2026-05-03
Blog Page 37

LAB, STEILAS, ELA eta CGT-LKN sindikatuok gaur hasi dugu EHUk pairatzen duen azpifinantzaketa salatzeko mobilizazio kanpaina

Leioako campusean lehenengo lanuztea egin dugu, jarraipen zabalarekin, eta Mikel Laboa plazan kontzentratu gara.

Hurrego lanuzteak eta kontzentrazioak: Abenduaren 2an Donostian, 3an Gasteizen eta 4an Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean, Bilbon, egingo ditugu; lanuzteak 11:00etatik 12:00etara, eta, kontzentrazioak 11:15etan izango dira. 

Eusko Legebiltzarrean 2026ko EAEko aurrekontuak ixtear daudenean ezinbestekoa da berriro ere unibertsitate publikoaren azpifinantzaketa agerian jartzea. Izan ere, finantzateko EHUko beharrak betetzetik oso urrun egoten jarraituko du, baita USLOk helburu moduan markatutako BPGren % 1etik ere. Azaroaren 20an EHUko klaustroak unibertsitate publikoak azpifinantzaketa salatu zuen, eta nabarmen igotzeko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari.

Unibertsitate publikoarekiko utzikeria interesatua dagoela berretsi behar dugu, EHUk dituen gabezi endemikoei aurre egitea ahalbidetzen ez duena

EHUko irakasle-ikertzaileon soldata 2008tik hona KPIa igoera dela eta, % 24,3ko galera izan dute, eta horri, 2006an soldatak duintzeko sortu ziren osagarriak gaur egun oraindik izoztuta daude. 

Gainera, prekarietate egoera lazgarriak ditugu oraindik. Ordezko irakasleak arduraldi osoan kontratatu ahal izateko bidea topatu bada ere, arduraldi partzialean jarduten duten irakasleek 400-800 € kobratzen jarraitzeaz gain, ez zaizkie aitortzen beraien jardunerako ezinbestekoak diren eta egiten dituzten hainbat lan. Horrek guztiak ez du lanbide hau erakaragarria egiten, eta, gero eta irakasle lanpostu gehiago geratzen dira hutsik. 

Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen (TEKAZELen) erosahalmenaren kasuan berriz, %18,2 galera jasan du azken 15 urteetan. Gainera, zerbitzu edota unitate askok langile gehiago behar dituztenez, gero eta zailtasun gehiago dago ordezkapenak betetzeko – gogoratu, IRI/TEKAZEL ratioa Europako beste herrialdeetan 2koa den bitartean, EHUn 2,76koa dela – eta horri guztiari, ordainsari-maila baxueneko lanpostuak berrikustea premiazko kontua dela gehitu behar zaio. TEKAZELen lana irakaskuntza, ikerketa eta gainerako aktibitateak era egokian garatzeko ezinbestekoa da, eta horrexegatik da garrantzitsua kolektibo honi ere soldata- eta lan-baldintza duinak bermatzea.

Unibertsitate publikoak euskal jendartearen formazioa, ikerketa edota ezagutzaren transferentziaren beharrei erantzun ahal izateko, lan-baldintza duinak eta plantilla egokia izatea, promozionatzeko eskubidea bermatzea edota langileak zaintzea ezinbestekoak dira. 

Era berean, errektoretza taldeari EHUrako beharrezkoa den finantzaketa lortzeko jarrera irmoa exijitzen diogu. EHUko zuzendaritzaren erantzukizuna baita Eusko Jaurlaritzaren aurrean, jendartearen zerbitzura dagoen unibertsitate publikoaren beharrei erantzuten dien finantzazioa kemenez defendatzea. 

Aldi berean, hezkuntza unibertsitarioaren eredu elitista sustatuz, alfonbra gorria jartzen die Jaurlaritzak unibertsitate pribatuei. EHUko langileen ahaleginak dira guztion itsasontzi indartsua izan beharko litzatekeen hau ez hondoratzea lortzen dutenak. 

Horregatik guztiagatik, LAB, STEILAS, ELA eta CGT/LKN sindikatuok, euskal jendarteak behar duen unibertsitate publikoa beharrezkoa duen finantzaketa bermatzea exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari. Gaur, Leioan, egin dugu lehenengo mobilizazio eguna. Bihar, abeduaren 2an Donostian, 3an Gasteizen eta 4an Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean, Bilbon, egingo ditugu lanuzteak 11:00etatik 12:00etara, eta, kontzentrazioak 11:15etan izango dira. EHUko kideok badugu eskaera hau ozen adierazteko garaia! 

Eusko Jaurlaritza: bermatu beharrezko finantzaketa unibertsitate publikoari!

Legebiltzarreko alderdi politikoak: irmo defendatu EHU!

LAB – STEILAS – ELA – CGT-LKN 

29 greba egunen ondoren, aurreakordioa lortu da FIBERTECNIC-en

Grebalarien asanbladak gehiengo zabalarekin eman dio oniritzia batzordeak erdietsitako akordioari.

Gaur, abenduaren 1, Gasteizko Fiberctenic-eko langileek oniritzia eman diote batzordeak eta enpresak lortutako aurre-akordioari. Horrela, amaiera ematen zaio 29 egunetan zehar luzatu den greba zikloari. Akordioaren eduki garrantzitsuenak honakoak dira: 2025-2027 urtetarako iraunaldia; KPI-aren gaineko igoerak kontzeptu guztietan; 8 orduko lan jardunaldi jaitsiera; errelebo kontratua, eta abar.

LAB-ek argi du langileon batasuna eta mobilizazioa ezinbestekoak izan direla akordio hau lortu ahal izateko. Horrela, egunak eta egunak izan dira produkzioa guztiz geldiarazita egon dela, eta horrek eragina izan du ere multinazionalaren beste lan zentro batzuetan. Gogoratu behar dugu Fibertecnic Aernnova taldeko enpresa bat dela. Hori dela eta, burutu diren mobilizazioetan ere oso presente egon dira instituzioak, azkenaldian Lehendakariak eta Industria kontseilariak berak Gobernuak talde honetan sartzeko interesa erakutsi baitute.

Sindikatuak oso paper garrantzitsua izan du greba-dinamika osoan zehar. Hasieratik esan genuen grebak ez direla soilik lanera ez joatea, baizik eta mobilizazioekin batera lagunduta behar zutela. Hala, batzordean gutxiengoa izan arren, mobilizazio-dinamika oso bat proposatu dugu, plantillak jarraitu duena. Erantzukizunez eta konpromisoz: eguneroko piketeak, protestak taldeko buruen egoitzetaraino eta erakundeen ateetaraino, manifestazioak, etab. Eta langileen inplikazioa proposamen horiekin guztiekin eredugarria izan da. 

Azkenik. LAB-etik langileak zoriondu nahi ditugu. Berriro ere, argi geratu da antolakuntza eta borroka direla eduki onak dituzten hitzarmenak lortzeko berme bakarra. 

ELAk eta LABek proposamen berri bat eraman dute Arabako egoitzetako negoziazio mahaira, baina ez da aurrerapausorik eman

Aldundiak gehiago inplikatu behar du gatazkaren konponbidean eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera. Funtsezko egunen aurrean gaude, eta, horregatik, ELAk eta LABek grebekin jarraituko dute.

Gaur berriro elkartu da Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen lehen hitzarmenerako negoziazio mahaia. 6 urteko borrokaren eta 50 egun baino gehiagoko grebaren ondoren, ELAk eta LABek uste dugu gatazka konpontzeko funtsezko daten aurrean gaudela.

Hala ere, gatazkaren beste bi aldeek beren immobilismoan jarraitzen dute. Aldundiak egoeraren ardura hartu gabe jarraitzen du eta patronalek benetako lan baldintzen hobekuntzarik mahai gainean jarri gabe jarraitzen dute. Gaurko mahaian, ELAk eta LABek konponbidean aurrera egiteko kontraproposamen bat aurkeztu dugu. Testu hori aurrerapausoa dela uste dugu, eta horregatik eskatzen diegu Aldundiari eta patronalei erantzukizuna.

Gogorarazi nahi dugu urtebete igaro dela EAJ, EH Bildu eta PSE alderdi politikoek aurrekontu akordio bat lortu zutenetik, non, besteak beste, diru kopuru bat bideratzen zen Arabako egoitzetarako lehen hitzarmena lortzeko. Bada, denbora igaro ondoren, ez dago hitzarmenik. Eta Aldundiak benetan esku hartzen ez duenez, ez da halakorik egongo.

ELArentzat eta LABentzat egoera jasanezina da. Gu prest gaude, gaur ikusi den bezala, aurrera egiteko, baina gutxieneko batzuk egon behar dira negoziazioan. Horrela, datozen egunetan egoeraren irakurketa bateratua egingo dugu eta gure hurrengo urratsak zeintzuk diren zehaztuko dugu. Gure adinekoak zaintzeaz arduratzen diren pertsonen lan baldintzak hobetzeko unea da. Nahikoa da patronalek Aldundiaren adostasunarekin egiten duten lan baldintzen prekarizazioarekin.

Iruñeko udalaren azpikontratatutako lorezaintzako plantillen kontzentrazioa, hitzarmen baten negoziazioa eskatzeko

Iruñeko Udalaren azpikontratatutako lorezaintzako langileek elkarretaratzea egin dute ostegun honetan Nafarroako hiriburuan. LAB, UGT, CCOO, ELA eta Solidari sindikatuek deituta, kolektibo horren soldata eta lan baldintzak hobetu eta duinduko dituen hitzarmen baten negoziazioa eskatzeko.

Bost sindikatuek defendatzen dute lehenbailehen negoziatu behar dela Iruñeko Udalaren azpikontratatutako lorezaintzako langileen eskubideak hobetuko dituen hitzarmen bat, Lorezaintzako Estatuko Lan Hitzarmena aplikatzen baitzaie, Foru Erkidegoko beste udalerri batzuetan negoziatu den bezala.

“Irailatik, LAB, UGT, CCOO, ELA eta Solidari sindikatuek bilerak egin ditugu Udalarekin, negoziazio-mahaia eratzeko. Era berean, azpikontratatutako enpresak eta pleguen esleipendunak ere deitu ditugu”, azaldu dute sindikatuek, eskaerak eta bilerak
gorabehera, “oraingoz, ez da mahairik osatu”.

Horregatik, eta negoziazioari ekiteko aurrerapausorik ez dagoenez, Iruñeko Udalaren azpikontratatutako lorezaintzako langileek lehen kontzentrazioa egitea erabaki dute, eta ez dute baztertzen mobilizazioekin jarraitzea negoziazioan aurrerapausorik ematen
ez bada.

“Kolektibo horren soldata- eta lan-baldintzak hobetu nahi ditugu, bidezko soldataigoerekin, lanaldiaren murrizketarekin, aldi baterako ezintasunaren kasuan osagarria hobetzearekin edo txanda-kontratudun erretiroarekin. Sektorea duintzeko funtsezko hobekuntzak dira “, defendatu dute LABek, UGTk, CCOOk, ELAk eta Solidarik.

Nafarroarako Gutxieneko Soldata propioaren aldeko aldarrikapena Parlamentura eraman dugu

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek gaur Nafarroako Parlamentuan aurkeztu dituzte Gutxieneko Soldata propioaren alde bildutako sinadurak. Nafarroako langileek oso modu zabalean egin dute proposamen honen alde, soldata arrakalak leuntzeko, prekarietateari mugak jartzeko, pobrezia murrizteko eta aberastasuna modu egokiagoan banatzeko balio dezakeen tresna gisa aldarrikatuz.

Sindikatuek bilera eskaerak luzatu dizkiete talde parlamentarioei (VOX izan ezik), Nafarroak Gutxieneko Soldata propioa ezartzeko eskumena bere gain hartzea ahalbidetuko duen lege baten tramitazioa abiaraz dezaten, eztabaida demokratikoa Parlamentura eramanez.

Gutxieneko soldata aberastasuna banatzeko eta pobreziari aurre egiteko tresna izan beharko litzateke, baina Estatuko gutxieneko soldatak ez du funtzio hori betetzen eta ez dator bat Nafarroako egitura sozioekonomikoarekin, ezta langile klasearen borondatearekin ere. Estatuan LGS gisa ezarritako 1.184 euroak ez dira nahikoak eta ez dute pobreziatik irtetea bermatzen Nafarroan, lanaldi osoa duten pertsonen kasuan ere.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek 2025eko hasieran abiatu zuten Nafarroak bere Gutxieneko Soldata ezartzeko dinamika, bi bide jarriz martxan. Bat, eskumen propioen bidez: lanbidearteko akordio baten bidez posible da Nafarroan gauzatzen diren lan harreman guztientzat gutxieneko soldata ezartzea. Horretarako CEN, UGT eta CCOO gonbidatu ziren mahaia eratzeko, baina hiru erakundeetako bat ere ez zen bilerara agertu —CENek uko egin zion bertzera joateari, eta Nafarroako CCOOk eta UGTk patronalaren estrategiari jarraituz jarrera kontrakoa hartu zuten—. Modu horretan, jendartearen sektore zaurgarrienei mesede egingo liekeen proposamen bati atea itxi zioten.

Bigarren bidea eskumen berriak eskuratzea da: Langileen Estatutuaren aldaketa proposatu dute, autonomia erkidegoek Estatukoaren gainetik gutxieneko soldata ezarri ahal izateko. Horregatik jarri zuten abian Herri Ekimen Legegilea. Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, ordea, ekimena atzera bota zuen argudiatuz arazo juridikoak zeudela, eta MarĂ­a Chivite presidenteak ere ez zuen ekimenaren sustatzaileekin biltzea onartu, patronalaren eta CCOO eta UGTren interesak lehenetsiz.

Hala eta guztiz ere, sindikatuek ez dute amore eman. Udako hilabeteetan sinadura bilketa zabal bat egin da eta hiru hilabetetan 18.316 sinadura bildu dira, Herri Ekimen Legegilea tramitatzen hasteko behar diren gutxieneko sinadurak hirukoiztuz. Gaur bertan entregatu dituzte Nafarroako Parlamentuan.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek lanean jarraituko dutela iragarri dute, eztabaida politiko eta sozialean eragiten eta langileria mobilizatzen jarraitzeko konpromisoarekin. Zentzu horretan, dei egin dute datorren abenduaren 11n, 11:00etan, Nafarroako Gobernua eta Nafarroako Parlamentua lotuko dituen giza katean parte hartzeko.

Getxon euskaraz lan egin eta bizi nahi dugu!

Azken urteetan ezagutzen ari garen euskararen kontrako epaien oldarraldiak eragina izaten hasi da baita erabaki politikoetan ere. Hainbat administraziok, Getxoko Udala barne, “ziurtasun juridikoaren” izenean euskara eskakizunak murrizteko erabakia hartu dute. Agerikoa da, beraz, botere judizialaren gaztelaniaren nagusitasunaren aldeko disuasio politika bere fruituak ematen ari dela, eta dagoeneko ez dagoela sententzien beharrik. Sententziek eragindako ziurgabetasuna nahikoa da euskararen normalizazioan atzerapausoak egiteko.

Horrela, atzo Getxoko Udalak beste enplegu eskaintza egitea onartu zuen, non 95 lanpostutatik erdiari bakarrik eskatuko zaien euskaraz jakitea, herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeari uko eginda.

Administrazio publikoen ardura da euskaraz lan egiteko gaitasuna exijitzea lanpostu publikoak betetzeko orduan, bestela beti tratatuko gaituzte bigarren mailako herritar modura. Bere ardura da ardura da herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea, baita euskararen normalizazioaren alde egitea ere, euskara sustatzeko aitzindari izatea.

Politika hauekin, zorte kontua izango da euskaraz artatuko gaituzten langile publikoak aurkitzea, gure udal zerbitzuetan euskaraz egitea, zerbitzuak euskaraz jasotzea, edo udalean euskaraz lan egitea.

Getxon euskararen normalizazioaren kontrako neurriak ez dira bakarrik lanpostu publikoak betetzeko kontratazio prozesuetan ematen, Udalaren beste hainbat zerbitzu eta eskaintzetan ere ematen dira; kulturan, aisialdian eta kirolean esaterako.

Horregatik, dei egiten diogu Getxoko Udalari, euskaldunon alde lerrokatu dadin, argazki eta pinetatik haratago, neurri zehatzak hartzera: batetik, kontratazio publikoko prozesuetan euskararen derrigorrezko eskakizuna ezartzeko plaza guztiei betetzen diren momentutik, onartu berri duen lan-eskaintza zentzu horretan moldatuz ere; eta bestetik, euskara sustatzeko eta bestetik, euskararen normalizaziorako neurriak eta eskaintzak egitea, Getxon, euskaraz lan egin eta bizitzea benetan errealitatea izan dadin.

Espainiako Gobernuak sindikatuekin adostu duen soldata igoera salatzen du LABek, edukian eta forman

Espainiako Gobernuak eta sindikatu zentralistek borrokari uko eginez, estatu osoko langile publikoentzat lau urtetarako %11ko igoera adostu dutela eta, oraindik akordioa osotasunean jaso eta aztertu gabe dugunean,

LABek salatu nahi du:

  • Euskal Herriko negoziazio kolektiboaren markoa eta eskubidea ukatuz, soldataren igoera hori lau urtez langile euskaldunoi inposatu egingo zaigula, geure lan baldintzak era integralean borrokatzeko aukerak urratuz.
  • Modu honetan, eta lau urteko epe horretan emango diren KPIaren igoerak aurreikusita, litekeena da soldatak bizitza kostoak baino gutxiago igoko direla. 2010eko murrizketatik etengabe galtzen goaz langileok, zer esanik ez 1.600€ko gutxienezko soldata bermatuta ez duten kolektiboak.

LABek aldarrikatzen du:

  • Madrilen adostu behar dena da negoziazio eremua Euskal Herrira ekartzea, aurrekontu orokorrek ezartzen duten muga hori ezabatuz.
  • Soldataz gain, bertako langile publikoen lan baldintza guztiak Euskal Herrian negoziatzea eta adostea.
  • Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eta Madrilen ordezkaritza duten euskal alderdiei norabide honetan lan egin dezatela. Hitzetatik ekintzetara pasatu, eta Aurrekontu Orokorretan euskaldunon lan baldintzak, enplegua eta soldatak Euskal Herrian erabaki ahal izateko neurriak adostea.

Bizkaiko garbitzaileek mobilizazioa egin dute patronalek hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dutela salatzeko

Bizkaiko garbiketa sektoreko langileek elkarretaratzea egin dute gaur, hitzarmenaren negoziazioa geldirik dagoela eta patronalen jarrera blokeatzailea salatzeko. Hitzarmena negoziatzen hasi zenetik ia urtebete igaro da, eta ASPEL zein ASELBI patronalek —FCC, Serveo, Clece, Eulen eta beste enpresa handiak biltzen dituztenek— negoziazioa baldintzatzen jarraitzen dute.

Langileen esanetan, ez dute inolako aurrerapausorik onartzen eta, gainera, gaur egun dituzten eskubideetan atzerapausoak planteatu dituzte, tartean antzinatasun-osagarria eta laneko bajagatiko osagarria okertzea.

Langile gehienek ez dute lanaldi osorik eta askotan astean 3 orduko kontratuetara mugatzen dira. Egungo hitzarmenak ez du lanaldiak handitzeko edo lanpostu hutsak betetzeko mekanismorik jasotzen, eta horrek ezinezko bihurtzen du lan-egonkortasun handiagoa eskuratzea. Soldaten egoerak ere ez du inongo hobekuntzarik: lanaldi osoa duten langileek urteko 18.000 euro inguruko soldata dute, eta lanaldi partzialek are gehiago zailtzen dute hilabete amaierara iristea.

Testuinguru horretan, garbitzaileen aldarrikapen nagusiak bi dira: lanaldi partzialari aurre egiteko sistema bat ezartzea —lanpostu hutsak betetzeko eta lanaldiak handitzeko aukera bermatuz— eta urteko 1.500 euro x 15 ordainsari jasotzen dituen soldata duin bat lortzea. Horiek guztiak, gaur egun hitzarmenak jasotzen dituen eskubideak inongo murrizketarik gabe mantenduz.

Azkenik, langileek argi adierazi dute borrokan jarraitzeko prest daudela egoerak hobera egiten ez badu: “Mundua gelditu zenean funtsezkoak izan ginen, eta orain ez dugu ahaztuak izaten utziko”.

LABek Harro Topaguneak segregazioaren kontra deituriko mobilizazioan parte hartuko du

Segregazioaren gaia hezkuntza sistemaren arazo nagusietakoa bilakatu da, eta, LABek Jaurlaritzak sortutako segregazio mahaian zein antolatu dituen mobilizazioetan salatu duen bezala, Jaurlaritzak martxan dituen hezkuntza politikak eraldatzea lehentasunezko herri erronka da.

Eskola mapak planifikazio berria eskatzen du, D ereduan, laikotasunean eta sare publikoan oinarritua izango dena. Langile migratuen zein bertan jaiotako langileen seme-alabak eskolaratzeko orduan, ikastetxeen artean desoreka handiak daude. Desoreka horretan eragin nabarmena izan du indarrean dagoen eta sare desberdinetan antolatzen den hezkuntza sistemak. Ez da hori gertatzen ari den desorekaren arrazoi bakarra, gure herrira datozen familia eta haur horien euskalduntzea bultzatuko duen hizkuntza politikarik ez baitago. Gurera datozen guraso horiei ez zaie euskalduntzearen garrantziaz informaziorik ematen, ez horretarako dauden aukerez ere, eta, ondorioz, ez dira animatzen D ereduan matrikulatzera.

Jaurlaritzak segregazioari aurre egiteko mahaian aurkezturiko txostenak, diagnostikoak, Hezkuntza Sailak orain arte ezarri dituen neurriak goraipatzen ditu, eta ezkutatu egiten du urte hauetan guztietan hartu dituen neurriek ez dutela balio izan, ez direla eraginkorrak izan.

LABek bat egiten du hezkuntza politikak eraldatzeko eskakizun eta aldarrikapenarekin, eta hezkuntza-sistemaren bestelako antolaketa baten aldeko proposamen eta borrokan ari da etengabe, Euskal Eskola Publiko Komunitarioa eratzeko apustuan; era deszentralizatuan antolatuko den sare publiko berri eta bakarrerako borrokan, alegia. Euskal Herria aintzat hartuko duen Euskal Curriculumean, euskararen murgiltze ereduan, pedagogia feministan, laikotasunean, doakotasunean, ekitatean, inklusioan eta aniztasunean oinarrituko den eredu propio eta burujabearen aldeko lanean.

Hezkuntza Sailak mahaian aurkezturiko diagnostiko autokonplaziente horri ezezko borobila eman zion LABek, eta segregazioari aurre egiteko neurri konkretuen sorta aurkeztu zuen. Izan ere, eskola segregazioak ondorio larriak utzi ditu: a) lehenik eta behin, ikasle horien ibilbide akademikoan eragiten du, eta desberdintasun sozioekonomikoen iraupena iraunarazi eta areagotzen du; b) bigarrenik, eskola publikoaren azpifinantzazioa ekarri du, eta bere kalitatean eragin du; eta d) hirugarrenik, euskararen ezagutzan eta horren bermerako euskarazko murgiltze ereduaren erabateko hedapenean eragin du, oraindik orain ez baitago sistema osoan eta etapa guztietan hedatua.

Beraz, LABek hurrengo neurriak proposatu zituen, gaurdanik borrokatu eta ezarri daitezkeenak:

1. Gizarte kohesioa eta, ondorioz, ikasleen aukera berdintasuna erabakigarria izatea hezkuntza sistemaren planifikazioan, familien eskola erabakitzeko eskubidearen gainetik.

2. Ikasleen eskolaratze prozesuak —matrikulazio arrunta eta bizia— eta ikaspostuen planifikazioa era deszentralizatuan egitea, tokian tokiko errealitatera egokituta, gaineskaintza mugatuz —planifikazioaren ardatza D ereduko ikaspostu publikoak izanik— eta matrikulazioa doituz. Matrikulazioaren kudeaketa bulego bakar eta loteslearen bitartez egitea eta kontrol neurri egokiekin. Gurera etortzen diren gurasoei euskalduntzearen garrantziaz eta euskalduntzeko aukerez informazioa ematea.

3. Eskola auzoaren isla bada, auzo barrutia zabaltzea egoera sozioekonomiko ezberdinak diuzten auzoak barne hartzeko eta bizitoki segregazioa eskolan ez erreproduzitzeko.

4. Matrikulazio baremo bateratua ezartzea hezkuntza sistemako ikastetxe guztietarako.

5. Laikotasunaren bermea ezartzea, izaera erlijiosoa segregaziorako iturri bihur ez dadin. Funts publikoak jasotzeko ikastetxe guztiek bete beharreko betekizuna izan behar da laikotasun erreala.

6. Euskara segregaziorako elementu bihurtu ez dezaten, baizik eta inklusiorako elementu izateko, neurriak behar ditugu. Funts publikoak jasotzeko betekizuna izan behar da ikasle guztiek DBH bukatzean euskarazko B2 maila eskuratzen dutela bermatzea.

7. D ereduko ikaspostu publikoak hedatzea.

8. Eraiki nahi dugun hezkuntza sistema burujaberako, konfluentziaren norabidean, urratsak ematea:

  • Azpifinantzaturik dagoen D ereduko sarea publikoa dimentsionatzea, eta bertan Euskal Herria aitortuko duen curriculuma lantzea eta orokortzea. Planifikazioaren ardatza izateaz gain, azpiegiturak hobetu behar dira eta berriak sortzeko finantzazioa handitu behar da.
  • Gaineskaintzaren aurrean, ikastetxe berririk ez ituntzea, eta alde sozialarekin adosturiko borondatezko publifikazio araudia sortzea. Funts publikoak jasotzeko bete beharreko baldintzak betekizun gisa ezartzea, ituntze unibertsalarekin bukatzen hasteko neurri gisa.
  • Titulartasun partekatua arakatzea eta arautzea, izaera publikoko ikastetxeetan udalaren parte hartzea sustatuz. Udala edo mankomunitatea jabetza publikoaren parte izatera pasatuko litzateke horrela eta kontrol publikoaren bermatzaile.

    9. Auditoretza-unitatea martxan jartzea, ikastetxe guztietako diru kontuak gardentasunez publiko eginez eta horien kontrol publikoa eginez. Konfluentziaren norabidean diru publikoaren kontrol publikorako neurriak ezinbestekoak dira.

    10. Eskola segregazioari aurre egiteko neurriak edota ikasleen eskolatze eta planifikazioari loturikoak langileokin mahai negoziatzaileetan negoziatu eta adostea.

Hortaz, Jaurlaritzaren hezkuntza politikak eraldatzeko asmoz eta segregazioaren aurrean bestelako neurri batzuk hartzeko, larunbateko mobilizazioan parte hartuko du LABek; Harro Topaguneak azaroaren 29an 17:30ean Bilbon deitu duten mobilizazioan, alegia.