2026-06-20
Blog Page 21

Sanduzelaiko erailketa matxistaren aurrean, Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxaren mobilizazioetan parte hartzera deitzen du LABek

Pasa den igandean, Iruñeko Sanduzelai auzoan emakume* bat hil zen bere etxeko leihotik ihes egiten ari zenean. Euskal Herrian 2026an indarkeria matxistak eraildako hirugarren emakumea* izan da. LABek bat egiten du erailketa hau salatzeko Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxak deitutako mobilizazioekin eta euretan parte hartzeko deia egiten du. Mobilizazioak gaur izango dira, apirilaren 14an: Iruñean, Sanduzelai Plazan 20:00etan; Bilbon, Arriaga Plazan 19:00etan; Donostian, Bulebarrean 20:00etan eta Gasteizen, Andra Mari Zuriaren Plazan 19:00etan.

Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxaren oharra

Indarkeria matxistak emakume* bat erail du Iruñean

Hamar egun besterik ez dira pasa eta berriz ere hemen gaude. Pasa den igandean, Iruñeko Sanduzelai auzoan emakume* bat hil zen bere etxeko leihotik ihes egiten ari zenean. Guk ez dugu inolako zalantzarik; Euskal Herrian 2026an indarkeria matxistak eraildako hirugarren emakumea* da. Euskal Herriko Emakumeon* Mundu Martxatik gure amorrua eta mina adierazi nahi dugu, eta nola ez, senide eta lagunei gure maitasun eta babes osoa adierazi nahi diegu.

Nazkatuta eta amorratuta gaude, hamar egunetan Euskal Herrian bi erailketa matxista eta beste erailketa saiakera bat izan dira. Aski da! Noiz arte iraungo du honek? Euskal Herrian indarkeria matxistak emakumeak* emakume* izate hutsagatik erailtzen ditu!

Behin eta berriz esaten dugu indarkeria matxistak aurpegi ugari dituela, emakumeok* pairatzen dugun indarkeria egiturazkoa dela, sistema oso bat dagoela honen atzetik; zisheteropatriarkala, kapitalista, arrazista eta koloniala dena. Eta erailketa guztiekin gertatzen den moduan, inoiz baino agerikoagoa dira emakumeok* zeharkatzen gaituzten indarkeria matxistak.

Izan ere, ondo dakigu indarkeria matxistak ez duela modu berean gurutzatzen gorputz bakoitza, eta argi dago arrazakeriak indarkeria areagotzen duela, emakume* migratu eta arrazializatuak sistematikoki babesgabe utzi arte. Erregularizazioaren menpekotasuna, eta baliabideetarako sarbiderako oztopoak ez dira kasualitatea: politika arrazisten ondorio zuzena dira.

Kasu honetan, berriro ere, ikusi dugu etxebizitza eskubidea merkatu arrazista eta espekulatiboa elikatzeko nola erabili den. Eta guk argi dugu: etxebizitza duinik gabe, ez dago bizitza duinik; eta ez dago indarkeriatik ihes egiteko aukerarik. Prekaritateak ez du soilik pobrezia eragiten: arriskuan jartzen gaitu, eta kasu honetan, hil egin du.

Askotan salatzen dugu instituzioen erantzukizun falta, baina honetan irmoki salatzen dugu ere haien ardura falta. Indarkeria matxistak ertz asko ditu eta emakumeok* askotariko prozesu eta erritmoak ditugu, baina nola da posible indarkeria matxista pairatzen duen emakume* batek etxebizitza duin bat bermaturik ez izatea? Non daude instituzioak putre funtsek babestutako etxebizitzak erosten dituztenean? Emakumeak* behar bezala artatzea, baliabide guztiak haien esku jartzea, kasuen jarraipena egitea nahiz laguntza eta babesa ematea ere bada instituzio publikoen betebeharra eta emakumeak* haien erasotzaileekin bakarrik uztea arduragabekeria da.

Gizarteak eta batez ere zuek, gizonak, erantzukizuna duzue honetan; noiz arte jarraituko duzue beste aldera begira? Jakin badakigu, egiturazko arazoa dela indarkeria matxista, baina badakigu ere ezinezkoa izango dela honekin bukatzea gizonek zuen anaitasun eta konplizitate sareekin apurtu arte, egiturara sostengatzen duen pieza zarete.

Zuen matxismoak hiltzen du, zuen arduragabekeriak hiltzen du, zuen konplizitateak hiltzen du eta gu nazkaturik gaude. Horregatik, beste behin ere, ozen esaten dugu: FEMINISTOK AUTODEFENTSAN JARRAITUKO DUGU. Gure artean aliantzak sortzen, gune seguruak eraikitzen, kolektibotasunetik politika egiten, behar den bezain bestetan salatzen eta kaleak hartzen. Egungo egoera irauliko dugu denok aske bizi ahal izateko.

ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE!
MARTXAN JARRAITUKO DUGU DENAK ASKE IZAN ARTE!
GORA BORROKA FEMINISTA!

LABek salatu du FVEMek negoziazioa luzatzen duela, Bizkaiko metalgintzako langileen beharrak kontuan hartu gabe

Gaur Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren negoziazio-mahaiaren bosgarren bilera egin da, eta LABek berriro egiaztatu du FVEM patronalaren jarrera: erantzun argirik gabe eta sektorearen benetako beharrei heltzeko asmorik gabe.

LAB saiatu da bilera gai zehatzetan zentratzen, eta patronalari jarrera argia hartzeko eskatu dio. Hala ere, beste behin ere, FVEMek ez du erantzun argirik eman, eta testuinguru ekonomikoan, ziurgabetasunean edo negoziazio osoaren baitan ezkutatzea erabaki du, zer negoziatzeko prest dagoen zehaztu gabe.

LABen ustez, jarduteko modu hori ez da kasualitatea. Erantzun zehatzak saihesteak eta edukira sartu gabe bueltaka ibiltzeak negoziazioa luzatzea baino ez du helburu, sakoneko gaiei aurre egin gabe.

Gainera, egungo baldintzak hobetzeko borondaterik ez dagoen bitartean, patronalak mahai gainean mantentzen ditu jada finkatuta dauden eskubideetan atzerapausoak dakartzaten proposamenak, eta horrek argi uzten du bere planteamenduen norabidea.

Bizkaiko metalaren sektoreak egungo errealitateari erantzungo dion hitzarmen bat behar du: erosteko ahalmena bermatuko duena, lanaldi-murrizketan aurrera egingo duena, erabat zaharkituta geratu diren eskubideak (antzinatasuna, esaterako) eguneratuko dituena, eta kontziliazioa zein lizentzien benetako erabilera hobetuko dituena.

LABek irmo defendatuko ditu eduki horiek, eta patronalari eskatuko dio itzulinguruak egiteari uzteko eta langileen benetako beharrei erantzun behar dien negoziazio batean duen erantzukizuna bere gain hartzeko.

Hurrengo bilera maiatzaren 6an izango da, eta bertan LABek bere plataforman jasotako gai zehatzak mahai gainean jarriko ditu, benetako edukietan aurrera egiteko helburuarekin, eta ez eztabaida hutsak luzatzeko. 

Zubietako erraustegiko langileek apirilera luzatu dute greba

Apirilaren 14an, asteartean, izango da Zubietako erraustegiko langileek egingo duten hilabete honetako lehenengo greba eguna, Aldundiaren parean 10:30ean hasiko duten elkarretaratzearekin batera, Donostiako Gipuzkoa plazan.

Enpresak greba ilegala izan zenaren mehatxua bota ondoren, martxoan greba eskubidea gauzatu zuten langile guztiei ohartarazpen idatzia ezarri zien, 40 ohartarazpen inguru, zigor mehatxuekin batera. Greba ondorengo bileran, langileek greba egiteko duten legezko eskubidea urratzen saiatzeaz gain, enpresak aurrerapausorik ez zuela emango adierazi zien.

Zubietako erraustegia kudeatzen duen Ekobal enpresaren atzerapauso eta mehatxuen aurrean, eta enpresa hori Gipuzkoako Aldundiak kontratatutako EKONDAKIN enpresaren azpikontrata dela jakinda, erraustegiko langileek beraien lan baldintzak hobetzeko apirilaren 14an eta 21ean egingo dituzten lanuzteetan Aldundiaren parean kontzentratuko dira, azpikontrata-sare honen arduradun nagusia interpelatzeko eta konponbidea aldarrikatzeko.

Greba hauekin, konponbidea eskatuko diete Ekobali, EKONDAKINi eta Gipuzkoako Aldundiari.

LAB sindikatuak ez du Arabako adinekoen egoitza pribatuen eta etxebizitza komunitarioen lehen hitzarmen kolektiboa sinatuko

Joan den abenduan iragarri zuen bezala, eta behin betiko testuan aldaketarik egin ez direla ziurtatu ostean, LAB sindikatuak ez du Arabako adinekoen egoitza pribatuen eta etxebizitza komunitarioen lehen hitzarmen kolektiboa sinatuko.

Gaur, 2026ko apirilaren 13an, astelehena, eguerdiko 13:30ean Gasteizko Lan Harremanen Kontseiluan (LHK), hitzarmen hau sinatuko da. Testua aztertu ondoren, lan-zentroetan araututako baldintzak mantentzea bermatuko duten blindaje-klausulak ez dituela jasotzen salatzen du LABek. Berme horiek gabe, sektoreko hitzarmenik gabeko urteetan, enpresaz enpresa lortutako hobekuntzak arriskuan daude orain. 

Akordio honek arriskuan jartzen ditu Arabako egoitza askotan langileen borrokei esker lortutakoak, hitzarmenak ez duelako “Baldintza onuragarriagoen bermea” edota ad personam klausula jasotzen. Hau da, enpresa esparruko akordioen indarraldia amaitzean, hauen baldintzak galtzeko arriskua dago. Egoera hau bereziki larria da, zuzenean eragiten dielako sektoreko langileen ia erdiari, haien egungo lan-baldintzak kolokan jarriz.

LABek hasieratik defendatu eta sustatu du adinekoen egoitza pribatuetako borroka, lurralde mailako arauketa ezinbestekotzat jotzen baitu. Urte guzti hauetan LAB borrokan mantendu duten arrazoiak honako hauek izan dira: estatalizazioaren aurkako borroka eta Arabako sektoreko langile guztientzako justiziaren aldeko konpromisoa, enpresen arteko soldata eta lan baldintzen aldeak ezabatzea bilatuz. 

LAB sindikatuaren ustez, patronalei men egitea eta langile askoren hobekuntzak arriskuan jartzea arduragabekeria handia da; akordio hau oso urrun dago sektoreak merezi duen hitzarmena izatetik. Arduragabekeria horrek bat egiten du Arabako Foru Aldundiaren jarrerarekin; izan ere, Gizarte Politiken Sailak, sektore honekiko urteetako utzikeriaren ostean, langile askoren eskubideak urratzen dituen akordio bat sustatu du orain.

Erakundeei behin eta berriz gogorarazten die LABek egoitza pribatuetako langileak langile publikoak direla. Horregatik, konpromiso errealak exijitzen dizkie lurralde honetako agintariei, sektore honetako langileak barne bilduko dituen zaintza-sistema publiko baten aldeko urratsak eman ditzaten.

Norabide horretan, eta egungo testuinguruak lortutako eskubideetan atzerapausorik ekar ez dezan, LABek egoitzaz egoitzako borroka bultzatuko du berriro. Sindikatua ez da geldituko egoitza pribatuetako sektoreko lanak behar dituen baldintza duinak lortu arte. 

LABek eta ELAk greba dinamika abiatuko dute EAEko udal langileen sektorean

EUDELi eta EAJ, EH Bildu eta PSE-EE alderdi politikoei exijituko diete Udalhitzeko eta udaletako mahaietan lan baldintzak hobetzea hemen eta orain negoziatuz. Apirilaren 23an 2 orduko lanuzteaz gain, maiatzaren 14an eta ekainaren 4an egun osoko greba egunak egingo dituzte.

Udalhitzeko negoziazioa hasi eta ia urte eta erdi pasa denean, langileen aldarrikapenak ez daude mahai gainean. EUDELek eduki eskasak jarri ditu mahai gainean eta, orokorrean, konkreziorik gabekoak dira. Udalhitzen kanpo dauden udaletan (hiriburuak eta udal handiak, gehienbat) gauza bera gertatzen ari da. Orokorrean, urte asko daramatzagu lan baldintzak hobetuko dituen akordiorik gabe eta mahai gehienak ez daude martxan.

Hala, udaletako langileon lan baldintzak okertzen ari dira urtez urte. Bitartean, aurreko urtean Udalhitzeko negoziazio mahaia martxan jarri zen, eta orain dela 16 urte berritu gabeko lan baldintzak adosteko aukera irekita dago. Alabaina, udaletako agintaritzan dauden EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta alderdi independenteek gaur gaurkoz proposamen integralik gabe jarraitzen dute, eta onartu egin dituzte Madrildik datozen enpleguari eta soldatari lotutako neurriak eta langile publikoen prekarizazioari eta pribatizazioari bidea irekitzen dieten akordioak.

Analisi hori konpartituz eta negoziazio-mahaietara edukiak eraman eta lan-baldintzen hobekuntza negoziatzea exijituz, LAB eta ELA adostasun batera iritsi dira udal sektorean batera greba dinamika bat martxan jartzeko. Aldarrikapen komun batzuk adostuta, hurrengo hilabeteetan mobilizazioetara, lanuzteetara eta greba egunetara deituko dute. Lehenik eta behin, aurreneko urrats bezala, apirilaren 17an kontzentrazio bateratuak egingo dira eskualdeetan.

Gero, apirilaren 23an, 2 orduko lanuzteak egingo dira 11:00etatik 13:00era. Azkenik, maiatzaren 14an eta ekainaren 4an egun osoko grebetara daude deituta EAEko udaletxe guztietan. Hauek dira adostu dituzten gutxieneko aldarrikapenak, Udalhitzeko mahaian eta edozein udaletako mahai negoziatzaileetan defendatuko dituztenak:
• Soldatak:
→ Azken urteetan galdutako erosahalmena berreskuratzea.
→ Aurretik galdutakoaren zorra onartu eta berreskuratzeko konpromisoa.
→ Azpikontrataturiko langilerik ez 1.500 €ko gutxieneko soldataren azpitik.

• Enplegua:
→ Pribatizaziorik ez. Eta pribatizaturikoa publifikatu, bertako langileak subrogatuta.
→ Enplegua egonkortu: egiturazkoak diren lanpostu guztiak Lanpostu Zerrendetan txertatu.
→ Sektore feminizatuetan (zaintzan eta garbiketan, bereziki) jardunaldiak %100ekoak.
→ Behin-behinekotasun tasa errealak jaitsi, prozesu bidez eta behin-behinean dauden langileak kontsolidatuz.

• Gazteberritze neurriak:
→ Errelebo kontratuak bermatu langile guztiontzako, funtzionario eta laboralentzako. Langileen eskubidea.
→ Adinagatik lanaldia murrizteko eskubidea, soldata eta kotizazioak murriztu gabe. Hasierako urteetan lanaldi herena eta ondoren lanaldi erdia murrizteko aukera. Akumulatiboak izateko eskubidea.
→ Lekualdatze lehiaketak egitea enplegua eskaintzeko deialdiekin batera.

• Euskara:
→ Lanpostu guztiak elebidunak.
→ Sarbidean, lehen aldiz lanpostu bat betetzeko, bi hizkuntzak derrigorrezkoak izatea.
→ Egun lanean ari direnak euskalduntzeko, euskara planak.
→ 12 urtean lanpostu guztietan bi hizkuntza ofizialak derrigorrezkoak izatea.

• Berdintasun neurriak:
→ Soldata arrakalekin amaitzeko neurriak adostu.
→ Jazarpen protokoloen jarraipena, aplikazioa eta ebaluazioa egitea.

• Jardunaldia:
→ Lan astea eta urteko jardunaldia jaitsi.
→ LGTBIfobiaren kontrako protokolo eraginkorrak.
→ Udal musika eskoletako eta euskaltegietako irakastorduak jaitsi.
→ Kolektibo maskulinizatuetan, neurri eraginkorrak egoerari buelta emateko.

• Lan osasuna:
• Lizentzia, baimenak eta kontziliatzeko neurriak:
→ Mediku-baja gaixotasun arruntagatik denean, %100eko ordainsari konpentsazioa jasoko dute langileek baja amaitu arte.
→ Lan kargak arintzeko neurri zehatzak adostu. Ordezkapenak lehen egunetik.
→ Arrisku psikosozialen eta arrisku ergonomikoen ebaluazio adostuak urtebeteko epean. Eta neurriak adostu ondorengo urtebetean.
→ Mutualitaterik ez; bajen kudeaketa publikoa.

• Hautaketa prozesuak:
→ Hautaketa prozesu guztiak tokiko erakundeak egin beharko ditu, suhiltzaileak eta tokiko poliziak prozesuak barne. Oinarriak erakundeekin adostuta.
→ 3 urtean behin lekualdatze lehiaketak eta enplegua eskaintzeko deialdiak egitea gutxienez.
→ Zaintzeko lanaldi murrizketak eta eszedentziak, zaindutako pertsonaren adin mugarik gabe.
→ Baimenak loturagramen bitartez.

• Trantsizioa ekosozialerako neurriak:
→ Mugikortasun plan adostuak.

LAB eta ELA sindikatuek lanuzte eta bi greba egun horietan parte hartzeko deia egiten diete udaletako langile guztiei, baita deitutako mobilizazioetan eta ekintzetan parte hartzekoa ere.

Zumaiako Estaños Matienako langileek greba egingo dute euren osasuna eta segurtasuna berma daitezen exijitzeko

Hainbat lan istripu izan dira enpresa horretan, eta iragan urtarrilaren 31n langile bat hil zen lanean. Hala ere, enpresak ez du berehalako neurririk hartu langileen osasuna, prebentzioa eta segurtasuna bermatzeko, eta langileen ordezkaritzarekin fede txarrez jardun du. Hori salatzeko, greba egingo dute apirilaren 13tik 17ra. 

Zumaian kokatuta dagoen Estaños Matiena enpresako langileek bost eguneko greba hasiko dute apirilaren 13an. Prebentzioan, segurtasunean eta lan osasunean dauden gabezia, hutsune eta ez-betetze larriak konpontzeko enpresaren borondate ezak bultzatu ditu langileak greba egitera.

Apirilaren 13tik 17ra egingo den grebaren aurreabisua pasa den apirilaren 1ean erregistratu zen Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailean. 

2025eko abuztuaren 8tik 2026ko martxoaren 31ra, hainbat lan istripu gertatu dira Estaños Matienan. Pasa den urtarrilaren 31n izandako lan istripuak langile gazte baten heriotza eragin zuen. Datu horiek ez dira estatistika anker bat gizentzeko erregistro hutsak, langileen osasuna eta bizitza bera arriskuan jartzen dituen ekosistema baten isla baizik. 

Egoera horren aurrean, enpresak muzin egin die prebentzioa antolatzeko, segurtasunean modu ordenatuan sakontzeko eta lan osasuneko araudia behar bezala txertatzeko langileen saiakerei. Aitzitik, mehatxu, jarrera autoritario eta gardentasun faltarekin erantzun die, informazioa ezkutatuz, erantzukizun oro baztertuz eta langileen legezko ordezkaritzari dagozkion eskubideak eta eskumenak ukatuz.

Langileek aspaldidanik salatu dituzte hainbat arrisku; besteak beste, makineriaren egoera kaskarra, mantentze-lan falta eta erabiltzen diren produktu kimikoek osasunean duten eragina. Urte hasieran gertatutako lan istripu hilgarriak egoera muturrera eraman zuen, eta agerian utzi zuen prebentzio-neurriak berehala indartzeko premia.

Langileek salatzen dutenez, enpresak ez ditu beharrezko neurriak hartu langileen osasuna zaintzeko eta segurtasuna bermatzeko eta, gainera, langileen ordezkaritzarekin harremanean fede txarrez eta opakutasunez jokatu du, idatziz egindako eskaerei erantzunik eman gabe, erantzunak atzeratuz, prebentzio ordezkariari informazioa ukatuz eta lan ikuskaritzaren txostena denbora luzez arrazoirik gabe ezkutuan mantenduz. 

Era berean, enpresak, gertatutako lan istripuen gaineko ardura ukatzearekin nahikoa ez, eta LAB sindikatuko ordezkaria mehatxatu du, informazioa publiko eginez gero ekintza legalak abiatuko dituela adierazita.

Langileen ustez, enpresaren politika prebentzioaren oinarrizko printzipioen aurkakoa da, eta horrek zuzenean arriskuan jartzen ditu langileen segurtasuna eta osasuna. Baieztapen hori grebaren erregistroarekin batera zerrendatzen diren hutsune, gabezia eta ez betetzeetan oinarritzen da: 

  • Informazio eta kontsulta betebeharrak ez betetzea: Langileen Estatutuaren (LE) 64. artikuluan eta Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen (LAPL) 36. artikuluan aurreikusitako legezko betebeharrak ez betetzeagatik.
  • Prebentzioaren integrazio falta: lan arriskuen prebentzioa kudeaketan eta ekoizpenean txertatu ez delako.
  • Prebentzio-baliabidearen figura ez egotea: enpresan prebentzio-baliabidearen (‘recurso preventivo’) figurarik ez dagoelako.
  • Informazio eta prestakuntza falta: langileei lan arriskuen prebentzio-neurriei buruzko informazioa, prestakuntza eta lan-instrukzioak eman ez zaizkielako.
  • Prebentzio-jardueren koordinazio falta: Estaños Matienako instalazioetan (enpresa-sarea) lan egiten duten gainerako langileekiko prebentzio-jardueren koordinaziorik ez dagoelako.
  • Arrisku kimikoen ebaluazio falta: dauden arrisku kimikoak ez direlako ebaluatu eta neurri kolektiborik ez dagoelako.
  • Arrisku-ebaluazioak ez berrikustea: gertatutako azken lan-istripuen ondoren, arrisku-ebaluazio orokorrak berrikusi eta berridatzi ez direlako.
  • Modernizazio eta mantentze-planik eza: instalazioak eta lan-ekipoak lan arriskuen prebentziora egokitzeko modernizazio tekniko eta prebentziozko mantentze-planik ez dagoelako.
  • Lan-ekipoen araudia ez betetzea: lan-ekipo askok ez dutelako araudi espezifikoa betetzen, Osalanek, Lan Ikuskaritzak eta kanpoko prebentzio-zerbitzuak berak ebatzitakoaren arabera.
  • Prebentzio-ekintzaren printzipioen aurkako enpresa-politika: prebentzioa segurtasun eta osasun baldintzetan kudeatu beharrean (prebentzio-zerbitzuaren eta Osalanen aholkularitzarekin), termino juridikoetan eta abokatu baten aholkularitzarekin kudeatzen delako.

Horrenbestez, Estaños Matienako langileek argi dute ezinbestekoa eta atzeraezina dela berehalako neurriak hartzea, osasuna, prebentzioa eta segurtasuna ezin direlako bigarren mailan utzi.

Enpresaren jarrera itxiaren eta axolagabearen aurrean, euren bizitzak eta osasunak axola dutelako eta lan baldintza duinak behar dituztelako, grebara joko dute. 

Aldi berean, adierazi dute gaur arte bezala langileen ordezkaritzaren bitartez prebentzioa eta lan baldintzen hobekuntzan ekarpen zintzoa egiteko prest daudela. Horretarako, enpresarekin egun ez dauden elkarrizketa-bide adostuak, egonkorrak eta eraginkorrak irekitzea eskatzen dute. 

LABek politika publiko propioak exijitzen ditu, Nafarroako erregularizazioa enplegu arloko eskubideak gauzatzeko eta beste askotan aurrera egiteko abiapuntua izan dadin


Nafarroako Gobernuko presidenteak deituta, gaur bilera egin dute enpleguari eta migratzaileen erregularizazioari buruz hitz egiteko. LAB sindikatuak enpleguaren erregularizazioan eta kontrolean hobekuntza bat exijitzen du: kontratu erreal eta egiaztatuak, Gizarte Segurantzan alta zuzenak, lanaldien eta atsedenaldien errespetua, Lan Ikuskaritzaren jarduera eraginkorra, lan hitzarmenen betetzea eta lan osasunerako eskubidearen onarpena, bereziki prekarizatutako sektoreetan, hala nola etxeko lanetan eta zaintza lanetan. Horregatik, gure errealitatearekin bat datorren LGS baten beharra ezinbestekoa dela defendatzen du sindikatuak.

LAB sindikatuak Erregularizazioa ORAIN! Plataformaren garaipen sozial eta herrikoia nabarmendu eta baloratzen du baita erregulazioaren tramiterako onarpena lortzeko antolatutako migrazio-mugimenduaren borroka eta presio iraunkorra ere. Zor bat ordaintzeko justizia sozialeko pauso bat da hori.

Nafarroan ez dugu bizi nahi Espainiako Gobernuaren erabaki partzial eta interesatuen menpe. Horregatik, uste dugu beharrezkoa dela autogobernuan sakontzea, subiranotasuna onartzea eta politika publiko propioak garatzea, eskaeren kudeaketatik askoz harago doazen erabakiak hartzeko baldintzetan egoteko, eta erabaki horiek zerikusia dute beharrezko baliabide, baliabide eta azpiegituren zuzendaritza estrategikoarekin, beren bizitza hemen egitea erabaki duten bizilagun migratuek eta/edo arrazializatuek duintasunez, justiziaz eta beren lana eta eskubide guztiak erabat aitortuz egin ahal izan dezaten.

Garrantzitsua da Chivite presidenteak eta enpresariek hori kontuan hartzea: migratzaileak erabili eta botatzeko eskulana baino askoz gehiago dira. Hori dela eta, erreforma honen alderdi positiboetako bat da orain arte bizileku-baimenen lorpenaren eta lan-kontratua edo kaudimen ekonomikoa izatearen arteko lotura historiko erabakigarria bereizten dela.

Sindikatuak gogorarazi du Nafarroan bizi eta lan egiten duten pertsona guztien bizimodua hobetzeko, eta bereziki migratu eta arrazializatutako pertsonena, ezinbestekoa dela gutxieneko diru-sarrerak bermatzea, foru erkidegoaren errealitate sozioekonomikoarekin bat datozenak. Gure lurraldean 1.500 euroko LGS propio baten aldeko Greba Orokorra deitu zenetik hilabete baino gutxiago igaro da, eta Chiviteren alderdiak eta patronalak, CCOO eta UGTren eskutik, horren aurka egin dute.

Hori dela eta, LABek Nafarroako Gobernuari eskatzen dio bilera eta adierazpenetatik haratago, norabide horretan pauso eraginkorrak eman ditzala; alde batetik, LGS propioa finkatzeko gaitasun konpetentzialak bermatzeko beharrezko ekimenak hartuz, eta bestetik, Nafar Lansare – Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren protagonismoa eta kudeaketa publikoa indartuz, eta, aldi berean, CENeko enpresariek NL-NEZren bitartez lan-bitartekaritza egiteko konpromisoa har dezatela, Nafarroako enplegu politika aktiboekin kolaborazio gisa.

Nafarroan 52.571 pertsonak 1.500 euro gordin baino gutxiago kobratzen dute hilean, eta soldata horrekin ezinezkoa da Nafarroan oinarrizko beharrei aurre egitea. Ez da kasualitatea horietatik erdia baino gehiago langile migratzaileak izatea. Gobernuaren kalkuluen arabera, 10.000 migratzaile inguru sartuko dira sisteman. Zeintzuk izango dira euren lan baldintzak?

Ondorioz, Nafarroako Gobernuari enpleguaren kontrola exijitzen diogu: kontratu erreal eta egiaztatuak, Gizarte Segurantzan alta zuzenak, lanaldien eta atsedenaldien errespetua, Lan Ikuskaritzaren jarduera eraginkorra, lan hitzarmenak betetzea eta lan osasunerako eskubidea aitortzea, batez ere prekarizatutako sektoreetan, hala nola etxeko lanetan eta zaintza lanetan. Baita CENeko enpresariei ere, kalitatezko enplegua bermatu dezaten eta langile migratzaileen lan-eskua ez dezaten aprobetxatu.

LABek etsigarritzat jo du Lan eta Enplegu Sailarekin izandako bilera. Tubos Reunidosi buruzko funtsezko galderei ez zaie erantzunik eman

Tubos Reunidosen irekitako gatazkari dagokionez, gaur Lan eta Enplegu Sailarekin izandako bileran, ziurtasunak eman beharrean, berriro ere agerian geratu da prozesu osoa markatzen ari den gardentasun falta, baita erakundeak betetzen ari diren rol kezkagarria ere.

LABetik argi adierazi dugu plantillan dagoen sentsazioa dela, enpresari erantzukizunak eskatu beharrean, presioa langileen, komitearen eta sindikatu jakin batzuen gain jartzen ari dela. Erantzukizunaz, gatazka saihesteaz edo prozesua ez judizializatzeaz hitz egiten da, baina ez dugu ikusten eskakizun maila bera enpresako zuzendaritzarekiko, hark jarri baitu mahai gainean kaleratzeetan, altzairutegiaren itxieran eta logistikaren kanporatzean oinarritutako plana.

Ildo horretan, LABek adierazi du ezin dela enpresaren planteamendua ezinbestekotzat jo. Egoera ekonomiko konplexua egoteak ez du esan nahi edozein neurri justifikatuta dagoenik, eta are gutxiago enpleguari eta etorkizun industrialari bete-betean eragiten dioten erabaki atzeraezinak. Enpresak bere plana bere horretan mantentzen jarraitzen du, inoiz alternatibei buruzko benetako negoziaziorik ireki gabe, eta neurri horiek zergatik diren posible ulertzeko beharrezko azalpen nahikorik eman gabe.

Bileran, LABek gardentasuna eskatu du oraindik erantzunik gabe dauden funtsezko gaiei buruz: SEPIrekiko negoziazioa, zorraren birfinantzaketaren benetako egoera edo balizko inbertitzaileen existentzia. Elementu horiek funtsezkoak dira egungo egoera ulertzeko, baina gaur egun oraindik opakutasunean jarraitzen dute. Ez da onargarria alde sozialari erantzukizuna eskatzea, egoeraren azterketa zorrotza egin ahal izateko oinarrizko informazioa partekatzen ez den bitartean.

Era berean, LABek argi utzi nahi izan du greba mugagabea ez dela arazoa, baizik eta enpresak hartutako erabakien ondorio zuzena. Gatazka ez da ezerezetik sortu, plantillak argi eta garbi baztertu duen planteamendu baten ondorioz baizik. Horregatik, galdera ez da zergatik dagoen greba, baizik eta zein alternatiba erreal jartzen ari diren mahai gainean gatazka konpontzeko. Eta erantzuna, gaur-gaurkoz, da ez dagoela bat ere.

Bestalde, LABek beste erakunde batzuen inplikazio falta ere salatu du. Bilerak eskatu zirenetik bi aste baino gehiago igaro ondoren, Industria Sailak eta Arabako Foru Aldundiak apirilaren 16rako bilera deitu dute. Hala ere, LABen ustez, erantzuna berandu iritsi da gatazkaren larritasunarekin alderatuta.

LABek berretsi du ez diola uko egiten enpresaren egoerari heltzeari eta irtenbideak bilatzeari, baina ez duela onartuko irtenbide bakarra enplegua suntsitzea, altzairugintza desegitea eta arlo estrategikoak kanpora ateratzea izatea. Erantzukizuna ez da enpresaren planteamendua besterik gabe onartzea, baizik eta enplegua, etorkizun industriala eta lurralde osoarena defendatzea.

Horregatik, LABek erakundeei eskatzen die presioa plantillaren gain jartzeari utz diezaiotela, eta dagokien rola har dezatela: enpresari neurriak kentzeko eskatzea, prozesuaren gardentasuna bermatzea eta benetako negoziazioa sustatzea, xantaiarik eta inposaketarik gabe. Izan ere, jokoan dagoena ez da soilik lan-gatazka bat, baizik eta ehunka familiaren eta eskualde oso baten etorkizuna. 

San Juan de Dios ospitaleko langileak borrokan, hitzarmen duin baten alde

Badira hilabete batzuk San Juan de Dios ospitaleko langileok hitzarmen duin baten alde mobilizatzen ari garela. Arrazoiak askotarikoak dira. Enpresako zuzendaritzari duela urtebete baino gehiago aurkeztutako plataforma hautsa hartzen ari da, haien ezaxolazko jarreraren ondorioz. Eta bitartean, langileon egoerak bere horretan jarraitzen du: lan baldintzak izoztuta, eros ahalmena galtzen eta gero eta prekarizatuago.

Nahiz eta Osasun Sailak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak zati handi batean finantzatzen gaituzten, eta publikoa izan beharko lukeen zerbitzua eskaintzen ari garen, langileok pribatizazioaren ondorio prekarizatzaileak jasaten ari gara egunero. Honenbestez, garbi dugu gure helburua langile publikoen lan baldintzekiko ekiparazioa dela, eta jakitun gara bide zaila izango dela. Hala ere, etsi gabe jarraituko dugu.

Hamaika saiakera egin arren, gaur-gaurkoz mobilizatzen jarraitzea beste biderik ez dugu ikusten. Asteazkenero, ospitaleko atarian elkarretaratzeak egiten ari gara, lehenago Osasun Sailaren eta Foru Aldundiaren aurrean egin bezala.

Langileok hitzarmen eta lan baldintza duinak behar ditugu. Gaurtik aurrera, enpresako zuzendaritzari eskatzen diogu utz dezala gure eskubideekin merkadeatzeari eta ekin diezaiola benetako negoziazio bati.