2025-12-23
Blog Page 42

Igor Arroyo ELAren 16. Kongresuan: “Ez elkarren bidelagun, baina ez gara elkarren etsai; beharra eta aukera dagoenean, batu ditzagun indarrak”

ELAren 16. Kongresuan hitzartzea egin du LABeko Koordinatzaile Orokor Igor Arroyok. Sindikatu biak elkarren Kongresuetan aritzeko ohitura 90. hamarkadatik dator, “Euskal Herriaren burujabetza eta eraldaketa sozialaren aldeko bidelagun izan nahi genuen, elkarlan estrategiko bat garatzeko aukerak ikusten genituen” gogoratu du Arroyok. Ordea, garaiak aldatu dira eta “harremanak zein puntutan dauden ikusita” ohiturari eusteko “zalantzak” izan arren, LABek onartu egin du gonbitea.

Bide ezberdinak dira LABek eta ELAk proposatzen dituztenak. “Egoera aldatu da, onartu eta naturalizatu behar dugu, hainbatetan saiatu arren, ez gara ados jarri euskal langileei eskaini beharreko bidean eta gaur gaurkoz ez gara bidelagun”, esan du Arroyok. Baina ezta arerio ere, LABeko koordinatzaile orokorrak azpimarratu duenez: “Gure arerioa Kapitala da, Patriarkatua, Kolonialismoa, nazio ukazioa. Arerioa inperialismoa da. Gure arerioa Palestinan genozidioa burutzen ari den sionismoa da. Argentinan, Portugalen, Frantziako eta Espainiako estatuetan indartzen ari den faxismoa da. Gure arerioa Patronal esplotatzailea da”.

Horiei guztiei aurre egiteko sindikatu biek “behin baino gehiagotan indarrak batu” beharko dituztela adierazi du. Zentzu horretan mezu argia utzi nahi izan die ELAren Kongresuko kideei: “Guk badugu gure bidea eta zuek baduzue zuen bidea. Hautatu dugun bideari uko egin gabe, eta bidelagun izan gabe ere, beharra eta aukera dagoenean, batu ditzagun indarrak”.

Hala, sindikatu biek partekatzen dituzten aldarri eta borroketan jarri du Arroyok arreta. “Gehiengo sozialaren zerbitzura izango den Euskal Errepublika aldarrikatzen dugu; Euskal Herria klase borrokarako esparru autonomotzat jotzen dugu; patronalaren neurrira egindako elkarrizketa soziala errefusatu eta kontraboterearen aldeko apustua egiten dugu; autonomia sindikalaren aldeko apustua egiten dugu”.

Euskal langileei zer nolako bidea eskaini behar diegun zehazteko orduan LABek duen ikuspegiaz aritu da segidan: “Guk klase subjektua berrosatzeari garrantzia handia ematen diogu. Sindikatu bakoitzaren interes legitimoetatik harago, klase gisa borrokatu nahi dugu, klase gisa kontraboterea praktikan jarri. Eta horretarako kultura eta estrategia sindikal partekatu bat sortu behar dela uste dugu. Gure jendea horretan saiatzen ari da, gogotik saiatu ere. Azken urteetan, aspaldi ez bezalako greba kopurua atera dugu aurrera. Borroka sindikal ugari artikulatu ditugu eta askotan patronalari pultsoa irabazi diogu”.

Autonomia sindikalarekin batera, Euskal Herriaren eraldaketaren aldeko eragile sindikal, sozial eta politikoen arteko koordinazioa beharrezkoa dela adierazi du Arroyok. “Autonomia sindikala behar dugu, langileon interesak agenda politikoan kokatzeko. Koordinazioa behar dugu, politika publikoetan aldaketak eragiteko”. Horregatik, “lantokiak, kaleak eta instituzionak lehiatzera” dei egin du.

Nazioarteko aliantzetan ere sindikatu bien artean izan badiren desberdintasunak hizpide izan ditu, Munduko Federazio Sindikala da LABentzat klase sindikalismoaren eta antiinperialismoaren erreferentzia, baina “beharrezkoa” jotzen du naziaorteko beste sindikatu batzuekiko elkarlana; besteak beste, estaturik gabeko nazioetako sindikatuekin eta sindikalistekin. Quebec, Eskozia, Katalunia, Galiza, Korsika edota Euskal Herriko sindikatuak. “Hori saiatzen ari gara egiten, hain zuzen ere, sindikatu subiranisten nazioarteko foroan”.

Ez bidelagun, ez elkarren etsai. “Bakoitzaren posizioa ulertu eta errespetatzea dagokigu”, berretsi du Arroyok, eta “ahal den guztietan elkarlanerako aukerak baliatzen” jarraitzeko LABen konpromisoa adierazi du. 2020ko Greba Orokorra eta gutxieneko soldata propioaren biden balioan jarriz “gai estrategikoa da, zorionez ados jarri gara eta elkarrekin urrunago iritsiko gara”.

Lan baldintza prekarioetan oinarrituriko enplegua dago langabeziaren beherakadaren atzean

Langabeziak behera egin du Hego Euskal Herrian, eta pasa den urtean baino 2.583 langabe gutxiago daude. Azken hilabetean ere langabeziak behera egin du eta maiatzean 133.618 herritar zeuden izena emanda enplegu-eskatzaileen zerrendatan. Udako kanpainaren hasierarekin batera, langabeziaren jaitsiera ohikoa izan ohi da eta lan merkatuaren prekarizazio prozesuan sakontzeko baliatzen da.

Langabezian dauden langile gehienak emakumeak* dira, %58,64, hain zuzen ere. 25 urtetatik gorakoen artean, langabezian dauden emakumeen* proportzioa %60,02ra igotzen da.

Migratuen artean ere langabeziak gora egin du azken urtean eta bizi zein lan-baldintza okerragoetan aurkitzen dira; izan ere, migratu langabeen artean %31,28 aurreko enplegurik gabekoak dira eta %52a zerbitzuetan ari da lan bila.

Azken urtean, sektore guztietan egin du behera langabeziak, tasari erreparatuz eraikuntzan jaitsi delarik gehien, %8,56. Langabeziaz harago, sektore honetan bizi dituzten lan-baldintza kriminalak salatu beharrean gaude, azken astean hiru langile hil baitira lanean ari zirela eraikuntzan. Kopuruari erreparatzen badiogu, zerbitzu sektorean jaitsi da gehien langabezia pasa den urte zein hilabetearekiko, 1.795 eta 2.455 langabetu gutxiago, hurrenez hurren. Sektore honetan dagoen afiliazio altuaren erakusgarri da, kopurutan maximo historikoetan dago eta maiatzean afiliazioaren %73,69a sektore honetan izena emanda zegoen. Industria sektoreko afiliazioa %21,39koa da.

Azkenaldian ohartarazten ari garen bezala, industria sektorean aplikatzen ari diren Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedieenteen ondorioz, datuek ez duten sektoreak bizi duen egoera erreala azaleratzen, milaka langile baitago egoera oso ezegonkorrean, enplegua galtzeko arriskupean, datuek 72 langabe gehiago daudela dioten arren.

Azken hilabetean, aurreko enplegurik gabekoen kopuruak behera egin du, lan merkatura gehitzen diren guztiak lana aurkitzen ez dutenaren seinale, eta 2.684 langile gutxiago zegoen lan bila.

Aurreko urtean baino 1.052 kontratu gutxiago sinatu dira maiatzean zehar, sinatu direnetatik %78,72a behin behinekoak izanik, aurreko urte zein hilabetearekiko proportzioa handituz.

Maiatzeko azken egunean, erregimen orokorreko afiliazio datua historikoa izan zen, Hego Euskal Herrian 1.085.478 afiliatu zeudelarik (azken hilabetean 10.769 afiliatu gehiago egon dira). Azken urtean sortutako afiliazioaren %87,22a zerbitzu sektorekoa da. Beraz, sortzen ari den enplegua lan baldintza ezegonkor zein prekarioagoak dituen sektorekoa da.

Zentzu honetan, azpimarratu behar dugu emakumeak* direla lan baldintzak okerrenak dituztenak. Datuetan oinarrituta, hiru errealitate nabarmenduko ditugu, emakumeok* lan merkatuan bizi dugun egoera prekarioaren eta egiturazko sexu-genero arrakalaren adierazle argiak direnak:

• 4 emakumetik* bat jardunaldi partzialean dago.

• Jardunaldi osoan emakumeen* %56,4 dagoen bitartean, gizonezkoen %77,9 dago egoera horretan.

• Aldizkako kontratu finkoa dutenen artean, %63, 13a emakumeak* dira.

Sortzen ari den enpleguak gero eta oinarri prekarioagoak ditu, zerbitzu sektorean ari baita sortzen nagusiki. Bi herritarretik bat bizitza duina bermatzeko diru-sarrera nahikorik gabe bizi da Hego Euskal Herrian, enplegua eduki arren. Eta gaurko langabezia datuen atzean, errealitate hori ezkutatzen da. Hori dela eta, LAB sindikatuarentzat urgentziazkoa da Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa ezartzea, lan baldintza duinak bermatzeko urratsa baita.

Arabako egoitzetako eta Enviser-eko borrokek, grebekin eta mobilizazioekin, LGS propio eta duin baten beharra erakusten dute

Ekainaren 4an, manifestazioa bateratua egingo dute LAB, ELA eta ESK sindikatuek Arabako adinekoen egoitzetako eta Enviser-eko langileen borrokak bultzatzeko eta Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa eta duina aldarrikatzeko. 18:00etan izango da, Gasteizko Plaza Berritik.

Arabako adinekoen egoitzek urteak daramatzate herrialdeko lehen hitzarmena lortzeko borrokan, eta Enviser-eko langileek lan-baldintzak hobetzea eskatzen jarraitzen dute, eta bi hilabete baino gehiago daramate greban. Hauen antzera, Araban ere langile askok jasoko lukete Lanbide arteko Gutxieneko Soldata propio baten onura, LAB, ELA eta ESK sindikatuok, STEILAS, HIRU eta ETXALDErekin batera, prekaritatearekin amaitzeko aldarrikatzen ari garena.

Datorren ekainaren 4an, asteazkena, LAB, ELA eta ESK sindikatuek deituta, Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen sektorea eta Enviser-eko lorezainak kalera aterako dira batera, Lanbide arteko Gutxieneko Soldata propioa eta duina aldarrikatzeko. Bi kolektiboak borroka oso garrantzitsuen protagonistak dira, greba oso luzeen eta mobilizazioekin, eta beraien aldarrikapenen artean dago, besteak beste, beraien soldatak hobetzea, Estatu osoan indarrean dagoen LGStik oso-oso gertu baitaude.

Arabako adinekoen egoitzetako eta etxebizitza komunitarioetako langileek 6 urte baino gehiago daramatzate borrokan sektoreko lehen hitzarmen probintziala lortzeko. Enviser-eko lorezainek bi hilabete baino gehiago daramatzate greba mugagabean, lan-baldintza prekarioak hobetzea ekarriko duen enpresa-hitzarmena lortzeko. Errealitate desberdinak, baina antzeko aldarrikapenekin: beraien baldintzak hemen negoziatu eta erabaki ahal izatea, aplikatzen zaizkien Estatu mailako hitzarmenen gainetik. Bi kolektiboei, Araban dauden beste askori bezala, bete-betean eragingo zion prekaritatearekin amaitzeko nahikoa izango zen LGS propio baten konkistak. Horregatik deitu dute sindikatuek ekainaren 4ko manifestazio bateratua. Bertan, sinadurak bilduko dira, hemen LGS ezarri ahal izatea helburu duen HEL Gasteizko Legebiltzarrean erregistratzeko.

Araban, enpresa asko ari dira negozioa egiten lan-baldintzen eta langileen soldaten kontura. Prekaritatea, zerbitzu publikoen pribatizazioarekin batera, enpresa-onurarako erabiltzen dute. Patronalaren diru-goseagatik gertatzen da hori, uko egiten baitio LGS negoziatzeari; eta baita instituzioek hala baimentzen dutelako ere. Araban, adinekoen egoitzetan, Aldundiak ez du behar besteko borondate politikoa erakusten zaintza-sektore honen lan-baldintzak duintzeko. Enviserren, Gasteizko Udala ez da gai izan langileen aldarrikapenei erantzuteko.

Gauzak horrela, LAB, ELA eta ESK sindikatuek dei egiten dute ekainaren 4an, 18:00etan, Gasteizko Plaza Berritik abiatuko den manifestazioan parte hartzera. Batetik, Arabako adinekoen egoitzetako eta Enviser-eko langileen borrokak bultzatzeko. Bestetik, eta horrekin batera, Lanbide arteko Gutxieneko Soldata propioa eta duina aldarrikatzeko, Arabako prekaritatearekin amaitzeari begira.

Emakumeen* Mundu Martxaren mobilizazioak gizon batek adin txikiko bat hil duelako Bilbon

Maiatzaren 30ean izan zen Bilbo mobilizazioa eta 31n Donostiakoa. Gaur, ekainaren 2an, izango dira Gasteizkoa (19:00etan, Andra Mari Zuriaren plazan) eta Iruñekoa (20:00etan, Udaletxe plazan).

Euskal Herriko Emakumeon* Mundu Martxaren irakurketa

Beste behin, dagoneko laugarrena urtea hasi zenetik, Emakumeon* Mundu Martxako erailketa matxisten aurkako protokoloa aktibatu dugu. Izan ere, gaur maiatzaren 30ean, emakume bat eta bere alaba indarkeria matxistaren biktima izan dira: aitak alaba hil eta bere bikotekidea zauritu du bere buruaz beste egin aurretik Bilbon.

Lehenik eta behin, Euskal Herriko Mugimendu Feministatik gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu senide, lagun eta gertukoei. Ez zaudete bakarrik.

Nazkatuta, nekatuta eta haserre gaude, baina, prest gaude erantzuteko eta Euskal Herriko edozein txokotan gertatzen diren hilketa matxista guztiak salatzeko. Prest gaude erakundeei eraso matxista bat gertatzen den bakoitzean dagokien ardura har dezaten eta indarkeria matxistaren konplize den orori ardurak exijitzeko, gizonei bereziki.

Ez da hilketa isolatu bat, ez da tragedia puntual bat, sistema oso batek ahalbidetzen duen indarkeria baizik. Oraingoan adin txikiko neska baten erailketaz ari gara eta honek bereziki larria bilakatzen du kasu hau. Zalantzarik ez dugu, biolentzia bikarioa ere indarkeria matxista da.

Jendartearen egitura patriarkala agerian uzten duen gertakari bat gehiago da hau. Jakin badakigu, erailketa matxistak indarkeria matxistaren eta estruktura heteropatriarkalaren ondorio izugarri eta lazgarrienak direla. Baina, indarkeria matxista egiturazkoa da. Bizitzako esparru guztietan gertatzen da. Ez da eremu pertsonal edo pribatukoa, edo bi pertsonen artekoa, ezta “gaixo” batzuen ekintza ere. Sistema patriarkalak emakumeak* eta sexu- genero disidenteak garen pertsonak menpeko mantentzeko moduetako bat baizik.

Emakumeok* emakume izateagatik erailtzen gaituzte eta errealitate gordin honi aurre egiteko urgentziazkoa mekanismoak behar ditugu hemen eta orain. Egungo instituzioen pasibotasun eta jendartearen konplizitatearen ondorioz, urtez urte, emakumeon aurkako erasoek ez dute etenik. Indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu.

Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu. Gure bizitzak daude jokoan Honekin batera, autodefentsa feministarako deia egiten dugu. Bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresna eraginkorrenak.

Gu ez gara isilduko, erasorik ez erantzunik gabe! Feministok erantzuteko prest gaude! Lotsa eta beldurra aldez aldatzen hasi da, eta antolatzen eta saretzen jarraituko dugu, elkarrekin borrokan denak aske izan arte! Azkenik, dei egiten dugu Euskal Herriko hainbat herri eta hiriburuetan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko. Adi mobilizazioei. Erailketa matxistarik ez! Denak aske izan arte, martxan jarraituko dugu!

GORA BORROKA FEMINISTA!

LABek lanuzteei ekin die SACYR AGUAS SLn, langileei soldata duina bermatuko dien enpresa-ituna lortzeko

Gasteizko hustubideak (euri-uren estolderia) garbitzeaz arduratzen den SACYR AGUAS SL enpresako langileak negoziazio prozesu batean daude 2024ko abuztutik, euren lantokirako enpresa itun bat lortu ahal izateko.

Beren aldarrikapen nagusia Euskal Herriko bizi mailarekin bat datozen soldata duinak lortzea da, eta horretarako, orain arte egiten duten erreten zerbitzuarengatik jasotzen ari diren plusa handitu beharko litzateke edo egiten duten zerbitzu motarekin bat etorriko litzatekeen toxikotasun, penagarritan eta/edo arrisku bat ezarri. Era berean, garrantzitsuak diren beste gai batzuk ere eraman dira negoziazio mahai honetara, hala nola ezartzen zaien Uraren Ziklo Integralaren Estatuko Hitzarmenean jasotako gizarte estaldurak hobetzea, hala nola aldi baterako ezintasun aldietako osagarri ekonomikoa handitzea.

Hainbat bilera egin ondoren, negoziazioa erabat blokeatuta dago; izan ere, enpresako zuzendaritzak egindako azken soldata proposamena guztiz gutxiegitzat jo du plantilla osoak, langileen azken batzarraren ondoren. Hori dela eta, langileek, ia aho bateko erabakiz, urrats bat aurrera egitea eta mobilizazio egutegi bat ezartzea erabaki dute. Horregatik, langileek greba egiteko eskubidea erabiliko dute, lehenik eta behin ordubeteko lanuzte partzialak eginez, 8:30etik 9:30era (goizeko txandan) eta 18:00etatik 19:00etara (arratsaldekoan), astelehenetik ostiralera, ekainaren 2tik 6ra eta 9tik 13ra bitartean.

Era berean, ekainaren 2an, 6an, 9an eta 13an langileek langileek elkarretaratzeak egingo dituzte AMVISA kontratua esleitzeaz arduratzen den udal enpresaren aurrean 8:30ean eta 4an eta 11n Andrea Maria Zuriaren plazan, 18:00etan.

Gainera, langileek greba deitzeko erabakia hartu dute, lanaldi osoan eta goizeko eta arratsaldeko txandetan, ekainaren 16tik 20ra bitartean, biak barne.

LAB, aipatutako negoziazioetako sindikatu solaskidea den aldetik, une oro prest egongo da negoziazio esparruaren baitako elkarrizketak berraktibatzeko, akordio egokia lortu ahal izateko. Era berean, zerbitzua esleitu duen bezeroarekin harremanetan jarriko da, egoera azaldu ahal izateko.

EAEko Hezkuntza Sailari ikastolen eremurako adostutakoa bete dezan exijitu dio LABek

Hezkuntza Sailak akordio laborala sinatu zuen LABekin 2023an eta ez da betetzen ari ikastoletarako atalean adostutakoa. Horren aurrean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletako langileek mobilizazioa egingo dute ostegunean, Eusko Jaurlaritzako Lakuako egoitzan.

Hezkuntza Sailak eta LAB sindikatuak akordio laborala sinatu zuten 2023ko ekainaren 1ean. Akordio horretan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza sare guztietako langileengan eragina izango zituzten neurriak adostu eta jaso zituzten.

Ikastoletako langileei zegokion atalean, bereziki, bi neurri jaso ziren:

1. Ikastoletako langileen eta sare publikoko langileen arteko soldata parekatzea. Neurri horrek ikastoletako langile guztiei eragingo ziela adostu zen, eta 2027ra arteko epean gauzatuko zela.

2. Ikastoletako langileen eta sare publikoko langileen lan baldintzen homologazioa

Ikastoletako langileen eta sare publikoko langileen arteko lan baldintzen homologazioa martxan jarri eta lortzeko, lehen neurri bezala, akordio laboralean bi urteko epea ezarri zen neurri hori gauzatu ahal izateko ikerketa egiteko.

Era berean, Hezkuntza Sailak eta LABek akordio laboralean bertan jaso zuten, adostu zituzten lan ildoak jorratzeko, hezkuntzako azpisektore bakoitzak zegokion lan hitzarmenean aztertuko eta negoziatuko zituela aplikatu beharrekoak. Hezkuntza Sailak konpromisoa hartu zuen akordio laboralean jaso eta zegokion lan hitzarmen bakoitzean negoziatutako neurriak egikaritzeko behar besteko finantzazioa eskaintzeko.

Akordio laborala sinatu ondoren, eta haren ondorioz, Hezkuntza Sailak hezkuntzako azpisektore bakoitzeko titularrarekin antzeko akordioak sinatu zituen, eta horrek guztiak eman zion gorputza eta eman zien hasiera akordio laboralean jasotakoa betetzen hasteko ekinbideei.

Ikastoletan, 2024ko urtarrilaren 16an aurreakordioa sinatu zuten Ikastolen Elkartea-Partaidek, EIBk (Eusko Ikastola Batza) eta LAB sindikatuak, zeinaren bidez 2027rako langile guztientzat gauzatu beharreko parekatzea arautu zen. Hala, eta parekatzea helburu, 2024rako %15,3ko soldata igoera adostu zen, langile guztiei aplikatu zitzaiena. Hurrengo urteetarako, 2025rako, 2026rako eta 2027rako soldata igoera tarte batzuk ezarri ziren. Aurtengo, ordea, adostutako igoera tartea ezarri zaie irakasle kategorietan dauden langileei, baina ez gainerako kategorietan dauden langileei.

Akordioan jaso zen bezala, Ikastolen Elkartea-Partaidek eta EIBk ekarri zituzten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletako lan hitzarmeneko negoziazio mahaira akordio laboralean jasotako neurriak, eta sintonia horretan sinatu zen 2024rako ikastoletarako lan hitzarmena. Hezkuntza Sailak, ordea, bere erantzukizuna saihestuz, ez du neurri horiek martxan jarri ahal izateko hitzeman zuen finantzazioa mahai gainean jarri.

Bestalde, eta bigarren neurriari dagokionean, akordioan ikerketa egiteko ezarri zen bi urteko epea amaitu bada ere, Hezkuntza Saila ez da hasi inongo azterketarik egiten, eta ez dago inongo zantzurik hasiko denik ere.

Beraz, ikusitakoak ikusita, LABek bere kezka eta haserrea erakutsi nahi du Hezkuntza Saila ez delako betetzen ari akordio laboralean ikastolen eremurako LABekin hitzartu zuena, eta akordio laborala blokeatuta dagoela ikastolei dagokienez. Era berean, adierazi nahi du Hezkuntza Sailak akordioa ez betetzeak ondorio kaltegarriak dituela ikastoletako langileengan, eta lehendik onak ez ziren lan baldintzetan eta eguneroko lanean. Ikastoletako langileak ezin dira denbora gehiagoz zain egon Hezkuntza Sailak bere hitza bete dezan. Horregatik, orain arte negoziatzen jarraitzearekin batera, beste ekinbide batzuetara pasako dela iragarri nahi du LABek.

Mobilizazioetarako prest

LABek beti erakutsi du negoziazioetarako eta akordioetara heltzeko borondatea, eta horren adibide dira akordio laborala bera eta Ikastolen Elkartea-Partaide eta EIBrekin sinaturiko ikastoletako azken lan-hitzarmena, 2024koa. Akordioek bete gabe jarraitzen badute, ordea, mobilizazioetara joko du LABek, Hezkuntza Sailari exijitzeko akordio laboralean sinatu zuena bete dezan: sare publikoko langileekiko soldata parekatzea ikastoletako langile guztientzat eta sare publikoko langileen lan-baldintzen homologazioa ikastoletako langile guztientzat gauzatu ahal izateko azterketari ekiteko, behingoz. Blokeoa gainditzeko tenorea da, eta Hezkuntza Sailak neurri horiek guztiak martxan jar daitezen hitzeman zuen finantzazioa jarri behar du mahai gainean.

Ez da onargarria bi urte pasatzen uztea ezer egin gabe; ez da onargarria sinatutakoari ez heltzeagatik, ikastoletako langile batzuen lan baldintzak ez hobetzea. Horri guztiari irtenbidea bilatu arte LABek egoera salatzen jarraituko du eta ikastolei dagokiena eskatzen jarraituko du; mobilizazioen bidetik, beharrezkoa bada.

Horrekin batera, ikastolak ere interpelatu nahi ditu LABek, sindikatuak egiten duen aldarrikapen bera egiteko Hezkuntza Sailari; hau da, Hezkuntza Sailari adostutako konpromisoak bete ditzan eskatzeko.

Horrenbestez, LABek ikastoletako langileei dei egin nahi die Hezkuntza Sailari akordio laboralean hartu zituen konpromisoak martxan jarri eta bete ditzan exijitzeko. Bide batez, Hezkuntza Sailak dagokiona bete ondoren, Ikastola Elkartea-Partaideri eta EIBri aurre-akordioan adostu zituzten konpromiso horiek betetzen jarraitzeko eskaria luzatu nahi dio. Eskua luzatuta dauka elkarrizketarako.

Era berean, Hezkuntza Sailari adierazi nahi dio ez dela gehiago zain egongo. Eta horren adibide, jakinarazi nahi du hurrengo ekainaren 5ean Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusiaren aurrean mobilizatuko dela, Lakuan. LABek dei egiten die Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletako langile guztiei haien ahotsak altxatu eta langile guztientzat parekatzea eta lan baldintzen homologazioa aldarrikatu ditzaten.

.

LABek manifestazioa egin du Nafarroako Esku-hartze Sozialak bigarren hitzarmen kolektiboa izan dezan

Urte hasieran Nafarroako Ekintza eta Esku-hartze Sozialaren sektoreko bigarren hitzarmenerako aurreakordioa lortu ondoren, LABek manifestazio bat antolatu du gaur Iruñean inplikatutako erakundeek eta patronalak ahalegina egin dezaten aurrez adostutakoa behingoz egia izan dadin.

LABek salatu du gaur egun Nafarroako Gobernuak eta patronalak ez dutela onartu nahi urte hasieran adostutakoa; izan ere, batzuek ez dute erraztasun guztiak ematen patronala sinatzera ausartzeko, eta besteek ez dute dena jarri nahi hitzarmena errealitate izan dadin.

LABetik argi daukagu, hitzarmena aplikatzeko eta Nafarroako Gobernuak kontzertuen moduluak eguneratzea besterik ez izateko modu bakarra hitzarmen kolektiboa sinatzea da, hori da langile guztien lan-baldintzak hobetzeko dagoen legezko betebehar bakarra, eta horregatik presioa egingo diogu behar duenari. Gainerakoak, gure ustez, aitzakiak dira.

PSN, Geroa Bai eta Contigo Zurekin-ek, Nafarroako Gobernua osatzen duten alderdi politikoek, sektorearen hobekuntzarako fitxarik mugitu nahi ez dutela adierazi nahi dugu, finantza itzulerarik ez duen sektore gisa ikusten baitute. Zaintza ez da negozio bat, eta guk ondo dakigu hori.

Gainera, argi utzi nahi dugu LABen jarrera; izan ere, gure ustez, Nafarroako Gobernuaren eta patronalaren arteko erantzukizun-gaitzespenen zurrunbilo biziotsuan gaude, eta horrek blokeatuta jarraitzen du, eta langileok bi aldeen joko ekonomiko baten erdian gaude.

LABek argi dauka: mobilizazioa gakoa da edozein aldetatik sorgin gurpil hori apurtzeko, dela patronalari presioa eginez, dela Gobernuari presioa eginez, langileek aurrez adostutakoa izan dezaten. Uda baino lehen hitzarmenik sinatu ez bada, presio-maila handitu beharko dugu.

Langileak nazkatuta daude erakundeek zaintzen ez dituztelako eta Gobernuak beste alde batera begiratzen duelako; horregatik, espekulatzeari uztea nahi dugu, eta zaintza-lana zuzenean erakundeek hartzea.

Dagoeneko 6 dira aste honetan hildako langileak

Jakin berri dugu maiatzaren 28an Transportea Europeos Gorbeako M.R.D.L langilea hil zela istripu ez traumatiko batean. Bestalde, R.J.M, 31 urteko Monbake enpresako langilea ere hil da Tafallan, atzo, 22:00etan, arratsaldeko txandatik ateratzean, etxerako bidean istripu larria izan ostean.

Astebetean 4 hildako traumatiko izan ostean, heriotz ez traumatiko batek eta in itinere izandako istripu batek osatu dute zerrenda beltza. Lanak eragindako heriotzak guztiak, bakoitzak kausa ezberdina izan arren.

Ez traumatikoetan, jubilazio adinaren atzerapena, estres areagotua, erritmoak, ratioak eta hainbat faktore daude faktore naturalei batzen zaizkienak, eta lanak eragindakoak gero eta presenteago daude.

Itinere istripuetan Nafarroak erakusten duen inzidentzia guztiz larria da, eta are larriagoa da LABek 2024eko apirilaren 28an proposatutako neurriak Nafarroako Gobernuak inplementatu ez izana.

Heriotz bolada larri hau patronalak absentismoaren diskurtso lotsagabe bat baliatzen duen bitartean pairatzen ari gara. Eurak dira absentismo eragile nagusiak. Hil egiten gaituzte.

LAB sindikatuak berresten du Pradales lehendakariari zein Txibite nafarroako gobernuburuari aste hontan eginiko deia: urgentziazko neurriak hartu ditzatela, CEN eta Confebask patronalei araudia betearazteko neurri isuntzaileak ipiniz, eta horiek publikoki azaldu ditzatela.

LABek Pikete Feminista aktibatu du, Euskal Herriko administrazioei zaintza zerbitzuak pribatizatzeari uzteko exijitzeko eta sektoreko langileen izaera publikoa aldarrikatzeko

LABek ekintza bat egin du Eusko Legebiltzarraren aurrean, eta, hala, ekainaren 11n pribatizatutako zaintzako langileen izaera publikoa aldarrikatzeko mobilizazio nazionalera dei egin du.

Ezaguna da eta orokortua dago Euskal Herrian zaintza zerbitzuak pribatizatuak daudela, eta hori Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Frantziako Estatuko administrazioek sustatutako politika pribatizatzaileen ondorio dela. Izan ere, zaintza zerbitzuen kudeaketa enpresari handien eta hirugarren sektoreko patronalen edo entitate konkretu batzuen esku uzten dituzte administrazio publikoek. Modu horretan, ez dira zerbitzu horien kudeaketaz arduratzen. Kontratuen edo pleguen bitartez, zaintza zerbitzu horietako langileak prekarizaziora eta enpresa pribatuekin lan baldintzak negoziatzera behartzen dituzte administrazioek.

LABek, gaur, erantzukizuna eta konpromisoa exijitu dizkie Euskal Herriko administrazioei; alde batetik, zaintza zerbitzuen inguruko ardura eta kudeaketa zuzena bere gain har dezaten, pribatizazioa eta negozioa zaintza zerbitzuetatik guztiz ezabatzeko; eta, bestetik, sektoreko langileen eguneroko prekarizazio eta lan baldintza kaxkarrekin bukatzeko berehalako neurriak har ditzaten.

Administrazio publikoari eta agintean diren alderdi politikoei interpelazio zuzena egin die gaur LABek, euren esku dagoelako pribatizatutako zaintzako langileen lan baldintzak hobetzea. Izan ere, LABentzat zaintza langileek zerbitzu publiko bat eskaintzen dute, eta, beraz, langile publikoak izan behar dute. Zaintza zerbitzuekin sortzen den negozioarekin bukatzeko eta zaintzak zerbitzu publiko bilakatzeko konpromisoak exijitzen dizkie LABek administrazioei. Norabide horretan, langileen lan baldintzen ekiparazioa eta lan baldintzak parekatzearen aldeko apustu politiko eta sindikalaren alde borroka egingo du.

Pribatizatutako zaintzako langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko konpromisoan, eta, era berean, Zaintza Sistema Publiko Komunitario bateranzko trantsizioan, lehentasunezko premia da LABentzat pribatizatuta dauden zaintzako langileen aitortza publikoa egitea eta horien borroka sindikala lehen lerroan kokatzea. Horregatik, pribatizatutako zaintzako langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko, mobilizaziora deitu du LABek, ekainaren 11an.