2026-01-29
Blog Page 447

Adostasunak eraikitzeko eta indarrak metatzeko apustua berresten dugu Aberri Egunaren etorrerarekin

Urtebete luze pasa da covid19ak gure eguneroko bizitza goitik behera baldintzatu zuenetik. Bigarren Aberri Eguna dugu, oraindik ere, osasun krisia gainditu ezinean, eguneroko bizitza berreskuratu gabe, aurreko krisiaren ondorioak bizkarrean (bizitzaren eremu guztietara zabaldu den prekarizazio eta pobreziaren hedapena) eta konturatzerako krisialdi sakon eta berri batean murgildurik gaude.

Euskal Herria Estaturik gabeko nazioa izanik, azken hilabete hauek estatuekiko dugun menpekotasunaren eta lurralde zatiketaren ondorioen eragina zein den erakutsi digute.

Bada, lan harremanek, pentsio sistemak eta babes sozialak eraldaketa sakon baten beharra dute, eta eraldaketa hori Euskal Herritik bultzatu behar dugula uste dugu, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua egituratzeko urratsak emanez. Eredu sozioekonomikoak eskatzen duen errotiko eraldaketa sakona azken muturreraino eramateko, Euskal Errepublika Sozialista eta Feminista erdietsi behar dugu.

Hemen bestelako errealitate sindikal eta sozial bat dugu. Euskal Herrian kontrabotere sindikalgintza indartsua dago. Patronalaren asmoei mugak jartzen ari gara, enplegu duinaren defentsan lantokietan egiten ari garen borrokarekin, langile elkartasuna sustatuz eta borrokak sozializatuz, CONFEBASK eta CENi mezu argi bat bidaltzen ari gara: badituzte bitarteko legalak langileak oso erraz kaleratzeko, baina erreforma horiek erabiltzeko zailtasunak dituzte.

Gehiengo sindikalean, gaur gaurkoz, ez dago akordio orokorretarako aukerarik, baina herri honetan gehiengo sozial zabala osatzen dugun eta aldaketa sozialak eta erabaki ahalmen handiagoa eskatzen dugunon arteko adostasunak eraiki eta indarrak metatzen jarraitzearen aldeko apustua egiten dugu.

Hala nabarmendu dugu 2021. urteko Aberri Egunaren atarian sindikatuak osatutako adierazpenean:

MasMovilen EEPak Euskaltelen pribatizazio prozesu eskandalagarriari amaiera ematen dio

Atzo ezagutu zen MasMovilek Euskalteli egindako Erosketa Eskaintza Publikoa (EEP). Honekin, Eusko Jaurlaritzaren bermea izan duen pribatizazio eta espoliazio prozesua amaitu da. LABek borrokan jarraituko du beharrezkoa den trantsizio digital eta ekologikoa ikuspegi ekosozialista eta feministatik gauzatu dadin, telekomunikazioen sektore estrategikoetan jabetza eta kontrol publiko eta sozialari lehentasuna emanez.

Euskaltel 1995ean sortu zen, %100eko kapital publikoarekin. %40 Eusko Jaurlaritzarena zen eta gainerako %60a garai hartan guztiz publikoak ziren 3 aurrezki kutxena. Kapital pribatuaren sarrera etengabea izan zen, 2012an Eusko Jaurlaritzak akzio guztiak saldu eta Kutxabank %50 baino gutxiagorekin geratu zen arte; jabetza eta kontrol publikoa betirako galdu ziren. 2015ean burtsaratzea gauzatu zen eta akziodun pribatuek akzioak saldu zituzten erosketa-prezioaren hirukoitzagatik. Zegona funts britainiarra 2019an sartu ondoren eta Masmovil EETa iragarrita, pribatizazio prozesua gauzatu da, Eusko Jaurlaritzaren oniritzia izan duena une oro.

LABek beti salatu du prozesu hori, bai enpresaren jabetza publikoa saltzea, bai enpresa burtsara ateratzea. Pribatizazio prozesu guztia interes espekulatiboz josita egon da, Euskalteleko langileen lan-baldintzak okertuz eta euskal gizarte osoari funtsezko zerbitzu publikoa kenduz.

Egitez edo ez-egitez, Lakua egoera horren konplize izan da. Ez du inolako interesik izan Euskaltelen izaera publikoa defendatzeko, ezta bere erabakigunea Euskal Herrian mantentzeko ere. Gogora ditzagun Tapiaren hitzak 2019an, Euskaltelen errotzea arriskuan ez zegoela esatean gezurra esan zuenean. Hain zuzen ere, horretan oinarritzen da Eusko Jaurlaritzaren lankidetza publiko-pribatua: enpresa publiko estrategikoak esku pribatuetara transferitzea, kapital publikoa xahutuz eta oinarrizko eskubideak pribatizatuz. Hori are larriagoa da aldaketa teknologikoaren eta produkzio sarearen birkonfigurazioaren testuinguruan. Euskal jendarteari lapurtu egin zaio bere eredu digitala birpentsatzeko eta herri honetako langileen zerbitzura dagoen eredu baterantz aurrera egiteko zuen tresna publiko bakarra.

Amaitzeko, LABek babesa eman nahi die Euskalteleko langileei, beren etorkizunari eta lan-baldintzei buruzko ziurgabetasunez beteriko astelehen bati aurre egin beharko baitiote. Era berean, sindikatuak salatu nahi du MasMovilek EETa iragarri izana albiste txarra dela Euskal Herriko langile guztientzat.

Donostiako Udaleko administrarien Lan Eskaintza Publikorako prestakuntza emango dugu

Donostiako Udalean 63 administrari hautatzeko deialdia egin dute, oposizio lehiaketa eta txanda irekiaren bitartez; 58 modalidade orokorrean eta 5 desgaitasunen bat dutenentzat kupoan gordeta. Hala, LAB sindikatutik, Ipar Hegoa Ikasketa Sindikaletarako Fundazioarekin lankidetzan, formakuntza emango dugu, Lan Eskaintza Publiko hori ardatz. Ikastaroan parte hartzeko izena ematea martxoaren 29tik apirilaren 15era izango da, eta formulario honen bitartez egin beharko da. Ikastaroaren kostea 20 eurokoa izango da afiliatuentzat eta 80 eurokoa afiliatua ez direnentzat. On line izango da, eta, formazioa jasotzeaz gain, galderak egiteko eta erantzunak jasotzeko aukera egongo da.

Kutxabank-en mehatxuek eragina izan dute eta langileei soldatak izoztuko zaizkie eta eskubideak galduko dituzte

Hitzarmenaren negoziazio osoan zehar Kutxabank-ek erabili dituen mehatxuek eragina izan dute, eta sindikatu batzuen lankidetzarekin, enpresak bere helburua lortu du. Mehatxuaren eta beldurraren taktikak nahi zituen emaitzak eman dizkio. Ezin dugu onartu pandemian zehar aurreko urtean baino etekin gehiago lortu dituen enpresa batean erabateko konpromisoa erakutsi duen plantillari murrizketekin eta eskubideen galerarekin ordaintzea. Onartezina da.

Euskal Herrian beren eskubideak defendatzera oso modu garrantzitsuan atera den plantilla horrek berak egiaztatu du sindikatu batzuek bizkarra ematen diotela eta ez dutela zalantzarik enpresaren laguntzan ateratzera.

Sindikatu horien artean, lehen unetik mobilizazioen aurka egon direnak eta horiek saboteatu dituztenak daude, ikusten dugunez, patronalaren interesak “salbatzeko”, ez langileenak; eta baita enpresaren borondateari men egin eta bere ibilbidea aldatu dutenak ere, azken unean 180 graduko aldaketa eginez.

Aurre-akordio horrek, sei urterako hitzarmen batekin, berarekin ekarriko du soldatak izoztea, KPIa igotzen bada mugak jartzea, antzinatasuna mugatzea, langile erretiratuei eskubideak kentzea… enpresarentzat kosturik gabeko kontu gutxi batzuen truke.

Nahiz eta gehienok langileen eskubideak defendatzeagatik mobilizatu garen, azken urteetan soldatak nabarmen igotzeko zalantzarik izan ez duen zuzendaritza gero eta zekenago baten nahiak asetzeko batzuk izandako aldez aurretiko jarrerak, eta zuzendaritzaren mehatxuek bere emaitzak izan dituzte, zoritxarrez, gure ustez berreskuratzen oso zailak izango direnak.

Hori guztia dela eta, langileen interesetatik oso urrun dagoen akordio baten aurka egiten du LABek, mobilizatzera eraman gaituzten eta defendatzen jarraituko dugun akordio baten aurka, nahiz eta orain sinatuko dituzten eskubideen galerari “esker” enpresak langileen aurkako arma berri bat izango duen. Gainera, beldur eta mehatxuan oinarritutako bere politikak emaitzak eman dizkio. Ezin dugu honekin bat egin eta gure indar guztiekin borrokatuko dugu.

Tubacex-eko lan-gatazkan Ertzaintza izaten ari den neurrigabeko jokabidea salatzen dugu

Atzo, berriz ere, Ertzaintzak neurriz kanpoko jokabidea izan zuen Tubacex-eko langileak egiten ari diren piketeetan eta protestetan. Ez zen izan Tubacex-eko langileek Ertzaintzaren probokazioa eta erasoa jasan duten lehen aldia, ezta bigarrena ere. Tamalez, 44 greba egun hauetan hainbat ekintza probokatzaile eta neurriz kanpoko izan da Ertzaintzako hainbat kideren eskutik, bai eta dispositibo osoen eskutik ere, atzoko kasuan bezala.

Aurrekoetan ikusi eta salatu dugun bezala, Ertzaintzaren jokabidea gutxienez zalantzagarria izaten ari da. Komunikabide batzuei informazioa ematea galarazi zaie eta langileen ordezkari batzuen aurka egiten saiatu dira. Gainera, salatu nahi dugu Ertzaintzako zenbait kide harrokeria eta agintekeriazko jarrerak izaten ari direla langileen aurka, etengabe zirikatzen eta kikiltzen saiatzen baitira, “bokatxarekin” apuntatuz edo inolako arrazoiketarik gabe identifikatuz, besteak beste.

Amurrioko eta Laudioko Tubacex-en lantegietako 129 langile kalean utzi nahi dituen lan-gatazkan Ertzaintzak egin duen neurrigabeko jokabide berri honen ondoren, gertakari hori publikoki salatu nahi dugu, eta arduradunei eskatu nahi diegu neurriak har ditzatela gertakari horiek errepika ez daitezen. Tubacexeko langileek dagokien errespetuarekin tratatzea merezi dute, beren lanpostuak eta beren familien eta eskualdearen etorkizuna defendatzen ari baitira, Tubacex-eko enpresa-zuzendaritzaren diru-gosearen aurrean.

Riderren lan eskubideen defentsa egin dugu epaitegian zein kalean

Glovoko langileen lana aitortzeko lehen epaiketa kolektiboa iritsi da Euskal Herrira, eta LAB sindikatutik, azken urteetan egindako ibilbidearekin koherente izanik, bertan izan gara kontratuen lan izaera defendatzeko. Mugarri garrantzitsua dugu hau prekarizazioaren aurpegirik modernoena pairatzen duten ehunka langile erregularizatzeko. Hau da, lehen urratsa dugu lan-harremanak uberizatuak dituzten horien aurrean; egun epaitegietara jo behar dugularik. Hori da, agian, salatu beharreko lehen gaia: nola liteke Auzitegi Gorenaren doktrina egonda, lan-eskubide oinarrizkoenak aitortzeko epaitegietara jotzea derrigortzea?

Beste alde batetik, sektorearen erregularizazioa askotan iragartzen da, eta digitalizazioaren aldeko apustua egiten duten lobby handiei beren presioa egiten jarraitzeko aukera ematen zaie. Garaia da alderdi politikoak gaia Euskal Herrian kokatzeko eta konpromisoak hartzeko, ez bakarrik etxez etxeko banatzaileekin, baizik eta iruzurrezko praktika horiek eragindako sektore guztiekin.

Hori guztia dela eta, Bilboko Albia lorategira joan gara, epaitegien aurrera, riderri babesa eta elkartasuna adierazteko eta haien lan-eskubideak defendatzeko.

Garbiñe Aranburu: “Ez da erabaki politikorik egon pandemiaren ondorioei aurre egiteko”

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu Euskal Telebistako “Egun On Euskadi” saioan izan da, aktualitateko gaiei buruz hitz egiteko. Besteak beste, pandemiak sortutako ondorioei buruz galdetu diote, neurri gogorragoak ezartzeko atarian gaudenean. Zentzu honetan, pandemiaren kudeaketan kritikarako elementu asko daudela nabarmendu du; adibidez, osasungintzan: “Joko arriskutsu baten baitan mugitzen ari gara, neurriak zorroztu, neurriak malgutu, eta ez da erabaki politikorik egon pandemiaren ondorioei aurre egiteko”.

Hain zuzen ere, osasungintzako adibidearekin jarraituz, salatu du ez dela inbertsio publikorik egon, Osakidetzan behin behinekotasun tasa itzela denean eta lehen arretan ematen den egoera kezkagarria denean. Hala, neurriak finkatzera mugatzen diren heinean, “joan-etorri egoera” etengabe batean gaudela kritikatu du. Honekin batera, txertaketaren kudeaketa ere egokia ez dela aipatu du. Adibide moduan, jakinarazi du anbulantzietako langileek mobilizatu behar izan dutela, txertaketaren parte izateko eskatzeko. “Ez dago inolako borondaterik txertaketa langileekin adosteko”, zehaztu du.

Bestalde, azpimarratu du oraindik orain kutsatze katea ezagutzeko modurik ez dagoela; hots, lantegietan kutsatzeak ematen diren jakiterik ez dagoela, ikerketa gauzatzeko behin eta berriz eskatu dugun arren.

Pandemiari buruz ez ezik, beste gai batzuen inguruan ere hitz egin du Garbiñe Aranburuk. Hala, Globoaren aurkako epaiketa, Kataluniako inbestidura, industria sektoreko gatazkak eta funtzio publikoko aldarriak hizpide izan ditu, besteak beste.

Nafarroako gazte langileak miseriaren atarian jarri dituen prekaritatea salatu dugu, Ernairekin batera

LAB sindikatuko eta Ernai gazte antolakundeko hainbat kidek kartel handiak jarri dituzte gaur Iruñerriko garraio publikoaren zenbait geltokitan Nafarroako gazte langileek pairatzen duten prekaritatea salatzeko. Markesinetan paraturiko kartelen bidez gazte langileen egoera larria erakusten duten datuak ikustarazi nahi izan dituzte LABek eta Ernaik. Datu horiei buelta emateko, bizitza kapitalaren aurretik lehenetsiko duen bideari ekiteko deia egin dute.

Pandemia hasi zenetik, Nafarroa Garaian, %47 igo da langabezia 25 urtetik beheitiko gazteen artean. Orain 4.685 dira nafar gazte langabeak. Edo, bertze modu batean erranda, orain, hamar nafar gaztetatik hiruk bakarrik dute lana. Hala, Nafarroako langabeen erdiak 35 urte baino gutxiago ditu. Eta lana dutenen artean ere, behin-behinekotasuna izutzeko modukoa da, %56koa hain zuzen.

Gazteen diru sarrerak gero eta prekarioagoak diren arren, diru irteerak etengabe ari dira handitzen. Adibidez, etxebizitzen batezbertzeko alokairua 690 eurotan dago Nafarroan, eta hori ordaintzeko gazteek beren soldataren bi heren erabili behar dituzte. Horregatik hain zuzen, 30 urte baino gutxiagoko gazteen artean bakarrik %16k lortzen du emantzipatzea.

LAB eta Ernairen ustez, datuok argi erakusten dute gazte langileak jo puntuan jarri dituela prekarizazio prozesu orokorrak. Eta horren aitzinean, pandemia garai hauetan, bizitza kapitalaren aurretik lehenetsiko duen bide iraultzaileari ekin behar zaio, bi erakunde hauen erranetan. “Lehentasun izan beharko litzateke zerbitzu publikoak indartzea, langile guztien enplegua eta osasuna bermatzea, zaintza baliabideak sendotzea, tokiko ekonomia babestea, eta oinarrizko behar sozialak ahalbidetzea. Eta gazte langileak miseria arriskutik urrutiratzeko bidean, gobernuek erabaki ausartak hartu beharko dituzte gazteei lan eta bizitza duina bermatzeko: gutxieneko soldata 1.200 eurotan ezarriz, 35 orduko lan astea finkatuz, enplegu suntsiketari atea itxiz, Nafarroako hitzarmen sektorialak lehenetsiz… Finean, gazte langileon interesak kapitalaren interesen aurrean defendatzea dagokio Nafarroako Gobernuari, eta horretarako bidean borrokan jarraitzeko hautu irmoa egiten dugu LABek eta Ernaik”.

Euskal presoen eskubideen defentsan mobilizatu gara Bilbon

LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Bilbon, euskal presoen eskubideen alde, hileroko dinamikari jarraiki. Hain zuzen ere, Sare erakundearen Izan Bidea ekimenaren baitan egin dugu mobilizazioa, Plaza Eliptikoan.

Presoen egoerari heltzea eta konponbide bat ematea premiazkoa dela adierazi dugu, eta Espainiako Gobernuari salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzeko exijitu diogu.