2026-02-05
Blog Page 516

Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ez dute Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmena betetzen

0

Hainbat obratara bisitak egin ditu LABek lan-araudia betetzen dela bermatzeko. Ikusitakoen ondoren, Gipuzkoako lau obra salatu ditu Lan Ikuskaritzan, herrialdeko hitzarmena ez betetzeagatik.

Lau obra horietako bi obra publikoak dira, bat ArrasateElorrio-Bergara zatian Abiadura Handiko Trena eraikitzeko Eusko Jaurlaritzak sustatutakoa. Obra honetan jakin dugu langileak 8 ordu ari direla fitxatzen, baina egunero 11 ordu egiten ari direla astelehenetik ostiralera. Kasu honetan, gainera, dokumentuen faltsutze delitu baten aurrean egon gaitezke, eta hori oso larria iruditzen zaigu.

Salatutako bigarren obra publikoa Errotaburun dagoen Gipuzkoako Ogasuneko fatxada berritzeko obra da. Lan hori egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiak Arabako enpresa bat kontratatu du, Indenort S.L., eta honek lan horiek Bizkaiko enpresa bati azpikontratatu dizkio, Euskogres S.L. enpresari. Azken honek, Bizkaiko eraikuntzaren hitzarmena aplikatzen baitie Errotaburuko obran lan egiten duten langileei.

Salatutako beste bi lanak, Igaran (Donostia) zaharren egoitza bat eta Astigarragan etxebizitza batzuk eraikitzea dira. Bertan, salatutako enpresak azpikontratatutakoak dira, eta langileei beren jatorrizko hitzarmenak aplikatzen ari zaizkie, Burgosko eta Madrilgo hitzarmenak, hurrenez hurren.

Salatutako 4 obretan izendatzaile komun bat dago, azpikontratazioa kostuak merkatzeko erabiltzea, langile horiei gutxieneko soldatak ez errespetatzea dakarrena. Administrazio publikoak, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Aldundia dira lurraldeko sektoreko hitzarmena betetzen ez dutenak. Oso larria iruditzen zaigu, eta, horregatik, salaketen kopia bat aurkeztu diegu bi erakundeei, egiten ari direnari erantzuteko.

Salaketa horiek erakusten dutenez, hitzarmena ez betetzea eguneko gai zerrendan dago eraikuntzan, eta sektore horretan ez dago lan-prekarietatearekin amaitzeko borondate politikorik. Ezin dugu onartu erakundeek beraiek arauak ez betetzea eta Gipuzkoa “low cost” lurralde baten irudia proiektatzea.

Hauteskunde autonomikoak laster izango direnez, alderdi politiko guztiei konpromiso argia eta aktiboa eskatzen diegu langileen eskubideak errespetatzeko, baita eraikuntzaren sektorean ere, era guztietako ez-betetzeak prebenituko dituzten benetako neurrien bidez.

Zerbitzu publikoak indartzeko aldarria instituzioetara eraman behar dugu uztailaren 12an

Berreraikuntza baino, langileen neurrirako eredu aldaketa nahi dugu, eta halaxe ari gara aldarrikatzen “Badugu aukera” kanpainaren baitan. Bada, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Zerbitzu Publikoetako Federazioko idazkari Gorka Berasategik agerraldia egin dute egungo egoeran sindikatuaren erronka nagusienetakoak zerbitzu publikoak indartzea eta zaintza sistema publiko bat sortzea direla nabarmentzeko. Hain zuzen ere, bi helburu hauek lortzeko proposamen zehatzak aurkeztu ditugu, eta, uztailaren 12ko hauteskundeen atarian, alderdiei hauek kontutan izateko dei egin diegu.

“Pandemiak oso agerain utzi ditu osasungitzan edota helduen zaintzan dauden hutsuneak. Orain dugu aukera, Zerbitzu publikoen ereduak behar duen aldaketa sakonak egiteko. Pribatizazio, merkantilizazio eta kontzertazio politikekin amaitu behar da. Zerbitzu publikoak ez dira negozioa egiteko, herritarrei kalitatezko zerbitzua eman behar zaie”. Horrela ekin dio Garbiñe Aranburuk bere hitzartzeari, hedabideen aurrean egindako agerraldian.

Hala, herritarrei kalitateko zerbitzua emateko lehenik langileen lan baldintzak hobetu egin behar direla adierazi du, sektore publikoan prekarietatea nagusi delako. Argi dugu sindikatuan: langile publikoen behin behinekotasuna %8ra murriztu behar da; ratioak hobetzeko legea berriak behar dira, zaintzan, osasun arretan eta hezkuntzan; langile interinoen egoerari irtenbide bat ematekoa urgentea da; enplegua egonkortzeko prozesuak martxan jarri behar dira; hizkuntza eskubideak bermatuko dituzten legeak behar dira.

Era berean, herritarrei kalitateko zerbitzua emateko zerbitzu publikoek publiko izan behar dute, egungo ereduak dituen hutsuneetatik abiatuz, lehentasunez:

-Osasungintza sistema publikoa indartzeko apustua egin behar da: Osasungintzan kontzertazioarekin amaitzeko plan bat martxan jarri behar da. Kontzertatuak dauden zerbitzuak publikoak berreskuratu behar ditu; Osasungitza publikoaren zerbitzu katalagoa handitu egin behar da. Adibidez, dentistak;lehen arretaren aldeko apustua egin behar da, baliabideak eta inbertsioa handituz.

-Helduen zaintza publifikatu egin behar da: Enpresa eta fundazio pribatuak erabat desagerrarazi behar dira eta langileen publifikazio prozesuari ekin behar zaio.

Hau guztia posible egiteko, herritarrei kalitateko zerbitzua emateko bidean, zentralizazio politikarekin amaitu egin behar da. Zerbitzu publiko eredua eta langile publikoen lan baldintzak ezin dira Madrilen erabaki. Euskal Herrian erabaki nahi ditugu. Funtzio Publikoaren Estatutua berritu behar da Nafarroan eta EAEn Funtzio Publikoaren Lege burujabe bat onartu behar da, langile publikoen baldintzak estatuaren menpe ez egoteko lege propioak onartu behar dira eta estatuak errespetatu egin behar ditu, esku hartzerik gabe.

Bestalde, ditugun eskumenak baliatu behar dira, sektore publikoa indartzera diru inbertsio handiagoa bideratzeko. Azken urteetan, kontrako bidea egin da eta pandemian ikusi dugu. Azken urte hauetan, EAE zein Nafarroako aurrekontuetan murrizketak egon dira eta geroz eta diru gutxiago bideratu da osasungintzara edota hezkuntzara. Oinarrizko Euskal Sektore Publikoa sortzea proposatzen dugu, esku pribatuetatik legez babestuta.

Sektore publikoa indartzeko diru gehiago inbertitu behar da. Eta ez dago inbertsiorik politika fiskala ukitzen ez bada. Diru gehiago bildu behar da eta modu progresiboagoan egin behar da. Urkullu lehendakariak esan du zergak ez igotzea ez dela murrizketen parekoa, hori gezurra da. Argi hitz egin behar da: egungo Gobernua mantentzen bada, sektore publikoa ahuldu egingo da. Politika neoliberalak eta murrizketa-politika egiten ari dira eta jarraituko dute.

Aldaketa politikoa beharrezkoa
Uztailaren 12ko hauteskundeetarako egun gutxi falta dira. Euskal Herrian gehiengo sindikal eta sozial bat atera da kalera aldaketa soziala aldarrikatzera. Gehiengoa gara beste sektore publiko bat defendatzen dugunak. Asko dugu esateko uztailaren 12an, aldaketa sozialaren aldeko borroka hori erakundeetara eramanez eta aldaketa politikoa bultzatuz.

Gasteizen gaur eta Muxikan bihar; lan heriotzen odolustea salatzen jarraitzen dugu

SEA patronalaren aurrean mobilizatu gara, gehiengo sindikalak deituta, “Lan istripu gehiagorik ez, prekarietate hiltzailea” leloarekin. Hain zuzen ere, ekainaren 29an Gasteizen lan istripua izan zuen langilearen heriotza salatu dugu. Kamioi baten atoitik erori zen, eta zauri larriekin ospitaleratu zuten. Handik egun batzuetara zendu zen. 40 dira, gutxienez, aurten hildako langileak Euskal Herrian. Muxikan bihar elkarretaratzea egingo dugu berriro, joan den astean baso lanetan ari zen langilea gogoan.

Usoako langileak gaur mobilizatu dira berriro, EAJren atzoko ekitaldian gertatutakoagatik suminduta

“Langileen botoarekin, altzairuzko EAJ!”. Andoni Ortuzarren hitzak entzuten ziren oraindik EAJren mitinean, Barakaldon, ertzainek, beren agindu zuzenei erantzunez, Usoako Enplegu Zentro Bereziko langileak bultzatzen eta identifikatzen zituzten bitartean. Atzo gertatu zen hori. Gaur, langileak berriro mobilizatu dira euren eskubideen defentsan, Barakaldoko udaletxe aurrean oraingoan. Hain zuzen ere, udal honen menpeko enplegu zentro berezia da USOA, 350 langile dituena.

Hau da Usoako enpresa batzordearen gaurko oharra:

USOAko langileak, beren lan baldintzen eta USOAren etorkizunaren eske, Barakaldoko Boulevardean kontzentratu ziren atzo. Turutak eta txistuak erabilita, EAJ eta PSOEri, gobernu talde gisa, langileen bizi-baldintzak bermatuko zituen hitzarmen duin bat negoziatzeko eskatu zieten.

Erantzun sendo eta errepresiboak argi uzten du EAJren jarrera USOA langileen eskubideen inguruan eta, oro har, euskal langileen eskarien inguruan. Ez gaituzte entzun nahi.
EAJk ez du langileok esan behar duguna entzun nahi, eta gainera, lan baldintza eta bizi baldintza duinen aldeko oihuak isilarazi nahi ditu.

USOAko enpresa batzordeak erabateko gaitzespena adierazi nahi dio atzoko elkarretaratzean gertatutakoari. Bestalde, azalpenak eskatzen dizkiegu gobernu taldeari, EAJren taldeari eta Amaia del Campo Barakaldoko alkateari. Atzo elkarretaratze horretan gertatutakoak, tailerrerako baldintza duinak eta etorkizuna eskatzeko, EAJk datozen hilabeteetan gizarteari eskainiko dionaren erakusgarri txiki bat dela dirudi.

Enpresa-batzordetik argi daukagu, ez gaituzte isilduko.
Usoa etorkizun eta hitzarmen duin baten aldeko borrokan!
Hurrengo ostegunean, uztailaren 9an, goizeko 11:30ean Barakaldoko Udalaren aurrean mobilizatuko gara.

Aberastasuna banatzea, enplegua sortzea eta eskubideetan aurrera egitea izango dira gure helburuak Gipuzkoako Metalgintza hitzarmenean

0

Gaur, uztailak 7, metalgintzako negoziazio mahaiaren lehen bilera egin da, covid19aren ondorioz 4 hilabetez bildu ezin izan ondoren. Bilera honetan sindikatuok gure proposamenak aurkeztu ditugu. LAB sindikatuak gaur egungo plataforma oso soziala aurkeztu du.

LABen proposamenaren ardatz nagusiak hitzarmen kolektiboari egonkortasuna eta segurtasun juridikoa ematea dira. Izan ere, gaur egun indarrean dagoen hitzarmena 2011koa da, eta lan-erreforma baino lehenagokoa. Horretarako, ezinbestekoa da hitzarmenari ultraaktibitate mugagabea eta haren aplikazioa bermatuko duen klausula ematea. Era berean, gure lan-baldintzak okertzen dituzten estatuko hitzarmenen gainetik aplikatzeko lehentasuna eman behar diogu hitzarmenari. Gipuzkoako hitzarmenak lurraldeko metalgintzako enpresen lan-harremanak arautuko dituen esparrua izan behar du, kanpoko esku-hartzerik gabe. Hitzarmenak soldata-igoerak izan behar ditu, galdutako erosteko ahalmena bermatzeko eta datozen urteetarako KPIa baino igoera handiagoekin. 16 orduko lanaldi-murrizketa, 35 ordura iristeko helburua betetzen joateko, enpleguari eusteko eta enplegua sortzeko eta benetako kontziliazioa gauzatzeko.

Enplegua hobetzen duten neurriak, hala nola behin-behinekotasuna eta ABLEak mugatzea, gazteen kontratua hobetzea, lana eta familia bateragarri egitea (lizentzien hobekuntza gisa), deskonexio digitalerako eskubidea hitzarmenean arautzea eta lanaldia egokitzeko eskubideari edukia ematea. Era berean, hitzarmen honek benetako berdintasuna bermatu behar du, emakumeak sektore horretan sartzen joateko neurriekin.

Honetaz gain, amiantorik gabeko industria baterantz joateko plan bat, bajak osatzea, garraio publikoa eta enpresako autobusa sustatzea, mugikortasun funtzionala duten langileak integratzeko neurriak dira, besteak beste, eskatzen ditugun beste neurri batzuk.

Bileraren alde positiboa izan da guztiok, patronala barne, hitzarmena negoziatzen jarraitzeko prest gaudela. Hortik aurrera, desadostasun eta ikuspuntu ezberdinak azaleratu dira. Hurrengo bilera uztailaren 16an izango da.

Heziketa bereziko langileek zeresan handia dute

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aldebakarrez eta modu ilunean jokatu du azken ikasturteetan zehar. Jokabide hau agerian geratu da eta areagotu egin da azken hilabete hauetan bizitako salbuespenen egoeran. Horregatik guztiagatik, Hezkuntza Sailari gurekin elkartzea eta benetako negoziazioa bideratzea exijitzen diogu.

Hezkuntza Sailan lan legepeko hezitzaileak deitzen gaituzten arren, ezagunagoak gara heziketa bereziko langile gisa. Kolektiboak espezialitate ezberdinetako hainbat langile biltzen ditu, bakoitzak lan espezifiko bat egiten dugularik, funtzio eta zeregin bereiztuekin. Fisioterapeutak, terapeuta okupazionalak, gizarte langileak, transkriptoreak, zeinu hizkutza interpreteak eta hezkuntza laguntza espezialistak aniztasun funtzionala duten haurren autonomia garapenean lan egiten dugu, gela barruan, irakaskuntzako gainontzeko profesionalekin elkarlanean: irakasle, orientatzaile, jantokiko begirale etab.

Urteak daramatzagu kolektiboko langileen lan baldintza eta ikasleen eskubideak aldarrikatzen. 2004an sinatu zen azken aldiz lan hitzarmena eta azken hamasei urte hauen balantzea egingo bagenu, ogi apurrak eman dizkigutela ondorioztatu genezake. 2008ko krisian Hezkuntza Sailak artaziak sakon sartu zituen gurean eta 2018an sinatutako akordioak egoerari buelta ematen ari geniola pentsaraztera eraman bagintuen ere, azken hilabeteetan Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berrikuntzako arduradunek izandako jarrerak bistarazi du zenbaki huts moduan ikusten gaituztela Lakuako bulegoetan. Besteak beste datorren ikasturteko lanpostuen aurreikuspenen argudioak ikasle kopuruan baino ez dituztelako oinarritu, ikasleen ezaugarri eta beharrak kontuan eduki gabe. Agerian utzi dute, beste behin, inklusioa ez dela haien lehentasuna.

Baina guk ere baditugu gure zenbakiak eta oraingo honetan salaketa eta aldarrikapenak egiteko erabiliko ditugu:
Hezkuntza Sailak 20019ko abenduan LEPa iragarri zuen 2018ko akordioan horrela sinatu genuelako baino orduz geroztik ez du ezer gehiagorik aipatu.

12 urte daramagu oposaketen zain, ordezkoen plantilla geroz eta handiagoa da eta ondorioz interinitate tasa %60tik gorakoa da gure kolektiboan.

Azken urteetan sententzia bidezko mugagabe ez finkoen tasa ere igotzen ari da, 38 dira jada eta gainera horietako asko euskara perfilik gabekoak direnez, 23 langile, sortzen ari diren lanpostu horiek espainolez lan egiteko dira.

Hori gutxi ez balitz, administrazioak ez du asmorik lanpostu hauek denborarekin euskarazko perfildunak bilakatzeko eta langileak euskalduntzeko genuen tresna, IRALE, ez da datorren urtean egongo. Non dago Hezkuntza Sailak eta EAJk eukararen aldeko kanpainetan erabiltzen dituzten hitz politak? Hitzetan soilik geratzen dira. Datorren ikasturtean D ereduko ikastetxeetan euskarazko perfilik ez daukaten langileak egongo dira lanean umeekin. Eta non daude euskaraz bizitzeko, ikasteko, komunikatzeko beharrak eta nahiak? Eskola publiko euskalduna?

Bizi dugun pandemia egoerak Heziketa Bereziko sektorean haurren eta langileen osasun bermeak babestea ezinezkoa da ratioei erreparatzen badiegu. Hasteko, ratioak zehaztuta ez daudelako. 14 terapeuta okupazional daude plantillan eta 1.341 ikasle artatu behar dituzte. Bataz beste bakoitzak 95 umerekin egin behar du eskuhartzea.

Fisioterapeutek umeekin egin beharreko saioak murriztu beharko dituzte, ez dira 30 minutuetara iritsiko saio bakoitzeko, ume kopuruak gora egiten baitu fisioterapeuta kopuruak proportzionalki gora egin gabe. Honek ere eskolako gainontzeko profesionalekin koordinatzeko orduak desagertzera bideratuko dituelarik.

Gizarte langileen figura desagertzear dago hezkuntzan eta aski ezaguna dugu pandemia egoerak ikasle zaurgarrienen desorekak handitu dituela. Ikasleen egoera psiko-sozialari erreparatu gabe ez dago aurrera egiterik ikasketa prozesuan eta gizarte langileak baliabide ezin hobeak dira honetarako. Inklusiorako bidea jorratu nahi bada, baliabide profesionalak ezinbestekoak dira.

Datorren ikasturterako ez da heziketa berezian egongo diren NBEez hitz egin eta ez dakigu nola egingo beharko den aurrez aurreko esku hartzea eskoletan, eta are gutxiago behar gehiago daukaten ikasleekin. Behin eta berriz honen inguruan hitz egiteko eser gaitezen eskatu diegun arren hezkuntza berrikuntzak entzungor egiten du.

Prekarietateak hil egiten duela salatu dugu Irunen, beste lan heriotza baten berri izan dugun bitartean

Irun eta Hondarribia arteko Mendeluko biribilgunean elkarretaratzea egin dugu, ostegunean handik metro gutxira dagoen GI-636 errepidean hildako langile autonomoa gogoan. Lan heriotzen odolusteak ez duela etenik salatu dugu. Izan ere, ostiralean ere beste langile bat zendu zen, Muxikan kasu honetan, baso lanetan ari zela; eta gaur beste hildako baten berri izan dugu, ekainaren 29an Gasteizen lan istripua izan zuen langilearen heriotzarekin. Azken hau kamioi baten atoitik erori zen, eta zauri larriekin ospitaleratu zuten. 40 dira jada, gutxienez, Euskal Herrian aurten lanean hil egin diren langileak.

Inoiz baino beharrezkoagoa jotzen dugu Gipuzkoako metalgintzako langileek hitzarmen eguneratu eta duina izatea

0

LABek anbizioz eta ilusioz ekingo dio Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren negoziazioari. Covid-19k sortutako egoeraren ondorioz 4 hilabetez bildu ezin izan ondoren, bihar, uztailak 7, hasiko dira Gipuzkoako metalaren hitzarmena berritzeko negoziazioak.  

Zalantzazko une hauetan, LABek uste du inoiz baino beharrezkoagoa dela Gipuzkoako metalgintzako langileek negoziazio esparru arautzaile propioa, egonkorra eta langileen eskaera nagusiei erantzuten diena izatea. 9 urtez hitzarmenik gabe egon ondoren, asko dira konpondu beharreko gaiak.  

LABek plataforma berritu eta gaurkotu bat aurkeztuko du bihar, hainbat elementu berritzaile eta sozial biltzen dituena, hala nola, lana eta familia uztartzea errazteko neurriak, lizentziak hobetzea, deskonexio digitalerako eskubidea bermatzea, aukeraberdintasuna eta emakumeek metalgintzan duten presentzia bermatzea, azpikontratatutako langileen subrogazioa bermatzea, gazteen kontratu-egoera hobetzea… Halaber, plataforma honek elementu historikoak eta funtsezkoak biltzen ditu, hala nola erosteko ahalmena bermatzen duten soldata-igoerak, lanaldia murriztea familiaren zaintza errazteko, lan-prekarietatearen aurkako elementuak, besteak beste, behin-behinekotasuna murriztea eta ABEEak mugatzea, edo lan-erreforma kanpoan uztea ultraaktibitatea bezalako neurriekin eta hitzarmena aldebakarrez bertan behera uzteko aukerarik ez izatearekin.  

LABen argi dugu bide hau langileekin batera egin behar dugula; horregatik, plataforma ehunka langilerekin elkarbanatu dugu, ekarpenak jaso ditugu eta datozen urratsak ematerakoan ere langile kolektibo guztiaren ekarpenak ezinbestekoak izango direla argi daukagu. Horregatik, aktibazioa eta borroka ere lan zentro guztietara hedatu beharko da; tokian tokiko aldarrikapen eta borrokak sektorearekin uztartuz.  

Gainera, sektorean emakumeon egoera nolakoa den ikusirik, metalgintzako LABeko emakumeekin ere bilerak abiatu genituen, bide horretan urratsak ematea ezinbestekoa izango da.  

Ez dago aitzakiarik hitzarmenaren negoziazioari aurre ez egiteko. Bihar, patronalaren benetako negoziatzeko borondatea zein den ikusteko aukera ona izango da. LABek indar guztiekin egingo du borroka, oraingoan bai, hitzarmen duin bat lortzeko Gipuzkoako metalgintzako langile guztientzat.  

Bilera bihar goizeko 9:30ean izango da Donostian, Adegi patronalaren egoitzan.

[IRITZIA] “Negu gorriak euskarazko hezkuntzan”

LABeko Hezkuntza Politikako kide Izarne Zelaiak, Irati Tobarrek eta Ibai Redondok euskal eskola publiko komunitarioari buruz idatzi dute: “Euskaldunon eta euskaltzaleon ardura da, behetik gora, auzolanean, elkarlanean euskarazko hezkuntza sustatzea eta aldaketa sakonak eragitea”.

“Aurrerantz goaz edo atzerantz goaz?” abesten zuen Negu Gorriak taldeak Esan Ozenki bere abesti ezagunean. Azken urteotan hau izan da hezkuntza komunitateak maiz bere buruari egin dion galdera, euskararen ezagutza eta erabilera zein D ereduko matrikulazioaren hazkuntzan geldialdia nabaritzen genuelako. Gaur, ez dago zalantzarik: geldialdia gaindituta atzerantz goaz Euskal Herriko lurralde gehienetan. Zerbait egin ezean negu gorria dator euskararentzat (eta ez Muguruzatarrena).

Euskararen ezagutzan, erabileran eta kalitatean atzera goaz zoritxarrez, hori da, besteak beste, EAEko Hezkuntza Sailak argitaratu duen ikerketak esaten duena. Datuak beldurgarriak dira eta erreakzioa eskatzen dute, adibide bat ematearren, derrigorrezko hezkuntza amaitzean ikasleen euskara mailan egin den atzera pausua oso handia izan da: DBH2n, euskaraz hasierako maila (baxuena) lortzen duten ikasleen kopurua %33tik %53ra pasa da 10 urtetan; kontrara maila ertaina edo altua lortzen dutenak %67tik %47ra. Dauden programak indartu, berriak martxan jarri, ratioak txikitu, metodologia komunikatibo-parte hartzaileak abiatu eta hizkuntza eredu desberdinak kentzea, euskarazko murgiltze eredua orokortuz, beharrezko neurriak dira besteak beste. Zoritxarrez, Eusko Jaurlaritzak, neurri batean arazoa onartu, baina, neurriak beste norabide batean hartu ditu. Murrizketak egiten ari da Hezkuntzan eta bereziki euskara indartzeko programetan: formazioan (Iralen lanpostuen herena galduko da); ikasleentzako Euskal Girotze Barnetegiak bertan behera utziko ditu; “Hamaika esku” murrizketa gogorrak egiten ari da ( jatorri atzerritarreko ikasle ugari biltzen dituen programa), eskoletako zuzendaritzekin lehia gogorrean daude momentu honetan; HIPI postuak murrizten ari dira ( jatorri atzerritarreko ikasle etorri berriei euskara erakusteko lan postuak); atzerrian ikasten ari diren ikasleek ( asko diplomatiko eta goi karguen seme alabak) ez dute euskara dakitela ziurtatu beharko tituluak eskuratzeko; Heziketa Bereziko 38 lanpostu perfilik gabe sortu ditu, 23 irakasle erdaldun gehiago lanean hasi dira, horietako gehienak D ereduko eskoletan; eta prestatzen ari den Hezkuntza Lege Berrian Jaurlaritzak ez du murgiltze eredua ezartzeko konpromisorik hartzen.

Zer esan Nafarroako egoeraz. Artikulu honetan, ez dugu hitz egingo euskarak unibertsitate eta lanbide heziketan bizi duen egoeraz, ia existitu ere ez da egiten. Iruñean UPNk alkatetza hartu zuenetik euskarazko irakaskuntza izan du jo puntuan. Udal Haur Eskoletan euskaraz matrikulatzeko plazak asko murriztu ditu eta haur ugari gelditu da kanpoan. Nafarroako Gobernua ere, karramarroarena egiten ari da, atzerantz ibiliz D ereduaren hedapena gelditu nahian: Mendigorrian D eredua debekatuz, hizkuntza ereduak mantenduz eta zentzu honetan hainbat eskolari PAI (ingeles-gaztelera) eredutik irtetea debekatuz ( Castejonen adibidez). Zorionez, Nafarroan Esan Ozenkiren letretran oinarrituz, “Euskalduna naiz eta harro nago” abestiaren ideiari jarraituz, jarrera euskarafoboen aurrean antolatu, mobilizatu eta alternatibak eraikitzen ari dira. Euskarazko irakaskuntzaren aldeko mobilizazio handiak egin dituzte aurten, Mendigorrian D eredua zabaltzeko lan izugarria egiten ari dira (Nafarroako Gobernua estu hartuz) eta Iruñean euskarazko haur eskoletan lekurik ez dagoela ikusita, proiektu alternatibo bat osatzen ari dira dozenaka familia ikuspegi publiko eta komunitarioarekin.

“Gora Herria” zioen Fermin Muguruzak kantuan, zazpi herrialdez osatutako herria, Euskal Herria. Ipar Euskal Herrian ere “kolpez, kolpe”, herriz herri, euskarazko irakaskuntza bidea egiten ari da. Auzolanean, komunitatea aktibatuz, estatu zentralistaren oztopoen gainetik, maiz udalen konplizitatea aurkituz Ikastolak hedatzen ari dira eta baita euskarazko eskola publikoak ere. Egoera latzean irtenbide komunitarioak aurkitzen ari dira eta bide horretan, udalez gaindiko administrazioaren, Euskal Elkargoaren engaiamendua areagotzea ere beharrezkoa da. Oraindik orain ikasleen %40ak soilik ikasten du lehen hezkuntzan euskaraz edo eredu elebidunean; bigarren hezkuntzan edo kolegioetan egoera okerragoa da, ikasleen %22k.

LABetik mezu argi bat zabaldu nahi dugu. Gaur egungo hezkuntza sistemak agortuta daude. Ez dute balio euskalduntzeko, ez dute balio gure kulturaren transmisiorako, segregazioa gainditzeko edo hezkuntza hezkidetzailea bermatzeko. Gaur indarrean dauden hezkuntza Sistema Española eta Frantsesa, zentralistak, neoliberalak eta heteropatriarkalak direlako. Hezkuntza sistemaren erroko eraldaketa bat beharrezkoa da, ezin dugu hezkuntza zapaltzen gaituzten estatuen eskuetan utzi, gure herriaren beharrei erantzungo dien hezkuntza burujabea behar dugu: Euskal Eskola Publiko Komunitarioa. Administrazio autonomiko eta estatalak euskarazko hezkuntzaren aurkako politikak egiten ari dira. Euskaldunon eta euskaltzaleon ardura da, behetik gora, auzolanean, elkarlanean euskarazko hezkuntza sustatzea eta aldaketa sakonak eragitea. Horretan ari dira momentu honetan Euskal Herriko zazpi herrialdetan langile, guraso eta milaka ikasle, zuen alboan gaituzue. Bultza euskal hezkuntza. Bultza euskal eskola publiko komunitarioa.