2026-01-22
Blog Page 414

Garbiñe Aranburu: “Izenetatik harago, Espainiako Gobernuak zein politika egingo dituen ikusi nahi dugu”

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk elkarrizketa egin du Radio Euskadiko Boulevard saioan, eta, bertan, aktualitateko hainbat gairi buruz hitz egin du. Besteak beste, Espainiako Gobernuaren barruan egondako aldaketei buruz galdetu diote: “Izenetatik harago, Espainiako Gobernuak zein politika egingo dituen ikusi nahi dugu eta ea lan erreforma indargabetzen duen eta zein neurri hartuko dituen pentsioen gaiarekin. Era berean, ikusi nahi dugu zein politika egingo dituen herri honek bizi duen gatazka politikoarekiko eta ea behingoz epaiketa politikoak egiteari uzten dioten”. Azken honi buruz, 13/13 sumarioko epaiketak ez duela inondik inora lekurik eta logikarik aipatu du, ezta bestelako sumarioak irekitzeak ere: “Termino politikoetan ez zaio gatazka politikoari heldu, eta, horretatik harago, herri honetako sektore independentisten aurkako kultura errepresiboak bere horretan darrai”.

Beste gai batzuk ere izan ditu hizpide; Tubacex-eko langileen aldeko epaia, kasu. Albistea bikaina dela esan du, baina enpresak helegitea jarri izanak borrokarekin jarraitzeko beste biderik ez duela uzten azpimarratu du: “Epai hau ez litzateke existituko sindikalismo borrokalari bat egongo ez balitz”. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren jarrera lotsagarria azaldu du. Hasieratik patronalarekin lerrokatu dela adierazi du, eta, hori gutxi balitz, Ertzaintza langileak kolpatzera bidali duela ekarri du gogora: “Negoziazio bat ezin da abiatu ERE bat mahai gainean jarrita. Xantaia hutsa da hori”.

Azkenik, aldaketa garaia dela nabarmendu du, eta egungo egoerak mobilizazioak indartzeko beharra eskatzen duela berretsi du; Greba Orokor bat tarteko. Honi buruz luze eta zabal hitz egin du honako iritzi artikuluan

[IRITZIA] Aldaketarako indarrak askatzeko unea

Garai berri batean sartzen ari gara. Osasun krisia gainditzen doan neurrian, krisi ekonomiko eta sozialari erantzun egoki bat emateko premia areagotzen ari da. Unea da patronala eta instituzioen aurrean indarrez agertzeko, mezu argi bat bidaltzeko eta neurri zehatzak eskatzeko.

Batzuk “normaltasunarekin” amets eginez oporrak antolatzeari ekin diote. Aurreko krisiaren aitzakian inposaturiko lan erreforma, pentsio erreforma, murrizketa zein zerbitzu publikoen merkantilizazio eta pribatizazio politiken eraginez, beste askorentzat, ordea, oporrak eta normaltasuna, biak, dira ameskeria, gutxieneko bizitza duin bat ezinezko zaien honetan.

Pandemiaren datuek horretarako tartea uzten dutenean, labana gurinetan bezala mezu baikorrak sartzen ari zaizkigu alde guztietatik. Okerrena pasa dela, ekonomiak hazkunde handia eta azkarra izango omen du, langabezia tasak murriztu, ostalaritzan eta merkataritzan dena lehengora itzuli. Logika kapitalistari erantzuten dion Barne Produktu Gordinari (BPG) begira jarri nahi gaituzte. Guri ez digu adierazle horrek balio: lan merkatu araututik kanpo geratzen diren zaintza lanak ez ditu kontuan hartzen, ez du sortzen den aberastasuna modu orekatuagoan banatzea bermatzen, ez du lan duina ziurtatzen, ez du zerbitzu publikoen kalitatea neurtzen eta ez du aberastasuna sortzeko aztarna ekologikoa zein den kontuan hartzen.

Aldaketak beharrezkoak dira, trantsizio ekosozialista eta feminista da gure bidea, bizitza erdigunean jarriko duen eredu ekonomiko eta sozial berria eraikitzeko. Sektore publikoak izan behar du ekonomia jardueraren ardatza; lan guztiak aitortu eta banatu zein ondasuna banatzeko politikak bultzatu behar dira eta indarrean dagoen produkzio eta kontsumo eredua auzitan jarri behar da.

Ez da hau krisiari eman nahi zaion erantzuna. Merkatuaren logika gailendu da berriro. Enpresa transnazionalen mesedetan Europako Funtsek ezarri dute garai berrirako joko-zelaia. Diru publikoa erruz jarriko da esku pribatuetan, inolako baldintza sozialik eta konpromisorik eskatu gabe. Ekonomia ulertzeko ikuspegi androzentrikoa nagusitzen da. Pandemiak oso argi utzi du bizitza sostengatzeko ezinbesteko lanak zeintzuk diren, baina zaintzaren aferak irtenbide egokirik gabe jarraitzen du, oinarrizko lanetan ari diren sektore feminizatu eta prekarioek aitortza politiko, ekonomiko eta sozialik gabe. Enplegu duina bermatu edota zerbitzu publikoak hobetzea ere ez daude politika publikoen lehentasunen artean.

Funts horietatik dirua jaso nahi duten estatuek baldintza batzuk bete behar dituzte eta fin ari dira horretan Euskal Herriko langileon lan eta bizi baldintzen gaineko erabakiak inposatzen dizkiguten bi estatuak. Lan erreformak bertan behera utzi behar dira, kalitatezko enplegu publikoa sortzeko apustua egin eta enplegu hori egonkorra izan dadin bermatu. Madrilgo Gobernuak ez du horrelakorik egingo, neurri zuzentzaileren bat hartuko balu gaitz erdi, baina askoz gehiago behar da, negoziazio kolektiboaren zentralizazioari mugak jarri eta enplegu duina bermatzeko. Gauza bera pentsioekin, pentsio erreformek ezarritako murrizketak ez dira lehengoratzen eta kapituluka dator pentsio sistema publikoan murrizketa berriak ekarriko dituen erreforma. Parisen ere, bide beretsutik, langabezia prestazioak mugatuko dituen erreforma lantzen ari dira eta pentsioen erreforma berri baten aukera berriro zabaldu da. Langileei bizitza duina bermatzeko, lan harremanek eta pentsio eta babes sozial sistemek eraldaketa sakona eskatzen dute. Eta, zalantzarik gabe, Euskal Herriko Lan Kodea eta Gizarte Segurantzako lege propio baten aldeko olatua sortzeko garai ezin aproposagoa da hau. 

Egun ditugun eskuduntzekin gehiago egin daiteke. Kontzertu Ekonomikoak ematen dituen aukerak herritarren zerbitzura jartzeko eskatzen diegu Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. Bada garaia zerbitzu publikoak indartzeko, zaintza sistema publiko komunitarioa bultzatzeko eta zerga erreforma sakona sustatzeko.

Langileok behar ditugun erantzunak ez dira elkarrizketa mahai baten bueltan adostuko, aldaketak borrokatu eta irabazita baizik, ezker subiranismoaren eta langileen lidergotik. Euskal Errepublika sozialista, feminista eta euskalduna ortzimugan, herri burujabetza prozesua bultzatuz egin behar dugun bidea da.

Euskal Herrian, borroka sindikal eta sozial ugari ditugu piztuta, lantokiak, auzoak eta herriak zipriztintzen ari diren borroka eredugarriak, Tubacexeko gatazkatik abiatuta Aiaraldean sortu den dinamika soziosindikala, kasu (kaleratzeak baliogabetzen dituen epaia irabazi berritan, langile borrokalari guztiei zorionak lerro hauetatik, borrokak merezi du!). Iazko urtarrilaren 30ean egin genuen azken Greba Orokorra. Ez zen erantzun greba bat izan, ofentsibara planteatu genuen greba izan zen eta pandemiak ez gaitu kaleetatik atera. Momentuak greba eta mobilizazio berriak deitzea eskatzen du. Zentzu berean hitz egin zuten pentsionistek maiatzaren 29ko manifestazioetan. Gisa honetako deialdi batek eskatzen dituen gehiengo eta adostasunak eraikitzeko saiakeran jarraituko dugu LABetik, borroken konfluentzia momentua bilatzeko prest gaude.

Garaia da, erreforma eta murrizketa berrien zain egon gabe, indarrean daudenak atzera bota eta bidean direnak baldintzatzeko. Garaia da eraldaketa sozial eta aldaketa politikoaren aldeko indarrak askatzeko.

Elkarretaratzeak egin ditugu Muxikan eta Iruñean, lan heriotzen odolustea salatzeko

Urte gogorra ari da izaten. Dagoeneko, gutxienez, 31 langile hil dira 2021ean lanean. Bada, euskal gehiengo sindikalak deituta, azken lan heriotzak salatu ditugu Muxikan eta Iruñean; basoko lanetan ari zen langilearena eta Erriberrin bizia galdu zuen garraiolariarena. Aste honetan ere Durangon izandako lan istripua salatu dugu; kasu honetan, eraikuntzako langile batena.

Hitzarmen duina exijitu dugu Arabako Zurgintzarako

Gaur, uztailak 9, LABek mobilizazio bat burutu du Gasteizen Arabako Zurgintzarako hitzarmen duin bat aldarrikatzeko. Mobilizazioa Arabako patronalaren egoitzaren aurrean burutu da, “SEA, Zurgintzako hitzarmena zergatik ez?” lelopean, eta bertan LABeko hainbat ordezkarik parte hartu dute. 

Izan ere, Arabako Zurgintzako hitzarmenaren negoziazioak aurrera jarraitzen badu ere, SEAk ez die erantzun nahi sektoreak dituen arazo nagusiei. Hain zuzen ere, LABek uste du hitzarmenak, besteak beste, lanaldiaren jaitsiera eta bajetako osagarrien hobekuntzak jaso behar dituela eta aldarrikapen horiek, hain zuzen, eraman ditugu patronalaren egoitzaren aurrera. Kontuan hartu behar da Zurgintzako lanaldia Arabako Industriako sektorearen altuena dela eta langileek soldataren zati handi bat galtzen dutela bajan egonda, nagusiki lehenengo egunetan. Gainera, lan istripu larria edo oso larria pairatu duten langileei zigortzen zaie (10. hilabetetik aurrera osagarria kentzen zaie). 

Horregatik, LAB, orain arte bezala, sektoreko langileen aktibazioa defendatzen du eta mobilizazio eta ekimen bateratuak antolatuko ditu beste sindikatuekin batera.

Iruzurrezko LEParen akusazioa Osakidetzako eta IVAP-eko zuzendaritzako goi mailako ordezkariei zabaltzea erabaki dugu, justizia eta delituen jarraipena oztopatzeagatik

Osakidetzako oposizioetan izandako irregulartasunen inguruko epaiketako lekuko saioetan agerian geratzen ari da Osakidetzako eta IVA-eko zuzendaritzek epaitegiei informazioa ezkutatu dietela pertsona jakin batzuk babesteko. Horren guztiaren berri eman dugu, zehaztasun handiekin, Bilbon egin dugun agerraldi batean. Bertan izan dira LABeko Zerbitzu Publikoetako ordezkari Eider Casanova, Osakidetzako kide Jesus Oñate eta prozesuan sindikatuko abokatu lanetan ari den Iñigo Santxo.

Astearteko lekuko-saioan argi geratu zen Giza Baliabideetako zuzendariak eta IVAP-eko idazkari nagusiak operazio bat jarri zutela martxan, kirurgia plastikoko oposiziogile baten notak publiko egin ez zitezen, argi eta garbi erakusten baitzuten filtrazio bat zegoela, gainerako oposiziogile guztiek ziurtzat jotzen zutena.

Era berean, eragiketa horretan zehar gutxienez bi bilera eta zenbait mezu elektroniko ezkutatu dituzte nahita, era berean, azterketen notak aztertzen zuen txostena ezkutatu dute ere bai. Are gehiago, Aztertzaile batek jomugan dagoen oposiziogile konkretu batekin duen ahaidetasuna ezkutatu dute, eta ahaidetasuna horrek berehala ezgaitu behar zuen aztertzaile izateko aukera.

IVAP-ek eta Osakidetzak nahita lapurtu diete epaitegiei gertatutakoa argitzeko garrantzitsua den informazioa. Gainera, azpimarratu behar dugu oposiziogile horrek sortzen zituen zalantza asko argitu behar zirela. Horregatik, behin baino gehiagotan, aurreko diligentzietan eta aukera egon denean, horren inguruko informazioa eskatu dugu zehazki.

Osakidetzako zuzendari nagusi ohiak eta Giza Baliabideetako zuzendari ohiak IVAP-eko idazkari nagusi eta zuzendari nagusi ohiarekin batera 2018ko maiatzaren 20an eta 22an filtrazioaren ustezko onuradunarekin eta ustezko filtratzailearekin egindako bileretan antolatutako jarduerak oso larriak eta harrigarriak dira.

Maiatzaren 20an, kirurgia plastikoko lehen eta bigarren proben artean, Osakidetzako arduradunek areto batera eraman zuten aipatutako oposiziogilea, eta bertan zigorgabetasuna eskaini zioten oposizioari uko egitearen truke.

Maiatzaren 22an, ustezko filtratzailearekin egindako bilera batean, eskaintza bera egin zitzaion oposiziogileari. Egun horretan bertan, oposiziogile honek uko egin zion prozesuari, erabat normaltasunetik kanpo zegoen erabaki bat hartu ondoren.

Jarduera horiek guztiak 3 urtez ezkutatu dira ikerketan, eta horrek agerian uzten du IVAP-en eta Osakidetzaren jardueraren helburua dela milaka fakultatiboren lan-etorkizunarekin eta herritar guztien sarbide-aukerekin jolasten aritu diren pertsonak babestea. Horren ondorioz, 11 kategoriatan LEPak geratu dira, milaka kalteturekin, eta, orokorrean, prozesu publikoak zikintzeko kanpaina eragindu, aurrekaririk gabe.

Darponek behin eta berriz esan du oposiziogileak arrazoi pertsonalengatik uko egin ziola, baina Osasun Sailak eta HAEEk presionatuta egin omen zuen.

Asteartean deskribatu ziren, eta, osteguneko deklarazioetan berretsi diren gertakarien aurrean, beste eginbide batzuk sustatuko ditugu:

-Epaitegiari proposatuko diogu dei diezaiela, ikertu gisa, Maite Iruretagoiena IVAP-eko zuzendari ohia, Fulgencio Aledo IVAP-eko idazkari nagusia, Juan Carlos Soto eta Mª Jesús Mugica, sekretuak ezagutarezpenagatiko delituaren inguruan jarraipena egiteko oztopoa jartzeagatik leporatuta. Hori aurreikusita eta zigortuta dago Zigor Kodearen 408. artikuluan.

-Asteartean kontatutakoak ez ditu bertan egon ziren pertsonak bakarrik arriskuan jartzen; badira epaitegira eraman ez diren gai eta informazio garrantzitsuak, instrukzioko magistratuak, eta LAB sindikatuak eskatutakoari erantzuteko, eskatu badu ere. Beraz, gure ustez, Giza Baliabideen egungo zuzendaritza izan daiteke justiziari laguntza ukatzeko delitu baten erantzulea, 412. artikuluan jasotakoa. Zuzendaritza honen jarduera oztopatzailea dela eta, IVAP-eko idazkari nagusiak lekuko gisa emandako adierazpenaren lekukotza ondoriozta dadila eskatzen dugu, eta guardiako epaitegira bidal dadila, beste auzi bat has dadin, kasu honetan, Pilar Uriarteren aurka, gaur egun Osakidetzako Giza Baliabideen arduraduna dena.

-Era berean, osteguneko deklarazioetan, epaitegira modu anonimoan bidali zen informazio bat berretsi dute, kirurgia plastikoan egindako beste filtrazio bat eta kategoria horretan egindako legez kanpoko beste jarduketa batzuk azalduz. Horren guztiaren ondorioz, LABek epaimahaiko bi kide gehiago inputatzea eskatuko du.

Ez dugu baztertzen epaitegiari lekuko gehiago proposatzea informazioa eskatzeko.

Instrukzio honek aurre egiten duen saio bakoitzean, indartu egiten da LAB sindikatuak herri-akusazioaren ariketan defendatzen duen tesia: plazen banaketa diskrezionala burutzeaz arduratzen den gune operatiboak, filtrazioen neurrira, LEP prozesu bat diseinatu zuen eta estrategia oso bat asmatu zuen prozesuan zehar gertatzen ziren salaketak eta ebidentziak ezkutatzeko, eta eskandaluaren ondoren hainbat neurri hartu zituen ikerketari oztopoak jartzeko edo denbora irabazteko.

Anbulantzietako osasun langileen erasoen aurrean, Jaurlaritzari inplikazioa exijitu dio La Pau-Araba anbulantzien enpresa komiteak

Joan den astean, Arabako Larrialdietako Garraio Sanitarioaren Sareko anbulantzien zenbait osasun-langileek berriro erasotuak izan ziren. Gertakari hauek salatzeko elkarretaratzea egin dute Gasteizen, La Pau-Araba anbulantzien enpresa komiteak deituta, Txagorritxuko AUO Kanpoko Kontsulten aurrean.

Lehenengo kasuan, etxebizitza partikular batean, lagun bati eraso egin zion aizto bat zeraman paziente batek. Azkenean, lekutik ihes egin ahal izan zuen. Bigarren kasuan, bi osasun-langilek eraso bat jasan zuten bide publikoan. Kasu honetan, profesionalek irain artean jaso zituzten lekuan zeuden pertsonek. Jarduketaren lekura sartu zirenean, eta behin pazientearekin zeudela, oldarkortasun maila handiagoarekin, inguruan zegoen jendearen bultzadak eta ostikoak jaso zituzten.

Honengatik, azpikontratatutako Larrialdietako Garraio Sanitarioaren Enpresa Batzordea osatzen dugun sindikatuok (LAB, ELA, CCOO eta ESK) gure babesa eman nahi diegu lanean ari ziren bitartean erasoa jasan zuten lankideei eta haien familiei.

Bi egoeretan inguruabar bera gertatu da. Profesional horiek, erasoak jasateko arrisku handiko gune eta larrialdi-mota batzuetara poliziaren presentziarik gabe sartu behar izan zuten.

Behin baino gehiagotan salatu dugu Herrizaingo Saila, Osakidetzako Larrialdiak eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa inplikazio eza azkenaldian anbulantzien zerbitzu azpikontratatuan gertatzen ari diren horrelako gertakariei irtenbidea emateko.

Anbulantzietako langileek jasaten ari diren erasoen aurrean, horien erantzule egiten ditugu Josu Erkoreka Herrizaingoko sailburua, RTSU – Bizi-euskarriko arduraduna, Fernando Garcia Vara jauna eta Oscar Aller Garcia jauna, Osakidetzako Larrialdietako zuzendari gisa, langileen babesean erakusten ari diren utzikeriagatik.

Egoera hauek, era berean, lan-prekaritatearen eta azpikontratazioaren testuinguruan ulertu behar dira, eta Eusko Jaurlaritzari bere erantzukizun zuzena egunerokotasunean saihesteko balio diote. Beraz, berriro aldarrikatzen dugu funtsezko zerbitzu publiko hori presaz argitaratzea, gure sektoreko ordezkaritza sindikal osoak planteatutako baldintzetan.

13/13 sumarioko auzipetuen aldeko manifestazioetan parte hartzeko deia egin diegu euskal herritarrei

Uztailaren 12an, 13/13 sumarioaren baitan 8 euskal herritarren aurkako epaiketa hasiko da Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Ezer baino lehen, gure babes eta elkartasun guztia helarazi nahi diegu guztiei. 

Halaber, epaiketaren atarian, Bilbon eta Donostian larunbat honetarako antolatuak izan diren mobilizazioekin bat egiten du LABek eta parte hartzeko deia egiten diegu euskal herritarrei. Sindikatuko ordezkaritza zabala izango da mobilizazio bietan, Donostiako manifestazioan, zehazki, Garbiñe Aranburu idazkari nagusia eta Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoa izango dira.

Euskal presoei laguntza juridiko eta soziala emateagatik fiskaltzak 77 urterainoko espetxe zigorra eskatzen du auzipetuentzat.  13/13 auziaz hitz egiterakoan inkomunikazio-aldiko tortura salaketak, etengabeko irregulartasunak… datozkigu gogora. Horregatik, orain baino lehen esana dugu epaiketara iritsi gabe, auzia artxibatua izan behar zuela. Auziaren beraren eta akusazioen larritasuna salatzearekin batera, eskakizun horretan berresten gara.  

Lekuz kanpoko epaiketa baten aurrean gaude. Ez lehen ez orain martxan jarri behar ez lukeen epaiketa. Espainiako Estatuak gatazka politikoari irtenbide demokratiko bat eman gabe jarraitzen du. Salbuespenezko espetxe politika oraindik ez da amaitu, ezta salbuespenezko prozedura judizial eta polizialak  ere. Larria bada iraganera begira jartzen gaituzten sumarioak oraindik itxita ez izatea, azken polizia operazioekin lotuta sor litezkeen berriengatik ere gure kezka adierazi nahi dugu. Errepresio bidearen amaiera eskatzen dugu. 

Elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko euskal herritar guztien eskubideak bermatzea ezinbestekoa da, guztienak, eta gisa honetako erasoek ahalegin hori zangotrabatu besterik ez dute egiten.

Auzipetuek adierazi bezala, zauriak ongi ixteko gatazkaren ondorioei heldu behar zaie, askatasunari, demokraziari, euskal jendarteari aukera berriak eman. LABetik ere horretan gaude. Salatzen, aldarrikatzen eta mobilizatzen jarraitzeko arrazoiak baditugu, beraz.

Sinatu egin dugu Osakidetzako langile guztiontzat den aintzinatasunean oinarritutako Garapen Profesionalaren ez-ohiko deialdia

Osakidetzak gaurko bileran mahai gainean jarritako garapen profesionalerako ezohiko deialdia sinatu egin du LABek, historikoki babestu dugun garapen profesionalaren eredu berriaren ezaugarriak jasotzen dituena.

Gaur sinatutako ezohiko deialdiaren proposamena, gure eredua izan gabe eta gabezia nabarmenak dituena, aurrerapauso garrantzitsua da Osakidetzak langileekin duen zorra konpentsatzeko eta guztiak parekatzeko urratsak ematen laguntzeko. Ildo horretan, LABetik nabarmendu nahi dugu deialdi hau, lehen aldiz, langile guztientzat dela, antzinatasunean soilik oinarritzen delako, eta prestakuntzaren negozioa eta trikimailua kanpoan uzten duelako; eta deialdi hau ere, lehen aldiz, guztiz objektiboa izango da, buruzagitzen irizpide subjektiboak kontuan hartzen ez direlako. Horregatik LABetik defendatzen dugu deialdi honen ezaugarriek markatu behar dituztela Osakidetzak idatziz negoziatzeko konpromisoa hartu duen GP eredu berriaren oinarriak. Esan dezakegu gaur LABek sinatu duen deialdiak hobekuntza nabarmena dakarrela Osakidetzako langile guztiei lapurtutako eskubide baten berreskuratzean eta langile arteko lan-baldintzak parekatzeko bidean ere.

Hala ere, ezin dugu ahaztu Osakidetzako zuzendaritzek urte hauetan guztietan izan duten jarrera: garapen-eredu berri bat negoziatzeari uko egin diote, eta martxan zegoen deialdi bat eta hurrengo deialdi guztiak bertan behera utzi dituzte. Horrek guztiak langileen arteko konparaziozko bidegabekeria onartezinak eragin ditu. Alde horretatik, gogorarazi nahi diogu Osakidetzari ezohiko deialdi honek ez duela erabat kitatzen Osakidetzak langileen zati handi batekin duen zorra, hainbat urtez ukatu baitzaie lanbide-garapenerako eskubidea.

Bestalde, Osakidetzak konpromisoa hartzen du eredu berriaren negoziazioak irauten duen bitartean urtero ohiko deialdiak egiten jarraitzeko, baina eredu zaharrean oinarritutako deialdiak izango dira. LABetik Osakidetzari eskatzen diogu ez dezala atzerapausorik eman eta, eredu berririk ez dagoen bitartean, eutsi diezaiola LABek sinatu duen ezohiko deialdi honen ezaugarriei: maila antzinatasunagatik soilik lortzea, Osakidetzan bertan behar beste prestakuntza ez izatearen mende egon gabe eta kanpoko enpresei erosi behar izan gabe, eta hurbileko buruzagitzen balorazioen mende egon gabe, langileen otzantasuna bermatzeko presio-bide gisa erabiltzen baita.

Azkenik, gogoratu nahi dugu langileen borrokak eta presioak bultzatu dutela Osakidetza horrelako proposamen bat egitera, Osakidetzak berak bere garaian garapen profesionalerako deialdiak bertan behera uztean sortu zuen gatazka bati irtenbidea emateko.

LABek Osakidetzan duen konpromisoa da langileen lan-baldintzak eta eskubideak benetan hobetzea eta eredu alternatibo negoziatua defendatzea, eta bi irizpide horietan oinarrituta babestu dugu gure sinadurarekin garapen profesionalerako deialdi hau.

Borrokan jarraituko dugu Tubacex-en lanpostu guztiak bermatu arte

129 langileren kaleratzeak baliogabetzat jo dituzten EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak oso garaipen garrantzitsua dira. Epaiak hasieratik enpresa batzordeak, plantillak, Aiaraldeko eskualdeak eta jendarteak esandakoa babesten du; Tubacex-en ez dago inor soberan. Ez dago inolako arrazoirik langile bakar bat ere kaleratzeko. Argi geratu da Tubacex-eko Zuzendaritzaren arrazoi bakarra zekenkeria dela, langileekiko gutxiespena, langileak erabili eta botatzeko clinex gisa erabil ditzakeela uste izatea.

Tubacex-eko zuzendaritzak publikoki iragarri du helegitea jarriko duela eta horrek esan nahi du aurrera jarraitzen duela 129 pertsona kaleratzeko asmoarekin. Madrilgo auzitegi batean bilatuko du hemen lortu ez duena. Hori dela eta, LABetik diogu lanpostu guztiak bermatzeko bide bakarra borrokan jarraitzea dela, zuzendaritzak bere asmoak bertan behera utzi arte, kaleratuak berriz onartu arte eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiei jarritako errekurtsoa bertan behera utzi arte.

Gaur, Tubacex-eko langileok 148 egun bete ditugu greban, 3.552 ordu borrokan. 148 egun. Goizeko 5: 00etan elkartu egin gara eta gu guztiongan nekea eta tentsioa ikusi dugu, baina 148 egun horietan langileria indartu egin da, eta ez genuen bakarka pentsatu, kolektiboan baizik, helburu bakar bat bilatuz: lanpostu guztiak eta gure lan-baldintzak defendatzea.

148 egun, non indibidualismoaren gainetik klase-kontzientziak irabazi duen. 148 egun hauetan ez gara bakarrik egon. Aiaraldeko eskualde osoa lagun izan dugu gure borrokan eta bere egin du etorkizun duina eta lan eta bizi baldintza duinak dituen eskualde baten defentsan. Borrokan ari diren enpresen artean aliantzak sortu ditugu; izan ere, patronalak beste erremediorik uzten ez digunean, argi utzi dugu langileok borrokarako prest gaudela eta borroka horrek muga guztiak gainditu dituela. Duintasunak zekenkeriari irabazi dio.

Borroka horrek guztiak gaurdaino ekarri gaitu, Justizia Auzitegi Nagusiaren epaietaraino, eta epai horiek gure helburutik (0 kaleratzeak eta 0 murrizketa) askoz hurbilago egotera garamatzate, baina azken garaipena falta zaigu; izan ere, Tubacex-eko langile guztiok elkarrekin sartuko gara gure lanpostuetara, bat eginda eta batuta, orain arte bezala. Tubacex-eko zuzendaritzak amore eman behar du kaleratzeko ahaleginean, eta hori orain arte egin dugun bezala borrokatuz baino ez dugu lortuko.

LABetik argi daukagu, eta horregatik eskatzen diogu Tubacex-eko zuzendaritzari kaleratutako pertsona guztiak berriz onartzeko eta epaiei jarritako errekurtsoa kentzeko. Bere esku dago gatazkari amaiera ipintzea.

Era berean, Eusko Jaurlaritzari eta, zehazki, Arantza Tapiak zuzentzen duen Industria Sailari eta Idoia Mendiak zuzentzen duen Lan Sailari eskatu nahi diegu kaleratutako langile guztiak lanera itzuliko direla bermatzeko. Euskal gizarteak eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak argi hitz egin dute, Tubacex-en ez dago inor soberan. Onartuko al du, beste alde batera begira, Madrilgo auzitegi batek 129 langileren eta haien familien etorkizuna erabakitzea? Onartuko al du Madrilen auzitegi batek eskualde baten etorkizuna erabakitzea? Hau ez al da eskumenen inbasioa? Behin baino gehiagotan entzun dugu Eusko Jaurlaritzari esaten epaiak betetzeko daudela, zer epai? Ugazaben interesen aldekoak? Epai horiek ugazaben interesen aldekoak ez direnean, zergatik eskatzen du Eusko Jaurlaritzak “negoziatzeko”? LABek Eusko Jaurlaritzari eskatzen diona da kaleratutako pertsona guztiak lanera itzuliko direla bermatzea, eta ez ditzala erantzukizunak saihestu.