2026-04-17
Blog Page 22

Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzeko exijitu du LABek administrazio publikoen aurrean

Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan euskarak gaztelaniak dituen eskubide berberak izan ditzan aldarrikatu du LABek Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean. Iruñean mobilizatuko da bihar. 

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mobilizatuko da LAB gaur eta bihar, ELA eta Steilas sindikatuekin batera, euskara administrazio publikoetan pairatzen ari den erasoei aurre egiteko eta euskaraz lan egiteko zein euskaraz artatua izateko eskubidea bermatzeko berme juridikoak aldarrikatzeko. Gaur Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean mobilizatu da, eta bihar elkarretaratzea egingo du Nafarroako Jauregiaren aurrean.

Udal, foru aldundi, ikastetxe publiko, ospitale publiko eta Jaurlaritzaren egoitzen aurrean mobilizatu dira gaur langileak, administrazio publikoak interpelatzeko. Izan ere, erakunde publiko horietan ez daude bermatuta euskaraz lan egiteko eta zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubidea; are, arrisku larrian daude. 

Epaitegiak azken lau urteetan bultzatzen ari diren oldarraldi euskarafoboak, euskararen normalizazioa oztopatu du, eta atzera urratsak eragin ditu. Horrela, hitzez euskararen alde daudela dioten sindikatuek, CCOOk eta UGTk, lanpostuak euskararen eskakizunekin betetzeko trabak jartzen jarraitzen dute epaitegietan, enplegu publikoko hizkuntza eskakizunen kontrako salaketak eginez eta argudio gezurtiak eta guztiz euskarafoboak erabiliz. Bi sindikatu horiek bazka ematen diete epaile euskarafoboei, eta, PP-VOX et PSE alderdiekin batera, euskara bere garairik ilunenetara itzultzea bilatzen dute. Euskara frankismo garaira eraman nahi dute, urratsez urrats eremu publikotik ateraz.

Hizkuntza eskubideen eta lan eskubideen arteko dikotomia faltsua elikatzen ari dira. Bidea, ordea, euskara gehiago bultzatzea da; euskarak kohesio sozialerako zubia izan behar du; euskara ikasteko aukerak eskaini behar zaizkie langile guztiei, azpikontratatuak barne, eta ez alderantziz. 

Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan gaztelaniak dituen eskubide berberak nahi ditu LABek euskararentzat, ez besterik. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hori lortzeko bidean, honakoa da LABek proposatzen duena:

  • Euskararen kontrako epaiak salatzea. 
  • Administrazio publikoan euskara eta gaztelaniaren ezagutzaren beharra parekatzea.
  • Administrazioak erabat euskalduntzeko plangintzak adostea, baliabideak eta epeak adostuz eta lanpostuak behar duen ezagutza nahikoa bermatuz eta euskaraz lan egin ahal izateko plangintzak eginez.
  • Erabiltzaileek euskara zerbitzu-hizkuntza izateko duten eskubidea bermatzea.
  • Pribatizatutako-itundutako eremuetan, langileak euskaraz lan egiteko eskubidea eta erabiltzaileek euskaraz artatuak izateko eskubidea bermatu daitezen, zerbitzua ematen duten enpresei euskara planak egiteko derrigortasuna ezartzea plegu bidez. Hau da, hizkuntza klausulen bidez. 
  • Lege aldaketaren bidez administrazio publikoan euskara eta gaztelaniaren ezagutzaren beharra parekatzea.
  • Lanpostu guztiek hizkuntz eskakizuna izatea eta derrigorrezko data jarrita izatea. 
  • Lanpostu berriei dagokienez, derrigortasun data iraungita egotea lanpostua hartzeko momentuan.

Hilabete hauetan berebiziko garrantzia duen eztabaida izango da Eusko Legebiltzarrean, eta euskararen normalizazioari eta bere garapenari loturiko erabakiak hartuko dira. Euskararen normalizazio prozesuari segurtasun juridikoa eman diezaioketen erabakiak izan daitezke eta epaitegien injerentzien aurrean euste-horma izango direnak. Enplegu Publikoaren Legea aldatuko duen eztabaidaren araberakoa izango da hori, emaitza erabakigarria izango baita kinkan dagoen euskararen etorkizunari begira. 

EAJk legebiltzarrean aurkeztu duen proposamenak ahulezia egoera betikotzen duela uste du LABek, zerbitzu publikoak euskalduntzea zaildu egiten baitu, euskararen normalizazioan atzera egitea erraztuz. Euskarak berme juridikoak behar ditu: gaztelaniak dituen eskubide eta berme berberak behar ditu, eta, horretarako, euskararen eta gaztelaniaren eskakizunak parekatu behar dira. Norabide horretan, gaur ere EAJri ausardia eta ardura izateko eskatzen dio LABek, eta EH Bilduk Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko egindako proposamenarekin bat egiteko. Oso larria litzateke epelkerietan eta erdibideetan jarraitzea eta euskara ahulezi egoera horretan mantentzea.

Abenduan aurreratu bezala, langileak eta lan zentroak aktibatzen ari da LAB dagoeneko. Gaur eta bihar Hego Euskal Herriko hiriburuetan mobilizatu da, eta ez da honetan geldituko. Borroka areagotuko du. 

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso du. 2026 urte hasi berri den honetan, 4. lan heriotza da dagoeneko.

Ezaguna da LAB sindikatuarentzat Estaños Matiena enpresa. Langile migratu eta prekarizatuak baliatzen ditu lan arriskutsuak egiteko. Enpresaren politika da prebentzio araudiaren aplikazioa inpunitate osoz saihestea, eta, ondorioz, azken urteetan hainbat lan istripu larri salatu behar izan ditugu. Joan zen abuztuan langile batek araudia betetzen ez zuen makina batekin kontaktu elektrikoa izan zuen, eta larri zaurituta erietxera eraman zuten. Enpresak istripuaren ardura langileari egotzi zion, eta jarraian, mutuak emandako bajan zela, kaleratu egin zuen.

LAB sindikatuak hainbat salaketa aurkeztu ditu Osalanen, Lan ikuskaritzan eta Lan Agintaritzan. Bilerak egin behar izan ditu bertako arduradunekin enpresak duen prebentzio faltaren aurrean neurriak hartzeko. Dena alferrik izan da. Abuztuko istripu larriaren salaketaren erantzunik ez du izan LABek orain arte.

Gaurko lan heriotza ez da istripua izan. Enpresariak eragindako heriotza izan da, eta insitituzioek onartu egiten dute hori horrela izatea. Bistan da badirela enpresariak herri honetan botere maila handiak maneiatzen dituztenak; instituzioen lana oztopatzeko edo baldintzatzeko gaitasuna dutela pentsatzera eramaten du egoera larriak. Edonola ere, utzikeria eta arduragabekeria instituzionalak langileok pairatzen ditugu, ondorio lazgarriekin.

LABek ekintza sindikala eta juridikoa erabiliko ditu arduraduna den enpresariaren aurka. Bitartean, ardura instituzionalak exijitzen jarraitzen dugu, dagokien ardura hartuko balute gaur hil den langilea bizirik egongo litzatekeelako.

Datozen orduetan izango diren mobilizazioetan parte hartzera deitzen dugu.

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea eta gutxieneko soldata propioa ezartzea. Neurriok lortzeko eta bertako gobernuak zein patronala mugiarazteko, martxoaren 17ko Greba Orokorrarekin bat egin dezaten dei egin die LABek langileei. 

Hainbat neurri sozial jasotzen zituen Espainiako Lege Dekretuaren aurka bozkatu dute PP, VOX, Junts eta baita UPNk ere. Horrela, egoera zaurgarrian dauden milaka herritar eta familia etxegabetzeko edota oinarrizko hornidurak eteteko arriskuan daude; era berean, kolokan geratu da pentsioen balio handitzea.

LABek salatu du indarrean ziren Madrileko neurriok, oso mugatuak izanik ere, milaka pertsonen azken babesgunea zirela, eta erabaki horiek Madrilen menpe jarraitzeak euskal langileon lan eta bizi baldintzek ziurgabe jarraitzea dakarrela. Eskubide sozialak truke txanpon gisa erabiltzea oso larritzat jo du sindikatuak.

Horregatik, LABek Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari Euskal Herrian neurri zehatzak hartu ditzaten eskatzen die, etxegabetze bakar bat ere egin ez dadin eta herritarron lan eta bizi baldintza duinak bermatzeko. Halaber, Euskal Herriko langileak martxoaren 17ko Greba Orokorrera deitu ditu. 

Asteartean Madrilen, milaka herritar etxegabetzeko bidea ireki zen. Etxebizitzaren negozioa lehenetsita, maizterren eta oro har langileon aurkako neurrien kontrako bozkak nagusitu ziren, egoera zaurgarrienean dauden herritarrak jopuntuan jarrita. LABek askotan esana du indarrean egon den “ezkutu soziala” deiturikoa ez dela izan inondik inora nahikoa. Ikerketa desberdinek agerian uzten duten gisara, etxegabetze guztien laurdena edo herena gelditzea lortu da soilik, bereziki emakumeak*, gazteak eta pertsona migratuak eragin larrienekin bizitzera kondenatzen ditu eta okerragoa dena; egiturazkoak izan behar diren neurriak joko parlamentario bilakatu dira. 

Etxebizitzak bizitzeko izan behar dira, ez negozioa egiteko. Izan ere, etxebizitzarena ez da arazo edo kezka soil bat, injustizia sozial ikaragarria baizik. Larrialdi egoera betean bizi gara eta egiturazko neurriak hartu behar dira. Horren ordez, etengabe, nahikoa ez diren eta eskubideak modu partzialean onartzen dituzten lege proposamen eta dekretuak ezartzen aritu da Espainiako Gobernua. Zoritxarrez, eraikuntza ziklo berria ireki eta higiezinen patronalaren aldeko neurri desberdinak lehenetsi dituzte ere bai Pradales zein Chiviteren gobernuek. Errentismoaren alde lerrokatuta jarraitzen dute. 

Eskubide sozialak joko parlamentario bilakatu dira Madrilen, eta horren adibide ere bada pentsioekin gertatzen dena. Truke txanpon bihurtu da eskubide beharko zuena izan, pentsioek balio handitzea besteak beste. Pentsiodunen eros ahalmena ziurtatzea ezin da urtero Madrileko kongresuko bozketen menpe egon. 

Euskal Herrian bizi garen herritar guztiok behar ditugu hemen modu ziur, aske eta duinean bizitzeko oinarrizko baldintza eta eskubideak. Etxebizitzarekin negozioa eten eta prezioak jaisteko neurri politiko eraginkorrak behar dira, etxegabetze guztiak gelditu behar dira, gutxieneko pentsioa bertan osagarritu eta sistema propioa eraikitzeko urratsak eman behar ditugu eta gutxieneko soldata hemen erabaki behar dugu. LABek lorgarriak diren aldarrikapen horien alde borrokara batzeko deia luzatzen die euskal herritarrei, baita bertako gobernuak zein patronalaren jarrera mugiarazteko martxoaren 17ko Greba Orokorrarekin bat egin dezaten ere.

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek

Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai negoziatzailea aktibatu zuenetik, 2010az geroztik iraungita dagoen Udalhitzen hitzarmena negoziatzeko. Alabaina, urte luze honetan gutxi izan dira egon diren aurrerapen eta bilerak eta azaroaren 7an mahai negoziatzailearen 5. bilera burutu zenetik mahaiak deitu gabe jarraitzen du.

Ekainaren 27an aurkeztu genituen LABek Udalhitzen negoziazioari begira ditugun lehentasunezko ildoak, eta geroztik, ez dugu ezertan aurreratu.

Atzera begira egin eta urte honetan gutxi izan dira aurreratu diren ildoak, are egoera berdinean edo okerragoan gaudela baieztatu dezakegu eta Udalhitzen mahaiaren negoziazioak blokeoa bizi duela.

  • 2024ko urriaren 16an EUDELek ordezkaritza dugun sindikatu guztiak deitu gintuen Udalhitzeko mahaia irekitzeko asmoa ofizialki adierazteko.
  • LABetik tokiko administrazioetan negoziaziorik ez blokeatzeko eskatu genuen orduan. EUDELek hasieran adierazi zuen prozesuak iraun bitartean, lekuan lekuko negoziazio kolektiboari uko egin beharra. Atzera egitea lortu genuen.
  • 2025eko urtarrilaren 22an 14 urteren ondoren mahai negoziatzailea bildu bazen ere, mahaia osatzeko adostasunik ez zen egon, besteak beste, ELA mahaitik altxatu zelako. Horrek negoziazioen hasiera luzatu eta atzeratzea besterik ez zuen ekarri. Azkenik, 2025eko apirilaren 10ea, Udalhitz sinatu eta 15 urtera, mahai negoziatzailea eratzea adostu genuen.
  • 2024ko urritik urte eta erdi pasa da, bost bilera egin dira soilik eta edukietan ez da aurrerapausorik eman. Bosgarren eta azken bilera 2025eko azaroaren 7an izan genuen. Bilera horretan, besteak beste, euskararen normalizazioa eta lege-babesa landu behar genituen, baina EUDELek ez zuen inolako posiziorik ekarri, bere lehendakaritza duen EAJ alderdia posiziorik gabe etorri baitzen eta negoziazioa oztopatu baitzuen. Gogoratu nahiko genuke euskararen gaiari dagokionez, LABek bat egiten duela EHBilduk euskararen gaiari lotuta aurkezturiko proposamenarekin; hain zuzen ere, udal erakundeetan euskara eta gaztelania maila berean parekatzeko ekimenarekin.
  • Azken bilera horretan LABek EUDELi eskatu zion langileekiko arduraz eta begirunez joka zezala eta Udalhitz berrirako akordio-zirriborro integrala lehen bai lehen bidaltzeko eta mahaira eramateko. Izan ere, bilerak egin bai baina gaur gaurkoz edukiak mahai gainean jarri gabe jarraitzen dute eta zirriborrorik ez dugu jaso. 

Gauzak horrela, urte eta erdi luze ondoren ikusita LABek proposaturiko lehentasun ildoetan aurrerapenik ez dagoela eta azaroaren 7az geroztik daukagun blokeo egoeraren aurrean, LABek mobilizazioekin hasteko garaia dela adierazten du, grebara joatea ere baloratuz. Zentzu horretan, mobilizazio horiek ELA eta LAB sindikatuen artean modu bateratuan egitea hobetsiko genuke eta norabide horretan lan egiteko prestutasuna dugu. Bien bitartean LAB otsailetik aurrera mobilizatzen hasiko da, eta abiatuko duen mobilizazio dinamikara batzeko deia egiten die langileei, EUDELek behingoz mahai-negoziatzailea deitu eta edukiz bete dezan.

Arabako eraikinen eta lokalen garbiketako hitzarmenean adostutako aurre-akordioak amore ematea dakar, eta sektorea prekarietatera kondenatzen du

Gaur, urtarrilak 30, sektoreko patronalak, UGT, CCOO, eta USO sindikatuak aurreakordio batera heldu dira, 2029ra arte luzatuko den Arabako eraikin eta lokalen garbiketako hitzarmen berria izango dena.

LAB sindikatutik aurreakordioaren eduki nagusien aurka agertu behar dugu. Alde batetik, hitzartutako soldata-igoerek ez dute loturarik KPIarekin, eta horrek esan nahi du eros ahalmena galtzeko arriskuan egongo garela, azken 5 urteetan gertatu den bezala, non sektoreko langileok %14 inguru pobretu baitara.

Eta beste alde batetik, ABE osagarrien murrizketa dago. Negoziazio osoan, horixe izan da patronalak gehien tematu diren puntuetako bat. Absentismoa deritzotenaren diskurtso faltsuaren pean, non emakume langile guztiak behin eta berriz kriminalizatzen aritu diren, haien helburu nagusia sektoreak duela urte askotatik kontsolidatuta zuen eskubide bat murriztea izan da. Hemendik aurrera, langileak ekonomikoki zigortuak izango dira bajaren lehen 20 egunetan, gaixotze hutsagatik.

Aurre-akordio hau UGTren, CCOOren, eta USOren hanka sartze handi bat dela da. Sindikatu horiek amore eman dute patronalen asmoetan, eta uko egin diote sektoreak baldintza duinak izan ditzan borrokatzeari. Negoziazioa hartzen ari zen garapena ikusita, irailean LABeko ordezkariek gainerako sindikatuei (UGT, ELA, CCOO eta USO) mobilizazio-egutegi bateratua adosteko deia egin zieten, baina hiru sindikatu horiek uko egin zioten eskaintzari.

Azken batean, aurreakordio honek langile horien egoera prekarioan sakontzea dakar, LGSa ozta-ozta gainditzen duten soldatekin irautera kondenatuta baitaude. Lanaren banaketa sexualaren adibide garbia da sektore hori, gutxietsita baitago eta aurreakordio honekin soldata-arrakala betikotzen baitu. 

LABek Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan arreta zuzeneko ordu jaitsieraren epaia irabazi du!

Gizarte ekimeneko patronalei dei egiten zaie epaia lehen bai lehen betetzeko

LAB Sindikatuak adierazten du EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman diola: etapa guztietan arreta zuzeneko ordu jaitsiera aplikatu behar da eta ordu hori lan pertsonalerako 5. ordua bilakatuz.

Epaiak dio neurri hau aplikatu beharrekoa zela ikasturte hasieratik, beraz, LABek Gizarte Ekimeneko patronalei eta ikastetxeei dei egiten die epaia lehen bai lehen bete dezaten. 2025eko irailetik irakasleek etapa guztietan sartu dituzten ordu gehigarri guztiak konpentsatuz 

Bi urte betetzear daude 14 greba egunen ondoren Greba Amaierako Akordioa sinatu zenetik. Ordutik, patronalak harroputz jokatu du eta mahai negoziatzaileetan akordioa bera ez zuela beteko adierazi zuen, horrela jardun duelarik ikasturte hasieratik.

LAB Sindikatuak, egoera honen aurrean, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuekin elkarlanean eta batasun sindikala landuz ekintza sindikala aktibatzea besterik ez zuen izan. Mobilizazio ezberdinak burutu dira akordioa betetzeko aldarrikatuz, azkena epaiketa egunean, urtarrilaren 20an bertan.

Arreta zueneko ordu jaitsieraren auzian ekintza sindikalaz gain LABek bultzaturiko gatazka kolektiboari esker bide judizialean epaitegiak arrazoia eman dio, akordioan jaso zen lan-baldintzen hobekuntza halabeharrez bete beharrekoa izanik. Honek berretsi egiten du egindako borrokaldi eta bide luzea, borrokak merezi du.

Ezin da ahaztu greba bukaerako akordioa sinatu zenetik hau dela LABek epaitegietara jotzen duen bigarren aldia, eta bai aurrekoan zein honetan aldeko epaia lortu da. Harroputz jokatzen ari den patronalak akordioa bere horretan eta sindikatuokin sinatu zuen bezala bete behar duela adierazi dio epaiak. Eta LABetik exijitu egiten diegu patronalei zein ikastetxeei ez errekurritzeko eta hau lehen bai lehen bete dezaten. Ez betetzea langileen eta ikastetxeetako hezkuntza proiektuen kalterako litzatekeelako bakarrik.

Bukatzeko, LABek berretsi egiten du tinko jarraituko duela arreta zuzeneko ordua murriztu eta lan pertsonalerako bilakatzen dela ikusi arte. Horretarako, orain arte bezala beharrezkoak izango diren pausoak emango ditu, bide juridikoa zein ekintza sindikala uztartuz, akordioan sinatutako eduki guztiak bete eta hitzarmenean jaso arte. 

Eskola publikoen fusioek ezin dute D ereduko ikaspostu publikoen murrizketarik ahalbidetu eta puntako eskola publikoak eraikitzeko baliatu behar ditugu

Halaber, Hezkuntza Sailak aurreko ikasturtetik gai honekin izan duen gardentasunik eza salatzen du

Aste honetan prentsan bolo-bolo dabilen gaia izan arren, LAB sindikatuarentzat ez da berria eskola publikoen fusioa. Izan ere, aurreko ikasturtetik fusionatuko diren eskoletako langileekin eta familiekin lanean aritu gara tokian-toki informazioa jaso eta LABen proposamenak egin eta prozesuetan eragiteko. 

Alta, LAB sindikatutik esan behar dugun lehenengo gauza da Hezkuntza Saila bere kabuz aritu dela prozesu hauek egiten. Eta salatzen dugu sailak izan duen gardentasunik eza, izan ere, mahai negoziatzaile zein lurraldeetako berme batzordeetan egin ditugun eskari eta galderen aurrean ixilik egon da eta sindikatuokin ez du ezertxo ere partekatu.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskola publikoetako fusioen aurrean LABek bi egoera oso ezberdin identifikatzen ditu. Batetik, eskola publikoen itxiera bezala kamuflatzen ari diren fusioak. Hezkuntza Sailak urteetan zehar egin dituen politikek eragindakoak, izan ere, eskola horietan apustu irmorik ez egiteak eta herri konkretu horietako eskola maparen konfigurazioak (gaineskaintza egoera ahalbidetzeagatik) matrikulazio gutxiago izatea eragin du eta eskola horiek ixtera. Kasu horri erantzuten dioten itxierak guztiz arbuiatzen ditu LABek. Arazoa estrukturala da eta hezkuntza-sistemaren antolaketari eta eskola maparekin zerikusi zuzena du. Tokian-toki era deszentralizatuan eraldatu behar dena.

LAB sindikatuak uste du ezin ditugula galdu D eredukoak diren ikaspostu publiko gehiago. Gure helburua sare publiko berri bakar bat osatzea da, non D eredukoak diren ikaspostuak erdigunean egongo diren. Eta hortaz, iruditzen zaigu herriz herri eskola mapan eragin eta erabakiak hartu behar ditugula. Jaiotze-tasaren jaitsiera dugun eta ikasleen eskolaratzean haur gutxiago matrikulatzen diren -matrikulazio arrunta zein bizia kontuan izanik- testuinguruan gaudela argi izanik, ikaspostuak murrizten ari direla errealitate bat da; eta horren aurrean, LABek argi du: murrizketak laikoak ez diren eta D eredukoak ez diren ikaspostuetatik hasi behar dira.

Eta bestetik, iruditzen zaigu fusio batzuk egokiak direla eta zentzua daukatela. Fusio horien bitartez sortuko den proiektua hobea izan behar delako, utziak egon diren eta konplexutasun indize altua edo oso altua duten eskola publiko horietan eraldaketa gauzatuz euskalduntzen duten eta inklusiboak diren kalitate handiagoagoko eskola publikoak eraikitzea dagokigulako.

Horretarako, alde batetik, langile guztiei lanpostuak bermatu behar zaizkie. Hezkuntza publikoko langile zuzenen kasuan LAB lortzen ari dena, langileen lau kolektiboetan aurreko urtean sinatu zituen lan-hitzarmenen bitartez eta plantillak esleitzeko irizpideen akordioen bidez, hain zuzen ere. Langile publikoez gain, azpikontrataturiko langileentzat berme guztiak eman eta ezarri behar ditu sailak. 

Alabaina, zentzuzkoak diren fusio horiek ondo egin eta ahalik eta arrakastatsuenak izan daitezen hiru gauza eskatzen dizkiogu Hezkuntza Sailari: 

1. Fusioetarako baliabide estrukturalak irakasleetan. Langile gehiago behar ditugu egunerokoari erantzuten aritzeaz gain, etorkizuna eraikitzean edo prozesuan bertan inbertitzeko. Aurreko ikasturtean fusioetarako baliabide gehigarriak lortu genituen greben bitartez eta eskolaz eskola egindako lanari esker. Orain, irakasleen lan-hitzarmena sinatu dugun sindikatuokin mahai parekidean tratatu behar dira, sortu diren behar berriak aztertu, egiturazko bihurtu eta eskola guztiei berdina eskaini. 

2. Azpiegituretarako finantzazio handiagoa, aurrekontu partida propioarekin. Hezkuntza Saila 40.000€ ematen ari zaio (kasuren batean gutxiago ere) obra txikietarako ikastetxe bakoitzari. Horrek ez du ezertarako ematen eta sailak hezkuntza komunitate horietan adierazitako bestelako obrak asmoetan geratu dira. LABek apustu bat eskatzen du azpiegituretan. Berehalakoa izango den apustu ekonomiko bat, obra handiagoak egin eta hobeak diren eta puntakoak izango diren eskola publikoak izateko. 

3. Hezkuntza proiektu berriak izateko beharrezkoak diren bidelaguntzak. Hezkuntza Sailetik prozesua bideratzen lagunduko duten figurak, hezkuntza proiektu berriak erabakitzerakoan sortu daitezkeen ikuspegi desberdinen aurrean erabakiak hartzeko prozesuak egiteko, eta benetan euskalduntzen duen eta inklusiboa den eskola publiko bat erdigunean jartzeko. 

LABen iritziz erronka aukera bilakatzeko ordua da, horregatik, ezinbestekoa da Hezkuntza Sailak hiru arlo hauei erantzunez euskalduntzen duten zein inklusiboak diren eskola publiko horietan tamainako apustua egitea. Horrekin batera, tokian-toki eskola maparen planifikazioan erabakiak hartzeko prozedurak jarri behar dira martxan, ikaspostuen murrizketak laikoak ez diren eta D eredukoak ez diren horietatik hasi daitezen. LABek ildo horretan jarraituko du borrokan zein lanean. 

Lan ikuskaritzen aurrean lan baldintza duinak aldarrikatu, eta martxoaren 17ko greba orokorrerako deia egin dute etxeko langileek

Etxeko langileen lan baldintzak babesteko benetako bermeak emango dituen kontrol eta jarraipen mekanismoak eskatu ditu LABek. Era berean, sektoreko langileen prekaritatea LGS propiorik ezarekin lotuta dagoela salatu dute. 

LABeko etxeko langileen sail sindikalak etxeko langileek eta zaintza sektoreko milaka langilek jasaten duten prekarietatea salatu du. Prekaritate horrek Euskal Herrian LGS lanbide arteko gutxieneko soldata propio bat negoziatzeko borondate ezarekin du zerikusia, baita hitzarmen kolektibo propio baten faltarekin ere Nazioarteko Lan Erakundearen 189. hitzarmenean berresten den bezala.

EAEko eta Nafarroako Lan Ikuskaritzaren inpunitatea sektoreko lan baldintzen erregulazio faltarekin lotuta dago. Hori dela eta, Lan ikuskaritzei mekanismo eraginkorrak eskatzen dizkie LABek, lanaldiaren benetako erregistroa kontrolatzeko. Lanaldiaren benetako erregistroa kontrolatzen bada, ekidin egingo dira lan abusuzko eta esplotaziozko jarduerak; hala nola, presentzia orduak eta gaua bertan igarotzea. Horrez gain, etxebizitzak ikuskatzea eta kontrolatzea eskatzen du LABek, etxe barruan gertatzen dena kontrolatzeko tresnak erraztuz. Bukatzeko, Lan Ikuskaritza sektoreko lan arriskuen kontrolean inplikatzea eskatzen du, langileen segurtasuna bermatzeko helburuarekin.

Sindikatua Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mobilizatzen ari da egunotan Lan Ikuskaritzari hiru kontrol neurri horiek exijitzeko; Iruñean, astelehenean; Bilbon, atzo; Donostian, gaur; eta Gasteizen, bihar. Horrekin batera, bilerak eskatu dizkie lau ikuskaritzei, aldarrikapen horiei behingoz hel diezeieten.

Izan ere, ezin da etxeko langileak barne erregimenean esklabizatzen jarraitu: adierazle ekonomiko bakarra LGSa da, nahiz eta jakina den benetako lanaldiek langileak 60 ordu edo gehiago lan egitera kondenatzen dituztela, jakinda langileak ez direla konpentsatzen; ez diruz, ez atsedena emanez. Egoera horrren aurrean, Lan ikuskaritza geldirik dago, eta ez du langileen lan baldintzak babesteko benetako bermeak emango dituen kontrol eta jarraipen tresnarik sortu.

Patronalaren eta inplikatutako administrazio publikoen inpunitatea salatu nahi du LABek. Etxeko langileen prekarietateak LGS propioa negoziatzeko eskubidea aldarrikatzera behartzen du, gutxieneko soldata propioaren bidez soldatak nabarmen hobetuko baitira eta horrek ekarriko baitu Euskal Herriko emakume* langileei bizi baldintza duinak beramatzea. Horregatik, LABek dei egiten die sektoreko langileei martxoaren 17ko greba orokorrean parte hartzera eta mobilizatzera. 

 LABek grebak deitu ditu EAEko eskola publikoetako jangeletan otsailaren 24, 25 eta 26an

EAEko eskola publikoetako jangeletako langileek mobilizazioak hasiko dituzte hitzarmen kolektiboa blokeatu delako, soldata igoerak aplikatu ez direlako eta ratioak, funtzioak eta lanaldiak hobetzeko aurrerapenik egin ez delako.

EAEko kudeaketa zuzeneko jangelen hitzarmeneko sindikatuen artean hainbat bilera egin ondoren, ELA sindikatuak batasun sindikalaren espazioa haustea eta bakarkako bidea aukeratzea erabaki du, ekintza batasunaren aurretik bere siglak jarriz. LABen iritziz, erabaki hori arduragabekeria bat da, indar kolektiboa ahultzen duena, sektorearen aldarrikapen historikoetako bat, hain zuzen ere, sindikatuen batasuna izan denean.

Mobilizazio horiek eragin dituzten aldarrikapenak argiak izan dira, eta intersindikala osatzen dugun sindikatu guztiekin partekatuak izan dira: patronalari negoziatzera esertzeko eta enpresek langileei ordaintzeke dauden soldata igoerak ordaintzeko eskatzea, bai eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari negoziatzera esertzeko eskatzea, ratioak, funtzioak zein lanaldiak arautzen dituzten araudiak aldatzeko.

LABetik kalera ateratzeko beharra defendatzen dugu, langileek beraiek adierazi duten bezala, bai batzarretan, bai lantokietara egindako bisitetan ere.

Horregatik guztiagatik, LABek grebarako deia egin du otsailaren 24, 25 eta 26rako, enpresei negoziatzeko eta zor dituzten zenbatekoak ordaintzeko eskatzeko, bai eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari bere erantzukizuna bere gain hartzeko eta ratioei, funtzioei zein lanaldiei buruz negoziatzeko eskatzeko.

Azkenik, LABek, hitzarmen honetan gehiengoa duen sindikatu gisa, dei egiten die gainerako sindikatuei mobilizazioekin bat egin dezaten eta EAEko eskola publikoetako jangeletako langileen eskubideak defendatzeko batasun sindikala berreskura dezaten.