2025-12-22
Blog Page 52

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

Iruñeko Udalak eta Ride On-ek sinaturiko akordio berriaren puntu batek adierazten du herriko etxeak 200.000 euro aurreratuko dituela enpresak berehala ordain ditzan langileei zor dizkien soldatak. LAB sindikatuak oso ontzat jo du akordioaren puntu hori, langileen uneko egoera larriari berehalako konponbidea ematen baitio. Era berean, LABek ontzat jo du zerbitzuaren bideragarritasuna bermatzeko hartuko diren bertze neurriak ere, batez ere lau langile gehiagoren kontratatzeak, horrek langile guztien lan baldintzak hobetzea ekarriko baitu.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.

Langile faltagatik banatu gabeko milaka bidalketa daude Gasteizen, bereziki Alde Zaharrean, Santa Luzian eta Salburua auzoetan. Eremu batzuek bi hilabete baino gehiago daramatzate banatu gabe. Horri gehitu behar zaio enpresarentzat lehentasuna paketeria eta jakinarazpen jakin batzuk banatzea dela, adibidez, gutunen banaketa alde batera utziz, herritarrentzat orohar oso garrantzitsuak direnak.

Gutun ofizialen, mediku-ziten, ogasuneko eta epaitegiko jakinarazpenen, fakturen eta abarren banaketa duela hilabete batzuetatik dago trabatuta. Posta Zerbitzu Unibertsala betetzen da ala ia zergarik ordaintzen ez duten Internet bidezko salmenta erraldoien interesak baino ez dira asetzen? Correosen ez kontratatzeak eta enpresa horien interesak interes orokorraren gainetik jartzeko hartutako erabakiak kaosa sortu dute zerbitzu publikoan. Milaka gutun daude banatu gabe Gasteizen. Adibidez, 10.000 posta-bidalketa baino gehiago daude pilatuta Salburua, Alde Zaharra eta Santa Luzia auzoetan bakarrik.

Banaketa zuzendaritzaren kudeaketa txarrak eta murrizketek kalte larriak eragin dizkiete herritarrei. Correosek plantilla nahikoa izan behar du Posta Zerbitzu Unibertsala behar bezala bermatzeko, herritarren eskubidea baita. Horrela, lan-baldintza duinak eta posta publiko eta kalitatezkoa eskatzen ditu LABek.

Hezkuntza Sailak ez du bete berak proposatutako negoziazio egutegia

Martxoan eta apirilean deitutako greba zikloan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak negoziaketak eten ondoren eta mobilizazioetan irakasleek indarra eta konpromisoa erakutsi ostean, negoziaketetarako bidea egingo zuela adierazi zuen hedabideetan Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak, baina hitzetatik ekintzetara pasa ez izana eta negoziaziorako benetako borondaterik ez duela salatu du LABek.

Urtarrilean hasitako bederatzi greba egunetan irakasleek erakutsitako konpromisoak Hezkuntza Saila negoziaketak berrartu eta proposamen berriak egitera behartu du. Azken greba zikloaren ondoren, apirilaren 4an izandako lehen eta azken bileran, egutegi baten berri eman eta ikastetxeen beharrei bere osotasunean erantzuten ez zien baliabide gutxi batzuk aurkeztu zituen, ahoz. LABek egutegi horren bidez negoziaketak luzatu nahi zirela salatu zuen arren, sailak aurrera eramatea erabaki zuen, eta ondoren, gainera, ez du bertan jasotakoa bete. Izan ere, egutegiaren arabera, apirilaren 16ra bitarte luzatzen zen negoziaketa gauzatzeko administrazioak hartutako konpromisoa.

Era berean, LABek uste du propagandan eta jendartearen iritzi publikoan eragitean jarri duela indarra Hezkuntza Sailak, alde batera utziz negoziaziorako eta akordioetara iristeko bide guztiak. Are gehiago, sailak gutxietsi egin nahi izan du hezkuntza publikoa indartuko duten lan baldintzen eta ikastetxeek hainbeste behar dituzten baliabideen aldeko borroka, kalitatezko hezkuntza helburu duena. Horretarako, LABek ezinbestekotzat jo du inbertsio publikoa handitzea, eskola publikoa sistemaren ardatza izan dadin.

LABek behin eta berriz adierazi izan du negoziaketarako duen prestasuna. Horren erakusle dira lehen indarra den hezkuntza publikoko gainontzeko kolektiboetan langileen alde egindako borrokaren eta lanaren ondorioz lortutako akordioak. Beraz, LABek negoziaketarako benetako jarrera bat izan dezan exijitzen dio Hezkuntza Sailari.

Beste lan heriotza bat garraio sektorean

Atzo, Hernanin, E.P.R. 57 urteko garraiolaria hil zen lan-istripu ez traumatikoan, Repsolek A-8an duen gasolindegian erregaia kargatzen ari zela. Hildako langilea Iruñeko Getze (Nafarroa) herriko Transportes Petrolíferos Coordinados SL enpresakoa zen. Heriotza honekin, dagoeneko 18 dira aurten Euskal Herrian lan-istripuz hildako langileak.

Ezer baino lehen, LABek bere babes eta elkartasun osoa adierazi nahi dizkie hildako langilearen familiari eta lagunei.

Sindikatuak berriro salatu behar du beste garraiolari baten heriotza. Garraioaren sektorea da laneko ezbeharren gaitza gehien pairatzen dutenetako bat. LAB ez da nekatuko lan istripuak lan baldintza txarren eta prebentzio eta segurtasun-neurririk ezaren ondorio direla salatzeaz.

Oso prekarioak dira garraio-sektorearen baldintzak: lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen den prezio baxua, bizimodu eta elikadura osasuntsua mantentzeko zailtasunak, etab. Horregatik dio LABek garraioaren sektorean gertatzen diren lan-istripu gehienak ekidin daitezkeela, eta horretarako borondate politikoa besterik ez da behar, baita erakunde eta enpresa guztien inplikazioa ere, garraiolarien lan-eskubideak errespetatzeko eta bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko.

Prekaritatearekin amaitu behar da. Patronalaren zigorgabetasunarekin amaitu behar da. Erakundeek ezin dute beste alde batera begiratzen jarraitu, bestela konplizeak izango dira.

Lan istripu hau salatzeko antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten du LABek.

Lan istripu gehiagorik ez, ez garraio sektorean, ez beste inon.

Nafarroako ezkerreko alderdi eta sindikatuok bakearen aldeko eta berrarmatzearen aurkako manifestua aurkeztu dugu

Nafarroa Garaiko EH Bildu eta Contigo Zurekin koalizio politikoek eta LAB, CGT, Steilas, Solidari, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuok bakearen aldeko eta berrarmatzearen kontrako manifestua aurkeztu dugu gaur Iruñean. Manifestuaren sinatzaileok gogor salatu dugu azkenaldiko gorakada militaristan koxka bat gehiago igotzea ekarriko duen Europako Batasunaren berrarmatze plana. Sinatzaileok adierazi dugu Nafarroako langileek ez dutela behar ez bonbarik, ez tankerik, eskubide eta berme sozialak baizik, eta berretsi dugu Europako herriek bakearekin, subiranotasunarekin eta gehiengo sozialen eskubideen defentsarekin dugun konpromisoa.

Maiatzaren Leheneko aurtengo irakurketa eta Nafarroako mobilizazioen berri eman du LABek Iruñean

LABek, Imanol Karrera bozeramailearen eta hogei militante baino gehiagoren bitartez, agerraldia egin du Iruñeko Gazteluko Plazako kioskoan, sindikatuak aurtengo Maiatzaren Lehenari begira egiten duen irakurketa aurkezteko –gutxieneko soldata eta pentsio propioak lortzeko borrokan oso fokatua–, eta hiriburuan zein Tuteran Langileen alde esloganarekin eginen dituen mobilizazioen berri emateko.

Nazioarteko testuingurua geroz eta korapilatsuagoa da. Kapitalaren logika planeta nahiz herritarren bizitza kolokan jartzen ari da, krisi ekologikoak, militarismoak, behartutako migrazio prozesu erraldoiek, indarkeria matxistak edota prekaritatearen hedapenak adierazten dutenez. Testuinguru honetan, are eta garrantzitsuagoa da Euskal Herriak, Nafarroak ahalik eta burujabetza handiena izatea, bizitza erdigunean jarriko duen eredu sozioekonomikoa eraikitzeko.

Azken urteotako borroka sozial eta sindikalei esker, agenda politikoan nafar langileontzat garrantzitsuak diren gaiak kokatu dira, hala nola, osasun sistema, zerbitzu publikoak, zaintza, etxebizitza, enplegua, pentsioak edota gutxieneko soldata. Hala ere, eztabaida hauek faltsuan ixteko arriskuaz ohartarazi behar da. Maria Txibite lehendakariaren gobernuari negoziatzen duguna aurrera eramateko determinazioa falta zaio. Izan ere, bere kontseilari batzuek soberan dute prepotentzia. Baina hori baino, adostasunetara iristeko borondatea beharko lukete izan. Txibite bere ardurapean dauden langileak mobilizatuak eta greban ditu. Bestalde, ez dauka beharrezkoa izanen litzatekeen ausardia langileak aintzat hartuko dituen Industria Lege bat egiteko. Eta, guztiz erabat arbuiagarria da hartu duen jarrera alderdikoia CENeko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interesak defendatzeko gutxieneko soldata propioaren eztabaidaren aurrean.

Hau dela eta, lantokietan, kalean nahiz instituzioetan burujabetzaren eta eraldaketa sozialaren alde presio egitearen beharra dago. Hiru dira gure lehentasunak: zerbitzu publikoak garatzea, industria politika berria abian jartzea eta herritar guztiei gutxieneko diru-sarrerak bermatzea. Politika publikoen sakoneko aldaketa beharrezkoa da, herritar guztiei osasuna, hezkuntza, zaintza eta etxebizitza bermatzeko. Nafarroan badago horretarako ahalmena: enpresariek eta errenta altuek dagozkien zergak ordaindu behar dituzte, herri honek behar dituen zerbitzu publikoak finantzatzeko.

Industria politikari dagokionez, hiru irizpidetan oinarritutako trantsizioaren alde egiten du LABek: planifikazioa, esku hartze publikoa (baita enpresen jabetzan ere) eta langileen parte hartzea. Ildo honetan, armagintzaren aldeko diskurtso enpresarial eta instituzionalak kritikatu behar dira. Nafarroako susperraldi industriala ezin da armagintzan oinarritu, militarismoak bizitzaren suntsipena, larrialdi ekologikoaren azkartzea eta murrizketa sozialak dakartzalako. Tamalgarria da UGTko Nafarroako idazkari nagusia den Lorenzo Rios horren alde azaldu izana, Nafarroako beharretik eta errealitatetik kanpo kokatzen da. Nafarroak lidergoa hartu behar du trantsizio ekosozialean, hortik etorriko da gure herrialdeko industriaren etorkizuna.

Hirugarrenik, herritar guztiei oinarrizko diru-sarrera duinak bermatzeko eta aldagai desberdinen araberako arrakalak murrizteko bi neurri egiturazkoak daude. Nafarroan gutxieneko soldata eta pentsio propioak ezartzea ezinbestekoa da, hemen bizitzeko diru-sarrera handiagoak behar direlako. Baina gainera, autogobernuaren ikuspegitik garrantzia handiko helburuak dira. Bertako herritarrei oinarrizko bizi baldintzak bermatzeko gai ez dena autogobernu mugatua da.

Jakina denez, gutxieneko soldata eta pentsio propioak finkatzeko ekimenak abian dira. Horien artean, gutxieneko soldataren eskumena Nafarroarako ekartzeko sinadura bilketa. Gutxieneko soldata finkatuko lukeen lanbidearteko akordioari dagokionez, berriz, CENeko enpresariek, eta UGT eta CCOO sindikatuek uko egin diote lanbidearteko akordio bat negoziatzeari. Posible eta legala da, baina ez dute horretarako borondaterik. CEN patronalaren jarrera onartezina da. Alde batetik, babes instituzionala jasotzen du, diru publikoa jasotzen du, onura fiskalak jasotzen ditu, ordezkaritza instituzionala bereganatzen du. Baina beste alde batetik, muzin egiten dio fede onez negoziatzeko betebeharrari, bai gutxieneko soldatari dagokionez, baita blokeatuta dauden hitzarmenei dagokionez ere. Jendartearen eta instituzio publikoen baliabideez baliatu bai, baina dagokion betebeharrari muzin egitea, bizkarroi bat bezala jokatzea da. UGT eta CCOO sindikatuek ez dakite non sartu.

CEN, UGT eta CCOO ezezkoaren aurrean esku hartzea eskatzen diogu Txibiteren gobernuari: CEN onura ugari jasotzen ditu instituzio publikoengandik. Bada, hauxe eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari: baldintzatu dezala CENi ematen dio babesa. Esan diezaiotela, argi eta garbi, negoziazio mahaian eseri ezean CENi babes politiko, instituzional eta materiala kenduko diotela.

Azken asteko mobilizazioetan egin bezala, Maiatzaren Lehenean ere mezu argia helaraziko LABek hala Patronalari nola instituzioei: izan akordio interprofesional baten bidez, izan lege bidez, ez dugu etsiko gutxieneko soldata propio eta duina ezarri arte. Goizago ala beranduago, negoziazio mahaia eratzeari CENeko enpresariek, UGT eta CCOO sindikatuek ezarritako betoa gainditu egingo dugu.

Aurtengo Maiatzaren Leheneko LABen mobilizazioak Nafarroa Garaian

• Iruñea, 12:00etan Gazteluko plazatik.

• Tutera, 12:30ean Foruen plazatik.

Jarrera matxista, arrazista eta antisindikal larriak hauteman ditu LABek Osalanen formakuntza saioetan

LABek salatu du, Osalanek azpikontratatutako enpresa batek azalpen matxista, arrazista eta antisindikalak eman zituela formakuntza saio batean. Gaia argitu eta erantzukizunak eskatu beharrean, Osalan gertaturikoa ezkutatzen saiatu da.

Osalanek eskaintzen dituen prestakuntza saioen baitan gertatutakoa ezagutzera eman du LABek. Formazio saio batzuetan, formatzailearen aldetik aipu matxista, xenofobo eta antisindikalak jaso zituzten bertan ziren ordezkari sindikalek. Osalanetik, LABek eskutik gertaeraren berri izatean ikerketa abiatu beharrean, gertatutakoa ezkutatzen saiatu direla ere salatzen du sindikatuak.

Duela hilabete batzuk, joan zen azaroan, LABen bi prebentzio ordezkari formakuntzaren 2. atal ofiziala jasotzera joan ziren Basauriko formakuntza zentro batera, Osalanek azpikontratatutakoa. Saio hartan 18 delegatu zeuden guztira.

Kurtsoa jasotzen ari zirela, irakasleak komentario matxista, xenofobo eta antisindikalak egin zituen, bata bestearen atzetik. Hain agerikoa eta onartezina izanik egoera, LABeko ordezkarietako batek altxatu eta alde egin zuen.

LABen beste ordezkariak amaiera arte eutsi zion, beste sindikatu batzuetako delegatuekin batera, eta formazioa amaitu orduko sindikatuko arduradunekin harremanetan jarri zen gertatutakoaren berri emateko. Bi ordezkariak bat etorri ziren bizi izandakoa salatzerakoan.

LABen lan osasunerako idazkaritza Osalanekin harremanetan jarri zen egoeraren berri emateko.

Abenduaren erdialdean LABek gaia ikertzeko eskaria egin zuen Osalango formakuntza batzordean. Halako formazio saioetan asebetetze inkestak pasatzen zaizkie partaideei. Handik hilabetera, hurrengo formakuntza batzordean aurkeztu zituen Osalanek aipatu inkestak, formakuntzaz arduratu zen enpresak helarazitakoak. Dena ongi joan zela adierazten zuten emaitzek eta Osalanek ontzat eman zituen, are gehiago, arduradunek gehitu zuten, “agian LABeko ordezkariak beste batzuk baino sentiberagoak izan zitezkeela gai jakin batzuekiko”. Emaitza haiek LABen salaketarako argudioak isilarazten zituzten, eta Confebasken aldetik kritika gogorrak jaso zituen sindikatuak.

Sindikatutik Osalani kritika egin zitzaion, salaketa sindikalak aintzat hartu ez eta enpresa formatzailearen lekukotza bere horretan ontzat emateagatik. Inkesten emaitza ez zetorren bat delegatuek bizi izandakoarekin. Osalanek egin ez zuena LABek egin zuen, ikertzen jarraitu zuen, eta ordezkari sindikalen eskutik ziurtatu zuen aurkeztutako astebetze inkestak ez zirela egiazkoak. Ez zen galdetegirik pasatu.

Kurtsoan izandako gehiegikeriak bistan geratu dira hala. Berriki -kurtsoa pasatu eta 3 hilabetera- Osalanetik eskaria jaso dute ordezkari sindikalek, inkestak bete ditzaten.

LABetik salatzen dugu Osalanek ordezkari sindikalen eta sindikatuko arduradunen hitza aintzat hartu ez izana, kontrakoa, sinesgarritasuna ukatu die eta enpresa pribatu batek egindako dokumentu faltsuak ontzat eman ditu.

Salatzen dugu, halaber, Jaurlaritzak, Osalanen bitartez, lan osasuna kudeatzeko duen modua. Lan osasunari ez zaio behar duen arreta eta trataera ematen, ezta formakuntza eta prebentzioari dagokionean ere. Bizi dugun istripu tasa eta laneko gaitzen indize onargaitzak lotura zuzena du horrekin.

LABek delegatuen formakuntzaren publifikazioa eskatzen du, izan daitezela Osalango teknikariak formakuntza hori ematen dutenak, Nafarroan egiten den modura.

Hori egiten den bitartean, LABek formakuntza enpresetako batzuen hautaketa egingo du, eta LABen delegatuak hitzartutako horitara bideratuko ditu.

Osalanek eginiko kudeaketa traketsak erantzunkizun politikoa dauka. Diru publikoa kontrolik gabe banatzen ari dira euren lana ongi egin ez eta gainera dokumentuak faltsutzen dituzten enpresekin, eta hau gutxi balitz, delegatuen oinarrizko eskubideak zapaltzen dira.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru Nafarroarako gutxieneko soldataren alde CENen, UGTen eta CCOOen aurrean mobilizatu dira

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek salatu dute CEN, UGT eta CCOOek uko egin diotela Nafarroarako gutxieneko soldata negoziatzeari, nahiz eta milaka langileren bizi-baldintzak hobetzea ekarriko lukeen, eta milaka sinadura biltzen hasiko dira gutxieneko soldata propioaren alde.

Nafarroako gutxieneko soldatak bereziki eragingo lieke zerbitzuen sektorean lan egiten duten emakumeei, pertsona migratuei, ezgaitasunen bat duten pertsonei eta gazteei, hauetatik gehienek, estatu mailako hitzarmen kolektiboa dute gainera, edo hitzarmenik gabe daude.

Baina CENek, UGTk eta CCOOk esan dute ez daudela prest akordio interporesionala egiteko Nafarroan Estatukoa gaindituko duen gutxieneko soldata finkatzeko, eta eztabaida elkarrizketa sozialera eraman dute. Horrek agerian uzten du, beste behin ere, elkarrizketa sozialaren barruko akordioen edukia erosoa dela patronalarentzat eta txarra langile klasearentzat.

UGTk eta CCOOk patronalarekin duten aliantzak Nafarroako gizarte osoari kalte egiten diola ere salatu dute. UGT eta CCOO Nafarroan gutxieneko soldata negoziatzeko prest ez egotea langile klasearen interesen aurkako erabakia da. Are ulertezinagoa da UGTren eta CCOOren ezezkoa, kontuan hartuta EAEen gai hau bera negoziatzeko prest daudelako. Hau da, UGTk eta CCOOk gutxieneko soldata hobetzeko borondatea dute EAEn, baina ez Nafarroan.

Nafarroako Gobernuak patronalarekin, UGTrekin eta CCOOekin duen konplizitateari dagokionez, salatu dute Maria Txibite presidentea patronalaren interesekin lerrokatu izana eta Nafarroarentzako gutxieneko soldata propioren aldeko ekimena sustatu duten sindikatuekin biltzeari uko egin izana.

Egoera honen aurrean, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek mobilizazioaren alde egin dute, Nafarroarako gutxieneko soldata baten negoziazioa behartzeko. Horren erakusgarri da CEN patronalaren egoitzatik abiatu den gaurko manifestazioa eta datozen hilabeteetan bilduko dituzten milaka sinadurak. ELAk, LABek, ESK-k, Steilasek, Etxaldek eta Hiruk sinadura bilketa bat jarriko dute abian datozen hilabeteetan, Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdiek gutxieneko soldataren aldarrikapena bere egin dezaten.

15 langileren kaleratzearekin, akordiorik gabe amaitu da Ekide enpresako kontsulta epea

Gaur amaitzen da Arrasateko Ekide enpresako EEE negoziatzeko epea. Enpresak jakitera eman duenez, 15 langile kaleratuko ditu, besteak beste, ekonomia, antolaketa eta ekoizpen arrazoiengatik.

Ekideko 15 langileri eragingo zien EEE bat aurkeztu zela jakinarazi zitzaionetik, enpresak hartutako aldebakarreko erabaki horren aurka agertu zen LAB. Lehen momentutik, EEE erretiratzeko eta kaltetuen zerrenda “boluntarioez” osatzeko prozesu bat abiatzera gonbidatu zuen.

Argi geratu da enpresak ez duela inoiz ezer negoziatzeko borondaterik erakutsi, eta lege-eskakizunak betetzera mugatu da.

Aipagarria da langileen bi ordezkari kaleratu dituztela, enpresa batzordea indargabetzeko ahalegin betean.

Gauzak horrela, LABek ez ditu kaleratzeak onartuko eta horien aurka eta enpresaren etorkizunaren alde borrokan jarraituko du.