2026-01-29
Blog Page 526

Jaurlaritzak enpresetako segurtasun neurrien jarraipenik ez duela egiten salatu dugu, produkzioaren mesedetan eta langileon osasunaren kalterako

0


Alarma egoera ezarri zenetik, langileon osasuna ez zegoela neurri politikoen erdigunean salatu dugu behin eta berriro, instituzioak ez dabiltzala egoerak eskatzen duen erantzukizunez erantzuten. Oinarrizko Zerbitzuak alboratu dituzte eta, ondorioz, bertan lanean dabiltzan langileak, produkzioa eta multinazional handien kapitala babestuz. Horren adibide argia da azken egunotan Arantza Tapia kontseilaria produkzioa berriro martxan jarri izana eta beraiek sortu duten aktibitatea berriro martxan jartzeko Gidaren arrakasta goraipatuz entzun dugula behin eta berriro, porrot hutsa izan denean. Honen inguruan aritu da Industria Federazioko idazkari Eulate Zilonizaurrekoetxea.

LAB sindikatuak COVIK19-aren aurkako 160 ekintza Plan jaso ditu, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan industria eta eraikuntzako 5.200 enpresa inguru daudenean. Hori zen Eusko Jaurlaritzaren Gidan aktibitatea berriro martxan jartzeko jasotzen zuen neurrietariko bat. Horietatik %11-k jaso du gure teknikarien onarpena, Jaurlaritzak bere Gidan zerrendatzen zituen ezaugarriak soilik kontutan izanda. Beste %20 batek zuzenketa edo hobekuntzaren bat behar du, eta hori enpresetan jakinarazten ari gara. Gainerakoak onartezinak dira, bai guztiz ez nahikoak direlako (%34) edota kasu asko eta askotan Gobernu Espainolaren edota Jaurlaritzaren Gidako neurriak bere horretan kopiatu dituztelako (%35). Hau da, aholku orokorrak dira lan zentro bakoitzeko behar eta errealitatera egokitu gabekoak. Beraz ez dute ezertarako balio. Hau da, begiratu ditugun Planen %69-a oso orokorrak eta ez nahikoak dira; garbiketa eta desinfekzio neurri zehatzik gabe, EPIen erabilera zehaztu gabe, norbanakoentzako neurriekin, baina enpresari eragiten dioten neurri kolektiborik gabekoak, lanaren antolaketan erabakirik hartu gabe.

Eusko Jaurlaritzak aurkeztu zuen Gida porrot izugarria da. Utzikeria horren aurrean, langileen ekarpen eta eskaerek, eta enpresaz enpresa egiten ari den lan sindikal eta borrokak, beharrezko prebentzio eta segurtasun neurriak erdiestea ekarri dute toki askotan, baina zoritxarrez ez da horrela enpresa guztietan. LAB sindikatuarentzako ez da egon Eusko Jaurlaritzaren Gida zintzorik, beste behin era marketing eta publizitate saio bat izanda, Covid19-aren kudeaketan erakusten ari diren ezgaitasunaren aurrean aurpegi zuriketa ahalegin berri bat.

Enpresetan hartu diren eta hartzen ari diren neurriak ez dira Gida horren ondorio izan, datuak argi adierazten dute hori, baizik eta langileek enpresetan eragiteko izan duten gaitasunaren ondorio. Konpromiso eta borroka horren ondorioz, nahiz eta enpresa askotan planik ez egon, Covid19-aren aurkako neurriak hartzen ari dira, baina batez ere enpresa handietan. Arazo handia dago, ordea, enpresa ertain eta txikietan, ez baitute ez Planik ezta neurririk ere ez (edota guztiz ez nahikoak dira).

Berriro ere, onartezina da Eusko Jaurlaritzaren ardura falta, patronalaren eskutik, datu errealak ezkutatu dituzte; baina, gainera, gezurra goraipatu dute, enpresetan oso ondo dabiltzala Planei esker eta beraien Gida oso arrakastatsua izan dela diote. Administrazioko zenbat teknikarik egin diote jarraipena edo begiratu dute langileen laneko egoera zein den? Zenbat txosten edo azterketa daude eginda?

Arazoa are eta larriagoa da ordezkaritza sindikalik ez dagoen enpresetan, langileak guztiz abandonatuta daude. Datu bezala, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako enpresen %65ean ez dagoela ordezkaritza sindikalik esan behar da, eta gehien-gehienak enpresa txikiak direla. Astebete baino gehiago da, Eusko Jaurlaritzak kontaktu bat eskatu ziguna ordezkaritzarik gabeko enpresetan Planak negoziatzeko. Baina, ez da eskaera bakar bat ere egon gerora Eusko Jaurlaritzatik, eta Komisio bat bera ere ez da sortu. Hau da, ordezkaritzarik gabeko enpresa batek ere ez du Prebentzio Plana negoziatzeko eskaerarik egin. Zer gertatzen ari da ordezkaritzarik ez dagoen eta Covid19-aren aurkako Planik ez daukaten enpresa horietan guztietan?

Azken asteotan, neurri ezberdinak bete ez izanagatik, hainbat salaketa jarri ditugu; beraien konpetentzia ez dela jaso dugu erantzunetan eta, oraindik ere, asko eta askotan erantzunaren zain gaude. 4 erantzun soilik jaso ditugu eta horietatik hirutan ez dira gaia aztertzera sartu. Oinarrizko ez diren aktibitateak berriro ere martxan daude, baina nola da posible oraindik aktibitatea martxan egon zitekeen edo ez erantzun gabe egotea?

Patronalaren mesedetan ari dira jokatzen berriro. Salaketak jartzeko mekanismoek ez dute erantzuten, berandu dabiltza eta ditugunetan, enpresetan gertatzen dena bertatik bertara ikusi gabe idatzitako ebazpenak izan dira. Ez da inspektore baten arazoa, erabaki politikoa da. Zenbat ofiziozko jarduketa egon dira alarma egoera ezarri zenetik? Behin eta berriro esan dugu Lan Ikuskaritza zein Osalanen langile gehiago behar direla; bestela langileak lan zentrotan dauden bitartean, inspektoreek telefono bidezko harremana besterik ez dutelako. Osalanek salaketak jaso, baina arazoak konpondu gabe jarraitzen du. Noren aurrean eta zertarako egin behar ditugu salaketak hau bada ondorioa? Instituzioak beste alde batera begira daude arazo larri honen aurrean. Guk, bestalde, lan zentroetan borrokan jarraituko dugu.

Honengatik guztiagatik:

1. Eusko Jaurlaritzari langileen osasun egoeraren jarraipena egiteko beharrezko neurriak har ditzala exijitzen diogu, baita datu horiek guztiak publiko egin ditzala ere. Covid19-aren aurkako zenbat Plan daude Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan? Zenbat inspektore daude aktiboan herrialde bakoitzean? Gure kaleak kolore guztietako poliziaz beteta ikusten ditugun egun hauetan, ez ditugu ez inspekzioko ez Osalan-eko ezta Gobernuaren funtzionariorik langileen osasuna berma dadin enpresetan ikuskatzeak egiten.

2. Argi esan dezatela, zein neurri eta zein zigor egongo diren Covid-19aren aurkako Plan duinak eta osatuak ez dituzten enpresetarako. Baita, egunak lanean ibilita ere, oraindik Planik ez dukaten enpresetarako ere?

3. “Faltsua de osasuna versus ekonomia eztabaida, biak bermatzea posible da” Arantza Tapiak esana; “ ez Ikuskaritzak ezta Osalanek ere, ez dute momentu honetara arte salaketarik jaso” Maria Jesus San Josek esana edota “gurasooi arduraz jokatzeko” larunbat honetan bertan Nekane Murgak esanak, edo ezgaitasun eta ikusmira politiko eza edota egiak desitxuratzea dakarte. Bizi dugun egoera honetan, bata zein bestea, oso larriak dira eta dimisioa aurkezteko arrazoia.

Arantza Tapiak ondo daki, eztabaida beti egon dela, eta erreala eta beharrezkoa dela. Inbertsio gutxiago AHT-ko lanetarako eta gehiago zahar egoitza eta ospitaletara; baina orain eztabaida inoiz baino beharrezkoa da. Eta Nekane Murgari, ozen esan nahi diogu, etxe zein lan zentroetan daukagun ardura indibidual zein kolektiboa eredugarria izaten ari dela; zoritxarrez ez dago maila berean Gobernuak hartzen dituen erabakiak eta lehentasunak. Patronal handien eskutik daudela argi ikusten da.

Finean, Eusko Jaurlaritzak aukera ezin hobea galdu du Prebentzio Plan duinak bermatzeko ez ohiko neurriak ezartzeko; enpresak kontrolatu beharra zeukan, baina, argi dago, ez duela nahi.
 

 

 

Lesbianak jendartean eta lantokietan ikusgarri izatea aldarrikatzen dugu

Gaur, apirilak 26, Ikusgarritasun Lesbikoaren Egunean, lesbianak jendartean eta, batez ere, lantokietan ikusgarri izatea aldarrikatzen dugu LABetik. Lesbianek ezkutatutak eta eklipsatuak ikusi izan ditugu gure buruak eguneroko bizitzan eta jendartean, beste kolektibo batzuen aurrean, ikusezin egin gaituztelako.

Lesbianek lan-eremuan bizi dugun egoera ez da inoiz erraza izan. Enplegua lortzen dugunean, hau feminizatua da eta, beraz, lan-prekarietate handiagokoa. Ikusgarri egitea erabakitzen dugunok, askotan, arbuioa, diskriminazioa, sexu-jazarpena edota kaleratzeak jasaten ditugu. Sistema kapitalista, patriarkal eta heteronormatiboak zeharkatzen duen mundu batean libre bizitzea zaila da, eta askorentzat ezinezkoa.

Gaur egun, krisi-egoera honetan, pairatzen genuen diskriminazio-egoera larriagotzen duen egoera honetan, argi utzi nahi dugu lan-merkatutik kanporatuak izan ez garenak funtsezko zerbitzuetan ari garela lanean; lanean eta gure osasuna babesteko benetako neurririk ez dugula salatuz; jasaten dugun diskriminazio ekonomikoa salatuz; eta lan munduan eta jendartean bizi dugun existentzia eza salatuz. Osasun-langileak gara, etxeko langileak, garbitzaileak, egoitzetako langileak, supermerkatuetako kutxazainak, lesbianak gara eta, beraz, leku guztietan gaude.

Gaur sistema kapitalista heteropatriarkala da krisian dagoena, errentagarriak ez garela esaten zaigun sistema bera. Gaur ere bada eguna osasun-krisia deiturikoaren kontura elite politiko-ekonomikoek lesbianak are gehiago zapaldu, prekarizatu eta txirotzea onartuko ez duguna. Beraz, lesbianon ikusgarritasunaren borrokan eta gure desio, gorputzak eta identitateak lanean eta esparru guztietan askatasunez eta duintasunez bizi ahal izateko aldarrian berresten gara, zein aldaketa sozial eta ekonomiko erradikalaren aldeko borrokan ere.
 

 

 

Koronabirusaren ondorioz hildako azken langilea gogoan izan dugu Gasteizko helduen egoitzetan

Gasteizko Caser Zahar egoitzako langile bat hil zen atzo, koronabirusaren ondorioz. Lan heriotza hau salatzeko elkarretaratzera deitu dugu euskal gehiengo sindikaletik gaur eguerdirako, Gasteizko helduen egoitza guztien aurrean. Dagoeneko lau langile hil egin dira koronabirusak jota. Aurten, gutxienez 29 langilek galdu dute bizia lanean eta beste bik, Albertok eta Joaquinek, desagertuta jarraitzen dute Zaldibarreko zabortegian.



 

 

 

Maiatzaren Lehenean bizitza erdigunean jarriko duen eredu bat aldarrikatuko dugu, kapitalaren interesen gainetik

0



LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk Maiatzaren Lehenean egingo ditugun ekimenen berri eman du, sindikatuak luzatuko dituen aldarriekin batera. Osasungintzako hainbat langilek lagunduta egin du agerraldia, oinarrizko zerbitzuetan lehen lerroan ari direnen lana aitortzeko. Testuinguru berezian gauzatuko dugu aurten Maiatzaren Lehena, ezingo gara modu normalizatu batean mobilizatu, baina gure aldarriak oso presente izango dira, "Bizitza erdigunera, nuestro trabajo transforma el mundo" leloarekin. Auto karabanak, streaming bidezko jarduerak eta balkoietako protestak egingo ditugu, besteak beste


"Ez gara txaloetara mugatzen, gure konpromisoa sendoa da. Lan egiten jarraituko dugu langileen osasuna, bizitza eta lan baldintza duinak bermatzeko". Garbiñe Aranbururen hitzak dira hauek, Maiatzaren Lehenerako antolatutako ekimenen berri emateko egindako agerraldian esandakoak.

Hain zuzen ere, adierazi du aurtengo Maiatzaren Lehena oso egoera berezian datorrela, koronabirusaren krisia dela eta: "Ezingo gara mobilizatu modu normalizatu batean, baina langile klasearen harrotasuna nabarmenduko dugu, klase sentimendua, gure lana mundua eraldatzea baita".

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "krisi honetan agerian geratzen ari da klase borroka inoiz baino biziago dagoela. Koronabirusak denon osasunean eragiten du, baina azken urteetako austeritate politikek ez digute denoi berdin eragin. Ez da gauza bera konfinamendua lorategia duen etxe batean igarotzea edo leihorik gabeko pisu batean. Ez da gauza bera lanpostua galdu duenarentzat edo prekarietate egoeran dagoenarentzat. Batzuentzat hilabete bukaerara iristea da kezka; beste batzuentzat kontsumizera edo oporretara noiz irtengo diren ala ez jakitea". 

Pandemiari aurre egiteko hartutako neurriek ere ez digute berdin eragiten: "Patronalaren neurrira egindako konfinamendu bat ari gara bizitzen. Ez da egia ezarri nahi duten dikotomia. Dikotomia osasuna eta gehiengo sozialaren bizitza eta gutxiengo baten interesen artean dago. Langile klasea babestu, kapitalaren interesen aurrean. Berriro ere agerian geratu da kapitala eta bizitzaren arteko gatazka". 

Gehiegi itxaron zen oinarrizkoa ez den jarduera oro eteteko eta presa gehiegi dago aktibitatera itzultzeko: "Pertsonen osasuna eta beharrak lehentasun dituen itzulera nahi dugu, kapitalaren interesen gainetik".

Eta bai, normaltasun berri bat nahi dugu: "Ez dugu nahi kapitalismoa oinarri duen normaltasunera itzuli, non ezinezkoa den bizitza duin bat garatzea eta non planeta suntsitzen den. Horregatik, Maiatzaren Lehenean bizitza erdigunean jarriko duen eredu bat nahi dugula aldarrikatuko dugu". 

Eredu alternatibo horrek oinarri hauek izan behar ditu: zerbitzu publiko indartsu bat, osasun eta zaintza sistema publikoarekin; enpleguaren bermea eta babes sozialerako sistema duin bat; produkzio eta kontsumo ereduaren aldaketa; bidezko politika fiskal bat; eta eredu berriaren erabakia Euskal Herrian bertan hartzea.

Aurreikusitako ekimenak
Maiatzaren Lehenean oso presente izango ditugu aldarri hauek guztiak. Auto karabana bat egingo dugu, streaming bidezko jarduerak eta balkoietako protestak, besteak beste. Azken honetarako, gehiengo sindikaletik atzo aurkeztutako ikur bateratua zintzilikatuko dugu etxeetan.

Hauxe da Maiatzaren Lehenerako egitaraua:

-10:30. Mobilizazio ibiltaria. Auto-karabanak
-11:30. Streaming bidezko emisioaren hasiera. Dokumentalak, mahai ingurua… 
-12:30. Ekitaldi nagusia. LABen mezua. 
-Arratsaldea bitarte luzatuko da emisioa, egun osoko egitaraua osatuz.

 

 

 

Elkarretaratzera deitu dugu biharko Gasteizko helduen egoitza guztietan, koronabirusak eragindako azken lan heriotza salatzeko

Gaur, apirilak 23an, bi lan heriotzen berri izan dugu. 45 urteko garraiolari nafar bat zendu zen atzo N-240 errepidean, Escon (Zaragoza), kamioa irauli eta gero. Gaur arratsaldean, berriz, jakin dugu Gasteizko Caser Zahar egoitzako langile bat hil dela, koronabirusaren ondorioz. Azken heriotza hau salatzeko elkarretaratzera deitu dugu euskal gehiengo sindikaletik biharko, 12:00etan, Gasteizko helduen egoitza guztien aurrean.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure doluminak eta elkartasun eta babes osoa helarazi nahi diegu hildakoen senide, gertuko eta lankideei.

Azken bi heriotz hauekin, gutxienez 29 langile hil dira Euskal Herrian urtea hasi zenetik eta beste bi langilek, Alberto eta Joakin, desagertuak jarraitzen dute Zaldibarreko zabortegian, otsailaren 6tik.

Alarma egoera honetan, lan zentroetan, langileen segurtasuna bermatzeak lehentasuna izan behar du. Zoritxarrez, errealitateak erakusten digu langileon segurtasuna ez dagoela bermatua lan zentroetan, langileek jarraitzen dute bizitza arriskuan jartzen eta batzuetan bizia galtzen.

Jaurlaritzari exigitzen diogu arduraz jokatzea eta langile guztien segurtasuna eta babesa bermatzeko beharrezkoak diren baliabide tekniko eta giza baliabideak martxan jarri dezala. Aldi berean, plan eraginkor bat artikulatu dezala eskatzen diogu helduen egoitzetan bizi diren egoera penagarriei aurre egiteko.
Behin eta berriro salatu dugu langileek pairatzen duten babes eta segurtasunik eza.

Inoiz baino gehiago, osasuna interes ekonomikoen gainetik jartzeko momentua da. Ez dugu onartuko krisi honen kudeaketa eta ondorioak langileen bizkar gainean erortzea.

Gehiengo sindikaletik biharko deitu dugu protesta, Gasteizko helduen egoitza guztietan. Bost minutuko elkarretaratzeak egingo dira, 12:00etan.
 

 

 

Irmo salatu nahi dugu Espainiako Gobernu Ordezkaritzak debekatu izana Huerta de Peraltan langileek egin behar zuten elkarretaratze bat

0

Huerta de Peraltako langileak elkarretaratze bat egitera deituta zeuden gaur, lantokiko ate nagusiaren ondoan, protesta egiteko enpresak azkenaldian ezarri dituen zehapen batzuengatik eta langile bati enplegua eta soldata aldi baterako eten dizkiolako. Baina Espainiako Gobernu Ordezkaritzak debekatu egin du, kontzentrazio horrek ekar ditzakeen “osasun ondorioak” aipatuz, nahiz eta egunean hainbat ordu elkarrekin lan egiten duten langile batzuen kontzentrazioa izanen zen. Ondorioz, LAB sindikatuak tinko salatu nahi du debeku bidegabe, arbitrario eta autoritario hori.

Langileok koronabirusaren pandemia modu eraginkorrean geldiarazteko konfinamendu neurriak betetzen ari gara. Eta egiten ari gara nahiz eta kontraesankorra den batetik eguneko 24 orduetan gure etxeetan itxita egotea eta, bertzetik, gobernuek eta patronalak gu lan egitera behartzea Covid-19ren aurkako beharrezko segurtasun-neurririk gabe, gure eta gure familien osasuna arriskuan jarriz.

Huerta de Peraltako langileek, gainera, funtsezko lana egiten dute egoera larri eta berezi horretan, gure elikadura baratzeetako produktuekin bermatzeko. Baina Huerta de Peralta enpresa, ordea, ez dago prest bere partea betetzeko, eta pandemia eta konfinamendu garaietan, langileen kontrako bere gurutzadarekin jarraitzen du, zehapenak ezarriz eta kaleratze mehatxuak eginez.

Atzo jakin genuen Nafarroako Gobernuak emandako datua: enpresa bakar batek ere ez du jaso Covid-19rekin zerikusia duten segurtasun neurririk ez izateagatik jarduera geldiarazteko proposamen edo zehapen bakar bat ere. Sinestezina da, neurri horiek betetzeko materialik ez dagoenean, ez ospitaleetan, ez zahar egoitzetan. Eta frogatzen du Gobernua ez dela lanean ari gure osasuna bermatzeko.

Bada, patronalaren neurrira egindako konfinamendu honek badu bertze adibide paradigmatiko bat. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzak debekatu egin du Huerta de Peraltako langileak mobilizatzea, enpresak kaleratzearen ondoriozko zehapen eta mehatxuak salatzeko. Hona hemen argudioa: “[…] Hala, osasun ondorioak balioetsi behar dira, ez bakarrik manifestatzaileei, baita haiekin istripuz harremana izan dezaketen pertsonei ere eragin diezaieketenak, eta ez da segurua parte-hartzaileen artean kutsadurarik ez gertatzea, gero haien adiskidetasun-, lanbide- eta familiartekoen artean zabaldu ahal izateko; horrela, osasun-krisia areagotu eginen da, segurtasun-neurriak hartuagatik ere […]”.

Gobernu Ordezkaritzaren argudioa haluzinagarria da, egoera arras absurdua sortzen baitu. Alde batetik, langileak ezin dira mobilizatu nahiz eta hartu egunero lan egiteko hartzen dituzten segurtasun neurriak. Eta, bertze aldetik, argudio horixe bera erabili izan du LAB sindikatuak denbora honetan guztian, errateko eten behar direla funtsezkoak ez diren jarduera guztiak herritar guztien ossunaren alde eta konfinamenduak dakarren ariketa kolektiboa ahalik eta eraginkorrena izan dadin. Baina hala ere, gobernuek gure osasuna, gure familiena eta gizarte osoarena arriskuan jarriz lan egitera behartzen gaituzte.

Ildo horretan, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzaren ebazpena, egunean hainbat orduz elkarrekin lan egiten duten langile batzuek elkarretaratze bat egitea debekatzen duena, bi modutan baino ezin da ulertu: edo neurri erabat bidegabea, arbitrarioa eta autoritarioa da; edo, bertzenaz, neurri horren gainean oinarritu beharko litzateke Nafarroan funtsezkoak ez diren jarduera guztiak etetea.

Beraz, LAB sindikatutik eskatzen dugu Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria, Jose Luis Aristi jauna, berehala ager dadila ebazpen honen nondik norakoak argitzeko eta plantillaren oinarrizko eskubideak berrezartzeko, edo bertzenaz ISPLN eta Lan Ikuskaritza premia ditzan Nafarroan funtsezkoak ez diren jarduera guztiak geldiarazteko.
 

 

 

Gehiengo sindikaletik irudi komuna partekatuko dugu Maiatzaren Lehenean eta irudia balkoi nahiz leihoetan jartzeko deia egiten dugu

0

Aurreko urteetan bezala sindikatu bakoitzak Maiatzaren Lehenaren aurretik nahiz egunean bertan bere ekimen propioak antolatuko baditu ere, aurten irudi komun bat partekatuko dugu euskal gehiengo sindikaleko sindikatu guztiok (LAB, ELA, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE), egungo salbuespen egoeran mezu komuna emateko.

Koronabirusaren krisiak, eta aurretik bizi dugun krisi sistemikoak sindikalgintzaren erantzuna behar du.

Egoera honetan, gehiengo sindikaletik (LAB, ELA, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE) deialdi bat egiten diogu langile klaseari: gure leihoetan eta balkoietan Maiatzaren Leheneko ikurra jartzeko deia; langileon indarra eta aldarrikapena ikustaraztea.

Maiatzaren Lehenaren eguna aldarrikatu eta ospatu nahi dugu, modu koloretsu batean. Kapitalak marraztu nahi digun etorkizun beltzaren aurrean, guk bizitza erdigunean jarriko duen etorkizuna marraztu nahi dugu, etorkizun koloretsu eta dinamikoa.

Irudi hau sindikatu bakoitzak argitaratzen dituen kartel digital, bideo eta abarretan presente egongo da. Horrekin batera, euskal gehiengo sindikalak dei egiten dien herritarrei aipatutako irudia nork bere balkoian edo leihoan jartzeko, izan inprimatuta, izan eskuz egina.
 

 

 

Testak eta atseden egunak eskatzen ditugu oinarrizko zerbitzuetako langileentzat

0

40 egun baino gehiago dira konfinamendua hasi zenetik. 40 egun baino gehiago oinarrizko lanetan dauden langileak guztion osasunaren alde dena ematen ari direla. Inoiz baino lan gehiago egiten ari dira eta aldi berean, euren osasuna arriskuan jartzen dute egunero. Hilabetean 4 egunetako ordaindutako lizentzia exijitzen du sindikatuak sektore hauetan.

Salatu genuen segurtasun neurri oso gutxirekin ari zirela lanean sektore hauetan. Adierazi genuen ere salaketak gogortuko genituela. Eta horrela egin dugu. Egia da segurtasun neurrietan hobera egin dela hainbat tokitan baina egia da oraindik ere, hutsune nabariak daudela:

– Anbulantziek desinfekzio-tresneriarik gabe jarraitzen dute.
– Supermerkatuetan, maskarak berrerabiltzera behartuak daude langielak.
– Garbitzaileei betaurrekoak eta buzoak falta zaizkie, ikuskaritzak horrela agindu arren.
– Garraiolariak, erritmo bizietan dabiltza lanean.

Eta aipatutakoen artean inori ez zaio testik egin. 40 egun baino gehiago pasa diren honetan, beharrezkoa da guztion bizitzak zaintzen diren horien osasuna zein den jakiteko. Horregatik exijitzen diegu gobernu zein patronalei, lehentasunez, langile hauei egitea testak. Hau da, konfinamendu osoan oinarrizko zerbitzuetan aritzeagatik lanean dauden guztiei.

Bestalde, txaloekin soilik euren zama ez dela arintzen diogu. Inoiz baino lan karga handiagoarekin ari dira lanean, estres handiarekin, kutsatzeko beldurrarekin eta karga psikologiko handiarekin. Horregatik, gobernu zein patronalei, langile hauei hilabetean 4 egunetako ordaindutako lizentzia onartzea exijitzen diegu. Hau da, konfinamendu osoan oinarrizko zerbitzuetakoak izateagatik egiten ari diren lan eskergagatik merezitako atsedena izan dezaten.
 

 

 

Cristina Uriarteren planak ez die erantzuten hezkuntza-komunitatearen beharrei

0

Argi izan behar du Jaurlaritzak sindikatuekin eta hezkuntza-eragileekin landutako prozesuak izan behar direla bai ikasturte amaiera zein balizko itzulera, pertsonen osasuna, eta hezkuntza- zein lan-eskubideak oinarritzat izan behar dituztenak.

Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek prentsaurrekoan ezagutzera eman duen ikasturtearen amaierako Hezkuntza plana dela eta, LAB sindikaturik honako irakurketa hau helarazi nahi dugu:

-Berandu datorren plana da; gutxienez astebeteko atzerapenaz. Eta gaur entzundakoarekin, ulergaitza egiten zaigun atzerapen hau, izan ere, Madrildik ezarritako jarraibideei segidismoa egiten duen plana baita gaur aurkeztutakoa, eta Celaá ministroak iragarritako “malgutasun” elementu txiki batzuk baino ez ditu sartzen. Horretaz gainera, berriz ere hezkuntza-komunitateari bizkarra emanda egin den plangintza da aurkeztu zaiguna.

-Ikastetxeen eskuetan uzten du ikasturte-amaiera, malgutasun edo autonomiaren aitzakipean; beraz, zuzendaritza-taldeek eta klaustroek erabaki beharko dute zelan ebaluatu hirugarren hiruhilekoa zein ikasturtea. Ebaluazio jarraiaren aldeko aldarria egin arren, ez du horretarako baliabiderik eskaintzen.

-Atzean geraturiko ikasleen egoera onartzen du, hezkuntza zentroen artean arrakala digitalak sortutako egoera anitza dela aitortuz. Ikaske hauentzak plan espezifikorik ez egoteak arrakala sozioekonomikoa sakontzen du, eta haien hezkuntza-prozesuaren ardura irakasleak aginduko dion errefortzuan jartzen du. Gure ustez, honek planifikazioa behar du, diagnostiko batean oinarrituta.

-Era berean, azpimarratu behar da plan honetatik guztiz baztertuta utzi dituela haur hezkuntzako zikloak, eta bereziki irakasleengan eta ebaluazioan jarri duela arreta, zerbitzuetako langileak edota hezkuntzako espezialistak, besteak beste, alboratuta.

-Beste aldetik, ikuskaritzaren eskuetan uzten du ikaslearen kurtsoerrepikapena… Hau da, berriz ere, ez du irizpide argirik azaltzen.

-Argi geratzen da, LOMCEk ezarritako curriculuma oinarritzat hartuta, ikaskuntza-prozesuan zeri ematen zaion lehentasuna: ikasgai “instrumentalei” zein promoziorako baliagarriak diren ikasturteei, DBH-4 eta batxilergoa alegia. Ildo berean, eskola presentzialetara itzultzearen aukera maila hauei zein Lanbide Heziketari lotzen die kontseilariak, irakaskuntzaren eredu produktibo eta ekonomizista agerian utziz.

Beraz, ezer berririk ez, ezta hezkuntza-komunitateak plazaraturiko kezkei erantzunik ere: arrakala sozio-ekonomikoari nola erantzun, balizko itzulera baten eskenatokian kontuan hartu beharreko osasun-neurriak, egoera berriari egokituriko ratioak berrikusteko beharra, irakasle eta hezitzaileen plantillen errefortzua, Haurreskolak Partzuergoko matrikulazio-epea, ordezkapeneko langileen egoera konpentsatzea, birbaremazioa…

Eta hori guztia, propagandarako ekitaldia izateko antza gehiago izan duen aurkezpen batean, benetan irtenbide adostuak bilatzen dituen proposamena baino.