2025-12-21
Blog Page 37

LAB, EH BILDU, SUMAR-IU, SATSE, CCOO, UGT eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Gizarte Langileen Elkargo Ofizialen komunikatu bateratua, Osasun Itunari buruzko azken gertakariei buruz

Atzo bildu zen EAEko Osasun Itunaren “Lankidetza Publiko-Pribatua” lantaldea, bertako kideek hala eskatuta, Osasun Sailak aurretik adostutako helburu bat aldebakarrez aldatzeko saiakera egin ostean.

Zoritxarrez, bilera horretan berriro ere agerian geratu zen adostasunik ez dagoela oinarrizkotzat jotzen dugun eta talde honek gehiengoz onartu zuen zerbaitetan: euskal osasun sistema publikoa indartzea zerbitzua baliabide publiko eta propioen bidez ematea lehenetsiz, sektore pribatuarekiko menpekotasuna gutxituz pixkanaka, eta herritarra erdigunean jarriz.

Erabat gaitzesten dugu taldeak adostutako proposamenak alde batera uztea edo ordezkatzea, soilik Jaurlaritzaren edo Confebasken interesekoak ez direlako. Adibidez, lantaldearen atzoko bileran, talde horretan landu gabeko proposamen bat onartzea behartu zuten, Osasun Sailaren aldebakarreko proposamena zena.

Uste dugu Osasun Itunaren prozesua oso une delikatura iritsi dela, eta orain, inoiz baino gehiago, pribatizazioa murrizteko eta osasun-sistema publikoaren autosufizientzia berreskuratzeko konpromisoa Itunak argi jasotzea dagokigula.

Horregatik, orain arte egindako lan eskergarekin koherenteak eta arduratsuak izanik, prest jarraitzen dugu Osakidetza publikoa eta kalitatezkoa indartzeko ekimenak bultzatzeko.

Beraz, orain hasten den zuzenketa-fasean, pribatizazioaren eraginak geldiaraziko dituzten neurriak biltzeko ahalegin guztia egingo dugu, sistemaren benetako publifikaziorantz aurrera egiteko eta erabaki zehatzak jaso daitezen, analisi iragankorretatik, topikoetatik eta benetako konpromisoen falta duten diskurtso hutsetatik harago.

Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata propio baten aldeko mozioa aurkeztu dute 56 enpresatako langileen ordezkariek

Mozioa jaso dute gutxieneko soldata propio batek zuzenean eragingo lieketen sektoreetako ordezkariek; hala nola, Arabako adinekoen egoitzetakoek, osasun klinika txikietakoek, hoteletako langileek, Bizkaiko elikagaien merkataritzakoek, lorezainek, Enplegu Zentro Berezietakoek, bulegoetako langileek, telemarketingeko langileek eta Amazoneko langileek.

LAB, ELA, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuok Hego Euskal Herriko langile guztientzat gutxieneko soldata duin eta erreal bat ezartzeko ekimena abiatu dugu. Gutxieneko soldata aberastasunaren banaketarako tresna nagusietako bat da, eta prekaritatearen eta pobreziaren aurkako borrokan ezinbesteko neurria.

Gaur egungo Espainiako gutxieneko soldatak ez du bermatzen bertako langileek euren bizitza modu duinean garatu ahal izatea. Gainera, prezioak gorantz doaz eta enpresen irabaziak marka historikoetara iristen ari dira. Horregatik, behar-beharrezkoa da gutxieneko soldata hemen erabakitzea eta Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoari egokitzea. Langileon lan- eta bizi-baldintzak hobetuko dituen burujabetza ariketa da egiten ari garena.

Horretarako bi bide abiatu ditugu: bata, bertako eskumenen baitan Lanbidearteko Akordio bidez patronalarekin negoziazioa hastea, Confebask eta CEN patronalek ezezko borobilarekin erantzun dioten bidea. Bestea, Herri Ekimen Legegilearen bidez autonomia erkidegoek gutxieneko soldata propioa ezartzeko eskumena eskuratzea, eta horretarako milaka sinadura biltzen ari gara.

Gutxieneko soldata propio batek bereziki eragingo lieke gizartean lan baldintza okerrenak dituzten sektoreei, horietako asko feminizatuak, migratutako pertsonez osatuak, aniztasun funtzionala duten langileak dauden esparruak eta langile gazteak lanean ari diren enpresak.

Esandakoarengatik, aipatutako sektore horietan ari diren langileen ordezkariek dei egiten dute gutxieneko soldata propio baten aldeko ekimen guztietara, lanbidearteko akordio baten aldekora eta Herri Ekimen Legegile baten aldeko sinadurak biltzera.

Era berean, enpresa hauetan ari diren langileen ordezkariek dei egiten diete Hego Euskal Herriko langile guztiei beren sinadurarekin sostengua eman diezaioten gutxieneko soldata propio baten aldeko Herri Ekimen Legegileari. Sinadura bakoitzak legez gutxieneko soldata ezartzeko aukera errazten du eta, era berean, patronalari presio egiten dio negoziazio mahaira bueltatu dadin.

Ondoren atxikituta azaltzen dira gutxieneko soldata propio baten alde atxikimendua eman duten eta gutxieneko soldata propio baten onuradunak izango liratekeen langileen ordezkarien lantokiak:

Araba:

  • Caser adinekoen egoitza
  • Sanitas adinekoen egoitza
  • Ariñez-Villodas adinekoen egoitza
  • Mercedarias adinekoen egoitza
  • Colisee adinekoen egoitza
  • Gazalbide adinekoen egoitza
  • Garbident klinika pribatua
  • Enviser lorezainak
  • Biocompost. Birziklapen enpresa

Bizkaia

  • Lantegi Batuak EZB.
  • Fabripapel SLU Cherry EZB.
  • Sifu EZB.
  • CAE EZB.
  • Ilunion operarios EZB.
  • Avifes Aniztasun funtzionaleko pertsonen artapena.
  • Sindrome de Down. Aniztasun funtzionaleko pertsonen artapena.
  • Salica arrain kontserbak.
  • Lanalden telemarketing.
  • Energuia Web Bulegoak.
  • Entelgy Ibai Bulegoak.
  • Xupera Telemarketing.
  • Inetum Bulegoak.
  • Garbialdi Garbiketa.
  • Abando Garbiketa.
  • Optima Garbiketa.
  • UPV Garbikuntza
  • Bilboko kiroldegiak.
  • UTE Bilboko Udala garbiketa
  • Epaitegietako garbiketa
  • Impacto garbiketa
  • UTE Bizkamb
  • Bilboko lorezainak
  • Ercilla Hotela
  • Mercure Hotela
  • Emtesport kiroldegia
  • Ercoreca Elikagaien merkataritza
  • Zara Ehunen merkataritza
  • Tendam Ehunen merkataritza
  • Stradivarious Ehunen merkataritza
  • Radisson Hotela
  • Occident Aseguru enpresa
  • Catalana Occidente Aseguru enpresa
  • Ares capital UBER
  • Moove cars UBER
  • Envac Iberia Ingenieria
  • Ugaoko lorazainak
  • Costco. Saltoki handiak
  • Equipafasa Elikagaien Merkataritza
  • Vitaly Health Services Aseguru enpresa

Gipuzkoa

  • Gureak EZB.
  • Katea-Legaia EZB.
  • Gipuzkoako anbulantziak.
  • Delcom AMAZON.
  • Geslagun garbiketa.
  • Hoteles y Termas (La Perla)
  • Abaltzisketa Logistika Telemarketing.

LAB, ESK eta ELAk zerbitzu publiko eta kalitatezkoa eskatzen dute Correos-en

Bihar asteazkena, ekainaren 18an, 18:00etan, mobilizazioak egingo dituzte Bilbon (Urkixo Zumarkalea, 19), Donostian (Alderdi Eder-Udaletxea) eta Gasteizen (Posta, 9) akordio markoaren aurka eta hitzarmen duina eskatzeko.

Akordio berria eta III. Hitzarmen Kolektiboari eranskin bat inposatzeak ondorio larriak izan ditzake Correos-eko langileen lan-baldintzetan eta, hedaduraz, ematen duten posta-zerbitzu publikoan. Correos-en eta bere langile guztien etorkizuna defendatzeko. Horregatik erabaki dute LAB, ESK eta ELA sindikatuek biharko mobilizazioak deitzea.

Correos-eko langileen lan-baldintzak are gehiago okertzen jarrai dezakete. Enpresak eta CCOO, UGT, CSIF eta SL sindikatuek milaka lanpostu suntsitzea ekar dezakeen akordio bat sinatu dute. Izan ere, langileen gastuak % 85etik %70era igaro daitezke 2 urtetan, ordainsari-erregimena jardueraren neurketa indibidualekin lotu daiteke, lanaldiko orduen %10 aurreikusitako kargaren arabera aldatuko den lan-egutegia ezarri daiteke, eta langileen mugikortasun funtzionalean, geografikoan eta zentroen artekoen sakondu. Horrek guztiak eragin zuzena izango du enpleguaren kantitatean eta kalitatean, baita enpresa publikoak eman beharko lukeen komunitatearen aldeko kalitatezko zerbitzu publikoan ere.

Akordio horren aurka dauden LAB, ESK eta ELA sindikatuek etorkizuneko IV. Hitzarmen Kolektiborako eta Akordiori begira, langileen eskubideei lotutako arauketa eskatzen dute, bertan jasotako gai garrantzitsuenak hobetzeko, hala nola soldata, lanaldia, kontziliazioa eta lan-osasuna, Correos-en kalitatezko zerbitzu publikoaren aldeko apustua eginez. Besteak beste, soldatak KPIrekin lotzeko klausula, asteko 35 orduak ezartzea, egiturazko lanpostu guztiak benetan betetzea eta galdutako milaka lanpostu berreskuratzea eskatzen dute, Madrildik inposatu nahi dietenaren guztiz kontrakoa.

Jaurlaritzak murrizketekin jarraitzen du aurre-erretiroan, lan baldintzetan eta euskaran

Gaur EAEko Funtzio Publikoaren Mahai Orokorraren bilera egin da Lakuan. Oraingoan ere, LABek ez du aurrerapausurik antzeman langile eta zerbitzu publikoentzat oinarrizkoak diren baldintzetan, Jaurlaritzak murrizketekin jarraitzen baitu erretiro-txanda kontratuan, soldatetan, enpleguan, gazteberritzeetan eta euskaran. Madrilekiko menpekotasuna aitzaki, gai hauetan aurrera jotzeko borondate eza argi utzi du.

Erretiro-txanda kontratuari dagokionez, lan kontratupeko langile finkoentzako mugatzen jarraitzen du proposamena. LABetik ekarpenak egingo ditugu proposamena hobetzeko eta ahalik eta azkarren indarrean jartzeko. Neurria langile funtzionarioei eta bitartekoei zabaltzea eta negoziazioa Madrildik Euskal Herrira ekartzeko exijitzen jarraituko dugu.

LABe gazteberritze planak lantzen ari da sektoreetan, baina Jaurlaritzak ez du irizpide bateraturik eta honek galgatu egiten du kontua. Aurre-erretirorako kendutako pizgarriak berreskuratzea ere exijitzen du LABek.

Jaurlaritzak ez du hitz egin nahi langile publikoak pairatzen ari diren ahalmen ekonomikoaren galerari aurre egiteko neurriez. Madrilen erabakitzen denari so, erabaki ahalmena Euskal Herrira ekartzeko indarrik egin gabe jarraitzen du. Hala ere, sektore batzuetan muga hori altxatzeko gai dela argi utzi du: ertzantzan, hezkuntzan eta gartzeletan kasu. Hain zuzen hezkuntzan egindako borrokek ondo frogatu dute, langile borrokaren bidez, ustezko mugak gaindi daitezkeela.

Behin-behinekotasuna jaisteari dagokionez ere, ez da inoiz egon gaiari heltzeko borondaterik, deialdi publikoak eginez nahikoa egiten ari dela baitio Jaurlaritzak. Gogoratu beharra dago behin-behinekotasuna jaisteko neurriak Europako epaitegitik etorri behar izan direla, Jaurlaritzaren borondate falta historikoaren kontra.

Euskal administrazioak euskalduntzeko borondate argia adierazi du Jaurlaritzak: bai zerbitzuak eskaintzeko zein lanean euskaraz egin ahal izatea bermatzea. Hala ere, hitz dotoreak ez datoz bat Jaurlaritza egiten ari den politikekin, euskararen inguruan aurrera ez egiteak atzera egitea ekarriko baitu, eta ondorio larriekin. EAJk eta PSEk osatzen duten gobernu baten euskararen inguruko akordioek aurrera egiten ez duten planak baino ez dituzte garatuko. Duela hiru urte Euskararen Kontseiluarekin eta beste eragileekin batera egindako proposamen estrategikoan berresten da LAB.

%75eko jarraipena izan du LABek Arabako Gazteriaren Foru Erakundean deitutako lanuzteak

Arabako Gazteriaren Foru Erakundeko (GFE) 65 langileek pasa den astean ekin zieten euren egoera salatzeko lanuzte eta mobilizazioei. Gaur ere mobilizatu dira foru erakundearen Gasteizko egoitzaren aurrean, eta ekainaren 21ean berriro mobilizatuko dira.

2017an azken hitzarmen kolektiboa sinatu zenetik izan den luzapenari, plantilla-eskasia eta enplegu suntsipena gehitu behar zaizkie, baita hainbat programatako inbertsioaren murrizketa ere. Horrek gazteenei zuzendutako programetarako eskainitako plazak gutxiago izatea dakar, hala nola Udaraban (Udalekuak), Ikasgeletan (Barria, Espejo eta Zuhatzako aterpetxeetan egindako egonaldiak, Arabako ikastetxeetako ikasleei zuzenduak), edo Lurrikara programarako zuzkidura eskasa (gazteek landa-ingurunean parte hartzera eta emantzipatzera bideratutako programa).

Oraingoz ez dituzte deitu egoera desblokeatzera, eta horrek erakusten du Gerentzia-Zuzendaritzak eta Kultura eta Kirol diputatuak afera konpontzeko duten interes txikia.

Langileek badakite beren mobilizazioek eragina izan dezaketela gazteengan eta GFEko aterpetxeetako gainerako erabiltzaileengan. Baina kontuan hartuak izateko egin ahal duten gauza bakarra da.

Langileek zain jarraitzen dute, Zuzendaritza Nagusiak (GFE) eta Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Diputatuak (haren esku dago GFE) gatazka hau konpontzeko premia ulertu eta gazteei zuzendutako programetan eta plantilla honetan inbertitzeko erabakia har dezaten. Izan ere, langileek beren onena ematen jarraitzen du gazteekiko konpromisoa aurrera eramateko.

Marsellan egon da LAB, Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxako beste hainbat kiderekin batera, Nazioarteko VI. ekintzan

“Nous resistons pour vivre, nous luttons pour exister!” (“Bizitzeko erresistitzen dugu, existitzeko borrokatzen dugu!”) lelopean abiatu ziren ostiralean Emakumeen* Mundu Martxak bost urtean behin antolatzen duen Nazioarteko Ekintzaren baitako jardunaldiak. Eskuin muturraz, bakeaz eta desmilitarizazioaz, elikadura burujabetzaz eta emakumeen* parte hartzeaz hausnartu dugu, indarkeria matxista, krisi ekosoziala eta migrazio politikak ardatz izan dituen ekintzan.

Euskal Herritik ordezkaritza zabala iritsi zen larunbatean, aliantzak egiteko espazio izan zen jardunaldian parte hartzera, munduko hainbat herrialdetako ordezkariekin batera (Sahara, Suitza…). Mobilizazioa egin genuen Marsellako kaleetan, eta “Gora borroka (trans)feminista” edo “SolidaritĂ© avec les femmes du monde entie (“Elkartasuna mundu osoko emakumeekin”) oihukatu. Horrez gain, “Palestina askatu” aldarria zabaltzeko, mobilizazio intersindikalean parte hartu genuen goizean, beste hainbat sindikaturekin batera, Gazan berehalako su-etena eta laguntza humanitarioa oztoporik gabeko sar dadin lortzeko.

Martxoaren 8an hasi eta urriaren 17ra arte luzatuko den Nazioarteko VI. Ekintzan ekimenean parte hartzeaz gain, LABetik gerra eta kapitalismoaren aurka, herrien burujabetza eta eta bizitza duinen alde borrokan jarraitzeko hautua egiten dugu.

LABek exijitzen du Nafarroako basoetako suhiltzaileei 115 eguneko kontratua errespetatzeko

Aurten ere, udako kanpaina iritsi denerako, langileen % 25 oraindik kontratatu gabe dago. Arrisku ikaragarria sortzen duen arazo larria da eta, tamalez, urtero errepikatzen dena. Bada garaia hain enkistatuta dagoen gaitz honi amaiera emateko.

Joan den ekainaren 9an, Amparo LĂłpez Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Kontseilaria hedabideetan agertu zen, Nafarroak aurtengo udako kanpainan baso-suteei aurre egiteko izango dituen baliabideen berri emanez.

Itxuraz dena oso ondo antolatuta eta bideratuta dago. Baina letra txikia dago, eta Kontseilariak ezikusiarena egin zuen. Egia esan, ekainaren 1ean operatiboan sartu behar ziren 38 basoetako suhiltzaileetatik 11k bakarrik egin zuten. Kontratu luzean (urtarriletik irailera) basoetako suhiltzaileen plantilla 42 pertsonak osatzen dute, eta udako kanpainarako (ekainaren 1ean eta 15ean) beste 117 pertsona batzen zaizkie. 2025eko ekainaren 10ean, oraindik 29 pertsona falta dira kontratatzeko, kanpainako beharren ia % 25.

Aurtengoan, landarediaren hezetasunari eta meteorologiari esker ez da sute handirik gertatu, baina egoera larri hau ez da gehiago errepikatu behar.

15 egunez suhiltzaile-etxe batzuetan basoetako suhiltzaile bat edo bi baino ez dira egon. Eta horrek arrisku ikaragarria sortzen du, onartezina edozein administraziorentzat.

Gainera, ez dugu ahaztu behar langile horiek oso modu prekarioan kontratatzen direla: 115 eguneko kontratua baino ez dute, eta hori kudeaketak behar bezala egiten direnetan. Horregatik, LABek Funtzio Publikoko departamentuari exijitzen dio kontratazio atzerapenek kaltetutako lankide guztiei 115 kontratu egunak errespetatzeko, aurrez finkatuta eta aurrekontuetan jasota dagoen bezala. Era berean, Kontseilariari eskatzen dio beharrezkoak diren bitartekoak jar ditzala kontratazioetan behin eta berriz gertatzen diren atzerapen eta nahasmendu horiek berriz gerta ez daitezen; izan ere, tamalez, egoera hau urtez urte errepikatzen baita.

Gasteizko Udalak konponbideak bilatu behar ditu eta Enviser-eko grebalariei beren bidezko aldarrikapenei uko egin diezaieten inposatzen saiatzeari utzi behar dio

Gaur 80 egun betetzen dira Gasteizko parke eta lorategiak eta eraztun berdea mantentzeaz arduratzen den eta Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek greba mugagabea hasi zutenetik.

Joan den astean, Lan Harremanen Kontseiluan, adiskidetzeko lehen bilkura egin zuten enpresak eta greba-batzordeak, eta asteazken honetan bigarrena. Bi bileretan, agerian geratu da egungo baldintzetan ezinezkoa dela aldeen artean greba amaitzeko akordio bat lortzea. Blokeoa soldataren gaia mantentzen da. Enpresak ez du mugitu urteko %3ko igoera proposamena, alegia hilean 43 euro gordin ingurukoa, argudiatuz soldatak modu erreal batean hobetzeko duen aukera bakarra Udalarekin duen kontratua amaitzen denetik aurrera aplikatzea dela, eta, beraz, sakoneko edozein hobekuntza 2028ko urtarriletik aurrera planteatzen du.

Greba-batzordea, plantillaren babesarekin, ez dago bere soldata eskasak 2028ko urtarrila arte hobetzeko itxoiteko prest; langileentzat benetako adarjotze bat da 80 eguneko greba mugagabearen ondoren. Beste behin ere, agerian geratu zen bi aldeen arteko negoziazio-mahai honek ez duela inolako etorkizunik zerbitzua kontratatzen duen erakundearen, Udalaren, esku- hartzerik gabe.

Joan den maiatzaren 21ean, espazio publikoaren batzordean, Beatriz Artolazabal zerbitzuko zinegotzi delegatuak honako hau adierazi zuen: gatazkaren konponbidea enpresak eskaintza garrantzitsu bat egitea da, langileek egiten duten proposamenera hurbiltzeko, 2025ean soldata nabarmen handituta. Gainera, enpresari eta greba-batzordeari PRECOra jotzeko eta akordio bat bilatzen saiatzeko eskatu zien. Horixe egin du greba-batzordeak, eta enpresak erabateko ezezkoa eman dio eskaintza barregarria hobetzeari.

Blokeo egoera dela eta, ekainaren 25ean Lan Harremanen Kontseiluan hiru aldeen arteko bilera eskatu dute LAB, ELA eta ESK sindikatuek, Udalak gatazka behingoz desblokeatzeko giltza duela uste baitute. Enviser-eko langileek espero dute Udala bilera horretara joatea eta gatazka behingoz konpontzen lagunduko duten proposamenekin egitea.

Batzorde horretan, zinegotziak udal-talde baten galderei erantzunez adierazi zuen adostasunezko kontratuaren etetea mahai gainean zegoela, eta bi egun geroago Maider Etxebarria alkateak berak berretsi zuen adierazpen hori, baina horretarako enpresaren borondatea behar zuela zehaztuz. Bost egun geroago, enpresak kontratuaren etete hori negoziatzeko erabakia jakinarazi zien sindikatuei, eta, harrigarria bada ere, enpresaren proposamenaren aurrean, gidoi aldaketa gertatu zen Udalean, aukera hori ez zela bideragarria adierazten hasi zelako.

Ezer ez dago errealitatetik urrunago; Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 211.1.c) artikuluak argi eta garbi adierazten du: “Kontratua eteteko arrazoia Administrazioaren eta kontratistaren arteko adostasuna da”. Beraz, Udalari ozen eta argi esaten diote sindikatuek iritziz aldatzeari uzteko eta, behingoz, dagokion erabakia hartzeko, akordioa errazteko. Egungo kontratuarekin enpresarekin negoziazioa erabat agortuta dago. Alde horretatik, kontratua eteteko ordua da, greba amaitzeko adosten diren lan-baldintzak jasoko lituzkeen baldintza-agiri berri bat ateratzeko.

Halaber, zinegotziak maiatzaren 21eko batzordean esan zuen enpresak gutxieneko zerbitzuak eskatu zituela grebaren hasieran, Eusko Jaurlaritzak ez zituela agindu eta enpresak berriro eskatuko zituela, Udalak ezin zuelako halakorik egin, “langileen kontratu-harremana ez baita Udalarekin, enpresarekin baizik, eta Udalak ezin ditu eskatu”.

Bada, joan den astelehenean, bi aldeek, Udalak eta enpresak, gutxieneko zerbitzuak ezartzea eskatu zuten. Beste behin ere, esku hartzeko gaitasuna dutela erakutsi dute, eta, berriz ere, enpresarekin soilik ados jartzeko prest daudela erakutsi du Udalak, greban dauden langileen bidezko aldarrikapenei bizkarra emanez eta greba indarrez amaitzen saiatzeko estrategia bateratua eginez, akordioa bilatzea erraztu beharrean.

Gutxieneko zerbitzuen eskaera horiei dagokienez, gaur alegazioak aurkeztuko langileen ordezkariek, eta argi utzi dute hori ez dela funtsezko zerbitzua komunitatearentzat. Parke eta lorategien mantentze- zerbitzuetan egiten diren grebetan, egungoa baino dezente luzeagoak, Eusko Jaurlaritzak ez du inoiz gutxieneko zerbitzurik ezarri; beraz, uste dute ez dagokiola hori egitea, eta horrela justifikatu dute.

Gainera, Udalak behin eta berriz errepikatu duenez, “ez dago inolako osasun-alarmarik eta ez dago inolako arriskurik osasun publikoarentzat, lorategietako greba batek eragozpen estetikoak ditu, baina osasun publikoaren ikuspegitik ez du inolako arazorik, osasun publikoaren eta ingurumen sailetik adierazi den bezala”. Beraz, bere helburu bakarra grebarekin amaitzea da, gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezarriz, eta, gainera, gutxieneko zerbitzu batzuk planteatuz, non langile guzti guztiak berriro lan egitera behartuta egongo liratekeen, ziurrenik, ondorengo 4 hilabetetan zehar, ia lan guztiak egitea eskatuko baitute.

Azkenik, datorren ostiralean, mozio bat aurkeztuko da Udaleko Osoko Bilkuran. Bertan, gobernu taldeak bere esku dagoen guztia egin dezala eskatzen da, greba akordio batekin amai dadin. Plantilla 10:00etan bilduko da Plaza Berrian, eta bertan herritarren babesa jasoko du berriro, hain une zailean langileentzat hain garrantzitsua izaten ari dena eta biziki eskertzen dutena.

Unibertsitate publikoaren defentsan, irabazi asmoko unibertsitate pribatuei atea itxi behar zaie, aitzakiarik gabe

Unibertsitate pribatuak sortzeko irizpideak zorrozteko Gobernu espainiarraren saiakerak zeresan handia eman du azken boladan. Eskuinak, argudio bat edo beste bat erabilita, gogor egin du asmoaren kontra.

Azken urteetan, Espainiako estatuko erkidego batzuetan eta Euskal Herrian bertan ere, unibertsitate pribatu berrien agerpena mehatxu argia da unibertsitate publikoentzat eta, orokorrean, gizartearentzako. Irabazi asmoko unibertsitateak ugaritzeak arazo asko dakartza, besteak beste:

• Ikasketa unibertsitarioen eta ikasleen formazioaren kalitatearen kontra doa. Horrek, etorkizuneko profesionalen prestakuntza kolokan jartzen du, titulua izan baina beharrezko ezagutza eta gaitasunak ez dituztenen kopurua gero eta handiagoa izango baita.

• Ikasleak lortzeko unibertsitate publikoarekin lehian sartzen dira. Horrek kolokan jartzen ditu unibertsitate publikotik eskainitako gradu eta master batzuk, jakina baita unibertsitate pribatuek beren “produktua” saltzeko publizitate-baliabideak dituztela.

• Diru publikoa lortzeko lehian sartzen dira. Zuzenean edo zeharka, formaziorako eta ikerketara bideratutako funts publikoen parte batek unibertsitate pribatuak finantzatzen ditu.

• Goi-hezkuntzaren elitizazioa elikatzen du. Unibertsitate pribatuen matrikulak ezin dituzte ordaindu ikasle eta familia askok. Horrek unibertsitate mailako segregazioa dakar.

Arrazoi horiengatik eta etorkizunean larritu daitekeen egoeraren aurrean neurri zorrotzak hartzea defendatzen dugu, hezkuntzaren merkantilizazioa eta negozioa egiteak gidatutako unibertsitate gehiago ez sortzeko. Era berean, unibertsitate publikoaren finantzaketa handitzea eskatzen dugu. Datu bat emateagatik, Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak 2030erako BPGren % 1izatea helburutzat badu ere, EHUk Eusko Jaurlaritzatik jasotzen duen finantzaketa EAEko BPGren %0,42 baino ez da. Baliabide nahikoak behar ditugu kalitatezko unibertsitate publikoa indartzeko, euskal jendartearen beharrei egoki erantzungo diena.

Eusko Jaurlaritza Gobernu espainiarrak iragarritako neurrien kontra agertu da, eskuduntzen inbasioaren argudioarekin. Argi daukagu Euskal Herriko unibertsitate publikoen garapena hemen eraiki eta erabaki behar dugula, baina eskumenen inbasioa ezin da aitzakia izan hemen bertan unibertsitate pribatuei alfonbra gorria jartzeko, gertatzen ari den moduan. Azken negoziaketen ondorioz, online unibertsitateak, irizpide batzuen menpe bada ere, Eusko Jaurlaritzaren menpe geratzea ez da batere nahikoa bide horretan. Beste alde batetik, aurrekariak ikusita, unibertsitateak kategorizatzeko semaforoak orain arte egondako permisibitatea kolorez apaintzeko soilik balio dezakeenaren susmoa daukagu.

Eskumenen inbasioaren aitzakian babestuta, ezinbestekoak diren neurriak leuntzeko saiakeran ari da Eusko Jaurlaritza. Ez du irmotasun bera erakusten unibertsitateen erabateko transferentzia eskuratzeko, Euskal Herrian behar dugun unibertsitatea eraikitzeko ahaleginean pauso garrantzitsua izango litzatekeena.

Euskal jendartearen zerbitzura dagoen unibertsitatea hemendik arautu eta kudeatu behar dugu, kanpoko inposaketarik gabe, baina eskumenen inbasioa ezin da izan aitzakia irabazi asmoko euskal unibertsitate pribatuei atea irekita mantentzeko.