2026-07-17
Blog Page 409

Nafarroako adinekoen egoitzetako lan-baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko lehen hitzarmena aldarrikatu dugu

LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok, menpekotasunaren sektoreko lau sindikatu nagusiek, greba eta mobilizazio eguna egin dugu Nafarroan. Gure helburua da herrialdeko adinekoen zentroen sektoreko lehen hitzarmena sinatzea.

Hala, sektoreko patronalei eta Nafarroako Gobernuari eskatu diegu erantzukizuna beren gain hartu eta lan duina eta kalitatezko zerbitzuak berma ditzatela menpekotasuna duten pertsonei arreta ematen dien sektorean, diru publikoz sostengatutako arloa baita.

Sindikatuok Iruñean eta Tuteran egindako mobilizazio nagusian jakinarazi dugun bezala, hitzarmen honek 4.500 langile baino gehiagori eragingo lieke, Nafarroa osoan 70 zentro baino gehiagotan banatuta. Zaintza profesionalizatu gehienak enpresa pribatuen esku daude, eta horiek onura ekonomikoa lehenesten dute pertsonen zaintzaren gainetik. Ezinezkoa da kalitatezko asistentzia ematea, lan-baldintza prekarioak mantenduz: 7 minutu pertsona bakoitzari arreta; ia 1.800 orduko gehiegizko lanaldiak urtean; atsedenaldiak ez dira nahikoak, hilean asteburu bat bakarrik; osagarririk gabe bajetan; eta hileko 1.000era ere iristen ez diren soldatekin, besteak beste.

Beharrezkoa da zainketen eredu publiko, doako eta unibertsal baterantz jotzea, eta bide horretan ezinbestekoa da egoitzen hitzarmen bat, ematen diren zerbitzuaren eta arretaren lan-baldintzak eta kalitatea hobetuko dituena.

Sektoreko langileak funtsezkoak izan dira, eta funtsezkoak izaten jarraitzen dute gure adinekoei eta menpekotasuna duten pertsonei arreta emateko.

Langileen hitzetan, “gure lan-baldintzak hain dira eskasak, ezen gure lankide asko gaur egun ere ez baitaude hemen, ezin dute grebarako eskubidea erabili, gutxieneko zerbitzuetan daude, gure familiei arreta ematen”.

Greba-egunarekin lan-baldintzak hobetzea eta duintzea eskatu nahi izan dute. Hauek dira aldarri nagusiak:

• Nafarroako administrazio publikoko langileek jasotzen dituzten soldaten parekoak
• Urtean 1.592 orduko lanaldia
• Segurtasun- eta babes-neurri eraginkorrak
• Kalitatezko arreta bermatuko duten ratio egokiak
• Sistemaren prestakuntza eta profesionalizazioa
• Aldi baterakotasuna eta kontratu partzialak amaitzea
• Egonkortasuna eta etorkizunerako bermeak ematea gure lanei
• Ikuskapenak indartzea
• Putre funtsen partaidetza ezabatzea
• Zentro horien kudeaketa publikoa behingoz exijitzea

Lan-baldintza duinek soilik ziurtatzen dituzte zerbitzu duinak eta kalitatezkoak. Premiazkoa da zaintza lanean arreta jartzea, duten eta merezi duten balioa eta gizarte-aintzatespena ematea. Emakumeak dira gehiengo sektorean. Arlo hau ikusezina da, eta emakume langile hauen lanak aitortzarik gabe jarraitzen du.

Bada garaia sektoreko langile guztiak merezi bezala benetan aitortzeko, aitorpen hori nahitaezkoa da eta, batez ere, justizia-ekintza bat. Zaintza lanaren duintasuna eta mendekotasun-zerbitzuen kalitatea aldarrikatzen jarraituko dugu. Arreta publikoa, doakoa eta unibertsala eskatzen jarraituko dugu. Mobilizatzen jarraituko dugu lortu arte.

Sindikatuok berretsi egin dugu EAEko Osasun Sailaren mahai sektorialera ez joateko erabakia

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuon oharra:

Sindikatuek berretsi egin dute edukirik gabeko bilera horiek uzteko erabakia, Osakidetzako langileei egindako propaganda- eta xantaia-ekintzak direlako, biharko deialdiarekin frogatu den bezala; izan ere, deialdi horren helburu bakarra greba indargabetzea da, eta, inola ere ez, mobilizazioak deitzera eraman gaituzten arazo larriak konpontzea

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok berriz ere adierazi nahi diogu Osakidetzako Zuzendaritzari uko egiten diogula euskal erakunde publikoak deitzen dituen bilera sektorialetan parte hartzeari, gure aldarrikapenei buruzko benetako negoziaziorik ez dagoen bitartean. Izan ere, bilera horiek edukirik gabekoak dira eta propaganda-kutsu argia dute, informazio guztia aldez aurretik komunikabideei helarazten baitzaie”. Horrela, “gaur, otsailak 23 osteguna, hainbat protesta-ekintza egin ditugu hiru euskal lurraldeetan, hilaren 25eko eta 28ko grebarako deia indartzeko, bai eta hilaren 26an Bilboko, Donostiako eta Gasteizko kaleetan gizarte-eragileekin batera egingo ditugun mobilizazioetarako deia indartzeko ere”. “Kalera irteteko eta profesionalen eta herritarren nekea argi eta garbi helarazteko unea da, ez da irteera faltsuak egiteko unea”, gaineratu dute.

Osakidetzak atzoko deialdiko mahai sektorialeko gai-zerrendan sartu zituen puntuekin batera ez doa aldez aurretik eta aztertzeko denbora nahikoarekin bidalitako dokumentaziorik; izan ere, hurrengo greba-deialdiak desaktibatzea besterik ez zuen nahi: 25ean Lehen Mailako Arretan eta otsailaren 28an Euskal Osasun Zerbitzu osoan. Horretaz gain, “Osakidetzak ez ditu gai-zerrenda horretan sartu sindikatuek joan den ostiralean Giza Baliabideen Zuzendaritzara bidali genizkien puntuak, jorratu nahi ditugun puntuekin. Gai horiek guztiak erakunde publikoaren egiturazko arazo larriak konpontzera bideratuta daude”. Sindikatuek salatu dutenez, “bi greba egunen atarian, ez da funtsezko gairik aipatzen, hala nola plantilla handitzea, egonkortzea edo aplikatutako murrizketak lehengoratzea. Gainera, gai-zerrendako puntuek izaera informatiboa dute, eta, beraz, euskal erakunde publikoak negoziatzeko borondate eza ziurtatzen jarraitzen du”.

Bereziki deigarria da garapen profesionalari buruzko gaia, komunikabideak baitira sinatzaileek eta Mahaiko gainerako kideek baino gehiago dakitenak. Sindikatuek aurpegiratu dutenez, “hedabideetara egindako filtrazio horiek izan dira azken urteotan errepikatzen ari diren beste jarreretako bat, eta horrek ere gu guztion gogaitasuna eta salaketa eragin du”.

Garapen profesionala Osakidetzak, bere aldetik, orain arte bete ez duen akordioa da, joan den uztailean sinatu zenetik. Puntu horri dagokionez, xantaiak alde batera utzi eta akordioa bete besterik ez da egin behar, langileekin zor diren zenbatekoak ordaintzeaz gain. Onartezina da Osakidetzak orain propaganda egin nahi izatea, alde bakarrez hilabeteetan bete ez duen akordio baten kontura. 2011tik mantentzen den murrizketaren historia da, eta euskal osasun zerbitzuak ez du bere osotasunean iraultzeko borondaterik.

“Langileei jakinarazi nahi diegu Osakidetzak bere jarrerak mugitu beharko dituela erabakitasunez bultzatzen badugu, greba-deialdi batek garapen profesionala bezalako gaiak desblokeatzea lortzen badu, gogoeta egin behar dugu greba bat dakarren ekintza bateratuarekin lor dezakegunaz”, adierazi dute sindikatuek.

Era berean, “herritarrei jakinarazi nahi diegu, oro har, egiten ari garen borrokaren ardatza lan-baldintzak ez ezik, sindikatu deitzaileok uste dugula langileak eta erabiltzaileak elkarrekin mobilizatzen garela gure osasun-sistema publikoaren hondatzearen aurrean, eta, beraz, Osakidetzak greba indargabetzen saiatzeko egiten duen mugimendua, atzo argitaratutako iragarkiekin, hautsita eroriko dela”.

Azkenik, LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek berretsi dute erabateko konpromisoa dutela euskal osasun publikoarekin eta EAJ-PNVren Gobernuaren aldetik jasaten ari den erasoen aurka. Era berean, “ozen eta argi esaten dugu grebara bultzatzeko, mobilizatzeko eta irteteko unea dela, ez da aitzakiak jartzeko unea, ezta Osakidetzak aspaldian propaganda tresna bihurtu duen mahaietan esertzeko unea ere”, bukatu dute sindikatuek.

Auzitegi Gorenak arrazoia eman digu: PCB-ITP enpresan kaleratutako 83 langileak euren lanpostuetara bueltatuko dira #LortuDugu

PCB-ITPn, 83 langile beren lanpostuetara itzuliko dira. Espainiako Auzitegi Gorenak deuseztzat jo du ITP-PCBren kaleratze kolektiboa, ezetsi egin du enpresak aurkeztutako errekurtsoa, eta kaleratutako 83 langileak berriz onartzera kondenatu ditu. Auzitegi Gorenaren epaiak berretsi egiten du eta hasieratik esan genuenari arrazoia ematen dio. PCBn ez dago inor soberan.

LABen argi daukagu epai hau borrokaren emaitza dela. 2020ko azaroan PCBko Zuzendaritzak langile horiek kaleratzea planteatu zuenean, langileek ulertu zuten hori saihesteko bidea borroka zela.

Borroka horrek enpresaren harresiak gainditu zituen, Ezkerraldeko eskualde osoan aktibatu zen borroka. Gazte mugimendua, pentsiodunen mugimendua, mugimendu feminista, gizarte erakundeak, denak Ezkerraldearen etorkizunaren alde borrokatzen, erakundeek ahaztutako eta etengabeko desindustrializazio prozesu batek zigortutako eskualdea, Euskal Herriko langabezia tasarik altuenetakoak dituena.

Helburu bera zuten beste langile batzuekin batera egindako borroka izan zen: lanpostuak, lan-baldintzak eta Euskal Herriko etorkizun industriala defendatzea. PCB-ITPko langileek, Aernnova, Alestis, Tubacex eta Petronorreko langileekin batera, Ezkerraldea, Aiaraldea eta Gasteiz kaleak zeharkatu zituena.

PCB-ITPko zuzendaritzaren neurrigabeko nagusitasun eta zikoizkeriaren aurrean, eta erakundeek, bereziki Eusko Jaurlaritzak, erabateko utzikeriaren aurrean, sindikatu, gizarte eta, azken batean, langile klasearen aliantzek erakutsi dute zein den lanpostuak, lan-baldintza duinak eta, ondorioz, Euskal Herrian bizimodu duina defendatzeko bidea eta alternatiba.

LABen argi daukagu hori dela bide bakarra eta horregatik lanean jarraituko dugu norabide horretan langileen eskubideak erasotzea erabakitzen duen Euskal Herriko edozein enpresatan. Auzitegi Gorenaren epaia borrokaren azken maila baino ez da izan. Zorionak PCBeko langileak, Zorionak Ezkerraldea!

Altueratik erorita gertatzen diren istripu guzti-guztiak saihes daitezkeela nabarmendu dugu azken lan heriotzaren eszenatokian

Larunbatean Deustun gertatutako lan heriotza salatu dugu euskal gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuok, lan istripu hilgarria gertatu zen lekuan bertan. Altueratik erori ostean galdu zuen bizia 47 urteko eraikuntzako langile batek, eta aurten Euskal Herrian altueratik erorita lau langile zendu direla salatu dugu. Istripu mota hauek guztiak ekidin daitezkeela nabarmendu dugu, erakundeetatik benetako prebentzio politikak gauzatuz gero.

Pankartak zintzilikatu ditugu zenbait ospitaletan, Osakidetzako grebara dei eginez

Osakidetzan grebara deitu dugu otsailaren 25 eta 28rako, eta otsailaren 26an, larunbatean, manifestazioak egingo ditugu Gasteiz, Bilbo eta Donostian. Bada, ekintza egin dugu zenbait ospitaletan.

Hain zuzen ere, besteak beste, Donostia, Pasai San Pedro, Txagorritxu eta Santiago ospitaletako teilatuetara igo gara eta, bertatik, pankarta handi bat zintzilikatu dugu grebarako deia eginez.

Urtarrilaren 23an egindako manifestazio jendetsuen ondoren, argi eta garbi esan dezakegu Osakidetzak eta Osasun Sailak ez dutela pauso bakar bat ere eman eta ez dutela neurri bakar bat ere proposatu Osakidetzak dituen arazo larriak konpontzeko. Hortaz, greba egitea beste biderik ez dugu sindikatuok.

Osakidetzako Arabako ESIan mantentze lanak pribatizatu nahi zituzten pleguak baliogabetzea lortu dugu, 500.000 euro enpresa pribatuetara joatea saihestuz #LortuDugu

Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak (KEOk) onartu egin du LABek duela hiru hilabete aurkeztutako errekurtso berezia. Ondorioz, bertan behera utzi du Txagorritxuko zerbitzu orokorren eraikin berriko instalazio termikoen mantentze-zerbitzua pribatizatu nahi zuen kontratuaren plegua eta lizitazioa.

Osakidetzak, Arabako ESIko gerentearen bidez, zerbitzu orokorren eraikin berriko instalazio termikoen mantentze-lanak kanpoko enpresen esku utzi nahi zituen, 500.000 euro ordainduz, nahiz eta lan horiek egiteko Osakidetzan bertan langile kualifikatuak baditugun.

Perez Ramosek, Arabako ESIko gerenteak, asteak daramatza eraikin berriaren onurei buruz hitz egiten, honela Santiagoko Larrialdien itxierak eragindako herritarren ezinegonari, protesta ekintzak sortarazten ari den ezinegona, aurre egin nahian. Aldi berean, prentsaren fokuetatik kanpo jarraitzen du, langileen profesionaltasuna gutxietsiz eta osasun publikoa murrizteko eta desegiteko EAJren gobernuaren ibilbide-orria leialtasun osoz aplikatuz.

Oraingo honetan, bere planak ez dira gauzatuko, eta LABen ekintzari esker 500.000 euro enpresa pribatuen eskuetan amaitzea saihestu dugu. Orain, lan horiek langile propioekin egiteko atea irekitzen da, askoz ere diru-kopuru txikiagoko kostuarekin.

Osakidetza, bere langileei, karrera profesionalari dagokion dirua lapurtzen ari da, LAB sindikatuarekin iazko uztailean lortutako akordioa urratuz. Transfusioen euskal zentroko eta Bizkaiko osasun mentaleko sareko plantillari %4ko osagarria aitortzeari uko egiten ari da; txandakotasuna bezalako kontzeptuak murrizten saiatzen ari da. Guzti hau egiten duen bitartean, Osakidetza langileei lapurtutako milioi horiek lotsagabeki kanpoko enpresei emateko prest dago, Sektore Publikoko Kontratazio Legeak kanpoko enpresei esleitzea eragozten dizkion lanak egiteko, gainera.

Pleguen defentsa egiterakoan, Osakidetzak langileen falta erabiltzen du pribatizatzeko justifikazio bakar gisa, gai hori langileak kontratatuz konpondu daitezkeela saihestuz. Ez dago besterik. Argi geratzen da Osakidetzak, urteetan osasun- egitura ahuldu ondoren, ez duela langilerik kontratatu nahi, baina bai, ordea, mantentze-zerbitzuak, besteak beste, kanpoko enpresen esku utzi. Egiteko modu hori arriskutsua da langile guztientzat, KEOren ebazpenak adierazten duen bezala:

«Osakidetzak lizitazioa justifikatzeko emandako azalpena ez da nahikoa, argi eta garbi […], eta bere orokortasunagatik eta abstrakzioagatik, bere zentroetan ematen den edozein zerbitzuren kanpo-hornidura justifikatzeko balio du».

Gaur egun, Txagorritxuko eraikin berria ireki ondoren, Osakidetzako mantentze-lanetako ofizialak ari dira instalazio horien mantentze-lanak egiten. Lan-karga hori ez zegoen aurreikusita, kanpoko enpresa batek egin behar baitzuen. Hori dela eta, Arabako ESIari eta gerenteari eskatzen diogu beharrezkoak diren pausoak eman ditzatela, lan horiek behar bezala egin ahal izatea bermatuz, eta inoiz pribatizatzen saiatu behar ez ziren lan horiek bere gain hartzeko behar adina langile kontratatuz.

Hauxe bera da Osakidetza osoan gertatzen ari dena. Osakidetzak urteak daramatza plantillak murrizten, lan-kargak jasanezin bihurtzen eta egiturazko arazo bat sortzen, modu paraleloan egitura falta horren konponbide gisa pribatizazioa edo lankidetza publiko-pribatua planteatuz. Sinple bezain onartezina da. Osasun publikoaren aurkako eraso honek ez du aurrekaririk eta hainbat fronte ditu. Pribatizazioa borroka honen fronteetako bat da, eta honen inguruan LABek oso jarrera argia du, plegu horien aurka eginez eta baliogabetzea lortuz erakutsi duen bezala.

Greba, mobilizazio edo salaketa-ekintza baten konfigurazio puntuala gorabehera, Osakidetzan egoerak denboran zehar mantenduko den mobilizazio jarraitua, irmoa eta etengabea eskatzen du, guardia jaitsi gabe, eta langileen eta herritarren tentsioa zein ondoeza erabaki-zentroetara eraman daitezen. Mezu argia bidali behar diegu osasun publikoko kudeatzaileei: ez diegu onartuko desegite eta pribatizazio-planak burutzea. Horretarako, beste behin ere aprobetxatzen dugu, langileak eta herritarrak animatzeko osasun-publikoaren defentsan antolatzen ari diren mobilizazioetan parte har dezaten, lantoki barruan zein kanpoan. Aste honetan, otsailaren 25ean eta 28an egingo diren greba-deialdietan parte har dezaten eta era berean, herritarrei hilaren 26an 3 hiriburuetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen diegu.

Erakunde publikoaren jarduera guztiak fiskalizatu behar ditugu, euskal osasun publikoaren sektorean aplikatzen ari diren politikak langileen eta herritarren interesen aurkakoak baitira.

Gipuzkoako Esku Hartze Sozialeko langileek dagozkien soldata igoerak jaso gabe jarraitzen dutela salatu dugu

LAB eta CCOO sindikatuon oharra:

Indarrean dagoen hitzarmenaren defentsak eraman gaitu gaurko mobilizazio eta salaketa egitera. Gaur HEDATZEN Patronalarekin bilera genuenez, kontzentrazioa burutu dugu Gipuzkoako Esku Hartze Sozialeko langileok dagozkigun soldata igoerak jaso gabe jarraitzen dugula salatzeko.

Lan Hitzarmen Kolektiboan 2021eko KPIaren araberako igoera adostu zen 2022. urterako; hau da, %6,3ko igoera urtarrilaren 1etik aurrera. Salbuespenak salbuespen, otsailaren 22an gaude eta patronalak ez ditu oraindik soldata igoerak aplikatu denborak aurrera jarraitzen duen bitartean.

HEDATZENek Lan Hitzarmen Kolektiboa betetzeko eta soldata igoerak aplikatzeko konpromisoan berretsi den arren; behin eta berriro adierazi du Administrazio Publikoaren partetik dirurik jaso ezean, elkarte gehienek ezingo diotela soldata igoerei aurre egin. Gainera, urte bukaera arte soldata igoerarik ez aplikatzea proposatzera ere ausartu zen.

Gizarte Zerbitzuen pribatizazioak langileen egoera prekarizatzeaz gain (gastu soziala gutxitzea bilatzen da, etekinak pribatizatuz) zerbitzuen kalitatea okertzea dakar berekin; bazterkeria egoeran aurkitzen diren herritarren kalterako.

Gipuzkoar guztion eskubidea da Kalitatezko Gizarte Zerbitzu Publikoak izatea, horregatik, guztion betebeharra da Gizarte Zerbitzu hauek aurrera ateratzen dituzten langileen lan baldintzak defendatzea. Hau ez delako langileen eta patronalaren arteko lan gatazka soil bat, Gipuzkoako jendarteari zuzenean eragiten dion auzi soziala baizik.

Beraz, LAB eta CCOO Sindikatuetatik datozen hilabeteetan zehar egon daitezkeen mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu nahi diegu sektoreko langileei eta Gipuzkoako herritarrei.

Bestalde, Gizarte Zerbitzuak aurrera ateratzen dituzten langileen lan baldintzak eta eros-ahalmena bermatzeko exigitzen diogu Administrazio Publikoari, bai eta Patronalari sinatu zuten Lan Hitzarmena betetzeko haien zerbitzuak Patronalari exijitzen diogu ahalik eta lasterren ordain dezatela hitzarturikoa. Bete dezatela hitzarmena, sinaturikoa. Utz dezatela gure ogiarekin jolasteari.

Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikinetako garbitzaile azpikontratatuek deitutako lau greba egunetatik lehena egin dute

LAB, ELA eta ESK sindikatuok grebara deitu dugu otsailaren 22, 23, 24 eta 25erako, hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa dela eta. Lehen greba egunak %80ko jarraipena izan du.

2021eko maiatzaz geroztik, sektorearen hitzarmen kolektiboa negoziatzen ari dira EULEN enpresarekin, zerbitzuaren egungo arduradunarekin. Hainbat bileraren ondoren, negoziaketaren egoera erabateko blokeora iritsi da. EULEN enpresak argi utzi du negoziazio-mahaian ez duela inolako borondaterik langileei erosmen ahalmena ziurtatzeko. EULENek KPIarekin inolako loturarik ez duten planteamenduak egiten ditu, eta hau sindikatuontzat onartezina da.

Madrilgo inposizioak eta Jaurlaritzaren morrontzak langile publikoak pobretzen ditu

Gaurko EAEko Gobernu Kontseiluak bere menpe dauden langile publikoen eros-ahalmena beste % 4,5 jaistea erabaki du. Horren aurrean LABek honakoa jakinarazi nahi du:

-Iragarritako %2aren soldata igoera oso urrun gelditzen dela iaz KPIak izandako % 6,5eko igoeratik. Hau da, langile publikooi aurretik murriztutako eros-ahalmenari beste % 4,5eko mozketa bat egiten zaigu.

-2010ean Zapaterok eta Lopezek langile publikooi egindako % 5eko murrizketa sonatu hartatik gaurdaino ez da eros-ahalmena berreskuratzeko inolako borondaterik erakutsi Eusko Jaurlaritzaren aldetik. Kontran, dagoeneko esplizituki onartu du langileok diru hori galduta dugula, eta ez duela halako zorrik duenik onartuko. Jaurlaritzak bere langileekin urte hauetan metatu duen zuzeneko zorra, Itzarri BGAEri zeharkako soldata ekarpenak alde batera utzita, % 9koa da dagoeneko.

-Langile publikoon soldatak eta egonkortasuna termino duinetara ez eramateko jartzen duen aitzakia legeen muga izan da beti. LABen iritziz, EAJ eta PSE Madrilen hartzen diren erabakien atzean ezkutatzen dira erantzukizunak gainetik kentzeko. Beste estrategia alderdikoien eta enpresarialen aurrean irmotasun handiagoa erakusten dute, sektore publikoa indartzea baino. Alderdi horientzat estrategikoa da sektore publikoa ahultzea pribatuaren mesedean.

-Lan erreformaren dekretuaren eztabaidan EAJk bertako negoziazio kolektiboa sutsu babestu badu ere, koherentzia noraino iristen zaion argi uzten du urtero Mahai Orokorraren negoziazioetan: birjartze tasak eta soldata igoerak Madrilek agintzen dituenak eta kito. Ez da inondik ere bere lehentasuna, txalo eta «eskerrik asko» huts batzuk eskaintzeaz gain.

Beraz, Euskal Herriko osasun, hezkuntza, zaintza, administrazio publikoak… babestu eta indartuko badira, langileok egin beharko dugu pandemian frogatu izan dugun bezala, agintarien utzikeriaren gainetik. Bide honetan LABek langileria eta jendarte osoa deitzen du hain zuzen etengabe antolatzen ari diren mobilizazioetan parte hartzera. Euskal Herrian zerbitzu publikoak publiko eta indartsu nahi ditugulako.

KPIaren, Eusko Jaurlaritzak agindutako soldata igoerak eta eros-ahalmenaren bilakaera, 2010eko % 5aren murrizketa eman zenetik. Madril zein Gasteizko gobernuetan zeuden gobernuko alderdiak ere aipatzen dira.