2026-04-10
Blog Page 30

Enplegu Zentro Berezietako langileek enpresek eta administrazioek aniztasun funtzionala duten langileekin egiten duten negozioa salatu dute Jaurlaritzaren aurrean

ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek mobilizazioa egin dute Bilbon. Administrazio publikoa interpelatu dute, eta sektoreko langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko exijitu dute.

Pasa den ikasturtean, sindikatuek mahai negoziatzailea deitu zuten Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegu Zentro Berezietako langileontzat lehen lan hitzarmena lortzeko. Deialdi horren aurrean, sektoreko patronalek β€”ELHABE, Berezilan, Connace, Feacem eta Confebaskekβ€” ezezkoa eman zieten, hitzarmenaren negoziazioari atea itxiz.

Sindikatuen ordezkariek aitortza instituzionalaren eta hitzarmenaren borrokaren alde jarraitzen dute, ordea, eta, horregatik, patronalei salaketa juridikoa jarriko diete. Izan ere, sektorean diharduten enpresak diru publikoz hornitzen dira, laguntza ekonomikoen eta hainbat lizitazioren bidez, baina ez dituzte langileen aldarrikapenak lehenesten, eta ez dute aniztasun funtzionala duten langileen prekaritatea zalantzan jartzen.

Kontrara, egungo eredua ontzat hartzen dute, eta ez dituzte gutxieneko lan baldintzak bermatzen: lanbidearteko gutxieneko soldatari lotutako soldatak, gehiegizko lanaldiak, langileen aniztasun funtzionala kontuan hartzen ez duten lan osasun eredu pribatizatua… Gizarteratzearen eta enplegu babestua sortzearen aldeko apustua egiten duten enpresak direla diote, baina, benetan, langile hauekin negozioa egiten ari dira, haien lan indarraz aprobetxatzen eta diru publikoarekin.

Egoera horretan administrazio publikoak erantzukizun handia du. Izan ere, langileak prekarizatzen dituen ereduaren bultzatzaile eta babesle da. Gainera, administrazioak ez du ezer egiten aniztasun funtzionala duten langileak enpresa arruntetan integratzeko, eta egungo eredua iraunarazten du.

Horregatik, mobilizazioaren deitzaile diren sindikatuek Eusko Jaurlaritzari eta sektoreko patronalei, ereduaren inguruko hausnarketa eta eraldaketa egiteko eskatzea gainera, hurrengo aldarrikapenak egin dizkiete sektoreko langileen lan baldintzak hobetzeko:

  1. 21.000 €-ko gutxieneko soldata: 1.500 € 14 pagatan.
  2. 1.592 lan-ordu urteko, malgutasuna kenduz eta jarduna behin baino gehiagotan eten ahal izan gabe.
  3. %100eko gaixotasun osagarria.
  4. Mutuak ezabatu.
  5. Fomento kontratuen erregulazioa eta errendimendu bajuko kontratuak debekatzea.
  6. Errelebo kontratua edukitzeko eskubidea.
  7. Euskalduntze eta berdintasun planak enpresa guztietan.
  8. Subrogaziorako eskubidea.
  9. Irabazi asmoko enpresetan sektoreko hitzarmena aplikatzeko derrigortasuna, beti baldintzarik hoberenak errespetatuz.
  10. Aldarrikapen politikoak: diziplina anitzeko taldeak enplegu arruntera heltzeko derrigortasuna enpresa guztietan, eta halakorik egiten ez duten enpresak zigortzea.

Aldarri horien guztien alde borrokatzeko, martxoaren 14an sindikatu deitzaileek mobilizazio jendetsu bat egin nahi dute.

Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen lehen hitzarmen probintzialaren negoziazioaren egungo egoera azaldu dugu jendaurrean

EAJk, EH Bilduk eta PSEk aurrekontu-akordioa lortu eta urtebetera, patronalek, Aldundiaren adostasunarekin, egiten ari diren blokeo egoerak, ez duela sektorea duintzen eta lehen hitzarmen probintziala aurrera ateratzeko aurrerapausorik ez dagoela salatu nahi dugu. Kokatzearren, 1.000 langile baino gehiago dituen sektore feminizatu batez ari gara, non soldatak LGSa oso hurbil dauden, non urteko lanaldia oso handia den, partzialtasuna oso handia da eta laneko osasuna ez den prebenitzen. Hau guztia, Estatuko hitzarmenak oso baldintza eskasak eta prekarioak markatzen dituelako.

6 urte daramatzagu greban, guztira, 50 greba egun baino gehiago, eta egoera erabat blokeatuta dago. ELAk eta LABek borondaterik eta interesik ez dagoela egoera hau konpontzeko uste dugu.

Astakeri bat da Aldundiak patronalak benetan negoziatzera behartzeko dituen mekanismo guztiak ez aktibatzea. Hemen patronalak dira errudunak, baina Urtaran diputatua da azken erantzulea. Esan bezala, 2025erako aurrekontu-akordioa ez da bete, eta Arabako Foru Aldundia ez da ari bere gain hartzen zaintza-sistema hobetzeko dagokion zeregina.

Azken negoziazio mahaian, funtsezko egun batzuen aurrean gaudela ulertuta, ELAk eta LABek beste proposamen bat egin dugu mahaian. Gatazka konpontzeko aldarrikapenak zehaztera gatoz. Besteak beste, hau proposatu dugu:
β€’ Indarraldia 2025-2027
β€’ Soldatak: 21.000 eurora iristea 2027an gerokultore kategorian
β€’ Lanaldia: 100 ordu gutxiago 2027ra 1672 ordutara iristeko
β€’ Urtean 15 asteburuko atsedenaldiak
β€’ Aldi baterako ezintasunagatiko osagarria baja arruntetarako, Bizkaian egiten den bezala
β€’ Ordu osagarriak kontrolatzeko neurriak ezartzea
β€’ Ekonomikoak ez diren hobekuntza gehiago.

Erantzukizuna patronalen eta Aldundiaren mahaian egongo da. ELAren eta LABen proposamena oso errealista da, eta akordioaren bidean kokatzen da. Orain, erantzukizuna eskatzen diegu gainerako alderdiei. Negoziatzeko borondatea badute, hitz egingo dugu, baina orain arte bezala jarraitzen badute, sektoreko langileei eta, oro har, gizarteari azalpenak eman beharko dizkiete.

Egoera honetan baldin bagaude, sektorearen eta greben mobilizazioari esker izan da. ELAk eta LABek beste bi greba-egun deituko ditugu abenduaren 10erako eta 11rako, eta sektoreko langileei eta, oro har, Arabako gizarteari dei egiten diegu aktiboki parte hartzeko

Gasteizko Sidenorreko grebalariak Legebiltzarraren aurrean elkartu dira bidegabe kaleratutako lau lankideen egoera salatzeko

Gaur dute hirugarren greba eguna, oraingoz deitutako azkena. Langileak berriro onartuak izan daitezen eskatu dute

ELAk eta LABek Gasteizko Sidenorren deitutako hiru greba egunen azkenean, lantegiaren sarreran ez ezik, Eusko Legebiltzarraren aurrean ere mobilizatu dira langileak. Bidegabe kaleratutako lankideen egora salatu dute, eta elkartasuna eta babesa erakusteaz gain, kaleratuak berriro lanera itzu daitezen eskatu dute. Aldi berean, instituzioek Sidenor taldeko buruei egiten dieten zuriketa ere jarri dute aldarriaren erdigunean.

Langile horiek zegokien kategoriarenak baino lan zeregin gehiago egiten zituzten, eta enpresak onartu zuen aldea ordaintzea. Urtarrilean plus bat jasotzen hasi ziren, 6 hilabeteren ondoren finkatu zena. Bada, abuztuan enpresak ordaintzeari utzi zion, eta urriaren hasieran jakinarazi zitzaien nominatik kenduko zietela. Hori gutxi ez, eta enpresak lau langileri espedientea ireki zien urriaren amaieran, eta azaroaren hasieran kaleratu zituzten.

ELAk eta LABek zera eskatu diote CCOOrekin lankidetzan UGT buru duen langile batzordeari: kaleratzeen inguruan posizionatu dadila argi eta garbi, eta batzar orokor bat dei dezala, alde guztiek informazioa lehen eskutik jasotzeko. Orain arte ez du batzarra onartu, eta enpresaren bertsiori egiten dio men, ez duelako posizionatu nahi. Hori dela eta, grebalariek sinadurak jaso dituzte langileen artean batzordearen gehiengoak deitu nahi ez duen batzar orokor hori ospatzeko

Horregatik, ELAk eta LABek batzar irekiak egingo dituzte berriro, hiru greba egun horiek baloratzeko eta neurri berriak adosteko. Ezin da onartu zilegi diren bideetatik kategoria aldaketa eskatu eta legearen kontra pertson batzuk kaleratzea, dagokiena eskatze hutsagatik.

Industrian egoera kezkagarria: Langabeziak gora eta afiliazioak behera egin du

Hego Euskal Herrian 135.698 langabetu daude, pasa den urtean zein hilabetean baino gutxiago. Lan-merkatuaren egoera, ordea, ezin da langabezia-datu orokorren baitan soilik aztertu. Izan ere, langabeziaren beherakadari langile klasearen prekarietatearen adierazle diren hainbat aldagairen gorakadak kontrajartzen zaizkio.

Lan-merkatuaren egiturazko egoera kontuan hartuta, gaur ezagutu ditugun datuetatik abiatuta, lau ondorio azpimarratuko ditugu:

Bat. Langabezia-tasa orokorrak behera egin duen arren, industrian 202 langile gehiago daude lan bila pasa den urtetik. Orain arte, langabetu kopuruak gora egiten zuen arren, afiliazioak ere gora egiten jarraitzen zuen industrian. Azken hilabeteko datuetan, ordea, joera-aldaketa bat atzeman dugu: manufaktura-industrian langabeziak gora egitearekin batera, afiliazioak behera egin du, enplegua suntsitzen ari dela adieraziz. Izan ere, erregimen orokorreko afiliazioak maximo historikoa lortu zuen azaroan (1.098.651), baina urtean zehar manufaktura-industrian afiliazioak behera egin du, gainerako sektoreetan ez bezala. Azken hilabeteetan LAB sindikatuak lantokietan atzemandako egoera datuetan islatzen hasi da. Izan ere, ERTE bidez eutsitako egoeraren oinarriak agerian gelditzen ari dira: industria-sektorean enplegua suntsitzen ari da.

Bi. Migratuen artean langabeziak izan duen igoera ere azpimarratzekoa da. Igoera bereziki aurreko enplegurik gabekoen artean gertatu da, azken urtetik hona %6,37 igoz. Langabezian dauden migratuen %32,02k ez du aurreko enplegurik, eta %51,93 zerbitzu-sektorean ari da lana bilatzen.

Hiru. Jardunaldi partziala duten kontratuen proportzioa egituraz handia bada ere, azken hilabetean izan duen igoera nabarmendu behar da: %3,95 (aurreko urtearekin alderatuta, %2,56). Lan-baldintzak gero eta prekarioagoak direla adierazten duen beste aldagai bat behin-behineko kontratuen igoera da. Azken hilabetean, aldizkako kontratu finkoak jaitsi badira ere, azken urtean zein hilabetean batez beste behin-behineko kontratuek gora egin dute. Horren atzean zerbitzu-sektorearen zentralitatea dago, lan-baldintza prekarioak nagusi diren sektorea Hego Euskal Herrian indartzen ari baita: afiliatuen %73,69 zerbitzuetan dago izena emanda, eta %21,39 industrian.

Lau. Afiliazioaren hazkundeak zein langabeziaren beherakadak ekonomia egonkor dagoela pentsaraz dezakeen arren, egungo egoerak lan-baldintza prekarioetan gero eta sakonago doan lan-merkatu baten aurrean kokatzen gaitu. Aurreko urtean baino 275 kontratu gutxiago sinatu dira azaroan, eta sinatutako kontratuen %77,53 behin-behinekoak izan dira.

Testuinguru sozioekonomiko honetan, LAB sindikatuak langile guztientzat Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa ezartzearen garrantzia azpimarratu nahi du. Igoera honek bereziki sektore feminizatuetan, gazteen artean eta langile migratu zein arrazializatuetan izango luke eragin handiena, hain zuzen ere egun lan-baldintza prekarioenak dituzten sektoreetan. Era berean, ezin da ahaztu EAEn hitzarmenen %30 langileei hitzarmen estatala aplikatzen zaiela, eta horietako askok LGS propioaren azpiko soldatak dituztela. Beraz, ezinbestekoa da lan-harremanak hemen negoziatu eta bertan erabakitzea. 

Larrialditik indarraldira. Lan egin eta bizi euskaraz!

Euskara kinka larritik aterako duten eta euskaraz lan egitea eta bizitzea bermatuko duten hizkuntza politika burujabeak aldarrikatu ditu LABek Euskararen Egunean. Euskal langileei dei egin die euskararen eta hizkuntza eskubideen alde aktibatzera, eta euskararen aldeko ekimen eta mobilizazioetan parte hartzera.

Euskararen Egun hau une garrantzitsuan dator. Izan ere, azken hilabeteetan, euskarak eta euskaldunon hizkuntza eskubideek beste urte batez menpekotasun erabatekoan jarraitzen dutela baieztatzeaz gain, egoera are ilunagoa marrazten diguten zenbait gertaeraren eta ikerketaren berri izan dugu: oldarraldi judizialaren baitako epaiak ezagutzen jarraitzearekin aski ez, eta nabarmen ugaritu dira; ebazpen judizial horiek ahalbidetzen ari den hizkuntza politika murriztaileari aurre egin beharrean, instituzio gehienak horren araberako lan deialdi mugatuak eta diskriminatzaileak ari dira argitaratzen; UEMAren azken ikerketak agerian utzi du euskararen biziraupenerako gakoa diren arnasguneen etorkizuna kolokan dagoela; eta, azkenik, LABen ustez larritasun handienekoa dena: hori guztia ikusita, ezein eremutan –bereziki eremu sozioekonomikoanβ€” eta ezein herrialdetan ez da egon euskararen egoera zaurgarria iraultzen saiatzeko erabaki politiko-instituzional irmorik, guztiz alderantzizkoa baizik.

Horregatik guztiagatik, larrialditik indarraldira igarotzeko garaia dela aldarrikatzen du LABek Euskararen Egunean, eta, euskalgintzarekin eta gainerako eragile eusialtzaleekin batera, ozen eta irmo adierazi nahi du iritsi dela garaia euskararen normalizazioan berpizkunde berri bat gertatzeeko, eragiteko. Euskara kinka larrian dagoen garaitik normalizazio osora eramateko garaia da. Euskaraz normaltasun osoz lan egin eta bizi ahalko garen aldira igarotzeko garaia da. Hizkuntza politika burujabe baten bidez Euskal Herri euskalduna eraikitzeko garaia da.

LABek euskal langileriari dei egiten dio euskararen alde eta hizkuntza eskubideen alde lantokiz lantoki aktibatzera eta eragitera. Baita ikasturte honetan euskararen alde deituko diren mobilizazio eta ekimenetan parte hartzera ere; horien artean, Euskal Herrian Euskarazek abenduaren 6an Durangon egingo duen manifestazioan eta Euskalgintzaren Kontseiluak abenduaren 27an Bilboko Miribillan egingo duen ekitaldian.

Larrialditik indarraldira igarotzeko garaia da. Euskaraz lan egitea eta bizitzea bermatuko duen Euskal Herri euskalduna eraikitzeko garaia da.

Espainiako Estatuko Mahai Orokorra ez da funtzio publikoko euskal langileek soldatak eta enplegua erabakitzeko esparrua

LABek ez dio inolako zilegitasunik ematen Madrilen gaur arratsaldean bilduko den Espainiako Estatuko Mahai Orokorrari, eta Hego Euskal Herriko funtzio publikoko langileen soldata eta enpleguari loturikoak hemen erabakitzeko erabaki politikoak eskatzen ditu.

Espainiako Gobernuak eta UGT eta CSIFek aurreko ostiralean Madrilen sinatu zuten akordioa ez da euskal langileok behar duguna, eta, hortaz, LABek Hego Euskal Herriko instituzioak gobernatzen dituzten alderdiei exijitzen die hemen erabaki ahal izateko lege aldaketak bultzatzeko.

Hego Euskal Herriko funtzio publikoko langileek azken urteetan greba eta mobilizazio andana egin dute 2010ean Europak zerbitzu publikoetan ezarri zituen murrizketak eta Espainiako Gobernuak inposatu zituenak gainditzeko, eta euskal langileen negoziazio esparrua Euskal Herrira ekartzeko. Enpleguari zein soldatari dagokion edozer hemen erabaki behar dela aldarrikatu dute etengabe, bertako esparru negoziatzaileak errespetatzeko eta negoziazio kolektiboa ez blokeatzeko.

LABek argi dauka soldata igoeraren negoziazioa borondate politiko kontua dela, Madrilen beste batzuk erabakitzen dena ezin zaiela euskal langileei inposatu. 2010ean soldata murriztu zutenetik, gai honetan Madrilen erabaki dutena besterik ez dute inposatu Hego Euskal Herriko instituzioetako agintariek. Zer esanik ez Nafarroan, Administrazio Publikoko Langileen Estatutuan jasota dagoen mailen arteko proportzionaltasuna ere errespetatzen ez denean.

LABek, ordea, borrokaren bitartez erakutsi du, bestelako formulak baliatuta, aukera dagoela EAEko eta Nafarroako mahai orokorretan zein bestelako mahai sektorialetan soldatari eta enpleguari loturiko neurriak negoziatu eta adosteko. Horren adibiderik garbienak izan dira aurreko ikasturtean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko kolektiboetan lortutako soldata igoerak, ekiparazio bitartez lortuak edo osagarrien bitartez, lapurtutako erosahalmena berreskuratzeko norabidean irakasleetan egongo den %7ko igoera.

Ezinezkoa zena posible egitea lortu zuen LABek. Hortaz, LABek badaki, sakonean, borondate politiko kontua dagoela. Izan ere, bestelako erabaki politikoak hartuz gero, inposaketa horiek baztertu eta euskal langileekin negoziatzea posible da, eta hori da LABek PNV eta PSEri exijitzen diena: inposaketak egiteari uztea.

Estatuari begira egon ordez, Euskal Herriko errealitatea aintzat hartu eta bertan negoziatzea beharrezkoa da, besteak beste, hurrengoa lortzeko:

  • LABek aldarrikatzen duen Euskal Herriko Lanbidearteko Gutxieneko Soldatatik beherako, 14 pagatako 1600€ soldatatik beherako, langile publikorik ez egoteko.
  • Bertan adosturiko soldata igoerak egiteko. Horrela, erosahalmena bermatzeko eta kolektiboen arteko soldata arrakalak murrizteko soldata igoerak bertan adostu ahal izango genuke.
  • Behin-behinekotasuna murrizteko neurriak hartzeko.
  • Lanaldia murrizteko neurriak ezartzeko. Soldata murrizketarik gabeko lanaldi murrizketak, enplegua eta zaintza banatzeko neurri gisa.
  • Gazteberritze neurriak ezartzeko.
  • Administrazioa euskalduntzeko, euskara zerbitzu eta lan hizkuntza gisa bermatzeko.
  • Klausula feministak eta berdintasun plan eraginkorrei dagozkionak ezartzeko.
  • Lan osasuna bermatzeko, arrisku psikosozialetan arreta berezia jarriz.
  • Trantsizio ekosozialerako bidean klausula konkretuak negoziatzeko.

Β«Herri Burujabeak Europar BatasuneanΒ» izenpean VII. Eskola Subiranistak egin dira azaroaren 28an eta 29an Bilbon

Herrialde ezberdinen errealitate politikoetatik abiatuta, egungo testuingurua aztertu eta ikuspegi zein estrategiak partekatzeko gunea izan da Ipar Hegoa fundazioa parte den Forum Subiranistak antolatutako VII. Eskola Subiranista.

Lanerako hipotesi bat baieztatzeko balio izan dute Eskola hauek: nazioaren, estatuaren eta burujabetzaren ideiak bueltan dira, eta eztabaida politikoaren erdigunea hartu dute, bai nazioartean baita gure lurraldeetan ere. Hala ere, lehian diren kontzeptuak izanik, ezkerreko subiranismotik etengabe disputatu beharreko ideiak dira, eta berrarmatze ideologiko horretarako ere balio izan dute Eskola hauek. Eskuin muturreko oldarraldi erreakzionarioen aurrean, subiranismo eraldatzaileak alternatiba politiko indartsua ordezkatzen duela agerian geratu da.

Aipatutako ideiaz gain, besteak beste, Francoren heriotzaren 50. urteurrenaren testuinguruan orduan ondo lotuta utzi zen korapiloa askatzeko beharrari buruz, sindikalismoaren eta burujabetza prozesuen arteko harremanari buruz, hizkuntza zapalduei buruz, migrazioari buruz, krisi ekosozialari eta eskuin muturraren oldarraldiari buruz gogoetatzeko aukera izan dugu. Baita erronka horiei guztiei ezkerreko subiranismoak eman beharreko erantzunaz hausnartzekoa ere.

Azpimarratzekoa da hori guztia Herrialde Katalanetako, Galiziako, Kanariar Uharteetako, Andaluziako eta Euskal Herriko hogei erakunde eta fundazio subiranista inguru elkartuta egin dela. Forumaren oinarrizko helburua bete da, beraz: elkar ezagutuz, gogoetak partekatuz, elkarrekin pentsatuz… Foruma bera indartzeaz gain, harekin bat egiten duten eragile eta prozesu subiranista guztiak indartzea.

LAB, STEILAS, ELA eta CGT-LKN sindikatuok gaur hasi dugu EHUk pairatzen duen azpifinantzaketa salatzeko mobilizazio kanpaina

Leioako campusean lehenengo lanuztea egin dugu, jarraipen zabalarekin, eta Mikel Laboa plazan kontzentratu gara.

Hurrego lanuzteak eta kontzentrazioak: Abenduaren 2an Donostian, 3an Gasteizen eta 4an Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean, Bilbon, egingo ditugu; lanuzteak 11:00etatik 12:00etara, eta, kontzentrazioak 11:15etan izango dira. 

Eusko Legebiltzarrean 2026ko EAEko aurrekontuak ixtear daudenean ezinbestekoa da berriro ere unibertsitate publikoaren azpifinantzaketa agerian jartzea. Izan ere, finantzateko EHUko beharrak betetzetik oso urrun egoten jarraituko du, baita USLOk helburu moduan markatutako BPGren % 1etik ere. Azaroaren 20an EHUko klaustroak unibertsitate publikoak azpifinantzaketa salatu zuen, eta nabarmen igotzeko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari.

Unibertsitate publikoarekiko utzikeria interesatua dagoela berretsi behar dugu, EHUk dituen gabezi endemikoei aurre egitea ahalbidetzen ez duena

EHUko irakasle-ikertzaileon soldata 2008tik hona KPIa igoera dela eta, % 24,3ko galera izan dute, eta horri, 2006an soldatak duintzeko sortu ziren osagarriak gaur egun oraindik izoztuta daude. 

Gainera, prekarietate egoera lazgarriak ditugu oraindik. Ordezko irakasleak arduraldi osoan kontratatu ahal izateko bidea topatu bada ere, arduraldi partzialean jarduten duten irakasleek 400-800 € kobratzen jarraitzeaz gain, ez zaizkie aitortzen beraien jardunerako ezinbestekoak diren eta egiten dituzten hainbat lan. Horrek guztiak ez du lanbide hau erakaragarria egiten, eta, gero eta irakasle lanpostu gehiago geratzen dira hutsik. 

Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen (TEKAZELen) erosahalmenaren kasuan berriz, %18,2 galera jasan du azken 15 urteetan. Gainera, zerbitzu edota unitate askok langile gehiago behar dituztenez, gero eta zailtasun gehiago dago ordezkapenak betetzeko – gogoratu, IRI/TEKAZEL ratioa Europako beste herrialdeetan 2koa den bitartean, EHUn 2,76koa dela – eta horri guztiari, ordainsari-maila baxueneko lanpostuak berrikustea premiazko kontua dela gehitu behar zaio. TEKAZELen lana irakaskuntza, ikerketa eta gainerako aktibitateak era egokian garatzeko ezinbestekoa da, eta horrexegatik da garrantzitsua kolektibo honi ere soldata- eta lan-baldintza duinak bermatzea.

Unibertsitate publikoak euskal jendartearen formazioa, ikerketa edota ezagutzaren transferentziaren beharrei erantzun ahal izateko, lan-baldintza duinak eta plantilla egokia izatea, promozionatzeko eskubidea bermatzea edota langileak zaintzea ezinbestekoak dira. 

Era berean, errektoretza taldeari EHUrako beharrezkoa den finantzaketa lortzeko jarrera irmoa exijitzen diogu. EHUko zuzendaritzaren erantzukizuna baita Eusko Jaurlaritzaren aurrean, jendartearen zerbitzura dagoen unibertsitate publikoaren beharrei erantzuten dien finantzazioa kemenez defendatzea. 

Aldi berean, hezkuntza unibertsitarioaren eredu elitista sustatuz, alfonbra gorria jartzen die Jaurlaritzak unibertsitate pribatuei. EHUko langileen ahaleginak dira guztion itsasontzi indartsua izan beharko litzatekeen hau ez hondoratzea lortzen dutenak. 

Horregatik guztiagatik, LAB, STEILAS, ELA eta CGT/LKN sindikatuok, euskal jendarteak behar duen unibertsitate publikoa beharrezkoa duen finantzaketa bermatzea exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari. Gaur, Leioan, egin dugu lehenengo mobilizazio eguna. Bihar, abeduaren 2an Donostian, 3an Gasteizen eta 4an Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean, Bilbon, egingo ditugu lanuzteak 11:00etatik 12:00etara, eta, kontzentrazioak 11:15etan izango dira. EHUko kideok badugu eskaera hau ozen adierazteko garaia! 

Eusko Jaurlaritza: bermatu beharrezko finantzaketa unibertsitate publikoari!

Legebiltzarreko alderdi politikoak: irmo defendatu EHU!

LAB – STEILAS – ELA – CGT-LKN 

29 greba egunen ondoren, aurreakordioa lortu da FIBERTECNIC-en

Grebalarien asanbladak gehiengo zabalarekin eman dio oniritzia batzordeak erdietsitako akordioari.

Gaur, abenduaren 1, Gasteizko Fiberctenic-eko langileek oniritzia eman diote batzordeak eta enpresak lortutako aurre-akordioari. Horrela, amaiera ematen zaio 29 egunetan zehar luzatu den greba zikloari. Akordioaren eduki garrantzitsuenak honakoak dira: 2025-2027 urtetarako iraunaldia; KPI-aren gaineko igoerak kontzeptu guztietan; 8 orduko lan jardunaldi jaitsiera; errelebo kontratua, eta abar.

LAB-ek argi du langileon batasuna eta mobilizazioa ezinbestekoak izan direla akordio hau lortu ahal izateko. Horrela, egunak eta egunak izan dira produkzioa guztiz geldiarazita egon dela, eta horrek eragina izan du ere multinazionalaren beste lan zentro batzuetan. Gogoratu behar dugu Fibertecnic Aernnova taldeko enpresa bat dela. Hori dela eta, burutu diren mobilizazioetan ere oso presente egon dira instituzioak, azkenaldian Lehendakariak eta Industria kontseilariak berak Gobernuak talde honetan sartzeko interesa erakutsi baitute.

Sindikatuak oso paper garrantzitsua izan du greba-dinamika osoan zehar. Hasieratik esan genuen grebak ez direla soilik lanera ez joatea, baizik eta mobilizazioekin batera lagunduta behar zutela. Hala, batzordean gutxiengoa izan arren, mobilizazio-dinamika oso bat proposatu dugu, plantillak jarraitu duena. Erantzukizunez eta konpromisoz: eguneroko piketeak, protestak taldeko buruen egoitzetaraino eta erakundeen ateetaraino, manifestazioak, etab. Eta langileen inplikazioa proposamen horiekin guztiekin eredugarria izan da. 

Azkenik. LAB-etik langileak zoriondu nahi ditugu. Berriro ere, argi geratu da antolakuntza eta borroka direla eduki onak dituzten hitzarmenak lortzeko berme bakarra.