2026-01-26
Blog Page 473

Gasteizko Legebiltzarrera kateatu dira Alestis, Aernnova eta PCB enpresetako langileak, kaleratzeen aurka

Alestis, Aernnova eta ITP Aero taldeko PCB empresako langileak Gasteizen mobilizatu dira, enpleguaren defentsan. Hegazkigintza sektorea borrokan dago, eta langileek euren haserrea eta aldarriak Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusira eta Gasteizko Legebiltzarrera eraman dituzte. Hain zuzen ere, Legebiltzarrean bertan kateatu dira langileak, kaleratzerik ez dutela onartuko argi uzteko.

Koronabirusaren pandemiaren testuinguruan ondo gelditzeko diskurtsoak zabaltzen diren bitartean, hegazkigintza sektoreko langileak babes gabe utzi dituzte. Aeronautika sektorea eraldatzen ari dira enpresak. Etorkizunean oinarrizkoa izango den sektorean enplegua deusezten ari dira gupida gabe, eta instituzioen laguntzarekin. Helburua, etorkizunean langile prekarioengatik ordezkatuak izateko, edo ekoizpena leku merkeren batetara deslokalizatzeko.

Asko dira Euskal Herri osoan neurri ezberdinak hartu dituzten enpresak, banakako zein kolektiboak diren kaleratzeak, murrizketak, Aldi Baterako Enplegua Erregulatzeko Espedienteak… Koronabirusak eragindako egoera langileek ordaintzea nahi dute ITP, ITP-Aero Castings-PCB, Alestis eta Aernnova enpresetan, besteak beste. Bada, Administrazio ezberdinak patronalarekin lerrokatua eta, herritarrak defendatu ordez, kapitalaren interesak babesten dituzten artean, langileek borrokan jarraituko dugu. Sektore osoa batzea, denok elkarrekin borrokatzea eta errudunen aurrean lanpostuak defendatzea ezinbestekoa izango da.

Sektoreko sindikatu guztiok mobilizazioak deitu ditugu Nafarroako Konponketa Tailerren Hitzarmenaren alde

Hitzarmena 2018tik iraungita dago, eta patronalak negoziazioa blokeatzen jarraitzen du, sindikatuek proposamen bateratuak egin arren.

LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuon oharra:

Konponketa-tailerren hitzarmena iraungita dago 2018ko abenduaren 31tik. Urte eta erdiko negoziazioaren ondoren, eta pandemiak sortutako egoeraren eta negoziazioan egindako aurrerapen urrien ondorioz, negoziazio- mahaiko lau sindikatuek (LAB, ELA, UGT eta CCOO) 2019rako eta 2020rako zubi-hitzarmen bat proposatu zioten Patronalari, non soldata-eguneratzeak baino ez ziren negoziatuko (tauletako soldata KPI + % 1 igotzea proposatu zen, eta KPI +0,5 soldata errealean 2019an eta 2020an, eta inaplikazio klausula bat jartzea).

Hala ere, azaroaren 18an, konponketa-tailerren Patronalak uko egin zion zubi-hitzarmen horri, trukean proposamenik egin gabe. Patronalaren erantzuna negoziazioa 2021era eramatea da, negoziazio berri gisa, data eta negoziatu beharreko gaien inguruko konpromisorik gabe, eta horrek negoziazioak blokeatzea dakar errealitatean.

Patronalaren diru-goseak eragindako blokeo-egoera honen aurrean, hitzarmenaren negoziazio-mahaia osatzen duten lau sindikatuek dei egin diete sektoreko langile guztiei abenduaren azken hamabostaldirako adostutako mobilizazioetan parte hartzeko:

  • Abenduaren 19an, 12: 30ean: gatazkaren sozializazioa Gaztelu plazan
  • Abenduaren 21ean, 18: 30ean: ibilgailuen karabana Mugazuri eta Landazabal industrialdeetan, Beola,Torregrosa, Argauto, Kiamotor, AutocasiĂłnPlus, Iriarte lantegietan…
  • Abenduaren 23an, 18: 30ean: ibilgailuen karabana Cordovilla eta La Morea industrialdeetan, Pamplona Car, Tauro motor, Navarra Motor, Solauto, Unsain, Cirmauto, Zaray… tailerretan barrena.
  • Abenduaren 28an, 18: 30ean: ibilgailuen karabana Agustinetako industrialdeetan eta La Muga enpresa- parkean, Iruña Motor, Eurocam, Victor PĂ©rez, SagamĂłvil, IruñaMĂłvil, IrumĂłvil… tailerretan.
  • Abenduaren 30ean, 18: 30ean: ibilgailuen karabana Talluntxe eta Berroa industrialdeetan, Gazpi Komertziala, Asier Automobilak, AJ Cars, RS motorra, Navarsuecia, Lurauto, Hanstein… tailerretan barrena.Patronalak hitzarmen duin bat lortu arte borroka ez dela geldituko jabetzeko deitutako lehen mobilizazioak dira hauek.

EAEko aurrekontuak: politika berdinekin jarraituz gero, prekarizazioa eta pobretzea izugarri hedatuko da

Gasteizko Parlamentuak EAEko 2021erako aurrekontu legearen proiektua jaso du. Aurtengo aurrekontuak egoera berezi batean datoz; pandemia baten erdian, osasun krisia oraindik gainditu gabe eta aurretik pairatzen genuen krisi ekonomiko eta soziala guztiz areagotu den momentuan. Horregatik, aurtengo aurrekontuek garrantzia berezia dute, eta LABek esaten duena da orain arteko politika publikoetan norabide aldaketa bat beharrezkoa dela; bestela, politika berdinekin jarraituz gero, prekarizazioa eta pobretzea izugarri hedatuko litzateke.

Ez dugu ikusten momentuak eskatzen duen aurrekontu proiektua denik. Guretzat lehentasunezkoa da inbertsio publikoa berrantolatzea, eta, zentzu horretan, lehentasun horietan, oraindik ere, diru gutxiegi bideratzen da osasungintzara, hezkuntzara, gizarte zerbitzuetara edo enpleguari bultzada ematera. Osasungintzan eta hezkuntzan, esaterako, Europako Barne Produktu Gordinaren zein portzentaia bideratzen den ikusita, batez bestekoaren azpitik gabiltza, eta hor ez dugu ikusten aurreko urteetatik hona aldaketa nabarmenik egon denik.

2008ko krisitik hona, austeritate politikek murriztu egin dute sektore publikoen parte-hartze osasun gastuan. Ondorioz, finantzazio pribatuak espazioa irabazi du sektore publikoak atzera egin duen neurri berean. Eskura dauden azken datuen arabera, administrazio publikoek osasunean ematen den gastu korrontearen %67,4 suposatzen dute; eta derrigor ordaindu beharreko aseguruak batzen baditugu %69ra gerturatzen da finantzazio publikoa. Portzentaia hau %75era iristen zen 2009an.

Eusko Jaurlaritzaren osasun arloko aurrekontu politika ondoen laburtzen duen datua administrazio autonomikoak egindako per capita osasun gastuaren bilakaera da, 2009 eta 2019 artean %1,7an murriztu dena termino errealetan (inflazioa kenduta).

Uste dugu begirada ere epe ertainean jarri behar dela. Zorpetzeko bideari ekin zaio, baina hemen, zerga erreforma bati ekin ezean, diru gehiago ez baldin bada biltzen, errenta altuenak eta irabazi enpresarialak ez badira gehiago zergapetzen, dagoeneko hainbat eremutan ematen diren murrizketak areagotuko dira.

Bestalde, azpiegitura handienetara diru gehiegi bideratzen dela iritzi dugu, eta, horren harira, ekonomiaren gaineko kontrol publikoa berrantolatzea beharrezkoa da. Enpresa handienen esku diru publiko asko uzten da, eta diru publiko horrekin behar sozialetara dirua bideratzeko tarte asko egongo litzateke. Gainera, diru publiko hori inolako konpromisorik gabe bideratzen da, inolako konpromiso sozialik eta enpleguarekiko konpromisorik gabe. Diru publikoa esku pribatuen esku inolako baldintzarik gabe uztearekin batera, enpresen irabaziak finantzatzen dira diru publikoarekin, herriaren eta langileen kalterako.

70 dira honezkero urte hasieratik hildako langileak

Laneko heriotza berri bi izan ziren atzo. Batetik, atzo goizean, Amurrioko Saratxoko saihesbideko obretan egitura bat erori eta langile bat zauritu zuen. Langilea helikopteroz ebakuatu zuten Gurutzetako ospitalera eta bertan hil da. Bestetik, Orkoiengo Faurecia enpresan, Truck & Whell enpresako garraiolaria, gaizki sentitu eta bertan hil zen, istripu ez traumatikoan.

Azken heriotza hauekin, 70 dira gutxienez Euskal Herrian hildako langileak eta Joaquin Beltranek desagertua jarraitzen du Zaldibarreko zabortegian otsailaren 6tik.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu hildako langileeen senide eta gertukoei.

Salatu behar dugu heriotza guztiek faktore amankomun bat dutela oinarri, prekarietatea. Lan istripuak ez dira kasualitate kontua, enplegu eta lan baldintza kaxkarrak, azpikontratazioa, behin-behinekotasuna eta benetako prebentzio ezaren ondorio zuzena dira.

Lan istripuek erantzule zuzenak dituzte. Alde batetik patronala, irabazi ekonomikoak lehenesten dituena langileen segurtasun eta bizitzaren aurretik. Beste alde batetik, Administrazio publikoen jarrera salatu nahi dugu. Dagoeneko eta pasa den urtearekin alderatuta lan istripu hilgarriek %50ean egin dute gora. 2020an Aiaraldean zendu den bostgarren langilea da atzokoa. Sarraski ez du etenik, aste honetan 4 langilek bizitza galdu dute lanean.

Administrazioek ez dute gaia agenda politikoan kokatzen, sarraski honen aurrean beste aldera begiratzen dutelako, egoera honen konplize bilakatu dira. Lan osasunari buruz hitz egiten dute, baina bultzatzen dituzten politikek prekarietatea bultzatzen dute. Pausu bat aurrera emateko ordua da, arduradunak seinalatzea eta ordain dezatela exigitzen dugu .

LABen argi dugu, laneko biolentziarekin amaitzeko bizi eta lan duinak behar ditugu. Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena.

Lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde. Horregatik, azken istripua salatzeko antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diogu langile-klaseari. Astelehenean, gehiengo sindikalak kontzentrazioa egin du Gasteizen, abenduaren 21ean, 11:30ean Arabako Foru Aldundiaren aurrean.

Eusko Jaurlaritzaren kontsolidazio proposamena ez da konponbidea

Elkarretaratzea egin dugu Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, “Kontsolidazioan iruzurrik ez, behin-behinekoak egonkortu” lemarekin.

LAB eta ELA sindikatuon ohar bateratua:

EAEko Administrazio Orokorrean abusu egoeran gauden behin behineko langileok 3.500 baino gehiago gara, langile guztien %56. Hiru, zazpi, hamabost, hogeita hamar… urtez lanean jardun eta gero, oraindik ere lanpostua arriskuan dugunak. Jaurlaritza da aldi baterako abusuzko kontratazioan Europako “txapeldun”, ez diogu guk bakarrik, epaileek ere hala diote!

Egoera honi “konponbidea” emateko Jaurlaritzak orain 15 urte Kidego eta eskala legean txertaturiko Xedapen Iragankorrak proposatzen dizkigu, berriz ere. Behin-behineko langileak %40 baino gehiago diren Kidegoetan, lanean 8 urte baino gehiago egin dituzten “aldi baterako” langileek, lanpostua Txanda Berezitu baten bitartez “kontsolidatzeko” aukera izango lukete, azterketa praktiko baztertzaile bat gaindituz gero.

Baina xedapen iragankorrek langile asko utz ditzakete kalean: Txanda Berezitu horretatik kanpo geratuko lirateke %40 baino gutxiagoko aldi-baterako kontratazio tasa duten kidegoetako, nahiz eta langile horiek 8 urtetik gora lanean eraman, eta bestetik %40 baino gehiagoko tasa dituzten kidegoetan 8 urte baino gutxiago daramatzatenak ere kanpo geratuko lirateke, Europak 3 urte baino gehiagoko behin-behinekotasuna gaitzesten duelarik.

Txanda Berezituan, kidego bakoitzean eskainitako lanpostuen %60 gehienez eskainiko lirateke. Eta txanda librean gainontzekoa, gutxienez gainontzeko %40. Aldi baterako langileok bi txandetan aurkezteko aukera izango dugu, baina txanda irekian, beste administrazioetako eta kanpoko izangaiekin deman, lan eskarmentuan abantaila txiki bat besterik ez genukeela. Gainera txanda irekiko hautatuek lehentasuna izango dute lanpostua aukeratzeko orduan, txanda bereziko hautatuen aurretik. Honek, garbi uzten du kontsolidazio txanda deitzen den hori bigarren mailakotzat hartzen dutela, hain justu, prozesuaren soberakin apurrekin ase gaitezen. Izan ere, benetako aukerak txanda irekian jokatuko dira.

Beraz, Eusko Jaurlaritzak Europako Zuzentaraua bete gabe jarraituko du, aldi baterako kontratazio tasa oso handiarekin, iruzurrezkoa, Europar Auzitegien arabera. 2.000 langile baino gehiagok, langile guztien %30 inguru, aldi baterakoak izaten jarraituko lukete LEP hauen ondotik ere, Europar Zuzentarauek aldi baterako kontratazio tasak gehinenez ere %8koa behar duela agindu arren.

Hori gerta ez dadin ezinbestekoa da, gaur egun aldi baterako beterik dauden lanpostu guztiak azaleratzea Ondoren abusu egoeran dauden langile guztiak kontsolidatzeko bermeak izango dituen ez ohiko LEP deialdi bat premiaz egitea, gerora, behar bezalako lan eskeintza adostu bat egin ahal izan dadin. Zifrek denetarako ematen dute.

Borondate politikoa baino ez da beharrezko

Eusko Jaurlaritzak eragin duen egoera tamalgarri honi erantzutea, Jaurlaritzaren ardura da. Aukerak badaude horretarako. Baita egungo legediari helduta ere, nahi izanez gero. Gainera, EBEP aldatzeko aukera iragarri da. Horretarako:

– 3 urtez aldibaterako langileekin beteak izan diren postuak, gutxienez, derrigorrez atera behar dira LEPra.
– Lege iruzurrean administrazioan lanean egon diren langile guztiek kontsolidazio bermeak izan behar dituzte.

Egoera hau berriro errepika ez dadin, jarraian, bi urtez behin LEP adostuak egin behar dira lan postu huts guztiak ateratzeko, dagokion barne sustapen txandarekin. Eta bi urtez behin, tartekaturik, lekualdatze lehiaketak.

Langileon bultzadaz beharko du

Nahikoa litzateke Jaurlaritzak norabide horretan beharrezko urratsak egitea. Baina ez dute horretarako asmorik gaur gaurkoz. Hortaz, Eusko Jaurlaritzari exijitu behar diogu eragin duen egoera tamalgarri hau zuzen dezan, langileon onerako, EAEko zerbitzu publikoen onerako bezainbeste. Egingarria da, baina bultza egin beharko dugu norabide horretan. Konponbide oso eta integral baten alde, funtzionario eta lan itunpeko, aldi baterako eta finko, guztiok aintzat hartuko gaituen konponbide baten bitartez. Elkartasunez.

LABek eta ELAk ahalegin horretan lehen urratsa egin dugu. Eskua luzatzen diegu beste sindikatu guztiei ere. Eta batez ere lankide guztiei luzatzen dizuegu gonbitea. Zuen ekarpenik gabe ez da posible izango. Elkarrekin abiatzeko unea da.

EAEko Irakaskuntza Publikoko langile publiko guztion lan-baldintzak hobetze aldera, lan hitzarmen-kolektibo duinak lortze bidean, mobilizatzeko prest gaude

Haurreskoletan izan ezik gainerako langile-kolektibo publikoetan EAEko Hezkuntza Sailarekin zabaldu berri diren negoziazio-mahaiak direla eta, LAB sindikatutik aldarrikapen-plataforma bat mahai gainean jartzeaz gainera, horien defentsan mobilizatzeko prest gaudela ere argi utzi nahi dugu, lan-hitzarmen duinak eratu eta langile publikoen baldintzak hobetzeko helburuz. Agerraldia egin dugu Donostian, Jaurlaritzaren egoitza aurrean, honen guztiaren berri emateko, Hezkuntzako kolektibo guztien ordezkarien parte hartzearekin.

2017an EAEko irakaskuntza publikoan burututako greba eta mobilizazio dinamiken ondotik finkatu zen orain negoziatzera goazen lan-hitzarmenen oinarria. Beste behin ere ikusi da 2018an LABek izenpetutako akordio guztiek aukerak zabaltzen dituztela negoziaketa erreal bat burutu ahal izateko aurrerantzean. Bai orduan eta baita orain ere langileok egindako greba eta mobilizazioek, irakaskuntzako kolektibo laboraletan lan-hitzarmen berriak, eta funtzionarioen kolektiboan -irakasleena- lan akordio berria, lantzeko negoziazio-prozesu fasea ireki du. Oraindik orain, Haurreskolak Partzuergoko kolektiboan gauzatu ez dena eta azken greba egun hauen bitartez aldarrikatu duguna.

Irakasleen kolektiboan, Haurreskolak Partzuergoko haur hezitzaileen, hezkuntza bereziko hezitzaileen -hezkuntza laguntzako espezialistak, fisioterapeutak, terapeuta okupazioanalak, interpreteak, gizarte hezitzaileak- eta sukaldari eta garbitzaileen kolektiboetan aldarrikapen zehatz batzuk planteatu eta borrokatuko ditu LAB Sindikatuak,:

Langile kolektibo guztietan ratioak jaistea eta beharrezko giza baliabideez hornitzea:

-Irakasleen kasuan, etapaz etapa aztertuz, geletako ikasle kopurua jaitsiz eta horretarako behar haina irakasle kontratatuz.

-Hezitzaileei dagokienez, premia berezietarako eta arreta zuzenerako ikasle bakoitzarekiko arreta-orduak handituz.

-Garbiketan, m2ak zehaztuz eta lan-karga arintzeko plantillak handituz.

-Sukaldeetan, lan-karga handia den kasuetan baliabide gehigarriak ezarriz.

-Haurreskolak Partzuergoko haur hezitzaileen kasuan zentroz zentro lan-kargak aztertuz eta behar den kasuetan baliabide gehigarriak jarriz.

Gazteberritze planak:

-Erretiro pizgarriak ematea langile kolektibo guztietan.

-Plantilla gazteberritzeko neurriak ezartzea.

-Ordu lektiboen murrizketak irakasleei; Haurreskolak Partzuergoko eta heziketa bereziko hezitzaileen arreta zuzeneko orduak murriztea eta lan egokitzapenerako baldintzak sortzea kolektibo guztientzat, bereziki sukaldari eta garbitzaileentzat. 

Euskararekiko neurriak:

-Aurreko ikasturte amaieran ezarritako murrizketak bertan behera gera daitezen: IRALE ikastaroak eskaintzea eta euskara ikasteko liberazioak ematea, zein euskal girotze barnetegietako lanpostuak berreskuratzea.

-Ikastetxeetan, Hizkuntza Normalkuntzarako baliabideak sortu eta langilez hornitzea.

-Hezkuntzako langile guztiak euskalduntzeko planak, lanpostuetan hizkuntz soslaiak ezarriz.

-LANBIDE HEZIKETA eta SUKALDARI/GARBITZAILEAK euskalduntzeko planak eta neurriak ezartzea urgentziaz!

Klausula feministak ezartzea:

-Zaintza eremuari loturiko lanei -garbitzaile, sukaldari, haur hezitzaile eta heziketa bereziko hezitzaileei- aitortza sozial eta ekonomikorako â€śzor patriarkala”zuzenketa-faktorea aplikatzea.

-Ikastetxeetan Pedagogia Feminista bultzatzeko giza-baliabideak.

-Berdintasun Planak eguneratu eta Berdintasun Batzordeak martxan jartzea.

-Lana eta bizitza pertsonala uztartzeko kontziliazio- eta bateragarritasun-neurri zehatzak.

-Aukera berdintasuna bultzatzeko neurriak.

-Familian eta eredu tradizionalean oinarritzen diren baimenak gainditzeko neurriak

-Indarkeria matxistaren kontrako protokoloak eguneratu eta lantzea.

Lan Osasuna bermatzeko neurriak:

-Lanpostu guztien arriskuen ebaluazioa egitea, bertan genero-ikuspegia ere txertatuz: arrisku psikosozialen eta arrisku ergonomikoen ebaluazioa!

-Lanpostuen egokitzapenak gauzatzea.

-Langile kolektibo guztiei formakuntza eskaintzea.

Langileon egonkortasuna eta lan-baldintzak hobetzeko neurriak:

-Behin-behinekotasunaren abusuarekin bukatzeko kontsolidazio-prozesuak kolektibo guztietan.

-Kolektibo guztietan, eta bereziki sukaldari eta garbitzaileen kidegoan, lanaldi partzialekin bukatzeko jardunak osatzea.

-Enplegu Publikorako Eskaintzak egiteko eredua iraultzea, guztiz aldatzea. Gaur egungo eredu memoristiko eta anakronikoak ez ditu gaitasunak egiaztatzen.

-Enplegu-suntsiketa ekiditeko berariazko neurriak

-Kolektibo ezberdinen arteko lan-baldintza eta soldata arrakalak gainditzeko neurriak

Langile kolektibo batzuetan Hezkuntza Sailarekin negoziazio mahaietan edukien lanketa egiten hasi bagara ere, argi daukagu aldarrikapenak lortzeko bidea ez dela erraza izango. Horregatik, ikastetxeetatik zein haur eskoletatik mobilizatzen eta presionatzen jarraitu beharko dugu. Ikasturte hasieran aurrez aurreko kalitatezko hezkuntza bermatzeko egindako bideari helduz, kalitatezko hezkuntzaren bidean borrokatu ditzagun langileon lan-baldintza duinak! Ez dago lan-baldintza onik gabeko kalitatezko hezkuntzarik! 

Sindikatuek, alderdi politikoek eta eragile sozialek elkarretaratzeak deitu ditugu larunbaterako, “Bateragune auziko” erabakiari erantzuteko

Hainbat eragilek adierazpen bateratu bat sinatu dugu larunbatean, 12:00etan, herri guztietan antolatuko diren mobilizazioekin bat egiteko, “Bateragune auzia” delakoagatik zigortutakoak berriro epaitzeko hartutako erabakiaren kontra. Erabakiaren larritasunak hausnarketa bateratua eta kolektiboa eragin du EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko sindikatu, alderdi politiko eta eragile sozialen artean, eta honako adierazpen bateratua ekarri du:

Espainiako Auzitegi Gorenak “Bateragune auzia” delakoagatik zigortutakoak berriro epaitzeko hartutako erabakiak kezka handia eragin du, oinarrizko eskubide demokratikoen aurkako erasoa dela ulertzen den heinean.

Horren larritasunak hausnarketa bateratua eta kolektiboa eragin du EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialen artean. Hori horrela izanik, behean sinatzen dugunok hartu dugun erabakiaren berri eman nahi dugu, erabaki judizial horri erantzun irmo eta zeharkakoa eman ahal izateko.

Hori dela eta, Euskal Herriko eta Nafarroako herritarrei jakinarazten diegu elkarretaratzeak deituko ditugula larunbat honetarako, abenduaren 19rako, herri guztietan, eguerdiko 12:00etan, “Demokrazia” lelopean.

Era berean, dei egiten diegu herrialdeko herri, gizarte eta kultur eragile guztiei deialdi honekin bat egin dezaten eta, era berean, gonbidapen hau gizarte osoari zabal diezaioten.

Presoen eskubideen aldeko aldarrikapenak kale eta lantokietara eramango ditugu

Datozen egunotako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dugu sindikatutik. Ostiralean, abenduak 18, Sareren IZAN BIDEA ekimenaren barruan, 12:00etan izango diren mobilizazioetan parte hartuko du LABek Bilbon (Plaza Eliptikoa), Donostian (Alderdi Eder), Iruñean (Espainiako Gobernu ordezkaritza) eta Altsasun (Udaletxe aurrean), beste sindikatu askorekin batera. Era berean, Sarek Euskal Herrian zehar deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia ere egiten du LABek. Bestalde, mobilizazio propioak deituko ditu LABek, “Etxean eta bizirik nahi ditugu” lemarekin.

Gero eta zabalduago da euskal presoen eskubideen aldeko jarrera euskal jendartean. Horrela, salbuespeneko espetxe politika bertan behera utzi behar dela eskatu genuen sindikatu guztiok pasa den ostiralean Bilbon, Etxerat-ek antolatutako agerraldian. Espetxean dauden presoek jasaten duten urruntzeari amaiera emateko premia eta, oro har, espetxe politikan oraindik indarrean dagoen salbuespen egoera gainditu beharraren premia azpimarratu genituen. Honen inguruan, aldarrikapenok kalean egotea garrantzitsu ikusten du LABek, presoak etxeratze bidean jartzeko bidearen barruan.

LAB modu aktiboan mobilizatu da presoen eskubideen alde, eta orain, aktibazio soziala mantendu eta zabaltzearen garrantzia azpimarratu nahi du. Langileak kalera atera behar gara presoen eskubideen eta hauen euskal herriratzearen alde, espetxe-politika aldatzea helburu. Horrela, datozen egunotarako antolatuta dauden ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu.

Gipuzkoako eraikin eta lokalen garbikuntzako langileek bi greba egun egingo dituzte, urtarrilaren 21 eta 22an

Gipuzkoako eraikin eta lokalen garbikuntzako hitzarmenak 5.000 langile ditu, eta horietatik %80 emakumeak dira, eta kontratu partzialak dituzte. “Garbikuntzako pandemia prekarietatea da, berriro ere emakume aurpegia duen prekarietatea”, halaxe adierazi dugu LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok grebak aurkezteko agerraldian.

Sindikatuon ohar bateratua:

SOLDATA ARRAKALARIK EZ! GARBIKUNTZAKO PANDEMIA: PREKARIETATEA

Gipuzkoako eraikin eta lokalen garbikuntzako hitzarmenak 5.000 langile ditu. 5.000 langile; horietatik % 80 emakumeak dira, eta kontratu partzialak dituzte. Guk garbi daukagu, garbikuntzako pandemia prekarietatea da. Berriro ere emakume aurpegia duen prekarietatea.

Pandemiak iraun duen bitartean, 5.000 langile horiek lantegiak, egoitzak, osasun-klinika pribatuak, supermerkatuak, garraio publikoa… garbitzen aritu dira, gizarteak pandemia horretatik ahalik eta modu seguruenean biziraun zezan.

Ondo dakizuenez, pandemiak iraun bitartean ez da garbiketa-jarduera gelditu, indartu baizik. Zergatik? Agintariek funtsezkotzat jo gaituztelako, funtsezkotzat, gizarteak eta ekonomiak beren jarduera modu seguruan jarraitu ahal izateko.

Baina, nola da posible funtsezko zerbitzu batek % 28ko soldata-arrakala izatea? Kale-garbikuntzako gizonek guk baino 5.000 euro gehiago kobratzea? Hori da egungo sistemaren koherentzia-maila.

Gure pandemia ez da COVID-19ra mugatzen, hau da, gure pandemia nagusia perakrietatea da, eta horretarako ez dago borroka ez den beste txertorik. Emakume aurpegia duen prekarietateak, sistema depredadore bateko estamentu matxista eta kapitalistek bultzatuta, pandemian zehar (zerbitzu publikoak argalduz) bizitzak jokoan ondoren, ez du nahikoa, eta orain, langile klasearen bizi-baldintzen eta, bereziki, garbitzaileen baldintzen aurka doa.

Baina sistema hori ez da erakunde abstraktua, hezur-haragizko agenteak ditu, botere publikoa eta ekonomikoa dutenak eta beren pribilegioak babesteko elkar hartuta jarduten dutenak. Esplotazioan oinarritutako azpikontratazioaren alde egiten duten politikariak eta enpresak. Soldata-arrakalarekin amaitu behar dela esanez publizitate-kanpainak egiten dituztenak, edo martxoaren 8an desberdintasunarekin amaitu behar dela esaten dutenak, soldata-arrakala hori bera sustatu eta ematea ahalbidetzen dutenak dira.

Aipatu dugunez, garbikuntzak ez du bere jarduera eten konfinamendu-garaian, eta gu, gure beldur eta segurtasunik ezarekin, gure lanpostuetara joan gara. Gure lanpostuetara norbera babesteko ekipamendurik gabe joan gara, inolako babesik gabe. Lantegiak, egoitzak, supermerkatuak… EPIrik gabe garbitzen aritu gara, baina gu gure lanpostuetara joan gara.

Eta zer dio patronalak guzti honen aurrean?

Patronalak soldata arrakala aitortu gabe jarraitzen du, garbitasun feminizatuari balioa kentzen dio, baina ez hori bakarrik, beste urte batzuetan adina irabazi ez dutela izan eta 2020rako % 0ko igoera proposatu digute.

%0 sektorearen jarduera gelditu ez denean? Ez al gara ba gara funtsezko sektorea gizarte honentzat? % 28ko soldata-arrakala dugunean? 2019rako %0 eskaini zigunean akordio bat lortu gabe urtebete igaro izanagatik?

Baina hori ez da guztia, patronalak jarrerak hurbiltzeko proposamen ekonomiko errealak egiteko eskatu die sindikatuei. % 0ko planteamendua egitea patronalarentzat jarrerak hurbiltzea da? Hori onartezina da, botere-abusu argia.

Ez hori bakarrik, 2020ko irabaziei buruz galdetzean, patronalak esan du oso garai gogorra izan dela eta diru asko inbertitu behar izan dutela norbera babesteko ekipamenduetan. Benetan ausartzen da hori esatera? Nora bideratu dituzte NBEak? Patronalaren bulegoetara? Izan ere, langileek, askotan, lan-ikuskaritzaren bidez erreklamatu behar izan dituzte NBE horiek, 200 garbiketarako erabilgarriak diren maskarak ematen direlako. Gaur egun, langileek erosi behar izaten dituzte maskarak gehienetan, enpresek ez dituztelako behar adina hornitzen. Benetan ausartzen al da patronala norbera babesteko ekipamenduen gastuari leporatzera, soldata ez igotzeko?

Jarrera hori probokatzailea eta onartezina iruditzen zaigu. Nazkatuta gaude. Nazkatuta gu mespretxatzeaz, ez haintzat hartzeaz. Garai latz hauetan gizarte hau sostengatu duen lubakietako bat gara. Ez dugu txalorik nahi, lan-baldintza duinak nahi ditugu, gure lanpostuetara seguru joan nahi dugu, errespetatuak izan nahi dugu eta soldata-arrakalarekin amaitu nahi dugu!

Hala ere, badakigu borroka egitea baino ez digutela uzten, borrokatzea, gure lan-baldintzak hobetu eta sektorearen prekarizazioarekin amaitzeko. Kaleak hartzeko unea da, beste behin erakusteko gure lan-baldintzak ez doazela lotuta enpresen onurekin. Funtsezko sektorea gara, eta horregatik merezi ditugu lan-baldintza duinak!

Horregatik guztiagatik, urtarrilaren 21ean eta 22an bi greba egun egingo ditugu. Bi greba egun, patronalari eskatzeko, unea dela hitzetatik ekintzetara pasatzeko, unea dela soldata-arrakalarekin amaitzeko eta negoziazio honi merezi dugun seriotasunez heltzeko!