2025-12-17
Blog Page 21

Genozidioarekin negoziorik ez. Langileok Palestinarekin

LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde eta HIRU sindikatuek Lanuzte Orokorrerako deialdia iragarri dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan datorren urriaren 15erako, eta deialdi hori Nafarroan ere egingo da. Borroka, mobilizazio eta batzarren eguna izango da, langile klase osoaren parte hartze aktiboa bilatuko duena.

Lanuzte orokorra 03:00etatik 06:00etara, 11:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 22:00etara izango da, eta mobilizazio nagusiak 11:00etatik 14:00etarako tarte horretan izango dira. Manifestazioak izango dira Bilbo, Gasteiz, Donostia eta IruƱeako kaleetan.

Hasieratik, gure erakundeek salatu dute eta jarrera argia erakutsi dute Israelgo eraso basatiaren aurrean Palestinako herriaren kontra. Gaur egun inork ez du zalantzan jartzen genozidio baten aurrean gaudela, Israelek berak edo hura sostengatzen duten gobernuek eta interes ekonomikoek salbu. NBEren Batzorde Independenteak berriki argitaratutako txostenak Amnistia Internazionalak esandakoa berresten du: Israel Palestinaren aurka genozidioa egin du (eta egiten ari da) Gazako Zerrendan.

Europan, herritarren presioak fruituak ematen ari dira Europako Batasunaren eta Israelgo merkataritza-hitzarmenaren etetearen alde. Hala ere, Europako Batzordeak ematen dituen urratsak beranduegi emanak eta eskasak dira. Horregatik, Europako Batzordeari exijitzen diogu onar dezala Israel genozidioa egiten ari dela Gazan, eta hautsi dezala erabat Europako Batasuna-Israel Elkartze Hitzarmena. Ez da zilegi genozidioa, gerra krimenak eta etengabeko nazioarteko legediaren urraketak egiten dituztenekin harreman komertzialak izatea.

Gogoratu behar da Nazioarteko Justizia Auzitegiak, Hegoafrika Israelen aurka auzian, 2024ko urtarrilaren 26an, martxoaren 28an eta maiatzaren 24an eman zituen behin-behineko neurrien aginduen bidez, Israelek 1948ko Genozidioaren Hitzarmenaren arabera genozidioa osatzen duten ekintzak egin ditzakeela ondorioztatu zuela. Auzitegiak Israeli agindu zion ekintza genozidak galarazteko eta laguntza humanitarioaren sarrera oztoporik gabe ahalbidetzeko. Determinazio juridiko horiek estatuak zein eragile ez-estatalak, enpresak barne, ohartarazten dituzte halako ekintzak materialki ahalbidetzeak dakartzan ondorio juridikoez. Nazioarteko Zigor Auzitegiaren neurri lotesleak igorri ondoren ere erabilera bikoitzeko artikuluen esportazioek, batez ere azken erabiltzaile militarrentzat, gutxienez erabilera ilegal posiblearen ezagutza suposatzen dute, eta hortaz, erantzukizun penala ekar dezakete.

Azken bi urteetan ikusi dugun bezala, guk ordezkatzen dugun sindikalismoak eta gehiengo sozial zabal batek Gazan genozidioa amaitzeko eskatzen dute, eta Palestinak estatu aske izateko eskubidea izatea. Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Estatuko instituzioei eskatzen diegu genozidioarekin harreman oro eteteko, eta euren esku dituzten tresna guztiak baliatzeko su-eten bat lortzeko. Baita, Palestinaren autodeterminazio-eskubidea eta bere lurraldearen okupazioaren amaiera erdigunean jarriko dituen konponbide integrala lortzeko ere.

Era berean, Israelekin harreman komertzialak dituzten enpresei eta patronalari, oro har, hausnarketa etikoa egin dezaten eskatzen diegu, eta ez dezatela inolako jarduera komertzialik garatu Palestinan genozidioarekin konplize diren edo nazioarteko legedia urratzen duten enpresa edo erakundeekin.

Azken batean, urriaren 15ean mobilizatuko gara honako hau eskatzeko:

  • Langile klase osoaren elkartasuna adierazteko Palestinako herriarekin. 
  • Israel Palestinako herriaren aurka, AEBetako Gobernuaren babesarekin, egiten ari den genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak salatzeko. 
  • Zisjordanian Palestinako lurraldearen etengabeko kolonizazioa salatzeko, eta horrek langile palestinarren lan- eta bizi-baldintzetan dituen ondorio larriak. 
  • Gazako genozidioaren berehalako amaiera eskatzeko eta okupazioa eta kolonizazioa amaituko dituen eta Palestinako herriak askatasunean bizitzeko eskubidea bermatuko duen konponbide integrala exijitzeko. 
  • Patronalari eta instituzioei, bertakoei zein nazioartekoei, Israelekin harreman komertzial oro eteteko eskatzeko. Ezin da genozidio baten kontura negozioa egiten jarraitu. 
  • Europar Batasuna-Israel Elkartze Hitzarmena osorik eten dadin eskatzeko.

Bilboko alde zaharreko dozenaka bizilagunen mezua funts putreei: ā€œAtera zuen negozioak gure etxeetatikā€

Zabalbide 10 eta Santos Juanes 1, 3 eta 5eko bizilagunek, LABeko etxebizitza asanbladarekin batera, agerraldia egin zuten atzo Mazabi funts putrearen jarduera salatzeko eta etxebizitzak lehentasunez bizitzeko izan behar dutela aldarrikatzeko. Bilboko Udalari helburu hori bermatuko duen politika publikoak eskatu zizkioten.

Bilboko alde zaharreko dozenaka bizilagunek salatu zuten gero eta zailagoa dela auzoan bizitzea, Mazabi funts putreak erositako etxebizitza blokearen aurrean egindako agerraldian. ā€œEtxebizitza lehen mailako arazo sozial bilakatu da, eta langileak pobretzeko arrazoi nagusietako batā€, adierazi zuten.

Azaldu zuten prezioak etengabe igotzen ari direla, etxebizitzara sartzea geroz eta zailagoa dela eta auzoak bizitzeko eremu izatetik negozio-eremu izatera pasatzen ari direla. Testuinguru honetan, jakinarazi zuten Mazabi funts putreak haien etxebizitzetako beheko solairuak erosi dituela, negozio egiteko asmoz: ā€œEtxebizitza duinak eskaintzeko izan zitezkeen espazioak bahitu eta coliving, denboraldiko alokairu edo etxe turistiko bihurtu nahi dituzte. Ez gaude adosā€.

Agerraldian bi mezu nagusi helarazi zituzten. ā€œLehena, Mazabiri: atera zuen negozioak gure etxeetatik. Ez zaituztegu nahi eta antolatuta gaudeā€. Bigarrena, udal gobernuari: politika publikoak aldatzeko eta etxebizitza bizitzeko lehentasunezkoa izan dadin neurriak hartzeko eskatu zioten, horrelako egoerei muga jartzeko. ā€œNegozioa eteteko garaia daā€, nabarmendu zuten alde zaharreko auzokideek.

Azken aldarri bat ere egin zuten: ā€œGure egoera berdinean edo antzekoan daudenei antolatzeko deia luzatzen diegu. Negozioa egin nahi dutenei modu kolektiboan egingo diegu aurre. Gu ez gara lehenak, eta gehiago ere etorriko diraā€, ohartarazi zuten.

LABek gogorarazi zuen urte hasieran erabaki zuela etxebizitza problematikari aurre egiteko ekintza sindikala bultzatzea, eta ordutik hainbat gatazka kolektibotan parte hartu du: alokairuen prezioa jaisteko negoziazioetan, etxegabetzeei aurre egiteko ekimenetan eta klausula abusiboen aurkako neurrietan. Atzokoa izan zen hilabeteetako bide baten lehen urrats publikoa, borroka berri baten hasiera. 

LAB sindikatuak Nafarroako ordezkaritza sindikalaren %18 lortu du lehenbizikoz, ia 1.300 delegaturekin

Gobernuak hilero ematen dituen datuen arabera, iragan uztailean, LABek Nafarroa Garaiko ordezkaritza sindikalaren %18ra ailegatzea eta gainditzea lortu zuen, 1.297 delegaturekin. LAB sindikatuak Foru Komunitatean inoiz izan duen ordezkaritzarik handiena da hori, delegatu kopuruan zein ehunekoan.

Hauteskunde sindikalen nolakotasuna dela-eta ‒enpresa bakoitzak bere erritmoak baitaramatza‒, zaila da ordezkaritzaren ehunekoetan berehalako aldaketak gertatzea. Kontrara, aldaketak oso mantso izaten dira. Hala ere, aipatzekoa da azken urteetan LAB izan dela Nafarroan gehien hazi den sindikatua. Izan ere, 2008an 827 delegatu zituen (%12,48) eta 2025eko uztaila 1.297 delegaturekin bukatu zuen (%18,09).

2021 eta 2022 urteetan LABek halako geldialdi bat izan zuen bere hazkundean eta, delegatu kopuruari eutsi bazion ere, ehunekoan behera egin zuen. 2023 eta 2024 urteetan, aldiz, %18tik hurbil bukatu zituen, eta, azkenean, 2025eko uztailean lortu du hori gainditzea. Abuztuko datuek berresten dute LABek ehuneko hori mantentzen duela, eta horrek erakusten du sindikatu abertzalea %18 inguruan finkatu dela.

Azken lau urteetan, lau sindikatu nagusiek lortu dute delegatu kopuru absolutuetan gora egitea; nabarmen gora, eta horregatik Nafarroa osoko delegatu kopurua 7.000 baino gehiagokoa da aspaldi (2025eko uztailean 7.168 izan ziren). Baina LAB izan da ehunekoan gehien igo dena.

LABek badaki Nafarroako lau sindikatu nagusien artean laugarrena dela. Baina, era berean, jakin badaki orokorrean bere indarra oso beharrezkoa dela eta anitzetan nahitaezkoa ere izaten dela enpresetan edo sektoreetan gehiengoak osatzeko eta borrokak aurrera ateratzeko. Nabarmenentzekoa da, adibidez, Foru Administrazioko lehen sindikatua dela 77 delegaturekin, lehen indarra dela baita enpresa publikoetan ere, Nafarroako ikastoletan delegatu guztiak dituela, Esku-hartze Sozialean ordezkaritza osoaren %70 duela, edota Laneratze eta Gizarteratze enpresen sektorean delegatuen %63 duela, eta nekazaritza-abeltzaintza enpresetan lehen indarra izatetik oso hurbil dagoela ‒eta bere babesa nahitaezkoa izan zela azken hitzarmena onartu ahal izateko‒. Adibide gutxi batzuk baino ez dira horiek.

LAB sindikatuak, hauteskundeetan parte hartzen duen heinean, gero eta delegatu gehiago izan nahi ditu, noski. Baina ez sindikatua helburu bezala ikusten duelako, baizik eta sindikatua aldaketarako tresna garrantzitsu gisa ulertzen duelako. Eta tresna horrekin jarraituko du LABek, batetik, lan harremanak eta baldintza sozialak duintzearen aldeko eta prekarizazioaren kontrako borrokan, eta bertzetik, aldaketa sozialaren aldeko borroka bultzatzen.

LAB sindikatuak Serunion enpresak El Regato ikastetxeko jangelako langileak kriminalizatu izana salatzen du, bazkarian elementu arrotzak aurkitu ostean

LAB sindikatuak publikoki salatzen du Serunion enpresaren jarrera, El Regato ikastetxeko jangelako langileak kriminalizatzeko hautua egin baitu, 2025eko irailaren 16an, bazkarian elementu arrotzen (balizko gorgojoen) presentzia atzeman ondoren.

LABek onartezintzat jotzen du, El Regato Ikastetxean zerbitzua kudeatzen duen enpresa gisa duen erantzukizuna bere gain hartu beharrean, Serunionek jangelako begiraleei errua botatzea erabaki izana, fokua katearen une ezberdinetan jarri beharrean, eta ez bakarrik begiraleek janaria zerbitzatzen duten unean.

Hau ez da kasu isolatu bat. 2024an, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Serunionekin zituen kontratuak bertan behera utzi behar izan zituen sare publikoko hainbat jangeletan, hain zuzen ere, antzeko irregulartasunengatik. Arazo horiek behin baino gehiagotan gertatu izanak erakusten du enpresaren aldetik kontrol eta zorroztasun falta larria dagoela, eta oraindik ere onura ekonomikoa lehenesten duela, zerbitzuaren kalitatearen eta ikasleen segurtasunaren gainetik.

LAB sindikatutik gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu Barakaldoko El Regato ikastetxeko jangelako langileei. Onartezina da elikagaien hornikuntza-katean hutsuneak daudela erakusten duen gertaera bat langile horien aurkako seinalatze- eta presio-kanpaina bihurtzea.

Era berean, eskumena duten erakundeei exijitzen diegu Serunionen jarduna zorrotz fiskaltzea eta bermatzea jangela zerbitzuaren kalitatea ez dela enpresaren onuraren aurretik jartzen.

LABek bere konpromisoa berresten du lan eskubideen defentsan, ikastetxeetako jangeletako lanaren duintasunean eta elikadura segurtasunean. 

Hernaniko Udaleko langileekin ekiparazioaren aldeko urratsak eman ditu LABek etxez etxeko laguntza zerbitzuan

Hernaniko etxez etxeko laguntzako langileei eragiten dien hitzarmena sinatu berri du LAB sindikatuak. Akordioak, aurrerapauso garrantzitsuak dakarzkie Hernaniko etxez etxeko laguntza pribatizatutako langileei. Izan ere, pribatizatutako langileak administrazio publikoko langileen lan baldintzetara hurbiltzeko urratsak jasotzen ditu. Bide honetan, udalak izandako borondatea azpimarratu nahi luke LABek. Izan ere, administrazio publikoa da zerbitzua bera finantzatzen duena, eta, horregatik, nabarmentzekoa da Hernaniko Udalak egindako apustua; ez soilik ekonomikoa, baita estrategikoa ere.Ā 

Hauek dira LABek sinatutako akordioaren lorpen batzuk:

  • 5 urtetako iraunaldia izango duen hitzarmena. 
  • Lansarietan %45ko igoera, udan langileenekin ekiparatuz.
  • 92 lan ordu gutxiagoko urteko lan jarduna, 1500 ordutakoa finkatuz. Asteko zenbaketan astean 33 ordukoa izango da lan jarduna. 
  • Beste hobekuntza garrantzitsu batzuk: erabiltzailearekin gorabeherarik balego, ez da langilearen kaltetan izango; arrazoi zehatzengatik erabiltzailea ez dagoenean eta zerbitzua ezin denean eman, langileak ez du galerarik izango eta zerbitzu hori ordaindua izango da; jai berezien bezperetan zerbitzua 14:00etan amaituko da; eta etxez etxeko laguntzan akonpainamendu zerbitzua aitortuko da. Finean, etxez etxeko langileei behar duten aitortza eman zaie. 

LABentzat, zaintza zerbitzu pribatizatuen estrategiak erabateko aldaketa izan behar du Euskal Herrian, zaintza eredua eta sistema bera errotik aldatu behar baitira. Zerbitzu publiko izan behar diren zerbitzu horiek guztiak publifikatu behar dira, eta pribatizatutako langileei langile publiko izaera aitortu behar zaie. Horren bidean, apustu politiko integrala eta gardena behar da, pribatizatutako zaintza langileen lan baldintzak langile publikoenekin ekiparatzearen alde.

Horretarako, ausardia eta konpromisoa exijitzen dizkie LABek Hego Euskal Herriko administrazio publikoei, Hernanin bezala, lekukoa har dezaten, udalerriz udalerri pribatizatutako langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko, legezkoa den subrogazioaren bitartez eta irabazi asmoa zaintza zerbitzuetatik ezabatuz. Euskal Herriko zaintza sistema publikoa pribatizatutako langile guzti hauekin eraiki behar da, eta horren alde borrokatuko du sindikatuak.

Izan ere, pribatizatutako zaintza langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko bidean, LABek jomugan ditu 2027ko udal, aldundi eta Nafarroako Gobernuko hauteskundeak. Administrazio publikoek zaintza lanen pribatizazioarekin eta negozioarekin bukatzeko eta zaintza sistema publiko komunitarioaren alde urratsak eman ditzaten borroka egingo du. 

Administrazio publikoak pribatizatzen dituen zaintza zerbitzuen kudeaketa eredua agenda sozial eta politikoaren erdigunean kokatu nahi du sindikatuak datozen urteetan. Horregatik, Hernanin, Astigarragan eta Amurrion ekindako bideari segida emango dio bestelako udalerrietan, eta etxez etxeko laguntzako langileen ekiparazioak eta publifikazioak aldarrikatuko ditu. 

ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta HIRU sindikatuek Gutxieneko Soldata propioaren afera dela eta Confebask demandatzeko lehen urratsa eman dugu

Kontziliaketa eskaera erregistratu dugu Confebaskek patronal gisa dituen ardurei uko egin izana agerian utzi eta negoziatzeko eser dadin behartzeko; Eusko Jaurlaritzari bitartekari lanak egiteko eskatzen diogu

ELA, LAB, Steilas, ESK, HIRU eta Etxalde sindikatuek Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa izatea aldarrikatzen dugu. Gutxieneko soldata tresna garrantzitsua da pobreziari aurre egiteko, prekaritatea mugatzeko, aberastasuna modu justuagoan banatzeko eta soldata arrakalei aurre egiteko.

Horretarako, bi bide jorratzen ari gara:

Lanbidearteko akordioa: Bertako eskumenen baitan proposatu da, baina Confebaskek eta CENek (eta Nafarroan CCOOk eta UGTk) uko egin diote.

Herri ekimen legegilea: Langileen Estatutua aldatzea eta autonomia erkidegoek gutxieneko soldata propioa ezarri ahal izatea proposatu dugu. 138.495 sinadura lortu ditugu helburu horrekin.

Sinadura horiek alderdi politikoak eta Legebiltzarra interpelatzen dituzte Herri Ekimen Legegileari (HEL) bide emateko. Aldi berean, patronalari ere zuzentzen zaizkio: herri baten borondatea adierazten dute, eta patronalak ezin du eskaera sozial masibo horren aurrean entzungor egin.

Confebaskek, ordea, uko egin dio elkarrizketari eta negoziazioari, gehiengo sindikal zabal batek eskatutakoa baztertuz. Horregatik, gaur, 138.495 sinadurek ematen diguten zilegitasuna baliatuz, Confebask negoziazio-mahaian eseri ez izana juridikoki salatzeko lehen urratsa eman dugu. Hain zuzen, bere negoziatzeko betebeharra galdatuko dugun gatazka kolektiboaren lehen pausua eman dugu, kontziliazio eskabidea erregistratu berri dugu. Langileen Estatutuaren azken aldaketen ondoren, EAEn sinatutako hitzarmen eta lanbidearteko akordioek lehentasuna dute eta horrek eragiten du patronalek negoziatzeko legezko betebeharra izatea. Confebaskek negoziaketa berriak irekitzeari sistematikoki uko egiten dio, Espainiako lan baldintza kaskarren araberako lan merkatua desiratzen duelako. 

Patronalak bere ardura hartu behar du, eta milaka langilek eskatzen duten bezala, gutxieneko soldata propioaren negoziazioei heldu behar die. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak pauso bat gehiago eman dezakeela uste dugu: gaur erregistratutako kontziliazio eskaeran bitartekari lanak egin ditzala eskatzen diogu, eta bere esku dagoen guztia egin dezala patronala eseri eta negoziazioei heltzeko.

ELA, LAB, Steilas, ESK, HIRU eta Etxalde sindikatuok lanean jarraituko dugu gutxieneko soldata propioaren alde: bidezkoa delako, beharrezkoa delako eta milaka sinaduren babesa eta mandatua dagoelako.

LABek eskatzen du suhiltzaileen zerbitzuaren kanporatzea gelditzea Nafarroako Volkswagenen

LABek Nafarroako Volkswageni exijitzen dio suteen aurkako babes-zerbitzuaren antolaketarako akordioa guztiz betetzea, kanporatzea etetea, brigada bakoitzeko bost suhiltzaile bermatzeko adina langile kontratatzea eta detektatutako beharretara egokitutako baliabide teknikoak eta prestakuntza ematea.

Nafarroako VW-ek suhiltzaileen zerbitzua berehala kanporatzea erabaki du, eta Batzordeari proposatu dio indarrean dagoen akordioa aldatzea. Akordioak ezartzen du suhiltzaileak enpresako langileak direla, kanpoko enpresen parte-hartzerik gabe. Enpresaren arabera, akordioa behar bezala ez delako bete hartzen dute neurria. Bi auditoria gainditu ez izanaren arriskuak eta Lan Ikuskaritzaren ebazpen bat bete behar izatea jartzen dute aitzaki.

Suhiltzaileen kolektiboa Nafarroako VW plantillakoa da 2017tik epai judizial baten ondorioz, langileak legez kanpo lagatzeagatik epaitegira jo eta haien eskubideak aldarrikatzeko demanda irabazi ondoren. ā€œSuhiltzaileen zerbitzuaren kanporatzea mendeku ekintza argia da Volkswageneko Zuzendaritzaren aldetik epaitegian koloreak atera zizkietelako langileekā€, salatu du LABek.

Bost suhiltzaileko bost brigadek osatzen dute zerbitzua, 12 orduko txandetan. LABen arabera, egun batzuetan suhiltzaile bakarra egon da txanda bakoitzean, Nafarroako VW uko egin diolako bitarteko langileak kontratatzeari, nahiz eta enpresako beste sail batzuetan ohikoa den hori egitea. Gainera, sindikatuak kritikatu du Giza Baliabideetako Zuzendaritzak ausentismo maila altua argudiatu duela kolektiboan, gaur egun lantegiko gainerakoen antzekoa denean eta urtetan azpitik egon denean.

Volkswageneko Giza Baliabideen Sailaren arabera, suhiltzaileen zerbitzua eredugarria izatetik, Nafarroako Gobernuko 400 suhiltzailerekin batera ikastaroak eginda, enpresa eta bertako langileak arriskuan jartzera pasatu da hiru urtetan. LABek adierazi duenez, Giza Baliabideetako Zuzendaritzaren jokabidea ā€œzekena eta zitala da; akordioa urratu dute eta honen ondorioak inolako erantzukizunik ez duen suhiltzaileen kolektiboari leporatu nahi dizkioteā€. Langile, prestakuntza eta tresna falta enpresaren ardura dela defendatu du sindikatuak, kanporatzeak zerbitzuaren segurtasuna eta eraginkortasuna mehatxatzen dituela azpimarratuz.

Lan Ikuskaritzak Nafarroako Volkswageni soilik adierazi dio orain arteko akordioa eta bere autobabeserako plana bete ditzala, bestelako neurririk hartu gabe. LAB sindikatua, akordioaren sinatzaile eta akordioa ez betetzearen salatzailea, kezkatuta dago neurri honek suposatzen duen aurrekariarekin, zerbitzuen kanporatzeak beste kolektibo batzuetara zabaltzea eragin dezakeelako, hala nola, nominak, mantenua, prentsa tailerra, formazioa edo logistika.

LABek langileen eskubideen aldeko konpromisoa berresten du eta Nafarroako Volkswageni eskatzen dio bermatu dezala suhiltzaile zerbitzu segurua, profesionala eta bere lana betetzeko behar bezain beste baliabideak dituena.

UTE-GOMS (Ansareo Infraestructuras), Agasa (AƱarbeko Urak) enpresaren subrogatuaren langileak borrokan

UTE-GOMS Ansareo, Infraestructuras-eko langileok, Agasa (AƱarbeko Urak) enpresaren subrogatuak garen aldetik, herritarrengana gure bizi dugun egoera helarazi nahi dugu. Ur-zerbitzuaren prekarizazioaren aurrean borrokan gaude, herritar guztientzat funtsezkoa den zerbitzua izanik. Gure aldarrikapenak zerbitzu publiko kalitatezkoa bermatzera bideratuta daude, ahaztu gabe, langile gisa, bi urte baino gehiago daramagula hitzarmenik gabe.

Kontzesiodun enpresak lan-baldintza duinak negoziatzeari uko egin dionez, gure eskubideak defendatzeko mobilizatzera behartuta gaude. Hala ere, gure lana ahalegin eta dedikazioz egiten jarraitzen dugu, herritarrak kaltetu ez daitezen kalitate estandarrak mantenduz.

Borroka honekin bi helburu nagusi bilatzen ditugu:

-Lan- eta familia-bizitza uztartzea, baita langileen motibazioa mantentzea ere, gure eguneroko lana gogoz garatu ahal izateko.

-Herritarrak merezi duen bezala, ur-zerbitzuarekin berme handiagoak eskaintzea.

Gatazka honetan parte hartzen duten alderdi guztiei dei egiten diegu berriro elkarrizketari ekin diezaioten, mobilizazioei amaiera eman dakien eta hitzarmen justu batean adostasunik lor dadin, horrela alde guztientzat konponbide egokia eskainiz

Urriak 15, Palestinaren aldeko lanuzte, asanblada eta borroka eguna Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan

CCOO Euskadi eta Nafarroa, LAB, STEILAS, Solidari, ETXALDE eta HIRU sindikatuek datorren urriaren 15erako Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan egingo den Lanuzte Orokorrerako deialdia egiten dute. Deialdia langile klasearen borroka, mobilizazio eta asanbladen eguna izango da.

Ekimen hau parte hartu nahi duten sindikatu guztiei irekita dago. Datorren astean prentsaurrekoa eskainiko da, deitzaileen zerrenda osoa aurkeztu eta egingo diren ekimen desberdinen xehetasunen berri emateko.

Helburua honakoa da:

  • Palestinako herriarekin langile klase osoaren elkartasuna adieraztea.
  • Israel, Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuaren babesarekin, Palestinako herriaren aurka egiten ari den genozidioa eta gizateriaren kontrako krimenak salatzea.
  • Zisjordanian Palestinako lurraldearen etengabeko kolonizazioa eta horrek Palestinako langile klasearen lan eta bizi-baldintzetan dituen ondorio larriak salatzea.
  • Gazan genozidioaren berehalako amaiera exijitzea eta okupazioari nahiz kolonizazioari bukaera emango dion konponbide integral bat eskatzea, Palestinako herriak askatasunean bizitzeko duen eskubidea bermatuz.
  • Patronalari eta instituzio propio nahiz nazioartekoei Israelgo Estatuarekiko harreman komertzial oro eten dezatela eskatzea. Ez da posible genozidio baten kontura negozioa egiten jarraitzea.
  • Europako Batasunaren eta Israelen arteko Elkartze Hitzarmena bere osotasunean eten dezatela eskatzea.