2025-12-17
Blog Page 35

Industria politikan 180 graduko aldaketa eskatu du LABek

Trantsizio ekosozialerako industria politika garatzeko proposamena aurkeztu du LABek, lurraldearen behar sozialei erantzungo diena eta ekologikoki jasangarria izango dena. Jaurlaritzaren plana enpresa pribatuei diru publiko gehiago ematera baina betebehar gutxiago ezartzera bideratuta dagoela salatu du sindikatuak.

Trantsizio ekosozialari erantzungo dion industria politika zein oinarriren gainean eraiki behar litzatekeen jasotzen duen proposamena aurkeztu du LABek, Bilbon. Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak azaldu duenez, modu honetan labur daitezke egungo politikak: “diru publiko gehiago eta betebehar gutxiago enpresentzat”. Horrek, baina, ez ditu ez trantsizio ekosoziala eta ezta enplegua bermatzen ere, azaldu duenez: “Enpresek laguntza gehiago eskatzen dituzte, irabaziak lehenesten, trantsizioa moteltzen eta enplegua prekarizatzen duten bitartean”.

Horren aurrean, 180 graduko aldaketa behar dela nabarmendu du Arroyok eta gure lurraldearen behar sozialei erantzungo dien ekologikoki jasangarria izango den eta, aldi berean, langileen enplegurako eskubidea bermatuko duen industria politika garatu. Horretarako, hainbat sektore eraldatu beharko lirateke, isuriak, energia eta materialak gutxituz, azaldu duenez.

Lau oinarriren gainean egin behar litzateke industria politikak behar duen aldaketa, LABen ustez:

1. Armagintza industriaren hedapenari ez, sozialki beharrezkoa eta ekologikoki jasangarria den industriari bai. Armagintza sektorearen hedatzearen aurka dago LAB, sozialki beharrezkoak diren baliabideak lapurtzen baititu eskalada belizista elikatzeko, eta irmo kritikatzen du Eusko Jaurlaritzaren hipokrisia, bakeaz eta balioez hitz egiten duen bitartean gerra makineria bultzatzen duelako. Berrarmatzeak ez du segurtasuna areagotzen, alderantziz baizik.

2. Esku-hartze publikoa, industria-trantsizioa planifikatzeko: jabetza publikoa, baldintzazkotasuna eta deslokalizazioaren aurkako legeria. Inbertsioak sozializatu eta etekinak pribatizatzen dituen logika perbertsoa amaitu egin behar da. Korporazio handiak politika fiskalaz, laguntzez, azpiegituraz eta ABEEz baliatzen dira, eta haien jarduera ez da lurraldera itzultzen. LABek benetako planifikazio industrial bat eskatzen du, sindikatuen parte hartze erreal eta loteslearekin. EAEko eta Nafarroako gobernuek, bestalde, jabetza publikoa duten proiektu industrialak garatu behar dituzte, eta laguntzak jasotzen dituzten enpresei jarritako baldintzetan egon behar dute dibidenduak banatzea galaraztea eta enplegua bermatzea. Era berean, deslokalizazioen kontrako legeria indartu behar da, eta eragotzi laguntza publikoak jasotzen dituzten enpresek enplegua suntsitu edo kaxkartzea. Hala izanez gero, zigorra jaso behar dute.

3. Negoziazio kolektiboa deskarbonizaziora eramatea eta inbertsio pribatua leihatzea. Enpresek enpleguari buruzko erabakiak hartzen dituzte deskarbonizazio planetan oinarrituta, baina plan horiek betetzeko inolako bermerik ez dago. Industriaren deskarbonizazioan sindikatuek parte hartzeko aukera eman behar da. Horrez gain, milioi askoko irabaziak dituzten enpresek irabaziok trantsizio energetikoak eskatzen duen inbertsio produktibora bideratu behar dituzte.

4. Lanaldiaren murrizketa eta enplegu duina: banatu, birmoldatu eta birkualifikatu. 30 orduko lan asterantz egin behar dugu aurrera, lan karga birbanatzeko eta eraldaketak arintzeko. Era berean, industrian emakumeen* kontratazioan eta sustapenean diskriminazio oro ezabatzearen aldeko apustua egiten du LABek. Horrekin batera, enpresek enplegua duintzen duten lan hobekuntzak bultzatu behar dituzte; hala nola azpikontratazioa mugatzea, subrogazioa eta lan arriskuen prebentzioa. Produkzio-segmentu berrietarako trantsizioa egiteko prestakuntza eta birkualifikazioa ziurtatu behar dira, eta berrindustrializazio-mahaiek nahitaezkoak izan behar dute jarduera ixtea edo murriztea aurreikusita duten enpresentzat.

Jaurlaritzak, lehengo lepotik burua

LABen proposamenaren zutabe nagusiak aurkezteaz gain, berriki Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen Industria Plana ere baloratu du LABek; ez onerako, LABek bere proposamenean eskatzen duen eraldaketari ez baitio erantzuten, Kris Gete LABeko Industria Federazioko arduradunaren esanetan. Izan ere, Jaurlaritzak aurkeztutakoa azken hamarkadetako industria politikaren jarraipena dela esan du Getek: “Errezeta orain arteko berbera da: enpresa pribatuei diru publiko gehiago ematea eta betebehar gutxiago ezartzea”. Egun ondo doakien industriei bideratutako plana dela azaldu du, eta, gainera, ez dituela finantzaketa publikorako kontrol publikoa eta plangintza industriala areagotuko, ezta eraldaketa prozesuetan enplegua mantentzen dela bermatuko ere.

Hain justu, planifikazio industrial egoki baterako Jaurlaritzaren plana ez da nahikoa, Geteren esanetan, hainbat arrazoirengatik: planak barne hartzen dituen proiektu eraldatzaileek dagoeneko martxan dauden enpresa handien proiektuei erantzuten dietelako nagusiki; deskarbonizazio industrialeko plangintza sinesgarri bat izatetik urrun dagoelako; trantsizio energetikoa eta azpiegituren garapena irabazi pribatuen menpe jartzen duelako; industria eraldaketa premiazkoenei buruzko plangintzarik ez dagoelako; eta industria militarrari aipamen espliziturik ez zaiolako egiten, nahiz eta Europa mailan industria militarrari eman nahi zaion bultzada baliatzeko borondatea agertu duen Jaurlaritzak.

Kalitatezko enplegua eta langileen parte hartzea bermatzeko neurrien gabezia “erabatekoa” dela salatu du Getek. Enpresa pribatuei beren eraldaketa industriala bultzatzeko emango zaizkien laguntza publikoetarako baldintzetan ez zaio aipamenik egiten lanpostuak mantentzeari, ezta deslokalizazioa eragozteko hartuko diren neurriei ere. Getek azaldu duenez, gainera, planaren garapenean industriako langileen parte hartzerik ez da izan: “Haien ordezkaritzarik gabeko plana da”.

Amaitzeko, ekintza sindikalaren garrantzia nabarmendu du Getek, “enplegurako eskubidea bermatzeko eta Euskal Herrian benetako trantsizio energetikoa lortzeko”.

Osasun Mahaiko kolaborazio publiko-pribatuaren eta zerbitzu zorroaren lan-taldeetan erabakitakoa baztertu eta bere planteamenduak inposatu ditu Osasun Sailak

Pribatizazioaren aldeko lobbyak agintzen duenaren menpe ari da Osasun Saila, berak mahaian ezarritako metodologia nahieran aldatuz.

Asteartean eta asteazkenean bildu ziren hurrenez hurren kolaborazio publiko-pribatuaren lan-taldea eta zerbitzu zorroari buruzkoa. Lan-talde hauek haien egitekoa bete eta proposamenak txosten batean jaso ondoren ekainaren 11an Osasun Mahaian aurkeztu bazituzten ere, Osasun Sailari eta Jaurlaritzako gobernua osatzen duten alderdiei ez zitzaien gehiengoen bitartez lortutako adostasuna gustatu. Gustuko ez dutena aldatzeko inolako erreparorik gabe, adostu ziren bi helburu atzera bota eta lobby pribatizatzaileari men eginez Osasun Sailak pribatizazioarekin jarraitzeko ikuspegia inposatu nahi digu.

Kontsentsua eta adostasuna irudikatu nahi duen Gobernuak beraz, betoa inposatzen du bere gustukoak ez diren proposamenetan eta pribatizazioari eusteko erabakia ezarri du lan-taldeetan. Kolaborazio publiko-pribatuaren lan-taldean gehiengoz adostu genuen helburua lurperatu du; Osasun Sistema Publikoa baliabide publiko eta propioekin eskaintzea eta sektore pribatuarekiko duen menpekotasuna murriztea, hau salbuespen egoeratan erabiliz soilik. Eta zerbitzu zorroaren lan-taldean, berriz, bertako partaideok erabateko adostasunarekin onarturiko dokumentua moldatu du, zerbitzu-zorroa publifikatzeko plan bat martxan jartzeko helburu eta ekintzak guztiz baztertu dituelarik.

Osasun Sailak ondo antolatu du bere inposaketaren antzerkia. Batetik, kolaborazio publiko-pribatuaren lan-taldeko dokumentua adostasunik gabea izan dela asmatu du. Antza, adostasun zabalak bere gustuko erabakiak daudenean soilik balio dio. Eta bigarrenik, itxurakeria horrekin jarraitzeko, bere proposamenak bozkatzera eramatea inposatu du, lan-taldeetan parte hartu ez duten eragile guztiak deituz eta bozketa berriak eginez. Pribatizazioaren aldeko lobbyari men egiteko dinamika honek ez dauka mugarik.

Bi eredu antagoniko defendatzen dugun eragileak gaude parez pare Osasun Mahaian; Osasun Sistema Publikoa indartu eta orain arteko politika pribatizatzaileak eraldatu eta murriztu nahi dugunak eta pribatizazioari eutsi eta honekin negozioa egiten jarraitu nahi dutenak.

Sistema publikoaren alde egiteko zein pribatizazio eta kontzertazio politikekin amaitzeko borondate eta konpromiso zehatzak beharrezkoak dira. Korapilo nagusia kolaborazio publiko–pribatua izendatu dutena da, eta tamalez, aste honetan, korapilo hori askatu baino gehiago lotu egin da. Iragarri genuen bezala, LABentzat hori erabakigarria da osasun itunean egon ala ez, posizioa finkatzeko. Datozen egunetan iragarriko du sindikatuak bere erabakia.

Behin betiko konponbidea eta euskal presoen etxeratzea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

LAB, ELA, ESK, STEILAS, CGT/LKN, HIRU, EHNE eta Etxalde sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatzeko.

Endika Perez LABeko Ekintza Sozialeko arduradunak Bilboko mobilizazioan adierazi duenez, “garaia da etapa bat ixteko, garaia euskal preso politiko guztiak askatasunean egoteko”. Izan ere, etapa hori ixtea “justiziazkoa” dela nabarmendu du, eta “50 urteko gatazka armatuan kalteak eragin dituzten eta kalteak jaso dituzten pertsona ugari egon da. ETAren biktimek aitortza jaso dute eta indarkeria ekintzen egileek kondena luzeak bete dituzte, salbuespenezko espetxe politika zitalaren pean. Aldiz, Espainiako estatuak ez du berak eragindako biktimen aitortzarik egin eta apenas egon den indarkeria horren aurkako prozedura judizialik.”. Desoreka hori kartzela gehiagorekin ez dela konpontzen nabarmendu du, “baizik eta biktima guztien aitortzarekin eta norberak dagokion ardurak hartzearekin”.

Euskal preso politiko guztien etxeratzeak, beraz, gatazkaren aroa ixten eta elkarbizitzarena egonkortzen lagunduko duela azpimarratu du Perezek, eta azpimarra egin du elkarbizitzan: “Hitzaren esanahi sakona aldarrikatzen dugu guk. Munduan bezala, Euskal Herrian ere herritar guztiak euren eskubideen jabe izatea nahi dugu. Herritar guztiek bizitza duin bat izatea nahi dugu. Indarkeria, bazterketa eta desjabetze mota oro atzean utzi nahi dugu”.

Hemen duzue Sarek eta sindikatuek deitutako mobilizazioetan irakurritako hitzartzea:

Sarek eta Euskal Sindikatuen gehiengoak 2024-2025 kurtso politikoan deitu ditugun mobilizazioetan bigarren eta azkena gauzatzeko elkartu gara gaur. Beste behin Euskal sindikatuen gehiengoak bat egiten dugu Sare Herritarraren aldarriekin, bat egiten dugu urteetako gatazkak utzitako ondorioen konponbidearen aldeko aldarriarekin eta noski, bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren aldeko aldarriekin.

Datorren urtean 15 urte beteko direlarik ETAk bere jarduera eten zuenetik, oraindik orain urteetan luzatu zen sufrimendu baten ondorioak pairatzen ari da euskal gizartea. Sindikatuok, sufrimendu horren amaieran eta gure herri eta gizarteak horrenbeste behar eta merezi duen elkarbizitza agertokietara jauzi egiteko lanean gure ekarpena egiteko konpromezuan berresten gara. Ezinbestekoa baita etorkizunera begira jarri nahi badugu iraganera iltzatzen gaituzten ondorioekin amaitzea.

Ondorioez ari garenean aipatutako sufrimenduak utzitako biktimenz ari gara, biolentzia ezberdinen biktimek, hau da, biktimek oro har, horren beharrezko duten egiaz, errekonozimenduaz, aitortza instituzionalaz eta erreparazioaz ari gara. Ondorio dira baita ere, salbuespen lege eta politiken ondorioz beraien zigorrak erregimen itxian betetzen ari diren 57 euskal presoen egoerak, eta ondorio dira oraindik ere erbestean dauden iheslari eta deportatuen egoerak.

Euskal Herriko alderdi politkoen, eragile sozial zein politikoen, sindikatuon eta euskal gizartearen ardura da elkarbizitza agertokiei ekarpenak egitea. Guztion ardura da ondorioen konponbidearen lanean jardutea, norberak bere leku eta posiziotik lan guzti horri ekarpenak egitea.

Euskal langileriaren gehiengoa ordezkatzen dugun sindikatuok bat egiten dugu konpromezu horretan, ondorioen konponpideari gure ekarpena egiteko konpromezuan berresten gara. Ez dezagun sufrimendua gehiago luzatzen utzi.

Euskal preso, iheslari eta deportatuak lantokietara!

LABek Bilboko Portuko zamaketarien soldata-diskriminazioarekin amaitzea dakarren garaipen judiziala lortu du

LABek beste garaipen bat lortu du langileen eskubideen aldeko borrokan. 2025eko ekainaren 18an, asteazkenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak epaia eman zuen, Bilboko Portuko zamaketarien artean soldata-diskriminazioa eragiten zuen egoerari amaiera emanez.

2005ean, hitzarmen kolektiboak antzinatasun-osagarria ezabatu zien egun horretatik aurrera kontratatutako langileei, aurretik lanean zebiltzanei mantendu zitzaien bitartean. Praktika horrek diskriminazio argia sortu zuen: lan berdina egiteagatik soldata ezberdina jasotzen zuten langileek.

Zer dakar epai honek?

– Soldata-diskriminazioaren amaiera: bidegabekeria historiko hau konpontzeko eta berdintasun-printzipioa bermatzeko atea irekitzen du.

-Eskubideen aitortza: enpresaren praktika arbitrarioa agerian geratu da eta honi amaiera jartzen dio.

-Indar sindikala sendotzea: LABen borroka antolatuak lorpen zehatzak ematen ditu langileen alde.

Epai honek 150 zamaketari baino gehiagori eragiten die. Oraindik bide judiziala abiatu ez dutenek aukera izango dute, BILBO ESTIBAk langile bakoitzari urteko 1.500 € baino gehiago zor baitizkio. Zenbateko horiek soldata-masaren parte izango dira aurrerantzean, 2005a baino lehen eta ondoren lanera sartutakoen artean bereizketarik egin gabe.

LABek dei egiten dio patronalari epaiari helegiterik ez jartzeko eta erabakia onar dezan. LABek sektoreko lan-baldintzen erabateko berdintasunaren alde lanean jarraituko du.

‘Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioa aztergai’ mintegiko materiala publikazio batean jaso dute

Hego Euskal Herrian Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioaren inguruko gogoeta sustatzeko eta haren onurez aritzeko asmoz, Ipar Hegoa eta Manu Robles-Arangiz fundazioek mintegi bat antolatu zuten maiatzaren 16ean, Bilboko Bizkaia Aretoan. 150 lagunetik gora bildu ziren bertan, eta ekarpen ugari emateko tartea izan zuten hizlariek, soldata duin eta propio baten beharra ardatz hartuta. Ipar Hegoa Fundazioak eta Manu Robles-Arangiz Fundazioak ekarpen horiek biltzen dituen txosten bat argitaratu dute, gutxieneko soldata propioak euskal langileriari ekarriko lizkiokeen eraginak eta horiei buruzko gogoetak biltzen dituena.

Gutxieneko soldata propioa ezartzea erabat egingarria da, esperientziak eta marko juridiko-politikoak aukera hori zabaltzen dutelako. Burujabetza ariketa praktiko gisa ere ulertzen du LABek. Zalantzarik gabe, LGS propioak onura ugari ekarriko lituzke: pobrezia murriztu, aberastasuna modu justuagoan banatu eta langile prekarizatuenen bizi-baldintzak nabarmen hobetzeko eta soldata arrakalari aurre egiteko tresna eraginkorra litzateke.

Hemen bertan irakurri dezakezue txostena:



Bi laneko heriotza egun berean

Ekainaren 16an bi langile hil ziren Euskal Herrian. Lehena, 58 urteko C.J.V.G., Mungiako Mesa enpresan, istripu ez traumatikoan. Eta bigarrena, J.M.B.P. 46 urteko Otis Mobility enpresako langilea, in itinere istripu batean, A-1 errepidean, Mendoza parean.

Lehenik eta behin, LAB sindikatuak bere elkartasuna eta babesa helarazi nahi die hildako langile hauen senide, lagun eta lankideei. Babes hau hildako langile guztien ingurukoei zabaltzen die.

LAB salatzen du Euskal Herriko langileek osasuna eta bizitza galtzen jarraitzen dutela. Sindikatuak askotan salatu du lan-baldintza prekarioek (lanaldi luzeek, estresak edo presioak) eragin zuzena dutela langileen osasunean. Horregatik dio gertatzen diren lan-istripu gehienak guztiz ekidin daitezkeela, eta horretarako borondate politikoa baino ez dela behar, lan-eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko neurriak jartzeko, baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere.

Prekaritatearekin amaitu behar da. Patronalaren inpunitatearekin amaitu behar da. Erakundeek ezin dute jarraitu beste alde batera begiratzen jarraitu, gertatutakoaren konplize izango dira bestela.

LAB sindikatuak argi dugu langileek bizi eta lan duinak behar dituztela, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dutela. Antolakuntza eta borroka dira gaitz indibidual, familiar eta gizarte osoarena den honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza direla. Lan harremanen eta joku-arauen aldaketa beharrezkoa da. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena.

Arabako Herri Akordioa–Zaintzen Aldarrikapen Taula aurkeztu dugu, prozesu kolektibo baten emaitza

Duela astebete Gasteizen aurkeztu genuen Arabako Herri Akordioa–Zaintzen Aldarrikapen Taula. Egungo zaintza sistema iraultzera bidean Araban egin beharreko hainbat aldaketa eta exijentzia biltzen dituen aldarrikapen taula da. Denon Bizitzak Erdigunera dinamikaren baitan garatu dugun ikasturte ondoko prozesu baten ostean, Arabako eragile, norbanako, zaintzen sektoreko langile eta zenbait sindikaturen artean eztabaidatutakoaren eta adostutakoaren emaitza da. Mugimendu Feministarekin elkarlanean egon gara AEZLE (Arabako Etxeko eta Zainketako Langileen Elkartea), Pentsionistak, Enara Kooperatiba, Ernai, Harramazka gazte talde feminista, Zaintza Araba, LAB, ESK eta Steilas sindikatuak, eskualde ezberdinetako talde feministak, Lumagorri…

Tresna hau eragile ezberdinen arteko aliantzak sortzeko, instituzioak seinalatzeko eta presionatzeko eta zaintza sisteman aldaketa errealak lortzeko baliatu nahi dugu.

LABetik norbide horretan lanean jarraitzeko konpromisoa adierazten dugu: Arabako Herri Akordioa ahalik eta gehien zabaldu, irakurri, partekatu, sozializatu eta hurrengo urratsetara adi egoteko deia egiten dugu.

Hemen duzue aldarrikapen taula:

LABek EAEko gizarte ekimeneko ikastxeetako Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei greba bukaerako akordioa betetzea exijitzen die

Patronalek erabaki dute adostuta zegoen ordu lektiboen jaitsiera ere ez aplikatzea. Aldarrikapen honekin, elkarretaratzeak egin ditu LABek Zarauzko La Salle eta Bilboko Berri Otxoak ikastetxeetan.

Aurreko astean, 34. mahai negoziatzailea egin ostean, Kristau Eskolak eta AICE-IZEA EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetako patronalek adierazi zuten 2025-2026 ikasturterako eskola ordurik ez dutela jaitsiko. Honela, sektoreko langileek 14 greba egun egin ondoren, 2024ko otsailaren 5ean greba bukaerarako akordioan adostu eta lortutakoa bertan behera utzi dute.

16 hilabete pasatu dira eta 15 mahai negoziatzaile egin dira greben amaiera ekarri zuen akordioa sinatu zenetik eta patronalak blokeoan gotortu dira, eta ez dira ari sinatutako betetzen. Horren erakusgarri, ez dutela gauzatuko datorren ikasturterako adostuta zegoen ordu lektiboen murrizketa.

Eskola orduen murrizketak bere biziko garrantzia du, hala nola lan kargak jaisteko, ikasleek kalitatezko hezkuntza jasotzeko, enplegua sortzeko, lanpostuak ez suntsitzeko, etab.

Ikasturtea amaitzen ari da eta lanpostuak ez galtzeko birkokapen prozeduraren aktak itxi berri edota ixten ari diren honetan, LABek ez du onartzen neurri hori ez dela martxan jarriko hurrengo ikasturterako.

Hori dela eta, LABek, ez betetzeen aurrean, bide juridikoa zein ekintza sindikala aktibatuko ditu.

Osasungintza publikoa indartzea eskatu dugu Bilbo, Donostia eta Gasteizen

LAB, ELA eta ESK sindikatuok elkarretaratzeak egin dituzte Gasteizen (Txagorritxuko ospitalean), Bilbon (Basurtukoa) eta Donostia ospitalean Osakidetzan benetako konponbideak exijitzeko. Era berean, bat egin dute gaur arratsaldean OPA Osasun Publikoaren Aldeko herri plataformek deitutako mobilizazioekin.

OPA Herri Plataformek salatu dutenez, “zortzi hilabeteko lanaren ostean, osasun publikoaren defentsan funtsezkoak diren eragile sozial eta profesionalak baztertzea izan da Osasun Itunaren jomuga, unibertsitate pribatuei eta Confebask patronalari ahotsa eman zaien bitartean, hauen interesak osasunaren negozioari lotuta baitaude”. Plataformetatik kexu dira: “Prozesu hau opakoa eta antidemokratikoa izan da, arazo nagusiari heltzea saihestuz: pribatizazioa eta lankidetza publiko-pribatuko politikak”. Argitaratu duten oharraren arabera, Osakidetzaren krisian eta hondamenean gobernuak duen erantzukizuna ezkutatzeko aurpegia garbitze bat besterik ez da EAEko Osasun Ituna.

Salaketaz gain, osasun publikoaren aldeko plataformek osasungintza publikoa indartu eta pertsona guztien osasun eskubidea bermatzen duen osasun ereduaren proposamena egin dute, pertsona zaurgarrienei arreta berezia eskainiz. Neurrien artean: osasun %100 publikoaren aldeko konpromiso irmoa, elkarlan publiko-pribatua eta aparteko orduak arbuiatzea, osasun inbertsioa berehala handitzea Europako batez bestekoa lortzeko, Lehen Arreta lehenestea, arreta presentzial osoa berreskuratzea, gutxienez 15 minutuko kontsultarako denborekin eta gehienez bi eguneko atzerapenekin, plantilla nahikoa eta egonkorra bermatzea profesionalen ihesa saihesteko, itxaron-zerrendak nabarmen murriztea baliabide propioekin eta kontrol publikoarekin, osasun-sistemaren kudeaketa demokratikoa, parte-hartzailea eta gardena, eta Tolosaldean eskualdeko ospitale publiko bat sortzea.

Euren ustez, “neurri zuzentzaileen gabeziaren eta politika pribatizatzaileen jarraipenaren aurrean, beharrezkoa da presio soziala mantentzea, Eusko Jaurlaritzari exijitzeko herritarren gaitzespena entzun dezala eta osasun publikoak pairatzen dituen egiturazko arazoei benetako irtenbideak bila diezazkiela”.