretako ehunka profesional bildu dira ESI guztietako (13) osasun-zentroen atarian, pairatzen duten kolapsoa eta gainkarga sistematikoa agerian uzteko eta salatzeko: lan-kargak onartezinak dira; profesionalak ez dira ordezten; arreta jasotzeko itxaronaldia gero eta handiagoa da; behin-behinekotasun tasa altuak daude; inbertsio falta dago osasungintzan, bereziki Lehen Arretan; etabar luze bat.

Gaur egun, inork ez du zalantzan jartzen Lehen Arreta kolapsoaren ertzean dagoela eta profesional akituak dituela. Hala ere, esan bezala, ez gaude arazo berri baten aurrean, osasun-zentroek lan-gainkarga izaten baitute urte osoan zehar. Egoera horren ondorio izan ziren iaz deitutako hiru greba-egunak. Osakidetzak, ordea, horri aurre egiteko neurriak hartu beharrean, arreta-adabakiak jartzen jardun du. Adabaki horiek lortu duten gauza bakarra izan da profesionalak gehiago kargatzea eta herritarrei eskaintzen zaien arreta-kalitatea gero eta gehiago okertzea.

Aurten ere, aurreko urteetan bezela, arazoa larriagotu egin da udaren etorrerarekin. Hala, beste uda batez, Lehen Arreta bat dugu, udari hamarreneko plantillarekin aurre egin behar diona (oso urria da egunerokoan ere), ordezkapen edota estaldurarik ez dagoelako; langile batzuk akituta daude gainkarga sistematikoagatik; beharrezko errefortzurik gabe, egunerokotasunean ezinbestekoak badira, are gehiago bizi dugun egoera honetan; eta, horrela, etabar luze bat.

Aurten, gainera, profesionalek jasaten duten ohiko gainkargari koronabirusaren kontroletik eta jarraipenetik eratorritako lan-karga gehitzen zaio, eta zeregin hori, zati handi batean, Lehen Arreta ari da bere gain hartzen. Eta, egoera horretan, Osakidetzak emandako konponbidea betikoa izan da: kategoria guztietan ordezkapenik ez izatea, Lehen Arreta ez indartzea, arreta-murrizketak, zentroak ixtea (Zumarragako edo Elgoibarko EAGak adibide gisa) ordutegiak murriztea, etab.

Osasun sailburu berriari berehalako neurriak eskatzen dizkiogu egungo osasun-krisiaren ondorioak arintzeko, bai eta Osakidetzak pairatzen dituen egiturazko arazoei sakoneko irtenbideak emateko ere. Eusko Jaurlaritza da gure osasun-sistemaren narriadura larrigarriaren eta langileen eskubide eta lan-baldintzen murrizketaren erantzule bakarra. Pausuak ematen ez badira, mobilizazio dinamika areagotuko dugu, bat ere baztertu gabe.

Gaur Lehen Arretaren txanda izan da. Hilaren 25ean ospitaleen eta Osasun Mentaleko Sarearen txanda izango da. Haiek ere egunerokotasunean pairatzen dituzte prekarietate baldintzak, eta goizeko 11etan ospitale guztietan kontzentrazioak eginez salatuko dugu hori.

Kalitatezko osasun publikoaren eta langileen eskubideen alde. Guztion osasuna dago jokoan.

WECeko gure ordezkaria berriro lanean hastea exijitzen dugu

0

Aguraingo enpresan gertatutako kaleratzea askatasun sindikalaren kontrako eraso bat da. Aldi baterako ezintasun luze baten ondoren, zeinetan delegatuak enpresaren egunerokotasunarekin lotuta jarraitu zuen, ahal zuen bilera guztietara joanez eta oraindik bere lanpostuan berriro hasi ez zenean, enpresak deitu zuen kaleratzea jakinarazteko ondoren gertatutako ezgaitasunagatik.

Gertatutakoaren jarraipena egin ondoren, LABetik kaleratze hau ulertzen dugu zuzendaritzarentzat deserosoa den langile bat paretik kentzeko ahalegin bezala, enpresaren bertsioa beti zalantzan jartzen zuena. Ematen diotena irensten ez duen pertsona bat. Agurainen dagoen Wind Energy Casting Iiko zuzendaritza egoeraz baliatu da lege eta prozedura oro urratuz langile borrokalari bat joko zelaitik kanporatzen saiatzeko. Bestela, nola uler daiteke alta medikoa jaso duen eta enpresaren beraren prebentzio zerbitzuek lanerako gaitzat jo duten langile bat argudio horrekin kalera daitekeela? Enpresak 7 hilabete izan ditu lanpostua egokitu edo beste bat emateko, egon badaudelako. Baina nahiago izan du egoeraz baliatzea, pandemiaren erdian eta enpresa ABLEEEan dagoenean, kaleratzea egiteko. Eta guztia, langile honek zaintzagatik murrizketa eskatu zuenean.

Ez da lehen aldia enpresa honek ezinezkoa egiten duela delegatuak jazartzeko, guztiak ordezkari moduan aukeratuak izan ondoren. Aipatu ordezkariak beharrezkoak dira istripu ugari izaten diren enpresa honetan. Gainera, enpresak xantaia eta beldurra erabiltzen ditu koakzio moduan negoziazioetan.

Horregatik, LABen ez gara geldi geratuko gehigikeria honen aurrean. Dei egiten dugu irailaren 23rako enpresa-batzordeak deitutako lanuztearekin bat egin eta 11:00etan enpresaren aurrean egingo den kontzentrazioan parte hartzera.


Gainera, mobilizazio gehiago egiteko prest gaude.

Enpresako langileei eta jendarteari orohar dei egiten diogu parte-hartze sindikalerako eskubideen urraketa hau salatzeko egingo diren protestetan.

Botere-hutsunea Pasaiako Portuko Agintaritzan

Garciandia jaunaren kargu uztea, oraingoz, azken kate-begia da, aurretik beste kargu-uzteak izan baitira portuko zuzendaritzaren taldean, hala nola, zuzendariak eta dibisioburu zenbaitek kargua utzi dute. Kargu uzte hauek presidentearekin izandako gatazka gordinaren emaitzak besterik ez dira.

Egoera tamalgarri honek azalera ekarri du kaialdearen etorkizunarekiko zalantza eta portuko lanetan inplikatutako sektoreen artean, hau da, portu hau beren produktuak bidali-jasotzeko erabiltzen duten enpresak, operadore logistikoak eta oroz gain badian lan egiten duten 1.500etik gorako langileen artean ziurgabetasuna hedatzen ari da indar handiz.

Nori axola dio benetan Pasaiako portuak? Galdetzen zuen bertako presidente kargugabetuak elkarrizketa batean. Galdera ona. Baina galdera honen ondotik ematen ari den isiltasuna kezkagarri suertatzen ari zaigu, batez ere instituzioen aldetik.


Portuko langileak eta hauekin batera portuan ordezkaritza handiena duen LAB sindikatuan ere kezkatuta gaude, oso. Denon lana, denon ogibidea ere baita portuaren aferarekin jokoan dagoena. Eta honekin batera, eskualde osoaren ekonomia garapenerako birikak hor daude.

Arrantza eta merkataritza jardueren mantentze eta etorkizunerako hauen garapenak ezinbestekoa behar du, gure ustean, inplikatutako instituzio eta erakundek planifikatu eta adostea portuaren etorkizuna, modu errealista, iraunkor eta inguruko herriak eta hauen populua kontuan hartuko duena. Proiektu bat non kontuan hartuko den dartsenaren ezinbesteko moldaketa manipulatzen diren merkantzien trafikoen aldaketak bultzatuta eta kontuan izanik trafiku hauen gainbera errealitate bat dela.

LAB sindikatuan denbora daramagu Pasaiako portuaren aldeko apostu argi bat eskatzen buruzagi politiko eta enpresariei. Argi dago konpromiso hori ez dela gauzatu inondik inora (ez langile plantilaren inbertsioan, ez inbertsio ekonomikoan) eta inbertsio falta honek ez du eragiten operadore logistikoen portuan inbertitzeko beharrezko pizgarri moduan.

Gasteizen osatu berri den gobernuari Pasaiako portua benetan ardura bazaio, honako proposamenak helarazi nahi dizkiogu:

• Gutxienez Bilboko portuan bezala, Pasaian ere azpiegiturak izan daitezen lehentasuna dutena mota guztietako baliabideak martxan jarriz (Madril ez da aitzakia, Bilbo ere esta- tuaren menpe baitago).

•Arkitektura instituzionala eta politikoa erabili alor komertziala eta arrantzakoarentzat Pa- saiako portuak duen garrantzia estrategikoa bermatzeko. Beste euskal portuekiko lehia gainditu industria baliabideak Baiona eta Santurtziko portuekin bateratuz. Hiria eta portua- ren artek lotura bateragarria egin beharrezkoak diren ingurumen jarraibideak ezarriz. Ho- rrela, Euskal Portu Sistema Publikoaren oinarriak jarriko dira non Euskal Herriaren eko- nomia lehenetsiko den, portuetan enplegu publikoa sustatuko den eta bertako langileen lan baldintzak hobetuko diren.

Pasaiko Portuko LABentzat hau da hartu beharreko norabidea, baino orain itsasontzi honetan bere ontzi-zubian ez dago helmuga argirik, eta ez kapitainarik ez ofizialtzarik ere.

Gure babes eta elkartasun osoa luzatzen diogu Uruguain gaurko deitutako greba orokorrari

PIT-CNT zentral sindikal historikoak ordezkatzen duen Uruguaiko mugimendu sindikal bateratuak gaurko irailaren 17rako greba orokor bat deitu du. Euskal Herritik, LAB sindikatuak, greba orokor deialdiari bere elkartasun eta babes osoa bidaltzen dio eta mugimendu sindikal bateratuaren aldarrikapenak bere egiten ditu.

Pandemia garaiak bizi ditugu; zalantza askotariko eta langile klasearen eta herri sektoreen lan eta bizi baldintza duinak arriskuan jartzen dituen krisi ekonomiko, sozial eta osasun krisi garaiak, hain zuzen ere. Kapitalaren aldetik gure eskubide laboral eta sozialen jasaten ari garen erasoa ikusita, pandemia hau osasun krisi bat baino askoz gehiago dela esan beharko genuke.

Nahiz eta milaka kilometroko distantzia fisikoak (ez emozionala) banatzen gaituen, bi herrialdeen arteko errealitate sozial eta politikoak uste duguna baino antzekotasun gehiago dute. Hemen ere pandemia garaietan sexu eta genero biolentzia areagotu egin da; hemen ere diktadura garaiko inpunitatearekin bukatuko duen memoria, justizia eta erreparazioa behar ditugu; hemen ere inolako diru-sarrerarik ez duten pertsonetatik hasita, pertsona guztien bizi baldintza duinak bermatuko dituzten politika sozialak behar ditugu; hemen ere kapitalaren interesaren zerbitzura beharrean, langile klasearen eta herri sektoreen interesen zerbitzura egongo diren politika ekonomikoak behar ditugu; hemen ere langileen lan baldintza duinak eta eskaintzen den zerbitzua duina bermatzen dituzten zerbitzu publikoak behar ditugu; eta noski Euskal Herriak Espainiako Estatuak euskal preso politikoen afera termino demokratikoetan konpontzea behar du, Euskal Herrian agertoki demokratiko bat eraikitzeko pausu bezala. Gaur egun euskal preso politikoak kartzeletan erailak izatea onartezina da.

Horregatik, LAB sindikatuak gaurko egunarekin Uruguaien egingo den greba orokor deialdiarekin bat egiten du. Mugimenduan dagoen Uruguai bat behar dugu, mugimenduan dauden herrialde eta nazioak behar ditugu, zailtasunen aurrean herrien askatasunarentzat eta justizia sozialerantz pausuak emango dituztenak.

Uruguai, Euskal Herriarekiko elkartasun tradizio bat duen herrialdea, distantziatik euskaldunok errealitate hurbil bat bezala sentitzen duguna eta azken finean herri lagun bat, beti gure borroketan presente egoten jarraituko du. Horregatik eta bukatzeko, gaurko greba eguna herrialdea beste norabide batean jartzen lagunduko duen Uruguaiko langile klasearen indar erakustaldi bat izatea espero dugu. Etorkizuna gurea da eta herriok egiten dugu.

Nafarroako Esku-hartze Sozialeko hitzarmenaren negoziazioen blokeoa salatu dugu eta lanuzteak eta mobilizazioak iragarri ditugu

Urriaren 29an lanuzteak eta mobilizazioak egitera deituko dituzte Nafarroako Esku-hartze Sozialeko enpresetako 2.000 langileak, baldin eta data hori baino lehen sektoreko patronalak eta Nafarroako Gobernuak ez badute aldatzen beren jarrera eta desblokeatzen hitzarmenaren negoziazioa. Halaxe iragarri du LAB sindikatuak gaur Iruñean eginiko prentsaurrekoan.

Esku-hartze Sozialeko zentro eta zerbitzu publikoetan arreta ematen zaie adingabeei, familiei, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei, egoera ahulean eta gizartetik baztertuta dauden pertsonei, migratzaileei, etxegabeei, langabeei, eta abarrei. Sindikatuko sektoreko arduradun Oihan Ataunek, hainbat ordezkarirekin batera, azaldu du Nafarroako Esku-hartze Sozialeko zerbitzuetako 2.000 langileek 10 urte baino gehiago daramatzatela beren soldatak, berez prekarioak zirenak, eguneratu gabe. “Urte hauetan KPIaren %12ko igoerak eta soldaten izozteak langile bakoitzari erosteko ahalmenean 15.000€ baino gehiago galtzea ekarri dio”.

“Odoluste ekonomiko horri aurre egiteko eta Esku-hartze Sozialaren sektoreari lan-erregulazioa emateko, ANEIS patronalarekin negoziazioak hasi genituen 2019ko apirilean, non Nafarroako Gobernua behatzaile gisa ageri baita”, kontatu du Ataunek. “Baina Gobernua negoziazio honetan jokatzen ari den papera negargarria da. Aurreko legegintzaldian hitzarmena finantzatzeko konpromisoa hartu bazuten ere, Maria Txibite buru duen gobernua uko egiten ari zaio aktiboki eta pasiboki. Alderdi sozialista izeneko alderdiak erraza zuen hau guztia modu egokian konpontzea, baina nahiago izan dute sektore honetako historiara pasatzea hitzarmenaren negoziazioa zapuztu nahi izan zutenak bezala. Baina ez dute lortuko”.

Ataunek patronalaren jarrera ere kritikatu du. “Patronala ez da motz gelditu, eta Gobernuaren gibelean ezkutatzen ari da bere erantzukizuna bere gain ez hartzeko, eta mahai gainean jartzen ditu sektoreko bertze inongo hitzarmenetan -ez probintziakoetan, ez estatukoan- ez dauden eskakizunak. Eta enpresa hauek dira urtetan diru publikoa milioi askoko mozkinen formatuan pribatizatu dutenak, zuzendariei soldata inolako eskrupulurik gabe igo dietenak, ondarea eta funts propioak pilatu dituztenak, plantillak egoera jasanezinean dituzten bitartean”.

LAB sindikatuak egiaztatu du “erabateko blokeoa” dagoela lehen hitzarmenaren negoziazioan, eta Gobernuak eta patronalak osatutako tandemaren “jarrera arduragabeari” egozten dio. “Horregatik, aurrerapauso bat emanen dugu lantokietan eta kaleetan, gure etorkizuna bermatzeko, gure eskaerei erantzuteko eta sektorea behingoz duintzeko. Hala, heldu den urriaren 29a baino lehen Gobernuak eta patronalak gure sektorea duintzeko borondaterik agertzen ez badute, egun horretan lanuzteak eta mobilizazioak hasiko ditugu”.

“Sektoreko langileak animatzen ditugu lan-baldintza duinen alde borrokatzera”, gaineratu du Ataunek. “Asko dugulako erreklamatzeko eta, batez ere, asko dugulako hobetzeko. Batasunarekin, baikortasunarekin, antolamenduarekin eta borrokarekin, zalantzarik gabe lortuko dugu.

Azkenik, Ataunek herritar guztiei dei egin nahi izan die mobilizazio horietan parte har dezaten eta babes ditzaten. “Gutako edonor, bere bizitzako uneren batean, gizarte-zerbitzu horien erabiltzaile izan daiteke, eta egoera horretan dagoen edonori ongi zainduta egotea gustatuko litzaioke, eta zaintzailea ere ongi zainduta egotea gustatuko litzaioke. Zoritxarrez, pribatizazioak, diru publikoa onura pribatu bihurtzeaz gain, zerbitzuen kalitatearen, lan baldintzen eta erabiltzaileen eta langileen duintasunaren aurka egiten du zuzenean”.

Sindikatuok Izan Bidea ekimenera batuko gara bihar, kartzela-politika berria exijitzeko

LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuok jakinarazi nahi dugu hileroko mobilizazioei berrekingo diegula bihar Bilbon, arrazoizko epe batean euskal preso guztiak jendarteratzea bilatuko duen kartzela politika berri baten alde.

Neurri hauek lehenbailehen martxan jartzea eskatzen dugu: euskal preso guztiak Euskal Herriko kartzeletara gerturatzea; gaixorik dauden presoak eta adinez nagusienak berehala kaleratzea; gradu aldaketa eta ohiko kartzela legerian aurreikusitako kartzela onurak eskura izatea inolako diskriminaziorik gabe eta salbuespen legeria oro gainditzea.

Aipatu neurriok premiazkoak dira eta ezin dira gehiago. berandutu, kartzeletako salbuespen-egoerak, oinarrizko eskubideak urratzeaz gain, bizikidetza demokratikoan aurrera egitea zailtzen du eta sufrimendu gehiago sortzen du. Igor Gonzalez Solaren heriotza horren erakusgarri garbia da: bi aldiz buruaz beste egiten saiatu zen presoa, zigorraren 3/4ak bete dituena, kalean egon beharko litzateke. Gertatutakoaren aurreko erreakzioak ezin dira mugatu dolua adieraztera, beharrezkoa da Espainiako Gobernuak berehalako neurriak hartzea hain muturrekoak izango diren egoerak ekiditeko.

Hauexek dira, hain zuzen ere, Izan Bidea deitutako dinamikaren aldarrikapenak, gizarteko eragile eta espazioak aktibatu nahi dituenak. Sindikatu deitzaileok bat egingo dugu aipatu dinamikarekin, aipatu lemarekin ezaugarrituko dugularik ostiral honetarako aurreikusitako mobilizazioa.

Gainera, aldarrikapen hauei bultzada berria emateko helburuarekin, biharko mobilizazioan, besteak beste, LAB, ELA, eta UGTko idazkari nagusiak izango dira (Garbiñe Aranburu, Mitxel Lakuntza eta Raul Arza) eta adierazpenak eskainiko dizkiete komunikabideei. Bihar ostirala izango da, irailaren 18an, 11:30ean, Bilboko Plaza Eliptikoan.

Zerbitzu publikoen eta erretreta, soldata eta lan baldintza duinen defentsan Baionan

Greba eta mobilizazio eguna da gaur Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan. Hala, Baionako karrikak hartu ditugu berriro, LABeko Ipar Euskal Herriko arduradun Eñaut Aramendi buru, zerbitzu publikoen eta erretreta, soldata eta lan baldintza duinen defentsan. Langileen antolakuntza eta borroka inoiz baino beharrezkoa dela nabarmendu dugu, eta gure babes osoa erakutsi diegu kaltetutako sektoretako langileei. Zentzu honetan, Osasungintzako langileen presentzia nabarmena izan da Baionako mobilizazioan, osasun krisiari oso baldintza eskasekin aurre egin behar izan diotelako.

Mobilizazioa egin dugu Bilboko Udalaren aurrean, Bilbobuseko zerbitzua ustiatzen duen enpresak epai irmo bat bete dezan eskatzeko

LABek kontzentrazioa egin du gaur Bilboko Udalaren aurrean, Bilbobus ustiatzen duen enpresak (Bilboko Hiribus Jasangarria S.L.) gatazka kolektiboen inguruko epai irmo bat betetzen ari ez dela salatzeko. Era berean, LABek bilera eskatu dio Alfonso Gil Mugikortasun eta Iraunkortasun arloko arduradunari, eta baita Udalean ordezkaritza duten alderdiei ere.

Udalari eskatutako bilerak epaiaren ez betetzearen inguruan dagoen arazoa helaraztea du helburu moduan. LABen arabera, Udalak ezin du onartu azpikontrata batek arauak ez betetzerik (langileen estatutua, hitzarmena edo langileen aldeko epaiak).

Aipatutako epai irmoak aitortu egiten die langileei modu bikoitzean kontatu behar zaiela lan egindako jai-egun berreskuraezin bakoitza, hau da, lan egiten dituen 14 jai-egunetako bakoitzarengatik konpentsatu egin behar dute langile bakoitza, eta jai-egun ez berreskuragarrietan lan egindako ordu bakoitzaren bikoitza zenbatuz, epaian aitortzen den moduan.

Aipatu epaia ez betetzeak eraman du langile bakoitzak modu indibidualean eskatu behar izan duela aipatutako epaia betetzea, eta epaitegiak saturatzea ekartzen du honek. Izan ere, honezkero ehundaka norbanako demanda dago erregistratuta eta gure ustez, Bilboko Udalak, Bilbobuseko zerbitzuaren azken erantzule moduan, aipatutako epaitegien saturazioa ekidin beharko luke.

Epai irmo hau ez ezartzeak suposatzen du langileei ez zaizkiela sortutako orduak pilatzen, eta honek, kontratazio gutxiago ekartzen ditu eta baita enpresa pribatu bat diru publikoarekin geratzea ere, enpleguaren sorrerara bideratu beharko litzatekeena.

LABen ustez, Udalak zerbitzua ustiatzen duen enpresa modu egokian kontrolatzen ez duelako gertatzen da. Horregatik guztiagatik, LABek espero du Alfonso Gilekin elkartzea, duen ardura kontuan izanda, zentzugabekeria honi konponbidea jar diezaion.

ADEGI arriskuan jartzen ari da Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren negoziazioa

0

Gaur, irailak 16, Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren negoziazio mahaiaren bosgarren bilera egin dugu. ADEGI esku hutsik etorri da berriro ere, eta bilerak ordu erdi baino gutxiago iraun du.

Uztailaz geroztik, gai zehatzei buruzko proposamen bat aurkezteko prest dagoela esan duen arren (subrogazioa, ABLEak, berdintasuna…), orain arteko bileretan ez du ezer aurkeztu. Aldiz, ADEGI patronalak argi uzten du bilera guztietan ez duela lanaldia jaitsieraz hitz egin nahi, ez dituela laneko bajak osatu nahi, ez duela kontratazioaz hitz egin nahi, etab.

Era berean, argi utzi du hurrengo urteetarako KPIaren soldata-igoera soilik eskaintzeko prest dagoela. Halaber, argi utzi du ez duela onartuko enpresetako berdintasun-planak langileekin adostea. Akordiorik ez badago, enpresek berea inposatuko dute.
Egoera negargarri horren aurrean, bileraren berritasun bakarra ELAk bere plataforma berriro ere jaitsi duela izan da. ABLEak erabiltzeko muga 3 hilabetetik 6 hilabetera eskatzera igaro da. Duela zenbait bilera, ELAk ABLEak debekatzeko hasierako planteamendutik 3 hilabetera jaitsi zuen

ADEGI arduragabekeriaz ari da metalaren sektorea konfrontaziora eramaten. LABek oso argi du, negoziazioak aurrera egin dezan eta ADEGIk bere proposamenak hobetu ditzan, beharrezkoa dela sektoreko langileak antolatzea eta aktibatzea.

Gaur, hain zuzen ere, ADEGIren aurrean elkarretaratzea egin dugu Gipuzkoako metalgintza hitzarmen duina eskatzeko langile guztientzat. Datozen egunetan aktibo jarraituko dugu, eta gure aldarrikapenak langile guztiekin partekatuko ditugu lantokietan.
LABek langile guztientzako hitzarmen duina eskatzen du. Denon artean lortuko dugu.