2026-05-13
Blog Page 5

Igor Arroyo: “Batzuentzako prekaritatea dena, beste batzuentzako etekinak dira”

LABeko koordinatzaile orokorrak elkarrizketa eman du gaur goizean Naiz Irratiko mikrofonoetan. Greba Orokorraren osteko egoeraz, lan osasunaz, euskara eskakizunen aferaz edota, nola ez, biharko, Maiatzaren Lehenerako, sindikatuak eginiko deialdiez mintzatu da, besteak beste.

Langileen aldeko politiken beharra ipiniko dute erdigunean biharko, Langileen Nazioarteko Egunerako, LAB sindikatuak eskualdez eskualde deitutako mobilizazioek. Ildo horretan, hiru aldarrikapen nabarmenduko dira: etxebizitza eskubidea, kalitatezko zerbitzu publikoak eta soldata nahiz pentsio duinak. Izan ere, Arroyok nabarmendu duenez, “sistema bidegabe eta gero eta bideraezinago batean bizi gara” eta, horren aurrean, “alternatibak planteatu eta mugatuak diren baliabideak modu justuan banatu behar dira”.

Enplegua, zaintza eta etxebizitza, langileontzako bermatuak egon beharko liratekeenak, etekinak eskuratzeko bitarteko gisa erabiltzen diren honetan, Arroyok uste du agintari eta instituzioek harturiko neurriak guztiz eskasak direla eta gaur-gaurkoz ez dagoela langileen aldeko sakoneko neurriak hartzeko borondaterik; bai, ordea, patronalaren interesetara lerratzekoa. Bada, jarrera horrek gero eta ondorio politiko handiagoak izango ditu LABeko koordinatzaile orokorraren ustez, langileak ez baitaude prest desoreka hori luzaroagoan jasateko.

Aipaturikoaz gain, absentismoaren gezurra erabilita patronalak langileak desprestigiatzeko abiaturiko kanpaina hartu du ahotan Arroyok, eta gogorarazi du enpresariei merke ateratzen zaiela lan osasunaren arloan legea ez betetzea. Bada, ikuskari kopurua, “guztiz urria” dena, areagotu behar dela aldarrikatu du.

Bolo-bolo dabilen euskara eskakizunen gaiari ere heldu dio LABeko koordinatzaile orokorrak, aipatu duelarik, LABen ustez, euskarak gaztelaniaren estatus bera izan behar duela eta oinarri hori aintzat hartuta ezarri behar direla hizkuntza eskakizunak enplegu publikoan, herritarren hizkuntza eskubideak bermatuko badira.

Horregatik guztiagatik, bihar kalera ateratzearen eta langileon eskubideen alde borroka egitearen garrantzia azpimarratu du Arroyok.

Enplegu Publikoaren Legean PSE-EEren eta beste eragile euskarafoboen presio kanpaina gainditzera deitu dute LABek, ELAk eta Steilasek

Alderdi politiko, sindikatu eta komunikabide euskarafoboak presio antolatua eragiten ari dira administrazioen euskalduntzea ekiditeko; kriminalizazio eta presioen aurrean eragile eta norbanako euskaltzaleak maiatzaren 9an mobilizatzera deitu dute sindikatuek.

Azken hilabeteetan eragile eta sindikatu euskaltzaleen aurkako kanpaina egiten ari dira PSE-EE eta beste eragile euskarafobo batzuk. Eragile hauek iraganeko posizioetan atzera egin dute: uko egin diote administrazioetan eta gizartean hizkuntza eskubideak progresiboki parekatzeari eta euskara gaztelaniaren menpeko hizkuntza gisa betikotu nahi dute.

Orain 40 urte, PSE-EE eta beste eragileak ados zeuden gizartearen euskalduntze progresiboa eman beharrarekin, baina orain, hori gauzatzeko neurriak adosterakoan, beto eskubidea ezartzen dute. Hala egin zuten Hezkuntza Legean euskalduntzea oztopatzen dute A eta B ereduak inposatu zituztenean, eta hala ari dira orain, administrazioetan euskararen eta gaztelaniaren exijentzia progresiboki parekatzea eskatzean. Eragile hauek guztiak euskararen alde azaltzen dira, betiere, gaztelaniaren menpekoa den bitartean.

Kriminalizazio kanpaina horretan kokatu behar dira, besteak beste: administrazioetan hizkuntz eskakizunak kentzeko kanpaina antolatua, epaileen doktrina aldaketa atzerakoiak, Korrikaren aurkako komunikazio kanpaina, LAB eta ELA eremu sozioekonomikoko eztabaida batzordetik kanporatu izana edo, atzo gertatu bezala, PSE-EEk bultzatutako manipulazio kanpaina, EH Bildurekin akordioak egin ez daitezen.

LABen, ELAren eta Steilasen iritziz, kanpaina honek sakoneko eztabaidatik aldentzea dakar, eta, edukiei buruzko eztabaida egin beharrean, eragile euskaltzaleak ustez muturreko posiziotan daudela aditzera ematea, ondoren PSE-EEk eta gutxiengo sindikalak beto eskubidea izan dezaten. PSE-EEk beto eskubide hori gauzatu nahi du gaztelaniaren nagusitasuna betikotzeko.

LABen, ELAren eta Steilasen iritziz Enplegu Publikoaren Legearen baitan hiru printzipio bete behar dira:

• Euskararen eta gaztelaniaren exijentzia parekatzea.
• Parekatze horretarako epemuga eta helburuak zehaztea.
• Zehaztutako epemuga horretan euskararik ez dakiten herri-langile guztiei euskalduntzeko aukera, denbora eta baliabideak eskaintzea.

Proposamen honek hizkuntza eskubideen parekatze progresiboa posible egiten du, euskararik ez dakiten langile guztiei euskalduntzeko aukerak emanez. Soilik horrelako proposamen batek egiten du posible lan eskubide guztiak errespetatzea; hau da, inoren lana arriskuan ez jartzea euskalduntzeko aukera errealak eskainiz eta langileek euskaraz ere lan egiteko eskubidea izatea.

Pasa den asteko Eneko Anduezaren eta asteburuko Mikel Torresen eta PSE-EEren adierazpen guztiek argi uzten dute euskaltzaleen posizio politikoak manipulatzen ari direla. LABek, ELAk eta Steilasek alderdi politikoak deitzen dituzte, eta bereziki EAJ, PSE-EErekiko harremanak hizkuntz eskubideen zapalkuntzan ez oinarritzera.

Azkenik, kriminalizazio eta manipulazio kanpaina honen aurrean euskaltzaletasuna antolatzera deitzen dute LABek, ELAk eta Steilasek, lehenbizi, maiatzaren 9an Bilboko kaleetan eta, ondoren, ekainaren 13an Iruñean.

LABek 1.500 euroko soldata bermatuko duen Nafarroako Kirol kudeaketako hitzarmenaren aurreakordioa sinatu du

Negoziazio mahaian ordezkaritza duten sindikatuek (LABek, ELAk, CCOOk eta UGTk) aurreakordioa sinatu dute apirilaren 21ean, besteak beste, 1.500 euroko sektoreko gutxieneko soldata ezartzen duena.

Negoziazioak hilabetez blokeatuta egon ondoren, martxoaren 17ko Greba Orokorra eta gero lortu da aurreakordio hau, datu esanguratsua sindikatuarentzat: “ospatzekoa da sektoreko soldata baxuena 1500 euroren gainetik egotea, eta hau, Martxoaren 17an kalera atera ziren langile guztiei esker lortu dugu”.

Sindikatuaren ustez, aurreakordio berria aurrerapen nabarmena da CCOOk eta UGTk 2022an sinatutako eraginkortasun mugatuko aurreko hitzarmenarekin alderatuta. Hitzarmen horrek, gogorarazi duenez, “sektorea desitxuratu zuen”, gehiengo sindikalak errespetatu ez zituelako eta “beren eskubideen alde borrokan aritu ziren sektoreko langileen gainetik pasatu zelako”.

Testuinguru horretan, LABek bere papera aldarrikatu nahi izan du CCOO eta UGT “beren tokitik mugiarazteko eta negoziazioa baldintzatzeko, aurreko negoziazioetan lortu ez ziren hobekuntzak bermatuz eta patronala deseroso sentiaraziz”.

Hitzarmen berriak eros ahalmena bermatzen du eta soldatak igotzen ditu, igoerak lehen urtean soldata errealei aplikatuz. Gainera, aurreko negoziazioetan ez bezala, urteko lanaldia murriztea lortu da. Bestalde, azkeneko kategoria azken aurrekoarekin parekatuko da, sektorea 1.500 euroren gainetik kokatuz. Neurri horiekin, akordioak lan-baldintzak hobetzen ditu sektore osoan, 2022ko eraginkortasun mugatuko hitzarmena gaindituz.

Hala ere, hobetzeko alderdi garrantzitzuak oraindik falta direla adierazi du LABek, hala nola gaixotasun osagarrien igoera edota antzinatasuna. Horregatik, sindikatuak langile-klasearen baldintzak hobetzeko borrokan jarraitzeko konpromisoa hartu du.

Ezkaba mobilizatu da 190 etxebizitza babestuen deskalifikazioaren aurka

Txantrea auzoko Ezkabako bizilagunek, LABek lagunduta, salatu dute 2027. urtean Babes Ofizialeko 190 etxebizitza deskalifikatuko dituztela. Honek, adierazi dute, merkatu pribatuan sartzea ekarriko du, “etxebizitza eskubidearen aurkako mehatxu zuzena” dena. Gaur elkarretaratzea egin dute Diputazioaren aurrean eta Begoña Alfaro Etxebizitza Kontseilariarekin premiazko bilera eskatu dute.

Mobilizazioan, kaltetutako bi bizilagunek komunikatu bat irakurri dute auzotar guztien izenean, eta bertan azpimarratu dute ez daudela “arazo indibidual baten aurrean, erantzun estrukturalak eskatzen dituen lehen mailako gatazka sozial baten aurrean baizik”. Azaldu dutenez, etxebizitza horien izaera babestua galtzeak atea irekiko lieke alokairuen neurriz kanpoko igoerei, kontratu ezegonkortasunari eta gaur egun bertan bizi diren familiak kanporatzeari.

Komunikatuan, auzokideek salatu dute etxebizitza ezin dela “etekin ekonomikoaren logikari bakarrik lotutako merkatu-ondasun gisa tratatu”, eta gogorarazi dute erakunde publikoek, UPNren eta PSNren gobernupean, hainbat hamarkadatan baliabide publikoak —lurzorua, diru-laguntzak, zerga-onurak— bideratu dituztela, “azkenean, interes partikular eta espekulatiboetarako” erabili direnak. Kritikatu dute eredu horren ondorioz, Nafarroan milaka etxebizitzaren izaera soziala pixkanaka galtzen eta parke publikoa murrizten joan direla.

Ezkabaren kasuan zehazki, 190 etxebizitza horiek deskalifikatzeak bizitegi-egonkortasunari mehatxu zuzena dakarkiola ohartarazi dute. “Etxebizitza horien izaera babestua galtzeak, praktikan, gure etxeetan bizitzen jarraitzeko ezintasuna ekarriko luke”, adierazi dute, eta, aldi berean, gogorarazi dute familia asko laguntza publikoen mende daudela eta beren diru-sarrerekin ezin dutela merkatu libreko etxebizitza bat lortu eta mantentendu, “gero eta garestiagoak eta errealitate sozialetik urrunagoak” diren prezioak kontuan izanda.

Auzokideek nabarmendu dute ere etxebizitza politika publikoen egiturazko kontraesana deritzotena. Izan ere, “etzebizitza eskubidea oinarrizko eskubidetzat onartzen den bitartean, erabilitako tresnek hura ahultzen lagundu dute”. Parke publiko sendo, iraunkor eta desmerkantilizatu baten falta salatzen dute, biztanleriaren geruza zabalak etengabeko ahultasun egoeran uzten dituenak.

Egoera honen aurrean, Ezkabako bizilagunek kolektiboki antolatzea erabaki dute. LAB ekintza sindikala dinamizatzen ari da haiekin eta aldarrikatzen du baliabide publikoekin eraikitako etxebizitzek merkatu espekulatibotik kanpo modu mugagabean iraun behar dutela eta alokairu sozialeko parke publiko egonkorra bihurtu.

Horregatik, “berehalako neurri ausartak” exijitzen dizkiote Nafarroako Gobernuari, besteak beste, etxebizitza horien deskalifikazioa galaraztea, etxebizitza parke publikoa indartzea, alokairu kontratu mugagabeak bermatzea eta prezioak arautzea, biztanleriaren errealitate ekonomikora egokitzeko. Horrekin batera, euren etxeak eta auzoan egoteko duten eskubidea defendatzeko mobilizazio dinamika iraunkor baten hasiera iragarri dute, mezu argi batekin amaituz: “Ezkaba defendatzea guztointzako etxebizitza eskubidea defendatzea da”.

Ibernovako langileek greba deitu dute apirilaren 29rako, erosteko ahalmenaren galera eta soldaten akordiorik eza direla eta

Ibernova 2023an sortu zen, Erresuma Batuko GTO inbertsio-funtsak Ayesako Smart Factory unitatea erosi ondoren — KARTESIA inbertsio-partzuergoarekin batera —, eta bere lehen lan-gatazkari aurre egin behar dio, hainbat hilabetez soldata-baldintzen inguruko desadostasunak izan ondoren.

Egungo Ibernovaren jatorria Ibermaticako Smart Factory unitate zaharra da, industria-enpresa txiki eta ertainentzako soluzioetan espezializatua. 2022an Aiesak Ibermática erosi ondoren, banaketa hori banandu eta atzerriko kapital inbertitzaileari saldu zitzaion, enpresa-egitura berria sortuz.

Ordutik, langileek gero eta ziurgabetasun handiagoa dute. Subrogatutako langileek, teorian, aurreko hitzarmeneko baldintzei eusten dieten bitartean, langile berriak aholkularitzen Estatuko hitzarmenaren pean egiten ari dira, lan-baldintza txikiagoekin. Zergapetze horrek soldata-arrakala handia eta lan-eskubideen arrakala sortzen du enpresa bereko langileen artean.

Hainbat bilera egin dituzte langileen ordezkariek eta Ibernovako zuzendaritzak, langile guztien eskubide-berdintasuna bermatu ahal izango duen enpresa-hitzarmen berri bat idazteko. Enpresak jakinarazi du ez duela asmorik Ibermáticako hitzarmena kontratazio berriei aplikatzeko. LPZk dokumentu bat aurkeztu du hainbat proposamenekin, 4 urterako soldatak eguneratzeko plan bat barne. Zuzendaritzak uko egin dio proposamen horiei buruz hitz egiteari, beste abisu bat eman arte.

Testuinguru horretan, 2026. urtearen hasieran, zuzendaritzak % 1,25eko soldata-igoera planteatu zuen. Igoera hori ez zen nahikoa, argi eta garbi, 2025ean erregistratutako KPIaren % 2,90aren aldean, eta ez ditu kontuan hartzen enpresaren emaitza onak eta plantillak azken urteetan izan duen erosteko ahalmenaren galera. Bi aldeek hainbat bilera egin dituzten arren, enpresa-proposamenak ez dira langileen aldarrikapenetara hurbildu, eta ustezko negoziazio batekin mozorrotu dute inposizioa.

Negoziazioan aurrerapenik ez dagoenez, langileek 2026ko apirilaren 29rako greba-eguna deitzea erabaki dute, hainbat mobilizaziorekin batera, bizitzaren kostuaren bilakaerarekin bat datozen soldata-baldintza bidezkoak eskatzeko.

Deialdia mota horretako lehen mobilizazio kolektiboa da enpresan, eta plantillaren eskaerei erantzungo dien benetako negoziazio-prozesu bat irekitzeko beharra helarazi nahi dio zuzendaritzari. 

Egiturazko prekarietatea lehen lerroan; arrakala estrukturalak eta industriaren gainbehera

Biztanleria Aktiboaren Inkestak langabeziak gora egin duela erakusten digu, lan merkatuaren egoera larri eta kezkagarrian utziz. Hego Euskal Herriko langabezia tasa %8,4koa da urteko lehen hiruhilekoan, azken urtean baino 12.500 langabetu gehiago daudelarik. Hobekuntza puntual batzuk badaude ere –6.500 langile gehiago lanean, 19.000 aktibo gehiago– egiturazko arazoak areagotu egin dira, azken urteko datu tamalgarrienak adieraziz. 

Prekarietateak, halaber, izen abizen zehatzak ditu: langabezia adinaren, jatorriaren eta generoaren arabera banatzen dela aspaldiko premisa da. Eta, urteak daramatzagu salatzen arazoa estrukturala dela. Egiturazko arrakalak ditugu mahai gainean. 

Esan bezala, prekarietateak ez digu denoi modu berean eragiten. Emakumeak gara talde zaurgarrinetako bat. Azken urtean, 16.400 emakume gutxiago daude lanean eta 15.200 emakume gehiago lan bila. Gizonen artean, berriz, 22.900 langile gehiago daude lanean eta 2.600 langabetu gutxiago. Emakumeen langabezia tasa %7,3tik %9,5era igo da, eta aktibitate tasa %52,45ean geratu da (gizonena %60,88). Horrek zera adierazten du: emakumeen ia erdia ez dagoela lan-merkatuan sartuta, bitik bat.

Emakumeez gain, gazteak eta migratuak dira kolpatuenak. Nahiz eta gazteen langabezi tasa jaitsi egin den, 12.500 langabetu gehiago dira (aktibo kopuruak gora egin baitute). Migratuen egoera are zaurgarriagoa da. Arrakala arrazistaren bete-betean gaude: migratuen langabezi tasa %28,3ra igo da. Horien artean, gizonak %21 dira, eta emakumeak % 35,8. Hiru adierazleak uztartuz gero, emakume arrazializatu gazteak dira talde zaurgarriena, sistemaren problematikak agerian utziz. 

Langabeziak sektore bakoitzean izaniko bilakaerari dagokionean, azken urtean gora egin du zerbitzuetan (%16,91ko langabeziarekin), eta bereziki industrian, non langabetu kopurua %31,53 hazi den. Industriaren kasuan, denboraldia da jada horren gainbeheraren ikusle izan garela. Eta, bereziki kezkagarria da etorkizunean izango duen eraginarengatik. Gure jendartean horren ondorioak ikusten hasi gara; Maderas Llodio eta Tubos Reunidos-ekin, enpleguaren defentsan daudelarik.

Gero eta testuinguru ezegonkorragoan gaude, langileria espazio arrotz batean egotera behartzen ari dira. Honen aurrean, borroka sindikalak izan behar du erantzuteko tresna. Kapitalismoa mozorrorik gabe azaltzen den momentu honetan, patronala ezezkoan agertzen da gutxieneko soldataren negoziazioaren aurrean eta instituzioak kudeatzen ari diren alderdiak ere ezezkoa eman dute. Datuek erakusten dute, bizitzaren etengabeko garestitze honetan langile klasea dela kaltetuena. Behin eta berriz azpimarratu dugu langabezia datuek bakarrik ez digutela enpleguaren eremuko argazkiaren berri ematen. Izan ere, enplegu prekarioak egunerokotasunean aurkitzen ditugu, eta halako enplegua edukitzeak ez du bermatzen subjektua pobrezia-ataletik kanpo kokatzea.

Horrexegatik guztiagatik, borroka sindikalaren beharrean erabat sinetsirik, gure aldarrikapen nagusiak kaleetara eramango ditugu. Funtsean, sistema kapitalista heteropatriarkal eta kolonial honi aurre egiteko, lehenik eta behin, gutxieneko soldata eta pentsioa eskatzen dugu, bizitzaren garestitzeari erantzuteko. Zerbitzu publikoak sendotu hezkuntza, osasuna edota zaintza eskubidea bermatzeko. Horrekin batera, etxebizitzaren gaineko espekulazioarekin amaitu, eta trantsizio ekosoziala eta enplegua defendatu. Langile klase osoaren bizi eta lan baldintzak hobetuko dituen bidean gaude. 

Energia arloko menpekotasunaren aurrean burujabetzaren aldeko apustuan sakondu behar dela adierazi dugu

Gaur da urtebete Hego Euskal Herria argindarrik gabe utzi zuen itzalaldi hura gertatu zela, zeinak agerian utzi baitzuengeure esku ez dauden energia azpiegiturek zenbateraino baldintzatzen duten gure egunerokoa. Bada, horren aurrean alternatibak eraikitzeko beharrizana azpimarratu dugu Euskal Herriko hainbat eragilerekin batera.

Itzalaldiaren urteurrenean, burujabetzaren aldeko manifestu kolektiboa sinatu dugu jarraian zerrendatutako eragileok: LAB, Olatukoop, Udalbiltza, REAS Euskadi, ELA, Etxalde, ESK, Joxemi Zumalabe Fundazioa, Ekhilur, EH KOM, Talaios, Koop57, Goiener, Izarkom.

Jarraian irakur daiteke manifestua osorik:

2025eko apirilaren 28a. 12:33. Gure oroimenean iltzatuta geratuko den eguna, ia Hego Euskal Herri osoa argindarrik gabe eta inkomunikatuta geratu baitzen. Herri edo auzo askotan orduak, egunak behar izan zituzten normaltasunera itzultzeko. Gaur, urtea bete den arren, oraindik ez dago argi zerk eragin zuen aurrekaririk gabeko itzalaldi hura. Aitzitik, agerikoak bezain sakonak dira etenaldi horrek eragin zituen ondorio sozial eta ekonomikoak.

Izan ere, apirilaren 28 hartan dena gelditu zen bat-batean: ospitaleak, industria eta garraioak; milaka enpresa eta merkatari txikik galera izugarriak izan zituzten; beldurra etxeraino sartu zitzaigun, eta herritar asko, gertatzen ari zena ulertu ezinik, babesik gabe sentitu ginen. Internet eta argindarrik gabeko iluntasun hark argi erakutsi zigun, inoiz baino konektatuago gaudela uste dugun garaiotan, zein menpekoak eta zaurgarriak garen.

Egungo eredua ezbaian

Zergatik kontraesan hori? Bada ontzat eman dugulako gure oinarrizko beharrak — energia edo komunikaziorako teknologiak, esaterako — oligopolio handien eta multinazional gutxi batzuen eskuetan uztea. Eredu horrek ez du sinesten kontrol demokratikoan, onura pribatuan baizik; eredu horrek ez du bermatzen herritarren parte-hartzea, bai ordea dinamika global basatia; eredu horrek huts egin zuen duela urtebete, eta gure bizitzak kolokan jarri zituen.

Etenaldi handi hark ez gintuen soilik ilunpetan utzi; ispilu bat ere jarri zigun gure begien aurrean eta ohartu ginen gure askatasuna eta ezinbestekoak ditugun azpiegitura kritikoak besteren esku utzi ditugula. Zorionez, ez da beranduegi. Zorionez, bada beste modu bat.

Herri alternatibak

Urtebete geroago hemen gaude, lau haizeetara aldarrikatzeko premiazkoak ditugula sare autonomo, demokratiko eta parte-hartzaileagoak; beharrezkoa dugula tokiko ekonomiak eta komunitateak indartzea; eta, ezinbestekoa dugula guztionak diren oinarrizko ondasunen gaineko burujabetza berreskuratzea. Kontua ez da mundutik baztertzea; eredu zentralizatu eta basati horrek eragindako itzalaldien aurrean elkar konektaturiko herri alternatiba iraunkorrak piztea, baizik.

Gaur urtebete ohartu ginen, inoiz baino gehiago, elkarren beharra dugula eraldaketa ekosozialaren bidean aurrera egiteko eta hala egunerokoan, nola hurrengo itzalaldian, ez gaituztela irabazien gose diren multinazionalek babestuko.; bai, ordea, komunitatean jositako sare sendoek.

Egitura komunitario horiek sortu eta babesteko bidea elkarrekin egin behar dugu. Horretarako, premiazkoa da gure kontsumo-ohiturak ikuspegi kritiko batetik aztertzetik hasi eta eztabaida irekitzea. Zer eredu nahiago duzu? “Erabili eta bota” ala “erein, zaindu eta jaso”?

Piztu ditzagun alternatibak

Energia edo komunikaziorako teknologiak, esaterako, gaur egun oinarrizko eskubideak dira, eta zerbitzuok ezin dira boteredun gutxi batzuen mende egon. Zenbait herri-proiektuk egunero frogatzen dugun moduan, kudeatu daitezke justizia soziala, iraunkortasuna eta parte-hartze demokratikoa ardatz hartuta.

Duela urtebeteko itzalaldi handiak agerian utzi zituen gure gizartearen miseriak eta jostura ahulak, baina baita elkartasunerako eta zaintzarako dugun gaitasuna ere. Horren adibide da sortu zen argi-printza txiki bat: Goiener eta Izarkom kooperatibek elkarlanean abian jarritako “Itzali sistema, Piztu alternatibak” ekimena, gizarte-mailan babes handia jaso zuena. Hartara gehitu ginen sinatzaileok, itzalaldiaren urteurren hau baliatu nahi dugu, inoiz baino gehiago, bestelako ekonomia eredu bat eta herri alternatibak aldarrikatzeko.

Orain da ekiteko unea. Herritarrok, erakunde publikoek eta kooperatibok indarrak batu behar ditugu trantsizio ekosoziala bultzatzeko. Itzalaldi gehiago saihesteko. Benetako alternatibak pizteko.

[ARGAZKI GALERIA] LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta HIRUk absentismoaren gezurra salatu, eta lan-eskubideen defentsa aldarrikatu dute apirilaren 28an

Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Eguna da apirilaren 28a. Hori dela eta, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuek manifestazioa egin dute Donostian, Absentismoa: gezurra ari du. Gure lan-eskubideak defenda ditzagun! lelopean. Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren parean amaitu da mobilizazioa, eta sindikatuek 2025ean Euskal Herrian hildako 84 langileak irudikatu dituzte.

Patronalak horrenbeste aipatzen duen absentismoa langileen prekaritatea baino ez dela salatu dute sindikatuek, eta prebentzio falta ere prekaritatea dela.

Mobilizazioaren deitzaileak diren sindikatuek uste dute negozioa langile klasearen bizitza eta osasuna babestearen aurretik jartzea dakarrela etekinen bilaketa aseezinak, eta langile klasea hainbat modutan esplotatzen duen sistema batean oinarritzen dela, bereziki gazteak, emakumeak eta pertsona arrazializatuak. “Bizitza guztiek ez dute kapitalarentzat berdin balio, eta hori gordintasunez islatzen da lan baldintzetan”, gaineratu dute.

Gainera, gogoan izan dituzte iaz, Euskal Herrian, lanean ari zirela hildako 84 langileak, baita askoz sakonagoa eta ikusezinagoa den laneko gaixotasunen ondorioz hildakoen eta kalte fisiko eta mentalak jasaten dituztenen errealitatea. “Lan batzuek hil egiten dute, eta beste askok —gehienek— ez dute bizitzen uzten”, salatu dute. Gaineratu dute lan hauek argiki baldintzatzen dituztela generoak, klaseak eta arrazak. Horrela, emakumeak dira, bereziki migratu eta arrazializatuak, modu neurrigabean sektore prekarizatuenetan, ikusezinenetan eta babesgabeenetan ari direnak.

“Patronalak eragiten duen epidemia hilgarri eta isil baten aurrean gaude”, nabarmendu dute sindikatuek, eta salatu dute honek ez duela ezer egiten honen inguruan, eta sistematikoki urratzen duela Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea, berau onartu eta 30 urtera. Adierazi dute prebentzioa enpresen antolamenduan integratu ez izanak eta, ondorioz, prebentzio neurririk ez hartzeak oso arazo larriak sortzen dituela: heriotzak, ezintasunak, gaixotasunak, halakotzat aitortu gabeko laneko bajak eta osasun sistema publikoaren degradazioa.

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta HIRUk gaineratu dute erantzukizunen utzikeria hori ez litzatekeela posible izango administrazioaren permisibitaterik eta konplizitaterik gabe, eta borondate politiko faltak errealitate hau betikotzea ahalbidetzen duela. Horrela, kontrol faltak, zigor eraginkorren faltak eta prebentzio arloko utzikeriak ereduak irautea ekarri dute eta hiru hamarkadetako ez betetzeek erabateko zigorgabetasuna eragin dute. Proposatutako neurriek langileen gaineko kontrola indartu eta mutualitateei botere handiagoa ematen dietela ere adierazi dute sindikatuek, pribatizazioan sakonduz eta prebentzioa ahulduz. “Patronalak sortu du arazoa eta orain langile klasea egin nahi du horren erantzule”, gaineratu dute.

Era berean, sindikatuek nabarmendu dute ez dagoela “absentismoari” buruzko berririk gabeko egunik. Horrela, iruzur orokortuaren ideia zabaltzen saiatzen da patronala, enpresen bideragarritasuna eta osasun sistema arriskuan jartzen duten justifikatu gabeko bajena.

“Hala ere, ez da argitzen kontzeptu horrek benetan zer barnebiltzen duen”, kritikatu dute. Sindikatuen ustez, borrokaren bidez lortutako eskubideak biltzen ditu: diru sarrerak galdu gabe gaixotzeko, kontziliatzeko edo eskubide sindikalak gauzatzeko eskubidea edo Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteak bezalako egoerak. Azpimarratu dute patronalak modu ez oso zorrotzean erabiltzen duela terminoa, asmo argi batekin: bere interesen aldeko iritzi publikoa sortzea.

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuen ustez, ustezko “arazo” horren atzean mutualitateen boterea indartzeko, osasun sistema publikoa are gehiago ahultzeko eta pribatizazioan aurrera egiteko asmoa ezkutatzen da, “langileok lanera gaixorik joan gaitezen, eta, ondorioz, langile-klasearen eskubideak murriztu eta enpresen etekinak handitu daitezen”.

Horrela, sindikatuek gaineratu dute borrokan jarraituko dutela guztiontzako lan baldintza duinen alde, ikusezinak diren lanen aitortza eta babesaren alde, genero eta arraza esplotazioa amaitzearen alde eta pertsona guztientzako osasun eta bizitza eskubidea bermatuko duen osasun sistema publiko, unibertsal eta kalitatezkoaren alde.

[IRITZIA]: Volkswagen Navarrak langileak eta altxor publikoa estutzen ditu kutxa egiteko

Iaz, VW Navarrak aitortutako irabaziak 77,7 milioi eurokoak izan ziren zergen eta inbertsioen amortizazioaren ondoren, aurreko urtean baino 100.000 euro gehiagoko mozkina, orain arte ez dago eragozpenik.

Datuak aztertzean sortzen da arazoa: 49.463 auto gutxiago ekoitzi ziren. Gutxiago ekoizteak etekin gehiago ematen ditu? Non dago negozio honen trikimailua?

Negozioa plantillari langabeziara bidaltzea da, eta horrek ordaintzea soldataren zati bat sortu dituen langabezia-prestazioekin.

Eredu-aldaketa orok instalazioen aldaketa edo egokitzapena dakar berekin; Volkswagenen horretara ohituta gaude, motorizazioa elektrikoa, diesela, gasezkoa edo gasolinazkoa izatea berdin da, lan-egutegiak adostu dira beti, eta horri esker, modelo bat, bi eta hiru desberdin ekoitzi ahal izan dira. Lau izatea ez da oztopo, orain arte egin den bezala, egutegi bat adosteko.

2025eko aldea da UGT eta CCOO sindikatu nagusiek onartu egin zutela VW Nafarroako langileen poltsikoan eskua sartzeko enpresaren proposamena, aldi baterako lan-erregulazio bat adostuz.

Horrela, Volkswagenek 2025ean 8.500.000 euro inguru aurreztu zituen soldatetan, 7.400.000 euro plus presentzialetan —eta hori ere soldata da, baina UGT-ri eta CCOO-ri ez zaie horrela iruditzen—, eta 5.300.000 euro kotizazioetan.

Langileok plusen kontzeptuan 2.469,57 euro sartzeari utzi genion eta gure langabezia poltsa 58 egunetan murriztuta ikusi genuen, oso erraza da zuri aplikatzen ez dizuten ERTE bat sinatzea.

2025ean, Vokswagenek irabaziak handitu zituen, bere diru sarrerak murriztu zituen plantillaren zati baten kontura, galerak izan zituenak.

2026rako, enpresak, UGTk eta CCOOk beste ERTE bat adostu dute hain ondo tratatzen dituen eta hainbeste zor dioten multinazionalari etekinak ematen jarraitzeko, eta ERTE horren bidez langileok 9 egunez langabezian egongo gara.

Ekainetik uztaileko lehen astera bitartean, astelehen, asteazken eta ostiral gehienetan 1.000 pertsona inguru joango gara langabezira; astearte eta ostegunetan 2.000 izango gara langabeziara joango garenok. Erabilitako aitzakia 2025eko berbera da, eta UGT eta CCOO sindikatuetako sinatzaileentzat ere berdina izango da eragina.

Aurten etekinak handitzeko, 400 bat kontratazio egitea erabaki dute. Langile horiek % 23 soldata gutxiago kobratuko dute gainerako langile ez-kualifikatuen lan bera egiteagatik, UGT-ren eta CCOO-ren obragatik eta graziagatik.

Soldata handienak dituen plantilla ERTEtik bere prestazioak SEPEtik kobratuko dituen bitartean, lankide horiek kontratu prekarioarekin eta soldata murriztuarekin lan egingo dute.

Volkswagenek esan du ekoizten dituen ibilgailuen irabazien ehunekoa handitu nahi duela, baina esaten ez duena igoera hori langile prekarioen kontura izango denik eta soldatak osorik ordaintzeari utziko dionik.

RaĂşl Portillo Alzueta

VW Navarrako LABeko Atal Sindikaleko idazkari nagusia

VW Navarrako Enpresa Batzordeko kidea