2026-01-30
Blog Page 530

Zaintza-zerbitzu publiko, unibertsal eta doakoa eskatu dugu Bizkaiko egoitzetarako

Bizkaiko egoitzetan hainbat astez eta egunez egun larriagotzen ari den egoera bizi den bitartean, Unai Rementeriak egoeraren azterketa azaldu baino propaganda politiko etsigarria dirudien prentsaurrekoa eman zuen atzo Bizkaiko Foru Aldundiak hartu dituen neurriak aztertzeko.

Rementeriak adierazi zuen: "Bizkaiko adineko pertsonak dira krisi honetako ahulenak, eta gure lehentasuna erabatekoa da". Honen aurrean esan beharra dugu adineko pertsonak lehentasunezkoak izan direla, baina ez Aldundiarentzat edo Eusko Jaurlaritzarentzat, hala izan dira buru-belarri ari diren langileentzat, zaintzarako bitartekorik gabe aritu direnak. Baita narriadura hori guztia informaziorik izan gabe kezkaz bizi izan duten haien senitartekoentzat ere. Baina ez Eusko Jaurlaritzarentzat, ezta Aldundiarentzat ere ez, gaur egun, oraindik konpondu gabe jarraitzen dute, besteak beste, NBE falta, langile falta, egoitzetan gertatzen ari denaren kontrolik eza eta, jakina, nahita eragindako informazio-falta.

"Egun garrantzitsuen aurrean gaude egoitzetan, eta gure esku dagoen guztia egiten dugu horiek ahalik eta ondoen pasatzeko. Eusko Jaurlaritzarekin batera, langileak eta erabiltzaileak babesteko ekipamenduak indartu ditugu, 248.000 maskararekin", jarraitu zuen Rementeriak. Ez jauna, egun garrantzitsuenak igaro ziren, egoera eten behar izan zen egunak izan ziren, martxoaren 16a baino askoz lehenago, eta gutxienez egun horretatik aurrera.

Egun eta aste horietan, segurtasun- eta osasun-batzordeetan lan egin da (informazioa, prestakuntza, segurtasun-protokoloak, langile bereziki sentikorrentzako neurriak, langileak, ez kutsatzeko babesa…) eta, hala eta guztiz ere, ezer lortu gabe jarraitzen genuen, ez maskarak, ez gainerako NBEak, ez informazioa. Apirilaren 7an, ia hilabete geroago, iragarri duzu 248.000 maskara daudela. Ikusi arte ez dugu sinetsiko.

"Zaintzaileen plantilla indartzeko lan-poltsa bat ireki dugu, eta bertan 1.201 pertsonak eman dute izena 3 egunetan bakarrik" gaineratu zuen Bizkaiko Diputatu Nagusiak eta esan beharra dugu lan-poltsa hori duela hiru egun jarri zela martxan, eta horrek agerian uzten du Bizkaiko Foru Aldundia egoerari zelako irtenbidea ematen ari zaion. Urteak daramatzagu araututako lan-poltsak eskatzen, egoitza-zentroetako zerbitzua hobetzeko, baina lan-poltsa hori bat dator prebentzio-neurririk ez izateagatik bajaegoeran dauden langileen baja-kopuruarekin.

1.201 pertsonak izena ematearen meritua ez da Rementeriarena, langile klasearen erantzukizun sozialarena baizik, eta, zoritxarrez, baita irabaziak bilatzen dituen eta horiek egiteari uzten diozunean bakarrik baztertzen zaituen sistema baten emaitza den lana lortzeko beharrarena.

Rementeriaren adierazpenekin jarraituz, adierazi zuen “bi egoitza ireki ditugu positiboak kontzentratzeko eta kutsatzeak gutxitzeko. Hotelak jarri ditugu profesionalen eskura, adinekoen ahalik eta ongizate handiena bermatzeko neurriak aktibatu ditugu, gailu elektronikoak jarri ditugu haien familiekin harremanetan egon daitezen".

Ez, ez dira bi egoitza ireki positiboak kontzentratzeko; aitzitik, lehendik egoiliarrak zeuden bi egoitza erabili dira ospitalak bihurtzeko COVID-19k kutsatutako gaixoak beren baliabideekin arta ditzaten, hau da, ardiak otsoarengana eraman dituzte. Bitxia da neurri hori hartzea ospitale pribatuetan esku hartzerik egin ez dutela badakigunean; hau da, COVID-19ko pazienteak zaintzeko baldintza material eta giza baldintza egokiak betetzen dituzten tokiak egon badaude, baina nahiago izan da egoitzetan esku hartzea horrek dakarren arriskuarekin.

"Zentroetan ikuskaritza indartu dugu, egoitzak desinfektatzen jarraitzen dugu suhiltzaileekin eta Basalaneko langileekin; Osakidetzaren osasun-laguntza iraunkorra ere badugu" ere aipatu zuen Rementeriak.

Guri asko interesatzen zaigu delako ikuskaritzak bildu dituen datuok jakitea, ez baitu inola ere langile baten ekarpenik izan, eta, batez ere, datu horiek giltzapean ondo baino hobeto gordeta baitaude, sekreturik handiena bezala. Bestalde, hilabete eta erdi baino gehiago daramagun moduan, ez dugu suhiltzaileen noizbehinkako bisita behar, garbiketa finkoko eta egonkorreko langile gehiago kontratatzea baizik. Hau da benetako prebentzio-neurria.

Azkenik, Rementeriak adierazi du "Bizkaiko egoitzetako patronalekin lanean ari gara". Eta hemen bai ematen diogula arrazoia. Ziur gaude patronalarekin eta patronalarentzat lanean ari zaretela, baina egoiliarrentzat, senideentzat, langileentzat eta gizartearentzat ez. Izan ere, Bizkaiko egoitzek eskaintzen dituzten kutsatze eta heriotzen argazkiak oso argi hitz egiten baitu.

LABek urte asko daramatza hori eskatzen, zaintzaren zerbitzu publiko, unibertsal eta doakoa behar dugu, egoitza pribatuak eta itunduak izateak dakarren negozioari amaiera emango diona. Arduratsu eta bere herriaren zerbitzura jardungo duten zerbitzuaren titularrak behar ditugu.

Zaintza eta osasuna dira lehenengoak.
 

 

 

EAEko Goi Auzitegiak Eusko Jaurlaritzaren aurka jarritako salaketa onartzeari buruzko erabakia atzeratu eta 3 eguneko epea eman du alegazioetarako

0

EAEko Goi Auzitegiak bi ebazpen eman ditu LABek eta ELAk Eusko Jaurlaritzaren aurka (zehazki Garapen Ekonomiko eta Azpiegitura Sailaren aurka) oinarrizko eskubideen urraketagatik (osasuna, bizitza eta integritate fisikoa) sartu zuten demanda dela eta; demandan galdegiten zen indargabetu zezatela funtsezkoak ez diren jarduerei berrekiteko aukera ematen duen “argipen oharra”. Auzitegiak dio ez duela gaitasunik kautelazko neurriak ezartzeko eta horrela oinarrizkoak ez diren sektoreetan lan egiten duten milaka pertsonaren osasuna eta bizitza bermatzeko.

Ebazpenetako batean Goi Auzitegiak alderdiei eta Ministeritza Fiskalari hiru eguneko epea ematen die alegazioak aurkez ditzaten Lan Aretoak auzia ezagutu eta ebazteko duen gaitasunari buruz. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak muturreraino malguagotu zuen oinarrizko zerbitzuaren kontzeptua, Errege Dekretuaren esanahiaren kontra (oinarrizkoak ez diren jarduerak geldiaraztea), eta funtsezkoak ez diren beste zerbitzu eta jarduera industrialak baimenduz (jarduera hauetako beharginak lanpostuan arriskuan jarriz kutsatze-bektore bilakatuze), harik eta alarma egoeraren beraren oinarriak zapuzteraino: “Herritarren osasun eta segurtasuna babestu, gaixotasunaren hedapena gelditu eta osasun publiko sistema indartu”.

Gainera, beste auto batean Goi Auzitegiak esaten du ez daukala gaitasunik ELAk eta LABek eskatutako kautelazko neurriak aplikatzeko; bi sindikatuok Eusko Jaurlaritzaren “argitzeko oharra”ren eragina geldiaraztea eskatzen zuten, ezetsi aurreko lehen urrats gisa. ELAren eta LABen iritziz auzitegi honi badagokio hain erabaki urgente eta beharrezkoa hartzea, areago milaka pertsonaren osasuna eta bizitza arriskuan dagoenean, eta koronabirusaren pandemia mugatzeko ordu bakoitzaren balioa izugarria denean. Bestalde, Nafarroako Lan Arloko Auzitegiak oraindik ez du ebazpenik argitaratu ELAren eta LABen demandari buruz, zeina sindikatuok sartu zuten Maria Chiviteren Gobernuak egindako “argitzeko oharra”ren aurka.

 

 

 

Langileongandik hurbil, erantzuteko prest!

0

LAB langileongandik gertu dago, are eta gertuago egungo salbuespen egoera dela eta. Hain zuzen ere, langileon zalantzak erantzuteko prest gaude, hainbat telefono eta helbidetan. Honekin batera, Bizilan atarian zuzeneko saioak ari gara egiten asteotan, Streaming bitartez, galderak eta kezkak erantzuteko. Osasun krisi garaian, langileongandik gertu gaude, inoiz baino gehiago!
 

 

 

Arcelor Mittal multinazionalaren zekenkeria salatu dugu

0

Arcelor Mittalek formalki jakinarazi die enpresa-batzordeei ezinbesteko ABEEE bat eskatu nahi duela multinazionalaren estatuko lantegi guztietarako, eta aurreratu du, halaber, arrazoi objektiboengatik ABEEE bat negoziatzeko asmoa duela.

LABek uste du erabaki horien atzean multinazionalak Covid-19ren ondoriozko osasun-krisiaren ondorioz eman diren laguntza publiko handienak jasotzeko nahia dagoela. Multinazionalak ez zuen ABEEErik eskatzeko inolako beharrik, Arcelor Mittaleko langileek 2009tik etengabe jasaten baitute ABEEEa, estatu mailako UGT, CCOO eta uso sindikatuek beti sinatu dizkioten luzapenei esker.

Edozein ABEEEren helburua enpleguari eustea da. Arcelor Mittalek Euskal Herrian enpleguaren erdia baino gehiago suntsitu du 2009. urteko ABEEE indarrean sartu zenetik, eta hori ez da oztopo izan azpikontraten eta ABLEen bidez langile kopurua handitu eta mundu mailan lantegi berriak erosi ahal izateko, gaur egun Txinan altzairu ekoizle handienetakoa izanik.

Era berean, ABEEE bat eskatu du lantegi guztietarako, baina Euskal Herrian badira gaur egun %100ean lanean ari diren lantegiak, langileen osasuna babesteko neurriak bermatu gabe, eta, beraz, malgutasun-neurri gisa erabili nahi dela uste dugu.
LABek guztion laguntza publikoak behar bezala erabiltzea eskatzen du. Erakunde eta gobernu ezberdinek zorrotzak izan behar dute diru publikoa kudeatzeko orduan. LABek multinazionalari eta gobernu ezberdinei arduraz jokatzeko, gehiegikeriarik ez onartzeko eta langileen osasuna enpresen onuraren gainetik jartzeko eskatzen die.
 

 

 

Osasun emergentzia eta erabakitzeko eskubidea. Babes dezagun langile klasea, ez kapitala

0

Euskal Herria, Galiza eta Herrialde Katalanetako LAB, CIG, ELA eta Intersindical-CSC sindikatuok otsailean agenda sozialaren eta erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpena plazaratu genuen. Gobernu berriari galdegin genion ezetsi zitzala azken hamar urteetan ezarritako lege antisozialak eta aitor zezala gure eremuan lan harremanen, pentsioen eta gizarte babeseko eredua erabakitzeko eskubidea. Bi hilabete geroago, salbuespenezko egoera honetan, beste gogoeta bat egin dugu sindikatuon idazkari nagusien eskutik.

Galizia, Euskal Herria eta Herrialde Katalanetako CIG, ELA, LAB eta Intersindical-CSC sindikatuok otsailean agenda sozialaren eta erabakitze eskubidearen aldeko adierazpena plazaratu genuen.

Manifestu hartan egiaztatu genuen eskuin muturraren gorakada eta espainiar Estatuko indar politikoen zati handi bat jarrera autoritarioetara lerratu zela, baita autodeterminazio eskubidearen aitortza oinarritzat hartuko duen irtenbide baten aurkako jarrera ere. Halaber, Gobernu berriari galdegin genion ezetsi zitzala azken hamar urteetan ezarritako lege antisozialak eta aitor zezala gure eremuan lan harremanen, pentsioen eta gizarte babeseko eredua erabakitzeko eskubidea.

Bi hilabete igaro direlarik, salbuespenezko egoera honetan gogoeta hauek helarazi nahi ditugu:

1. Adierazpen hau sinatzen dugun sindikatuok osasun publikoaren krisia kapitalismoaren beraren krisiaren baitan kokatzen dugu. Aspaldidanik salatzen ari gara krisi sistemiko horrekin batera datozela hainbat arlotako krisiak: zaintzarena, zerbitzu publikoek jasan dituzten murrizketena, lan eta gizarte eremuetako prekarizazio eta indibidualizazioa eta, horrenbestez, lotura sozialen haustura.

2. Oraingoan ere gure nazioen soberania gabezia berriro geratu da agerian. Salatu behar dugu COVID-19aren pandemia baliatu dela 155. artikulu bat zeharka sartzeko, gure lurraldeek berez duten autonomia urria indargabetuz. Propaganda unionistaren kanpaina betean gaude, desfile militar eta guzti; eta haren asmoa ez da osasun krisiari aurre egiteko indarrak biltzea, baizik eta krisi hori erabiltzea gure nazioetako langileen bizitzarako funtsezko gaietan erabakitzeko eskubidea deuseztatzeko.

Erabakitzeko eskubidea galdegiten dugu modu egokian aurre egiteko osasun krisiari, baita ondoren etorriko diren erronka ekonomiko, sozial eta politikoei ere.

Bizi dugun salbuespenezko egoera honetan, gure sindikatuon iritziz lehentasuna da COVID19aren hedapena mugatzea eta langileen zein herritarren osasuna zaintzeko neurriak hartzea. Aldi berean beharrezkoak dira neurri sozialak krisi honen ondorioak ez diezaizkioten soilik langile klaseari leporatu.

Espainiar gobernua eta gobernu autonomikoak hartzen ari diren erabakiek eskubideak konfinatzen dituzte, berandu datoz, bidegabeak dira, eta langile klasearentzat zein kolektiborik zaurgarrienentzat motzegi geratzen dira.

– Lehenik, oinarrizko jarduerak betetzen dituzten langile guztiei beharrezko babes neurri guztiak eskaini behar zaizkie. Bermatu egin behar da ere lana modu egokian egiteko langile kopurua, hauen osasuna zaintzeko eta oinarrizko jardueretan lanean ari diren pertsona hauek gaixotasuna kutsa ez dezaten.

– Gure sindikatuek exijitu dute funtsezkoak ez diren jarduera guztiak geldi daitezela. Pandemiari muga jartzeko konfinamendu zorrotzagoa behar da; hau komunitate zientifikoak ere eskatu du.
Espainiar gobernuak ezarri zuen oinarrizkoak ez diren jardueren itxiera. Erabaki hau berandu hartu da, eta ezin okerrago kudeatu dute; areago, horren ostean argitzeko ohar bat argitaratu dute, dekretua aldarazi nahian. 48 ordu igaro ez zirelarik, amore eman zieten botere ekonomikoaren presioei, eta gero hartu zen erabakiarekin iruzur egin zuten ikuspuntu demokratiko eta juridikotik.

Gaur, inoiz baino areago, politika publikoak ezinbestekoak dira, eta baliabide guztiak gehiengo sozialen alde baliatu behar dira, neurri guztiak hartzeko inor baztertuko ez duen gizarte-babeserako, zeinak langile klase guztiari bermatuko dizkion enplegua, soldatak eta diru-sarrera duinak.

Erabaki ausartagoak behar dira finantzaketa publikoa ziurtatzeko, aberatsenen eta enpresa handien gaineko zerga bidez eta egun esku pribatuetan dauden ekonomiako sektore estrategikoetan (bankuak, konpainia elektrikoak, etab.) esku hartze publikoa bideratuz; hauek dira politika neoliberalak alde batera utzi eta hartu beharreko bidezko neurrietako batzuk.

Lau sindikatuok nabarmendu nahi dugu herritarrak oro har eta bereziki hainbat sektoretako langileak -osasungintza, garbitasuna, adinekoen zaintza, elikagaiak, garraioa eta nola edo hala jendea artatzen dutenak- zer nolako konpromiso zibikoa ari diren erakusten; haatik, salatu beharra dago lanean ari direla babesteko bitarteko nahiko eta egokirik gabe, eta ez dagoela aski langilerik eginkizun guztiei aurre egiteko. Krisiak agerian jarri du arlo publikoa zein garrantzitsua den eta azken aldiko murrizketek zenbateko kaltea eragin duten. Baina gainera, frogatu digute pertsonen bizitza kokatu behar dela politiken erdigunean. Krisiak adierazi du lanbide feminizatuak direla prekaritaterik handiena eta aitortzarik eskasena dutenak; hain zuzen krisia amaiarazteko ezinbestekoak diren sektoreak.

Sindikatuok ere salbuespenezko baldintzetan ari gara lanean. Horregatik dei egiten diegu gure afiliatuei lotura kolektiboak indar ditzaten eta modu aktiboan inplika daitezen jenderik ahulena defenditzeko, enpresetan zein hauetatik kanpo.

Azkenik, otsaileko adierazpenean adierazi genituen konpromisoak berretsiko ditugu. Ez dugu onartuko krisi berri honen ondorioak langileen gain erortzerik, horrela pobrezia areagotuz. Borrokan jarraituko dugu justizia sozial eta ekologikoa oinarritzat hartuko duen eredu baten alde eta lanaren zein aberastasunaren banaketa justuagoa izan dadin. Bide batez soberania betea galdegiten dugu eremu sozioekonomiko bat eraikitzeko, baita geurea den lan harreman eta gizarte babeseko marko bat ere.

 

 

 

“Funtsezkoa ez dena eten eta funtsezkoa dena babestu ezazue behingoz”

0


Neurri asko hartu dituzte erakundeek osasunaren izenean, baina ez dute gure bizitzak zaintzeko benetako neurririk hartu, beti bezala sektore feminizatuek babesik gabe jarraitzen dute. Ezkutatu nahi dituzten gestio lotsagarriak plazara ateratzen joango gara. Horretarako LABek manifestu bat prestatu du, eta idatzi horrekin bat egiten duten guztien ahotsak batuz neurriak har ditzaten exijitu diegu arduradun instituzionalei. Ezin dugu ahantzi batzen bagara geldiezinak izango garela.  


Garbitzaileak beti bezala garbitzen dute, betiko lanabesekin, betiko arriskuei kutsatzearen arriskua gehituz. Saltokietan kutxazainei begira ez dago neurrik, Inoiz baino gehiago egiten dute lan. Adineko egoitzetako langileen lana biderkatu da, muturreko egoeran aritu behar dute. Etxez etxeko zerbitzuko langileak dira pertsona batzuek duten lotura bakarra, baina baita gaixotzeko arriskua ere.

Antzera daudenen zerrenda luzeagoa da, egoera hauek guztiak azalarazten jarraitu behar dugu, kolektibo hauek ahotsa izan behar dute.
 

 

 

Salaketa jarri dugu Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuaren aurka, milaka langileen bizia eta osasuna arriskuan jartzeagatik

0

LAB eta ELA sindikatuok eskatu dugu bi gobernuen ‘argipen oharrak’ (oinarrizkoak ez diren zerbitzuak eskaintzea ahalbidetzen dutenak) 24 orduko epean eten daitezela, kautelazko neurri gisa. Salaketak EAEko Justizia Auzitegi Nagusian eta Nafarroako gizarte gaien Auzitegian jarri ditugu.

LAB eta ELA sindikatuok salaketa bat jarri dugu oinarrizko eskubideen tutela oinarri (osasuna, bizia eta integritate fisikoaren eskubidea), Eusko Jaurlaritzaren (Ekonomia Garapena eta Azpiegiturak Departamentua) eta Nafarroako Gobernuaren aurka. Hain zuzen ere, sindikatuok iritzi dugu bi gobernuek martxoaren 31n argitaratutako ‘argipen oharrekin’ lantokietara joatera behartuta dauden langileen osasuna eta bizia arriskuan jarri dituztela, oinarrizkoak ez diren jarduerak egiteko. Salaketak EAEko Justizia Auzitegi Nagusian eta Nafarroako gizarte gaien Auzitegian jarri ditugu.

Bi gobernuek muturreraino malgutu dute oinarrizko zerbitzuaren kontzeptua, Errege Dekretua urratuz (oinarrizkoak ez diren jardueren etena) eta oinarrizkoak ez diren beste industria zerbitzu eta jarduerak eskaintzea bideratuz (langileak euren lanpostuan kutsatzeko arriskuan jarriz eta pertsona hauek besteak kutsatzea ahalbidetuz), modu honetan alarma egoeraren printzipio nagusiak hankaz gora utzita: “Herritarren osasuna eta segurtasuna bermatu, gaixotasunaren garapenari aurre egin eta osasun sistema publikoa indartu”.

Honela gauzak, LAB eta ELA sindikatuok honakoa exijitzen dugu salaketan:

[1] Ebatzi dadila Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak EAEko eta Nafarroako industria sektoreko langileen osasuna, bizia eta integritate fisikoaren eskubidea urratu dutela.

2] Ebatzi dadila gobernuen ‘argipen oharrak’ baliogabeak direla, legez.

[3] Zigor daitezela bi gobernuak sententzia honen edukia argitaratzera, ‘argipen oharrak’ argitaratu zituzten hedabide berdinen bitartez.

[4] ‘Bi argipen oharrak’ eten daitezela kautelazko neurri gisa, 24 orduko epean.
 

 

 

Oinarrizko zerbitzuetako langileen osasuna bermatzeko baliabideak eskatu dizkiogu Jaurlaritzari

Osasungintza pribatuko langile bat hil da gaur goizean koronabirusagatik, arrazoi honengatik hiltzen den bigarrena, martxoaren 19an hildakoaren ondoren. Urte hasieratik 21 langile hil dira lanean eta beste bik desagertuta jarraitzen dute 57 egunez Zaldibarko zabortegian.

Lehenik eta behin, gure doluminak eta elkartasun osoa helarazi nahi dizkiegu hildakoaren senide, lagun eta lankide guztiei.
Pandemia egoera honetan agerian geratu da langileen osasuna bermatzea ez dela lehentasuna izaten ari. Hor daude datuak. Kutsatuen %18 osasun langileak dira. Azpimarratu behar dugu osasungintza pribatuko langileak pairatzen ari diren egoera, alarma egoera dela eta, lanean ez dituzte beharrezkoak diren baliabideak beren segurtasuna, eta ondorioz erabiltzaileena, bermatzeko. Egunak daramatzagu egoera salatzen. Osasuna lehentasuna izan dadin, oinarrizkoak ez diren jarduera oro eten behar da, eta oinarrizko zerbitzuetan lanean ari diren langile guztien segurtasuna eta osasuna bermatzeko beharrezkoak diren baliabide tekniko eta giza baliabideak berehala martxan jartzeko exijitzen dugu Jaurlaritzari.

Orain inoiz baino gehiago, osasuna interes ekonomiko gainetik jartzeko momentua da. Ez dugu onartuko krisi honen kudeaketa langileen bizkar gainera erortzea. LAB sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileen guztien segurtasun eta osasunaren alde.

Dei egiten dugu hurrengo orduetan antolatuko diren salaketak mobilizazioetan parte hartzeko, osasun langile honen heriotza salatzeko.
 

 

 

Patriarkatua eta kapitala, aliantza koloniala


"Bizitza vs kapitala, osasuna edo dirua, produkzioa eten edo irabaziak galdu, birusa gelditu edo irabaziak egiten jarraitu… Hor dago dikotomia. Dikotomia hori beti dago hor, sistema kapitalistak ekoizpenaren eta irabazien izenean bizitzari ‘zatia’ kentzen diolako. Une honetan, ordea, inoiz baino nabarmenagoa da kapitalak bizitzari kentzen dion ‘zati’ horren neurria". Hitz horiekin abiatu dugu apirilaren 1eko dekretuan etxeko langileen inguruan jasotakoaren harira egindako balorazioa.