2026-01-29
Blog Page 529

Pobrezia inoiz ez da heriotza naturalaren kausa

LABek Saiden heriotza salatu nahi du; kalean bizi zena eta gaur Bilboko Miribillako kiroldegian hil dena. Toki hau, hain zuzen, beste hainbat kiroldegi bezala, COVID19aren krisiaren testuinguruan etxerik gabeko pertsonentzat irekitako espazioetako bat da.

Medio ezberdinek aipatu bezala, “heriotza natural” baten aurrean egongo ginateke, izan ere, antza denez hildakoak ez zituen COVID-19aren sintomak. LABen argi daukagu pobrezia eta bazterketa sozialeko egoeran hiltzea ez dela, inolaz ere, heriotza natural bat. Pobreziak arduradun zehatzak ditu eta eredu kapitalista neoliberalaren ondorio zuzena da; gainera, berriro ere ikusi dugu nola Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren babes sozialeko sistemen defizientziak agerian geratu diren.

Era berean, gure elkartasuna, babesa eta aitorpena adierazi nahi diegu zerbitzu sozialetako langile guztiei, baita ere herri eta auzo askotan elkartasun sareetan antolatuta dauden milaka herritarrei. Lehenengo lerroan dauden langile hauek gabe eta sareetan artikulatu den herri indar hori gabe, COVID-19ak eragindako krisia askoz gogorragoa izango litzateke kolektibo zaurgarrienentzat.
 

 

 

Udaltzaingo herritar eta komunitarioa behar dugu

LAB sindikatuak kezka azaldu nahi du, Espainiako Gobernuak alarma egoera aldarrikatu zuenetik, Hego Euskal Herrian barrena polizia-gorputz ezberdinek erakutsitako jarrerengatik, Mozal Legearen aterpean sarri.

LABek azken asteotan emandako polizia-ekintza desegoki, arbitrario edota neurrigabe ugariak salatu nahi ditu. Halaber, Espainiar Armada, Polizia Espainiarra eta Guardia Zibila zuritzeko abiatutako kanpaina instituzionala arbuiatzen dugu. Inolako lotsarik gabe, udaltzaingoa erabili dute propaganda birzentralizatzailea egiteko. Bereziki larria eta mingarria iruditzen zaigu Intxaurrondoko kuartelean antolatutako omenaldira hainbat udaltzain bertaratzea.

Testuinguru zail honetan, ezinbestekoa iruditzen zaigu Udaltzaingoaren jardunaren ardatz izan behar duten balioen garrantzia azpimarratzea, hurbileko polizia herritarra izan behar duen aldetik.

Jendarte osoak elkar zaindu behar duen une honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da Udaltzaingoa ezaugarritzen duen izaera komunitarioa nabarmentzea. Une honetan, lehentasuna langileon osasuna da eta alor honetan Udaltzaingoak ekarpen handia egin dezake (kasu askotan horrela izaten ari dela azpimarratu nahi dugu), funtsezko zerbitzuetan diharduten beharginentzako prebentzio neurriak ikertuz, esate baterako.
Egungo egoera latzean jokabide solidario eta arduratsuak behar dira, eta Udaltzaingo ezberdinen ekarpena derrigorrez pedagogikoa izan behar du.

Udalak instituzio publiko gertukoenak dira eta udaltzainok nor bere udalerrian, jendartearen mesedetan, auzolanean diharduten udal langileak izan behar dugu, salbuespenik gabe.

LAB sindikatuak herritarrekiko hurbiltasunean eta integrazioan oinarritzen den udaltzaingo eredu bat defendatzen du, komunitatea eraikitzen laguntzeko aktiboa, herritar ororen ongizatea bermatuko duen antolamendu sozial, ekonomiko eta politiko berri batetan kokatua.

Betiko errezeta zaharrek ez gaituzte aterako pairatzen ari garen krisi honetatik. Are gutxiago Kapitalak sustatzen duen eredu polizialak. Bada garaia pertsonak eta bizitza duina erdigunean jartzen dituen babes esparru publikoa eratzeko.
Apustu honetan Udaltzaingoaren ekarpena ezinbestekoa izango da.
 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Antolatu eta borroka sindikalak aktibatu beharko ditugu krisiaren ondorioak langileok ordain ez ditzagun”

0

LAB sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu elkarrizketatu dute Radio Euskadin, Boulevard saioan, koronabirusaren ondorioz bizi dugun egoerari buruz hitz egiteko. Enpresen politiketan prebentzioa ez dagoela erdigunean salatu du, eta, konfinamendutik noiz eta nola irtengo garen oraindik jakiterik ez dagoen arren, langileok antolatzea eta borrokatzea beste biderik ez dugula izango nabarmendu du. "Enpresa mailako borroketatik harago, mobilizazio orokorragoak beharko ditugu egin. Zentzu honetan, balorean jarri behar dugu eragileen artean dugun aliantza, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren bitartez". 

Oinarrizkoa ez den jarduera berriro abian jartzeari buruz galdetu diote Garbiñe Aranbururi, eta azpimarratu du mailakatua egiten ari den itzulera honek ez diela osasun irizpideei erantzuten. Munduan ekonomia geldirik dagoelako ari da horrela gertatzen, eskaerak eta abar asko jaitsi direlako. "Gaixotasunaren igoera berri bat ez bada ematen, ehuneko ehunean ezin dutelako lan egin izango da. Horrek salba gaitzake", esan du.

"Enpresetan sindikatuekin adostu gabe aurkeztu dituzte Prebentzio Planak, eta kopìa-pega bat besterik ez dira izan itxurakeria egiteko", azaldu du idazkari nagusiak. Patronalaren irizpideak oinarri hartuta egindako itzulera batean lan osasuna erdigunean egotea ezinezkoa dela berretsi du, lan heriotzei dagokienez daramagun urte odoltsua lekuko.
 

 

 

Kapitala eta produkzioa langile eta hauen senideen osasunaren gainetik jarri direla salatu behar dugu berriro ere

0

Jasotzen ari garen informazioaren arabera, orokorrean, jarduna nola aktibatu, orduak nola errekuperatu edota ABEEE berriak proposatzen ari da patronala. Oso gutxi dira prebentzio planak aurkeztu dituzten enpresak, eta aurkeztu den tokietan Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren irizpideen kopia aurkeztu dute, lan zentro horietako errealitateari egokitu gabe; hau da, espedientea betetzeko egin dute, ez langileen osasuna zaintzeko.

LABek argi dugu jarrera hau onartezina dela, eta gobernu ezberdinek eta patronalek langileen osasuna zaldu nahi badute ere, ez gaude hori onartzeko prest. Beharrezko salaketa guztiak sartuko ditugu. Galdera argia Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuei, horrenbeste babestu dutenean oinarrizkoa ez den aktibitatea martxan jartzea, ze kontrol neurri eta ze zigor egongo dira langileen osasuna bermatzen ez duten enpresentzako?
Patronalak bizpahiru enpresa handi hartu ditu, eredu bezala erabiliko dituenak; prebentzio neurri eredugarriekin, babes mediatiko itzelarekin… baina gainerako enpresa gehienetan, batez ere ertain eta txikietan, miseria eta COVID19aren kutsadura. Berriro ere, patronal handien mesedetan ikusiko dugu sistema guztia.

Enpresetan badaude oinarri-oinarrizko prebentzio neurriak hartzen baina inondik ere ez beharrezkoak direnak; bereziki ezinezkoa denean COVID-19aren kutsadura %100ean ekiditea. Gainera, azpimarratu behar da, ezinbestekoa dela prebentzio neurrien baitan eta NBEkin batera, horiek erabiltzeko informazioa eta prestakuntza ematea eta hori ez da inon ere gertatzen ari. Ondorioz, neurri minimo batzuekin, oinarrizkoak ez diren jardunak aktibatzen ari dira. Hori, noski, Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritza zein Nafar Gobernuak patronalei erakutsitako babesaren ondorio da.

Michelin bezalako enpresa batean prebentzio neurri eredugarriak ezartzen ari dira; kontua da, ez dagoela produkzioaren beharrik, badutelako nahikoa stock jada produzituta. Baina patronalak eta Jaurlaritzak eredugarritzat joko dituzte enpresa handi honetan hartutako erabakiak. Produkziorako beharrik ez dagoenean eta oinarrizko zerbitzuetan ez dituzten milaka eta milaka maskara edo eskularru alperrik galduko direnean.

Olarra edo Alconza bezalako enpresetan Jaurlaritzaren gomendioak bere horretan aurkeztu dituzte inolako egokitzapen eta langileekin adostu gabe. Zer gertatuko da enpresa horietan COVID-19arekin kutsaturen bat dagoen momentuan? Norena izango da erantzukizuna? Nork ordainduko du?
Laminados Losal edo Sidenor bezalako enpresetan ez dute inolako planik aurkeztu eta tokian toki patronalek aldebakartasunez erabakitako neurriak ezarri dituzte. Badakigu enpresa txikietan NBE gabe dabiltzala, enpresa batzuetan maskara bakarra ematen dietela langileei aste osorako…

Gainera, OSALAN ere salatu behar dugu, ez baitago jarduera berriro martxan jartzeko eskatzen denaren neurrira. Ez ditu langileen beharrak asetzen ezta kontsultak erantzuten. Horren adibide da, gaur Arabako enpresa batean arazo larria egonik, goizeko 6:38an telefonoz deitu dela. Erantzuna beraiek lan jardun ordutegia dutela eta 8:00tatik aurrera deitzeko. Hau, Tapiaren eta Jaurlaritzaren planaren porrotaren beste adibide bat besterik ez da.
 

 

 

Plantora deitu dugu, enpresak irekitzeko langileekin osasuna bermatzen dela adostu ezean

0

Asteartean oinarrizkoa ez den industria jarduera abian jarriko dute berriz, eta milaka langile lanera itzultzera behartuko dituzte. Hori dela eta, Garbiñe Aranburuk agerraldia egin du, LABen jarreraren berri emateko. Hain zuzen ere, sindikatuko idazkari nagusiak adierazi du, enpresetan sindikatuekin prebentzio plan bat adostu ezean, jardueraren abiatzea saihesten saiatuko garela, langileak plantora deituz.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "osasuna eta gehiengo soziala" versus "kapitala salbatzea" dikotomiaren aurrean gaude. Koronabirusak eragindako heriotza kopurua oraindik jasangaitza denean, presa dute oinarrizkoa ez den industria jarduera abiatzeko: "Etetea beranduegi iritsi zen neurria izan zen eta oso gutxi iraun du, eta OMS erakundeak jada ohartarazi du erabaki goiztiarrek heriotzen hazkunde bat ekarri dezaketela. Bitartean, Madrilgo Gobernuak alarma egoera luzatu du, baina CEOE patronalaren eta EAJ-Confebask osatutako bikotearen presioei men egin die. Gobernuak lanera itzultzeko erabakia hartu du, adituen batzordearekin kontsultatu ere egin gabe".

Eusko Jaurlaritza jarduera abiatzeko plan bat prestatu du, baina LABek erabat baztertu du, ez baitu sindikatuaren ekarpen bat bera ere jaso: "Jaurlaritzari manipulatzeari utz diezaiola eskatzen diogu, planak sindikatuen oniritzia duela zabaltzerakoan. Gezurretan ari da", esan du Garbiñe Aranburuk.

Gure proposamenean hiru neurri nagusi planteatu ditugu:

1-Prebentzio neurriak jasotzen dituen plan bat egon dadila, sindikatuen ordezkariekin adostuta. Plan honek halako neurriak beharko lituzke: EPIak, distantziak mantentzea lanerako sarrera eta irteeretan eta lanpostuetan, eremu komunak desinfektatzeko plana, garbiketa neurriak…

Planaren inguruan akordiorik egon ezean, jarduera ezingo lizateke abian jarri. Desadostasunak Osalan edo Nafarroako Lan Osasuneko Institutuak eta Lan Ikuskaritzak konpondu beharko lituzkete, arriskurik egon ez dadin ziurtatzeko eta ardurak behar bezala finkatzeko. Aipatutako Prebentzio Planarik gabe jarduera abiatzen duten enpresak zigortzea eskatzen dugu.

Lanera itzultzeko erabakia enpresek har dezakete aldebakarrez. Zentzu honetan, LABeko idazkari nagusiak oso garbi hitz egin du: "Itzulera Confebask-en irizpideen arabera oinarritzen bada, norbaitek uste du, benetan, langileen osasuna berma daitekeela? Ezin dugu ahaztu urte odoltsua daramagula. 22 langile hil egin dira eta 2 desagertuta daude. Saihestu zitezkeen heriotzak dira. Hiru langile hil egin dira ere koronabirusak jota".

Garbiñe Aranburuk aurreratutakoaren arabera, "enpresetan Prebentzio Plana exijituko dugu, eta, aurkeztu edo sindikatuen ordezkariekin adostu ezean, jarduera abiatzea saihesten saiatuko gara, langileak plantora deituz".

2-Oinarrizkoak diren jardueretako langileek segurtasun eta prebentzio neurriekin lan egin dezaten lehenetsi behar da.

3-Koronabirusa detektatzeko test azkarrak egin behar dira: oinarrizko jardueretan ari diren langileei, konfinamenduan egon ondoren lanera itzultzen direnei eta jendarte osoari modu progresiboan.

Antolatu eta borrokatu
Erabakiak elite ekonomikoen mesedetan hartzen ari dira, eta hori arduragabekeria handia da, Garbiñe Aranbururen ustez: "Gobernuek euren erabakiekin enpresa handien interesak lehenetsi dituzte. Erabat ezgai dira herritarren osasuna bermatzeko". 

Hain zuzen ere, hartutako erabakiekin herritarren osasunarekin jolasten ari direla, konfinamendua luzatu daitekeela, ostalaritza, tokiko ekoizleak, autonomo txikiak eta halako hainbat sektorek oso kolpatuak bukatuko dutela eta ondoro sozialak biziki larriak izango direla salatu du. "Langileoi antolatu eta borrokatu beste biderik ez zaigu geratzen lan osasunaren eskubidea bermatzeko, zerbitzu publikoak sendotu ditzaten eta zaintza lanen arazoari konponbidea eman diezaioten, enplegua eta lan baldintzak mantendu ahal izateko", erantsi du.
 

 

 

COVID-19aren ondorioz hil den Lesakako Arcelor Mittal-eko langilearen heriotza salatzen dugu

0

Gaur, apirilak 11, Lesakako Arcelor Mittal-eko 58 urteko langile baten heriotza tamalgarriaren berri eman nahi dugu. Ezer baino lehen, gure babesa eta doluminak helarazi nahi dizkiegu senide eta lagunei, eta gure burua eskaini beharrezko iritzitako ekintza guztiak egiten laguntzeko. Langile horrek, Lesakako Arcelor Mittal-eko lantokiko kide izan arren, margolari gisa egiten zuen lan Arcelor Mittalek Lesakatik gertu duen Legasako lantegian.

Heriotza hori saihestu zitekeen. LABek enpresari ohartarazi zion segurtasun-neurriak hartu behar zirela, are gehiago martxoaren 13an sintomak bazituen lehendabiziko langilea etxera bidali zutenean, baina ez zitzaigun jaramonik egin, eta horregatik LABek salaketa bat jarri zuen Lan Ikuskaritzan martxoaren 17an segurtasun-neurri handiagoak eskatzeko.

Gaur egun, enpresak berak emandako datuen arabera, gutxienez 13 langile daude baja-egoeran COVID-19rengatik, eta beste batzuk berrogeialdian daude. Baina ez da lantegi horietara mugatzen den egoera bat ere; izan ere, multinazionalak dituen beste lantegi batzuetan kutsatutako langile gehiago daude.

Heriotza hau astindu izugarria da, egungo egoeraren larritasunaren berri ematen baitigu, eta segurtasun neurriak zorroztu eta funtsezkoa ez den jarduera oro geldiaraztera behartzen gaitu. LABek Lan Ikuskaritzari exijitzen dio hildakoaren lantokira joan, gertatutakoa ikertu eta jarduera oro geldiarazteko, lan baldintza seguruak egon arte. Era berean, langileen osasuna onura ekonomikoaren gainetik lehenesteko eta jarduera oro geldiarazteko eskatzen diogu multinazionalari, langileen ordezkariekin adostutako segurtasun-protokolo eraginkor bat eduki arte. Ez dugu fabrikara onik sartu eta hilkutxa batean irten nahi.

LABek dei egiten die langileei heriotza hau salatzeko deituko diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzera.
 

 

 

Herri burujabetza, bizitza erdigunean jartzeko

0


Aurtengo Aberri Eguna koronabirusak eragindako salbuespen egoerak baldintzatua dator. Bada, ez dugu utziko krisi hau langileok ordain dezagun. Krisi honen amaieran politika neoliberaletan sakontzeko asmoa izango dute patronalek zein instituzioek, baina Euskal Herriko langileok bizitza erdigunean jarriko duen eredu baten aldeko borrokari eutsiko diogu. Herri burujabetza nahi dugu, bizitza erdigunean jartzeko. Kapitalaren zerbitzura aritzen diren Estatu bien eta euren menpeko administrazio autonomikoen aurrean, herri burujabetza eta berau ahalbidetuko duen Errepublika independente, sozialista eta feminista aldarrikatzen dugu. Batera-k egindako deiaren haritik, Aberri Egunean Ikurrinarekin eta Nafarroako banderarekin batera, geure balkoiak langileon aldarrikapen anitzekin janzteko deia egiten dugu LABetik.

 

 

 

 

Enpresak irekitzeko, langileekin osasuna bermatzen dela adostea beharrezko izatea planteatu dugu

0

Ekarpen garrantzitsuak egin dizkiogu Jaurlaritzak helarazitako “Jarduera abiatzeko plana” dokumentuari. Erakundeen lehen helburua pertsonen osasuna zaintzea eta bermatzea izan beharko litzateke. Eztabaida ez da osasuna eta ekonomiaren artekoa, benetako eztabaida biztanlego osoaren osasuna eta kapital handiaren interesen artekoa da.

Oinarrizko zerbitzuetan lanean ari direnei ez zaie bermatzen ari lana arriskurik gabe egitea. Hau da, beraien osasuna arriskuan jartzen ari da behin eta berriz, langile beraiek eta baita sindikatu honek ere, hainbatetan salatu dugun moduan. Zaintzen ari gaituztenak zainduak izan behar dira, eta hori administrazioaren ardura da.

Hainbestetan salatu dugu ere gobernuek, estatukoak, Jaurlaritzak eta Nafar Gobernuak, patronal handiaren interesak defendatzean zentratu direla; jarrera honen beste atal bat da oinarrizko zerbitzuak ez diren aktibitateak, batez ere industria eta eraikuntzakoak, berriz martxan jartzea. Gure iritziz oso arin hartu den erabakia izan da. Langileak eta bere ingurukoak berriz arriskuan jarriko dituzte, baina hori bost axola zaie Sanchez, Urkullu eta Chiviteri, garrantzitsuena da patronalaren interesak defendatzea eta hauek pozik izatea. Neurri hau oso berandu hartu zen, eta oso gutxi iraun du.

Asteazkenean jaso genuen Jaurlaritzak eginiko “Jarduera abiatzeko plana” deritzon dokumentua. Ekarpenak egiteko aukera irekitzen zen, eta LABek bereak egin ditu. Jaurlaritzak ez du argitzen zer nolako kudeaketa egingo duen jasotzen dituen ekarpenekin. Denak onartuko ote dituen, gustatzen zaizkionak bakarrik, patronalaren interesak bermatzen ez dituenak ez ditu onartuko, …, ez dakigu. Milaka langile eta beraien ingurukoen osasuna arriskuan ipiniko duen neurri baten aurrean egiten den plan baten kudeaketa ezin da hain modu arinean egin. Ez zaigu serioa iruditzen.

Hainbat izan dira egin ditugun ekarpenak, Jaurlaritzak prestatuko dokumentuak gabezi handiak baitzituen. Garrantzitsuenak ideia bi hauek jorratzen dituztenak dira:

– Planaren helburua langileen osasuna izan behar da, hau da langileak beraien osasuna arriskuan ez egotea lanera bueltatzeagatik. Jaurlaritzak bidalitako dokumentuaren helburua aktibitatea berriz martxan jartzea da kosta hala kosta, langileen osasuna bigarren mailako helburu moduan jarriz.

– Jaurlaritzaren dokumentuak esaten du enpresa bakoitzak “plan de arranque” propio bat egin behar duela eta plan hau langileen ordezkariekin adosten saiatu. Adostasunik ez balego, enpresak eginiko plana martxan jarriko da eta langileek salaketa jarri dezakete. Prozedura honek langileen osasuna arriskuan jartzen du.

LABek proposatzen du enpresa berriz bere aktibitatea berrartzeko, enpresak eginiko “Jarduera abiatzeko plana” derrigorrez langileekin adostua izan behar dela (beraien ordezkarien bidez). Adostasunik ezean, enpresak ezin izango du bere aktibitatea berrartu, eta gaia Osalan eta Lan Ikuskaritzaren eskuetan jarriko da, beraiek erabakitzeko enpresak zer nolako “abiatzeko plana” behar duen langileen osasuna guztiz bermatzeko.

Horrekin batera planteatu dugu ere:

– Lan ikuskaritza eta Osalanen plantillak indartzea, Europako batez besteko kopuruarekin parekatu arte, enpresetan hartu beharreko prebentzio neurrien jarraipena egiteko, kontrol lana egiteko, ez betetzeak ekiditeko, salaketei erantzuteko, …, hau da, langileen osasuna bermatzeko.

– Osalanen egin beharra izatea osasun eta lan araudiaren betetzearen bermatzaile izatea eta ez aholkulari funtzioa soila.

– Prebentzio neurriak ez betetzeagatik zigortuak diren enpresen zerrenda publikoa izatea. Konfinamendua ez betetzeagatik zigortzen diren pertsonen zerrenda publikoa bada, zergatik enpresena ez?

– Langileei COVID-19a detektatzeko frogak egitea, oinarrizkoak diren aktibitateak hasita eta oinarrizkoak ez diren baina martxan daudenetik jarraituz.
 

 

 

Neurri zehatzak eta eraginkorrak exijitzen ditugu langileen osasun eskubidea bermatzeko

0

Covid-19ak sortutako osasun-krisia hasi zenetik, Eusko Jaurlaritza eta Nafar Gobernuaren jarduna guztiz arduragabea izan da. Alde batetik patronal handiaren interesak defendatzera mugatu dira. Diru publikotik ehunka miloi jarri dituzte beraien eskuetan, eta langileak kutsatzeko arriskuan jarriz, oinarrizko aktibitateak ez zirenak martxan mantentzearen aldeko jarrera izan dute, patronalarekin guztiz lerrokatuz beste behin. Bestetik, oinarrizko jardueretan dabiltzan langileak bertan behera utzi dituzte, beraien osasuna bermatzeko neurri nahikorik jarri gabe. Ehunka langile kutsatu dira, baita bi hil ere.

Aurrekoan galdetu genion gobernu biei ea nor egingo den lanean kutsatzen diren eta hildakoen arduradun. Ez dugu erantzunik jaso. Oinarrizko zerbitzuetan dabiltzan langileak txalotzen dituzten bitartean kutsatzera kondenatzen dituzte, neurri nahikorik ez delako hartzen, hainbatetan langileek salatu dutenez. Oinarrizkoak ez diren zerbitzuetan, enpresak ez gelditzera animatzen dituzte, langileak kutsatzeko arriskuan jartzen badituzte ere. Lotsagarria.

Oinarrizko zerbitzuetan lanean jarraitzen dute neurri eraginkorrik jarri gabe, eta hurrengo astean oinarrizkoak ez diren aktibitateak berriz martxan jarriko dira.

Eusko Jaurlaritza eta Nafar Gobernuak, behingoz, langileak osasun arloan pairatzen ari diren egoerari aurre egiteko neurri zehatzak eta eraginkorrak ezarri behar dituzte. Langileak beraien osasuna arriskuan jarri gabe lan egiteko eskubidea dute, eta hori Gobernu bi horien ardura da.

Beharrezkoa da osasungintzan, anbulantzietan, zahar egoitzetan, etxez etxeko laguntzan, garbiketan, supermerkatuetan, farmazietan… lan egiten duten langileei prebentzio neurri nahiko eta eraginkorrak beraien eskuetan jartzea. Gizartea zaintzen ari direnak zainduak izan behar dira. Goraipatzea ondo dago, baina orain gehien behar dutena beraien osasuna arriskuan ez jartzea da, NBEak bermatuz, plantillak handituz, kontrolak eginez eta informazioa ziurtatuz.

Hurrengo astean aktibitatea berrartuko duten enpresa guztietan prebentzio neurriak bermatzen direla ziurtatu behar da ere, segurtasun eta osasun batzordeekin edo prebentzio delegatuekin babes neurriak adostu, hauek betetzen direla aztertu, baita protokoloek arriskuari aurre egiten dioten ere, eta horrela ez bada, zer neurri hartuko diren zehaztu langileen osasuna arriskuan ez jartzeko. Hau ere gobernuen ardura da.

Horregatik, gobernuei Lan Ikuskaritza indartzea exijitzen diogu, baliabide gehiago jarriz. Lan ikuskaritza indartu inspekzio gehiago egin ahal izateko prebentzio neurriak betetzen ari diren eta nahikoak diren jarraipena egin ahal izateko, baita langile eta sindikatuok egiten ditugun salaketei erantzuteko.

Horrekin batera, Lan Ikuskaritzek, neurri prebentiboak betetzen ez direnean edo nahikorik ez balira, aktibitatea gelditzeko irizpide zehatzak ere izan behar dituzte, langileen osasun eskubidea bermatuz. EAEko Osalan eta Nafarroako Osasun Publikoa eta Lan Osasunaren Institutuak askoz indartsuago eta eraginkorragoak diren protokoloak ezarri behar dituzte, langileen osasuna lehen lerroan jarriz, eta ez patronalaren interesak, lanean jarraitzea nahi dutenak nahiz eta langileak kutsatu.