2025-12-17
Blog Page 36

LABek ez du sinatu Gipuzkoako ostatuetako hitzarmena langileen beharrei erantzun eraginkorra ematen ez dielako

Gaur sinatu dute ELA, CCOO eta UGTk eta ADEGI patronalak. Maiatzaren 15ean iragarri zuten aurrekordioa ELAk eta ADEGIk.

Nabaria da bere garai onena bizitzen ari den sektorea dela Gipuzkoako ostatuena, eta herrialdeko ekonomiari modu esanguratsuan eragiten dioten zifra historikoak lortzen ari da. Aldiz, enpresak etengabeko hazkundean dauden eta inoiz baino irabazi handiagoak jasotzen ari diren testuinguru honetan, gaur sinatutako hitzarmenak babesgabe uzten ditu langileak. Ikuspegi orokor batetik, bestelako onuraren bat tarteko, aurreakordioa KPI + %2,5-eko soldata igoerak bermatzera mugatzen bada ere, bertan jasotako bestelako edukiak ez dira nahikoak LAB sindikatuarentzat.

Dena ez da soldatara mugatzen. Egunez egun, sektoreko langileek jasaten dituzten lan-karga eta erritmoak ez dira gutxituko igoera ekonomiko esanguratsuekin. LABen ustez, honakoa da sektoreko langileek behar dutena:

> Lanaldi jaitsiera nabarmena, eta ez adostako 14 orduko jaitsiera datozen lau urteetan zehar.

> Arrisku psikosozialen ebaluazioak egiteko enpresen betebeharraz gain, eguneroko jardunak langileen eragiten dien desgastea identifikatu eta honi aurre egiteko neurriak adostu ahal izatea.

> Pisu garbitzaileen ratio planak badaudela eta hauek eraginkorrak direla bermatzea.

> Mota guztietako absentziak estaltzeko konpromisoa eta aldi baterako ezintasunak %100ean osagarritzea.

> Gutxienez hilean behin, asteko atsedena asteburuan gozatzeko aukera.

> Aldi Baterako Lan Enpresen eta azpikontraten mugapena.

> Onura sozialak, hala nola, errelebo kontratuen eskaerak onartzea, langileen eguneroko beharrak asetzeko baimen ordainduak, enpresak lan-eremu seguruak izatera bideratutako neurriak, doako mantenua, garraio-plusaren erregulazio aproposa, etab.

Guzti horiek LAB sindikatuak proposatutako edukiak dira, baina hitzarmenaren sinatzaileek alde batera utzi dituzte. Lan-ordutegiak hiru hilabeteko epearekin bermatzen saiatzeko ahalegin urria egin badu ere, enpresa guztiek ez dituzte gaur gaurkoz urteko egutegiak bermatzen eta, horren jakitun, ez dira beharrezko mekanismoak aurreikusten lan-ordutegiekin berdina gertatu ez dadin. Hortaz, LABek zalantzak ditu egutegiek eraginkortasunez beteko duten bizitza laboral eta pertsonala uztartzeko aukera.

LAB sindikatuak saiakera erreala egin du eduki guzti hauek negoziazio mahaian jorratu daitezen: aldarrikapen eta neurrien multzo propioa aurkeztu du, kolektiboaren eguneroko lan-baldintzak hobetu eta duintzera bideratuta dagoena. Aldiz, ADEGI eta ELA, UGT eta CCOOek sinatutakoarekin, LABen proposamenak albo batera uztea erabaki dute.

Gainera, hitzarmen hau lortzeko sektorean egindako dinamika zalantzagarria iruditzen zaio LABi, batez ere ELA sindikatuaren aldetik. Historikoki, greba deialdi errealekin sinatu izan dira hitzarmen kolektiboak Gipuzkoako ostatuetan eta horretarako, ekintza sindikala da giltza, langileek sortutako aberastasunaren banaketa bidezkoagoa borrokatu eta modu duinean lan egitera bideratutako neurriak eskura ditzaten. LAB sindikatuak benetan sinesten du sektoreko langileen batasuna eta ekintza sindikala zirela gakoa marko arautzaile on bat lortu ahal izateko. Benetan jakitun gara sektoreko langileen aldarrikapenak kalean babestuko lituzkeen sektore konprometitu gisa jardun izan bagenu lortu genezakeenaz? Borroka beti da bidea.

Gehiengoa duen ELA sindikatuaren konformismoak ordea, hurrengo urteetarako sektoreko enpresen lasaitasuna bermatu du, negoziazio prozesuan patronalak egindako bigarren proposamena onetsiz. ADEGI pozarren dagoen bitartean, langileak apurrekin gelditu daitezen onartu du ELAk.

Hitzarmena sinatu ez arren, sektorea eta kolektiboarekiko berezkoa duen konpromisoari eutsiko dio LABek eta enpresa eta lan-zentroetan langileak lagundu eta babestuko ditugu. Bide luzea dute aurretik sektoreko langileek, eta LAB sindikatua beraien bidelagun izango da.

Zaintza sistema publikoa helburu, lan baldintzak hobetzea eta ekiparazioa eskatu dituzte Arabako esku hartze sozialeko langileek

Kontzentrazioa egin dute gaur Gasteizen, Arabako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean.

Duela urte erdi baino gehiagotik, LAB, ELA, CCOO eta ESK sindikatuak askotan elkartu gara, eta indarrak batzea lortu dute, Arabako esku-hartze sozialaren sektorerako hitzarmen berri bat lortzeko helburuarekin. Beren helburua argia da: langile guztien lan baldintzak hobetzea, sektore publikoarekin ekiparatzeko helburuarekin. Zaintza lanek publikoak izan behar dutela argi dute.

Bide horretan, langileen aldarrikapenak jaso zituzten eta plataforma bat osatu zuten, duela hilabete batzuk patronalari eman ziotena. Gaur-gaurkoz, ez dute aldarrikapenei erantzunik.

Baina AISA patronala ez dirudi negoziazioaren alde dagoenik. Hilabeteak daramatza negoziazioa blokeatzen, bilerak atzeratzen eta langileen aldarrikapenak erantzun gabe.

Azken bileran aholkulari baten izendapenaren aitzakia erabili zuen mahaiak aurrera egin ez zezan. Proposamen bat duela dio, baina hilabeteak pasatzen dira eta ez dute ezer entregatzen.

Gaurko mobilizazioarekin, langileek salatu nahi izan dute AISAren jarrera eta negoziatzeko borondaterik ez duela. Sektoreak ez du onartuko negoziazioa luzatzea. Langileek esperientzia dute aurreko mahaiarekin, eta hortik ez dira pasako.

Benetako negoziazioa nahi dugu, gure lan baldintzak sektore publikoko langileei ekiparatuko dituena. Hala ez bada, eta gaur dinamika mobilizatzaileari hasiera ematen diotelarik, ez dituzte ekintza gehiago eta greba baztertzen etorkizunean.

Lehen lanuzte eguna Ramondin Capsulas-en, zuzendaritzak langile guztien soldatak izozteko eta hitzarmenean jasotako igoerak ez aplikatzeko asmoen aurrean

Gaur, erabateko lanuzteen lehen eguna izan da Ramondin Capsulas enpresan, lan-gatazka esanguratsu bati hasiera emanez. Lanuzteak erabateko jarraipena izan du ekoizpen-lerroetan, langileen batasuna eta determinazioa agerian utziz, eta eragina bulegoetan ere nabaritu da. Ramondín Cápsulas Arabar Errioxako enpresarik handienetakoa da, 400 langile inguru ditu eta Metalgrafien Estatuko Hitzarmena aplikatzen da bertan.

Langileen haserrearen jatorria zuzendaritzak soldata guztiak izozteko eta hitzarmenean jasotako igoerak ez aplikatzeko egindako proposamenean datza. Enpresak “egoera ekonomikoa txarra” dela argudiatuta justifikatu du neurria, eta, bere esanetan, langileen erosteko ahalmenari eustea eragozten dio. Hala ere, langileen artean haserrearen txinparta piztu duena izan da zuzendaritzak uko egin diola kontuak aurkezteari. Gardentasun falta horrek mesfidantza handia sortu du, eta langileek zalantzan jarri dute zein den konpainiaren benetako finantza-egoera.

Enpresaren jarrera horren aurrean, eta erosteko ahalmena ez galtzeko determinazio sendoa dutenez, langileek ekintzak areagotzea erabaki dute. Horrela, datorren astean, greba mugagabeari ekingo diote. Presio-neurri hori astearte eta ostegun guztietan gauzatuko da, eta dinamika horri enpresako zuzendaritzak jarrera aldatu arte eutsiko diote langileek. Izan ere, beren helburua da soldata bidezkoak eta egungo bizitzaren kostuari erantzungo diotenak bermatzea.

LAB, EH BILDU, SUMAR-IU, SATSE, CCOO, UGT eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Gizarte Langileen Elkargo Ofizialen komunikatu bateratua, Osasun Itunari buruzko azken gertakariei buruz

Atzo bildu zen EAEko Osasun Itunaren “Lankidetza Publiko-Pribatua” lantaldea, bertako kideek hala eskatuta, Osasun Sailak aurretik adostutako helburu bat aldebakarrez aldatzeko saiakera egin ostean.

Zoritxarrez, bilera horretan berriro ere agerian geratu zen adostasunik ez dagoela oinarrizkotzat jotzen dugun eta talde honek gehiengoz onartu zuen zerbaitetan: euskal osasun sistema publikoa indartzea zerbitzua baliabide publiko eta propioen bidez ematea lehenetsiz, sektore pribatuarekiko menpekotasuna gutxituz pixkanaka, eta herritarra erdigunean jarriz.

Erabat gaitzesten dugu taldeak adostutako proposamenak alde batera uztea edo ordezkatzea, soilik Jaurlaritzaren edo Confebasken interesekoak ez direlako. Adibidez, lantaldearen atzoko bileran, talde horretan landu gabeko proposamen bat onartzea behartu zuten, Osasun Sailaren aldebakarreko proposamena zena.

Uste dugu Osasun Itunaren prozesua oso une delikatura iritsi dela, eta orain, inoiz baino gehiago, pribatizazioa murrizteko eta osasun-sistema publikoaren autosufizientzia berreskuratzeko konpromisoa Itunak argi jasotzea dagokigula.

Horregatik, orain arte egindako lan eskergarekin koherenteak eta arduratsuak izanik, prest jarraitzen dugu Osakidetza publikoa eta kalitatezkoa indartzeko ekimenak bultzatzeko.

Beraz, orain hasten den zuzenketa-fasean, pribatizazioaren eraginak geldiaraziko dituzten neurriak biltzeko ahalegin guztia egingo dugu, sistemaren benetako publifikaziorantz aurrera egiteko eta erabaki zehatzak jaso daitezen, analisi iragankorretatik, topikoetatik eta benetako konpromisoen falta duten diskurtso hutsetatik harago.

Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata propio baten aldeko mozioa aurkeztu dute 56 enpresatako langileen ordezkariek

Mozioa jaso dute gutxieneko soldata propio batek zuzenean eragingo lieketen sektoreetako ordezkariek; hala nola, Arabako adinekoen egoitzetakoek, osasun klinika txikietakoek, hoteletako langileek, Bizkaiko elikagaien merkataritzakoek, lorezainek, Enplegu Zentro Berezietakoek, bulegoetako langileek, telemarketingeko langileek eta Amazoneko langileek.

LAB, ELA, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuok Hego Euskal Herriko langile guztientzat gutxieneko soldata duin eta erreal bat ezartzeko ekimena abiatu dugu. Gutxieneko soldata aberastasunaren banaketarako tresna nagusietako bat da, eta prekaritatearen eta pobreziaren aurkako borrokan ezinbesteko neurria.

Gaur egungo Espainiako gutxieneko soldatak ez du bermatzen bertako langileek euren bizitza modu duinean garatu ahal izatea. Gainera, prezioak gorantz doaz eta enpresen irabaziak marka historikoetara iristen ari dira. Horregatik, behar-beharrezkoa da gutxieneko soldata hemen erabakitzea eta Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoari egokitzea. Langileon lan- eta bizi-baldintzak hobetuko dituen burujabetza ariketa da egiten ari garena.

Horretarako bi bide abiatu ditugu: bata, bertako eskumenen baitan Lanbidearteko Akordio bidez patronalarekin negoziazioa hastea, Confebask eta CEN patronalek ezezko borobilarekin erantzun dioten bidea. Bestea, Herri Ekimen Legegilearen bidez autonomia erkidegoek gutxieneko soldata propioa ezartzeko eskumena eskuratzea, eta horretarako milaka sinadura biltzen ari gara.

Gutxieneko soldata propio batek bereziki eragingo lieke gizartean lan baldintza okerrenak dituzten sektoreei, horietako asko feminizatuak, migratutako pertsonez osatuak, aniztasun funtzionala duten langileak dauden esparruak eta langile gazteak lanean ari diren enpresak.

Esandakoarengatik, aipatutako sektore horietan ari diren langileen ordezkariek dei egiten dute gutxieneko soldata propio baten aldeko ekimen guztietara, lanbidearteko akordio baten aldekora eta Herri Ekimen Legegile baten aldeko sinadurak biltzera.

Era berean, enpresa hauetan ari diren langileen ordezkariek dei egiten diete Hego Euskal Herriko langile guztiei beren sinadurarekin sostengua eman diezaioten gutxieneko soldata propio baten aldeko Herri Ekimen Legegileari. Sinadura bakoitzak legez gutxieneko soldata ezartzeko aukera errazten du eta, era berean, patronalari presio egiten dio negoziazio mahaira bueltatu dadin.

Ondoren atxikituta azaltzen dira gutxieneko soldata propio baten alde atxikimendua eman duten eta gutxieneko soldata propio baten onuradunak izango liratekeen langileen ordezkarien lantokiak:

Araba:

  • Caser adinekoen egoitza
  • Sanitas adinekoen egoitza
  • Ariñez-Villodas adinekoen egoitza
  • Mercedarias adinekoen egoitza
  • Colisee adinekoen egoitza
  • Gazalbide adinekoen egoitza
  • Garbident klinika pribatua
  • Enviser lorezainak
  • Biocompost. Birziklapen enpresa

Bizkaia

  • Lantegi Batuak EZB.
  • Fabripapel SLU Cherry EZB.
  • Sifu EZB.
  • CAE EZB.
  • Ilunion operarios EZB.
  • Avifes Aniztasun funtzionaleko pertsonen artapena.
  • Sindrome de Down. Aniztasun funtzionaleko pertsonen artapena.
  • Salica arrain kontserbak.
  • Lanalden telemarketing.
  • Energuia Web Bulegoak.
  • Entelgy Ibai Bulegoak.
  • Xupera Telemarketing.
  • Inetum Bulegoak.
  • Garbialdi Garbiketa.
  • Abando Garbiketa.
  • Optima Garbiketa.
  • UPV Garbikuntza
  • Bilboko kiroldegiak.
  • UTE Bilboko Udala garbiketa
  • Epaitegietako garbiketa
  • Impacto garbiketa
  • UTE Bizkamb
  • Bilboko lorezainak
  • Ercilla Hotela
  • Mercure Hotela
  • Emtesport kiroldegia
  • Ercoreca Elikagaien merkataritza
  • Zara Ehunen merkataritza
  • Tendam Ehunen merkataritza
  • Stradivarious Ehunen merkataritza
  • Radisson Hotela
  • Occident Aseguru enpresa
  • Catalana Occidente Aseguru enpresa
  • Ares capital UBER
  • Moove cars UBER
  • Envac Iberia Ingenieria
  • Ugaoko lorazainak
  • Costco. Saltoki handiak
  • Equipafasa Elikagaien Merkataritza
  • Vitaly Health Services Aseguru enpresa

Gipuzkoa

  • Gureak EZB.
  • Katea-Legaia EZB.
  • Gipuzkoako anbulantziak.
  • Delcom AMAZON.
  • Geslagun garbiketa.
  • Hoteles y Termas (La Perla)
  • Abaltzisketa Logistika Telemarketing.

LAB, ESK eta ELAk zerbitzu publiko eta kalitatezkoa eskatzen dute Correos-en

Bihar asteazkena, ekainaren 18an, 18:00etan, mobilizazioak egingo dituzte Bilbon (Urkixo Zumarkalea, 19), Donostian (Alderdi Eder-Udaletxea) eta Gasteizen (Posta, 9) akordio markoaren aurka eta hitzarmen duina eskatzeko.

Akordio berria eta III. Hitzarmen Kolektiboari eranskin bat inposatzeak ondorio larriak izan ditzake Correos-eko langileen lan-baldintzetan eta, hedaduraz, ematen duten posta-zerbitzu publikoan. Correos-en eta bere langile guztien etorkizuna defendatzeko. Horregatik erabaki dute LAB, ESK eta ELA sindikatuek biharko mobilizazioak deitzea.

Correos-eko langileen lan-baldintzak are gehiago okertzen jarrai dezakete. Enpresak eta CCOO, UGT, CSIF eta SL sindikatuek milaka lanpostu suntsitzea ekar dezakeen akordio bat sinatu dute. Izan ere, langileen gastuak % 85etik %70era igaro daitezke 2 urtetan, ordainsari-erregimena jardueraren neurketa indibidualekin lotu daiteke, lanaldiko orduen %10 aurreikusitako kargaren arabera aldatuko den lan-egutegia ezarri daiteke, eta langileen mugikortasun funtzionalean, geografikoan eta zentroen artekoen sakondu. Horrek guztiak eragin zuzena izango du enpleguaren kantitatean eta kalitatean, baita enpresa publikoak eman beharko lukeen komunitatearen aldeko kalitatezko zerbitzu publikoan ere.

Akordio horren aurka dauden LAB, ESK eta ELA sindikatuek etorkizuneko IV. Hitzarmen Kolektiborako eta Akordiori begira, langileen eskubideei lotutako arauketa eskatzen dute, bertan jasotako gai garrantzitsuenak hobetzeko, hala nola soldata, lanaldia, kontziliazioa eta lan-osasuna, Correos-en kalitatezko zerbitzu publikoaren aldeko apustua eginez. Besteak beste, soldatak KPIrekin lotzeko klausula, asteko 35 orduak ezartzea, egiturazko lanpostu guztiak benetan betetzea eta galdutako milaka lanpostu berreskuratzea eskatzen dute, Madrildik inposatu nahi dietenaren guztiz kontrakoa.

Jaurlaritzak murrizketekin jarraitzen du aurre-erretiroan, lan baldintzetan eta euskaran

Gaur EAEko Funtzio Publikoaren Mahai Orokorraren bilera egin da Lakuan. Oraingoan ere, LABek ez du aurrerapausurik antzeman langile eta zerbitzu publikoentzat oinarrizkoak diren baldintzetan, Jaurlaritzak murrizketekin jarraitzen baitu erretiro-txanda kontratuan, soldatetan, enpleguan, gazteberritzeetan eta euskaran. Madrilekiko menpekotasuna aitzaki, gai hauetan aurrera jotzeko borondate eza argi utzi du.

Erretiro-txanda kontratuari dagokionez, lan kontratupeko langile finkoentzako mugatzen jarraitzen du proposamena. LABetik ekarpenak egingo ditugu proposamena hobetzeko eta ahalik eta azkarren indarrean jartzeko. Neurria langile funtzionarioei eta bitartekoei zabaltzea eta negoziazioa Madrildik Euskal Herrira ekartzeko exijitzen jarraituko dugu.

LABe gazteberritze planak lantzen ari da sektoreetan, baina Jaurlaritzak ez du irizpide bateraturik eta honek galgatu egiten du kontua. Aurre-erretirorako kendutako pizgarriak berreskuratzea ere exijitzen du LABek.

Jaurlaritzak ez du hitz egin nahi langile publikoak pairatzen ari diren ahalmen ekonomikoaren galerari aurre egiteko neurriez. Madrilen erabakitzen denari so, erabaki ahalmena Euskal Herrira ekartzeko indarrik egin gabe jarraitzen du. Hala ere, sektore batzuetan muga hori altxatzeko gai dela argi utzi du: ertzantzan, hezkuntzan eta gartzeletan kasu. Hain zuzen hezkuntzan egindako borrokek ondo frogatu dute, langile borrokaren bidez, ustezko mugak gaindi daitezkeela.

Behin-behinekotasuna jaisteari dagokionez ere, ez da inoiz egon gaiari heltzeko borondaterik, deialdi publikoak eginez nahikoa egiten ari dela baitio Jaurlaritzak. Gogoratu beharra dago behin-behinekotasuna jaisteko neurriak Europako epaitegitik etorri behar izan direla, Jaurlaritzaren borondate falta historikoaren kontra.

Euskal administrazioak euskalduntzeko borondate argia adierazi du Jaurlaritzak: bai zerbitzuak eskaintzeko zein lanean euskaraz egin ahal izatea bermatzea. Hala ere, hitz dotoreak ez datoz bat Jaurlaritza egiten ari den politikekin, euskararen inguruan aurrera ez egiteak atzera egitea ekarriko baitu, eta ondorio larriekin. EAJk eta PSEk osatzen duten gobernu baten euskararen inguruko akordioek aurrera egiten ez duten planak baino ez dituzte garatuko. Duela hiru urte Euskararen Kontseiluarekin eta beste eragileekin batera egindako proposamen estrategikoan berresten da LAB.

%75eko jarraipena izan du LABek Arabako Gazteriaren Foru Erakundean deitutako lanuzteak

Arabako Gazteriaren Foru Erakundeko (GFE) 65 langileek pasa den astean ekin zieten euren egoera salatzeko lanuzte eta mobilizazioei. Gaur ere mobilizatu dira foru erakundearen Gasteizko egoitzaren aurrean, eta ekainaren 21ean berriro mobilizatuko dira.

2017an azken hitzarmen kolektiboa sinatu zenetik izan den luzapenari, plantilla-eskasia eta enplegu suntsipena gehitu behar zaizkie, baita hainbat programatako inbertsioaren murrizketa ere. Horrek gazteenei zuzendutako programetarako eskainitako plazak gutxiago izatea dakar, hala nola Udaraban (Udalekuak), Ikasgeletan (Barria, Espejo eta Zuhatzako aterpetxeetan egindako egonaldiak, Arabako ikastetxeetako ikasleei zuzenduak), edo Lurrikara programarako zuzkidura eskasa (gazteek landa-ingurunean parte hartzera eta emantzipatzera bideratutako programa).

Oraingoz ez dituzte deitu egoera desblokeatzera, eta horrek erakusten du Gerentzia-Zuzendaritzak eta Kultura eta Kirol diputatuak afera konpontzeko duten interes txikia.

Langileek badakite beren mobilizazioek eragina izan dezaketela gazteengan eta GFEko aterpetxeetako gainerako erabiltzaileengan. Baina kontuan hartuak izateko egin ahal duten gauza bakarra da.

Langileek zain jarraitzen dute, Zuzendaritza Nagusiak (GFE) eta Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Diputatuak (haren esku dago GFE) gatazka hau konpontzeko premia ulertu eta gazteei zuzendutako programetan eta plantilla honetan inbertitzeko erabakia har dezaten. Izan ere, langileek beren onena ematen jarraitzen du gazteekiko konpromisoa aurrera eramateko.

Marsellan egon da LAB, Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxako beste hainbat kiderekin batera, Nazioarteko VI. ekintzan

“Nous resistons pour vivre, nous luttons pour exister!” (“Bizitzeko erresistitzen dugu, existitzeko borrokatzen dugu!”) lelopean abiatu ziren ostiralean Emakumeen* Mundu Martxak bost urtean behin antolatzen duen Nazioarteko Ekintzaren baitako jardunaldiak. Eskuin muturraz, bakeaz eta desmilitarizazioaz, elikadura burujabetzaz eta emakumeen* parte hartzeaz hausnartu dugu, indarkeria matxista, krisi ekosoziala eta migrazio politikak ardatz izan dituen ekintzan.

Euskal Herritik ordezkaritza zabala iritsi zen larunbatean, aliantzak egiteko espazio izan zen jardunaldian parte hartzera, munduko hainbat herrialdetako ordezkariekin batera (Sahara, Suitza…). Mobilizazioa egin genuen Marsellako kaleetan, eta “Gora borroka (trans)feminista” edo “SolidaritĂ© avec les femmes du monde entie (“Elkartasuna mundu osoko emakumeekin”) oihukatu. Horrez gain, “Palestina askatu” aldarria zabaltzeko, mobilizazio intersindikalean parte hartu genuen goizean, beste hainbat sindikaturekin batera, Gazan berehalako su-etena eta laguntza humanitarioa oztoporik gabeko sar dadin lortzeko.

Martxoaren 8an hasi eta urriaren 17ra arte luzatuko den Nazioarteko VI. Ekintzan ekimenean parte hartzeaz gain, LABetik gerra eta kapitalismoaren aurka, herrien burujabetza eta eta bizitza duinen alde borrokan jarraitzeko hautua egiten dugu.