2026-01-02
Blog Page 275

Eskubideak eta aukerak eskatu ditugu langile migratu guztientzako

Atzo jakin genuen eraikuntzako bi enpresaburu atxilotu dituztela Donostian, lan-esplotaziorako xedez egindako giza salerosketaren delituak eta langile migratzaileen eskubideen aurkako delituak egotzita.

Asko dira aukera hobeen promesari jarraiki migratzen duten pertsonen biziraupen-beharraz baliatzen diren sare eta sektore ekonomikoak. Gaurko albistea ez da kasu isolatua. Oinarri historiko eta estrukturalak dituen egitura sozial eta instituzional arrazista baten adierazpena da, eraldatu beharrekoa.

Espainiar estatuko Atzerritartasun Lege arrazistak, Hego eta Ipar Euskal Herriko administrazioekin batera, mafia horiek kontrolatzeko, zigortzeko eta geldiarazteko mekanismoak eta eskumenak izan arren, beste alde batera begiratzea erabaki dute, langile migratu eta arrazializatuak abandonu eta babesgabetasun handiko zirkuituetara eramanez, mota guztietako urraketen aurrean.

Abenduaren 18an Migratzaileen Nazioarteko eguna izango da, eta gobernu eta instituzio ezberdinek hitz politekin ahoa beteko dute. LAB sindikatutik ekintza hipokrita eta espekulatzaile hauek gaitzesten ditugu. Dagokien administrazioek eta gobernuek langile hauen egoera erregularizatzea eta babestea eskatzen dugu, lurralde honetan oinarrizko eskubideak benetan baliatzen dituztela bermatuz. Euskal Herria harrera herria.

Hitzarmen sektorialaren aldeko apustuan berresten gara Donostiako TAOren gatazka konpontzeko

ELA sindikatuak, bere adierazpen publikoen bidez, Donostiako TAO zerbitzuarentzat hitzarmen propio bat garatzeko proposamena luzatu digu Donostiako Udalari, EySA enpresari eta gainerako sindikatuoi. LABetik adierazi nahi dugu hitzarmen sektorialaren aldeko apustua egiten jarraitzen dugula eta gure horretan mantenduko garela, uste dugulako hauxe dela sektore bateko langileria osoa babesteko modurik eraginkorrena eta baliagarriena.

Hitzarmen sektorialaren negoziazio-mahaiaren blokeoaren harira, LAB, CCOO eta ELA sindikatuok, langileek hala eskatuta, mobilizazioak hasi genituen. 2022ko urriaren 7an, egun erdiko greba egin ostean, egun osoetako greben dinamikan sartu ginen: urriaren 28, 29 eta 30eko asteburuan, azaroaren 4, 5 eta 6ko asteburuan eta azaroaren 9tik aurrera, 10 egun jarraiko grebekin, abenduaren 1era arte.

Denbora tarte horretan, ekintza ugari burutu genituen: Donostiako udaletxearen eta mugikortasun bulegoen aurrean kontzentratu, hiriko kaleetan barrena manifestazioak egin, alderdi politikoekin bildu, parkimetroak kartelez josi, lan-zentroetako ateetan greba kartelak itsatsi, kotxe-karabana antolatu, etab.

Zentzu horretan, txalotzekoa da Donostiako langileek izandako jarrera; izan ere, praktikak erakusten du langileontzako onurak borrokatuz lortzen direla!

Hori bai, LABen jarrera argia da: gure sindikatuak langile guztiak babestu nahi ditu, baita borrokara atera ezin direnak ere, nahiz eta sinesten dugun borroka ezinbestekoa dela. Norberaren egoerak medio, gerta daiteke borrokara ezin atera izatea, baina LABek pertsona horiek ere kontuan hartzen ditu. Horregatik, beti egiten dugu hitzarmen probintzialen alde: gure ustez, sektore bateko langileria osoa babesteko modurik eraginkorrena eta baliagarriena da.

Beraz, LAB sindikatutik adierazi nahi dugu hitzarmen sektorialaren aldeko apustua egiten jarraitzen dugula eta gure horretan mantenduko garela.

Aniztasun funtzionalaren eremuko langileak Bizkaiko herrialdeko hitzarmenaren alde mobilizatu dira

Aniztasun funtzionalaren eremuan Bizkaian sektoreko negoziazio-esparru bat sortzeko beharra ukaezina da. Bizkairako Hitzarmen Sektoriala lortzea Bizkaiko Aldundiari eta erakundeei norgehiagoka gune bat irabaztea da. Konfrontazio-gune horrek aukera emango luke sektoreko langile guztien baldintzak hobetzeko eta guztiek era batera edo bestera jasaten dituzten egiturazko arazoei aurre egiteko.

Sektore Hitzarmen baten agertokiak deseroso jartzen ditu erakundeak eta Foru Aldundia. Beharrezko urratsak egiten ari da LAB Negoziazio Batzordea osatzeko. Erakundeek ez dute mahaia eratu nahi, beren borondate eza mozorrotuz, hitzarmen hori negoziatzeko legitimatuta ez omen daudelakoan. Langileen zerbitzua eta lan-baldintzak prekarizatzen jarraitu nahi dute, eta horregatik, sektoreko hitzarmena beren interesen aurkakoa litzateke.

LABek beharrezko urratsak ematen jarraituko du Langileen Estatutuak ezartzen dien negoziatzeko betebeharra saihestu ez dezaten. Baloia enpresen teilatuan dago. Horiek beren artean antolatu eta ados jarri behar dira Hitzarmen Sektorialaren negoziazioari ekiteko. Confebaskek eta Cebekek dagoeneko adierazi dute Bizkaiko enpresek uko egiten badiote eurei dagokiela negoziazioa beren gain hartzea. AEDISek —bere bazkideen artean, besteak beste, APNABI, GORABIDE edo ASPACE daude— hartzen dituen Estatuko enpresa-elkarteak, dagoeneko adierazi du beraiek hartu beharko luketela beren gain negoziazioa. Bizkaiko elkarteek dagokien ardura euren gain hartuz Bizkaiko Hitzarmen Sektorialera Negoziazio Batzordea osatzeko garaia da.

Pandemia garaian funtsezkoak, orain ikustezinak

Osakidetzako zentroetako garbiketa-zerbitzuen enpresa esleipendunetako langileek ia 5 urte daramatzate hitzarmenik gabe. Sektoreko patronalekin berrogeita hamar bat bilera burutu ondoren, negoziazioa blokeatuta dagoela agerikoa da. Enpresa esleipendunek uko egiten diote sindikatuekin edozein gai adosteari, Osakidetzako zuzendaritzaren aldez aurreko oniritzia ez badute.

Hala ere, negoziazio-prozesu honetan ikusten ari gara bai enpresak bai bezeroak (Osakidetza) ez dutela homologazio-printzipioa betetzen ari; are gehiago, berriki jakin dugu sektoreko enpresa nagusiaren ahotik Osakidetzako zuzendaritzak adierazi duela ez duela bere gain hartuko egokitu beharreko gaietako bat, karrera profesionaleko osagarria, alegia.

Horrek esan nahi du, orain dela urte asko hiru alderdi inplikatuok (langileak, enpresa esleipendunak eta Osakidetza) onartu eta babestu homologazioaren printzipioa hautsi egiten dela, eta ondorioz EAE mailako lan-gatazka eragitea suposatzen du.

Zentzu horretan, langileok askotan zuzendu gara Osakidetzako zuzendaritzara egoera desblokeatzen saiatzeko; bi urte daramagu Osakidetzaren atea jotzen, baina salatu behar dugu erakunde publiko honek ez duela guri erantzuteko begirunerik ez edukaziorik erakutsi. 3. mailako langileak al gara? Hori al da gure administrazio publikoetako arduradunek langileekiko duten hezkuntza eta edukazio maila? Ala Osakidetzako arduradunen begien aurrean ikustezinak al gara?

Aurreko astean iragarri bezala, sektorean lan egiten dugun langileok abenduaren 14an, 15ean eta 16an grebara deituta gaude. Sektoreko langileok geurea dena defendatzeko erabakia dugu. Argi eta garbi adieraziko diegu bai enpresei, bai Osakidetzako zuzendaritzari, homologazioa ez dela ukitzen!

Zentzu horretan, gaur, abenduaren 12an, LAB sindikatuko hainbat garbitzailek Osakidetzako egoitza nagusian (Araba kalea, 45) ekintza bat burutu dute goizeko 11:30tan. Bertan, Osakidetzako zuzendaritzaren begien aurrean “ikustezinak” garela antzeztu dute.

Hezkuntza Saileko sukalde eta garbiketako mahaitik altxatu gara, inposaketa eta negoziazio kolektiboaren urraketa salatuz

Aurreko asteazkenean, Administrazioak Hezkuntza Saileko sukaldeko eta garbiketako langileen merezimendu-lehiaketaren oinarrien behin-betiko proposamena bidali zigun, eta gaurko mahai- negoziatzailean ez direla oinarriak negoziatuko adierazi zuen. Aurkeztutako oinarriak aplikatzeko akordioa sinatzeko prest gauden ala ez galdetu zaigu, langileen ordezkarien onespena eta sinadura lortu ezean hasierako proposamenean aurkeztutako oinarriak aplikatuko direla esanez.
Aurkeztu dizkiguten oinarrietan ez dira jaso LAB sindikatuaren ekarpenak, idatziz eta egin den negoziazio mahai bakarrean egindakoak, alegia. LABek irakurketa orokorra egin zuen eta ekarpenak ere bidali genituen, hala nola, 2002an egin zen azkenengo lan eskaintza publikoa aintzat hartzea. Ugari dira 20 urte baino gehiago lan eginda, behin-behineko egoeran jubilatzen ari diren langileak edota 60 urte baino gehiagorekin meritu-lehiaketa honi aurre egin behar diotenak.
LABen ekarpenak aurkezterako orduan, batetik, kontuan hartu genituen plazen ezaugarriak, titulazio eta euskara perfilik gabekoak direla; eta bestetik, kolektiboan ari diren langileen ezaugarriak, kolektibo feminizatua, adinekoa eta urte asko lanean jardun duena. Hori dela eta, behin-betiko oinarriak aurkeztuta LABek hurrengoa adierazten du:

  • Jaurlaritzaren Funtzio Publikoak inposatutako irizpideak ez dira gaindituko eta lan esperientzia 100 puntutik 60 puntutara mugatu du. Borondate politikoa izanez gero, lan-esperientzia 90 puntu artekoa izan liteke.
  • Legez gauzatu daitekeen %10eko plaza kopuruaren eskaintzaren igoera ez da egikarituko.
  • 60 urte baino gehiago duten langileei zuzendutako salbuespeneko neurrien LABen proposamena ez dute kontuan hartu.
  • Langileek urteetan zehar egin duten etengabeko formakuntza, euskara profilak edota konpetentzia profesionalen ziurtagiriak ateratzeko esfortzua ez saritzea erabaki dute.
  • Ez zaigu aurkeztu prozesu honekin lotuta egiteko eskatu dugun lanpostuen zerrenda, plazen identifikazioaedotalekualdatzelehiaketa kronologia.
    Gauzak horrela, harrigarria iruditzen zaigu ELA, UGT eta CCOO sindikatuen sinadura, Hezkuntza Sailak inposatutako irizpideak onartzen dituena, bestelako administrazioetako meritu-lehiaketen oinarriak oso ezberdinak diren irizpideen baitan negoziatu direla dakigunean eta negoziazio kolektiboa ukatzen zaigunean.
    Bide batez, salatu nahi dugu sindikatu hauek direla lan-hitzarmen berri baten negoziazioa eta ordezkagunea martxan jartzea blokeatuta dutenak.

Sindikatuok, Abenduak 14ko greba eta mobilizazio egunean parte hartzeko deia luzatu diegu hezkuntzako langileei

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur Gasteizko legebiltzarraren aurrean.
Sindikatuok, EAErako hezkuntza lege aurreproiektuari ezezkoa esateko, gure eskaerak plazaratzeko eta Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrera bidali beharreko behin betiko lege-aurreproiektuan zein ondorengo Hezkuntza Legean eragin eta eskaera horiek jasoak izateko asmoz mobilizazio eta greba dinamika bat dugu adostua.
Azaroak 30ean sindikatuek deitutako greba eta mobilizazio egunak oso jarraipen zabala izan zuen. Bertan argi geratu zen Hezkuntzako langileen desadostasuna Hezkuntza Lege aurreproiektuarekiko.
Gaurko elkarretaratzea dinamika horren baitan kokatzen da. Eta sindikatuek Hezkuntza sistemako langile guztiak datorren Abendua 14rako deituta duten greba eta mobilizazioetan parte hartzera animatu dituzte. Balizko Hezkuntza Legea izango bada langileokin eraikitakoa izango delako.
Mobilizazio hauen helburua adostutako aldarrikapenak behin betiko aurreproiektuan zein Legean jasoak geratzea da. Izan ere, EAEko Hezkuntza lege-aurreproiektuaren zirriborroa aztertuta, egungo hezkuntza-eredu duala betikotu eta gainditze bidean jartzen ez duela baloratu dute hiru sindikatuek. Eta aldi berean, sare publiko bakar, euskaldun eta propiorako bidea egin beharko lukeen legea behar dugula partekatzen dute.
Hezkuntza Legearen behin-betiko aurreproiektuan sindikatuen aldarrikapenak jasoko ez balira, egindako mobilizazio eta greba dinamikak baloratu eta ondoren etorriko den Legebiltzarreko izapidetzan zehar, hurrengo mobilizazio dinamika definituko dute.
Legean jaso beharreko aldarrikapenak:
1. Publikoa ardatz izango duen hezkuntza legea nahi dugu.
2. Segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatuko duen legea nahi dugu.
3. Publifikazio-marko eta araudi orokor eta adostua ezartzea nahi dugu.
4. Hezkuntza lege propioa nahi dugu.
5. Inbertsio eta baliabide nahikoa izango dituen hezkuntza legea nahi dugu.
6. Euskara erdigunean jarriko duen Hezkuntza legea nahi dugu.
7. Betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak dituen legea nahi dugu.
8. Hezkuntza sistema osatzen dugun langile guztion enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen legea nahi dugu.
9. Merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo den hezkuntza legea nahi dugu.
10. Hezkuntza lege parte-hartzailea nahi dugu, langileak aintzat hartuko dituena.

35 eskola jantokitan deituriko grebaren ondorioz Nafarroako Gobernuak atzera egin du begiraleen lanaldietan egin behar zituen murrizketetan #LortuDugu

LAB sindikatuak uste du garaipen handia dela Gobernuak garraiatutako jantokietako begiraleen lanaldi-murrizketa atzera bota izana: asmoa zuen gutxieneko lanaldia 2,5 ordutik 2 ordura jaistea. Hiru eguneko greba-deialdia funtsezkoa izan da hori lortzeko.

Eskola-jantokiak kudeatzen dituzten enpresek jakinarazi zutelarik Nafarroako Gobernuak baldintza-agirietan araututako begiraleen lanaldia murriztuko zuela, LAB sindikatuak ez zuen zalantzarik izan garraiatutako jantokietako begirale guztientzat eguneko 2,5 orduko lanaldia mantentzeko borrokatu behar zela. Horregatik, hiru greba egun deitu ziren Nafarroa Garaiko 35 jantokitan abenduaren 13, 15 eta 20rako.

Iragan ortziralean, grebaren lehen egunerako lau egun falta zirelarik, enpresek jakinarazi zuten Hezkuntza Departamentuak kenduko zuela proposaturiko murrizketa, eta 2,5 orduko lanaldia mantenduko zuela Nafarroako Gobernuaren mendeko kontratua duten garraiatutako jantokietako begirale guztientzat. LAB sindikatuak enpresei eskatu die lanaldia murrizteko planteatutako aldaketa kolektiboa kentzeko eta lanaldia 2,5 ordura luzatzeko.

Murrizketen aurka borrokatzeko prest dauden langile guztiei esker, Nafarroako Gobernuak zein enpresek planteatutako bertze kolpe hau gelditzea lortu da.

Jokin Bildarratzen Hezkuntza Sailari exijitzen diogu jangelen aldeko benetako apustua egitea

Azken urtoetan, jendaurrean salatu dugu jangela publikoak arautzen dituen 2000ko martxoaren 22ko Agindua eta hauen funtzionamenduari buruz Hezkuntza eta Zerbitzuen sailburuordearen zirkularra aldatzeko premia ere adierazi dugu. Hala ere, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Xabier Aizpurua sailburuordeak bi araudi horiek negoziatzeari uko egin diote, eskola jangeletakoak azpikontratatutako langileak direla eta zerbitzua kudeatzen duten enpresekin negoziatu behar dugula justifikatuz.

Zerbitzuaren enpresa emakidadunekin hitzarmen kolektiboa negoziatuko dugu, baina ez jangelen funtzionamendu-araudiak, Hezkuntza Sailaren eskumen esklusiboa baitira.

Zergatik exijitzen diogu Hezkuntza Sailari sindikatuen langileen ordezkariekin negoziatzera esertzeko? Araudi desberdinetan eskola jangeletako langileen lan-baldintzei zuzenean eragiten dieten alderdiak jasotzen direlako, hala nola ratioak, funtzioak, lanaldiak, jangelako ordutegia…

• 2 urteko ikasleak dituen jangelako begirale baten ratioa 9 umekoa da.
• Haur-hezkuntzako ikasleekin (2-5 urte) jangelako begirale batek duen ratioa 15 umekoa da.
• Lehen hezkuntzako ikasleak (6-11 urte) dituen jangelako begirale baten ratioa 37 umekoa da.
• Bigarren hezkuntzako ikasleak (12-15 urte) dituen jangelako begirale baten ratioa 45 umekoa da.

Langileek ahal duten guztia egiten dute kalitatezko zerbitzu segurua eman ahal izateko, baina gero eta zailagoa da, lan-baldintzak okertzen ari baitira.

Egunetik egunera, ez dagozkien gero eta funtzio gehiago beren gain hartu behar dituzte. LAB sindikatuak askotan salatu du Hezkuntza Sailaren aurrean, eta honek entzungor egin du.

Jangela funtsezkoa da ikasleek beren etapa akademikoan jasotzen duten hezkuntza integralean, 0 urtetik hasi eta derrigorrezko hezkuntza amaitu arte; beraz, ikastetxeko beste gune bat bezala hartu behar da, non ikasten eta hezten jarraitzen den, eta ez da zerbitzu osagarri huts gisa baloratu behar, Hezkuntza Sailak egiten duen bezala.

Argi dago Hezkuntza Sailari ez zaiola axola jangela-zerbitzuarekin zerikusia duen guztia, eta horren erakusgarri da Hezkuntza Lege berrian berriro ahaztutakoak garela.

Jangela seguru eta kalitatezkoak nahi ditugu, bai langileentzat, bai ikasleentzat, eta horretarako ezinbestekoa da Hezkuntza Sailak baliabide gehiago ematea. LAB sindikatuak hainbat proposamen aurkeztu dizkio Hezkuntza Sailari hainbat formularekin egoera horri irtenbidea emateko, baina denak baztertu ditu.

Hau esanda, LAB sindikatuak Jokin Bildarratzen Hezkuntza Sailari exijitzen dio jangelen aldeko benetako apustua egin dezala eta lehenbailehen dei ditzala langileen ordezkariak elkarrizketa-mahai batera, 2000ko martxoaren 22ko agindua eta jangelen zirkularra negoziatzeko; bestela, LAB sindikatuak, langileekin batera, ekintza sindikala areagotu beharko du.

Dagoeneko 69 langile hil dira lan istripuz Euskal Herrian aurten, 2021eko datu larria gaindituz

Joan den abenduaren 7an, 56 urteko langile bat hil zen Arabako Iruraiz Gauna udalerriko Arrieta auzoan, txalet batean eraikuntza-lanak egiten ari zela, lan istripu ez-traumatikoan. Langilea ondoezik sentitu zen, eta ondorioz, osasun zerbitzuari abisua eman zitzaion, baina ezin izan zuen ezer egin haren heriotza saihesteko. LABek bere elkartasun eta babes osoa adierazi nahi die hildako langilearen familia, lankide eta gertukoei.

Eraikuntzaren sektorean azpikontratazioaren katea gehiegi erabiltzen dela salatu nahi dugu, honek langileentzako arrisku egoerak biderkatzen dituelako eta laneko segurtasunari buruzko araudia betetzen dela kontrolatzea zailtzen duelako. Kasu zehatz honetan, hildako langilea Construcciones Tavares enpresak kontratatutakoa zen, eta obra horretarako, Construcciones y Reformas Villaredondak kontratatu zuen aurretik aipatutako enpresa. Enpresen etekina langileen prekaritatearen aurretik lehenesten duen eredu baten emaitza da hau, eta prekaritate horrek hil egiten du.

Heriotza honekin dagoeneko 69 langile hil dira Euskal Herrian aurten, iazko datu latza gaindituz. 2021ean, 68 langile hil ziren.

Zenbaki hau onartezina da, eta erakundeek, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, batez ere, neurriak hartu behar dituzte enpresak laneko segurtasun eta osasunaren arloko legedia betetzera behartzeko.