Joan den asteartean, Izarrako bulegoko Kutxabankeko langile baten heriotzaren berri izan genuen, lanean bakarrik ari zela. Ikerketak zehaztuko du lankidearen heriotza zerk eragin duen, baina gertaera tragiko honen aurrean, LABek galdetzen du ea heriotza hori saihestu zitekeen beste lankide bat berarekin egon izan balitz. Inoiz ez dugu jakingo, Kutxabankek, langileen eskubideak murrizteko politikaren barruan, hauek bakarrik lanean egotea inposatu duelako.
Azken urteotan, LABek bi aldiz eskatu dio formalki Kutxabankeko Zuzendaritzari ez uzteko inori bakarrik lan egiten. Herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeaz gain, laneko segurtasunaren eta osasunaren ikuspegitik, praktika hori ez gomendatzeko hainbat arrazoi daude: lapurretak egiteko aukera, bihotzekoen, iktusen edo bestelako afekzioen kasuan artatzeko ezintasuna, sortzen duen estresa eta antsietatea… Baina beti egin dugu topo Kutxabankeko Zuzendaritzaren ezezkoarekin.
Asteartean gertatutakoaren ondoren, Kutxabankek ezin du beste alde batera begiratu. Bertako langileen laneko segurtasuna eta osasuna jokoan daude. Kutxabankek ez du eskari horri uko egiteko inolako arrazoirik; izan ere, Vital Kutxak Kutxabank bankarizatu arte egiten zuen praktika zen.
LABek gogorarazi nahi du Kutxabankek urtero egundoko irabaziak dituela, azken urte honetan 250 milioi euro baino gehiagokoak. Egoera honetan, ezin da onartu langileek lanean jasan behar duten prekaritatea.
Horregatik guztiagatik, eta astearteko gertaera latza berriro gerta ez dadin, LABek enpresa-batzordearen hurrengo bileran gainerako sindikatuei eskatuko die Kutxabanki modu bateratuan exijitzeko Kutxabankeko ezein langilek bakarrik lan egiten jarrai ez dezan.
Kutxabanki exijitzen diogu langile bakar batek ere ez dezala bakarrik lan egin
CCOO eta UGT sindikatuek bertze behin ere Nafarroako Konponketa Tailerretako langileak saldu dituzte patronalaren mesedetan
Ia bortz urtez luzatu den negoziazio baten ondoren, borrokatzeko asmorik gabe eta lau urte negoziazio horietatik ezabatuz, CCOOk eta UGTk akordio txar bat erdietsi dute Konponketa Tailerretako patronalarekin. Sinatu duten ogi-apurren akordioak zazpi urteko indarraldia du: lehenbiziko laurak pasatu dira eta ez zaie soldaten igoerarik aplikatuko, eta hurrengo hirurei ez zaie KPIaren igoera bermatuko.
Inongo sorpresarik gabe, enegarren aldiz, CCOOk eta UGTk langileentzako kaltegarria den akordio bat erdietsi dute patronalarekin, oraingoan Nafarroako Konponketa Tailerretako hitzarmenean. Sorpresarik ez duela suposatu erraten dugu ez delako horrelako zerbait gertatzen den lehenbiziko aldia eta bageneramatzalako aste batzuk, akordio duin bat exijitzeaz gain, CCOOri eta UGTi eskatzen sektoreko langileak ez saltzeko.
Tamalez, patronalari mesede egitea lehenetsi dute eta zazpi urteko iraunaldia duen hitzarmenean, lehenbiziko lauretan ez da inongo soldata igoerarik egonen, urte horietan KPI %3,2 goitu zen arren, eta bertze hiru urteetan KPI bermatuko ez duten igoerak adostu dituzte, “konpentsazio” deitzen dituztenak, baina benetan ez direnak.
Arlo ekonomikoko adostasun eskas horretaz gain, gutxi gehiago aipatzen ahal da sinatutakoaz, lorpen sozial moduan saldu dituzten puntuak edo orokorkeriak direlako, inongo zehaztapenik ez dutenak, edo dagoeneko legediak onartzen dituen erregulazioak direlako.
Beraz, bortz urte hauetako negoziazioaren emaitzaren laburpena hurrengoa da: lau sosen truke patronalaren sindikatuek sektoreko langileak saldu dituzte. Azken hilabeteetan anitzetan errepikatzera behartuak izaten ari garen laburpen tamalgarria, beraz.
LABen alternatiba garbia da: borroka eta oinarrizko eskubideen defentsa irmoa, eremua edozein dela ere.
Atzo iluntzean beste langile bat hil zen lanean, aurtengo hirugarrena
I.A.E., Zestoako Industrias Artzubia enpresako 51 urteko langilea, aldagelatan topatu zuten ondoezik atzo, handik erietxera eraman eta denbora gutxira hil egin zen. LAB sindikatutik gure babes eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu senide, lagun eta lankideei.
Heriotza ez traumatikoak ugaritzen ari dira eta gero eta nabarmenagoa da lanpostu jakin batzuetan laneko arrisku faktoreek istripu hauetan duten eragina.
2022 urtean Euskal Herrian lan istripuz hildakoen % 33a ez traumatikoa izan zen, 23 langile. Honek arazo kardiobaskularrak barnebiltzen ditu.
Hainbat faktore daude istripu hauen atzean, baina arrisku psikosozialak eta estresa dira garrantzitsuenetako batzuk. Hauen aurrean eskumenak dituen Urkulluren gobernuak entzungor egiten du. Ez Osalandik ez Lan Ikuskaritzatik ez da neurri eraginkorrak hartzen langilegoan gero eta intzidentzia handiagoa duen arazo honi aurre egiteko.
Ordua da behingoz, Jaurlaritzak beharrezkoak diren baliabideak jartzeko patronalari prebentzioa betearazteko, baita arazo psikosozialen aurrean ere.
Garraiolaria larri istripu ez traumatiko baten ondorioz, Ibarran
Ibarrako Voith enpresara zihoan garraiolaria ondoezik topatu zuten atzo bere kamioian, antza bihotzekoak jota. Egoera larrian erietxera eraman zutela jakin ahal izan dugu.
Garraiolarien sektorea da alde handiz arazo kardiobaskularrak neurri handienean pairatzen dituen langile kolektiboa. Datuen errealitatea izugarria da nahiz eta patronalak zein Jaurlaritzak berak, heriotza natural gisa aurkeztu nahi dizkiguten.
Ezinbestekoa da lan istripu ez traumatikoekiko neurriak hartzea, bereziki sektore jakin batzuetan, non laneko baldintzak eragile argiak diren.
Mobilizaziorako prest gaude Gipuzkoako metalgintzan hitzarmen duina lortzeko
Gaur urtarrilak 12, Gipuzkoako metalgintzako negoziaketa mahaia osatu da. ADEGI da sektorea ordezkatuko duen patronala eta lau sindikatu nagusiak izango gara sektoreko langileen ordezkari. LABek inoiz baino ordezkaritza handiagoa izango du mahaian eta azken negoziaketatik ordezkaritza handitu duen sindikatu bakarra da. Hala, LABek %35,75eko ordezkaritza izango du mahaian, 2020an baino 1,5 puntu gehiago. Beraz, inoiz baino indartsuago helduko diogu negoziaketari.
LABek argi ditu bere helburuak, sektorearen beharrei erantzungo dien hitzarmena behar dugu eta bide horretan prest gaude datorrenari aurre egiteko. Badakigu patronalak ez digula ezer oparituko, eta hitzarmen duin bat nahi badugu, borrokatu egin beharko dugula.
Langileok sortutako aberastasuna banatuko duen hitzarmena nahi dugu, KPIa bermatu eta lanaldia murriztuko duena, prekaritateari aurre egingo diona, bajak osagarrituko dituena, malgutasunari mugak jarriko dizkiona, gaur egungo familia eredu eta beharrei erantzungo diena eta noski, sektoreko emakumeen beharrei erantzungo diena.
Erronka handia dugu aurrean, baina LABek helburuak argi dauzka, sektoreko delegatu eta langileekin egindako prozesuaren ondoren badakigu zeintzuk diren sektorearen beharrak, eta hauei erantzungo dien hitzarmen duina lortzeko, indarrez eta anbizioz ekingo dio negoziaketari.
Hitzarmenaren lehengo negoziaketa bilera urtarrilaren 26an izango da, arratsaldeko 15:00etan. Jarraituko dugu informatzen.
Gipuzkoako metalgintzan, lan duina, hitzarmen duina!
“In itinere” istripuak ere saihesten ahal dira
2023 urte honek utzi du gaurgero Euskal Herrian istripuz gertaturiko bigarren lan-heriotza —Nafarroa Garaiko lehena—. 58 urteko A.A. langilea, Irurtzunen bizi zena, gaur goizean hil da Iruñerriko Mankomunitateko (SCPSA) bere lanpostura joatean. Ezer baino lehen, LAB sindikatutik gure dolua eta elkartasuna erakutsi nahi diegu hildakoaren senide, adiskide eta lankideei.
Ezin da alde batera utzi Nafarroako langile klaseak estatuko istripu tasa handienetako bat duela. Gainera, salatu izan dugun bezala, in itinere istripuek marka guztiak hausten dituzte Nafarroan: lan heriotza guztien %50 dira.
Arrisku argi eta handia dago langile batek lanera motoan, goizeko 06:30ean, ilunpean, lainopean eta 2 °C-an 20 kilometro baino gehiagoan joan behar duelarik.
Azken hilabeteotan, Nafarroako Gobernuari salatu diogu enpresek ez dutela inolako neurririk hartzen legez laneko arriskutzat jotzen den arrisku hori kontrolatzeko, eta proposamenak ere egin izan ditugu, patronalak integratzeko. Baina gure proposamen bakar batek ere ez du erantzunik jaso.
Horrela, eta arrazoi beragatik bertze heriotza bat izan ondoren, Txibiteren Gobernuari eskatzen diogu behar ditzala enpresak Arriskuen Ebaluazioetan sar ditzaten langile bakoitzaren mugikortasun-arrisku zehatzak, eta in itinere arriskuak ahalik eta txikienak izateko beharrezko neurriak har ditzaten. Gogora dezagun neurri hori nahitaezkoa dela 1996tik, eta ordutik ari direla neurriari muzin egiten.
Eskatu dugu Nafarroako Gobernuak bere gain har dezala maskaren hondamendiaren erantzukizuna eta CENeko enpresaburuek zor dutena ordain dezatela
Gaur, Iruñean, Lan Departamentuaren aitzinean eta CENen egoitzan horma-irudi bana jarrita, salatu dugu “maskaren hondamendia” Nafarroako Gobernuaren kudeaketa klientelarrari zor zaiola, patronalari barra librea ematen baitiote. Enpresaburu horiek beren interes eta onurei bakarrik begiratzen diete, eta horiendako dena da negozioa. LABek uste du gauzen egungo logika hori aldatu beharreko errealitatea dela.
Maskaren hondamendiak —1,7 milioi maskara, 1,8 milioi euroko kostua dutenak, eta kutxa publikoari 1,24 milioi euroko galera ekarriko diotena— Geroa Bai eraman beharko luke, Ekonomia eta Enpresa Garapeneko Departamentuko titularra baita, jarduteko modu horri buruzko hausnarketa sakona egitera.
Honekin dagoeneko bi dira egindakoak —Davalor kasuarekin batera—. Ez da onargarria gauzak egiteko modu hori, beti malgua enpresaburuekin neurri eta eskakizun guztietan. Iraina da Geroa Bai – EAJk orain, edo UPNk lehenago, enpresak erreskatatzea eta gehiengo sozialak erreskate hori ordaintzea. Kontrara, erreskataturiko enpresek etekinak ematen dituztelarik, onura horiek ez zaizkie langileei ailegatzen.
Maskaren hondamendia Sodenako jarduera orokorraren bertze adibide garbi bat da, eta, UPNren gobernupean ere, logika neoliberal bati erantzun izan dio beti: diru publikoa batere lotsarik gabe erabiltzea “enpresa-arriskua” zero kostukoa izan dadin enpresaburuendako, enpresaburuek ez baitute sekula inolako konpromisorik hartzen. Erraza baitirudi dirua arriskatzea diru hori publikoa denean.
Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak (CEN) instituzioetan parte hartzen du bere postulatuak sutsuki defendatzen dituzten alderdi eta ordezkari politikoen bidez. Hala, aberastasuna modu bidezkoan banatuko lukeen ezein erreforma fiskal egiteko aukera blokeatzen dute, langile klasearem eskubideak mugatzen dituzten lan-merkatua prekarizatzeko legeak egiten dituzte, eta diru publikoko funtsak enpresaburuak —eta ez langileak— salbatzeko erabiltzen dituzte.
Enpresaburuek gutxi eta gaizki ordaintzen dute. “Enpresa-arriskua” deritzona guztion diru publikoaren bidez kolektibizatzen eta sozializatzen dute, eta ez dute gauza bera egiten etekinekin, beti bezala, esklusiban metatzen baitituzte. Eta, gainera, Gobernuak aldeko tratua eskaintzen die. Eskatu eta dena ematen zaie.
Beharrezkoa da modus operandi hori behingoz aldatzea, diru publikoaren kudeaketa gehiengo sozialaren eskubideak, lana eta bizitza duinak bermatzera bideratzeko. Enplegua eta aberastasunaren banaketa justua bermatzeko tresna eraginkorrak behar dira. Edo bertze era batera erranda: baztertu behar da enpresaburuen mesederako kudeaketa klientelar hori.
Gipuzkoako Esku Hartze Sozialeko IV. Hitzarmenaren negoziazio mahaia martxan jarri da
LAB sindikatua lehen indarra da sektorearen ordezkaritzan. Argi dugu sindikatuon elkarlana bultzatu behar dela eta horretan gaude, sektoreko langileen eskubideak defendatzea eta hobetzea baita gure helburu nagusia.
Negoziazio honek, kapitalismo hetero patriarkalak ziklikoki jasaten dituen krisietako baten erdian harrapatzen gaitu, baina hau ez da nahikoa argudio gure aldarrikapenak eta sektorearen duintasuna alde batera uzteko. Azken urteetan gure eros ahalmena galtzen joan gara eta berau berreskuratu behar dugu, bizitzak erdigunean jarriz. Bestetik, gaur arte lortu ditugun eskubideak bermatzea eta berauek hobetzea da gure helburua ere.
Horregatik, beharrezkoa ikusten dugu sektorearen aktibazioa, eta sektoreko langileak borrokara batzera gonbidatzen ditugu, gure eskubideak denon artean babesteko eta berauek hobetzeko. Gure esku dago azken urteetan lortu ditugun eskubideak hobetu eta gure sektorearen duintasuna babestea.
Azkenik, etor daitezkeen mobilizazio, ekimen eta dena delakoaren aurrean adi egon eta deialdietan parte hartzera gonbidatzen ditugu sektoreko langileak. Denon artean aterako dugu aurrera hitzarmen berria.
Positiboki baloratzen dugu Gipuzkoako ehunaren merkataritzako aurreakordioa
Gipuzkoako ehungintzaren merkataritzaren hitzarmena sinatzeak, zuzenean, sektorean bizi den soldata-eskala hirukoitza desagertzea dakar. LABen iritziz, akordio ona da, ospatzeko akordioa. Soldata-eskalekin amaitzen da, erosteko ahalmena bermatzen du, eta, batez ere, arnasa hartzeko eta gure lan-baldintzak hobetzeko antolatzen jarraitzeko aukera ematen digu.
Lortutako akordioak 2022rako %18,6ko soldata-igoera bermatzen zaie 2009tik soldata izoztuta zuten langileei.
2022rako %33ko igoera izango dute ehungintzako hitzarmena ez izateagatik orain arte LGSa aplikatu zaien langileek.
2022rako %4,5eko igoera izango dute 2018an ehungintzako hitzarmena aplikatu zitzaien langileek.
Eta batez ere, 2022, 2023, 2024 eta 2025 urteetarako eros ahalmena bermatuko zaie langile guztiei.
Baina sinatutako akordioa ez da ekonomikoa bakarrik:
> Ultraaktibitate mugagabea, hitzarmenak ez du indarra galduko.
> Hemendik aurrera, Gipuzkoan lan egiten duten ehungintzako online merkataritzako langileei hitzarmen hau aplikatuko zaie.
> Hitzarmen bidez jasotzen da igande eta jaiegunetan atseden hartu behar dela.
> Larunbat santua eta ihauteritako larunbat arratsaldea. Ez dira lanegunak izango, borondatezkoak baizik, eta orduko prezioaren % 75 gehiago ordainduko da.
> Konpentsazio-plusa. Baldintzatzaileekin, baina eraldaketa digitaleko prozesuengatik aldaketan izan dituzten langileak ekonomikoki konpentsatuko ditu.
> Azken urtean egindako ordu osagarriak kontsolidatzea.
> Lanaldia luzatzeko prozedura, antzinatasunaren arabera.
Nafarroako adineko egoitzetako langileen lan-baldintzak hobetzeko konpromisoa berresten dugu
Nafarroako adinekoen zentroen sektoreko langileek, LAB, ELA, eta UGT sindikatuen bitartez antolatuta, lan-baldintzak hobetzeko konpromisoa berretsi nahi izan dute gaur Iruñean egindako agerraldian. Borroka honetan jarraitzen dute patronalen eta Gobernuaren aurrean, eta bat eginda jarraitzen dute, indartsu.
Oraingo honetan bost greba egun jarraian egitea erabaki dute.
Laster bi urte izango dira sektorerako hitzarmen bat negoziatzeko mahaia eratu zenetik. Baldintza duinak bermatuko dizkien hitzarmen bat behar da, hilaren amaierara iristeko aukera emango diena soldatak igoz, langileen bizi-baldintza materialak hobetuko dituena, eta, horrekin batera, beraien bizitzaren kalitatea ere hobetuko duena.
Langileen ongizaterako oinarrizkoak eta funtsezkoak diren aldarrikapen horien aurrean, zaintza sektorea negozio-nitxo gisa tratatzen duten patronalak ditugu, langileak etekinak optimizatzeko baliabide huts gisa erabiltzen dituztenak. ANEA eta LARESek, sektoreko bi patronalek, lanera gaixorik edo osasun-arazoekin joan behar izatea eragiten dute. Langileen baja medikuak ez daude osatuta, hau da, prestazioari dagokion ehunekoa baino ez dute kobratzen bajan dauden bitartean. Kobratzen dituzten soldata baxuak direla eta, ekonomikoki ezinezkoa da soldataren zati bat soilik jasotzea, eta beraz, osasun-egoera onean egon gabe lanera itzultzera behartua ikusten dute beraien burua.
Nafarroako Gobernuak finantzatzen du sektore hau eta horregatik dauka patronalek bezain besteko
ardura sektoreko baldintza prekarioak mantentzean.
Ez dugu proposamen miserablerik onartuko eta horregatik, LAB, ELA eta UGT sindikatuok, ziur gaude Nafarroako sektoreko langile guztientzako hitzarmen duina hemen eta orain posible dela, elkarrekin lor dezakegula. Ez da gutxi orain arte egindako ahalegina, baina gogor jarraitu behar dugu. Geure burua ikusarazi, eta gure aldarrikapenak entzunarazi. Ahotsa altxatzeko unea da, eta inoiz baino ozenago gure ahotsa entzuteko unea.
Urtarrilaren 16, 17, 18, 19 eta 20an greba egingo dugu, gutxieneko zerbitzu abusiboek ahalbidetzen
duten neurrian, indarrak batu, irten eta kaleak bete. Egun horietako mobilizazioetan parte hartu
behar dugu, urte luze honetako ahaleginak eta borrokak azkenean fruitua ikus dezan. Erakuts
diezaiegun urtarrilaren 20ko manifestazioan, 17: 00etan Misericordiatik aterako dena, merezi dugun
hitzarmena lortu arte ez garela geldituko.
Hau langileon borroka da, baina baita zaintza-lana funtsezkotzat jotzen duten pertsona
horien guztien borroka ere. Bizitza erdigunean jartzea zaintzen dugunon lana aitortzea ere bada.
Kalean ikusiko dugu elkar. Hitzarmena eta baldintza duinak orain!



