2026-04-11
Blog Page 41

LABek Ipar Euskal Herrian zabaltzen jarraitzen duela ospatu du Lekornen

1974an sortu zen LAB, eta 2000. urtean hedatu zen Ipar Euskal Herrian. Urte horretako Maiatzaren Lehenean egin zuen lehen agerpen publikoa, Baionan. Horrela, lurralde honetan zabaldu izanaren 25. urteurrena betetzen da aurten. Hori ospatzeko, hainbat ekintza egin ditu LABek Lekornen, Ipar Euskal Herrian 25, enbor beretik zabaltzen lelopean, bere komunitatearen parte hartzearekin.

Kanakiako USTKE sindikatuko Mina Kherifen agurrarekin hasi da eguneko egitaraua, LABek nazioartean dituen harreman zabalen erakusle. Ondoren etorri dira Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak eta Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko arduradunak bi ahotsetara egin duten hitzartzea.

“Inork ez digula ezer oparitu” aipatu dute; eta balioa eman diote militantziak egindako lanari: “badakigu hazten ari garela eta hori zuen lan nekaezinagatik izan da. Harro egotekoa da”.

Bazterketa sindikala ere hizpide izan dute: “Beste sindikatuek baztertu nahi gaituzte, eta badute motiborik kezkatuak egoteko, erakutsi baitugu LAB beharrezkoa dela Euskal Herrian”.

Gainera, LABen berezitasunak ere azpimarratu dituzte. “Egiteko beste modu bat da gurea. Langileak antolatu eta ahalduntzen ditugu, eta borrokak aktibatzen ditugu. LABen ekintza sindikala gertukoa da, bertatik bertara egiten dena, bertako errealitate espezifikoari eta beharrei erantzuten diena”. Mugarri zehatzei erreparatuz, Hemen erabaki dinamika eta urriaren 9an medikuntza sozialean egindako greba aipatu dituzte. Azken hau marko estatala alboratu eta Euskal Herriaren beharretatik sortu eta landutako mobilizazio egun garrantzitsua izan zen.

Horrela, 25 urte hauetako ibilbidea goraipatu dute, sindikatua bere presentzia zabaltzen eta bere eragin gaitasuna handitzen ari dela aipatuz. “Askapen nazionalerako LAB dugu tresna hoberena”, nabarmendu dute.

Ondoren, mahai-ingurua izan da LAB, 25 urteko ibilbidea eta borroka aitzina doa izenburupean, eta bertan parte hartu dute Dominika Daguerre LABeko sortzaileetako batek, Eñaut Aramendi LABeko arduradun ohiak, Henri Perez Sokoako delegatu ohiak eta Evelyne Mouesca sindikatuko ordezkari eta etxez etxeko langileak. LAB Ipar Euskal Herrian sortu zeneko testuinguruaz, sindikatuak egindako ibilbideaz eta ordezkari izateko edo afiliatzeko arrazoiez aritu dira.

Jarraian, elkarrekin bazkaldu dute Lekornen elkartutako LABeko komunitateko kideek, eta iluntzean kontzertuak izango dira, Los Piquillos, Zetkin eta Ekintza taldeekin, jaia eta borroka uztartuz.

Egun osoan zehar, ikusgai egon da sindikatuak Ipar Euskal Herrian izandako ibilbidearen berri ematen duen erakusketa.

LABek Sindikalismo Feminista Internazionalistaren bigarren topaketan parte hartu du

“Sindikalismo Feminista Internazionalistaren Topaketa: Emakume sindikalistak alternatibak eraikitzen krisiaren eta faxismoaren aurrean” ospatu genuen Bartzelonan Urriaren 17tik 19ra. Euskal Herrian egindako lehen topaketatik bi urtera, Munduko Sindikatuen Federazioko Herrien Koordinakundeko Batzorde Feminista sortu berriak antolatu du bigarren topaketa hau. Oraingoan, LAB, Intersindical Valenciana, La Intersindical, Intersidincal Alternativa de Catalunya eta Corriente Sindical de Izquierdas de Asturies sindikatuetako 40 emakumek parte hartu genuen.

Topaketa ostiral arratsaldean hasi zen, gaur egungo geopolitika inboluzionistari eta eskuin muturraren aurrerapenari buruzko azterketa kolektibo batekin, eta armagintzaren eskaladak eta ingurumen-espolioak, gaur egun iparraldetik hegoalderako mendekotasunean, kanpoko etsaiaren eraikuntzan emakume langileen aurkako gorputz-lurralde espolioan duten lekua azpimarratu zen. Halaber, gogoeta egin zen kontra-boterekoa sindikalismo subiranista berrantolatzeko premiari buruz, gorroto-diskurtsoek gehien eragiten dieten gizarte-sektoreek gure sindikatuetan harrerarako, eskubideen defentsa kolektiborako eta gizartea eraldatzeko guneak aurki ditzaten.

Larunbat goizeko lehen zatian Euskal Herriko lehen topaketan sindikalismo feminista bultzatzeko eta negoziazio kolektiboan gauzatzeko sortutako gida sindikala eguneratu zen. Herrien Koordinakundea osatzen dugun sindikatuen artean partekatutako tresna-kutxa bat sortu genuen, sindikalista feministok sindikatuetan eta sindikatuetatik kanpo dauden erresistentzia heteropatriarkalak gainditzeko sortu ditugun estrategiak eta praktikak trukatzeko.

Topaketaren bigarren zatian, FSMko zuzendaritza- eta ordezkaritza-organoen lehen diagnostiko feminista aurkeztu zen, kezka nagusi hauek identifikatzen ditugularik: nazioarteko harremanetan karguak maskulinizatzea eta pertsonalizatzea, belaunaldien arteko erreleborik eza, espazio hauek ez dituztela zaintzak bateratzeko aukerarik ematen, emakumeen ordezkaritza urria eta feminismoa ikusezin bihurtzea langile guztien emantzipazio-paradigma gisa.

Nazioarteko ordezkaritza sindikalaren espazioek askotan errealitate globala ikuspegi androzentrikotik nola irakurtzen duten eta sektore feminizatuen borrokak eta beharrak aintzat hartzen ez dituzten dinamika matxistak nola erreproduzitzen dituzten hausnartu ondoren, lan-plan bat adostu da Herrien Koordinakundeko batzorde feministarentzat. Epe labur, ertain eta luzerako akordioetatik abiatuta, helburua da klase feminismoa zeharkako apustu bihurtzea, eta parte hartzen dugun nazioarteko esparru sindikaletan konpromisoz eta seriotasunez presente egotea. Aldaketa horiek gure sindikatuetatik bertatik hasten dira, idazkaritza feministen eta nazioarteko harremanen arteko bateratzearen bidez, eta bultzatzen ditugun esparru internazionalistetan islatu behar dira.

Azkenik, topaketa amaitzeko, ibilbide feminista bat egin genuen Bartzelonako kaleetan barrena. Bertan, memoria historikoa erreskatatuz eta zuzeneko ekintzak eginez, emakume langileen borrokarako funtsezkoak diren kaleak, plazak eta eraikin publikoak berrizendatzeko, gaur egun oraindik hiriaren eta, beraz, historiaren kontakizun ofizialean agertzen ez direnak. Internazionalismo sindikala feminista izango da edo ez! Gora munduko emakume langileen borroka!

Udaldiak langabezia jaitsi du, baina egiturazko prekarietatea azaleratu du, bereziki lan baldintza prekario eta ezegonkorrak dituztenen artean

Langabezia tasa %7,1ra jaitsi da Hego Euskal Herrian. Pasaden urtean baino 6.300 langabetu gutxiago daude eta 29.900 langile gehiago lanean. Egoera hori izanik, deigarria da aktibitate tasa oso baxu egotea (%56,25), aktibo modura dauden langile kopurua igo arren (23600), biztanle kopuruak gehiago egin duelako gora gertatzen dena. 

Azken hiruhilekoan, ordea, langabeziaren beheranzko joera mantendu arren (%3,57 egin du behera langabetuen kopuruak), aktibo dauden langileen kopurua jaitsi egin da (3700 langabe gutxiago – 2200 langile gehiago lanean – baina 1600 aktibo gutxiago). Gertatzen dena hobe ulertzeko, sexu-generoari erreparatu behar diogu. Emakumeen artean langabezia igo da (13600 langabetu gehiago) eta emakume langile gutxiago daude lanean (11000 gutxiago); gizonezkoen artean, aldiz, langabetu gutxiago daude eta langile gehiago. Izan ere, udaldian datuek argi uzten dute sektore feminizatuetako ezegonkortasun zein prekarietatea, emakumeek dituzten lan baldintza kaxkarren ondorioz, lan kontratua eteten baitzaie. 

Azken urtean, emakumeen langabezia tasa %8,6ra igo da (6200 emakume gehiago lanean – 12300 emakume langabezian), gizonen artean %5,6ra jaitsi den bitartean (23900 emakume gutxiago lanean – 18700 langabetu gutxiago). Aktibitate tasari dagokionean, gizonek emakumeek baino aktibitate tasa altuagoa dute (%59,73 eta %52,97 hurrenez hurren), ia emakumeen erdia lan merkatutik kanpo kokatuz.

Udaldian agerian gelditzen den prekarietate zein ezegonkortasunak gazte zein langile migratuengan ere inpaktu zuzena du. Izan ere, gazteen langabezia tasa %20,9ra eta langile migratuena %18,8ra jaitsi dira, udako aldi baterako kontratazioen ondorioz. Epe luzez lan bila dauden langileen tasa %34,3ra jaitsi da udako kontratuen ondorioz. 

Kontratu mugagabe eta behin-behinekoen proportzioa (%82,4 eta %17,6 hurrenez hurren) zertxobait aldatu bada mugagabeak igoz, emakumeen biak jaitsi dira, gizon eta emakumeen arteko arrakala mantenduz emakumeen artean behin-behineko kontratuak gora egin duelako (%20,2 emakumeen artean, %15,1 gizonen artean). Izan ere, langile kopurua igo den arren, emakumeen artean kontratu gutxiago sinatu dira (14100 gutxiago), gizonezkoen artean baino (19800 kontratu gehiago).

Jardunaldiari dagokionean, azken urtean jardunaldi partzialean lan egiten dutenen proportzioa %14,8ra handitu da (azken hiruhilekoan jaitsi arren) eta 10800 langile gehiago daude lan-jardun mota honekin. Gizon eta emakumeen artean arrakala handia dago, emakumezkoen artean jardunaldi partziala %22,7koa den bitartean, gizonezkoen artean %7,5era jaitsi baita. 

Lan munduan egiturazkoa den prekarietate zein ezegonkortasunaren aurrean, langile klase osoarentzat onuragarria eta langile guztien lan baldintzetan inpaktu positiboa izango lukeen Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren igoera ezinbestekoa bilakatu da. Izan ere, arrakalak handitzen ari dira eta enpleguak soilik ezin du bermatu diru-sarrera nahikorik bizitza duina bermatzeko. LGS-ren igoera ahalbideratzeko borroka fase luzea burutzen ari gara LAB sindikatua osatzen dugun kideok beste eragile zein sindikatuekin batera. Gaurko langabezia datuek marrazten duten errealitatea ikusita, beste behin ere, Confebask patronalaren eta instituzioen jarrera irmoki salatzeko aprobetxatu beharrean gaude, ez baita zilegia LGS-ren igoera negoziatzeari patronalak emandako ezezkoa edota Eusko Jaurlaritzak HEL-aren aurka aurkezturiko kontrako Informea. LAB sindikatuak prekarietate zein ezegonkortasun egoerei aurre egin eta mobilizazioak indartuko ditu posizioak mugiarazi eta ahalik eta babes handiena eskuratzeko. 

Vicinay Sestaoko langileek bermeak eskatu dituzte Vicinay taldearen aurre-konkurtsuaren aurrean

Vicinay Taldea Europako Batasunean bere sektorean erreferente eta estrategikoa den euskal industria-konglomeratua da, ia mende bateko ibilbidearekin. Offshore plataformetarako amarratze-soluzioetan, kate navaletan, ainguratze-ingeniaritzan eta zerbitzu lotuetan espezializatuta dago, eta, beraz, bere ekoizpena guztiz moldagarria da bizi dugun trantsizio ekologikoaren erronkei aurre egiteko.

2025eko uztailaren 30ean, Vicinay aurre-konkurtsuan sartu zen. 2018tik aurrera taldeak finantza-arkitektura konplexua garatu du: mailegu sindikatuak, zirkulazio-lerroak, erakunde-bermeak eta partaidetza-finantzaketa, sozietateen artean berme gurutzatuekin. Gaur egun, 170 milioi eurotik gorako zorra pilatu da, eta egoera larri hori zuzendaritzaren kudeaketa txarraren ondorio zuzena da.

Vicinay Sestaoko LABeko ordezkaritzak azken asteetan Eusko Jaurlaritzari interpelazio instituzionala aurkeztu dio, enplegua eta lan-baldintzak bermatzeko eskatuz, eta administrazioaren inplikazioa galdeginez.

Vicinay Sestao taldeko enpresetako bat da, 140 langile inguru dituena, sektorean trebatutako eta esperientzia handikoak. Langileek uste dute jarduera produktiboa bideragarria dela oraindik ere. Hala ere, 2023ko abendutik, enpresak soldaten ordainketa irregularrak egin ditu. Azken bost urteetan lau aldi baterako enplegu-espediente (ERTE) izan dira, azkena langile guztiei %100ean eragiten diena, amaiera-datarik gabe eta luzatzeko aukerarekin.

Langileen gehiengoari urtebete baino gutxiagoko langabezia-prestazioa geratzen zaie, eta talde txiki batek gabonetarako inolako diru-sarrerarik gabe geratuko da. Gaur egun, enpresak bi hilabeteko soldata-zorra du, eta langileek uztailaren amaieratik ez dute inolako ordainsaririk jaso, familietan ziurgabetasun eta kezka handia eraginez etorkizun ilunaren aurrean. 

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila ikastetxe publikoetan kamerak instalatzen hasi da, hezkuntza komunitatearen onarpenik gabe eta informaziorik helarazi gabe

Inbertsioa hezkuntza kalitatea hobetuko duten bestelako baliabide pertsonaletan eta azpiegituretan egin beharrean, langileen kontrolerako diren eta ikasleen intimitatea urratuko duten gailuetan egin duela salatu du LABek. Ikastetxeei kamerak ez konektatzeko eta ez erabiltzeko deia luzatu nahi die LABek.

LABek jakin duenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila EAEko hainbat ikastetxe publikotako ikasgeletan kamerak jartzen hasi da, edo horiek jartzeko saiakera egin du. Gailu interaktiboen berriztatzea helburu, ikastetxeetan ikasgela digital berriak jartzeko asmoa du sailak. Ikasgela berri horiek monitore interaktiboa, mahai gaineko ordenagailua, web kamera, hari gabeko mikrofono pertsonala eta gelarako mikrofonoa izango lituzkete. Kamerak ikasgeletako sabaian ezarri nahi dituzte, eta, funtzionatu ahal izateko, mahai gaineko ordenagailura konektatu beharko lirateke.

Gailu interaktibo berri horien instalazioa aitzakitzat hartuta, Hezkuntza Saila ikastetxeetako zuzendaritzei xantaia egiten dabilela salatu nahi du LABek. Hainbat ikastetxetako zuzendaritza taldeei adierazi die kamerei uko eginez gero ez dutela gela digitaleko gainontzeko ekipamendurik jasoko.

Hezkuntza Sailak alde bakarrez hartutako erabaki berri honek, beste behin ere, noraeza eta urduritasuna eragin ditu. Hezkuntza komunitatea osatzen duten langile, familia eta ikasleak aurrez informatu gabe eta euren onarpenik gabe instalatu nahi izan dituzte kamerak. Ikastetxeetan kamerak jartzeko saiakera egin badute ere, langileei ez zaie inolako irizpide edo informaziorik eman horien erabileraren inguruan, ezta duten helburuaren inguruan ere.

LABen iritziz, helburu pedagogikorik gabeko tresnak izateaz gain, langileen kontrolerako dira aipatutako kamerak, hezkuntza komunitatearen baimenik gabe eta iritziak kontuan hartu gabe ezarri nahi dituztenak. Era berean, ikasleen babesa eta intimitatea arriskuan jartzen dituzte, eta beraien pribatutasunaren aurka jo.

Teknologiek ikasleengan pedagogikoki duten eraginaz hausnartzeko beharra mahaigaineratu nahi du LABek. Hezkuntza Saila teknologia digitalak neurrigabe bultzatzen ari da, irakasleak ikastetxeetan digitalizazioari neurria hartu nahian dabiltzan bitartean; teknologia pedagogiara moldatu beharrean, pedagogia teknologiara moldatzera behartuz.


Hainbat ikastetxetako klaustroek uko egin diote kamera horiek jartzeari, eskola kontseiluan edo klaustroan hala erabakita. LABek jarrera horiek babesten ditu, eta gainontzeko ikastetxeak berdina egitera animatu nahi ditu. Dagoeneko instalatuta dauden tokietan kamera horiek ez konektatzera eta ez erabiltzera deitzen du.

Lehentasunezkoak, baliabideak

LABek uste du aproposagoa dela inbertsioa hezkuntza kalitatea hobetuko duten bestelako baliabide pertsonaletan eta azpiegituretan egitea, eta ez kameretan. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuan egun azpifinantziatua dagoen hezkuntza publikoaren gutxieneko inbertsioak Barne Produktu Gordinaren %6koa izan beharko lukeela eskatzen du, Europako batezbestekoaren parekoa.

Era berean, pasa den ikasturtean hezkuntzaren kalitatea hobetuko duten hitzarmenak sinatu baziren ere, mobilizazio zein grebetan langileek erakutsitako konpromiso eta indarrari esker, gaur-gaurkoz zenbait baliabide zein ordu murrizketa aplikatzeke daude. Hala ere, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak hezkuntzaren kalitateaz hitz egiten jarraitzen du.

Beraz, Hezkuntza Sailari eta Jaurlaritzari orain arteko jarrerak baztertzeko exijitzeaz gain, LABek biei eskatzen die ikastetxeei informazio zehatza helarazteko eta hezkuntza komunitatea aintzat hartzeko. Hezkuntza Sailaren aldebakarreko erabakien aurrean, LABek lanean jarraituko du gai bakoitza dagokion mahaian negoziatu dadin.

Esperantzako liburutegiko laguntzailearen lanpostuaren publikotzea lortu dugu

LABek urtebete baino gehiago borrokatu eta aldarrikatu ondoren, liburutegiko laguntzaile plaza berri baten sorrera ospatzen dugu Bilboko La Esperanzan.

Proiektu hark ez zuen udal-langilerik aurreikusten, eta kudeaketa esku pribatuetan uzten zen. Hasiera-hasieratik, LABek kudeaketa-eredu hori geldiarazten saiatu zen, Kontratazio Errekurtsoen Administrazio Organoaren aurrean errekurtsoa aurkeztuz.

Urte honetan zehar LABek etengabe eskatu die Giza Baliabideen arduradunei zerbitzu hori udal-langileek kudeatu zezaten. Azkenenean, Giza Baliabideek jakinarazi digute liburutegiko laguntzaile berri bat kontratatuko dutela La Esperanzako espazioan zerbitzua emateko.

Bilboko liburutegietako langile kolektiboaren aktibazioa balorean jarri behar da, tinkotasunean eta jarraikortasunean eredua izan dira. Oraindik asko dira kudeaketa pribatuaren pean dauden udal zerbitzu publikoak. LABek lanean jarraituko du guztiak udal-langileek kudea ditzaten.

Turistifikazioari aurre egiteko jardunaldiak Donostian

Asteburu honetan, Donostian, Desazkunde Turistikoaren aldeko Euskal Herriko topaketak burutuko dira.

Turistifikazioa langileria etengabe prekarizatzen jarraitzeko kapitalaren aldeko estrategia ekonomikoa da, gure bizitzak egunerokotasunean baldintzatzen diharduena. Honek isla argia da hainbat eremuetan:

Lan-baldintza prekarioen hedatzea, turismoari lotutako enplegu-sektoreen eskutik. Honakoa ostalaritza, garbiketa edota zerbitzu ezberdinetan argi ikus dezakegu.

Etxebizitzaren prezioaren garestitzea. Langileok etxebizitza duin eta eskuragarrirako eskubidea ukatua dugun bitartean, etxebizitza negozio bilakatu eta erabilera turistikora bideratzen ari dira.

Gure auzo eta hirietan bizitzeko ezintasun gero eta agerikoagoa, soldata baxu eta etxebizitza prezio altuengatik, eta oro har negoziorako – eta ez auzokideontzako – eraikitako auzo eta hiri ereduarengatik.

LABen antolatuak gaude enpleguaren eremuan zein etxebizitzaren eremuan eta ekintza sindikalaren bidez, turistifikazioak dakarren prekarizazioari aurre egiteko prest gaude. Ezinbestekotzat jotzen dugu turistifikazioaren aurka borrokan ari diren norbanako eta eragile guztiekin aliantzak eraikitzea, fenomeno honi ahalik eta indar gehienarekin aurre egin ahal izateko. Horregatik BizilagunEkinek antolatutako topaketetan parte hartuko dugu eta LABkide oro parte hartzera gonbidatu nahi dugu.

LABek berretsi egin du Aiaraldeko etorkizun industrialarekin duen konpromisoa, eta Arabako ahaldun nagusiari ohartarazi dio funtsak eta formek garrantzia dutela

LAB sindikatuak publikoki salatu nahi du Arabako Foru Aldundiak nola iragarri duen mahai bat sortuko duela enpresekin, udalerriekin eta sindikatuekin Aiaraldeko industria bultzatzeko. Komunikabideen bidez jakin dugunez, lehen bilerarako data bat ere ezarrita dago, baina LABek ez du jaso inolako jakinarazpen ofizialik, ezta mahai horretan parte hartzeko gonbidapen formalik ere.

Onartezina da teorian parte hartzailea eta irekia izan nahi duen prozesu bat hastea, hain zuzen ere, eskualdearen egoera industriala salatzen eta gatazka bakoitzean enplegua defendatzen urteak daramatzagunak baztertuz.

LABek komunikabideen bidez jakin dugu albistea, eta horrek agerian uzten du erakundeek ez dutela gardentasunik ezta benetako lankidetzarako borondaterik.

Aiaraldea azken urteotan enpresen itxierak eta enpleguaren suntsipenak gogor kolpatu duten eskualdea da. Industria ehunak, eskualdeko eragile ekonomikoak, etengabeko narriadura jasan du, administrazioek egoerak eskatzen zuen presaz eta konpromisoz jardun gabe.

LABek urteak daramatza deriba horretaz ohartarazten eta Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren pasibotasuna eta konplizitatea salatzen etengabeko desindustrializazio prozesuen aurrean. Itxiera bakoitza, espediente bakoitza, kaleratze bakoitza alarma seinale bat izan da, eta erakundeek nahiago izan dute diskurtso hutsekin ez ikusiarena egin edo egoera makillatu.

Duela gutxiko adibide bat Maderas Llodion aurkitu dugu. Bertan, enpresa batzordea Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarekin bildu zen astelehen honetan, inplikazioa eskatzeko eta iragarritako 35 kaleratzeak saihesteko. Erantzuna, beste behin, danbatekoa izan zen. Tubacexen kaleratze kolektiboko prozesuan eta Glavista eta Guardian enpresen itxieretan jaso genuen danbateko bera. Jarrera horrek ezin hobeto islatzen du erakundeek ez dutela borondaterik enpleguaren defentsan eraginkortasunez esku hartzeko.

LABetik beharrezkotzat jotzen dugu eskualdeko mahai bat sortzea, Aiaraldeko eragile sozial, ekonomiko eta instituzionalak bilduko dituena. Gure ustez, eskualdeko etorkizun industriala modu kolektiboan definitu behar da, langileen, sindikatuen, enpresen, udalerrien eta erakundeen benetako parte hartzearekin.

Horregatik, mahai hori sortzea albiste ona izan liteke, betiere gardentasunez, parte hartuz eta benetako helburuekin egiten bada. Hala ere, iragartzeko moduak mesfidantza eta prozesuaren zintzotasuna zalantzan jartzen ditu.

Gainera, gogorarazi nahi dugu Legebiltzarreko ponentzia batetik abiatuta, Aiaraldea ekonomikoki suspertzeko saiakera bat egon dela, eskualdeko plan estrategiko batekin eta berehala jarduteko plan batekin. Zoritxarrez, udalaz gaindiko eskaeren utzikeriaren ondorioz, plan horiek ez dira garatu, eta ez dira behar beste hornitu Aiaraldeko egoera sozioekonomikoa lehengoratzeko. 

LABen ustez, oinarrizko baldintza batzuk betetzen baditu bakarrik du zentzua horrelako mahai bat sortzeak:

  • Benetako lan-mahai bat izatea, ez argazkirako edo aldez aurretik erabakitako kontakizun instituzional bat inposatzeko espazio bat.
  • Aiaraldeko industria-egoeraren diagnostikoa batera egitea, eskualdean bizi eta lan egiten duten eragile guztien ikuspegia eta esperientzia txertatuz.
  • Hartu beharreko neurriak talde-lanaren eta akordio partekatuen emaitza izatea, eta ez Foru Gobernuaren edo Eusko Jaurlaritzaren aldebakarreko erabakien emaitza.
  • Enpresa-batzordeen eta ordezkaritza-sindikatuen parte-hartze eraginkorra bermatzea, entzule gisa ez ezik, industria- eta enplegu-politiken definizioan ere parte aktibo gisa.
  • Hartzen diren erabakiek lurraldean eragin zehatza izateko adinako benetako konpromisoa eta aurrekontu-zuzkidura ziurtatzea.
  • Eta batez ere, langile guztien enplegu eskubidea bermatuta izatea.

Horregatik guztiagatik, LABek Aiaraldearen alde lan egiteko prest dagoela berretsi du, baina baita erakundeek beren jardunaren forma eta mamia alda dezaten eskatu ere. Uneak seriotasuna, errespetua eta parte-hartzea eskatzen ditu. Horrela bakarrik eraiki ahal izango da, guztion artean, eskualdean enplegua eta etorkizuna bermatuko duen industria-estrategia bat.

LABek Adinduen egoitzen sektorean greba eguna eta mobilizazioak antolatu zituen atzo

LABek greba egiteari eta mobilizatzeari ekin dio berriz. Aldundiari gatazka gainditzeko duen erantzunkizuna bere gain har dezan exijitu diogu. Adinduen Egoitzetan langileontzat tamalgarria den egoera amaitu beharra dago, eta PNV-PSEren gobernuak dauka horretarako giltza, pasa den hilabetean Patronalarekin burutu genuen negoziazio-mahaian sorrarazi genituen aukera txikiak aurrerapausuak bilakatzeko eta dagoen blokeoarekin amaitzeko.

Sei urte igaro dira Adinduen Egoitzen eta Etxebizitza Komunitarioen langileok gure sektorearentzat Arabako I.Hitzarmena lortzeko borrokari ekin genionetik.

Denbora honetan bitartean, Patronalak garatu duen praktikak langileongan higadura eta etsipena eragitean oinarrituriko estrategia bateri erantzun izan dio. Sektore honen lan-baldintzak hobetzeari dagokienez erabat ganorarik gabekoak izan diren mugimenduak gauzatu ditu, ezinbestekoa den egiten dugun lanarekiko mespretxuzko jarrera adieraziz.

LABetik ozen salatu nahi izan dugu une oro sektorean egungo lan-baldintzak mantentzeak suposatzen duen arduragabekeria, langileen prekaritatea egonkortzen duelako eta kalitatezko zaintza bermatzetik oso urrun dagoelako.

LABen argi daukagu sektoreko emakume langileok zein egoitzetan bizi diren pertsonek pairatzen ari diren mespretxuzko tratuaren iraunkortasuna soilik EAJk eta PSEk osatzen duten Aldundiaren Gobernuaren laguntza eta babesari esker dela posible. Horrexegatik interpelatu zituen LAB atzoko mobilizazioetan.

Gehiagora joaten ari den zerbitzu publikoen pribatizazioak eta berarekin dakarren ekidinezinezko prekarizazioak inflexio puntu batera eraman gaituzte, zeinean Adinduen Egoitzen egoera EAJren politika pribatizatzaileen porrotaren paradigma bilakatu den: Instituzio publikoek ezikusiarena egin, Patronala aberastu, langileria pobretu. 

LABen antolatuta gauden emakume langileok mezu garbia helarazi nahi diegu GESCA Euskadi, LARES eta ACRA/ AEZE enpresek osatzen duten Patronalari eta baita herrialdeko Instituzioei ere: ez dugu men egiteko inolako asmorik. Atsedenik hartu gabe lanean jarraituko dugu sektorean ematen den prekarietatearekin amaituko duen herrialdeko hitzarmena errealitate bat izan artean, publifikazioa ipar-orratzat hartuta, eta norabide horretan, Arabako gizartea animatu nahi dugu guztiona den borroka justua babesten segi dezan aurrerantzean ere.