2025-12-29
Blog Page 26

SEPEren itxiera Eibarren: publikoa dena abandonatzearen erakusgarria

Azken hilabeteetan, Eibarko biztanleak, eskualdeko herri garrantzitsuena eta biztanle kopuru handiena duena izanik, gertaera kezkagarri baten lekuko izan dira: Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren (SEPE) itxiera Eibarren. Giza baliabide faltagatik itxi da enplegu-politikak kudeatzeaz, langabeziagatiko prestazioak eskaintzeaz eta lan-prestakuntza sustatzeaz arduratzen den erakundea. Egoera horrek, zalantza larriak sortzen ditu sistema publikoak herritarren eskubide sozialekin duen konpromisoari buruz.

Itxiera hau ez da kasu isolatu bat, azken urteetan garatzen doan tendentziaren parte baizik: publikoa dena interes pribatuen alde poliki-poliki ezabatzea. Eibarko SEPEak, bere itxieraren aurretik, gai zen langabezian zeuden milaka pertsonari babesa emateko. Orain, ordea, ez du zerbitzuak eskaintzeko gaitasunik, langile-kopuruari dagokion egiturazko hutsunearengatik. SEPEaren funtzioa lan-kalteberatasun egoeran dauden herritarron ongizatea bermatzea da, eta aipatutakoa gertatzea onartezina da.

Eibarren gertatzen ari dena ez da “doikuntza” administratibo hutsa. Arduragabekeria instituzionalaren islada da, eta tokiko, autonomia erkidegoko eta estatuko arduragabekeria honek, publikoa dena abandonaturik, herritarrak babesgabetasun egoeran utzi ditu. SEPEaren lana da langabeziagatiko prestazioa bezalako oinarrizko eskubideak bermatzea. Hori kontuan izanda, herritar guztiei arreta eskaintzeko behar adina giza baliabide eta baliabide material izan beharko lituzke, herritar hauek bizi diren zonaldea edozein dela ere. Eibar herriak nukleo industriala eta langabezia-tasa handia du, eta horregatik, zerbitzu hau horrelako herri batean ixteak argi erakusten du Administrazioa ez dela ari bere gain hartzen herritarrekiko erantzukizuna.

Gaur egun, enplegu-politika publikoak gero eta gehiago bideratzen dira zerbitzuak kanpora ateratzera eta enpresa pribatuekin lankidetzan aritzera. Testuinguru hori dugula eta, bereziki larria da SEPEaren itxiera. Estatuak, Euskal Autonomia Erkidegoak eta hau osatzen duten alderdi politikoek arlo publikoari bizkar ematen dioten bitartean, sektore pribatuko korporazio handiak kolektiboa eta soziala indartzeko diren baliabideez baliatzen dira. Pribatizazio prozesu horrek, lan-prekarietatea areagotzearekin batera, babesik gabe uzten ditu herritar ahulenak, besteak beste, enplegua eta gizarte segurantza bezalako oinarrizko eskubideak lortzeko Estatuko zerbitzuen menpe daudenak.

Erakunde publikoen desegitea, kontu ekonomikoa izateaz gain, kontu etikoa eta politikoa ere bada. Estatuaren presentzia murrizten bada, hala nola enplegua, hezkuntza edo osasuna bezalako funtsezko sektoreetan, interes pribatuek nahi dutena egiteko eskumena dute, eta, aldi berean, gizarte-ehuna eta gizartearen kohesioa ahultzen da. Eibarko SEPEa ixtea, beraz, ez da tokiko arazo bat soilik: Euskal Herrian eta Espainiako Estatu osoan hedatzen ari den joera pribatizatzaile baten sintoma da, eta ongizate-sistema modu kezkagarrian ahultzen ari da.

Testuinguru horretan, ezinbestekoa da administrazioei konpromiso erreal eta eraginkorra eskatzea arlo publikoa indartzeko. Erakundeek, aukera berdintasuna, enplegu duina lortzea eta babes soziala sustatzen dituzten politiken bidez, herritarren eskubideak bermatu behar dituzte. Beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Estatuak Eibarren SEPE ixteko erabakia lehengoratzea eta zerbitzu publikoei eraginkortasunez eta erantzukizunez funtzionatzeko behar dituzten baliabideak ematea.

Publikoa defendatzea eta berau indartzea da demokraziaren eta gizarte-ongizatearen etorkizuna. Ezin dugu onartu gure erakundeak eraistea gutxi batzuei bakarrik mesede egiteko asmoz. Gobernuaren lehentasunetan publikoak lehen tokia izateko unea da, eta behingoz alde batera uzteko guztiona izan beharko lukeena pribatizatzeko joera.

Maderas de Llodio enpresak 39 pertsona kaleratu nahi ditu

Maderas de Llodio-ko Enpresa Batzordearen Oharra

Maderas de Llodio, Garnica Taldearen parte dena, Enpresa Batzordetik jakinarazi nahi dugu gaur kontsulten lehen bilera ospatu dela. Bilera horretan enpresak 39 pertsona kaleratu nahi dituela dioen dokumentazioa aurkeztu du produktibitate eta antolaketa kausengatik, produkzioaren zati bat taldearen beste lantegi batzuetara eraman nahi dutelako.

Orain, Enpresak aurkeztutako dokumentazio guztia xehetasunez aztertu behar dugu. Bileran bertan, aurreko astean idatziz eskatzen genuen bezala, berriro exijitu diogu zuzendaritzari kaleratze kolektiboak edota bestelako neurriak hartzeko erabakia bertan behera uzteko.

Atzo ospatu zen langileen batzarrean, Batzordearen eta plantilla osoaren erabakia bateratua izan da: Maderas de Llodio-n ez dago inor soberan. Gure aldarrikapena argia da: ez dugu onartuko lanpostu bat ere suntsitzea ezta lan baldintzak prekarizatzea.

Enpresari adierazi diogu gure helburu bakarra hitzarmen kolektiboaren negoziazioa berreskuratzea dela, baina soilik kaleratze horiek bertan behera utzita, plantilla osoarentzako kalte larri bat suposatzen dutelako.

Horregatik, datorren astean bi greba-egun deitu ditugu: irailaren 16an eta 18an. Enpresak kaleratzeak ez baditu bertan behera uzten, mobilizazio eta greba gehiago egingo ditugu eta beharrezko neurri guztiak hartuko ditugu erabaki horri aurre egiteko.

Berriro errepikatzen dugu: Maderas de Llodio-n ez dago inor soberan. Guztiok elkartuta gaude borroka honetan eta irmo jarraituko dugu enpresak erabaki injustu eta kaltegarria mahaian ezabatzen duen arte.

KALERATZERIK EZ

Lan Ikuskaritzak babestu du LABen salaketa BSHn, baina gehiengo sindikalaren akordioak edozein aldaketa eragozten du

Lan Ikuskaritzak baieztatu du LABek BSHren enplegu-erregulazioko espedientearen harira egindako salaketa, eta ondorioztatu du itxiera neurrigabea eta arrazoirik gabekoa dela. Hala ere, enpresaren eta BSHko sindikatu nagusien arteko akordioak egoera aldatzea eragozten du.

Tamalez, baieztapen horrek ez du esan nahi EEE hori zalantzan jarriko denik. Bi arrazoi nagusirengatik gertatzen da hori: batetik, erakunde publikoek langileon eskubideak defendatzeko duten ezgaitasuna; eta bestetik, enpresaren eta BSHn gehiengoa duten sindikatuen (UGT, CCOO, ATISS eta Solidarik) arteko akordioak egoera aldatzeko edozein aukera baldintzatzen duelako.

Bigarren egoerak konponbide zaila bezain sinplea du, kontzertazio sindikalgintza ordezkatzen duten sindikatu horiek beraien gehiengoa galtzea. Zorionez, azken urteetan norabide horretan gaude Nafarroan.

Beste egoerak, erakunde publikoen ezgaitasunarena, modu berean, konponbidea zaila eta sinplea du ere, baina kasu honetan ez gaude inondik inora hori aldatzeko norabidean. Hilabete luzez, Nafarroako Industria Legea izanen den horretan, egoera hauek ekidin ahal izateko proposamenak egin ditugu. Besteak beste, objetiboki bere funtzioa betetzen ari ez den deslokalizazio legea edukiz betetzea edo erakunde publikoetatik estrategikoak diren proiektu industrialak zuzenean gestionatzera sartzea. Proposamen hauek, noski, ez dira kontutan hartzen azken zirriborroan.

Gure aldetik berdinean jarraituko dugu, kalean zein lantokietan langileon lan baldintzak eta lanpostuak defendatzen eta denontzako onuragarriak izango diren arauak aldarrikatuz eta borrokatuz, lege bat tarteko egon edo ez.

LABek salatzen du Hezkuntza Sailak akordioak osotasunean bete gabe jarraitzen duela eta metodologia lausoa duen segregazio mahaia jarri duela abian

LABek 63 plaza gehiago lortu ditu gaur haurreskoletan eta 15 sukaldean eta garbiketan, sinatu zituen akordioen alde borrokatzearen eta judizialki salatzearen ondorioz.

Gaur, Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Imanol Pradales lehendakariarekin batera, ikasturteari hasiera eman dio Etxebarri BHI institutuan. LABek, bertan, Pedrosari gogorarazi dio ez zuela iazko ikasturtea aprobetxatu hitzarmen berrietatik datozen baliabideak planifikatzeko, ezta negoziatzeke geratu ziren gaiak adosteko ere. 

LABek, 15 urte baino gehiago pasa ondoren, eremu publikoan diharduten lau kolektiboen hitzarmenak berritzea lortu zuen pasa den ikasturtean, eta 30.000 langile baino gehiagoren lan baldintzak hobetu. LAB, lehen indarra izaki, erabakigarria izan zela gogorarazi du sindikatuak. Izan ere, 2023ko ekainean sinatutako akordio laboralean adostutako neurriak eremu desberdinetako negoziazio mahaietara eraman zirela gogoratu du, eta pasa den ikasturtean bultzatu zituen mobilizazioen eta greben bitartez lortu zituela heziketa bereziko hezitzaileen, Haurreskolak Partzuergoko langileen, sukalde eta garbiketa zerbitzuetako langileen eta irakasleen lan hitzarmen kolektiboak. 

Hezkuntza kalitatean eragin zuzena duen hezkuntzako langile ororen lan baldintzak hobetzea eta baliabideez hornitzea izan dira sinatutako akordioen muina, eskola publikoa ardatz. 

Hala ere, Hezkuntza Sailak sinatutako akordioak bere osotasunean bete behar dituela adierazi nahi du LABek. Izan ere, baliabide pertsonalen gaia garatzeke eta adosteke dago Haurreskolak Partzuergoan eta heziketa bereziko hezitzaileen kolektiboetan. 

Gainera, sortu beharreko lanpostu berrien kalkulua oraindik ez da egin: sukalde eta garbiketan ratioak, metrajeak eta lanaldia jaitsi ondorengoak, eta haurreskoletan hezitzaileen lanaldia eta ratioak zehaztu ondoren sortu beharrekoak. 

Sukalde eta garbiketan (2023ko azaroan) eta Haurreskoletan (2024ko apirilean) sinatutako akordioetatik lanpostuak sortzera behartu du LABek Hezkuntza Saila gaurko kontziliazio saioetan. Ondorioz, 15 lanpostu berri sortuko dira sukalde eta garbiketan irailean. Haurreskoletan, beranduenez urrian, 63 lanpostu berri . Akordio hauek ez betetzeagatik LABek bide judiziala hasita zuen.

Bestalde, irakasleen kolektiboan plantillak esleitzeko irizpideak adostu ziren. Akordioa sinatu izanari esker, irakasle gehiago arituko badira ere, ez dira sortu beharreko lanpostu guztiak sortu, Hezkuntza Sailak alde bakarrez erabakitako irizpideak ezartzearen ondorioz.

Izan ere, etapa guztietan irakasle bakoitzari murriztu zaion zuzeneko eskola-orduaren ondorioz sortu beharreko lanpostuak ez dira sortu. Era berean, Bigarren Hezkuntzan ikas-prozesuan zailtasun gehien dituzten ikasleen laguntzetarako zenbait ikastetxek parte hartzen duten programan (Hedatze) erabiltzen diren orduak ez dira irakasleen gehienezko 17 ordu lektiboen barnean jaso. 

Halaber, ikasturte hasierako egin diren langileen esleipen prozesuak kaotikoak izan direla gogorarazi du LABek. Urtero-urtero milaka langile akatsez betetako prozesuen, arazo informatikoen eta konpontzen ez diren gabezien menpe egoten dira. Gai hau ere Hezkuntza Sailak konpondu beharrekoa dela uste du LABek. 

Aurrekoaz gainera, ikasturte hasiera probestu du sailak segregazioaren kontrako itunaren mahaia martxan jartzeko. Bertan mahaiaren nondik norakoak azaldu badira ere, metodologia lauso eta zehaztu gabea aurkeztu dute, LABen aburuz gobernuak Osasun Mahaian erabilitako berdina; hau da, nahieran euren interesen arabera aldatzen doana. Hori horrela, LABek zehaztasunak eskatu ditu eta erabakiak nork eta nola hartuko diren galdetu; izan ere, segregazioari aurre egitea ez da borondateen kontua, erabaki politikoena baizik. Edukiei dagokienez hainbat dekretu eta normatiba aldatu behar direla adierazi du LABek eta eskola publikoa indartzeko neurriak ere eskatu ditu.

Beraz, ikasturte hasiera honetan bi eskakizun egiten dizkio LABek Hezkuntza Sailburuari. Batetik, adostutakoa betetzeko eta negoziatzeke dituen gaiei heltzeko. Eta, bestetik, segregazioaren kontrako neurriak hartzerakoan horiek langileon ordezkariokin adosteko. Era berean, LABek uste du borrokari esker lortutako akordioak izan zirela lortutakoak, eta horri esker lortu direla hezkuntza kalitatea hobetuko duten neurriak. Hala ere, sindikatuak borrokan jarraituko du, hitzarmen hauetan jasotakoa betearazteko eta garatzeko eta segregazioari aurre egiteko egiturazko neurriak lortzeko. 

Azken urteetan lortutako akordioei esker, hezkuntza publikoa indartu eta Euskal Eskola Publiko Komunitarioaren bidean urrats sendoak eman dira, eta bide horretan lanean jarraituko du LABek. 

LAB, Jaizkibel konpainiarekin eta udal alarde publiko eta feministaren alde

29 urte pasa dira Hondarribiko emakume* talde batek gizonek dituzten eskubide berberak beren egin, eta hondarribiar gisa herriko alardean parte hartzen saiatu zenetik. Hots, emakumeek* ere jaietan modu aktiboan parte hartu ahal izateko bidea hartu zuenetik.

Ekintza hark pauso bat gehiago ekarri zuen emakumeen* eskubideen aldeko borroka feministan. Izan ere, argi esan behar da: emakumeen* parte hartze librerik gabe, jaiak ez dira ez parekideak, ez askeak. Kaleak emakumeenak* ere badira, eta, horregatik, egunerokoan eta jaietan libre izateko eta ibiltzeko emakumeen* eskubide osoa aldarrikatzen du LABek.

29 urtez ukazioa, gatazka, biolentzia, irainak eta ezeztatze politikoa ezagutu ditugu, eta, oraindik ere, Hondarribiko alkatetzak ez du konponbidera bidean jarriko gaituen ekinbide argirik egin. Gainera, alarde baztertzailea eta berau babesten duten alderdi politiko eta enparauak emakumeak* espazio publiko eta politikoan normaltasunez aritzearen kontra dabiltza urtez urte. Esku-hartze garbirik egon ez izana, bere horretan, emakumeen* zapalkuntzari gorazarre egitea da, eta, beraz, klase zapalkuntza betikotzea. Urte hauetan guztietan borrokan aritu diren emakumeei* esker, ordea, aldaketarako aukerak sortu dira

2023ko udal eta foru hauteskundeen ondoren, EAJren gotorlekua izan den herrian aldaketarako aukerak zabaldu ziren. Hala ere, balizko normaltasun baterako bidean imintzio txikiak eginagatik ere, 2023az geroztik izan diren jaietan bezalaxe, aurtengoan ere nabarmen ikusi da, oraindik ere, mugimendu feminista dela eraldaketaren ikur nagusi eta bakarra. Zentzu horretan, LABek bere egiten ditu Jaizkibel konpainiak egindako adierazpenak: “Bizikidetzaren bandera hartuta, eta arazoa, muinean, diskriminazio kontua dela ahaztuta, udalak modu berean tratatu nahi izan ditu bi taldeak. Eta ezin dira berdin tratatu eskubide bat defendatzen dutenak eta berau ukatzen dutenak”.

LABek eskaera zehatza egin nahi du: alardea udalak antola dezan bidea berreraiki beharra dago eta, era berean, feminista bilakatzeko behar beste baliabide jarri behar dira.

Instituzioei ahoa betetzen zaie berdintasun politikak sustatzen dituztela esatean. Ordea, halako praktika baztertzaileen aurrean ez dago egoera aldatzeko inolako konpromiso politikorik.

Lortutako aurrerapenak eta askatasunak arriskutan diruditen garai nahasiotan, udal alarde publiko eta feminista baten alde antolatzen eta borrokan dabiltzanei eta bereziki Jaizkibel konpainiaren sortzaile, bultzatzaile eta egun arduran dauden kide nekaezin horiei guztiei, gure eskerrik beroenak helarazi nahi dizkiegu. Ez gaude lanean, etxean, kaleetan, jaietan, ezta alardean ere, bazterkeriarik onartzeko prest.

Gora Jaizkibel konpainia!!
Gora borroka feminista!!

Erasoak BetiON-en, enpresak eta Eusko Jaurlaritzak beste alde batera begiratzen duten bitartean

Bi hilabete eskasetan, BetiON Telelaguntza zerbitzuko hiru langilek eraso desberdinak jasan dituzte, erabiltzaileen eta/edo zerbitzuarekin zerikusirik ez duten pertsonen aldetik. Bitartean, enpresak ez du inolako larrialdi-protokolorik aktibatu, biktimak babesik gabe eta guztiz babesgabe utziz. Horrela, bai enpresak bai zerbitzuaren titularrak (Eusko Jaurlaritza) baimendu dute erasotzaileak zerbitzutik baja eman gabe jarraitzea, eta horrek arrisku errepikakorra eta etengabea dakar edozein profesionalentzat etxe horietara joan behar duen bakoitzean.

Langileek erabateko abandonua sentitzen dute enpresaren aldetik, ez delako aipatutako kasuen jarraipenik egiten eta ez direlako neurriak hartzen halakorik berriz gerta ez dadin. Azpimarratzekoa da enpresak ez duela inolako prestakuntza-planik eskaintzen, langileei halako egoerei aurre egiten laguntzeko. Denak, lanean ari diren langileen inprobisazioaren esku uzten dituzte.

Enpresak egin duen ekarpen bakarra izan da lehendik zegoen jarraibide tekniko bat gehitzea (erasoetatik bitan ez duena inolako konponbiderik eskaintzen), aholkularitza juridikoa eta laguntza psikologikoa telefono bidez, kasu hauetan guztiz eskasa iruditzen zaiguna.

Alarmismoan erori nahi ez badugu ere, ezin dugu baztertu egun batean egoera okerrago batera heltzeko aukera. Izan ere, arrisku egoerak bizi izan ditugu: ibilgailu pribatuetan kolpeak, irain matxistak, jazarpenak, etxeetako ateak giltzaz itxita langilea irteten ez uzteko, eta abar luze bat. Horiek guztiak eraso larritzat hartu behar dira, eta zenbait kasutan poliziaren esku-hartzea ere behar izan da.

Horregatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritzaren Telelaguntza zerbitzu publikoko langileok babesgabe handia sentitzen dugu bai enpresaren bai titularraren aldetik, halako egoeren aurrean.

Honi gehitu behar zaio enpresak hitzarmena betetzen jarraitzen ez duela. Adibide garbia da lan-poltsatik langile bat kanporatu izana. Errepresio-ekintza hau dokumentatua eta salatua izan da, eta epaiketa urriaren 6an egingo da; egun horretan epaiaren berri emango da. Batzordeak grebarako deialdia proposatuko du egun horretarako.

Enpresari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu gure osasunarekin eta gure duintasunarekin jolasteari utz diezaien. Babesik gabe, eskubiderik gabe eta errespeturik gabe ez dago zaintzarik.

Hori guztia dela eta, erasoen eta lan-eskubideen urraketen aurrean, batzorde artekoak deialdia egiten die langileei, komunikabideei eta gizarteari, irailaren 9an, 10:30ean, BetiONen instalazioen aurrean (Aragoi kalea, 2). Bertan salatuko dugu publikoki enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik biktimen babesik eza eta segurtasun falta. 

Epaileek oporrak bukatu dituzte eta euskararen aurkako oldarraldia abian da berriro

Oporraldia hasi aurretik, joan den uztaila amaieran, euskararen eta, beraz, euskaraz bizi nahi duen komunitatearen aurkako enegarren eraso judiziala salatuz, geure eskubideen alde konfrontaziora pasatzeko unea iritsi zela esanez eman genion amaiera ikas urte politikoari. Tamalez, kurtso politiko berria hasi baino ez da egin eta eraso berri baten aurrean gaude.

Izan ere, dirudienez oporrak bukatu eta lanari gogoz eutsi diote epaileek, EAEko Auzitegi Gorenak bere egin baititu Gipuzkoako Foru Aldundian zaintzaile izateko euskararen ezagutza eskatzearen aurkako premisa euskarafoboak. Oldarraldia itzuli da oporretatik…

Jakin badakigu pankarta ateratzea ez dela nahikoa, baina beharrezkoa dela azpimarratu nahi dugu, ezinbestekoa delako euskararen eta euskal komunitatearen aurkako eraso guztiak salatzea. Baina ez genuke nahi pankarta egungo egoera iraultzeko ardura berezia duten indar politikoen babes edo ezkuta lekua bihurtzerik.

Uztailean esan genuen, eta berriz baieztatzen dugu, euskaraz bizitzea erabaki duen euskal komunitatearen aurkako oldarraldia orokortzen ari denean, EAEko gehiengo politiko abertzalea ez dela egoerari aurre egiteko gai izaten ari. Eta hori oso larria da. Manifestaldietara joatea eta elkarretaratzetan parte hartzea ondo dago, baina ez da nahikoa.

Argi ikusten ari gara egungo bide instituzionalak eta juridikoak ez direla nahikoak; beraz, bide horiek baztertu gabe, ezinbestekoa da euskararen aldeko borrokaren ildo nagusia plano instituzionaletik jendartera pasatzea, hau da, dinamizazio soziala kalean indartzea. Horretarako, besteak beste, Gasteizko Legebiltzarrean Euskararen Lege berria bideratu eta onartu beharko litzateke, eta euskaldunon hizkuntza eskubideen defentsa artikulatu. Lan horretan, funtsezko betekizuna dute indar eta sindikatu abertzaleek.

Euskararen normalizazioaren aurkako erabaki hauek langile euskaldunak eta euskaldunduak kaltetzen gaituzte, euskara normaltasunez bizitzeko aukera oztopatuz, gure artean nagusi den Euskal Herri euskalduna sortzeko helburua ezinezkoa bihurtu arte. Erabaki hauek, beraz, argi eta garbi euskaldunon komunitatearen aurkako erabaki zuzenak dira.

Guk Euskal Herrian euskaraz lan eta bizi nahi dugu, Euskal Herri euskalduna euskaraz eraikiz eta euskaratik abiatuz. Eta horixe da, hain zuzen, ezinezkoa bihur nahi dutena. Herri gisa erabat kolonizatu nahi gaituzte. Euskara eta euskal kulturaren ikuspegitik begiratuta, gertatzen ari dena desastre bat da. Larrialdi egoeran sartu gaituzte.

Euskararen normalizazioa euskal langile mugimenduaren lanabesa da. Euskaraz biziko den Euskal Herriko administrazio publikoak euskaraz funtzionatu behar du, euskara ez dakiten herritarren hizkuntza hautua errespetatuz beti eta non nahi. Euskal langileok Euskal Herrian euskaraz lan eta bizitzeko dugun eskubidearen aurkako oldarraldirik ez dugu onartuko, lanerako dugun eskubidea eta gure herrian euskaraz
bizitzeko duguna ez baitira kontrajarriak, osagarriak baizik.

Dei egiten diogu euskal klase politikoari horrelako oldarraldia ekidin dezakeen bidea eta akordio politikoa jorra dezan, horretarako legea egokituz, Euskara Legea aldatuz. Dei egiten diogu euskal jendarteari oldarraldiari aurre egiteko, besteak beste, euskaraz bizitzeko hautua egin dezan, euskara nonahi harrotasunez erabiliz.

Eta, azkenik, dei egiten diegu euskal langileei euskararen aldeko borroka bere egin dezaten eta lan mundua euskalduntzeko prozesuan indar erabakitzailea bihur daitezen.

LABek salatzen du eskola-segregazioaren foroari buruz dakien apurra prentsaren bitartez jaso izana abiapuntu desegokia dela

LABek uste du EAEko gobernuak astelehenean martxan jarriko duen eskola-segregazioari buruzko foroak eragile sozial, politiko eta sindikalekin eraiki beharreko adostasunerako benetako borondatetik baino gehiago duela irudikapenetik. Izan ere, eragile gonbidatuek ez dakigu gaur-gaurkoz zein diren foroaren eta bileraren gai-zerrenda, helburua eta edukiak, metodologia eta parte hartzaileak. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak prentsan egindako adierazpen bidez jakin du LABek dakien apurra. Are gehiago, apirilaren 4an lehen aldiz biltzekoa zen foroa bat-batean bertan behera utzi zuten, inolako azalpenik gabe.

LABek salatzen du abiapuntu hau ez dela batere egokia, eta adostasunak eraikitzetik urrun dagoela; agerian uzten du Hezkuntza Sailaren seriotasun falta. Ez hori bakarrik, badirudi gobernu honek aurreko ikasturtean Osasun Mahaian izandako jarrera berberarekin hasi nahi duela foro hau. Orduan, LABek adierazi zuen metodologia nahieran moldatu zuela gobernuak, bere interesen arabera arian-arian moldatuz eta lantaldeetan hartutako erabaki batzuk isilaraziz, osasun sistema publikoaren pribatizazioarekin jarraitzeko erabakiak inposatzeko.

Urteak dira LAB sindikatua segregazioaren gaia lantzen ari dela, estrategikotzat duen lehentasun gisa aitortzearekin batera, proposamen propioak eginez eta mobilizazio zein greba dinamiken bidez lehen lerroan jarriz. Ez dezagun ahaztu, EAEko Hezkuntza Legearen testuinguruan, euskal gehiengo sindikalak hezkuntza sistema eraldatzeko egin zituen Publikoa, Propio eta Euskalduna greben bidez, aldarrikatu zuela langileokin negoziatu eta adostu behar zirela eskola segregazioari aurre egin eta hezkuntza sistema publiko bakar eta propioa sortzeko bestelako erabaki batzuk har zitezen araubideak.

Ordutik, EAJ-PSEren gobernuak, segregazioari aurre egiteko sindikatuokin zein beste hezkuntzako eragile sozial batzuekin foroa sortzetik urrun, soilik gobernuko alderdien babesa izan zuen hezkuntza legea onartu zuen, ituntze agindua eta planifikazio dekretua nahieran aldatu zituen eta ikasleen onarpen aginduan moldaketak egin zituen aurreko ikasturtean, itunpeko ikastetxeen mesedetan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburu eta herri populatuenetan Zaurgarritasun-Indizea gora egiten ari den honetan —familien egoera sozioekonomikoa gero eta prekarioagoa delako eta migrazio-fluxua gero eta handiagoa delako—, Hezkuntza Sailak aldaketa normatiboak egin ditu ikasle horiekin harremanik izan nahi ez duten familien pribilegioak eta itunpeko ikastetxe jakin batzuen interesak babesteko. Alta, itunpeko ikastetxeek kuotak kobratzeak indarrean dirau, Sailak oraingoz ez ditu ikastetxe guztietako auditoretzak egin, ez du doakotasuna ezarri eta diru publikoaren truke ikastetxe guztiek bete behar dituzten betebeharrak ez ditu ezarri.

LABek segregazioari aurre egiteko itun sozial baten beharra planteatu izan du, baina ez 50 parte hartzaile eta Osasun Mahaiaren metodologia berarekin seriotasunik gabe hasiko den foro baten argazki bat ateratzeko. Hortaz, deialdiarekin kritikoak bagara ere, lehen bilera horretan parte hartuko dugu, eta, ondoren, bertan jarraitu edo ez baloratuko dugu. Horrekin batera, eskola segregazioari aurre egiteko eta hezkuntza sistema publiko bakar, berri eta propioaren norabidean sakontzeko dinamika sindikala martxan jartzea izango da LABen apustua; sare publikoa hedatu eta hezkuntza sistemaren antolaketa duala borrokatzeko, euskararen murgiltze ereduan eta Euskal Curriculumean oinarrituko den hezkuntza propioa edo burujabean sakontzeko eta arrazakeria zein klasismoaren oldarraldiari aurre egiteko. 

EAEko kolektibitateen lehen hitzarmenerako negoziazio mahaia eratzea lortu dugu

15 urte baino gehiagoko borroka eta mobilizazioen ondoren, LAB sindikatuak, ELA, UGT eta CCOOekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) hitzarmen propioa lortzeko lehen negoziazio mahaia eratzea lortu du.

CCOOk mahaiaren eraketa sinatu duen arren, denbora honetan guztian ekimen honen sustatzaile izango ez zela errepikatu du, eta, gainera, ez du parte hartu hori posible egin duten mobilizazioetan.

Orain arte, sektoreko lan-baldintzak herrialdeetako ostalaritzako hitzarmenek edo kolektibitateetako hitzarmen estatalak arautzen zituzten, kolektibitateetan lan egiten dutenen errealitatetik urrun. Urrats berri honek sektorea lan baldintza justuago, duinago eta bere errealitatera egokituagoetara hurbilduko du.

LABek beti egin du estatalizazioarekin amaitu eta hemen, Euskal Herrian, lan baldintzak negoziatzearen alde. Lorpen hori aurrerapauso nabarmena da bide horretan.

LABek aurkeztuko duen plataforma oinarriarekin eraikiko da, langileen parte-hartze aktiboarekin, haien beharrak eta errealitateak zintzo islatuko dituela bermatzeko. Helburua: sektoreko pertsona guztiek lan-baldintza berberak izatea, diskriminaziorik eta desberdintasunik gabe.

Hori ere funtsezko urratsa da, oso feminizatuta dagoen, historikoki ikusezin bihurtu den, eta lan eta gizarte arloan funtsezko ekarpena egin duen sektore bat duintzeko.

LABetik zorionak ematen dizkiegu sektoreko langile guztiei eta gure konpromisoa berresten dugu, borroka eta erresistentzia urte hauei guztiei justizia egingo dien hitzarmen bat bermatzeko tinko lanean jarraitzeko.

Hemen lan egin, hemen erabaki! 

Borrokak merezi du!Â