2025-12-29
Blog Page 215

ASKE maitatzearen harrotasuna

Ekainaren 28 honetan LABek mobilizaziorako deia egiten du. Kaleak hartzeko deia egiten dugu, baita kolektiboaren aldarrikapenak babestekoa eta lantokietan aske maitatzearen harrotasuna defendatzekoa ere.

Bizi garen sistema heteropatriarkal kapitalista honetan, heteroarautik ateratzen den oro zigortu egiten da. Lantokiak ez dira ez leku seguruak ezta leku erosoak ere langileentzat, orokorrean, baina are gutxiago, prekaritateak babesik gabe uzten duen gaurko lan munduan, kapitalak ezarritako langile eredu hegemonikoaren neurria ematen ez duenarentzat.

Kezkaz ikusten ari gara nola jarraitzen duten gertatzen eraso LGTBI+fobikoek gure auzo, kale eta lantokietan. Horren aurrean, sexualitatea askatasun osoz bizitzeko hautu zilegia baino are gehiago dela aldarrikatu nahi dugu: kapitalismo heteropatriarkalak inposatutako leku, eredu eta roletatik askatzen gaituen hautu bezala ulertzen dugu. Izan ere, sexuaren araberako lan banaketa posible egiten duena bikote heterosexualean oinarritzen den familia nuklearra da. Familia funtsezko instituzioa da produkzio eta erreprodukziorako gaurko sistema existitu dadin, eta berau betikotzeko.

LABek tresna izan nahi du LGTBI harrotasunerako lan eremuan bermeak jartzeari begira, langile guztion eskubideen alde egiten baitugu. Lantokietan ere aske maitatzearen harrotasuna borrokatu behar dugu, eta, horregatik, urteak daramatzagu enpresetan sexu eta genero identitateen aldeko proposamenak eta lanketak garatzen. Hala ere, oso argi dugu diskriminazioarekin bukatzeak enpresen esku bakarrik jarraitzen badu, eskubideen aitortzak formalismo hutsa izaten jarraituko duela.

Borroka honetan jarraituko dugu, gure sexu identitate eta orientazioa askatasunez bizitzeko zigorrik eta diskriminaziorik ez izateko neurri errealak har daitezen eta sexu askatasuna lantokietan ziurtatuko duten diskurtso eta politika publiko eraginkorrak exijitzen:

  • Negoziazio kolektiboan klausulak proposatu eta borrokatzen. Enpresak diskriminazio guztiak ekiditera eta prebenitzeko neurriak hartzera behartuta daude, eta, zentzu horretan, aniztasun sexualarengatiko diskriminazioa ere hartu behar dute kontuan. Era berean, neurri eta prozedura zehatzak ezarri behar dituzte jokabide homofoboak prebenitzeko, kexak eta salaketak jasotzeko eta horiei erantzun egokia emateko.
  • Indarkeria matxistaren kontrako protokoloetan ere lanketa espezifikoak txertatzea. Aurretik ere eskatzen bagenuen ere, otsailaren 28ko 4/2023 Legeak, trans pertsonen benetako berdintasun eraginkorrari eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzkoak, horretarako bermeak ematen dizkigu.
  • Gure apustua Berdintasun Planetan ere diskriminazioarekin bukatzeko neurri neurri zehatzak jasotzea da. Aniztasun sexualaren errealitatea kontuan izanik, sentsibilizazioa egiteaz gain, ziurtatu behar da bizi baldintza duinak edukitzeko arazoak eta oztopoak ez direla jarriko, eta elkarbizitza bultzatzea izango dela helburua. Errealitate anitzak daudela onartu eta ikusaraztea izango da lehentasuna.

E. Leclerc hipermerkatuetan langileek bost eguneko lan astea izatea #LortuDugu

Enpresarekin hainbat bilera egin ondoren, langileen batzar batzuk egin ondoren, lanuzte eta mobilizazio deialdiak egin ondoren, Morea merkataritza guneko (Cordovilla, Nafarroa) E. Leclerc hipermerkatuko Enpresa Batzordeak, non LAB baita lehen indar sindikala, hobekuntza batzuk lortu ditu Saltoki Handien hitzarmenaren gainetik, besteak beste, astean bost eguneko lanaldia. Langileak zoriondu nahi ditugu lortutako akordioagatik, eta mugarritzat jotzen dugu Merkataritzaren sektorean.

Merkataritzaren sektorean ezinezkoa dirudien arren, Cordovillako E. Leclerc hipermerkatuan mugarri bat lortu berri da lan baldintzen hobetzean: astean bost egunez lan egitea. Eta hori lortu da plantillaren antolakuntzari esker, bukaera arte irmo eta aktibo mantendu delako, eta LAB sindikatuaren bulkadari esker –13tik 6 ordezkari ditugu Batzordean–.

Bost eguneko asteko lanaldiaz gain, hemendik aurrera langileek urtean gutxienez zazpi asteburutan (larunbatetik astelehenera) gozatzeko aukera izatea ere lortu da, hitzarmeneko urteko lanaldia 12 ordutan murriztu da eta norberaren aferetarako egun bat gehiago lortu da.

Eta sindikatu honek pentsatzen duenez, enpresa bateko plantilla finkoaz gain, behin-behineko langileak ere kontuan hartu behar direla baldintzak hobetzeko, negoziazioaren zati izan da eta akordioan sartzea lortu da ABLEetako langileak enpresako plantilla mugagabean sartzea; horrek nabarmen hobetuko ditu haien lan-baldintzak.

Berriz ere egiaztatu ahal izan da errazagoa dela gauza handiak lortzea langileak antolatzen direlarik guzti-guztien lan baldintzak hobetzeko borrokatzen den sindikatu batekin. LABek jarraituko du E. Leclerceko plantillaren lan baldintzak hobetzeko borrokan, bai eta astean bost eguneko lanaldia izatea merezi duten Merkataritzako gainontzeko langileen lan baldintzak hobetzeko borrokan ere.

Bilboko suhiltzaileek grebara joko dute uztailaren 1ean, 6an, 7an eta 8an

Azken urteotan Bilboko Udaleko suhiltzaileak Udalaren kudeaketa txarra jasaten ari direnez, 2022. urtearen amaieran talde horrek erabaki zuen planto egitea, eta aldarrikatu zuen bertan behera utzi behar zela agindutakoa ez betetzeko eta engainuak baliatzeko jokabidea. Hala, protestatzeari uzteko mehatxu gehiagorik onartuko ez dutela argi utzi dute.

2022ko urtarrilean, udal-anbulantzia kentzea eta Osakidetzaren sarearekin koordinaziorik ez egoteak osasun-langileen lana egitera behartu zituen, anbulantzia iritsi bitartean (batzuetan 40 minutuz izan dira zain). Osasun-langile gehiago eta anbulantzia gehiago behar dira Bilbon.

Miribillako parkeko akatsak ere ezin aipatu gabe utzi. Parke honen mugak eta egokitze-gabezia jasan dituzte 2012an inauguratu zenetik gaur egunera arte, eta ez dago horiek konpontzeko benetako borondaterik. Deustuko Parkeari dagokionez, egindako presioari esker, eztabaidatzen ari den proiektu bat dago, baina Alkateak oraindik ez du konpromisorik hartu legegintzaldi honetan eraikitzeko.

Bestalde, suhiltzaileek urte asko daramatzate beren eguneroko lana arautzen duten baldintzak argirik gabe. Horrela, Zuzendaritzak, Giza Baliabideen Sailarekin batera, ausazko irizpideen araberako erabakiak hartzen ditu, unearen arabera. Badirudi Barne Araudi baterako zirriborro bat dagoela, baina langileek ez dute ezagutzen haren edukia.

Aurreko guztia, neurri handi batean, bi hamarkadatan izandako kudeaketa eskasaren ondorio da. Zuzendariorderik ez duen sail bakarra da udalean, eta hilabeteak daramatzate horrela. Zerbitzuak urteak daramatza norabide argirik gabe, ez baitago Plan Zuzentzailerik: 120.000 euroko makina bat, inoiz erabili ez dena, orain dela gutxi zaramara bota dute; 500.000 euro inguruko bi ibilgailu ere badaude, esku-hartzeetan ia erabili ez direnak, eta abar.

Ez da lanpostuen baloraziorik egingo, nahiz eta zinegotziak eta Giza Baliabideen zuzendariak egingo zela hitz eman (duela 25 urte egin zen azkena), eta lanbidea asko teknifikatu da. Horrez gainera, lehenago azaldu bezala, sarri osasun-langileen lana egin behar dute suhiltzaileek, anbulantzia eta osasun-langile gutxi daudelako.

Aurrez aipatutakoez gain, prestakuntza etengabea eta kalitatekoa eskatu dute Bilboko suhiltzaileek. 2022aren amaieran mobilizatu behar izan zuten autolitikoei (suizidak) buruzko kalitateko ikastaro bat jasotzeko. 2022rako zegoen programatuta eta egutegian jasota, eta azken unean bertan behera utzi zen. Eta horrela behin eta berriz. Prestakuntza oso garrantzitsua da kolektiboarentzat, eta Giza Baliabideen Sailak ez du aurreikusten bere aurrekontuetan. Gainera, Arkautirekiko harremana zaila da.

Gaur egungo gatazka-egoera azken hilabeteetan areagotu egin da, eta udaleko beste langile batzuek ere jasaten dute. Hori dela eta, Bilboko suhiltzaileek neurri sakonagoak hartu behar dituzte, eta herritarrei jakinarazi nahi dizkiete. Ez lituzkete hartu nahi, baina behartuta daude.

Ondoren zehazten diren neurriak ekainaren 22ko batzarrean onartu ziren, eta, zalantzarik gabe, udalak datozen egunetarako aurreikusitako segurtasun dispositiboari eragingo diote, baita gertaera horietatik kanpo gerta daitezkeen larrialdiei ere. Hauek dira:
• Grebarako deialdia uztailaren 1erako (Frantziako Tourraren etapa) eta uztailaren 6, 7 eta 8rako (BBK Live jaialdia).
• Suhiltzaileen aldarrikapenak eta nekea Bilboko kaleetara zabaltzea, Frantziako Tourraren etapan eta BBK Live Jaialdian barne.
• Gerta daitekeen edozein gorabeheraren aurrean, zerbitzua ez indartzea, egin ohi den bezala. Aspalditik esan izan diete ezetz aparteko orduei. Horretarako, lan-poltsako langileak dituzte. Une jakin batzuetan, beste modu batera egiteko ezintasunagatik behar izan denean, aparteko orduen kontura indartu behar izan da zerbitzua, udalak ez duelako ordaintzen denbora librearekin egindako lana. Orain, protesta-neurri gisa, ez diote zerbitzuari lagunduko errefortzu horietan.

Igor Arroyo: “Lantokietan ere bizi baldintza duinak eta bizitza anitzak nahi ditugula aldarrikatzeko data garrantzitsua da guretzat ekainaren 28a”

Bizkaia Irratiko Goizeko Izarretan irratsaioan egon da Igor Arroyo, LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra. Biharko LGTBI+ harrotasunaren eguna, zaintzaren afera edota sindikatua Osalanen parte hartzera itzultzeaz mintzatu da, besteak beste.

Sindikatuak idazkari nagusiaren figura koordinatzaile orokorrenarekin ordezkatu zuzenetik urtebete igaro den honetan, Igor Arroyok nabarmendu du Garbiñe Aranbururekin partekatzen duen arduraz balorazio ezin positiboagoa egin duela sindikatuak, eta apustuarekin asmatu zutela adierazi du.

Elkarrizketan zehar Bizkaian puri-purian dauden bi gatazka izan ditu ahotan Arroyok, biak ere zaintzarekin loturikoak: Esku-hartze sozialekoa eta Urdulizko Santa Mariñe egoitzakoa. Ildo horretan, zaintza lanei duten balioa aitortzeko premia eta LABek proposatzen duen banaketa hirukoitzaren beharra azpimarratu du.

Elkarrizketa esteka honetan entzun daiteke: https://bizkaiairratia.eus/podcast/igor-arroyoprebentzino-neurriak-beteteko-determinazino-politikoa-eskatuko-dogu-osalanen/

Arabako nagusien egoitzetan grebara joko dugu hilaren 29an eta 30ean

Patronalak hitzarmenaren negoziazioan ezarri duen blokeo egoera behingoz amaitzeko eta Foru Aldundiaren esku-hartzearen premia nabarmentzeko aterako gara kalera.

LAB eta ELA sindikatuok, dagoeneko sektorean 22 greba egun egin ditugun honetan, adinekoen egoitzetako eta etxebizitza komunitarioetako langileak beste behin ere deitu ditugu kalera atera daitezen, Arabako egoitzetako langileentzako hitzarmen propio baten beharra salatzen jarraitzeko. Hala, ekainaren 29an (osteguna) eta 30ean (ostirala) greba egingo dugu.

Lau urte baino gehiago daramatzagu beharginen lan-baldintzak hobetuko dituen adinduen egoitzen hitzarmena eskatzen. Adinduen egoitzetako langileok, funtsezko langileak garen heinean, hobekuntza nabarmena merezi dugu soldatei, lanaldiei, lizentziei, Aldi Baterako Ezintasunagatiko osagarriei, ratioei eta abarri dagokienez. Egoitzetako egoera erabat kezkagarria da: gure osasuna kaltetzen duten lanaldi luzeak, gaixoarazten gaituzten lan fisiko eta mentaleko kargak, miseriazko soldatengatik jo eta ke lan egin beharra, lanaren eta familiaren arteko uztartzea ez da existitzen… eta hobekuntzak eskatzen ditugunean, ez patronalak ez erakundeek ez gaituzte entzun nahi.

CREA, LARES eta AKRA patronalek Arabako adinduen egoitzetako lehen hitzarmena negoziatzeko asmorik ez dutela salatzen dugu. Martxoaren 15etik ez diote gure proposamenari erantzun, eta otsailaren 21etik ez dute sektoreko beharretara hurbiltzen den negoziazio-proposamenik mahaigaineratu; patronalaren azken proposamena erabat eskasa da. Patronalaren asmoa da gerokultore batek, 2028. urtean, hilean 1340 euro gordin kobratzea, urtean 1742 ordu lan egitearen truke. Gure bizi-kalitaterako eta lan-kalitaterako gutxieneko hobekuntzak proposatzen ditugu eta patronalak apurrak baino ez ditu eskaintzen, gure lanaren eta egoiliarren osasunaren kontura etekina ateratzen jarraitzeko. Patronala da Hitzarmen honen negoziazioa blokeatzen ari dena, ez baitu gure aldarrikapenetara eta beharretara inondik inora hurbildu nahi.

Arabako Foru Aldundia interpelatzen dugu behingoz esku har dezan, gure adinekoei eskaintzen dieten zaintza prekarioari eta bizi-baldintza txarrei esker enpresa horiek irabaziak izateari utz diezaioten. Aldundiak baztertu egiten du egoitzen kudeaketa zuzena, eta guztion diru publikoa enpresa pribatu horien eskuetan jartzen du. Urkullu lehendakariak soldatak igotzeko eskatu zuen aurreko ostiralean enpresa-topaketa batean; hemen, Araban, egoitza pribatuen eta hirugarren adinekoen etxebizitza komunitarioen hitzarmenarekin, horretarako lehen aukera aparta du. Erakundeak ere Hitzarmena blokeatzearen erantzule dira, izan ere, bitartekaritza eta negoziazioa erraztu beharrean, beste alde batera begiratzen du, eta ez du bere gain hartzen sektoreko langileen lan- eta bizi-baldintzen ardura.

Arabako hirugarren adineko biztanleak artatzen dituzten egoitzetako langileek erabateko prekarietatea bizi dute, eta horrek oso leku txarrean uzten ditu sektore honen ardura duten patronalak zein erantzukizuna duten erakundeak.

Denok dakigu zein garrantzitsua den duintasunez zaintzea eta duintasunez zaindua izatea. Argi daukagu egoerak iraun egingo duela Arabako egoitzen lehen hitzarmena lortu arte, hitzarmenaren bidez arautuko ditugulako soldata duinak, ordutegi-murrizketa, lana eta familia bateragarri egitea, Aldi Baterako Ezintasunagatiko osagarriak lehen egunetik…

Blokeo horren aurrean, kalera ateratzea erabaki dugu beste behin, eta bi sindikatuek deitutako mobilizazioetan parte hartzera animatu nahi zaituztegu:

  • Ekainak 29 GREBA – Mobilizazioa 11: 00etan Plaza Berritik.
  • Ekainak 30 GREBA – Mobilizazioa 11: 00etan Albertia Campusetik.

Michelingo hitzarmenek zapore gazi-gozoa utzi digute

Langileen borrokari esker enpresa negoziatzera behartu eta hobekuntza batzuk erdietsi dira Lasarteko lantegiaren kasuan. Gasteizkoari dagokionez, zentroarteko batzordetik at egoteko beharra nabarmendu dugu.

Ezer baino lehen, zorionak Michelingo langileei, beren borrokari eta konpromisoari esker enpresa negoziatzera behartua izan delako eta, hala, ez duelako nahi zuen hori lortu: negoziazio laburra, borrokarik gabea eta lan-baldintzetan beheranzko joera duena.

Enpresak negoziazioaren hasieran aurkeztu zuen proposamena atzerakoia izan zen, lan baldintzak okertzen zituen. Horrek langileen haserrea eragin zuen, eta beren batasunarekin eta borrokarekin, Michelin bere planteamenduetan atzera egitera behartu zuen. Beraz, borrokak merezi duela argi geratu da.

Borroka horri esker, langileen lan-baldintzetan hobekuntzak lortu dira, hala nola, kontratazio berrietarako soldata-eskala bikoitza kentzea eta lanaldiaren murriztea Team Building delako jardunaldia kentzen.

Bestalde, Lasarteko nahiz Gasteizko plantillek oso argi dute Michelinen estatu mailako zentroarteko batzordetik kanpo egotearen garrantzia, LABen Euskal Herrian negoziatu eta erabaki beharra defendatzen baitugu, eta Gasteizen ez da halakorik ahalbidetu. Arabako hiriburuko lantegiko beharginek akordioari ezetza emateko bozkatu zuten, baina estatuko zentroartekoaren barruan zegoenez eta hor baiezkoa nagusi izan zenez, emaitza ez zen errespetatu.

Beraz, beti defendatu izan duguna defendatzen jarraituko dugu LABen, hau da, estatuko negoziazio-esparruetatik kanpo egoteko beharra. Ildo horretan, erreferendum bat bultzatuko dugu Gasteizko lantegia, Lasartekoa bezala, estatuko negoziazio-eremutik kanpo egon dadin, hemen lan egiten dugulako, hemen negoziatzen dugulako eta hemen erabakitzen dugulako.

Urdulizko Santa Mariñe egoitzan baldintza duinak eskatu eta zaintza etekin ekonomikoen gainetik jarriko duen eredua aldarrikatzen dugu

Gerokultoreek bi hilabete baino gehiago daramate egunero 15 minutuko lanuzteak egiten, GSR enpresaren immobilismoa ikusita.

Alde batetik, gerokultoreak paziente diabetikoei intsulina emateaz arduratzea nahi dute, eta horrek, langile horien funtzioetatik erabat kanpo egoteaz gain, egoiliarren osasuna arriskuan jartzen du, ez gerokultoreek ez erizaintzako laguntzaileek ez baitute horretarako prestakuntzarik.

Bestalde, nahiz eta GSRk errespetua darabilen ahotan behin eta berriro, Santa Mariñen tratu txartzat jo daitezkeen egoerak gertatzen dira egunero; izan ere, oraindik ere, gutxi gorabehera 7 minutu ditugu egoiliar bakoitza oheratzeko.

Azkenik, grebarako duten eskubidea aldarrikatu nahi dute; eskubide hori behin baino gehiagotan urratu da mehatxuen, derrigortzeen eta askotariko oztopoen bidez. Hori gutxi balitz, GSRk grebetan parte hartu duten grebalari batzuei kontratua ez die luzatu edo alde batera uztea erabaki du, eta ohartarazpen eta salaketa espediente ez oso gardenak ezta sinesgarriak ireki dizkie lanuzteekin bat egiten zuten langile batzuei. Bitartean, horiei egozten zaizkienak baino hutsegite larriagoak jasan behar izaten dituzte langileek.

Bada, zaintza eredu duin baten alde borrokatzen jarraituko dugu, bai egoiliarrentzat, baita langileentzat ere. Eredu horretan langileen eta egoiliarren duintasuna arlo ekonomikoaren gainetik kokatuko da, nahiz eta GSRrekin oso urrun gauden helburu horietatik, Pertsonarengan Oinarritutako Arretarekin ahoa betetzen zaien arren. Edonola ere, benetan betetzen dutena haien poltsikoak dira, eta ez, hain zuzen, aldarrikatzen dituzten baloreekin.

Langileek eskerrak eman nahi dizkiete senide guztiei plantillari emandako laguntzagatik eta elkartasunagatik, eta GSRren axolagabekeriagatik sentitzen duten haserrea partekatzen dutela adierazi dute.

Enpresako Zuzendaritzak hainbat pertsonari jakinarazi die plantilla berritzeko asmoa, GSRk langile otzanak nahi baititu. Bada, une hori iritsi arte egoiliarren eta langileen eskubideen alde borrokan jarraituko dute.

Onartezina da gizartearen alde zaurgarrienak egunero horrelako tratua jasatea, publikoa izan beharko lukeen zaintza sistemak etekin ekonomikoak egoiliarren zein langileen aurretik jartzen dituelako.

Herri kurduaren egoera ezagutu dugu Kurdistango Kontseilu Nazionalaren eskutik

Ozlem Tanrikulu Kurdistango Kontseilu Nazionalaren ordezkariarekin bildu dira Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra eta Koldo Saenz nazioarteko idazkaria Donostian.

Bi herrialdeetako testuinguru sozioekonomikoaz eta politikoaz aritu dira, bereziki erreparatuta Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak berriz hauteskundeak irabazi osteko agertokiari. Abdullah Ocalan buruzagi kurduaren egoera hizpide izan dute, baita mugimendu sindikalak, eta, bereziki, Munduko Federazio Sindikaleko erakundeek, herri kurduaren eskubideen aldeko borrokan egin beharreko lana ere.

UGT eta CCOO sindikatuek Nafarroako ostalaritzako hitzarmena sinatu dute, sektorean aldarrikatzen ari ziren gutxienekoak bete gabe

UGTk, CCOOk eta Ostalaritzako patronaletako batek hitzarmen akordio bat lortu dute gaur, baina ez ditu betetzen uztailaren 1eko eta 7ko grebek zituzten aldarrikapenak: KPIaren bermea, lanaldi partzialen erregulazioa eta atsedenaldi eta oporren hobekuntzak.

LAB sindikatutik salatu nahi dugu gaur, lehen greba-egunerako astebete falta denean, UGTk eta CCOOk ostalaritzan lortu duten akordioa. Argi dago, eta horrela azaldu du patronalak negoziazio mahaian, langileen mobilizazioak euren blokeo jarreratik mugitzeko balio izan duela, baina oraindik denbora eta eduki gehiago falta zen akordio batera iristeko.

Langileak mobilizatzen ari ziren eta greba deialdiek zituzten gutxienekoak argi zeuden, baina bat ere ez da lortu:

Itundutako soldata-igoerek EZ dute KPIa bermatzen; izan ere, muga bat jartzen dute, eta muga hori gainditzen badute, ez dira igoko; hau da, hurrengo 4 urteetan KPIak % 17 gainditzen badu, soldatak ez dira igoera horietara iritsiko (kontuan izan behar da bi urteetan KPIa % 12 baino gehiago igo dela, eta, beraz, ez da burugabea lau urtetan %17 gainditzea). Gainera, ez dituzte 2022ko atzerapen guztiak ordainduko, tabernak, jatetxeak eta hotelak %100ean egon diren urtea izan arren.

Bestalde, oporrek eta egutegiek orain arte bezala jarraituko dute araututa, ez baita hori aldatzeko inolako hobekuntzarik sartu. Eta sindikatu honentzat larriena da lanaldi partzialek deserregularizazio berarekin jarraituko dutela, orain arte bezala. Soldatez gain, sektore honen ezaugarria da langile gehienek benetan egiten dituzten orduak baino askoz lanaldi txikiagoko kontratuak dituztela, eta erregistro elektroniko batek hori agerian uzteko baino ez du balioko. LABen beti izan dugu argi ostalaritzaren sektoreko prekarietatearen aurka aurrera egiteko ezinbestekoa zela gehiegizko kontratazio horien aurkako neurri zehatzak sartzea.

Berriro ere, UGTk eta CCOOk eskua luzatu diote patronalari mobilizazioak saihestuz eta ostalaritzan lan egitea prekarietatea izaten jarraitzea onartuz. Bi hilabete hauetan “ostalaritza salbatuko dugu hitzarmen duin batekin” langile guztien leloa izan arren, gaur ikusi dugu patronala dela salbatu dutena, beldur baitzen larunbatean eta sanferminetan egindako grebek haien kontuetan triskantza eragingo ote zuten.

Beste behin ere egiaztatu da mobilizazioak hobekuntzak lortzen dituela, baina beharrezkoa da sektorean gehiengo sindikala aldatzea, hitzarmenak langileen baldintzak hobetu ditzan eta patronalen nahiak ase ez ditzan.