2026-04-10
Blog Page 32

Hezkuntza Laguntzako Espezialisten kolektiboak bere haserrea helarazi dio Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeari

Hezkuntza Laguntzako Espezialisten Talde Motorreko (HLE) eta Administrazio Erroko Langileen Batzordeko ordezkariek Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordean parte hartu dute gaur arratsaldean, beren egoera azaltzeko eta Hezkuntza Premia Bereziak (HPB) dituzten ikasleei kalitatezko inklusioa bermatzeko kolektiboak behar dituen baldintzak azaltzeko.

Hezkuntza Laguntzako Espezialisten (HLE) kolektiboak hainbat aldiz jo du Hezkuntza Batzordera, laguntza eta irtenbide bila, aspalditik pairatzen ari den arazoari aurre egiteko, baina, egia esan, orain arte hartutako neurriak ez dira nahikoak izan.

Gure aldarrikapen nagusietako bat ordutegia arautzen zuen 2109/2012 Ebazpena indargabetzea zen. Gai horri heltzeko, Administrazioak negoziazio-mahai bat ireki zuen sindikatuen ordezkariekin. Hala ere, Administrazioak prozesua nola aurkeztu zuen ikusita —“Behartu gaituztelako gaude hemen”— argi geratu zen bertatik ez genuela ezer positiborik lortuko. «Negoziazio» horretan ez zen langileek egindako proposamenik edota aldaketarik onartu, eta horrek simulakro huts bihurtu zuen prozesua.

Aurrekoa ordezten duen 2502/2025 Ebazpen berria aurrekoaren ia berdina da, baina, horrez gain, aldaketa kezkagarri bat gehitzen du: bost egun arteko kanpaldiak egin beharra, erregulazio espezifikorik gabe. Aurrez arazorik ez zegoen tokian sortu dute bat.

HLEen funtzio-aldaketari dagokionez, benetako eztabaida izan zen ordezkaritza sindikalarekin. Orain, testua abuztuaren amaieratik bukatuta egon arren, Ebazpena argitaratu gabe dago oraindik.

Bestalde, argi utzi dute egonkortze-prozesu osoa amaituta ere, HLE kolektiboaren gehiengoak aldi baterako kontratuak izaten jarraitzen duela. Langileen % 40 inguru baino ez dira funtzionarioak edo lan-kontratudun finkoak. Administrazioak berriki Mahai Orokorrean onartu duen 2025eko LEPak, bertan gauden sindikatu bakar baten babesa ere jaso ez duenak, HLE 107 lanpostu aurreikusten ditu, eta horietatik 7 bakarrik dira lanaldi osokoak. Feminizatutako kolektibo bat are gehiago prekarizatzeko saiakera argia da. Egoera ulertezina da kontuan hartzen badugu gutxienez badela ikastetxe bat 10 EAEk egiten dutena lan lanaldi osoko aldi baterako kontratuarekin; eta askoz gehiago dira Nafarroa osoko gainerako ikastetxeetara zabaltzen badugu begirada. Ezin da onartu hainbesteko behin-behinekotasuna izatea gure erkidegoan, are gehiago kontuan hartzen badugu beste batzuetan % 5eko behin-behinekotasun tasa maximoa ezarri dutela EAE kolektiboarentzat.

Azkenik, kezka adierazi dute Hezkuntza Premia Bereziak (HPB) dituzten ikasleen arreta bizitzen ari den atzerapausoa dela eta. Inklusioa propagandarako baliabide soil bihurtu dela baieztatu dute, eta, bien bitartean, ikasle horienganako arreta asistentziazko eredu huts baterantz daramatela. Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen inklusioaren giltzarria hezkuntza-laguntzako espezialistak direla berretsi dute, baina, horretarako, argi utzi dute ezinbestekoa dela hezkuntza-taldeko kide izatea, materialak koordinatzeko eta prestatzeko behar adina saio izatea, kalitatezko prestakuntza jasotzea eta lan-baldintza duinak izatea.


Aldarrikapen nagusiak

• Ordutegia arautzea, ordutegia eta egutegia ikastetxean garatzen direla argi eta garbi ezartzeko.

• Egiturazko lanpostuak plantillako lanpostu bihurtzea, eta lan-eskaintza publikoan behar beste sartzea, kolektiboaren gehiengoak funtzionarioen lanpostuak eskuratu ahal izan ditzan.

• Ikasleei kalitatezko arreta emango zaiela bermatzeko behar diren koordinazio saioak eta materialak izatea.

• Irakastordu guztiak barne hartzen dituen ordutegia duten lanpostuak lanaldi osokoak izatea.

• 2025eko LEPak, gutxienez, gaur egun dauden lanaldi osoko kontratu guztiak jasotzea.

• Kalitateko prestakuntza HLEentzat.

HLEko langileak dira HPBak dituzten ikasleen inklusioaren funtsezko zutabea. Kalitatezko hezkuntza bermatzeko, ordea, ezinbestekoa da kolektiboari egonkortasuna, aitortza eta lan baldintza duinak ematea.

LABek deituta, ikastoletako langileek itxialdiak egingo dituzte

Hezkuntza Saila iskin egiten ari zaio sinatu zuen Akordio Laborala betetzeari. LABek, ordea, sinatutakoa bete arte mobilizatzen jarraitzeko konpromiso osoa du.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletako langileek itxialdia egingo dute gaurtik biharrera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari 2023ko Akordio Laboralean jaso ziren konpromisoak bete ditzan exijitzeko.

Ikasleak etxeratzen direnean, langileak hainbat mobilizazio egingo dituzte herrietan. Ondoren, ikastoletara itzuliko dira hurrengo goizera arte itxialdian egoteko. Guztira, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 30 ikastolak baino gehiagok parte hartuko dute itxialdian, eta ehunka langile mobilizatuko dira.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletako langile guztientzat Akordio Laborala sinatu zuten LAB sindikatuak eta Hezkuntza Sailak 2023an. Akordioan, langile guztien soldatak sare publikoko langileenekin parekatzea eta lan baldintzen homologazioaren azterketa egingo zela sinatu zen.

Hezkuntza Saila, ordea, iskin egiten ari da langile batzuen soldata parekatzeari, eta, egin beharreko homologazioaren inguruko azterketari dagokionez, ezarritako epeak aspaldi gaindituta egonda ere, ez da hasteko borondatearen zantzurik atzematen.

Hori dela eta, hitza ez betetzea salatzeko, LAB hainbat mobilizazio egiten ari da ikastoletan joan den ekainetik. Izan ere, akordioa ez betetzea langileen lan baldintzekin lotuta dago zuzenean.

Hezkuntza Sailak Akordio Laboralean hartutako konpromisoak bete behar ditu, eta ikastoletako langileek borrokan jarraituko dute Hezkuntza Sailak dagokiena eman arte. Hezkuntza Sailak bere hitza bete arte mobilizatzen jarraitzeko konpromisoa du LABek.

LABek pribatizatuta dauden langileen lan baldintzen ekiparazioa eta zerbitzuaren publifikazioa exijitu ditu Arabako etxez etxeko laguntzako hitzarmenaren lehen mahai negoziatzailean

Sektoreko patronalei, Gasteizko Udalari eta Arabako Foru Aldundiari zuzendu zaie sindikatua, sektoreko langileen lan baldintzak duintzeko zerbitzuaren publifikazioari bide emateko konpromisoak har ditzaten.

Urteak dira LAB sindikatua zaintza eredua errotik aldatzeko beharra aldarrikatzen ari dela, administrazio publikoei eta sektoreko patronalei pribatizazioa zaintza zerbitzuetatik guztiz desagerrarazteko eskatuz. Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren kasuan, administrazio publikoak dira lizitatzen dituzten zerbitzuen arduradunak eta esku pribatuetan uzten dute urtero zerbitzu hauen kudeaketa.

Gaur, hilaren 26an, Arabako etxez etxeko laguntza zerbitzuko hitzarmenaren mahai negoziatzailea eratu da Gasteizen. Berriz ere, administrazio publikoak sektoreko lan baldintzak patronal eta enpresa pribatuekin negoziatzera behartzen ditu sindikatuak, lan baldintzen hobekuntzan duten ardura alde batera utziz.

LAB sindikatuak Arabako etxez etxeko laguntza zerbitzua administrazio publikotik kudeatu beharreko funtsezko zerbitzu bat dela aldarrikatzen du, kudeaketa eta kontrol publiko zuzenarekin. Sektoreko langileek zerbitzu publiko bat eskaintzen diote Arabako gizarteari, eta horregatik, publifikazio prozesua gauzatu bitartean, langileei sektore publikoko lan baldintza berdinak bermatu behar zaizkie.

LABek lan baldintzen ekiparazioa exijitzen du Arabako etxez et

Jarraipen zabala Gasteizko Sidenorreko lehen greba egunean, bidegabe kaleratutako lau lankideak berriro lanera itzul daitezen eskatzeko

Gaur, azaroak 26, Gasteizko Sidenorren aste honetan deitutako hiru eguneko lehen greba eguna dute. LABek eta ELAk deitu dute bidegabe kaleratutako lau lankideak berriro lanpostura itzul daitezen eskatzeko. Grebak enpresaren hainbat sekzio geldiarazita edota baldintzatu ditu.

Kaleratutako langileek euren kategoria erreklamatu eta enpresak hasiera batean onartu bazien ere, erabakia atzera bota eta espedientea zabaldu zien. Ondoren etorri dira kaleratzeak. LABek eta ELAk argi dute jazarpen sindikala dagoela erabakiaren atzean: enpresak kaleratzeekin langileei igorri nahi die mezua, halakorik berriro egin ez dezaten.

Bestetik, UGTk gehiengo osoa duen komitearen jarrera deitoratu nahi dute sindikatu deitzaileek. UGTk, CCOOrekin batera, ez ditu langileen interesak defendatu, eta argudiatu du ez direla enpresa barneko bideak jorratu kategoria eskaerak lortzeko. Onartezina da hori, legeak
baimentzen duen bidea jorratu dutelako langileek. Areago, langileekin egoeraz aritzeko asanblada deitzeko eskatu diegunean, ezezkoa eman dute, enpresak bideratutako foroak horretarako direla argudiatuta. Foro horietan ez daude ez LAB eta ez ELA.

Egoera hori salatzeko, langileek elkarretaratzea eta prentsaurrekoa egin dute Sidenorren. Beste enpresetako langileak ere elkartu dira; hala nola, Fibertecnic enpresako grebalariak. Guztiak bat datoz: jazarpenarekin amaitu behar da, eta kaleratutako lankideak berriro lanpostuetara itzul daitezen eskatu dute.

Gurutzetako paradoxa handia: osasun mentalean erreferentea, bere langileen osasun mentalaz ahaztuta

Psikiatria unitateko zerbitzu katalogoan ohe kopurua handitu da, baina langile kopurua ez da proportzionalki handitu, eta horrek gainkarga dakar. Zerbitzuen berrantolaketa ezin da langileen ondoezaren gainean eraiki, eta, beraz, joera hau berehala geldiarazteko eskatzen du LABek, langileekin benetako negoziazio prozesua irekitzeko, lan kargen ebaluazio independentea egiteko eta zerbitzua profesionalekin batera planifikatzeko.

LAB sindikatuak Gurutzetako ospitaleko psikiatria unitatean erizain laguntzaileek bizi duten egoera larrria salatu nahi du. Gurutzetako zerbitzu katalogoan ohe kopurua handitzea planifikatu da (28 ohe ospitalizazio intentsiboan eta unitate ireki eta erresoluzio handikoak), baina ez da langile kopurua proportzionalki handitu. Horrek gainkarga planifikatua dakar. Eraldaketa hori 230.000 biztanletik 600.000ra igaro den populazio bati erantzuteko diseinatu da, eta arrisku psikosoziala areagotzen du, langileen artean osasun mentalean eragin larriak sortuz, dagoeneko muturrean dauden langile horien artean. Ratio berak mantentzeak, konplexutasun handiagoa duen testuinguru batean, pazienteen segurtasuna eta zaintzaren kalitatea arriskuan jartzen ditu, eta agerian uzten du planifikazio falta sistemaren sostengua egiten dutenen ongizateari dagokionez.

Beraz, proiektuak sakona bezain kezkagarria den paradoxa ezkutatzen du: azpiegitura eta zerbitzuetan inbertitzen den bitartean, erabat ahazten da horri guztiari eutsi behar dion kolektiboaren osasun mentala; hau da, profesionalena.

Erizaintzako Laguntzaile Teknikariak gainezka daude Gurutzetako psikiatria unitatean. Gaur egun, ratioak eznahikoak dira: goizez hiru profesional, arratsaldez bi eta gauez beste bi, 28 ohe artatzeko. Plantilla eznahikoa psikiatriako zaintzaren funtsezko alderdietan: hala nola, autolesioen edo agitazioaren arriskuak prebenitzeko eta kudeatzeko, etengabeko gainbegiratzean eta laguntza terapeutikoan, loaren eta ongizate emozionalaren babesean, objektu arriskutsuak detektatzeko edota proba eta kanpoko kontsultetan laguntza segurua bermatzeko.

Langile faltak eta erantzukizunen gehikuntzak tentsio handiko lan-ingurunea sortzen dute, nekea, antsietatea, depresioa eta laneko gaixotasunak eragiteko arrisku nabarmenekin. Egoera horrek kontra egiten die zerbitzuak berak sustatzen dituen humanizazio printzipioei, ezin baita arreta duinik eskaini zaintzen dituztenen ongizatea alde batera uzten bada.

Biziki larria da osasun mentaleko zerbitzu baten berritze integrala planifikatzea lan kargen azterketa zorrotzik gabe, eztabaida publiko eta gardenik gabe eta eguneroko errealitatea ezagutzen duten profesionalen parte hartzerik gabe. Benetan osasun mentalaren erreferente izan nahi bada, zuzendaritzak bere printzipioak aplikatzen hasi behar du: entzun, humanizatu eta zaintzen dituztenak zaindu. Zerbitzuen berrantolaketa ezin da langileen ondoezaren gainean eraiki.

Horregatik, joera hau berehala geldiarazteko eskatzen du LABek, langileekin benetako negoziazio prozesua irekitzeko, lan kargen ebaluazio independentea egiteko eta zerbitzua profesionalekin batera planifikatzeko, egunerokoan posible egiten dutenekiko tratuan ere erreferente izan dadin. Ez dago bikaintasun asistentzialik langileen ongizatea alde batera uzten bada.

Langileentzat autodefentsarako tresnarik eraginkorrena sindikalismo feminista dela aldarrikatu du LABek

Indarkeria matxistaren aurka instituzioak eta patronala bultzatzen ari diren politikek porrot egin dutela ohartarazi du sindikatuak, eta bitartekoak eta politika integralak aldarrikatu ditu. Hego Euskal Herriko hiriburuetan mobilizatu da LAB eguerdian, eta mugimendu feministak arratsaldean Euskal Herri osoan deitu dituen mobilizazioetara batzeko deia egin du.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean kalera atera da LAB sindikatua, patronalei eta instituzioei indarkeria matxistari aurre egiteko politika integralak exijitzera, batetik, eta antolakuntzarako deia egitera, bestetik. Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean mobilizatu da sindikatua; hain justu, aipatu politiken sustatzaile diren instituzioen aurrean.

Argi mintzatu da Maddi Isasi LABeko idazkari feminista Bilboko elkarretaratzean: “Instituzioak eta patronala bultzatzen ari diren politikek porrot egin dute”. Horren adibide da Nerea Melgosa Berdintasun sailburuak aitortutakoa, Isasiren hitzetan, Melgosak berak adierazi baitzuen bortxa pairatutako andre gehienek ez dutela nora jo enpresaren barruan. Datuek erakusten dute, era berean, indarkeria matxista jasaten duten emakumeen %4k baino ez dutela salatzen.

Egoera horrek erantzuleak dituela oroitarazi du Isasik. Batetik, patronala: “Enpresek, gehienetan, ez dute legez arautua dagoena ere egiten. Protokolo eraginkorrik ez da jartzen, eta ez da prestakuntza plan eraginkorrik garatzen”. Bestetik, instituzioetatik garatzen ari diren politiken “porrotaz” hitz egin beharra dagoela ere nabarmendu du Isasik. Indarkeria matxista lehen mailako arazo politiko eta sozial moduan hartzeko garaia dela uste du sindikatuak, eta, zentzu horretan, politika integralak aldarrikatu ditu Isasik: “Indarkeria matxistaren kontrako politiken aurrean, errekurtsoak eta politika integralak behar ditugu, ez paperean jasotzen diren baino inora ez doazen legeak eta neurriak”. Izan ere, indarkeria matxistari aurre egiteko bitartekorik ez jartzea “hipokrisia” dela salatu du.

Halaber, antolakuntzarako eta sindikalismorako deia ere egin du LABek azaroaren 25ean. Sindikalismo feminista langileek autodefentsarako duten tresnarik eraginkorrena dela uste du sindikatuak, eta LABek horretarako konpromisoa duela berretsi du Isasik. “Ez gara besoak gurutzatuta geratuko, eta enpresaz enpresa borrokatuko dugu instituzioek eta patronalak dagokiten ardura har dezaten”, adierazi du. Hala, indarkeria matxistaren inguruko formazio eta diagnostiko errealak egin daitezen eskatuko du LABek, azaldu duenez, eta, era berean, lantokietan aske izateko ahalik eta espazio seguruenak eraikitzeko lanean jarraituko du.

Arratsaldean Euskal Herriko Mugimendu Feministak mobilizazioak egingo ditu Euskal Herri osoan, eta mobilizazio horiekin bat egiteko deia luzatu die LABek langile guztiei.

LABek salatu du 67 langile hil direla lan istripuz dagoeneko Euskal Herrian; horietatik 22, Nafarroan

LAB sindikatuak elkartasuna eta samina eskaini dizkio Abarzuzan hildako langilearen senide, lagun eta lankideei prentsara bidalitako ohar batean. 49 urteko langilea kamioi batek harrapatuta hil da, “zantzu guztien arabera zamatze lan prozesuan prebentzio protokolo eza tarteko”.

Sindikatuak salatu du Nafarroako enpresen lan osasunerako araudiaren ez betetzea orokortua dela. Hau berriki Chiviteren gobernuak ikerketa txosten batean neurtu du, ez betetze maila enpresen %80ean kokatuz. “Datu horiek mahai gainean, eta ikusirik dagoeneko 22 direla Nafarroan aurten hildako langileak, ezin dugu lan istriputaz hitz egin baizik eta enpresarien inprudentzia kriminalaz”.

Urtez urte errepikatzen ari den egoera honek baditu arduradunak, LABen arabera. “Lehenik, prebentzioa egiten ez duten enpresariek eta jarraian betearazpena sustatzen ez duten gobernuek. Nafarroako gobernuak elkarrizketa soziala izeneko mahai iruzurti bat osatu zuen non CEN eta estatuko sindikatuekin diru kopuru andana banatzen duen bake soziala erosiz. Bitartean ez du benetazko neurririk hartzen enpresei araudia betearazteko, horrela lan istripu eta gaitzak betikotzen dituzten egungo egoera larria sortuz”.

LAB sindikatuak, intersindikala osatzen duten beste sindikatuekin batera (ESK, Steilas, EHNE-Etxalde, Hiru eta CGT-LKN), kontzentraziorako deia egin du asteazkenean, azaroaren 26an, 12:00etan, Lizarrako Udaletxearen aurrean, lan heriotz berri hau salatzeko.

Hainbat lantegitako Sidenorreko langileek elkarretaratzea egin dute Basaurin Gasteizko kaleratuen alde, eta salatu dute gaur egingo den bileratik kanpo utzi dituztela

LABek eta ELAk grebara deitu dute Gasteizko Sidenorren azaroaren 26an eta 28an eta abenduaren 2an, lau langileren kaleratzea salatzeko.

Sidenorreko hainbat lantegitako langileek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Basauriko lantegian, Gasteizko lantegian bidegabeki kaleratutako lau langileei babesa adierazteko, eta langileek erantzunak eskatzen dituzten bitartean, enpresak eta Akordio Markoa sinatu duten sindikatuek gatazkari heltzen diotela salatzeko, ELA eta LAB baztertuta dauden bilera batean.

Mobilizazioa Basauriko lantegian egingo den Akordio Markoaren Jarraipen Batzordearen bilerarekin batera egin da. Estatu mailako organo horretara bidali du enpresak Gasteizen izandako kaleratzeen arrazoiak azaltzeko, nahiz eta lantegi jakin bati eta Arabako lantegian argi identifikatutako lan-baldintzei eragiten dien gatazka izan.

Sidenor taldeak Euskal Herrian dituen hainbat lantegitako langileek elkartasuna adierazi nahi izan diete kaleratutako lankideei, tailer hidraulikoaren eta gainerako mantentze-tailerren soldatak parekatzea eskatu ondoren. Enpresak berak onartu zuen parekatze hori, kategoria eta lan-baldintza berriak sendotuz. Hala ere, hilabete batzuk geroago, Sidenorrek aitortutako eskubideak kendu zituen, finkatutako soldata itzultzeko eskatu zuen eta gatazka judizializatu ondoren kaleratzean amaitu diren diziplina-espedienteak ireki zituen.

Horregatik, aste honetan LABek eta ELAk grebara deitu dute Gasteizko Sidenorren azaroaren 26rako eta 28rako eta abenduaren 2rako, lau langileren kaleratzea salatzeko. Sindikatuek langileak berriz hartzeko eskatu dute, kaleratzeak lan sindikala egiteagatik eta lan baldintzetan desberdintasun egoera bat salatzeagatik zigorra dela iritzita.

Estatus berrian euskal langileen eskariak aintzat hartzeko eskatu die LABek euskal alderdiei

Gai soziolaboraletan erabaki ahalmena handitzearen beharra nabarmendu du Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak, gutxieneko soldata eta pentsio propioa, bertako negoziazio kolektiboaren irismena eta euskal zerbitzu publikoen garapena bermatzeko.

Azken asteotan albiste izan dira EH Bilduren, EAJren eta PSEren arteko elkarrizketak, EAErako estatus berri bat adosteko. Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak nabarmendu du sindikatuek estatusaren eztabaidan parte hartzeak duen garrantzia: “Euskal sindikatuok badugu zer esana eta zer egina balizko estatus berriari dagokionez. Estatusa berritzeko prozesuak sindikatuon eta herri eragileon parte hartzerako mekanismo zehatzak eta eraginkorrak aurreikusi behar ditu”.

Bi arrazoi azaldu ditu; lehena, langileon lan eta bizi baldintzak eztabaida politikoaren erdigunean kokatzeko beharra: “Lau hamarkadatan patronalaren neurriko autogobernu eredua garatu du EAJk; kontzertu ekonomikoa eta zerga politika enpresariei mesede egiteko baliatu dira. Aberastasunaren birbanaketarako aukerei uko egin zaie. Langileon lan eta bizi baldintzak hobetzeko orduan, erabat mugatua izan da”. LABek hasieratik esan zuen EAEko estatutua langileon ikuspegitik ez nahikoa zela, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eta esparru sozioekonomiko propioa bermatzen ez zituelako. Gainera, estatutua higatu egin da, eta bere garapena oztopatu, besteak beste, negoziazio kolektiboa estatalizatuz, zerbitzu publikoaren garapenari mugak jarriz eta funtzio publikoan euskara ofiziala izan dadin eragotziz. Egiturazko gabezia horiei konponbidea jarri behar dio balizko estatus berri batek, LABek aldarrikatu duenez.

Bigarren arrazoia langileen parte hartzeari lotuta dago: “Estatus berri bat aurrera ateratzeko sor litezkeen oztopoak gainditzeko, ezinbestekoa izango da herri babes eta atxikimendu zabal bat, argudiatu du Arroyok. “Euskal Herrian bada aktibazio sindikal eta sozial handi bat. Jendarte eredu justuago bat eraikitzeko erregaia da hori, baita olatu erreakzionarioari muga jartzeko errezeta ere. Langileriak eta herri sektoreek, mugimendu feministak edota euskalgintzak egindako eskariei bide emanez gero, bertako instituzioak prestigiatuko lirateke, eta, eskuin muturrak elikatutako antipolitikaren aurrean, Euskal Herrian herri partaidetzan oinarritutako politika egiteko aukera izango genuke”.

LABek estatus berri baten eztabaidan eragile aktibo izan nahi duela berretsi du Arroyok. Orain arte sindikatuon ekarpena jasotzeko prozedurarik egon ez dela ikusita, estatusari buruz elkarrizketan ari diren hiru alderdi politikoekin (EH Bildu, EAJ eta PSE) biltzeko eskaria egin du LABek. EH Bildu eta PSE bilera egiteko prest azaldu dira, ez ordea EAJ; hark emandako ezezkoa deitoratu du Arroyok: “Estatusarena alderdien arteko afera dela argudiatuz bilera ukatu digu EAJk, eta horrek erakusten du alderdi batzuentzat traba bat dela sindikatuon eta herri eragileen parte hartzea. EAJk Pradalesekin aldaketa itxura eman nahi izan du, baina lehengo lepotik du burua. Osasun Mahaia akordiorik gabe itxi zuen eta Eusko Legebiltazarrean bi herri ekimen legegileri buruz eztabaidatzeari ezezkoa eman dio. Estatusari dagokionez ere sindikatuon eta herri eragileon iritzia hutsaren hurrengoa da EAJrentzat”. Arroyok oroitarazi duenez, EAJk argudiatu zuen Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa ezartzeko bidea herri ekimen legegilea beharrean estatus berriaren eztabaida zela. “Hori esan eta LABekin estatus berriaz hitz egiteari uko egitea erabat kontraesankorra da; jarrera zuzentzeko deia egiten diogu EAJri”.

Edozein modutan, LABek euskal langileen eskariak aintzat har daitezen lan egiten jarraituko du. Alderdien arteko elkarrizketa fasean zein abian jar litekeen ibilbide instituzionalean, lan eta bizi baldintzak hobetzeko tresnak aldarrikatuko ditu LABek. “Badira hogeita hamar urte herri honen gehiengo sindikalak Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua aldarrikatu zuenetik. Euskal langile guztiei lan eta bizi baldintza duinak bermatzeko, bertako instituzioen eskumenak eta bertako negoziazio kolektiboaren ahalmena zabaltzea ezinbestekoa da”, azaldu du bozeramaile nagusiak.

Lan Harremanetarako eta Babes Sozialeko Euskal Esparruaren norabidean, LABek lehentasunezkotzat jotzen ditu honako neurriak:

  • Gutxieneko soldata propioa ezartzeko ahalmena, euskal langile guztiei gutxieneko soldata duina bermatzeko.
  • Bertako pentsio sistema osagarria garatzeko ahalmena, euskal pentsiodun guztiei pentsio duina bermatzeko.
  • Tresna soziolaboral propioak, ondasunaren, enpleguaren eta zaintza lanen banaketarako politika burujabea garatu ahal izateko.
  • Eremu publikoan zein pribatuan bertako negoziazio kolektiboaren babesa. Maila intersektorialean, sektorialean edo enpresetan, patronalaren betoak gainditzeko mekanismoak nahiz bertako patronal eta sindikatuen artean adostu daitekeen edozein gai inolako injerentziarik gabe errespetatzeko bermeak jasotzea.
  • Zerbitzu publikoak mugarik gabe arautzeko aukera, herritar guztien osasuna, hezkuntza, zaintza eta etxebizitzarako eskubideak bermatzeko. Zerbitzu publikoen aurrekontuez, funtzio publikoko langileen kontratazioaz edota hizkuntza profilez erabakitzeko ahalmen osoa.